Iragarkia
14. ALDIZKARIA - 2011ko urtarrilaren 21a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuarena, 2010eko abenduaren 20koa. Horren bidez "Nafarroa 2012 Plana. Lehentasunezko jarduketa: Nafarroan etxebizitza babestuak sustatzeko plana" izenekoaren barnean Galar eta Zizurko udal mugapeetan Gendulain izeneko alderdian etxebizitza babestuetarako bizitegi eremu bat garatzeko udalez gaindiko plan sektoriala, ''Navarra de Suelo Residencial, S.A.'' sozietate publikoak sustatua, onetsi egin da.
I.-Aurrekariak.
Nafarroako Gobernuak, 2010eko urtarrilaren 11n egindako bileran, "Nafarroa 2012 Plana. Lehentasunezko jarduketa: Nafarroan etxebizitza babestuak sustatzeko plana" izenekoaren barnean "Galar eta Zizurko udal mugapeetan Gendulain izeneko alderdian etxebizitza babestuetarako bizitegi eremu bat garatzeko plana", ''Navarra de Suelo Residencial, S.A.'' sozietate publikoak sustatua, udalez gaindiko plan sektorial deklaratzea eta aldi berean espedientea hogeita hamar egunez jendaurrean jartzea eta ukitutako eremuko udalei entzunaldia ematea erabaki zuen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak agindutakoa betetzeko eta Ingurumen ondorioen ebaluazioa egiteko. Erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2010eko otsailaren 24an.
Planak erantzuna ematen die Nafarroako Gobernuak 2005. urtean abiarazi zituen erabaki politiko eta administratibo batzuei. Urte hartan bizitegirako lurzorua eskuratzeko lehiaketa publikoa abian jarri zen, "Foru Komunitatean epe ertainean eta luzean etxebizitza-politika publikoa bermatzeko lurzoruaren titulartasun publikoaren alde" egiteko helburuz. 2005eko uztailaren 4an Nafarroako Gobernuak lehiaketa horren deialdia egin zuen, eta 2006ko otsailaren 27an ebatzi zen. Horrela, Lurzoru Publikoaren Foru Bankuan 3.450.000 metro karratu "gehitzea lortu" zuen. Gobernuak bere mendeko Vinsa ("Viviendas de Navarra, S.A.") eta Nasursa ("Navarra de Suelo Residencial, S.A.") sozietate publikoei Allo, Zizur Zendea (Gendulain), Zizur Zendea (Gazolatz) eta Galar Zendea, Longida (Billabeta), Los Arcos, Milagro eta Allo udalerrietan 20 eskaintza eskuratzeko agindu zien. Vinsak orduan Milagron zeuden lurzatiak eskuratu zituen eta Nasursak, berriz, gainerakoak. Sasoi hartan Gendulain aldea orduan eskuratu ziren lurzoru-poltsetatik handiena, Iruñeko Metropoliko eremuan etxebizitza babestuko eskaintza handia barnean hartzeko gune egoki gisa definitu zen.
Hasierako jarduera horien ondotik, Desarrollo Sostenible de Navarra, S.L. merkataritza-etxeak eta Nasursa enpresa publikoak Gendulainen eskainitako lurzorua eskuratzeko kontratua egin zen. Kontratuaren klausuletako bat gunearen hirigintzako garapenerako beharrezkoak ziren determinazio egituratzaileak onesteko konpromisoa zen. Horretarako, Nasursak 2006ko uztailaren 4an "Gendulaingo gunea antolatzeko ideien lehiaketa" deitu zuen. Azkenik, lehiaketa horren ondorioz orain tramitatu behar den UPSa idatzi da.
Horrenbestez, UPS honen onespena lurzoru publikoa eskuratzeko 2005eko lehiaketan hasitako politikaren ondorio logiko eta ezinbestekoa da. Hain zuzen ere, politika horren erroak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 3/2002 Foru Legearen 230. artikulua eta hurrengoak dira. Artikulu horrek Nafarroako Foru Komunitatea bere lurzoru-ondarea eratu, mantendu eta kudeatzera behartzen du, etxebizitza babestuak eraikitzeko helburuz.
II.-Aurkeztutako alegazioak.
Lehenago aipatu den jendaurreko aldian honako alegazio hauek jaso dira:
EGUNA | ALEGAZIOGILEA |
2010eko martxoaren 01a | Zizur Zendeako Udala. |
2010eko martxoaren 02a | Ignacio Martinez Alfaro jauna, "Autovía del Camino, S.A." sozietatearen izenean |
2010eko martxoaren 11 | Galar Zendeako Udala. |
2010eko martxoaren 24a | "Desarrollo Sostenible de Navarra, S.L." |
2010eko martxoaren 24a | "Electra Valdizarbe, S.A." |
2010eko martxoaren 31 | José María Sanz Izco. |
2010eko martxoaren 31 | Zizur Zendeako Udala |
2010eko apirilaren 12a | Galar Zendeako Udala (Berrespen-idazkia) |
II.1. Zizur Zendeako Udalak 2010eko martxoaren 1ean egindako alegazioak:
Lehenengoa: UPSaren bideraezintasun juridikoa.
Alegaziogilearen iritziz Gendulaingo bizitegi gunea Udalez gaindiko Plan Sektorial baten bidez antolatzea erabat bideraezina da arlo juridikoan, gunearen tamaina kontuan hartuta, eta bere argudioaren oinarri gisa zioen azalpenean ezarrita dagoena eta 15.3.6 artikuluan ekainaren 20ko 2/2008 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen Lurzoruaren Legearen Testu Bateginaren 4. Xedapen Iragankorrari buruz ezarrita dagoena hartzen du.
Bigarrena: Nafarroako Gobernuaren eskumenik eza.
Nafarroako Gobernuak Gendulaingo gunea tramitatzen ari den UPSaren bidez antolatzeko eskumenik ez duela alegatzen da, UPSak, lurralde antolamenduko tresna horren berezko xedeaz gaindi, antolamendu eskumenaren erabateko egikaritzearen edukia ageri baitu, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 65. artikuluak xedatzen duenaren arabera.
Aurreko alegazioen erantzuna:
Ez da ulertzen zein harreman izan dezakeen Gendulaingo bizitegi gunearen antolamenduaren erabateko bideraezintasun juridikoak gunearen "tamainarekin", edo zein harreman izan dezakeen bideraezintasun horrek jarduketa hori Udalez gaindiko Plan Sektorial gisa tramitatu izanarekin.
Ez da batere zentzuzkotzat jotzen Nafarroako Gobernuak, alegaziogileak argudiatu duenez, Gendulaingo gunea lurralde antolamenduko tresna horren berezko xedeaz gaindi antolamendu eskumenaren erabateko egikaritzearen edukia ageri duen UPS baten bidez antolatzeko eskumenik ez edukitzea. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 65. artikuluak xedatzen duenari buruz, artikulu hori Udal Plan Orokorrak lantzeari eta Planaren Jarraipen Batzordearen eraketari eta zereginei buruzkoa da soil-soilik.
Bada, bidezkoa da honako hau adieraztea: lehenengoz, aurreikusitako jardueraren eta tramitazioaren funtsa 35/2002 Foru Legearen, LAHFLren "Xedea" izenburuko 42. artikuluan ezartzen da. Artikulu hori Udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialei buruzkoa da. 1. idatz-zatian azaltzen duenez, "Udalez gaindiko plan sektorialen xedea da antolatzea, beren tamaina, garrantzia edo ezaugarri bereziak direla medio, beraiek hartzen dituzten udalerriez gaindiko eragina duten jarduketak, etxebizitzaren alorrekoak, ekonomikoak edo ekipamenduei dagozkienak". 4. idatz-zatian, berriz, zera ezartzen du: "Nafarroako Gobernuari dagokio plan edo proiektu sektorial bat udalez gaindikoa dela deklaratzea, foru lege honetan ezarritakoaren ondorioetarako".
Halaber, bidezkoa da hemen LAHFLren 45. artikuluko 2.f) puntua aipatzea, "Plan eta proiektuak egin eta onesteko prozedura" (Udalez gaindiko Plan Sektorialei zein Proiektu Sektorialei buruzkoa), honako hau zehazten baitu: "Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak erabakiko du, bidezkoa bada, (dagokion UPSa) onesten duela, eta, horrekin batera, antolamendua hobetzeko behar diren zuzenketa neurriak edo baldintzak ezartzen ahalko ditu".
Agindu horiek irakurtzea nahikoa da alegatu dena, "Gendulaingo bizitegi gunearen antolamenduaren erabateko bideraezintasun juridikoa" eta "Nafarroako Gobernuak Gendulaingo gunea tramitatzen ari den UPSaren bidez antolatzeko eskumenik ez duela" argudio gehiagorik gabe ezesteko, eta ahalegin handiagorik egin gabe baiesteko Gendulaingo bizitegi gunearen antolamenduak LAHFLn Udalez gaindiko PLan Sektorialen "xede" gisa definitzen duena betetzen duela.
Alegaziogileak Nafarroako Gobernua eskuduna ez dela argudiatu du tramitatzen ari den UPSak "antolamendu eskumenaren erabateko egikaritzearen edukia ageri duela" esanez. Horri buruz, lehenago esandakoari zera gehitzen ahal zaio: LAHFLren I. Tituluan modu hobezinean bereizten diren bezala, UPSa lurralde antolamenduko tresna da -bere xedearekin, edukiarekin eta norainokoarekin, eta Nafarroako gobernuaren eskumenen esparruaren barnean- eta ez hirigintza antolamenduko tresna, hori alegaziogileak aipatzen duen 65. artikuluan azaltzen den Udal Plan Orokorra baita. Hain zuzen ere, Udal Plan Orokorra, LAHFLren 55. artikuluaren arabera, "araubide integratu eta orokor batez baliatuz, udalerri oso baten hirigintza antolamendua ezartzeko erabiltzen den oinarrizko tresna da". Eta ikuspegi honetatik kontuan hartu behar da, 65. artikulu horretan Udal plan orokorrak egiteko ezartzen diren ekimen eta ahalmenaren arabera, gure iritziz zaila izanen dela -edo ezinezkoa- Galar Zendea udalerrirako (1.568 biztanle) edo, bidezkoa izanez gero, Zizur Zendea udalerrirako (2.838 biztanle) Udal Plan Orokor baten bidez Gendulaingo Bizitegi Gunea (18.000 etxebizitza baino gehiago) bezalako jarduketa baten aurreikuspena -ate are gutxiago ezarpena- justifikatzea, ezta planteatzea ere, besteak beste berea ez den beste udal mugape bati eragiten diolako. Hau da, UPSa da jarduketa horri ekiteko tresna egokia, eta Nafarroako Gobernua tresna hori onesteko organo eskuduna. Horrek guztiak osatu egiten du 2005. urtean Nafarroako Gobernuak bizitegirako lurzorua eskuratzeko lehiaketa publikoa abian jartzean hasi zen prozesua.
Beraz, UPSaren izaera zein den jakinez gero, ezinezkoa da lurralde antolamendua eta hirigintza antolamendua nahastea, eta erkidegoak lurraldea antolatzeko duen eskumena -Konstituzio Auzitegiak eta gure hirigintza legediak xedatzen duten eskumena- murriztu eta moztu nahi izatea
Hirugarrena: Txostenen nahitaezkotasuna.
