150. ALDIZKARIA - 2011ko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

337/2011 EBAZPENA, ekainaren 23koa, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak emana, 2011-2012 ikasturtean honako programa hauek emateko baimena jaso duten ikastetxe itunduen zerrenda argitaratzen duena: Bigarren Hezkuntzan, Hizkuntzan murgiltzeko eta gizartean eta eskolan integratzeko Programa; eta Lehen Hezkuntzan, Egoera ahulean dauden atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzeari loturiko premia bereziak dituzten ikastetxeei laguntzeko Programa.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 78. artikuluak hauxe xedatzen du: "Administrazio publikoei dagokie beste herrialde batzuetatik etortzeagatik edo beste edozein arrazoirengatik Espainiako hezkuntza sisteman berandu sartzen diren ikasleei laguntzea. Sartze hori beti bermatuko da nahitaezko eskolaldiko adinean".

79. artikuluak hauxe dio: "Hezkuntza administrazioei dagokie hizkuntzaren, gaitasunen edo oinarrizko ezagutzen aldetik gabezia larriak dituzten ikasleendako berariazko programak garatzea, haiei kasuan kasuko ikasmailan integratzen laguntzearren".

Hezkuntzako kontseilariak ekainaren 13an emandako 93/2008 Foru Aginduaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan aniztasunari nola erantzun arautzen da.

Ikastetxe itunduetako ikasle horiendako berariazko programen artean badira, batetik, ikasle atzerritarren eta/edo egoera sozial eta kultural ahulean daudenen eskolatzeari loturiko premia bereziak dituzten Lehen Hezkuntzako ikastetxe itunduei laguntzeko programa eta, bestetik, Bigarren Hezkuntzako ikastetxe itunduetan, Hizkuntzan Murgiltzeko eta Gizartean eta Eskolan Integratzeko Programa.

Ikastetxeetan egoera ahulean dauden atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzeari loturiko premia bereziak aztertu ondotik, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuak aldeko txostena aurkeztu du Foru Komunitateko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako zenbait ikastetxe itunduri baimena emateko, 2011-2012 ikasturtean, aipatutako programa horiek gauzatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2011-2012 ikasturtean soilik, Bigarren Hezkuntzako ikastetxe itunduetan Hizkuntzan Murgiltzeko eta Gizartean eta Eskolan Integratzeko Programa ezartzeko baimena ematea Iruñeko ''Hijas de Jesús'' eta ''Salesianos'' ikastetxeei. Bigarren Hezkuntzako beste ikastetxe itundu batzuentzako komuna izanen den eremuko ikasgela bana izanen dute eta bakoitzak gehienez ere 12 ikastoki izanen ditu.

2. 2011-2012 ikasturtean soilik, egoera ahulean dauden atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzeari loturiko premia bereziak dituzten Lehen Hezkuntzako ikastetxe itunduei laguntzeko programa ezartzeko baimena ematea Burlatako ''Regina Pacis'' eta Iruñeko ''Santo Tomás'' ikastetxeei.

3. Programa horiek Nafarroako Foru Komunitatean horretarako dauden legeetan ezarritakoaren arabera emanen dira.

4. Iruñeko ''Hijas de Jesús'' eta ''Salesianos'' Bigarren Hezkuntzako ikastetxe itunduei Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren bigarren zikloko irakasle-lanaldi bat ematea. Hezkuntza Departamentuak zuzkidura ekonomikoak ematen ahalko ditu programa horrek sortutako gastuak konpentsatzeko, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuak txostena egin ondotik. Ikasturte bateko indarraldia izanen du, ikastetxe horiendako baimena ere ikasturte batekoa baita, eta luzatu nahi izanez gero, eskatu egin beharko da, bidezkoa baldin bada, hurrengo ikasturteetan.

5. Burlatako ''Regina Pacis'' eta Iruñeko "Santo Tomás'' ikastetxe itunduei Lehen Hezkuntzako irakasle-lanaldi bana ematea. Ikasturte bateko indarraldia izanen du, ikastetxe horiendako baimena ere ikasturte batekoa baita, eta luzatu nahi izanez gero, hala eskatu beharko da, bidezkoa baldin bada, hurrengo ikasturteetan. Hori guztia, premia bereziko ikastetxe itunduetako egoera ahulean dauden ikasleei laguntzen dieten irakasleak ikastetxe itunduetan egon daitezen.

6. Administrazioak ordainduko ditu zuzenean irakasleen soldatak, ordainketa eskuordetuaren bidez, irakasleen eta ikastetxe bakoitzeko titularraren arteko lan-harremana galarazi gabe, eta Hezkuntza Departamentuaren eta aipatu irakasleen artean inolako lan harremanik sortzen ez duela.

7. Zuzkidura horiek Hezkuntza Ituna gauzatzen delarik emanen dira, eginbide bat betez eta itunari atxikiz. Eginbide hori, batetik, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak eginen du, Hezkuntza Administrazioaren izenean, eta bestetik, ikastetxeko titularrak edo legezko ordezkariak; ordezkaritza agiri bidez frogatu beharko du.

8. Ikastetxeen eta haien Finantzaketaren Atalak interesdunei jakinaraziko die ebazpen honen edukia, bai eta aurreko puntuan aipatutako eginbidea sinatzera zein egun, toki eta ordutan agertu behar duten ere. Jakinarazpena egiten denetik eginbidea sinatzen den arte gutxienez ere berrogeita zortzi orduko epea utzi beharko da.

9. Ebazpen honen aurka ikastetxe interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

10. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua ematea.

11. Ebazpen hau igortzea ikastetxe interesdunei, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiari, Eskolatze Batzordeko buruari, Nominen eta Aurrekontu-kontrolaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuari, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, Nomina eta Gizarte Aseguruen Atalari, Ikastetxeen eta haien Finantzaketaren Atalari eta Itunpeko eta Diruz Lagundutako Ikastetxeen Nomina Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko ekainaren 23an.-Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusia, Francisco Javier Esparza Sánchez.

Iragarkiaren kodea: F1111561