14. ALDIZKARIA - 2011ko urtarrilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

527/2010 EBAZPENA, abenduaren 28koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, 2011ko urtarrilaren 1etik maiatzaren 31ra bitarte Nafarroako Foru Komunitateko maila ez-unibertsitarioetako ikastetxe publikoetan atzerriko hizkuntzen mintzapraktikako laguntzaile izateko gehienez ere 9 bekatarako deialdia egiten duena.

Gure erkidegoko ikastetxeei baliabide hau eskaintzearen helburua da ikasten den atzerriko hizkuntzaren komunikazioko alderdien, batez ere mintzamenaren, ikaskuntza erraztea eta hobetzea. Horrekin batera, mintzapraktikako laguntzaileak edukitzea haien sorterrietako kultura eta bizimodura hurbiltzeko modua da, eta horrek hizkuntzak ikasteko motibazioa handitzen du.

Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du eta bertan proposatu du 2011ko urtarrilaren 1etik 2011ko maiatzaren 31ra bitarte Nafarroako Foru Komunitateko maila ez-unibertsitarioetako ikastetxe publikoetan atzerriko hizkuntzen mintzapraktikako laguntzaile izateko gehienez ere 9 bekatarako deialdia egitea. Bekak ingelesa edo frantsesa egiten den herrialdeetan jaio eta ikasketak, goi mailakoak barne, bertan bukatu edo egiten ari direnentzat dira.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko maila ez-unibertsitarioetako ikastetxe publikoetan mintzapraktikako laguntzaile izateko gehienez 9 beka eskaintzea, ondoko deialdian azaltzen diren oinarriei jarraikiz.

2. Programa honetarako, gehienez, 31.500 euroko gastua baimentzea. Deialdia Europako Gizarte Funtsaren bidez kofinantzatuta dago, Nafarroako EGF 2007-2013 Programa Eragilearen bidez, %50eko tasarekin.

3. Beka horien zenbatekoa 2011ko aurrekontuetan programa horretarako gaitu den kontu-sailari egotziko zaio. Izendapen hau du kontu-sail horrek: 42420 G/421002/4809/322900 "Hizkuntzak irakasteko bekak atzerritarrentzat", 2011ko aurrekontuko Nafarroako EGF 2007-2013 Programa Eragilea, E-09/000024-05 PEP elementua.

4. Deialdia eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaileari, Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuari, Europako eta Nazioarteko Programen Atalari, Argibide eta Agiri Bulegoari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko abenduaren 28an.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko maila ez-unibertsitarioetako ikastetxe publikoetan 2011ko urtarrilaren 1etik maiatzaren 31ra bitarte atzerriko hizkuntzen mintzapraktikako laguntzaile izateko beketarako deialdia

1. Deialdiaren xedea.

Gure erkidegoko ikastetxeei baliabide hau eskaintzearen helburua da ikasten den atzerriko hizkuntzaren komunikazioko alderdien, batez ere mintzamenaren, ikaskuntza erraztea eta hobetzea. Horrekin batera, mintzapraktikako laguntzaileak edukitzea haien sorterrietako kultura eta bizimodura hurbiltzeko modua da, eta horrek hizkuntzak ikasteko motibazioa handitzen du.

2. Beka kopurua eta laguntzaren zenbatekoa.

2011ko urtarrilaren 1etik maiatzaren 31rako, mintzapraktikako laguntzaile izateko gehienez ere 9 bekatarako deialdia egiten da. Bost hilabete iraunen dute (2011ko urtarrilaren 1etik maiatzaren 31ra).

Bekaren diru zenbatekoa, hileko eta pertsonako, 700 eurokoa da.

3. Betebeharrak.

Ingelesa edo frantsesa egiten den herrialdeetan jaio diren pertsonek eskatzen ahalko dute beka, baldin eta ikasketak, unibertsitatekoak barne, nork bere herrialdean egin edo egiten baditu.

Eskatzaileek, betebehar horiek betetzen badituzte eta gaur egun Nafarroako Foru Komunitatean bizi badira, agirien bidez frogatu beharko dute hori.

4. Eskaerak aurkezteko modua eta epea.

Programa honetan parte hartu nahi dutenek honekin batera doan eskabidea bete beharko dute (II. eranskina), eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariari bidali, postaz (Santo Domingo kalea, zk.g., 31001 Iruña) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluak zilegitzat jotzen duen beste edozein bidez edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan aipatutako Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan.

Eskabideak aurkezteko epea bost egunekoa izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideari honako dokumentu hauek erantsi beharko zaizkio:

1.-Curriculum vitae-a.

2.-Alegatutako merezimenduak frogatzen dituzten agiriak, horrelakorik baldin bada.

3.-Egindako ikasketak frogatzen dituen ziurtagiria edo bestelako agiriak.

4.-Pasaportearen, AIZren edo nortasun agiriaren fotokopia.

