146. ALDIZKARIA - 2011ko uztailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

80/2011 FORU DEKRETUA, uztailaren 18koa, urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamendua eta ekainaren 11ko 153/2001 Foru Dekretua aldatzen dituena; azken dekretu hori Tributuei buruzko Foru Lege orokorraren xedapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerga arloko arau-hauste eta zehapenen arloan garatzeari buruzkoa da.

Foru dekretu hau bi artikuluz eta azken xedapen batez osatua dago.

Lehen artikuluan Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduan egindako aldaketak jasotzen dira. Aldaketak hiru taldetan sailka daitezke.

Lehenik, Zergari buruzko Foru Legearen 28.2.a) artikuluan xedatutako erregelamendu bidezko gaikuntzarekin bat, bidezkoa da pertsona edo entitate lotuen arteko eragiketei buruzko dokumentazio betebeharrak neurri handian murriztea. Estatuko araudian zein gure inguruko bestelakoetan araututakoarekin bat, eragiketa lotu horiek sortzen dituzten dokumentazio kostu handiak -batez ere enpresa txikien kasuan- enpresa txiki horien jarduketan eta zerga ondorioetan izanen duten garrantzira egokitzeko premia ikusi da. Hortaz, bidezkoa da eragiketa lotuek sortzen dituzten dokumentazio betebeharren zama formala murriztea eta, hasierako neurri gisa, dokumentazio betebehar horietatik salbuesten dira zergaldian hamar milioi eurotik beherako negozio-zifra garbia izan duten entitateak, betiere zergaldi horretako eragiketa lotuen zenbatekoa 250.000 eurotik gorakoa ez bada, osotara. Horretaz gainera, salbuespenak salbu, dokumentazio betebeharretatik salbuesten dira, orobat, zergaldian pertsona edo entitate lotu berarekin egindako eragiketak, betiere eragiketa horien kontraprestazioa 600.000 eurotik gorakoa ez bada, osotara.

Bigarrenik, kontuan hartuta Zergari buruzko Foru Legean egindako aldaketei jarraikiz karga tasa orokorra jasaten ez duten kapital aldakorreko inbertsio sozietateen (SICAV) eta horien entitate parekatuen kapitalaren murrizketan edo jaulkipen primaren banaketan lortutako zenbateko batzuek tributatuko dutela, erregelamenduzko arauak ezartzen du tributatuko duten etekinen atxikipena egin behar dela eta zehaztu egiten du atxikipen hori nork egin behar duen eta zeri aplikatu behar zaion.

Hirugarrenik, enpresa gazte berritzaileetan inbertsioak egitearen ondoriozko kenkariaren aplikazio egoki eta koherentea gauzatu ahal izateko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 62.11 artikuluan ezartzen baita, eta enpresa gazte eta berritzaileen beren araubide fiskalaren behar bezalako zerga kontrola egite aldera, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen hemezortzigarren xedapen gehigarrian jasotzen baita, beharrezkoa da erregelamenduzko garapena egitea. Beraz, bidezkoa da entitateek Enpresa gazte eta berritzaileen erroldan inskribatzeko prozedurari eta onura fiskalen izateari buruzko zenbait alderdi zehaztea, baita erroldan inskribatzeko eskaera sozietatea eratu aurretik edo haren jarduera hasi baino lehen egiten bada ere.

Bigarren artikulua Tributuei buruzko Foru Lege orokorraren xedapenak zerga arloko arau-hauste eta zehapenen arloan garatzeko Foru Dekretuaren gainekoa da. Arau aldaketa eragin du, halaber, urtarrilaren 24ko 2/2008 Foru Legeak Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 70.1.b) artikuluan egindako aldaketak. Manu horren idazketa berriak aldatu egin zuen arau-hauste arin eta larriengatik diru-zehapenak ezartzeko eskumena; Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari zegokion eskumen hura eta, orain, tributu likidazioko administrazio-egintzak emateko organo eskudunari edo, hala badagokio, zehapen prozedura hasi duenaren goragoko organo hurrenari. Lege aldaketa horrek ondoriorik gabe utzi ditu, hein batean, Arau-hauste eta zehapenei buruzko Foru Dekretuaren 24. eta 25. artikuluak. Horren ondorioz, foru dekretua aipatutako Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren edukira egokitu nahi da. Hala, bi artikuluen edukia 24. artikuluan biltzen da eta edukirik gabe uzten da 25.a.