Espedientean onesperako nahitaezkoak diren txostenak ez direla ageri alegatu da. Txosten horiek UPSa tramitatu baino lehenago egin behar dira, eta horregatik erabakia zuzenbidean erabat deuseza da (Lurzoruaren Legearen Testu Bateginaren 15.3.c artikulua). Zehazkiago, hauek aipatzen ditu:
a) Ez dago Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren txostenik.
b) Ez dago Sustapen Ministerioak trenbideen gaineko ukipenari buruz egindako txostenik.
c) Ez dago Planaren eraginpeko Nafarroako Gobernuko Departamentuen txostenik. Eskumen arloak kontuan hartuta, hauek dira Departamentuok:
-Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua.
-Osasun Zuzendaritza Nagusia.
-Hezkuntza Departamentua.
-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentua.
-Kultura eta Turismo Departamentua.
d) Ez dago Iruñerriko Mankomunitateak 2010eko urtarrilaren 11ko Erabakiaren bidez UPS deklaratutako Gendulaingo bizitegi gunearen garapenerako proiektuari buruz egindako txostenik, bere eskumenaren barnean dauden zerbitzu eta azpiegiturei dagokienez, eta administrazio-espedienteko txostenean ageri diren determinazioei buruzko akatsa dago.
Azkenik, alegaziogilea kexatu egiten da espedientearen tramitazioan agerian geratu delako departamentuen arteko koordinaziorik eza.
Erantzuna:
Lurzoruaren Legearen Testu Bateginaren 15. artikuluko 3. puntuak, alegaziogileak aipatu duen "Hiri-garapenaren iraunkortasunaren ebaluazioa eta jarraipena" izeneko artikulukoak, honako hau xedatzen du: "Hiri-garapenaren iraunkortasunaren ebaluazioa eta jarraipena", eta c) letran txertatzen ditu "Jarduketak ukitzen dituen errepide eta bestelako azpiegituretan eskudun diren administrazioenak, ukitze horri eta jarduketak azpiegitura horien zerbitzu-ahalmenean izandako inpaktuari buruz".
Beraz, alegaziogileak kontsulta fasean nahitaez bildu behar diren txosten sektorial batzuk erreklamatzen ditu. Hain zuzen ere, txosten horiek biltzen ari dira, Lurzoruaren Legearen Testu Bateginak ez baitu eskatzen txosten horiek espedientean egotea hasierako onespen egintzarako, eta kasu honetan ere ez, hau da, jarduketa udalez gaindikoa deklaratzeko egintzan. Aitzitik, eskatzen duena da bidezkoa izanez gero jendaurrean erakusteko aldian espedientean sar daitezela eta behin betiko onespen egintzarako kontuan har daitezela. Nahitaezko txosten guztiak eskatu egin dira eta UPSaren behin betiko onespenerako kontuan hartu dira.
Ez da oso bidezkoa -are gehiago, ausartegia da- departamentuen arteko koordinaziorik eza espedientearen tramitazioan agerian geratu dela esatea. Ezinezkoa da pentsatzea alegatu denaren ezaugarriak dituen jarduketa bat bere ezarpenean gerora nola edo hala parte har dezaketen Departamentuen arteko harremanik gabe egin daitekeela. Espedientearen tramitazioan bertan agerian geratu da Departamentu horiek parte hartu dutela, adibidez, orain alegatu den erabakiak UPSa onesteko kontuan hartu beharko diren txosten guztiak aipatzen eta eskatzen ditu, LAHFLren 45.2 b) artikuluak Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostena soilik eskatzen baitu udalez gaindiko izaeraren deklarazioa Gobernuari bidaltzeko eta gerora hilabeteko epean jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzutea emateko (ingurumen ebaluazioaren kontsultekin parekatzen den fasea), horren ostean, legearen arabera eska daitezkeen nahitaezko txosten lotesleen arabera, UPSa onesteko. Hau da, LAHFLn aurreikusitako legezko prozedura zehatz-mehatz betetzen ari da. Gogoeta horiez gain zera ere esan daiteke: Lurraldearen Antolamendu Batzordeak bereak espedienteei buruko txostenak egiten dituenean, Departamentuen arteko ikuspegi eta partaidetza kontuan hartzen eta bermatzen ditu, besteak beste orain alegatu den espedientean ere bai.
Laugarrena: Jabeen identifikazioa.
Lurralde eremuaren barnean dauden finken jabeen nortasunak ez dira ageri administrazio-espedientean, UPS gisa deklaratu aurretik hori beharrezkoa baita, ezta jendaurreko epean eta entzunaldian ere. Horrek Lurzoruaren Legearen Testu Bateginaren 9. Xedapen Gehigarria urratzen du.
Erantzuna:
Eremuaren barneko azken bost urteetako jabeen zerrenda eskatu da eta espedientean sartu da.
Bosgarrena: UPSaren justifikazioa.
Gendulaingo bizitegi gunearen plana UPS gisa deklaratu eta tramitatzea justifikatzen duen helbururik ez da ageri, edo helburu hori ez da baliozkoa. Erabakiak III. idatz-zatian UPSaren justifikazioa ematen du, modu oso orokorrean, justifikazio hori etxebizitzaren beharrizan sozialean datzala esaten duenean.
Erantzuna:
Udalez gaindiko izaera deklaratzea justifikatzen duen helbururik ez dagoela, alegaziogilearen iritzi hutsa da, oinarri gutxi eta justifikaziorik batere ez duen iritzia. Are gehiago espediente hau administrazio bidean ez ezik jarduketaren garrantzia dela-eta Parlamentuan ere justifikatu behar izan denean.
Baina, horrez gain, ez da egia alegatu den Gobernuaren Erabakiaren III. idatz-zatiak, UPSaren Justifikazioa izenekoak, justifikazio hori etxebizitzaren beharrizan sozialean datzala esaten duenean modu oso orokorrean ematen duenik: idatz-zati hori irakurri besterik ez da egin behar, aurkeztutako Planaren Udalez gaindiko eragina deklaratzeko arrazoi diren inguruabar batzuk -haietako batzuk "Kudeaketa politiko-administratiboko inguruabarrak" eta beste batzuk "Lurralde arloko inguruabarrak"- azaltzen direla egiaztatzeko. Inguruabar horiek hainbat alderdiri buruzkoak dira, besteak beste egitate objektibo honi buruzkoak: Planaren ondorioak udalerriez gaindikoak dira, haien norainokoa eta garrantzia kontuan hartuta. Kudeaketa politiko-administratiboko inguruabarrak, besteak beste, tresna hau aukeratzera behartu dutenak izan dira.
Seigarrena: Ingurumen eta ekonomi iraunkortasunik eza.
Ez da betetzen Lurzoruaren Legearen Testu Bateginaren 15. artikuluan ageri den eskakizuna.
Erantzuna:
Iraunkortasun ekonomikoari buruzko memoria dela-eta egindako alegazioak honako alderdi hauek azpimarratzen ditu: ez dago proiekturako alternatiben buruzko azterlanik; Memoria Udala kontuan hartu gabe egin da, eta horren ondorioz udal aurrekontuetako datu zaharkituak erabili dira; iraunkortasun ekonomikoaren azterlanaren denbora-eremua zabaldu egin behar da; proiektuko bizitegi-gunearen tamainari egokitutako iraunkortasun arloko gutxieneko eskakizunen azterlanik ez dago; proiektua garatuz ustez lortuko litzatekeen egoeraren adibide diren beste udalerri batzuk ez dira kontuan hartu; eta gainera, proiektuak bi udal mugape ukitzen dituela ez da kontuan hartu.
Gaur egungo proiektuaren alternatibei buruzko azterlan bat egitea ez da iraunkortasun ekonomikoari buruzko txostenaren helburua. Txosten horren helburua proiektuko jarduketak bere eraginpean dauden tokiko ogasunen gainean izanen duen eragin ekonomikoa neurtzea da, eta ez beste kokaleku batzuetan bizitegi-jarduketa alternatiboak definitzea. Gainera, proiektu honen tramitazioa behar bezalako alternatiben azterlana dakarren prozesu orokorrago baten zati da: "Lurzoru publikoa eskuratzeko lehiaketa" izenekoaren zati, alegia. Hain zuzen ere, UPS hau da prozesu horren ondorioa.
Bizitegi gunearen iraunkortasunerako gutxieneko eskakizunei dagokienez, hori ez da idatz-zati honen berariazko xedea (Iraunkortasun ekonomikoari buruzko memoria), bizitegi gunearen iraunkortasuna bermatzen duen ekipamendu eta zerbitzuen aurreikuspena Memoriako beste kapitulu batzuetan aztertzen den aldetik.
Memoria ekonomikoa egiteko, Udalak Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuaren eskura jarri duen informaziorik eguneratuena erabili da. Informazio horren helburua udalerriaren gaur egungo ezaugarriak sarrera gisa ezartzea da, abiapuntuko egoera bat, alegia, eta horren gainean aplikatuko litzateke proposatutako jarduketak ustez izanen duen eragina; helburua ez da gaur egungo sarrerak estrapolatzea, etorkizuneko sarrerak zenbatesteko, alegazioetan hala esan den arren. Aitzitik, azterlanak jarduketatik bertatik ondorioztatzen diren etorkizuneko sarreren zenbatespena egiten du, ezarritako garapen-programa oinarri hartuta, hau da, urte bakoitzean eraikitako etxebizitza kopurua, udal ekipamenduak, garatutako produkzio-guneak eta urtean lotuta dagoen populazioa. Horrela zenbatetsi dira honelako sarrera hauek: EIOZ eta hirigintzako lizentziak, hirilurren balio igoeraren gaineko zerga, hirilurraren gaineko kontribuzioa, produkzio-jarduerak irekitzeko lizentzia, lehen aldiz erabiltzeko lizentzia, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga, ondare eskualdaketen gaineko zerga, ibilgailuen gaineko zerga, udal instalazioak erabiltzeko tasak, besteak beste. Halaber, jarduketaren ondoriozko kostuak kalkulatu dira: ekipamendu berrietan egin beharreko inbertsioak (hezkuntza, kirola, kultura, etab.), ekipamendu horiei eta beste zerbitzu batzuei lotutako gastuak (berdeguneak, argi eta bide publikoak, garraio publikoa, udaltzaingoa...). Horretarako, kontuan hartu dira populazio aldetik jarduketaren garapenaren ondorioz ateratzen denaren antzeko tamaina duten beste udalerri batzuen estandar eta parametroak (adibidez, motorizazio indizeak, kirol instalazioak erabiltzeko sarrerak, berdegunearen mantentze-lanaren gastua, etab.).
Epemugari dagokionez, azterlanak ardatz hartu du proiektuaren garapen-aldia (20 urte), une horretan espero baita aurreikusitako populaziora heltzea. Hala ere, 4. puntuan ("Ondorioak") Kutxako Fluxuaren Balantzearen zenbatespena sartzen da. Zenbatespen horren arabera, azterlanaren aldia beste bost urte luzatzen da.
