150. ALDIZKARIA - 2011ko uztailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

213/2011 FORU AGINDUA, ekainaren 22koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, desgaitasun maila egiaztatzeko txartela sortzen duena.

Abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren bidez, desgaitasuna onartu, deklaratu eta haren maila kalifikatzeko prozedura arautu zen. Arau hartan, beraz, aplikatu beharreko baremoak ezarri eta onarpen hori egiteko organo eskudunak zehaztu ziren, honako xedearekin: pertsonaren desgaitasun mailaren balorazioa eta kalifikazioa berdinak izatea Estatu osoan, hiritarrek erakunde publikoen onurak, eskubide ekonomikoak, prestazioak eta zerbitzuak baldintza beretan lortzen dituztela bermatuta.

Desgaitasun maila onartzeko prozedura ebazpen batekin bukatzen da. Bertan jasoko da onartutako desgaitasun maila, portzentajean adierazita, eta, bidezkoa bada, puntuazioa, beste pertsona baten laguntzaren beharra edo mugitzeko zailtasunik ote duen zehazteko.

Desgaitasuna duten Pertsonei Arreta Emateko Plan Integralean (2010-2013) aurreikusten denez, gutxienez ere %33ko desgaitasuna duten pertsona guztiei emanen zaie desgaitasun txartela, zeinaren bidez aukera izanen duten gizarte babeseko sisteman pertsona hauentzat ezarritako prestazioak jasotzeko (9. lerro estrategikoa, 9.5 neurria, 9.52 jarduketa). Plana Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak onetsi zuen.

Aintzat hartuta desgaitasun maila onartzen duen ebazpena aurkeztea nahitaezko baldintza dela araudiak ezarritako zenbait prestazio lortzeko, agindu honen bidez desgaitasun maila egiaztatzeko txartela sortzen da.

Espedienteari lotutako txosten teknikoa ikusita, agerian dago foru agindu hau onetsi izanaren onura publikoa.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

1. Desgaitasun maila egiaztatzeko txartela sortzea Nafarroako Foru Komunitatean. Txartel horrek I. eranskinean aurreikusitako baldintzak jasoko ditu eta II. eranskineko ereduaren arabera luzatuko da.

2. 35.000 euroko gastua baimentzea, 2011ko gastuen aurrekontuko "Desgaitasuna duten pertsonentzako txartela" izeneko 900000 91000 6089 233100 kontu-sailaren kargura.

3. Foru agindu hau igortzea Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Mendekotasun Agentziara eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen Kudeaketarako Atalera, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko ekainaren 22an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

I. ERANSKINA

Desgaitasun maila egiaztatzeko txartelaren baldintzak

1. Desgaitasun maila egiaztatzeko txartela agiri publikoa, pertsonala eta besterenezina da, eta haren titularrak desgaitasun maila onartua duela behar bezala egiaztatzen du.

2. Desgaitasun maila egiaztatzeko txartelaren titular izaten ahalko dira Nafarroako Foru Komunitatean bizi eta %33ko edo goragoko desgaitasuna onartua duten pertsonak.

3. Nafarroako Mendekotasun Agentziari dagokio desgaitasun maila egiaztatzeko txartela luzatzeko eskumena.

4. Txartelak 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera luzatuko dira, interesdunak eskaera egin ondoren.

5. Txartelaren indarraldia, oro har, hamabost urtekoa izanen da, salbu eta desgaitasuna behin-behinean onartu bada edo desgaitasun maila aldatzen bada; halakoetan, indarraldia zehazteko, aintzat hartuko dira kasuan kasuko ebazpen administratiboaren eraginkortasuna edo bertan onartutako epea.

Txartelak ez du inola ere ondoriorik sortuko indarraldia bukatzen denean.

6. Ebazpen administratibo edo judizial baten ondorioz desgaitasun maila aldatzen bada, ordura arte indarrean zegoen txartela besterik gabe baliogabetuko da, eta haren titularrak itzuli beharko du.

Txartel eguneratua luzatzeko, irizpide hauei jarraikiko zaie:

a) Onartutako desgaitasun maila %33koa edo goragokoa bada, txartel berria luzatuko da, eta titularrari emanen zaio, txartel zaharra Nafarroako Mendekotasun Agentzian itzultzen duenean.

b) Onartutako desgaitasun maila %33koa baino beheragokoa bada, titularrak txartel zaharra itzuli egin beharko du Nafarroako Mendekotasun Agentzian, gehienez ere hiru hileko epean.

7. Gainerako erantzukizunak galarazi gabe, desgaitasun txartela iruzurrez erabiltzen bada, txartel hori berehala deuseztatuko da eta Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen IX. Tituluan aurreikusitako zehapen araubidearen menpe egonen da.

8. Titularrari doan luzatuko zaio txartela, txartela galdu edo hondatzen duenean izan ezik; kasu horietan aipatu araudiak ezarritako kostua ordaindu beharko da.

9. Desgaitasun maila egiaztatzeko txartelak izanen dituen aurrealdea eta atzealdea II. eranskinean jasotako ereduen araberakoak izanen dira. Bertan, zerrenda berde batean, "D" letra eta "desgaitasuna" terminoa agertuko dira, eta bidezkoa bada, mugikortasun maila eta baremoa. Txartelaren diseinuan segurtasun neurri egokiak sartuko dira benetakoa dela bermatzeko.

Txartelaren identifikazioa braillez idatziko da bi begien ikusmen-zolitasunaren galera larria dutenentzat edo itsuak direnentzat.

10. Desgaitasun maila egiaztatzeko txartela herritar txartelean sartuko da, eta, kasua bada, antzeko txarteletan ere bai, administrazio eskudunarekin kasuan kasuko erabakia hartu ondoren.

II. ERANSKINA

Desgaitasun maila egiaztatzeko txartelaren eredua

Desgaitasun maila egiaztatzeko txartelaren ezaugarriak

Neurriak: luzera: 54 mm. zabalera: 85 mm.

Honako formatu hauek sortzen dira, aurrealde hauekin:

Aurrealdea

Txartel orokorra

F1111771_0.pdf

Ikusmenaren desgaitasuna duten pertsonentzako txartela

F1111771_1.pdf

Atzealdea

F1111771_2.pdf

Iragarkiaren kodea: F1111771