146. ALDIZKARIA - 2011ko uztailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

252/2011 FORU AGINDUA, ekainaren 24koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren maiatzaren 14ko 144/2007 Foru Agindua aldatu eta 2011. urteko laguntzen deialdia onesten duena. Foru agindu horretan, kooperatibak bateratzeko esparruan, elkarteen araubidea duten nekazaritzako ustiategiak instalazioz eta ekipamenduz hornitzeko inbertsioetarako laguntzen gaineko arauak ezarri ziren.

Gobernuak 2006ko maiatzaren 8an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen Nafarroako nekazaritza kooperatibak birmoldatzeko jarduketa plana. Hartan, nekazaritza kooperatiben sektorea berregituratzeko jarduketa esparruaren alderdi tekniko, legezko eta finantzarioak zehaztu ziren.

Horrez gain, hasitako berregituratze prozesua laguntzeko finantza esparrua ezarri zuen erabaki horrek.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak maiatzaren 14an emandako 144/2007 Foru Aginduaren bidez, kooperatibak bateratzeko esparruan, elkarteen araubidea duten nekazaritzako ustiategiak instalazioz eta ekipamenduz hornitzeko inbertsioetarako laguntzen gaineko arauak ezarri ziren eta 2007ko deialdia onetsi zen. Aipatu foru agindua 68. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 1ean.

Aldez aurretik, arau hori Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi zitzaion. Organo horrek Espainiako agintariek 2007ko maiatzaren 18an igorritako informazio laburtuaren idazkia jaso zuela adierazi, eta arau proiektua goian aipatu bezala erregistratu zuen, XA101/2007 zenbakiarekin. Laguntza hori 2013ko abenduaren 31 arte indarrean egongo zela xedatu zen.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak Nafarroako nekazaritza elikagaien sektorerako funtsezkotzat jotzen du kooperatibak elkarganatzeko prozesuak laguntzen jarraitzea. Horregatik, aipatutako jarduketa planaren finantza esparruaren indarraldia amaitu bada ere, beharrezkoa da hartan ezartzen diren pizgarriak mantentzea, departamentuaren beraren erabaki gisa, bere eskumenen esparruan. Nolanahi ere, departamentuak plan horren helburuak oinarritu zituzten printzipioak eta Europako Batzordeak laguntza onartzeko erabilitako irizpideak babestuko ditu.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, diru-laguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da, lehenik, organo eskudunak diru-laguntzari buruzko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri dituenean, salbu eta lehenagotik ezarrita badaude.

Horretan oinarriturik, foru agindu honen bidez, kooperatibak bateratzeko esparruan, elkarteen araubidea duten nekazaritzako ustiategiak instalazioz eta ekipamenduz hornitzeko inbertsioetarako laguntzen gaineko arauak ezarri zituen Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren maiatzaren 14ko 144/2007 Foru Agindua aldatu eta 2011. urteko laguntzen deialdia onesten da.

Aldaketen xedea da, funtsean, arauaren artikuluen testuak egokitzea, kooperatibak bateratzeko helburua indarrean ez dagoen jarduketa plan batean justifikatuta ez egoteko, beste plan bat zehaztu bitartean, hala badagokio. Helburu hori laguntza-sail hau sortzeko funtsezko arrazoia izan zen, eta orain mantentzen da.

Era berean, indarra duten Europar Batasuneko xedapenen aipamenak eguneratzea da agindu honen beste helburu bat.

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Bestalde, deialdi honetako laguntzak hurrengo ekitaldian ordainduko direla ikusirik, Nafarroako Gobernuak 2011ko martxoaren 21ean hartutako Erabakiaren bidez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari baimena eman zitzaion 2012. ekitaldirako urte anitzeko gastua lotzeko, 2011ko deialdiaren laguntzak finantzatzeko. Erabaki hori aldatu zen Nafarroako Gobernuak maiatzaren 23an hartutako Erabakiaren bidez.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren maiatzaren 14ko 144/2007 Foru Aginduaren aldaketa. Agindu haren bidez, kooperatibak bateratzeko esparruan, elkarteen araubidea duten nekazaritzako ustiategiak instalazioz eta ekipamenduz hornitzeko inbertsioetarako laguntzen gaineko arauak ezarri ziren.

1.-7.3 artikulua aldatu da, eta hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:

"3. Eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da, foru agindu honek indarra hartzen duenetik."

2.-10. artikuluaren 2., 3. eta 4. puntuak aldatu dira, eta hemendik aurrera honela idatzita agertuko dira:

"2. Espediente guztien agiriak aurkeztutakoan, Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak ebaluazioa egin eta ebazpena proposatuko du.

3. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak edo, bestela, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du diru-laguntzei buruz, arrazoi eta guzti, eta espresuki adieraziko du zer eskabide ezetsi diren.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea sei hilabetekoa izanen da. Epea ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da."

3.-10. artikuluaren 5. puntua kendu da, testu berrian 4. puntua baita.

4.-12. artikuluaren 2. puntua aldatu da, eta hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:

"2. Halaber, egiaztatu beharko du ekintza berberek finantzabide bikoitzik ez dutela, Nafarroako Landa Garapeneko 2007-2013 Programaren "Nekazaritza ustiategiak modernizatzeko" neurrian ezartzen diren laguntzekin eta Kontseiluaren 2007ko urriaren 22ko 1234/2007 (EE) Erregelamenduaren babesean ezartzen direnekin. Erregelamendu horrek nekazaritzako merkatuen antolamendu bateratu bat sortu eta nekazaritzako hainbat produkturendako berariazko xedapenak ezarri zituen (MABetarako erregelamendu bakarra).

Lehen xedapen gehigarria.-2011ko ekitaldirako deialdia.

1.-Kooperatibak bateratzeko esparruan, elkarteen araubidea duten nekazaritzako ustiategiak instalazioz eta ekipamenduz hornitzeko inbertsioetarako laguntzen dealdia onesten da, 2011ko ekitaldirako.

2.-2011n laguntza eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da, foru agindu honek indarra hartzen duenetik aurrera.

3.-Deialdi honetarako Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren maiatzaren 14ko 144/2007 Foru Aginduan ezarritako oinarri arautzaileak aplikatuko dira. Agindu haren bidez, kooperatibak bateratzeko esparruan, elkarteen araubidea duten nekazaritzako ustiategiak instalazioz eta ekipamenduz hornitzeko inbertsioetarako laguntzen gaineko arauak ezarri ziren.

4.-Deialdi honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuaren Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Bigarren xedapen gehigarria.-2011ko deialdiaren aurrekontuko kredituak.

Deialdi honen ondoriozko gastuen konpromisoei aurre egiteko, 450.000 euroko gastua baimentzen da, 2012. urterako, 2011ko gastuen aurrekontuko "Nekazaritza industrializatu eta merkaturatzeko inbertsioetarako diru-laguntzak" izeneko 721000-72210-7701-413104 kontu-sailaren baliokidea denaren kargura.

Hirugarren Xedapen Gehigarria.-Gastuaren muga.

Aurrekontuak mugatuko ditu laguntzak; izan ere, aurrekontuan dagoen dirua agortu arte emanen dira.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko ekainaren 24an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F1111985