Memoria egitean uneoro kontuan hartu da jarduketak bi udal mugaperi eraginen diela. Horregatik, memorian zenbatetsi egin da jarduketak udalerri bakoitzean izanen lukeen eragina, eta tokiko ogasun bakoitzari dagozkion kostu eta sarrerak adjudikatu dira, eragindako azaleraren eta dagokion garapenaren arabera (etxebizitza kopurua, lotutako populazioa, egin beharreko inbertsio eta ekipamenduak, etab.). Horren ondorioz baliteke kasu zehatzen batean zerbitzuak bikoiztea (adibidez, hilerria, udaltzaingoa...), baina azterlanean zerbitzu horietako bakoitza doitu egin da estali nahi den populazioaren arabera. Beste alde batetik, bikoiztutako zerbitzuak egotearen ondorioz baliteke zerbitzu horiek mankomunatzea komenigarria izatea; horrela eskala-ekonomiak sortuko lirateke eta kostuak murriztuko lirateke.
Hitzaurre horren ostean, zera azaldu behar da: 2010eko apirilaren 22an bilerak egin dira plana idatzi duen taldearen eta Udalaren artean, alegatutako alderdien berri zehatzagoa izateko eta, Taldeari emandako abiapuntuko datuetan okerrik egonez gero, oker horiek konpondu ahal izateko, eta udalak azaldutako beste gai eta gogoeta batzuk kontuan hartzeko (aurrekontuko azken datuei buruzko informazioa, Udal Plan propioaren garapenari buruzko aurreikuspenak, gastu arrunten eta inbertsio-kostuen eguneratzea eta, sarrera eta gastuen periodifikazioaren egokitzapena, etab.).
Bilera horren ostean, plana idatzi duen taldeak Iraunkortasun ekonomikoari buruzko memoria berriro egin du, jatorrizko bertsioan emandako informazioa txertatuz nahiz eguneratuz, Memoria zuzentzeko eta Memoria berri eta eguneratuago bat egiteko helburuz. Memoria hori agiriari gehituko zaio, behin betiko onesteko, eta uneoro bermatuko da jarduketaren etorkizuneko bideragarritasuna. Modu horretan, azterlanaren epemuga 15 urte luzatu da, aurreikusitako programaren amaieratik aurrera (2032-2046), eta egiaztatu egin da programan ezarritako produkzio-eremuan kokatzea aurreikusi den jarduera ekonomikoak populazio egoiliar berriaren lanpostu-beharrizanak betetzeko moduko enplegu-eskaintza sortzeko gai izanen dela; gainera, aurreikusitako ekipamenduen inbertsio-kostua eta mantentze-lanen gastua eguneratu dira, lehenago kontuan hartu ez ziren beste ekipamendu batzuk sartzeaz gain. Parte hartu behar duten toki entitateen aurrekontu-azterketa eguneratu da, toki entitateek ekipamenduetako inbertsioak zein beste inbertsio batzuk batera finantzatzeko ziurrenik jaso zitzaketen diru-laguntzen zenbatekoa kendu da, etab.
II.2. Zizur Zendeako Udalak 2010eko martxoaren 31n egindako alegazioa:
1.-Homogeneizazio-koefizienteak.
Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen 102.2 artikuluak honako hau dio udal plan orokorrei buruz, baina udalez gaindiko plan sektorialetarako ere balio du: planeamenduak banaketa eremuak definitzen dituen kasuetan, erabileren eta eraikuntza-tipologien homogeneizazio-koefizienteen sistema kalkulatu behar da, modu justifikatuan, merkatuko benetako balioak kontuan harturik.
UPSetan homogeneizazio-koefizienteak finkatzearen inguruko auzia garrantzi handia galdu duen gaia da, batez ere kasu zehatz batzuetan, hemen aztergai dena kasu. Izan ere, Banaketa eremu bakarra aurreikusten da, Etxebizitzaren arloan Urgentziazko Neurriak Hartzeko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legea onetsiz.
LAHFLk egiturazko determinaziotzat jotzen zituen homogeneizazio-koefizienteak eta, beraz, horiek ezin ziren aldatu birzatiketa proiektuen bitartez. 6/2009 Foru Legeak alderdi hori ebatzi du LAHFLren 150. artikuluari beste idazkera bat emanez: "Birzatitzeko proiektuak eredu-aprobetxamendua kalkulatzeko erabilitako homogeneizazio-koefizienteen egokitasun edo desegokitasunari buruzko azterlan bat jasoko du, birzatitzeko proiektua tramitatzerakoan onuren eta kargen banaketa parekatua dela bermatze aldera. Azterlan horrekin egiaztatzen bada balioen parekotasunak indarra galdu duela, birzatitzeko proiektuak berregokitzen ahalko ditu, horretarako arrazoiak emanez, betiere birzatiketaren xede den aprobetxamendu osoa handitu edo gutxitu gabe, ez eta betetzen ari den planeamenduak ezarritako eraikigarritasuna ere"
Aurrean azaldutakoa gorabehera, UPS honek LAHFLren 103,3 artikuluan ezarritako baldintzak betez finkatu beharko ditu homogeneizazio-koefizienteak, hau da, modu justifikatuan, merkatuko balioak kontuan hartuz.
Erantzuna:
Lehenengoz, UPSak Memoriaren 6.1.5 puntuan eta jendaurrean erakutsitako agiriaren Araudi Orokorraren 20. artikuluan legearen arabera kalkulatutako homogeneizazio-koefizienteak biltzen ditu, baina horrez gain, alegaziogileak berak onartzen duen bezala, birzatiketa proiektuaren ondorioz desorekatu badira eguneratu -eta beraz, berrikusi- egin beharko dira. Izan ere, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren 2008ko azaroaren 24ko 7873. zenbakidun Ebazpenean azaltzen den bezala, Planeko koefizienteek planeamendu fasean soilik betetzen dute haien eginkizuna, eta kudeaketa fasean ez da derrigorrezkoa koefiziente horiek aplikatzea. Are gehiago, orain, Urgentziazko Neurriak Hartzeko Foru Legeak LAHFLren 150 a) artikuluari ematen dion idazkera berria kontuan hartuta, ia ezinezkoa da koefiziente horiek kudeaketa fasean aplikatzea, baldin eta planeamenduaren eta kudeaketaren artean denbora jakin bat igarotzen bada.
Plana idatzi duen taldeak homogeneizazio-koefizienteen kalkulu justifikatuta egin du, merkatuko balioak kontuan hartuta. Kalkulua eta koefizienteak Testu Bateginaren Memorian txertatu beharko dira.
2.-Eskualdeko Arauak ez betetzea.
UPSaren dokumentazioan (C0654 planoa) egiaztatu da Iruñerriko eskualdeko hirigintza arauetan aurreikusitako super-mendebaldeko bide-sistema eraldatu dela, nahiz eta, goi mailako agiria izanik, haren determinazioak lehenetsi behar diren UPSekoen gainetik.
Are gehiago, ustez UPSan tramitazio-fasean dagoen Lurralde antolamenduko planean aurreikusitako super-mendebaldeko bide-sistema ageri da, baina benetan ez dago hari doituta, eta A12 Autobian super-mendebaldeko bidearen konexiorako beharrezkoak diren loturak Lurralde antolamenduko planean aurreikusitako lekuan kokatuko balira, UE5 balio gabe utziko litzateke, haren egikaritzeak hartuko lukeen azalera kontuan hartuta, erantsita doan 1. agiritik ondorioztatzen den bezala.
Erantzuna:
UPSak aintzat hartu ditu Eskualdeko Hirigintza Arauak, eta memorian badago justifikazio-atal bat Arauetako determinazioak betetzeari buruz. Hala ere, komenigarria da gogora ekartzea Eskualdeko Hirigintza Arauak berrikuspen fasean daudela, horretarako Nafarroako Erdialdeko Lurraldea Antolatzeko Plana (LAP 3) -jada jendaurrean erakutsi dena- lantzeko prozesua baliatuko dela. Horrek esan nahi du epe laburrean Eskualdeko Hirigintza Arauak LAP 3k ordeztuko dituela. Alde horretatik agerikoa da UPSaren eta LAP3ren edukien arteko koordinazioa.
Nolanahi ere, adierazi behar da Eskualdeko Hirigintza Arauen Araudi Orokorrean agiriaren determinazio grafikoak definitzen dituen norainokoa azaltzen dela, hain zuzen ere Gendulaingo UPSan erabili den norainokoa. Bertan, bide-sareari buruz honako hau zehaztu da:
"L) Interpretazio grafikoa.
...../ ...../ .....
Aurreikusitako trazadurak (eskualdeko bide-sarea eta hiri arteko bideak eta azpiegiturak) ez dira lotesleak haien adierazpen grafikoan. Hala ere, ekintza ahalbidetu behar da dagokion udal planeamenduan edo planeamendu sektorialean".
Eta Eskualdeko Hirigintza Arauen arabera, hori da asmoa: UPSan "jarduketa ahalbidetzea", hau da, "super-mendebaldeko ingurabidea" izenekoaren trazadura bideratzea, "fisikoki" erabat berdina izan ez arren, "funtzionalki" erabat baliokidea izanen dena. Horregatik, UPSak oinarrian Eskualdeko Hirigintza Arauak bete dituen arren, horri buruzko zalantza guztiak saihesteko, UPSaren Testu Bateginean azpiegitura horretarako argi geratuko da erreserbatuta haren garapenerako beharrezkoa den korridore edo espazioa, LAP 3an jada aurreikusita dauden ingurabide horren trazadurekin bat etorriz. (Behin betiko eta azken zehaztapen "fisikoa", eremu horren forma, antolamendu eta geomorfologia zehazki ezagutuz egin beharrekoa, bere garaian eta bidezkoa izanez gero idazten den bidearen berariazko proiektuaren mendean egonen da).
3.-Erabileren orekaren justifikaziorik eza.
Lurzoruaren 8/2007 Legearen 10. artikuluak honako hau ezartzen du: "I. Tituluan zerrendatutako printzipio eta betebeharrak gauzatzeko, Administrazio Publikoek, eta bereziki lurralde eta hirigintza antolamenduan eskumena dutenek, hau egin beharko dute:
b) Produkzio-erabileretarako eta bizitegi-erabileratarako lurzoru egoki eta nahikoa erabiltzea ..."
Lurzoruaren Legearen arabera eskatzen den erabileren oreka hori justifikatzeko agiri bat ere ez dago UPSan.
Erantzuna:
UPSan ageri den erabileren banaketak behar den neurrian ahalbidetzen du eremuaren iraunkortasun soziala eta ekonomikoa, bizitegi eta ekonomi jarduera uztartzen dituelako, hain zuzen ere Lurzoruaren Legearen Testu Bateginak lortu nahi eta eskatzen duena. Hori UPSaren barnean dagoen Bideragarritasun ekonomikoaren azterlanean frogatzen da. Azterlan hori alegaziogilearen jarraibideekin idatzi da, eta hala indartzen da alderdi horretan UPSaren ezaugarriei buruz izan ahal den ziurtasuna.
UPSa behin betiko onesteko aurkeztutako agirian espedientearen tramitazioan gertatu diren aldaketak sartu dira. Aurreikusten diren erabilerei buruzko datuak ageri dira, eta horren guztiaren berri txosten honen V. idatz-zatian eman da.