5.-Ziurtagiri medikoa, eskaeraren xede den jardueran aritzeko gaitasun funtzionala duela egiaztatzen duena.

6.-Osasun laguntza izateko aseguruaren fotokopia, Europar Batasuneko herrialdeetakoak ez diren laguntzaileen kasuan, baldin eta arlo horretan beren herrialdeek Espainiarekin akordiorik ez badute.

5. Hautatu eta barematzeko batzordea.

Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzua prozedurako instrukzio organo gisa arituko da, hautapen batzorde baten proposamenari jarraikiz. Batzorde horrek eskabideak aztertu eta barematuko ditu.

Batzordeburua:

-Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria.

Batzordekideak:

-Europako eta Nazioarteko Programen Ataleko burua.

-Atzerriko Hizkuntzen Erabilera Hobetzeko Bulegoko burua.

-Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuko teknikari bat.

6. Balorazio irizpideak.

Honako irizpide hauek baloratuko dira:

-Atzerriko hizkuntza baten irakaskuntzarekin zerikusia duten unibertsitateko ikasketak: 2 puntu gehienez.

-Ikasketa espedientea: 2 puntu gehienez.

-Bestelako titulazio eta gaitasunak, behar bezala egiaztatuak: 2 puntu gehienez.

-Atzerriko hizkuntza baten irakaskuntzarekin zerikusia duen esperientzia profesionala: 2 puntu gehienez.

-Eskatzaileak mintzapraktikako saioak prestatu edo egiteko jarduera kultural, pedagogiko eta linguistiko zehatzen deskribapena aurkeztea: 2 puntu bitarte.

Hautagaiak puntuazioaren hurrenkeraren arabera hautatu ondoren, onuradunen ezaugarriak kontuan hartuko dira destinoa esleitzerakoan, ikastetxe hartzaileei ahalik eta hobekien egokitu dakizkien.

7. Lanpostuaren ezaugarriak eta baldintzak.

7.1. Hauek dira destinoko ikastetxeak: Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak (3-11 urte), Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuak (12-16 urte) eta Bigarren Hezkuntzako institutuak (12-18 urte).

Nafarroako Foru Komunitatean euskaraz irakasten duten hizkuntza bakarreko ikastetxeak daudenez, interesdunek eskaeran adierazi beharko dute ezaugarri horiek dituen ikastetxe batera joatea onartuko luketen.

7.2. Mintzapraktikako laguntzaileak ikastetxe bati baino gehiagori atxikitzen ahal zaizkie. Ikastetxe horiek herri berean ez badaude, kontuan hartu beharko da leku batetik bestera joateko beharra.

7.3. Sorterritik hemengo ikastetxerako eta hemendik harako bidaien gastua mintzapraktikako laguntzaile hautatuen kargura izanen da, eta haiexen ardura da, halaber, Nafarroan bizitzeko baimena lortzeko lege tramiteak egitea.

7.4. Laguntzaileek, dagozkien herrietara iritsi ondoren, Atzerritartasunaren Identifikazio Zenbakia (AIZ) eskatu beharko dute. Tramite hori ezinbestekoa izanen da bekaren hileroko dirua jasotzeko.

Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetako (EEBB, Kanada, etab.) laguntzaileek, Nafarroara iritsi baino lehen, ikasle bisa lortu beharko dute beren herrialdean, beharrezkoa izanen baita poliziak AIZ emateko eta, beraz, Hezkuntza Departamentuak hilabeteko ordainketak egiteko.

7.5. Hautatutako pertsonek, egonaldia bukatu eta amaierako memoria aurkeztu ondoren, erkidego honetan mintzapraktikako laguntzaile gisa egindako zerbitzuen egiaztagiria jasoko dute.

7.6. Beka hau jasotzeak ez du bateraezintasunik bestelako laguntzak eskuratzeko.

8. Ordutegia eta oporraldiak.

8.1. 2011ko urtarriletik maiatzera, mintzapraktikako laguntzailearen lanaldia astean 14 saiokoa izanen da gehienez ere. Ikasleekin zuzenean egin beharreko saioak izanen dira, eta saio bakoitza 50 minutukoa izanen da gutxienez.

Hizkuntzen departamentuak, bere beharren arabera, hamalau saio horietarik bi, gehienez, erreserbatzen ahalko ditu departamentuan laguntza lanak egiteko.

8.2. Mintzapraktikako laguntzailearen oporraldia departamentuak laguntzailearen destinoko ikastetxerako onesten duen egutegiko berbera izanen da soilik.

8.3. Lanaldi batetik gorako baimenak idatziz eskatu beharko dira, bi egun lehenago, departamentuko buruaren edo hizkuntzako irakasle titular baten bitartez, Europako eta Nazioarteko Programen Atalean.

