150. ALDIZKARIA - 2011ko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

206SIN/2011 EBAZPENA, ekainaren 27koa, Energiaren, Meatzaritzaren, Telekomunikazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendariak emana, goi tentsioko instalazio elektriko bat jartzeko administrazio baimena eman, proiektua onetsi eta, zehazki, instalazio horren onura publikoa deklaratzen duena.

2011ko urtarrilaren 14an, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.k instalazio elektriko honetarako administrazio baimena eskatu zuen, bai eta proiektuaren onespena eta onura publikoaren deklarazioa ere:

-Eskatzailea: Iberdrola, D.E.S.A.U.

-Instalazioa jartzeko tokia: Untzueko eta Olorizko udal mugapeak.

-Instalazioaren xedea: inguru horretako horniduraren kalitatea eta ahalmena hobetzea.

-Instalazioaren ezaugarriak: aireko linea elektrikoa, 13,2 kV-ekoa, 147-AL1/34-ST1A, 3.620 metroko luzerakoa; jatorria "Biurrun-Artederreta" aireko linearen 01.14 euskarrian izanen du, eta amaiera, berriz, "Tafalla-Barasoain" aireko linearen 36.01 euskarrian. Obra burututa, zerbitzurik gabe gelditzen diren instalazio guztiak desmuntatuko dira.

-Aurrekontua: 226.230,74 euro.

Nafarroako Gobernuak, 2008ko apirilaren 28ko Erabakiari jarraikiz, instalazio hura udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratu zuen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 47. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

Ondoren, Nafarroako Gobernuak, 2008ko ekainaren 23ko Erabakiari jarraikiz, aurreko erabakian atzemandako akatsak zuzendu eta interes orokorreko instalazio deklaratu zuen.

Orobat, txostena eskatu zitzaien ukitutako erakunde eta udalbatzei.

2011ko apirilaren 28ko idazkiaren bidez, Olorizko Udalak, Olorizko Kontzejuak eta Mendibilgo Kontzejuak adierazi zuten linearen ibilbidea aldatzeko beharra ikusten zutela, Mendibilgo hirigunetik ahalik eta gehien aldentzeko eta, ondorioz, edozein motatako ingurumen eragin saihesteko.

2011ko martxoaren 31ko idazkiaren bidez, Iberdrola, D.E.S.A.U.k honako hau adierazi zuen:

Eraikuntza proiektua prestatu baino lehen, instalazioa Ingurumen Departamentuan tramitatu zen, udalez gaindiko proiektu sektorial gisa; espedientea jendaurrean jarri zen eta proiektuak ukitutako udalei entzunaldia eman zitzaien. Jendaurreko aldian ez zen alegazio idazkirik aurkeztu. Hori guztia Nafarroako Gobernuaren 2008ko apirilaren 28ko Erabakian jasotzen da.

Halaber, aipatutako instalazioa interes orokorreko deklaratu zen, 2008ko ekainaren 23an, Nafarroako Gobernuaren Erabakiaren arabera. Horrek lotetsi egiten ditu ukitutako udalen hirigintza planen osteko garapenak eta sustatzailea salbuesten du udalaren kontrol administratiboetatik (35/2002 Foru Legearen 47. artikulua); hortaz, bideraezina da ibilbidearen edozein aldaketa.

Eremu horretan bestelako azpiegiturak ere badira: AP-15 autobidea, N-121 errepidea, Castejón-Altsasu trenbidea, bi linea elektriko (energia elektrikoa garraiatzeko bata, eta hura banatzeko bestea), eta eginen den abiadura handiko trena; horrek zerbitzu korridore bilakatzen du eremua. Nafarroako Gobernuaren ingurumen politikaren xedea da zerbitzu korridore horretan jartzea, hainbat arrazoi direla medio, jarri beharreko zerbitzuak; horren ondorioz, zenbait eremutan zerbitzu pilaketa gerta daiteke.