4.-Beharrezko determinazio xehakaturik eza.
Agiriak, idatzita dagoen moduan, ez dauka lurzoru urbanizagarri xehakatutzat hartzeko beharrezkoa den definizio-maila, LAHFLk Plan Partzialei eskatzen dien determinazioetako batzuk falta direlako.
Erantzuna:
UPSak, bere legezko maila eta eskakizunak kontuan hartuta, antolamendu xehakatua biltzen du, LAHFLk 49. artikuluan ("Hirigintza antolamenduko determinazioak") antolamendu hori definitzen duen moduan. UPSaren araudiaren 12. artikuluan determinazio egituratzaileak adierazten dira, LAHFLren 49. artikuluko 2. idatz-zatia kontuan hartuta, eta gainerakoak determinazio xehakatuak dira.
LAHFLk 49. artikuluko 1. b) puntuan determinazioak honela definitzen ditu:
"Antolamendu xehakatuko determinazioak dira aurreko determinazioek behar izaten dituztenak, halako neurrian non exekuzio materialeko ekintza zehatzak egin ahal izateko beharrezkoak diren."
UPSaren agiriaren definizio-maila, Hirigintzako Araudi Orokorraren eta Partikularraren eta haien fitxen agiriak erabilera, forma, altuera eta lerrokadurari eta gainerako determinazioei buruz biltzen duen informazioarekin, nahikotzat jotzen da planoetan ageri den antolamendua gauzatzeko. Halaber, argi eta garbi zehazten dira LAHFLk 49. artikuluko 3. puntuan ezartzen dituen gutxienekoak, besteak beste honako hauek:
"f) Planeamenduaren helburuekin eta irizpideekin bat ez datozela eta, antolamenduz kanpo deklaratzen diren lurzoruaren erabileren zerrenda, eta bereziki eraikin eta instalazioena."
Lurzoruaren erabilerei eta lurzoruaren sailkapenari buruzko informazioko D.1.007/D.1.008 planoetan, antolamenduz kanpo dauden eraikinak ageri dituen D2.010 gainjartze planoan eta Hirigintza Araudiaren 14. artikuluan ezartzen da. Proposatutako erabileren Planoak, D.2.006.
"g) Exekuzio unitateak zehaztea eta jarduketa sistemak finkatzea".
Hori D.2.009 Kudeaketa Planoan eta Hirigintzako Araudi Orokorraren 10. eta 11. artikuluetan ezartzen da.
"h) Hirigintza-betebeharrak betetzeko epeak seinalatzea".
Hirigintzako Araudi Orokorraren 34. artikuluan ezartzen da.
"i) Beren natur edo kultur balioak direla eta, edo jabari publikoarekin duten loturagatik, kontserbatu edo berreskuratu behar diren elementuen identifikazioa eta katalogoa, bidezkoak diren babes neurriekin batera."
Ez dago kontserbatu beharreko eraikinik, Vianako Printzea Erakundearen txosten lotesle bat dago Ondareari buruz, eta ingurumen babesari buruzko neurri batzuk ere IEAn.
"j) Elbarritasun organiko edo zirkunstantzial bat jasaten duten pertsonei oro har erabilera publikorako espazio libreen, kaleen, eraikinen, lokalen eta garraiobideen irisgarritasuna eta erabilera bermatzen dieten determinazioak, oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruzko araudiak ezarritako xedapenei jarraikiz."
Hirigintzako Araudi Orokorraren 50. artikuluan ezartzen da Nafarroan aplikagarria den bizigarritasun araudia bete beharra.
5.-Galar Zendeako Udalaren alegazioa aintzat hartzea eta hari atxikitzea.
Nafarroako Gobernuaren 2010eko urtarrilaren 11ko Erabakiaren aurka Galar Zendeako Udalak egindako alegazioak aintzat hartu dira, guztiz konpartitzen direlako. Alegazio horiek jarraian transkribatuko dira:
2.-Prozeduraren akatsak.
3.-UPSaren Udalez gaindiko eraginaren justifikaziorik eza.
4.-Etxebizitzaren beharraren justifikaziorik eza.
5.-Iraunkortasun ekonomikoaren justifikaziorik eza.
6.-Lurralde antolamendua ez betetzea.
7.-Espedientea deuseza izatea, udal autonomia urratzeagatik.
8.-Diseinatutako hiria iraungaitza da.
Erantzuna:
Alegazio honen erantzunerako, ikus Galar Zendeako Udalak egindako alegazioei emandakoa.
II.3. Ignacio Martinez Alfaro jaunak "Autovía del Camino, S.A." sozietatearen izenean 2010eko martxoaren 2an egindako alegazioa.
Bideko autobiaren kontzesiodunak eskatu du espedientean bere idazkia onar dadila eta prozesuan interesa duen alderdi gisa har dezatela. Horrela, geroko tramiteetan, entzunaldia ematen ahalko zaio A-12ren azpiegitura uki dezaketen gai guztietan, baita autobiaren ustiapenarekin zerikusia duten alderdi guztietan ere.
Konpainia kontzesiodunak, halaber, UPSaren garapenaren barneko azpiegituren ukipenen berri -azpiegitura horiek gaur egun zirriborroa izan arren- eman diezaiotela eskatu du, ukipen horiek A-12 Autobiaren gaur egungo azpiegiturarekin bateragarriak diren aztertzeko.
Beste alde batetik zera alegatu du: egiten diren azterlanetan modu zorrotzean kontuan har daitezela Sozietate Kontzesiodunaren Ekonomia eta FInantza Planean aurreikusi den sarreren fluxuan sor daitezkeen desorekak, eta nolanahi ere, ekonomia eta finantza oreka lehengora dadila, Kontzesio Kontratuan aurreikusten den moduan, baldin eta oreka hori Gendulaingo sustapenean egiten den jarduketak ukitzen badu.
Era berean honako hau alegatu du: trafikoaren proiekzioak, esan den bezala, ez dira jada egiaztatuta dagoen benetako egoeraren araberakoak; horregatik trafikoaren azterlanak berrazter daitezela eskatzen da, eta ildo horretatik Konpainiak trafikoari buruzko kopuruak eskaintzen ditu, 2007, 2008 eta 2009. urteetan neurtu eta ofizial bihurtutako kopuruak.
Erantzuna:
"Autovía de Camino, S.A." espedientean interesa duen alderdi gisa hartuko da.
UPSaren barneko instalazioek A-12 Autobiaren azpiegituran sor ditzaketen ukipenen berri emanen zaio enpresa honi Urbanizazio Proiektuen tramitazioan
Etorkizuneko Urbanizazio Proiektuak lantze aldera egiten diren azterlanetan, Gendulain eraikitzeak sozietate kontzesiodunaren ekonomia eta finantza orekan sor ditzakeen eragin positibo zein negatiboak kontuan hartu beharko dira.
Halaber, Urbanizazio Proiektuak idatzi baino lehen idatzi beharko diren trafikoaren azterlan berrietan, Konpainia horrek dituen datuak kontuan hartu beharko dira.
II.4. "Desarrollo Sostenible de Navarra, S.L." merkataritza-etxeak 2010eko martxoaren 24an egindako alegazioa:
1.-Bizitzeko egokiak diren gelen kopuruari buruz.
UPSaren Hirigintzako Araudiaren 23. artikuluan ezartzen da lurzati bakoitzerako zenbatesten diren ereduzko etxebizitzak bizitzeko egokiak diren gelen gehieneko kopuru bihurtzeko sistema, honela kalkulatuta: bizitegi-erabilerako azalera eraikigarria zati 125 m² eginda, ereduzko etxebizitza bakoitzeko bizitzeko egokiak diren 4 gela hartuta. Kontuan hartuta bizitegi-erabilerako azalera eraikiaren eta azalera erabilgarriaren arteko emaitzazko bihurketa faktorea 1.3 izan ohi dela, zera ondorioztatzen da: 4 gelako etxebizitza batek -hau da, 3 logelakoa- 125 m²/1.3=96.15 m²-ko azalera erabilgarria izanen duela aintzat hartu da.
Azken urteotan, aurreikusi diren 3 logelako etxebizitza gehienek 80 eta 85 m² erabilgarri artean dituzte, BOEen araudiaren arabera. Plan honetan hori da tipologia nagusia, eta horrela eragozten da mota horretako etxebizitzak 90 m² baino handiagoak izan daitezela. Gainera, etxebizitza bakoitzak dituen begiratokiak, balkoiak, terrazak eta esekitokiak gehitu beharko dira. Izan ere, horiek ez dute azalera eraikirik kontsumitzen, baina etxebizitza babestuen azalera erabilgarria gehitzen dute.
Ondorioz, ematen du errealagoa dela uste izatea 125 m²-ko ereduzko etxebizitza 4 logelako eta 96.15 m² erabilgarriko etxebizitza dela eta, beraz, bizitegi erabilerako 125 m² eraikik osatutako unitatea bizitzeko egokiak diren 5 gelen baliokidea izan dadila eskatzen da.
Erantzuna:
UPS hau Araubide Ofizialeko etxebizitzek, BOEek eta PTEek, eta etxebizitza libreek osatzen dute, %49,52, %38,93 eta %11,55eko portzentajeetan, hurrenez hurren, behin betiko onespen fasean.
Tipologia horien tamaina eta konfigurazioa Etxebizitzaren arloko jarduketak dituen urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuaren bidez mugatzen dira. Horrela, BOE etxebizitzak 90 m² erabilgarri izan behar ditu, hau da, bizitzeko egokiak diren 4 gela. Dekretu honen bidez bermatzen da familia anitzentzat gutxieneko etxebizitza portzentaje bat eginen dela. Horrelako etxebizitzei gela bat gehituko zaie.
85 m²-ko azalera erabilgarria eta 3 logela dituen BOE bati azalera erabilgarritik azalera eraikira bihurtzeko 1,3ko ratioa aplikatuz, ratio hori gaur egungo merkatuaren proposamenekin koherentea dela kontuan hartuta, 110 m² eraiki eta bizitzeko egokiak diren 4 gela dituen "ereduzko BOE etxebizitza" lortzen da. 125 m²-ko azalera eraikia duen "ereduzko etxebizitza" kontuan hartzen bada, aurreko kalkuluaren baliokidea lortzeko, bizitzeko 4,5 gela egokituko zaizkio.
Ondorioz, UPSaren Araudi Orokorraren 23. artikuluaren idazkera honela zuzentzea planteatzen da:
"23 art. Bizitzeko egokiak diren gelen kopurua.
Sustapen bakoitzean, etxebizitza multzoak dituen gela bizigarrien kopurua, guztira, ondokoa izanen da gehienez: etxebizitzetarako azalera eraikia zati 125 eta bider 4,5 eginez ateratzen dena.
Betiere, lau gela bizigarri edo gehiago dituzten etxebizitzak sustapeneko etxebizitza guztien %75 edo gehiago izanen dira.
Sarrera, atalondoa, sukaldea, komuna, bainugela edo antzekoa ez den edozein gune funtzional hartuko da bizitzeko egokia den gelatzat. Funtzio ezberdineko eremuak, fisikoki atxikita badaude ere (adibidez, egongela eta logela), gela ezberdintzat hartuko dira. "
2.-Aparkaleku pribatuen estandarrari buruz.