Azken xedapen bakarrean, indarra hartzea arautzen da; aipagarria da haren 2. atala, bertan ezartzen baita lehen artikuluaren lehen ataletik laugarrenera bitarte (biak barne) egindako aldaketek, hau da, eragiketa lotuei buruzko dokumentazio-betebeharrei buruzkoek, 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietarako dituztela ondorioak. Izan ere, Nafarroan, dokumentazio-betebehar horien araubide berria data horretatik aurrera hasten diren zergaldietarako ondorioak izateko aplikatzen da.

Horiek horrela, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluak dioena aditurik, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko uztailaren 18ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

Lehen artikulua.-Urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamendua aldatzea.

Urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduaren manu batzuei testua aldatuko zaie eta honela geldituko dira:

Bat. 20 ter.3 artikulua.

"3. Atal honetan aipatutako dokumentazioa ez zaie zergaldian negozio-zifraren zenbateko garbia hamar milioitik beherakoa izan duten pertsona edo entitateei eskatuko, betiere zergaldi horretan pertsona edo entitate lotuekin egindako eragiketa guztien diru-zenbatekoa ez bada 250.000 eurotik gorakoa merkatuko balioan. Dena dela, dokumentatu beharko dira, betiere, egoitza erregelamendu bidez paradisu fiskaltzat jotako herrialde edo lurralde batean duten pertsona edo entitate lotuekin egindako eragiketak, salbu eta beren egoitza Europar Batasuneko estatu kideren batean izan eta subjektu pasiboak egiaztatzen badu zio ekonomiko baliodunei erantzuten dietela eragiketek eta pertsona edo entitate horiek enpresa edo lanbide jarduerak egiten badituzte. Negozio-zifra garbia kalkulatzeko, Zergari buruzko Foru Legearen 50.1.b) artikuluan ezarritako irizpideei jarraituko zaie."

Bi. 20 ter.4 artikulua.

"4. Atal honetan aipatutako dokumentazioa ez da eskatuko, ezta honako eragiketa lotu hauek egiten direnean ere:

a) Zerga-bateratzearen araubideko talde batean, hots, Zergari buruzko Foru Legearen X. tituluko VIII. kapituluko araubidea aukeratu duen talde batean, taldekide diren entitateen arteko eragiketak.

b) Zergari buruzko Foru Legearen X. tituluko VIII. kapituluan dagoen araubidea aukeratu duen zerga-bateratze talde bateko kideen artean edo taldekide diren beste entitate batzuen artean egindakoak; Interes Ekonomikoko Elkarteei buruzko apirilaren 29ko 18/1982 Legean ezarritakoari jarraikiz interes ekonomikoko elkarteek beren kideekin egindakoak; eta berariazko erregistroan inskribatuta dauden aldi baterako enpresa elkarteek egindakoak -horiek Enpresa talde eta aldi baterako elkarteen eta eskualdeetako industria garatzeko sozietateen zerga araubideari buruzko maiatzaren 26ko 18/1992 Legean arautzen dira-.

c) Baloreak erosteko eskaintza publikoen edo saltzeko eskaintza publikoen esparruan egiten diren eragiketak.

d) Espainiako Bankuak onetsitako babeseko erakunde-sistema bateko kreditu entitateen artean egindakoak, eta aipatutako babeseko erakunde-sistemak maiatzaren 25eko 13/1985 Legearen 8.3.d) artikuluan ezarritako baldintzen betetzearekin erlazioa dutenak; lege hori inbertsio-koefizienteei, baliabide propioei eta finantza-bitartekarien informazio-betekizunei buruzkoa da.

e) Zergaldian pertsona edo entitate lotu berarekin egindakoak, betiere eragiketa horien kontraprestazioa 600.000 eurotik gorakoa ez bada, osotara. Zenbaketa horretatik kanpo geratuko dira letra honen, 1., 2., 3. eta 4. zenbakietan aipatzen diren eragiketak.

Aurreko e) letran xedatzen dena ez da aplikatuko kasu hauetan:

1. Eragiketak paradisu fiskaltzat jotzen diren herrialde edo lurraldeetako pertsona edo entitate egoiliarrekin eginak direnean, salbu eta beren egoitza Europar Batasuneko estatu kideren batean izan eta subjektu pasiboak egiaztatzen badu zio ekonomiko baliodunei erantzuten dietela eragiketek eta pertsona edo entitate horiek jarduera ekonomikoak egiten badituzte.

2. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergako subjektu pasiboek jarduera ekonomiko bat gauzatzean egindako eragiketak direnean, eta jarduera horri zenbatespen objektiboaren araubidea aplikatzen ahal zaionean, bera, bere ezkontidea, aurrekoak edo ondorengoak partaide dituen sozietate batekin, eta haiek guztiek batera nahiz bakarka sozietatearen kapitalean edo funtsetan duten portzentajea %25 edo handiagoa bada.

3. Eragiketa 2004/39/EE Zuzentarauan definitutako balore-merkatu arautuetan negoziatzeko onartzen ez diren negozioen edo edozein motatako entitateen funts berekietako partaidetza irudikatzen duten baloreen edo partaidetzen eskualdaketa bada.

4. Eragiketa kontabilitate irizpideen arabera ukiezinak diren aktibo finantzarioen gaineko higiezinen edo eragiketen eskualdaketa bada."

Hiru. 20 ter artikulua, 5. zenbakia gehitzea.

"5. Tributudunak bere eragiketa lotuei buruzko informazioa jarri beharko du aitorpenean, hala aurreikusten denean, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak foru agindu bidez ezartzen duen moduan."

Lau. 20 quinquies.3 artikulua.

"3. Aurreko 1. zenbakian ezarritako dokumentazio betebeharrak oso-osorik eskatuko dira, salbu eta eragiketan esku hartzen duten aldeetako bat Zergari buruzko Foru Legearen 50.1.b) artikuluko baldintzak betetzen dituen entitatea denean, edo pertsona fisikoa denean, eta, gainera, eragiketak paradisu fiskaltzat jotzen diren herrialde edo lurraldeetako pertsona edo entitate egoiliarrekin eginak ez direnean; kasu horretan, subjektu pasiboen dokumentazio betebehar berariazkoak hauek izanen dira:

a) Aurreko 1. zenbakiko a), b), c) eta e) letretan aipatutakoak, 20 ter.4 artikuluko 2. ordinalean aipatutako eragiketak direnean.

b) Aurreko 1. zenbakiko a) eta e) letretan aipatutakoak, bai eta magnitudeak, ehunekoak, ratioak, fluxuen deskontuei aplikatzen zaizkien tasak, aurreikuspenak eta balioa zehazteko erabiltzen diren gainerako baloreak ere, 20 ter.4 artikuluaren 3. ordinalean aipatutako eragiketa denean.

c) Aurreko 1. zenbakiko a), c) eta e) letretan aipatutakoak, 20 ter.4 artikuluko 4. ordinalean aipatutako kasuetan.

d) Aurreko 1. zenbakiko a) letran aipatutakoa, profesionalen zerbitzuak ematen direnean.

e) Gainerako kasuetan, aurreko 1. zenbakiko a) eta e) letretan aipatutakoak, bai eta erabilitako balorazio metodoaren eta horren ondoriozko balore-tartearen azalpena ere, gainerako kasuetan."

Bost. 33.1 artikulua, g) letra gehitzea.

"g) Inbertsio Kolektiboko Erakundeei buruzko Legean araututako karga tasa orokorra jasaten ez duten kapital aldakorreko inbertsio sozietateek, edo horien entitate parekatuek, beste estatu batean erregistratuta daudenek, eta higigarrien baloreetako inbertsio kolektiboko erakunde batzuei buruzko lege, arau eta administrazio xedapenak koordinatu dituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko uztailaren 13ko 2009/65/EE Zuzentarauaren itzalpean dauden sozietateek kapitala murriztearen bitartez ekarpenak itzulita edo jaulkipen primak banatuta lortzen diren errentak, inbertitzaileen multzo murriztuak direla eta akzioak eskuratzeko, lagatzeko edo erreskatatzeko dituzten mugak gorabehera."

Sei. 34.7 artikulua.

"7. 33.1.g) artikuluan aipatzen direnak ez beste entitate batzuek akzioen edo partaidetzen jaulkipen primak banatuta sortzen diren errentak."

Zazpi. 34.23 artikulua.

"23. Inbertsio Kolektiboko Erakundeei buruzko 35/2003 Legearen Erregelamenduaren 49. artikuluan araututako funts eta sozietateetako partaidetza edo akzioen errenboltsotik edo eskualdaketatik datozen errentak; erregelamendu hori azaroaren 4ko 1309/2005 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen."

