150. ALDIZKARIA - 2011ko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1041/2011 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena eta Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena Iruñeko udal mugapeko hondakin arriskugarriak eta ez arriskugarriak tratatzeko instalazio baterako. Jardueraren titularra Ecoiruña Tratamiento de Residuos, S.L. da.

Espediente mota: Ingurumen baimen integratua.

Espedientearen kodea: 348/05.

Aplikatu beharreko araua: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea.

Eranskina eta epigrafea: 2B/5.1.

Instalazioa: hondakin arriskugarrien eta ez arriskugarrien kudeaketa.

Titularra/k: Ecoiruña Tratamiento de Residuos, S.L.

Zentroaren zenbakia (NIMA): 3120100304.

Kokalekua: Landabengo industrialdea, C/E.

UTM koordenatuak (Huso 30N, Datum ED50): X = 607432; Y = 4741442.

Udalerria: Iruña.

Eskaeraren data: 05/06/30.

Instalazio hori Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Foru Legearen I. eranskineko 5.1. epigrafean jasota dago, hots, "Hondakin arriskutsuak balioztatzeko instalazioak, erabilitako olioen kudeaketa barne, edo hondakin horiek zabortegiez bestelako lekuetan deuseztatzekoak, 10 tonatik gorako edukiera dutenak eguneko" izenekoan. Beraz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen mende dago.

Halaber, instalazioa Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 2B eranskineko 5.1. epigrafean sarturik dago: "Hirugarrenek sortutako hondakin arriskugarriak ezabatzeko instalazioak, errausketa bidez, hondakindegietan utziz, segurtasun biltegietan gordez edo tratamendu kimikoaren bidez (Kontseiluak hondakinei buruz emandako uztailaren 15eko 75/442/EEE Zuzentarauaren 2.A eranskineko D9 epigrafean adierazten den bezala)." Beraz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen mende dago. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.

Bestalde, instalazioa Proiektuen Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 8/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren I. eranskineko 8. taldeko a) atalaren barnean dago. Hortaz, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa behar du nahitaez.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, gai arriskugarriak tarteko diren kasuetarako.

Ebazpen honen V. eranskinean, orain arte egin den tramitazio administratiboaren laburpena ageri da. VI. eranskinak, berriz, jendaurrean egoteko aldian eta interesdunarentzako entzunaldian aurkeztutako alegazioak eta emandako erantzunak biltzen ditu.

Ingurumen arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.-Ingurumen baimen integratua ematea Iruñeko udal mugapeko hondakin arriskugarriak eta ez arriskugarriak tratatzeko instalazio baterako. Jardueraren titularra Ecoiruña Tratamiento de Residuos, S.L. da.

Bigarrena.-Instalazio horren proiektuari dagokion Ingurumen eraginaren adierazpena egitea. Proiektua bideragarritzat jotzen da ingurumenaren aldetik.

Hirugarrena.-Jarduera hori Ingurumen baimen integratuaren eskaeraren oinarrizko proiektuan eta 348/05 espediente administratiboko gainerako agirietan aipatzen diren baldintzei jarraikiz gauzatu beharko da, betiere ebazpen honen II., III. eta IV. eranskinetako neurriak betez.

Laugarrena.-Ingurumen baimen integratu honek zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 30. artikuluan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.

Bosgarrena.-Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.

Seigarrena.-Instalazioa hondakin arriskugarrien kudeatzaileen erregistroan mantentzea 15G02201003042008 zenbakiarekin, transferentzia zentro gisa, eta 15G01201003042008 zenbakiarekin, tratamendurako zentro gisa. Kudeatzen ahalko dituen hondakin arriskugarriak Ingurumen baimen integratu honen IV. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskugarrien kudeaketan egiten diren aldaketak jakinarazi egin beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatutako IV. eranskinean sartzeko.

Zazpigarrena.-Instalazioa hondakin ez arriskugarrien kudeatzaileen erregistroan mantentzea 15G05201003042008 zenbakiarekin, transferentzia zentro gisa, eta 15G04201003042008 zenbakiarekin, tratamendurako zentro gisa. Kudeatzen ahalko dituen hondakin ez arriskugarriak Ingurumen baimen integratu honen IV. eranskinean ageri dira. Hondakinen kudeaketan egiten diren aldaketa guztiak jakinarazi egin behar dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, lehen aipatutako IV. eranskinean sartzeko.

Zortzigarrena.-Instalazioa hondakin arriskugarrien garraiolari gisa inskribatzea 15T01201003042002 zenbakiarekin, eta hondakin ez arriskugarrien garraiolari gisa 15T02201003042002 zenbakiarekin. Egiten diren aldaketa guztiak jakinarazi egin beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatu den inskripzioan sartzeko.

Bederatzigarrena.-Instalazioa irekitzeko baimena eskatu beharko du titularrak, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 40. artikuluan xedatutakoaren arabera, baita ebazpen honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoaren arabera ere. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Hamargarrena.-Departamentu honek araudi sektorial aplikagarriaren ondorioz baimenaren xede den jarduera edo instalaziorako emandako baimenak eta gainerako administrazio egintzak indarrik gabe uztea, betiere ebazpen honetan haiei buruz espresuki egindako adierazpenik badago.

Hamaikagarrena.-Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamabigarrena.-Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

Hamairugarrena.-Ebazpen hau jakinaraztea Ecoiruña Tratamiento de Residuos, S.L.ri, Iruñeko Udalari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari eta Florentino Jiménez, Gurelur, Justo Guindano eta Oscar Chocarro alegatzaileei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko ekainaren 24an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas, 9, behea), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1111670