52. artikuluan bizitegi-erabileran aparkaleku pribaturako gutxieneko ratio batzuk markatzen dira ereduzko etxebizitza bakoitzeko, BOEetako 1.55 plazen eta PTE eta etxebizitza libreetako 2 plazen artean.
Honako hau ere adierazten da: sustapen batek zenbatetsitako etxebizitza kopurua baino handiagoa aurreikusten badu, adierazi diren ratioak etxebizitzan eraikitako 125 m²-tik behin aplikatu beharko ditu, betiere etxebizitza bakoitzeko gutxienez plaza bat bermaturik.
Baina lurzati bakoitzean ateratzen den etxebizitza kopuruaren eta sotoetan beharrezkoak diren garaje-plazak nahiz dagozkien trastelekuak hartzeko duten ahalmenaren arteko harremana aurreikustea ezinezkoa denez, proposatu egiten dugu ezarritako estandarrak betetzea derrigorrezkoa izan ez dadila, horretarako hirugarren soto bat eraikitzea beharrezkoa bada, baldintza bakarra etxebizitza bakarrak gutxienez garaje-plaza bat izatea izanik.
Erantzuna:
UPSan ezarritako ratioei esker, gainazalean aurreikusita dauden aparkalekuekin batera, 53. artikuluko 5. puntuaren eskakizuna betetzen ahal da: edozein erabilerako 100 m² eraikitik behin bi aparkaleku aurreikusi behar izatea, alegia, UPSaren memoriako 6.3.3 puntuko taulan justifikatzen den bezala (Ekipamendutarako eta zerbitzutarako espazioei buruzko determinazioak).
Nolanahi ere, hasierako agiriko Hirigintzako Araudiaren 52. artikuluak definitzen dituen aparkaleku pribatuko ratioen aplikazioaren interpretazio okerra egiteko bidea eman lezake (BOE; 1,55 PTE; 2,00 LIBREA; 2,00 etxebizitzako 125 m² eraikitik behin). Hortaz, alderdi hori UPSa behin betiko onesteko aurkeztu den agirian argitu da, artikulu hori beste modu batean idatziz (orain 47. artikulua), honela hain zuzen ere:
"47 art. Aparkaleku pribatuak.
Aparkaleku pribatuen gutxieneko ratio hau ezarri da, bizitegitarako erabileran:
-BOE; 1,26 plaza bizitegi erabilerarako eraikitako 100 m²-tik behin.
-PTE; 1,60 plaza bizitegi erabilerarako eraikitako 100 m²-tik behin.
-LIBREA; 1,60 plaza bizitegi erabilerarako eraikitako 100 m²-tik behin.
-Bizitegirako eraikinen beheko solairuko hirugarren sektoreko erabileretan, jarduera ekonomikoetan eta merkataritzako erabileretan, eraikitako 100 m²-tik behin plaza bat eskatzen da."
Hala ere ez da ukatzen lurzatien eraikuntza-dentsitate handiaren ondorioz kasu batzuetan hirugarren solairu bat osorik edo zati batean egin behar denik. Kasu horretan, sustatzaileak lortu nahi duen oreka lortzen ahalko du etxebizitzen kopurua gutxituz.
3.-Proiektuko aprobetxamenduaren zenbaketa.
22. artikuluan proiektuko aprobetxamendua neurtzeko arau batzuk zerrendatzen dira, baina 3. arauan kontraesan bat ikusi da. "Beheko solairuan atariak, garajeak eta haietako sarrerak, trastelekuak eta instalazioak neurtzeko, beheko solairuko gainerako tokien koefiziente bera erabiliko da" dio; hala ere, arau horren bigarren argibidean zera dio: "Garajeak eta haien sarbideak ez dira zenbatuko beheko solairuan, ezta lurzati librean ere". Ulertzen da garajeak eta haien sarbideak ez direla zenbatuko aprobetxamenduan, eta beraz aipamen hori kendu beharko litzatekeela 3. arauaren enuntziatuan.
Beste alde batetik, araudiak ezartzen dituen bizikletentzako gelak ere zenbatzen ez direla zehazten da. Halaber, uste da, irizpide berberarekin, ez direla aprobetxamenduan zenbatu behar araudiaren arabera beharrezkoak diren instalazioetako gelak (kontagailuen gelak, telekomunikazioetako gelak, zaborren gelak, etab.), bai eraikinarenak, bai urbanizaziorako beharrezkoak direnak.
Beraz, 22. artikuluko 3. araua honela idatz dadila proposatzen da:
"Beheko solairuan atariak, trastelekuak eta instalazioak neurtzeko, beheko solairuko gainerako tokien koefiziente bera erabiliko da.
-Proiektuan agertzen ahal diren atariko atzeraemanguneak, ataripeak eta eraiki gabeko espazioak ez dira zenbatuko.
-Garajeak eta haien sarbideak ez dira zenbatuko beheko solairuan, ezta lurzati librean ere.
-Haur-kotxeak eta bizikletak uzteko lokalak, araudiak zehazten dituenak, ez dira zenbatuko.
Era berean ez dira aprobetxamenduan zenbatuko araudiaren arabera beharrezkoak diren instalazioetako gelak (ura, gasa, argindarra, telekomunikazioak, hondakinak, etab.), bai eraikinarenak, bai urbanizazioarenak"
Erantzuna:
Alegazioak kontuan hartuta uste da araudiaren 22. artikuluan garajerako sarbideen zenbaketan ageri den kontraesana zuzendu beharko litzatekeela. Halaber, artikuluaren idazkera moldatzen eta doitzen da, orokorrean, planeamenduarekin eta indarrean dauden gainerako araudiekin bat etorrita.
"22 art. Azalera eraikia eta proiektuko aprobetxamendua nola neurtu.
Azalera eraikia eta proiektuko aprobetxamendua neurtzeko arau hauek erabiliko dira:
1.-"Sestra gaineko solairuetako gehieneko azalera eraikia", "Bizitegi erabileretarako azalera eraikia" eta "Hirugarren sektoreko eta merkataritzako erabileretarako azalera eraikia", eta "Jarduera Ekonomikoko erabileretarako azalera eraikia" obretako lizentziaren mendean dauden proiektuek bete behar dituztenak, UPSeko lurzati bakoitzaren fitxa partikularretan agertzen direnak dira.
2.-Espazio komunek, dauden solairuaren erabilera nagusiari dagokion aprobetxamendua kontsumituko dute.
3.-Etxebizitzei buruzko proiektuen azalera eraikia urtarrilaren 16ko 5/2006 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarrita dagoenaren arabera neurtuko da. Horrek aldatu egin zuen Nafarroako Foru Komunitatean etxebizitzen bizigarritasunerako gutxieneko baldintzak arautzen dituen martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretua.
4.-Hori gorabehera, proiektuko azalera eraikia neurtzean hurrengo arauak aplikatuko dira:
a) Etxebizitzen erabilera osagarrietarako sotoetan dagoen azaleran -trastelekuak, garajeak, instalazioen gelak, edo bestelako sistemak- ez da kontsumituko bizitegirako erabilera duen proiektuko azalera eraikia, ezta, ondorioz, aprobetxamendua ere. Hala ere, hirugarren sektoreko jardueren erabilera osagarrietarako sotoetan dagoen azaleran bai kontsumituko da hirugarren sektoreko jardueretarako proiektuko azalera eraikia.
b) Beheko solairuan eraiki den proiektuko azalera kalkulatzeko, fatxadaren lerrokaduraren eta benetan proiektatzen den sakoneraren artean dagoen espazioa neurtu behar da; baina ez dira zenbatuko ataripeen azalera, garajera sartzeko arrapalen azalera, atarien atzeraemanguneak, eta dagokion proiektuan planteatzen ahal diren espazio libreak.
c) Goiko solairuetan, proiektuko azalera eraikinaren itxituraren kanpoaldeko gainazalak definituko du. Baina ez dira zenbatuko honakoen azalerak: etxesaileko patioak, fatxadetara irekitako patioak, terraza irekiak, balkoiak eta kanpora irekitako esekitokiak.
36. artikuluan ezartzen den moduan eraikitako begiratokiak ez dira zenbatzen.
Proiektuko azalera eraiki bezala hartuko dira, aldiz, instalazioetako patioena, igogailu-zuloena eta eskailera-kaxena.
Bigarren eskailera, suteen aurkako araudiak eskatzen duena, ez da zenbatuko Proiektuko azalera eraikirako, ezta hirigintza aprobetxamendurako.
d) Etxebizitza blokeetan, estalkipeko gunea, azken solairuko espazio estaliak eta UPSak gehienez baimentzen duen bolumenaren inguratzaileko espazio estaliak ez dira proiektuko azalera eraiki bezala zenbatuko, baldin eta honako erabileretarako badira: terrazak; instalazioen gelak; 15 m²-tik beherako trastelekuak, etxebizitza bakoitzak bakarra badu, eta horietarako sarbideak eta banaketa espazioak. Trastelekuak ezin dira inola ere beheko solairuko geletan zuzenean sartu.
4.-Hiriko garraio publikoari buruz.
Memoriaren 4.2 puntuan hiriko garraioa "anezka moduko garraio publiko azkar, arin eta ez kutsatzailea" sortuz indartu behar dela aipatzen da. Uste sendo hau dugu: hiriko garraio publikoa indartu behar da, baina proposamenerako beste alternatiba batzuk ere hausnartu behar dira. Izan ere, hori ez da Gendulainen garapen honek sortutako arazoa; aitzitik, Iruñerriko Mankomunitateak duela zenbait urtetatik hona eskualde osoa barnean hartuko duen Ekialdetik Mendebalderako garraio-ardatz arin eta eragingarria garatzeko kezka izan du.
Erantzuna:
Egindako Mugikortasunaren Azterlanak, alegazioaren gaiari dagokionez, III. puntuan azaltzen du proposamenak funtsezko bi ideiatan laburtzen ahal direla:
a) Erreserbatutako plataforma bat eta denboran mailaka daitekeen ahalmena dituen garraio publikoko sistema azkar baten bidez estalitako kanpoko mugikortasun baten aldeko apustua egiten du, urbanizazioaren hazkundea eta eskaria apurka handituko duten etorkizuneko proiektu batzuk kontuan hartuta.
b) Motorrik gabeko garraiobideetan (oinez eta bizikletaz) oinarritutako barneko mugikortasuna, jatorria nahiz helmuga urbanizazioaren barnean dituzten mugimenduetarako zein kanpoalderekiko konexioa egiten duten garraio publikoko lotuneetarako.
Kontzeptu horietan oinarrituta eraikitzen da mugikortasunerako eskema oso bat, garraiobide batzuk zein besteak planifikatu eta kudeatzeko proposamenekin. Kasu batzuetan, proposamen horiek zehaztean garraiobideak eurak hartzen dira oinarritzat, baina beste batzuetan, hiri diseinuaren alderdi batzuei buruzko iradokizunak dira, mugikortasunean eragin argia baitute.
5.-Euri-uren saneamendu sistemari buruz.