Zortzi. 35.7 artikulua.

"7. Inbertsio Kolektiboko Erakundeei buruzko Legean araututako kapital aldakorreko inbertsio sozietateek, karga tasa orokorra jasaten ez dutenek, kapitala murrizten badute ekarpenak itzultzeko edo jaulkipen primak banatzen badituzte, atxikipena edo konturako sarrera aplikatu behar dute.

Eragiketa Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko uztailaren 13ko 2009/65/EE Zuzentarauak (higigarrien baloreetako inbertsio kolektiboko erakunde batzuei buruzko lege, arau eta administrazio xedapenak koordinatu dituenak) araututako inbertsio kolektiboko erakunde batek egin badu, hain zuzen ere Europar Batasuneko estatu batean eratu eta egoiliartuta egonik egoitza Espainian duten entitateek merkaturatzeko asmoarekin Baloreen Merkatuaren Nazio Batzordearen erregistro berezian inskribatuta dagoen batek, errentak ordaintzen dituzten entitate merkaturatzaileek edo akzioak zein partaidetzak merkaturatzerako ahalmena duten bitartekariek egin behar dute atxikipena edo konturako ordainketa, eta, subsidiarioki, baloreak kokatzen edo banatzen dituzten entitateek.

Eragiketa beste estatu batean erregistratuta dagoen kapital aldakorreko inbertsioko sozietateen pareko inbertsio kolektiboko erakunde batek egin badu, inbertitzaileen multzo murriztuak direla eta akzioak eskuratzeko, lagatzeko edo erreskatatzeko dituzten mugak gorabehera, baloreen gordailuzain den erakundeak edo haien ondoriozko errentak kobratzen dituenak aplikatu behar du atxikipena edo konturako sarrera.

Aurreko lerroaldeen arabera konturako diru-sarrera edo atxikipena egitea bidezkoa ez den kasuetan, konturako ordainketa egitera behartuta egonen da jaulkipen primaren banaketa edo ekarpenen itzulketa jasotzen duen bazkidea edo partaidea. Konturako ordainketa hori 37.8, 38.1 eta 39. artikuluetako arauei jarraituz eginen da."

Bederatzi. 35. artikulua, 8. zenbakia gehitzea.

"8. Atxikipena egin beharra duten subjektuek beren gain hartuko dute sarrera Nafarroako Ogasunean egiteko betebeharra; betebehar haren ez-betetzeak ez ditu betebehar honetatik salbuesten."

Hamar. 37. artikulua, 8. zenbakia gehitzea.

"8. 33.1.g) artikuluan aipatzen diren errenten kasuan, atxikipenaren oinarria Zergari buruzko Foru Legearen 26.3 artikukuluan ezarritakoaren arabera kalkulatutako zerga oinarrian sartu beharreko zenbatekoa izanen da."

Hamaika. Bosgarren xedapen gehigarria gehitzea.

"Bosgarren xedapen gehigarria.-Enpresa gazte eta berritzaileen araubide fiskala. Erroldan inskribatzeko prozedura. Araubidea aplikatzearen jatorria erabakitzea.

1. Enpresa gazte eta berritzaileen araubide fiskala aplikatu ahal izateko, subjektu pasiboek xedapen honetan arautzen den erroldan egon beharko dute inskribatuta; errolda Nafarroako Zerga Ogasunak kudeatuko du.

2. Erroldan inskribatuko dira, eskaera egin eta gero, Zergari buruzko Foru Legearen hemezortzigarren xedapen gehigarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten subjektu pasiboak. Bereziki, subjektu horiek frogatu beharko dute, memoria eta finantza plana aurkeztuz, aipatutako hemezortzigarren xedapen gehigarriaren 1. zenbakiko e) letran ezarritakoa betetzen dutela.

3. Baldintza horiek betetzen dituztela egiaztatuta, Nafarroako Zerga Ogasuneko organo eskudunak erroldan inskribatuko ditu.

Inskribatu baino lehen, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak hemezortzigarren xedapen gehigarri horren 1. zenbakiko e) letran aipatzen diren baldintzen betetzeari buruzko txostena eginen du. Egokitzapena berritasun teknologikotzat jotzen diren produktu, zerbitzu edo prozesu berriei buruzkoa bada, Moderna Fundazioaren txostena ere beharko da.

4. Subjektu pasiboari erroldan inskribatua izan dela jakinaraziko zaio, bai eta, hala badagokio, hartan inskribatzeko ukapena edo baja-ematea ere.

