150. ALDIZKARIA - 2011ko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

291/2011 FORU AGINDUA, ekainaren 30ekoa, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean industria segurtasunaren arloko profesionalak egiaztatzeko eta prestakuntza entitateak aintzatesteko prozedura arautzen duena.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 13ko 13/1982 Lege Organikoaren 65.1.b) artikuluak Foru Komunitate honi erabateko eskumena ematen dio industriaren arloan. Halaber, 49.1.c) artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio administrazio prozedurako arauen arloan, horiek Nafarroak bereak dituen Zuzenbide Substantiboko espezialitateen edo antolamenduaren ondoriozkoak direnean.

Gaur egun, ikusita, alde batetik, industria segurtasuneko erregelamendu teknikoen aplikazioak emandako esperientzia, eta bestetik, zer aldaketa ekarri dituen abenduaren 22ko 25/2009 Legeak, egokia da profesionalek industria segurtasuneko erregelamenduen mendean dauden industria ekipamendu, makina eta instalazioak manipulatu, egikaritu, konpondu eta mantentzeko bete behar dituzten eskakizun eta baldintzak eguneratu eta bateratzea. Aipatu legeak hainbat lege aldatzen ditu haiek azaroaren 23ko 17/2009 Legeari (zerbitzuen jardueretan libreki sartzeari eta haietan aritzeari buruzkoa) egokitzeko.

Foru agindu honek, Nafarroako Foru Komunitatean indarra duen araudian ezarrita dauden egiaztapen profesionalak lortzeko administrazio prozedura arautzen du, baita egiaztapen horiek lortzeko aukera ematen duten ikastaroak emateko entitateen aintzatespen eta baimena ere, entitate laguntzaileen izaera ematen baitzaie, modu horretan profesionalen nahiz administrazioaren tramitazio-lanak errazten lagunduko dutelakoan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan Administrazio Elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legean xedatuta dagoenaren arabera, prozedura erabat elektronikoak dira prestakuntza entitateak aintzatestea eta entitate horiek ondorio horretarako sortzen den Erregistroan inskribatzea, eta aukeran gaitasun profesionala, karnet profesionala eta ziurtagiri pertsonala lortzeko ezarrita dauden prozeduretarako.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluarekin bat,

AGINDU DUT:

I. kapitulua

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea honako hauek arautzea da:

a) Gaitasun profesionala, karnet profesionala eta ziurtagiri pertsonala lortu, erregistratu, aldatu eta kontrolatzeko prozedurak.

b) Prestakuntza entitateen aintzatespena, industria segurtasunaren arloko ikastaroak emateko.

c) Industria segurtasunaren arloko profesionalen erregistroa.

d) Prestakuntza entitateen erregistroa.

2. artikulua. Aplikazio esparrua.

Foru agindu hau Nafarroako Foru Komunitateko lurraldearen barnean aplikatzen zaie dagokien egiaztapena eskuratzeko interesa duten profesionalei, eta karnet profesionala eta ziurtagiri pertsonala eskuratzeko prestakuntza ikastaroak emateko aintzatetsita dauden prestakuntza entitate guztiei.

3. artikulua. Definizioak.

Foru agindu honek agintzen duenerako, honako definizioak hartuko dira aintzat:

a) Gaitasun profesionala: jarduera profesional bat betetzeko gaitasunaren aintzatespena, jarduera horretan aritzeko ezagutza teoriko-praktikoa izateagatik, industria arloan eskuduna den Departamentuak emana.

b) Karnet profesionala: pertsona fisiko baten alde ematen den administrazio agiria, industria segurtasuneko erregelamendu teknikoek ezartzen dutenaren arabera industria ekipamendu, gailu eta instalazioak erabiltzeko edo industria instalazioak egikaritu edo mantentzeko ahalmena ematen duena, eta pertsona fisiko hori gainerakoen aurrean gaitutako profesional gisa identifikatzen duena.

c) Ziurtagiri pertsonala: titularrak industria segurtasunaren arloan jarduera profesional jakin batzuk betetzeko ahalmena duela egiaztatzen duen administrazio agiria.

d) Prestakuntza entitatea: industria segurtasunaren arloko organo eskudunak aintzatetsi edo baimendutako entitatea, hala behar duten espezialitateetan profesionalak prestatzeko ikastaroak ematea eta ebaluatzea helburu duena.