Memoriaren 5.2.3 puntuan zera adierazten da: sektorean dauden erreketara isurketen emaria gehiegi ez handitzeko, Arga ibairaino 1500 diametroa eta 5.800 metroko luzera dituen ur-igorle bat egitea proposatzen da.
Erantzuna:
Aurkeztutako uholdeen azterlanaren arabera, euri-ur guztiak bilduko dituzten euri jasetarako putzu bat edo batzuk sortzea da konponbiderik egokiena. Putzu horiei esker ez da beharrezkoa ur-igorlerik egitea. Erreka atondu beharko litzateke, azaletik, besterik gabe.
6.-Eraikitzeko lurzatien ezaugarriak eta neurriak.
Hirigintzako Araudiaren 24. artikuluaren arabera, lurzatiaren gutxieneko azalera, birzatiketaren ondorioetarako, 1.500 m² da. Zera proposatzen dugu: birzatiketako gutxieneko unitatea lurzatiaren azalerako 750 m² izaten ahal dituen atari bati dagokiona izan dadila.
Erantzuna:
UPSaren asmoa gaur egungo zein etorkizuneko egoeran eraikinak garatzeko eta kudeatzeko malgutasun nahikoa bideratzea da. (UPSaren plangintzak 20 urteko aurreikuspena du).
18.000tik gora etxebizitza dituen antolamendua da. Antolamendu horren garapenak denbora nahikoa iraunen du, eta horregatik antolamendu hori egikaritzean operatibitatea bermatu behar da, planeamendua eta planteatutako hiri-eredua arriskuan jar ditzaketen unean uneko konponbideei heldu gabe.
Forma arloko askatasunik handienaren barnean, UPSaren beste asmo bat hiri-eredu zehatz baten aldeko apustua egitea da: itxura eta garaiera homogeneoak dituzten eraikinek mugatutako kale zabalak, etxesail handi baina definituak, maila diferentetako espazio pribatuen hierarkiekin, eguzkimendu-irizpideak kontuan hartzen dituen eredua, dentsitatearekin, baina lurzatiaren okupazioa kontrolatuta, iraunkortasuneko eta bizi-kalitateko irizpideekin, ... hiri organikoa eta komunitate-bizimodua duena. Ahal dela, determinazio formalak ez dira gehiegi mugatu, tipologia berbera modu aspergarrian ez errepikatzeko: horregatik, gehieneko eta nahitaezko lerrokadurak portzentaje eta tarte jakin batzuetan ezarri dira.
Ondorioz, alegazioan aipatzen den artikulua bi alderdiak uztartzeko moduan idaztearen aldeko apustua egiten da: esku hartzen duten alderdi guztiak urtetan aztertu eta landu duten eta formazko zein kontzeptuzko adostasuna duen hiriaren "irudia" aldatu gabe, etorkizunean kudeaketagatik eta garapenagatik beharrezkoa izan daitekeen lurzatiketa ezartzeko bidea emanez. Erabilera publikoko espazioaren erabileraren eta gozamenaren kalitatea bermatzeko, halaber, erabilera publikoko espazio pribatuan arrapalen gehieneko kopurua mugatzea beharrezkotzat jotzen da. Honela idaztea proposatzen da:
"24 art. Lurzati eraikigarrien forma eta neurriak.
24.1. Lurzatiaren definizioa:
Lurzatiak araudi partikularreko hirigintza fitxa banatan arauturik dauden unitate morfologikoak dira.
24.2. Eraikinen kokapenari eta okupazioari buruzko baldintzak lurzatien barnean:
Forma-planoetan eta, xehetasun handiagoz, hirigintza fitxetan zehaztutakoak dira.
24.3. Bananketa baldintzak, gutxieneko lurzatia, birzatiketarako:
Unitate morfologikoak osatzen dituen "eraikin" bakoitza, forma-planoen eta Araudi Partikularreko fitxen arabera, dagozkion lurzoru libreko eta sotoko azaleraren zatiarekin, lurzati independente gisa eratzen ahalko da zuzenean. Eraikin bakoitzari lotutako lurzoru portzentajea unitate morfologikoarekin alderatuta eraikinak duen eraikigarritasun portzentajea +-%10 izanen da.
Hala ere, "eraikin" guztiak, dorrearen tipologia dutenak izan ezik, hain aldetik, birpartzelazio prozesuan berriro zatitzen ahal dira, baldin eta ateratzen den lurzatiaren azalera 2.000 m²-tik gorakoa bada, edo, hala izan ezean, bide publikora begira gutxienez 36 m-ko aurrealdea badu. Alderdi bakoitzari lotutako lurzoru portzentajea osotasunarekin alderatuta eraikinak duen eraikigarritasun portzentajea +-%10 izanen da.
Lurzati horiek garatzeko, "eraikinari" buruzko aldez aurretiko Xehetasun Azterlana edo azterlanak behar dira. Azterlan horiek gutxienez informazio hau bilduko dute:
-Eraikinaren bolumenen, altueren eta sestren antolamendu eta osaera, UPSan finkatutako baldintzen arabera.
-Fatxaden eta lurzatietako itxituren antolamendua, erabilitako kolore eta materialak barne direla.
-Gainera, behin betiko ezartzen den morfologiak alderdi batzuei zein besteei UPSan lurzati osorako zein jarduketa osorako ezarritako arauzko baldintzak betetzea eragozten ez diela bermatuko duen dokumentazioa bildu beharko du.
Birzatiketa egin ondoren, jabeek Xehetasun Azterlanak aurkezten ahalko dituzte, aurreko puntuan zehaztutako edukiarekin. Azterlan horiek lurzatia ataritan zatituko dute eta ezarrita dagoen morfologia bermatuko dute, eta haietariko bakoitza izanen da gutxieneko unitate eraikigarria.
Birzatiketan kontuan hartu beharko da "eraikin" beraren lurzati bereizien artean ikuspegi zuzen zein zeiharren zortasunak sortu behar direla.
24.4. Garaje-aparkalekuen baldintzak:
Unitate morfologikoen sotoak mankomunatuak izanen dira; hala ere, birzatiketaren ondoriozko lurzatietako bakoitza, aurreko puntuan ezarritako irizpidearen arabera, garaje-aparkaleku independente gisa eratzen ahalko da. Lurzatiaren azalera betiere 2.000 m-tik gorakoa izanen da2.
V5-6-7-14-15-18-19-20-21-25-26-27-31-32-43-44-45-46-57-58-59-60-61-62 unitate morfologikoetako sotoak mankomunatuak izanen dira beti.
24.5. Arrapalen baldintzak:
Unitate morfologiko bakoitzean, lurzati librean (titulartasun pribatu eta erabilera publiko edo pribatukoa) onartzen diren arrapalen kopurua lurzati bakoitzaren fitxetan adierazten dena izanen da.
Lurzati librean, arrapalen kokalekua birzatitzeko proiektuan zehaztuko da, proiektuak lurzati independenteak eratzen dituenean. Bestela, proiektu horretan egin beharrean Xehetasun Azterlanean edo garajearen mankomunatze-proiektuan egin beharko da.
Lurzati librean arrapalak sarbideko titulartasun publikoko bidearen galtzadatik 25 metrora kokatu beharko dira gehienez.
24.6. Mehelinen baldintzak:
Eraikuntzaren barneko lerrokadurak gehienekoak eta ez nahitaezkoak izan ohi direnez, sakonera eraikigarria alboko lurzatietan aldatzen ahalko da. Lurzati mugakideen arteko ukipenak saihesteko asmoz, nahitaezko sakonera ezarriko da haien artean 2 metroko distantzian dauden eraikinetarako, lurzatien arteko mehelinaren bi alboetan. Xehetasun Azterlan bat edo "eraikinaren" aldez aurretiko azterlan bat tartean ez badago, sakonera hori mehelinaren gainean egiten diren jarduketen artean lehenengoak ezarriko du. "
7.-Aurreikusten diren azpiegituren ondorioei buruz.
Garrantzitsua da honako hau gogora ekartzea: Gendulaingo UPSan azpiegituren maila handia aurreikusten da. Azpiegitura horien beharrizana kasu batzuetan ez da sortzen soil-soilik sektore horretan; hala ere, azpiegitura horiek DSNk lehiaketarako aurkeztu zuen eta Nafarroako Gobernuak onartu zuen lurzoru eskaintzan jada konprometituta geratu ziren.
Baina gainera, hau ere azpimarratu behar da: eskaintza horretan ezarri zenez, etxebizitzen %25 gutxienez libreak izanen ziren, eta hasieran onetsitako UPSak portzentaje hori %12ra murriztu du. %50 BOEetarako izanen da eta %38 PTEetarako. Horrela, etxebizitza libreetatik BOEetarako aldaketa egin da zuzenean.
Bi inguruabar horiek behartuta, kanpoko zein barneko urbanizazio-kargak edozein modutan handitzea nahitaez muga eta kontrola dadila eskatzen dugu, etxebizitza babestuen zein bestelako erabileren bideragarritasuna arriskuan ez jartzeko.
Erantzuna:
Aurreikusita dauden eta txosten sektorial batzuen zein besteen arabera beharrezkoak diren kanpoko azpiegiturak UPSaren kontura eginen dira, administrazioek egokitzat jotzen duten proportzioan. Lankidetza-hitzarmenetan agertuko dira, eta UPSan sartuko dira, haren agindu gisa. Barneko kargak honelako tamaina duen eragiketa batean ohikoak direnak izanen dira.
Barneko kargen eta kanpoko kargen arteko baturak ez du arriskuan jarriko UPSaren bideragarritasun ekonomikoa, ezaugarri horiek dituen planeamendu baterako parametro normalen barnean daudelako.
II.5. Electra Valdizarbe, S.A.k 2010eko martxoaren 24an egindako alegazioa:
Electra Valdizarbe S.A.k Gendulaingo UPSa honela alda dadila eskatu du:
1.-UPSaren dokumentazioan espresuki agerrarazi behar da UPSak ukitutako gunean gaur egun Electra Valdizarbe, S.A.ren 13,2 kV-eko sareak daudela, haien kokalekuak adierazita.
2.-Electra Valdizarbe, S.A.ren aireko lineen gaur egungo trazadura aldatzeko konponbide tekniko eta ekonomikoa aurreikusi behar da linea horiek eta UPSan aurreikusitako bizitegi-, ekipamendu- edo jarduera ekonomikoetako garapenak leku berean daudenean.
3.-Guneak eska dezakeen potentziaren kalkulua aldatu behar da, edo bidezkoa bada, txertatu. Aurkeztutako kargen azterlanaren arabera 72,5 MVAtan ezarri beharko da edo, horren ordez, araudi partikularrari eranskin bat gehituko zaio. Eranskin horren barnean UPSak garatutako eremuen argindar horniduraren beharrizanei buruzko azterlana agertuko da, egin beharreko azpiegitura elektrikoak Guneak eskatzen duen potentzia-ahalmenari egokituta.
4.-UPSak garatutako gunea zeharkatzen duen Red Eléctricaren 220 kV-eko linearen gainean 220/66ko transformazio azpiestazio berri bat Red Eléctricarekin batera kudeatu eta proiektatu behar dela agerrarazi behar da. Ondorioz, horren kostu ekonomikoaren aurreikuspen eta zenbatespena egin behar dira, azpiestazio horren ustiapen eta kostuan hirugarrenek parte har dezaketela kontuan hartuta.