Bestalde, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 161. artikuluan ezartzen dira goi tentsioko linea elektrikoak jartzeko bide zorra ezartzeko mugak; dekretu horrek energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen ditu. Aurreikusitako aireko lineak ez du bide zorra ezartzea debekatzen duten baldintzetako bat bera ere hausten.

AP-15 autobidearen mendebaldeko zerbitzubideak proiektatutako linea elektrikoa lur azpitik joateko aukera bideraezina da, Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearen 40. artikuluari jarraikiz; izan ere, hura aipatutako errepidearen alboko jabari publikoko eremu batean dago.

Adierazitako guztia dela eta, Iberdrola, D.E.S.A.U. enpresak ez ditu Olorizko Udalaren, Olorizko Kontzejuaren eta Mendibilgo Kontzejuaren planteamenduak onartzen.

Untzueko Udalak, 2011ko otsailaren 28ko txostenaren bidez, proiektuak Udal Hirigintza Planaren aurreikuspenak urratzen dituela adierazi zuen. Halaber, proiektuak ingurumenari eta ukipenei buruzko ebaluazio azterlana egin behar duela uste du. Egokia deritzo linea trenbidearen mendebaldean dauden lineen zortasun eta ukipen korridoreetan egiteari, ingurumen ukipenak eta kalte ekonomikoak murrizte aldera. Baina, alternatiba gisa, uste du proposatzen den trazadura zuzen daitekeela, eta lur azpitik eraman, N-121 errepidearen eraikuntza lerrotik.

Iberdrola, D.E.S.A.U.k, 2011ko martxoaren 24ko idazkiaren bidez, adierazi zuen Nafarroako Gobernuak instalazioa udalez gaindiko proiektu sektorial eta interes orokorreko deklaratu zuela.

Orobat, N-121 errepidearen ondoan dagoen linea telefonikoaren berri eman zuen; horrek aurreikusitako linea elektrikoa aipatutako errepideko eraikuntza lerrora hurbiltzea eragozten du, bi horien artean banaketa horizontala egon behar baitu, Linea elektrikoen erregelamenduko ITC-LAT-07ko 5.6.3 puntuan adierazi bezala.

308. lurzatiko ukipenei buruz (udalak dioenez, ez du horren gaineko berririk), Iberdrola, D.E.S.A.U.k azaldu zuen instalazioak ukitutako ondasun eta eskubideen gaineko zerrendak oro jendaurrean jarri zirela, 2011ko otsailaren 22ko Diario de Navarran eta 2011ko 34. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 18koan, argitaratuz.

2011ko apirilaren 12ko ofizioaren bidez, Ebroko Ur Konfederazioak aditzera eman zuen, ur jabari publikoaren ukipenei eta korronteen erregimenari dagokienez, egin nahi diren obrak egiten ahalko direla, espedienteko dokumentazioaren arabera, baldin eta legezko arauak betetzen badira. Obrak hasi aurretik, Ebroko Ur Konfederazioaren administrazio baimena eskuratu beharko du, nahitaez. 2011ko maiatzaren 10eko idazkiaren bidez, Iberdrola, D.E.S.A.U.k baldintza horrekin ados dagoela adierazi zuen.

2011ko otsailaren 17ko landa txostenaren bidez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak aditzera eman zuen ez dagoela aipatzeko moduko ukipenik, ez linea elektrikoaren trazaduran ez euskarrietan; hortaz, ez du eragozpenik ikusten aurreikusitakoa gauzatzeko.

2011ko otsailaren 23ko idazkiaren bidez, Telefónicak adierazi zuen ez duela zertan eragozpenik jarri lanak egiteari, baldin eta planoetan zein Goi eta Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoetan adierazitako distantziak errespetatzen badira. 2011ko apirilaren 4ko idazkiaren bidez, Iberdrola, D.E.S.A.U.k Telefónicak jarritako baldintza horrekin ados dagoela adierazi zuen.

2011ko martxoaren 23ko idazkiaren bidez, Trenbide Azpiegituren Administratzaileak (ADIF) aditzera eman zuen Iberdrola, D.E.S.A.U.k obra gauzatzeko nahitaezko baimena eskatu ziola ADIFi 2011ko urtarrilaren 14an, eta hark baimena eman ziola 2011ko martxoaren 23an.