II. kapitulua

Gaitasun profesionala

4. artikulua. Baldintzak.

Gaitasun profesionala aintzatesteko, industria segurtasunaren arloko organo eskudunak deitutako egokitasun azterketa gainditu beharko da. Azterketa horrek indarrean dagoen erregelamendu teknikoetan ezarritako edukia izanen du.

5. artikulua. Azterketak egiteko eta gaitasuna lortzeko prozedura.

1. Industria segurtasunaren arloko organo eskudunak aldian-aldian onetsiko ditu gaitasun profesionalak eskuratzeko azterketen deialdiak. Deialdi horiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

2. Interesdunek eskabidea ezarrita dagoen epean aurkeztu beharko dute, deialdian onesten den ereduari jarraituz. Eskabidearekin batera, azterketaren eskubideei dagozkien tasak ordaindu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

Dokumentazio hori telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es) dagoen zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxaren bidez, edo bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako beste leku batean.

3. Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, organo eskudunak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es) argitaratzeko aginduko du. Atari horretan argitaratuko dira artikulu honetan aipatzen diren ondoz ondoko zerrendak.

4. Izangaiek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte eta, bidezkoa bada, eskabideetako akatsak konpondu, artikulu honen 2. atalean adierazten den moduan. Erreklamazioak ebatzi ondoren, organo eskudunak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta argitaratzeko aginduko du.

5. Dagokion deialdian adierazten diren leku, egun eta orduetan eginen da azterketa. Bertara joan beharko dute onartutako izangaiek, beren nortasuna behar bezala frogatzen duen agiriren bat aldean daramatela, eta bertaratzen ez diren izangaiak edo beren nortasuna behar bezala frogatzen ez dutenak baztertuta geratuko dira.

6. Azterketak zuzendu ondoren, gai direnen eta gai ez direnen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, eta deialdian ezarrita dagoen epean izangaiek proben kalifikazioa berrikusteko eskatzen ahalko dute. Erreklamazioak ebatzi ondoren, gai direnen eta gai ez direnen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena eman eta argitaratuko da, eta gai deklaratu diren izangaiek gaitasun profesionala eskuratuko dute.

III. kapitulua

Karnet profesionala eta ziurtagiri pertsonala

6. artikulua. Karnet profesionala eta ziurtagiri pertsonala emateko prozedura.

1. Karnet profesionala eta ziurtagiri pertsonala zuzenean lortzen ahal dira, baldin eta titulazioa frogatzen bada edo honako baldintza hauek betetzen badira, aplikatzen ahal diren erregelamendu teknikoen arabera:

a) Industria segurtasunaren arloko organo eskuduneko langile teknikoek prestatutako azterketa gainditzea.

b) Aintzatetsita dauden entitateek emandako prestakuntza ikastaroa -eskatzen den espezialitateari dagokiona- gainditzea.

c) Titulazioari buruzko eskakizunak betetzea.

d) Lan esperientzia badela frogatzea.

2. Karneta edo ziurtagiria lortzeko, interesdunek eskabidea aurkeztu beharko dute, ezarrita dagoen ereduari jarraituta. Eskabide horrekin batera, dagozkion erregelamendu teknikoetan aurreikusitako berariazko eskakizunak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Dokumentazio hori telematika bidez aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es) dagoen zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxaren bidez, edo bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako beste leku batean.

Eskabidea telematika bidez aurkezten bada, eskabidearekin batera aurkezten diren agiriak eskaneatu beharko dira, banaka, eta bakoitzari bere izena jarri beharko zaio.

3. Administrazio agiria emateko azterketa bat gainditzea nahitaezkoa bada, foru agindu honen 5. artikuluan ezarrita dagoen prozedurari jarraituko zaio. Azterketa fasea amaitu ondoren, "gai" kalifikazioa lortzen duten izangaiek eskatzen zaien dokumentazioa aurkeztuko dute, aurreko atalean ezarrita dagoenari jarraituta.

4. Organo eskudunak karneta emateko ebazpena gehienez 3 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko du, eskabidea aurkezten denetik. Epe hori igarotakoan ebazpena eman eta jakinarazi ez bada, eskabidea onetsi dela ulertuko da.