5.-Aurreikusitako 20 eta 25 KVA arteko banaketako bi transformazio azpiestazioen ahalmenaren aurreikuspena handitu behar da, baita antzeko potentzia duen hirugarren banaketako transformazio azpiestazio bat aurreikusi ere, UPSak ukitzen dituen guneen garapen-aurreikuspenak eskatzen dituen transformazioko eta hornidurako ahalmenak osatzeko.
Erantzuna:
Lehenengoz adierazi behar da UPSaren dokumentazioan azpiegitura elektriko guztien gaur egungo egoera sartu dela.
Bigarrenez, eta alegazioaren 2, 3, 4 eta 5. puntuei dagokien, idazten diren Urbanizazio Proiektuetan alegazioan aipatzen diren alderdi guztiak hartuko dira kontuan.
Ondorio horietarako, konpainia hornitzaileen jarraibide eta eskakizunei jarraikiz beharrezkoak diren kanpoko eta barneko jarduketa guztiak eginen dira, eta ukitutako zerbitzu guztiak lehengoratuko dira.
Jarduketari argindarra emanen zaio indarra duten arau eta erregelamenduek ezartzen duten moduan.
II.6. José María Sanz Izcok 2010eko martxoaren 31n egindako alegazioa:
Alegaziogilea, Zizur Zendeako (Gazolatz) Udaleko 3. poligonoan 274. katastro-erreferentzia duen landalurreko finkaren jabea da. Finka hori UPSak hartzen duen lurreko isurketa-urak botatzen dituen errekaren eskuinaldean dago, eta erreka horren uholde-erregimenaren eragin txarra jasanen du. Alde horretatik, ur etorrien puntako emariak zuzen daitezela eta ur-ibilguei ebakuazio-ahalmena nahikoa eman diezaietela eskatzen du, eta halaber, hori zabalera handiagoa emanez egiten bada, eraldatutako ur-ibilguak hartzen duen lurzorua Gendulaingo urbanizazio berriaren mugapean azalera berdineko eraikuntza-eskubideekin konpentsa dadila, edo, aukeran, kalte-ordaina eman diezaiotela, sustatzaileek Gendulaingo jaurerriaren hasierako jabeari abonatu zioten prezio berean, landalur horien hirigintzako sailkapena eta Gendulainen sustatzaileek aurkeztutako lurrena berbera direlako, nekazaritzarako kalitate handiagoa dutelako eta haietako askok baino topografia hobea dutelako
Erantzuna:
Aurkeztutako uholdeen azterlanaren arabera, euri-urak ebakuatzeko konponbiderik egokiena euri-ur guztiak bilduko dituzten euri jasetarako putzu bat edo batzuk sortzea da. Putzu horiei esker, erreka atondu beharko litzateke, azaletik, besterik gabe.
Hala ere, zehaztasunez kalkulatuko dira urbanizazio prozesuaren ostean isurketaz sortutako puntako emari berriak, eta hori kontuan hartuta atonduko dira dauden ur-ibilguak, ukipenak murrizteko.
Ur-ibilgu horiek handitzearen ukipena jasanen duten lurzoruak bere garaian baloratuko dira, zuzenbidearen arabera bidezkoa den bezala.
II.7. Galar Zendeako Udalak 2010eko apirilaren 12an egindako alegazioa:
1.-Zizur Zendeako Udalaren alegazioak aintzat hartzea eta haiei atxikitzea
Lehenengoz Zizur Zendeako Udalaren alegazioekiko baldintzarik gabeko atxikimendua adierazi behar da, eta ulertu behar da Galarko Udalak ere sinatu dituela.
Zizur Zendeako Udalak modu hobezinean azaldu du 15.3.6 artikulua urratu dela, Lurzoruaren Legearen Testu Bateginaren 4. Xedapen Iragankorrari buruz, egindako UPSaren eta arau honen Zioen Azalpenaren arteko kontraesana, hiri bat "ezerezetik" sortzeko eskumena ematen duen titulurik eza, eta, orokorrean, espedientearen akats anitzak.
Horregatik alegazio horiek erreproduzitu direla uste dugu, eta espedientea errotik deuseza dela berresten duten beste gai batzuk soilik jorratuko ditugu.
2.-Prozeduraren akatsak.
Espedientean ez da azaltzen jabeen eta ukitutako finken eskubide errealen titularren nortasuna, zehazki hirigintza-eskubide handiagoa lortuko dutenena. Horren ondorioz 7/1985 Legearen 70. artikuluak ezarritako betebeharra urratzen da, eta gardentasun betebeharra agerian urratu egiten da.
Hasierako onespenaren erabakian ez da azaltzen espedientean dagoen dokumentazioa, ez da azaltzen aurkako txostenen aipamenik, eta eremua antolatzeko ideien lehiaketa baino lehenago egindako txostenak hartzen dira erreferentzia gisa.
Hasierako onespena eman baino lehenagoko txosten lotesle batzuk ere falta dira. Horiek Foru Administrazioak eskatu behar zituen, urtarrilaren 11ko erabakia hartu baino lehen, eta horregatik Erabaki hori ezeztatu behar da.
3.-UPSaren Udalez gaindiko eraginaren justifikaziorik eza.
Nafarroako Gobernuaren 2010eko urtarrilaren 11ko Erabakiaren III. idatz-zatiak Gendulaingo bizitegi-eremua UPS izendatzeko erabakia justifikatzen du, honela:
Plan sektorialak onesteko ahalmena "funtsean Nafarroako Gobernuaren iritziaren araberakoa" da. Horretan datza lurralde antolamenduaren arloko foru-eskumena.
Justifikazio "politiko-administratibo" gisa aipatzen du NASURSAk 2006. urtean bizitegirako lurzorua eskuratzeko lehiaketa publikoaren bitartez lurzorua eskuratu izana, eta gerora eremu hori antolatzeko ideien lehiaketaren deialdia egin izana ere bai.
"Lurralde" arloko justifikazio gisa, berriz, alegatzen da lurzoruak bi udal mugapetan daudela, eta esku-hartzea justifikatzeko beste arrazoia Planaren tamaina bera da ("argi eta garbi bi udalerrien dinamika endogenoa baino handiagoa").
Erabakiaren justifikaziorik ezak behartuta, erabakia deuseztatu behar da, beharrezkoa den motibazioa falta delako. Izan ere, ez dago jakiterik zein helburu lortu nahi den tresna hori onetsiz, jakina, lurzoru hori metro karratua 36 eurotan erosi eta gero 30 eurotan eskainiko dutenek gainbalioak lor ditzatela ahalbidetzeaz aparte; hori bai, ordainketa a.u.tan jasota.
4.-Etxebizitzaren beharraren justifikaziorik eza
Etxebizitza babestuen sustapena UPSak estaliko duen premiazko beharrizana ez dela, agerian geratzen da agiriaren Memorian zein Planari erantsitako agirietan.
Laburbilduta, berriro agerian geratu da lortu nahi den gauza bakarra lurzorua sailkatzea eta eremuan dauden lurzoruei gainbalio handiak eranstea dela. Beraz, inork ere ez du Plan hau egikaritzeko asmoa, etenda uzteko asmoa baizik, lurzoru horien gaineko benetako mehatxua dela pentsatu gabe.
5.-Iraunkortasun ekonomikoaren justifikaziorik eza.
Hiri baten iraunkortasun ekonomikoari buruzko azterlan ororen abiapuntua iraunkortasun horrek goia jo duela izan beharko litzateke. Hori da kokaleku-ereduaren autonomia eta eredu horrek zerbitzuei eusteko gastu arruntak estaltzeko beharrezko baliabide ekonomikoak sortzeko duen ahalmena aztertzeko modu bakarra.
Beste alde batetik, azterlanean ezarpen gastuak kalkulatzeko hartzen diren zenbatekoak ez daude inola ere justifikatuta. Gainera, ez ditu kontuan hartzen udalerriek jasaten dituzten gastu arrunt gehienak, besteak beste neguan errepideak erabilgarri egoteko mantentze-lanak; kirol instalazioen gastuak, herritarrentzako diru-laguntzenak, gizarte zerbitzuak, eremu publikoan gertatzen diren istripuen ondoriozko ondare erantzukizuna, etab.
6.-Lurralde antolamendua ez betetzea.
Ez dago inolako "koherentziarik" Lurralde Antolamenduko Planarekin, UPSa sustatu duenak koherentzia egon dadila nahi du, besterik ez.
Gendulaingo UPSak indarrean dagoen beste UPS baten kontrakoa esaten du (eskualdeko hilerria)
Gendulaingo UPSak Comarca 2 UPSaren eta Poligono horren sarbideen Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren kontrakoa esaten du, are gehiago, Eskirotz herriaren antolamendua ukitzen du modu nabarmenean.
Aurrekoa gutxi balitz, UPSak LAP-3ren araudiko 24.9 artikuluaren aurreikuspena URRATZEN DU
7.-Espedientea deuseza izatea, udal autonomia urratzeagatik.
Printzipio horren babespean, agerian dago kasu honetan Nafarroako gobernuaren eskumenez harago doan jarduketa bat daukagula aurrean, proportziorik gabea delako eta elkarrenganako errespetuaren kontra doalako.
Gainera, Plan Sektorialak Zizur Zendeako udal mugapean gutxienez ereduzko 19.000 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du, eta hori erabat proportziorik gabea da
Beraz, udal okupazioaren ereduan ondorio iraunkorrak izanen dituen jarduketa dugu aurrean. Horrenbestez, Udal honek ezin izanen luke inolako hirigintzako politikarik egin hemendik 50 urtera arteko epe batean. Hau da: Zizur Zendeari bere mugapea antolatzeko ahalmena kenduko zaio. Udal ahalmenaren gainean "eragin" beharrean, besterik gabe ahalmen hori deuseztatzen da.
8.-Diseinatutako hiria iraungaitza da.
Laburbilduta, hain garrantzitsua den garapen batean jabeek proposatutako hiru esparru besterik ez dira mugatu, eta lurraldearen gainerako zatia zuzenean baztertu da, lehiaketa honetako beste kokalekuren bat egokiagoa ez ote litzatekeen aztertu eta baloratu gabe.
Erantzuna:
1.-Zizur Zendeako Udalaren alegazioak aintzat hartzea eta haiei atxikitzea.
Alegazio honen erantzunerako, ikus Zizur Zendeako Udalak egindako alegazioei emandakoa.
2.-Prozeduraren akatsak.
Alegazio honen erantzunerako, ikus Zizur Zendeako Udalak egindako 3. eta 4. alegazioei emandakoa.
3 eta 4.-UPSaren Udalez gaindiko eraginaren justifikaziorik eza.
Alegazio honen erantzunerako, ikus Zizur Zendeako Udalak egindako 5. alegazioari emandakoa.
5.-Iraunkortasun ekonomikoaren justifikaziorik eza.
Alegazio honen erantzunerako, ikus Zizur Zendeako Udalak egindako 6. alegazioari emandakoa.
6.-Lurralde antolamendua ez betetzea.