8.4. Mintzapraktikako laguntzaileek deialdiko oinarriak betetzen ez badituzte, Hezkuntza Departamentuak azaroaren 9ko Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legea aplikatuko du, hots, administrazioaren beka bat hartzen dutenen jarraipen eta kontrola arautzen duena. Bestetik, lege horren 42. artikuluak ezartzen ditu arau-haustetzat jotzen diren ekintzak eta 43. artikuluak kasuan-kasuan aplikatu beharreko zehapenak.

9. Istripu asegurua.

Hezkuntza Departamentuak urtero sinatuko du istripu aseguruetarako poliza bat, hautatzen diren mintzapraktikako laguntzaileen irakaskuntza jardueretarako. Aseguru honek ez du laguntzaileen osasun laguntza estaltzen; beraz, Europako osasun txartela eskatu beharko diote beren herriko Gizarte Segurantzari, Nafarroan eskubide hori izateko.

Europar Batasuneko herrialdeetakoak ez diren laguntzaileen kasuan, berriz, Hezkuntza Departamentuak ez du bere gain hartuko osasun laguntzarako asegurua, eta laguntzaileek aseguru pribatua kontratatu beharko dute horretarako.

10. Deialdiaren ebazpena.

Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak, hautapen batzordearen proposamena ikusirik, deialdi honen gaineko ebazpena emanen du eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hilabeteko epean.

Hezkuntza Departamentuak mintzapraktikako laguntzaile hautatu bakoitzari jakinaraziko dio bekaren kontzesioa, bai eta zein ikastetxe esleitu zaion ere. Gainera, hautatutako izangaien, erreserban gelditzen direnen eta baztertuen zerrenda bat argitaratuko du, arrazoiak adieraziz, Hezkuntza Departamentuaren web orrian (www.educacion.navarra.es/portal/), Nafarroako atarian (www.navarra.es) eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Hautatutakoren batek bekari uko egiten badio, 2011ko urtarrilaren 1a baino lehen jakinarazi beharko dio Hezkuntza Departamentuko Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariari, ohiko postaz, faxez (848 426615) edo posta elektronikoz (eechenie@navarra.es), haren ordez beste bat jar dezan.

11. Jarraipena.

Europako eta Nazioarteko Programen Atalak hilabetero laguntzailearen jardunaren gaineko jarraipena eta ebaluazioa eginen ditu ikastetxeetako hizkuntza departamentuekin koordinaturik.

12. Beste xedapen batzuk.

Deialdia Europako Gizarte Funtsaren bidez kofinantzatuta dago, Nafarroako EGF 2007-2013 Programa Eragilearen bidez, %50eko tasarekin.

Laguntza onartuz gero, onuraduna zerrenda batean sartuko da. Zerrenda hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian argitaratuko da, Batzordearen 1828/2006 (EE) Erregelamenduaren 6. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko EGEF-EGF 2007-2013 Komunikazio Planean ezarritako baldintzetan. Horrez gain, onuradunak Nafarroako Gobernuko Kontu-hartzailetza Orokorraren, Agintaritza Kudeatzailearen (Europako Gizarte Funtsaren Administrazio Atala) eta Europako Batzordearen egiaztapen jardueren mende jarri beharko dira.

13. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta deialdia aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Atzerriko hizkuntzen mintzapraktikako laguntzaile postu baterako eskabidea. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua.
2011ko urtarrilaren 1etik maiatzaren 31ra

Izen-deiturak:

Nazionalitatea:

Adina, sorlekua eta sorteguna:

NAN/AIZ/pasaporte zenbakia:

Ohiko helbidea:

Gaurko helbidea:

Helbide elektronikoa:

Telefonoa eta/edo sakelako telefonoa:

Goi mailako ikasketak:

Ikasketak egin zitueneko ikastetxea:

Hitz egiten dituen atzerriko hizkuntzak (maila eta titulazioa, halakorik bada):

Didaktikaren gaineko ikastaroak/ezagupenak:

Esperientzia irakasle lanetan:

Autorik bai?

Bestelako merezimenduak:

Aurrera begirako asmo profesionalak:

Norberaren interes eta gaitasunak (artea, kultura, kirola, gizarte-lana, etab.):

Euskarazko ikastetxe batera joateko prest:

[ ] Bai [ ] Ez

Zein hezkuntza etapa nahiago?: (1etik 3ra puntuatu, lehentasun ordenaren arabera, handienetik -1- txikienera -3-):

[ ] Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoa (3-11).

[ ] Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutua (12-16).

[ ] Bigarren Hezkuntzako institutua (12-18).

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak 2010-2011 ikasturterako eskaini dituen atzerriko hizkuntzen mintzapraktikako laguntzaileentzako beketariko bat eskatzen dut. Beka horrek berarekin dakartzan eginbeharrak onartzen ditut eta konpromisoa hartzen dut, hautatzen banaute, hasierako urriko bileran egoteko eta esleitzen zaidan lantokian aritzeko.

Halaber, adierazten dut Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez nagoela.

................................. (e)n, 2010eko ................... aren ........(e)an.

  (Eskatzailearen sinadura)

Iragarkiaren kodea: F1100099