Ziurtagiria eskatuz gero, ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea hilabetekoa izanen da, eta epe hori igarotakoan ebazpena eman eta jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi dela ulertuko da.

5. Karneta edo ziurtagiria espezialitate bakoitzerako emanen da, eta titularra zein kategoriatan gaituta dagoen, horiek guztiak agertu beharko dira karnetean edo ziurtagirian. Karneta emateko ezarrita dauden baldintza eta eskakizunetan edozein aldaketa izanez gero, organo eskudunari jakinaraziko zaio, karneta edo ziurtagiria egunera dadin.

IV. kapitulua

Profesionalen prestakuntzarako aintzatetsita dauden entitateak

7. artikulua. Eskakizunak betetzeari buruzko erantzukizuneko aitorpena.

1. Industria segurtasunaren arloko organo eskudunaren baimenik behar ez duten entitateek, karnet profesionalak eta ziurtagiri profesionalak eskuratzeko prestakuntza ikastaroak emateko interesa badute, ezarrita dauden eskakizunak betetzen dituztela adierazteko erantzukizuneko aitorpena aurkeztu beharko dute telematika bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es) dagoen zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxaren bidez. Hona hemen eskakizunak:

a) Behar adinako baliabide egokiak izatea, teknika, pertsona eta material aldetik, prestakuntza eraginkorra eta kalitatezkoa eskaintzeko ikastaroetan.

b) Prestakuntza entitateko norbait ikastaroen arduradun izendatzea.

c) Erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatzea, profesionalek eta ikasleek ikastaroa ematen den zentroan prestakuntza prozesuan izan ditzaketen istripuak estaltzeko.

d) Berdintasuna bermatzea antolatzen dituen ikastaroak egiteko.

2. Halaber, erantzukizuneko aitorpenean berariaz agerrarazi beharko da entitateak egiaztagiri profesional batzuk zein besteak eskuratzeko prozeduretan laguntzen duela.

8. artikulua. Aintzatespena.

1. Industria segurtasunaren arloko organo eskudunaren egiaztatzeko ahalmenak baztertu gabe, erantzukizuneko aitorpena aurkezteak baimena emanen dio entitateari jardueran hasteko, eta eskatzen diren arloetarako prestakuntza entitate gisa aintzatetsia izatea suposatuko du, foru agindu honetan ezarritako ondorioetarako.

2. Prestakuntza entitateak aintzatestearen ondorioak honako hauek dira: foru agindu honen esparruan prestakuntza ikastaroak emateko aukera, eta horrez gain, entitate laguntzaileen izaera hartzea, karnet profesionalak nahiz ziurtagiri pertsonalak eskuratzeko prozeduren tramitazio-lanetarako.

3. Erantzukizuneko aitorpenari erantsitako funtsezko edozein datu, azalpen edo dokumentutan zehazkabetasun edo faltsutasunik badela ikusiz gero, organo eskudunak ukatu eginen du prestakuntza entitatearen aintzatespena, arrazoitutako ebazpen baten bidez, eta jardueran aritzea debekatuko du, erantzukizun administratiboak edo bestelakoak baztertu gabe.

4. Indarrean dagoen legedian ezarrita dagoenaren arabera industria segurtasunaren arloko prestakuntza ikastaroak emateko baimena behar duten entitateek dagokien araudian ezarritako eskakizunak betetzen dituztela frogatu beharko dute.

9. artikulua. Aintzatespenaren balioa.

1. Prestakuntza entitatearen aintzatespenak balio mugagabea izanen du, baldin eta hura eskuratzeko baldintzak mantentzen badira.

2. Prestakuntza entitatearen aintzatespenerako ezarritako baldintza eta beharkizunetan edozein aldaketa izanez gero, organo eskudunari jakinaraziko zaio, gertatu eta hilabeteko epean, egunera dadin.

10. artikulua. Aintzatetsitako entitateen betebeharrak.

Prestakuntza entitatearen aintzatespena izateak esan nahi du karnet profesionalak nahiz ziurtagiri pertsonalak eskuratzeko beharrezkoak diren tramiteak egiteko laguntza eman beharko dela.

Prestakuntza ikastaroan izena emanez gero, interesdunak hala adierazten duenean prestakuntza entitateak bere izenean jarduten ahalko du foru agindu honetan ezarrita dauden prozedurak tramitatzean.

