14. ALDIZKARIA - 2011ko urtarrilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2011ko urtarrilaren 10ean hartua, "Murchanteko goi-horniduraren adarra" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko. Proiektua Moncayoko Ur Mankomunitateak sustatu du.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak uztailaren 29an emandako 477/2010 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren, hamabost egunez, aipatu proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Jendaurrean egoteko epea bukatuta, eta aurkeztutako alegazioak ebatzita, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak azaroaren 25ean emandako 849/2010 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi zen aipatutako proiektua.

Moncayoko Ur Mankomunitateak eskatu du proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea. Proiektuaren helburua da Murchanteko herriak dituen eta izanen dituen beharren araberako ur hornidura publiko egokia bermatzea, zuntz-zementuzko hodi bat berrituz. Mankomunitateak alegatu du obrak egitea behar-beharrezkoa dela Murchanteri egiten zaion edateko uraren horniduraren higiene eta osasun baldintzak berehala hobetzeko.

Nafarroako Gobernuak, Moncayoko Ur Mankomunitateak adierazi dituen arrazoiak ikusirik, bidezkotzat jo du desjabetze horrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

Horrenbestez, txosten juridikoa ikusirik, prezio justua pagatzeko behar den kreditua atxiki dela egiaztaturik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57. b) artikuluaren bidez aitortu zaizkion eskumenen arabera, Nafarroako Gobernuak, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraituz, adierazten da presakoa dela "Murchanteko goi-horniduraren adarra" izeneko proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitaratzen den egunetik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta horren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal dela, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Moncayoko Ur Mankomunitateari jakinaraztea.

Iruñean, 2011ko urtarrilaren 10ean.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1100368