Halaber, 2011ko otsailaren 22ko Diario de Navarran eta 2011ko 34. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 18koan, jendaurrean jarri zen hogei egunez eskaera hori, baita ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere, finken gaineko zortasunen eta jabeen datuekin, desjabetze prozedura gauzatu ahal izateko.

Jendaurreko aldian, alegazioak aurkeztu zituzten ukitutako honako jabe hauek: Antonio Ibáñez Ibáñez, Victorio Flamarique Liberal, Francisco Pedro Cabodevilla Fernández, José Joaquín Cabodevilla Fernández, Ana María Beorlegui Armendáriz, Rafael Flamarique Arbizu, Juan Miguel Sola Echepare, María Pilar Arizu Echegaray eta Antonino Goicoechea Velasco. Ukitutako pertsona horiek eskatzen dute egun dauden eta egitea aurreikusita dauden linea guztien ingurumen ukipenen azterlana egiteko, bai eta aurreikusitako linea lur azpitik sartzeko ere.

2011ko martxoaren 31ko idazkiaren bidez, Iberdrola, D.E.S.A.U.k adierazi zuen Nafarroako Gobernuak instalazioa udalez gaindiko proiektu sektorial eta interes orokorreko deklaratu zuela. Arestian adierazitako arrazoiak direla-eta, bideraezina da linea aldatzea.

María Pilar Arizu Echegarayk eta Antonino Goicoechea Velascok aurkeztutako banakako alegazioan eskatzen dute trazadura eta 36.01 euskarriaren kokalekua aldatzeko; horri dagokionez, enpresa eskatzaileak adierazi du bideraezina dela trazadura aldatzea, arestian azaldutako arrazoiak direla medio. Bestalde, Olorizko 5. poligonoko 86. lurzatiak badu egina aireko linea elektrikoaren bide zorra. Aurreikusitako linearen trazadura Mendibilgo hirigunetik urrutien geratzen den finkako eremutik pasatzen da. Dena dela, finka hori gerora hirigintza aldetik garatzen bada, linea elektrikoa urbanizazio horrek aurreikusten dituen bideen azpitik joaten ahalko da, betiere indarreko lege esparruaren barruan. 36.01 euskarriaren kokalekua La Fuenteko sakaneko ur ibilguaren zortasunaren mende dago; Ebroko Ur Konfederazioak kudeatzen du hura, eta hark ezarri ohi du bost metroko tartea, gehieneko ibilguaren lerrotik.

Ondorioz, alegatzaileen eskaerak ezetsi dira.

Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa, eta kontuan hartuta Sektore Elektrikoari buruzko 54/1997 Legearen 3. artikuluan eta Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren VII. tituluko II. kapituluan xedatutakoa, eta Enpresako zuzendari nagusiak abenduaren 29ko 3025/2010 Ebazpenaren bidez emandako ahalmenekin bat.

EBATZI DUT:

1. Iberdrola, D.E.S.A.U.ri administrazio baimena ematea, aipatutako goi tentsioko instalazio elektrikoa jartzeko.

2. Zehazki, instalazio horren onura publikoa deklaratzea, Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legearen 52., 53. eta 54. artikuluetan eta hori garatzen duen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 148. eta 149. artikuluetan aurreikusitako ondorioetarako.

3. Instalazio hori egiteko aurkeztutako proiektua onestea, Javier Juárez Gay industria ingeniariak sinatua. 12 hilabete eman zaizkio obrak burutzeko.

4. lberdrola D.E.S.A.U.ri onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Iberdrola D.E.S.A.U.ri (helbidea: Landabengo industrialdea, C kalea, E ataria, 31012 Iruña), Untzueko Udalari, Olorizko Udalari, Olorizko Kontzejuari, Mendibilgo Kontzejuari eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2011ko ekainaren 27an.-Energiaren, Meatzaritzaren, Telekomunikazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendaria, Iñaki Morcillo Irastorza.

Iragarkiaren kodea: F1111515