V. kapitulua

Profesionalen prestakuntzarako aintzatetsita duden
profesionalen eta entitateen erregistroa

11. artikulua. Profesionalen erregistroa.

1. Nafarroako industria segurtasunaren arloko profesionalen erregistroa sortuko da, arlo horretako administrazioaren gainbegiratze lana errazteko helburuz. Erregistro hori industria arloan eskuduna den Departamentuari atxikita egonen da.

Erregistroko inskripzioa ofizioz eginen du industria segurtasunaren arloko organo eskudunak, foru agindu honetan arautzen diren gaitasun profesionalen, karnet profesionalen eta ziurtagiri pertsonalen eskaerak ebazteko.

2. Erregistroan gaitasun profesionalaren, karnet profesionalen eta ziurtagiri pertsonalen titularrak agertuko dira. Titular horiei aintzatesten zaien espezialitatea edo espezialitateak eta, bidezkoa bada, kategoriak agertuko dira, eta egiaztapen profesional egokia eskuratzeko beharrezkoak diren datu guztiak sartuko dira.

Halaber, gerora sortzen diren gorabehera garrantzitsu guztiak jasoko dira, eta besteak beste, kautelazko etenak, ezar daitezkeen zehapenak, eta epai judizialaren edo administrazio ebazpen irmoaren ondoriozko desgaitzeak.

12. artikulua. Profesionalen prestakuntzarako aintzatetsita dauden entitateen erregistroa.

1. Karnet profesionalak eta ziurtagiri profesionalak eskuratzeko prestakuntza ikastaroak emateko aintzatespen eta baimena duten prestakuntza entitateen erregistroa sortuko da. Erregistroa industria arloan eskuduna den departamentuari atxikita egonen da, eta prestakuntza jarduera kudeatzeko tresna izanen da.

2. Baimentzen diren enpresak eta jarduera egiteko erantzukizuneko aitorpena aurkezten dutenak ofizioz inskribatuko dira, foru agindu honetan ezarritakoaren arabera. Erregistroan honako datu hauek agertuko dira:

a) Sozietatearen izena eta Identifikazio Fiskaleko Kodea (IFK).

b) Udalerria, helbidea, telefonoa, entitatearen eta prestakuntza zentroen posta elektronikoa.

c) Aintzatespenaren data.

d) Aintzatespena industria segurtasunaren zein arlotan ematen den.

3. Aurreko atalean ageri diren datuak jende guztiak eskuratzen ahal ditu, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.navarra.es). Datuen titularrek datu okerrak edo zehatzak ez direnak eskuratu eta zuzentzeko eskubideak baliatzen ahalko dituzte.

4. Aintzatetsita eta baimenduta dauden entitateek beren jarduera egiteari uzten badiote, jakinarazi beharko dute, eta horren ondorioz, erregistroko inskripzioa baliogabetuko da.

Xedapen iragankor bakarra.-Baimendutako entitateak.

Foru agindu hau indarrean jarri baino lehen industria segurtasunaren arloko prestakuntza emateko baimenduta dauden entitateak ofizioz inskribatuko dira prestakuntza entitateen erregistroan, eta entitate laguntzailetzat hartuko dira foru agindu honetan aurreikusita dauden ondorioetarako.

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Arauak indargabetzea.

Foru agindu honek indarra hartzean, bertan xedatutakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak indargabeturik geldituko dira eta, zehazki, honako hauek:

a) Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren urriaren 1eko 424/2009 Foru Aginduaren 28.etik 37.era bitarteko artikuluak. Horren bidez Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamendua (EITE) -uztailaren 20ko 1027/2007 Errege Dekretuak onetsia- garatzeko arauak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean.

b) Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren urriaren 1eko 425/2009 Foru Aginduaren 12.etik 29.era bitarteko artikuluak. Horren bidez Gas Erregaien Banaketari eta Erabilerari buruzko Erregelamendu teknikoa eta Jarraibide Tekniko Osagarriak -uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuak onetsiak- garatzeko arauak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek 2011ko urriaren 1ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko ekainaren 30ean.-Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilaria, José María Roig Aldasoro.

Iragarkiaren kodea: F1111770