Subjektu pasiboek erroldan inskribatzeko eskaera aurkeztu eta hiru hilabetean ez badute espedientearen ebazpenari buruzko berariazko jakinarazpenik jasotzen, eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute.

5. Aldeko ebazpena ematen bada, enpresa gazte eta berritzaileen araubidearen onura fiskalak erroldan inskribatzeko eskaera aurkeztu den egunetik aurrera aplikatuko dira, 7. zenbakian xedatutakoa ezertan galarazi gabe.

Entitatea duela bost urte baino gutxiago eratua izateko betekizuna hasiera batez betetzeko, sozietatea noiz sortu zen eta erroldan inskribatzeko eskaera noiz egin zen hartuko da kontuan.

Behin aldeko ebazpena emanda eta, betiere, gainerako baldintzak betetzen badira, entitateak araubide honen onura fiskalez izaten jarraitzen ahalko du, eratu eta bost urte igaro bitarte.

Jarduera ekonomikoen gaineko zergari dagokionez, salbuespenak barnean hartuko ditu eskaera aurkezten den egunetik eratu eta bost urtera arte sorrarazten diren seihileko edo urteko kuotak.

6. Zergari buruzko Foru Legearen hemezortzigarren xedapen gehigarrian ezarritako baldintzetakoren bat ez betetzeak erroldan baja ematea ekarriko du eta xedapen gehigarri horren 4. zenbakian ezarritako ondorioak izanen ditu.

Subjektu pasiboek erroldan baja emateko eskaera aurkeztu beharko dute, Zergari buruzko Foru Legearen hemezortzigarren xedapen gehigarriaren 1. zenbakian ezarritako baldintzetakoren bat betetzeari uzten diotenean. Baldintza horietakoren bat betetzeari utzi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dute eskaera.

7. Erroldan inskribatzeko eskaera sozietatea eratu edo jarduera hasi baino lehen egiten bada, edo finantza historiarik gabeko enpresa berria bada, subjektu pasiboak egiaztatu beharko du, memoria eta negozio plana aurkeztuz, urtero, ikerketarako eta garapenerako egindako gastuek guztizko gastuen %15a joko dutela, edota berritasun teknologikotzat jotzen diren produktu, zerbitzu edo prozesuak gauzatuko dituztela. Baldintza hoiek gerora betetzen ez badira, aurreko 6. zenbakian xedatutakoari jarraituko zaio.

Erroldan inskribatzeko eskaera sozietatea eratu baino lehen egiten bada eta ebazpena aldekoa bada, enpresa gazte eta berritzaileen araubide fiskala sozietatearen eraketa datatik aurrera aplikatuko da.

2. artikulua. Tributuei buruzko Foru Lege orokorraren xedapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerga arloko arau-hauste eta zehapenen arloan garatzeko ekainaren 11ko 153/2001 Foru Dekretuaren aldaketa.

Tributuei buruzko Foru Lege orokorraren xedapenak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerga arloko arau-hauste eta zehapenen arloan garatzeko ekainaren 11ko 153/2001 Foru Dekretuaren manuak, jarraian jasotzen direnak, honela geratuko dira idatzita:

Bat. 24. artikulua.

"24. artikulua. Diru-zehapenak ezartzeko eskumena duten organoak.

Diru-isunean oinarritutako zehapenak erabaki eta ezartzeko organo eskudunak izanen dira tributu likidazioko administrazio-egintzak ematen dituztenak edo, hala badagokio, zehapen prozedura hasi duenaren goragoko organo hurrena.

Zehapen-prozedura hasi edo kitatzeko organo eskudunak dira antolamendu arauetan, zergak aplikatzeko prozedura arauetan, zehapen prozeduraren arauetan edo kasuan kasuko zerga arautzekoetan horrela ezarrita daudenak.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuaz bestelako departamentuek edo horien mendeko beste entitate batzuek kudeatzen dituzten zergen edo zerga eginkizunen kasuetan, horrelako zehapenak ezartzeko eskumena kasuan kasuko organoaren titularrak izanen du."

Bi. 25. artikulua indargabetzen da.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

1. Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

2. Aurrekoa gorabehera, lehen artikuluaren lehen ataletik laugarrenera bitarte (biak barne) egindako aldaketek 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zergaldietarako dituzte ondorioak.

Iruñean, 2011ko uztailaren 18an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F1112162