1.-LAP-3 urratzea.-LAP behin betiko onetsita ez egoteagatik indarrean ez dagoen LAP Araudiaren artikulu bat aipatu da. Testu ezagunak jendaurrean agertu direnak dira, eta ez dago jakiterik behin betiko onetsi eta argitaratuko diren, ezta, beraz, nola bihurtuko diren ere indarreko araudi. Arauak argitaratu eta gero, eta ez argitaratu baino lehen, indarrean jarri nahiz aplikatzea, Zuzenbideko printzipio orokorra da, eta horri buruz ez da beste ezer aipatu behar.
2 eta 3.-Gendulaingo UPSak indarrean eta onetsita dauden beste UPS batzuen kontrakoa esaten baldin badu, plan horiek aldatu beharko dira maila eta izaera bereko tresna diferenteen arteko kontraesanak saihesteko, baina hori ez da arazoa Gendulaingo UPSa tramitatu eta onesteko.
7.-Espedientea deuseza izatea, udal autonomia urratzeagatik.
Erantzuna emateko, ikus Zizur Zendeako Udalak egindako alegazioaren lehenengo eta bigarren puntuei emandakoa. Puntu horietan lurralde antolamenduko tresnen izaera juridikoa aipatu zen. Kasu horretan guztiz bidezkoa eta neurrizkoa da Nafarroako Gobernuak lurraldearen zati hau antolatzeko duen eskumena, jarduketak Iruñerrian duen garrantzi eta eragina kontuan hartuta. Izan ere, jarduketaren helburuak eta edukiak tokiko erakundeen mugak gainditzen dituzte, eta eskualde izaerako beharrizan eta eskari sozial bat betetzen dutenez, helburu eta edukiok lehenetsiko dira hirigintzako udal planeamenduaren gainetik. Jarduketa burutzea, udal eskumenak ukitu gabe, LAHFLn ezartzen denarekin koherentea da, eta Lege horrekin bat dator.
8.-Diseinatutako hiria iraungaitza da.
Hirigintzako garapen horren kokalekua guztiz justifikatuta dago memorian eta C0654-D1003-02-Lurralde antolamenduko estrategia eta irizpideak izeneko planoan. Plano horretan argi eta garbi ikusten da Zizur Nagusiko Ardoi Sektorearen eta Gazolazko Poligonoaren hiri garapenekin harremana duela, eta Iruñeko Metropoliko eremuaren erdigunetik zein erdigunera sarbide hobezinak dituela.
Ezarpenean, hiri bilbe trinkoa aukeratzen da, eskualdeko periferiako garapen barreiatu eta estentsiboen aldean.
Gendulain hiri gune gisa planteatzen da, "erdiguneko puntu" batzuekin. Gune horretan hainbat erabilera ageri dira -bizitegikoak, enplegukoak, etab.-, eta horrekin batera Jarduera Ekonomikoko Berariazko Eremu bat egonen da, gunearen iraunkortasuna helburu izanik.
Hiriaren garapena autobiaren alde bietan egiteko konponbidea autobia hori zati batean estaltzea da. Horrela, erabilera publikoko espazio libre jarraitua sortzen da bi aldeen artean. Hala ere, horrek etxebizitza bakoitzeko kostu ekonomiko txiki samarra dakar, onar daitekeen kostua, proposamenaren dentsitate handia kontuan hartuta. Autobiaren ondoan dauden eraikinen kokaleku eta tipologien ondorioz, maila akustikoa onargarria da, azterlan akustikoak frogatzen duen moduan.
Jarraian hiri iraunkortasunari buruzko Aalborgeko Konpromisoak azalduko dira. Horiei buruz jardun dezake UPS honek, eta benetan horiei buruz jarduten du, planeamendu iraunkor baten diseinuaren adierazpen gisa.
-Energia primarioaren kontsumoa murriztea eta energia garbien nahiz berriztagarrien kontsumoa handitzea.
Gendulain energia eraginkortasunaren aldeko proposamena da, etxebizitzak energia kalifikazio handiak izatera behartuko dira. Bizitegi garapenari lotutako jarduera ekonomikoko eremua, energia garbi eta berriztagarrien garapen eta aplikazioaren erreferentzia izanen da.
-Uraren kalitatea hobetzea, ura aurreztea eta modu eraginkorragoan baliatzea.
Ur grisak berrerabili eta birziklatzea proposatzen da, lurzati bakoitzean lurzoruaren drainatze naturalerako nahitaezko portzentaje bat, erreken urak eta euri urak ureztapenerako erabiltzea, etab.
-Biodibertsitatea indartzea eta areagotzea eta berdeguneak nahiz natur guneak zaintzea eta gehiago sortzea.
Erreken gune naturalak kontserbatzen eta indartzen dira, eta gainera, bizitegi-kokaleku berriaren muina dira.
-Airearen kalitatea hobetzea.
Energia berriztagarriak eta garraio publiko elektrikoa erabiliz, eta gune publikoetan berdegune handiak ezarriz, eta lurzati pribatuetan gutxieneko zuhaitz gune nahitaezkoak direnez, airearen kalitatea hobetzen lagunduko da.
-Hondakinak murriztea eta gehiago birziklatzea eta berrerabiltzea.
Hori indartuko da urbanizazio eta eraikuntzako obrei buruzko ordenantzen bitartez, eta birziklatzeko edukiontziak erabiliz.
-Energia premiarik gabe kontsumitzea saihestea eta energia-eraginkortasuna hobetzea kontsumitzen den lekuan.
Eguzki energia aprobetxatuz eta etxebizitzak isolatuz, eraikinetan energia gehiago gastatzea eragotziko da. Proposatutako garraio publikoko sistema eraginkorra erabiliz, eta erreserbatutako plataforma sortuz, garraio pribatuaren erabilera murriztuko da.
-Leku degradatuak eta bertan behera utzitakoak berreskuratzea eta berrerabiltzea.
Gendulain hiriaren ertzean dago, bide-sarerik garrantzitsuenen ondoan (Mendebaldeko Ingurabidea eta Autovía del Camino de Santiago) eta etorkizunean, super-mendebaldeko bide-sistemak sortuko duen ertzeko hiri-eraztunaren barnean).
Zizurrek, Ardoik eta erantsitako industrialdeek sortutako hiri bilbearen jarraipena da Gendulain.
Potasasen meatze zaharraren gunea berrerabiliko da, energia berriztagarriei eta energia eraginkortasunari lotutako Jarduera Ekonomikoko Eremu gisa erabili eta indartzeko.
-Hiriak neurrigabe handitzea eragoztea, hiri-dentsitate egokiak izatea eta hiriaren garapena ustiatu diren lekuetara bideratzea berdeguneetara bideratu beharrean.
Gendulain etorkizunerako proposamena da. Dentsitate handia du, Iruñeko gunerik dentsoen eta hiri kalitate handienekoen antzera, Iruñerriaren okupazio masibo eta estentsiboaren aldean -familia barreko etxebizitzak eta dentsitate txikiko beste tipologia batzuk-. Izan ere, horri alderdi ekonomikoan eustea zaila da.
-Lurzoruaren erabilera mistoa bultzatzen duen hirigintza bermatzea, oreka lortzea lantokien, etxebizitzen eta zerbitzuen artean eta bizilekuei lehentasuna ematea hirigunean.
Gendulainek erabileren nahasketa proposatzen du hiri bilbe osoan, baita erantsitako jarduera ekonomikoko eremu handi bat ere, lohiria izan ez dadin, Eskualdeko gainerako herrietan gertatzen den bezala.
-Gure hiriko kultur ondarea behar bezala gordetzen, berritzen eta berrerabiltzen dela ziurtatzea.
Gendulainek Done Jakue Bidea nortasun propioaren arrazoi gisa indartzen eta erabiltzen du.
-Eraikuntza eta diseinu iraunkorrak egiteko eskakizunak ezartzea eta kalitate handiko arkitektura bultzatzea eraikuntzako teknologia berriak indartuz.
Urbanizazio eta eraikuntzako obrei buruzko ordenantzek energia iraunkortasun eta eraginkortasuna sustatuko dute.
-Motorizatutako garraio pribatuarekiko mendekotasuna txikitzea eta guztien eskura dauden alternatiba erakargarriak bultzatzea.
Garraio publiko elektriko eraginkorra erabiliz, garraio pribatua gutxiago erabiliko da. Donejakue Bidea Gendulain eta Iruña oinez zein bizikletaz lotzeko ardatz gisa indartzen da.
-Garraio publikoan, oinez eta bizikletaz mugitzen den jende-kopurua areagotzea.
Gendulain Iruñearekin lotuta geratuko da oinezkoentzat zein txirrindularientzat Done Jakue Bidearen bidez eta garraio publikoa azkarrago eta eraginkorrago bihurtuko duen plataforma erreserbatu baten bidez.
Oinezkoen eta txirrindularien barneko garraioa ardatz egituratzaile handien bitartez indartzen da. Ardatz horiei esker eraikin guztietara erraz heltzeko aukera dago.
-Ohiko ibilgailuaren ordez emisio poluitzaile gutxi igortzen dituztenak hartzea erraztea.
Garraio publikoa -elektrikoa, ziurrenik- erabiliz, emisioak murriztuko dira.
-Hiriko mugikortasun iraunkorrerako plan integratuak garatzea.
UPS honek mugikortasunaren azterlana eransten du. Azterlan horrek zehaztuko ditu garraio publikoen neurri eta ezaugarri egokiak.
-Garraioak ingurumenean eta osasun publikoan duen inpaktua txikitzea
Garraio publiko elektriko eraginkorra erabiliz, garraio pribatua gutxiago erabiliko da.
-Neurriak hartzea tokiko enplegua eta enpresak sortzea errazteko
Gendulainek eraikigarritasuna du bere baitan, lanpostu gehienak tokikoak izateko moduan.
-Enpresen kokalekua zehazteko, iraunkortasun-printzipioak garatzea eta ezartzea.
Jarduera Ekonomikoko Eremua, gehienbat titulartasun publikokoa izanen da, eta horri esker iraunkortasuneko ikuspegia hartzen ahalko da, hori baita administrazioak lortzeko asmoa duen erronka, iraunkortasuna helburu duen Jarduera Ekonomikoko Eremu bat sortzea.
-Jende guztiari aukera berak ematea zerbitzu publikoak, hezkuntza, lana, trebakuntza, informazioa eta kultur jarduerak eskuratzeko.
Gendulainek zerbitzu eta ekipamenduen estandarrak gainditzen ditu. Hortaz, planeamenduari dagokionez, beharrezkoak diren zerbitzuak egoten ahalko direla ziurtatzen du.
-Kalitate oneko bizi-baldintzak eta sozialki integratuta dauden etxebizitza onak bermatzea.
Gendulainek kalitate eta tamaina handiko espazio publikoak ditu, bizitzeko baldintza eta kalitate egokia ziurtatzeko.
Etxebizitza gehienak babes ofizialekoak izanen dira. Horregatik, Iruñerriak epe labur-ertainean babes ofizialeko etxebizitzetarako lurzoru erabilgarritasuna ziurtatuta izanen du.
III.-Alderdi sektorialei buruzko txostenak.
III.1. Iruñerriko Mankomunitatea.
Iruñerriko Mankomunitateak hiru txosten bidali ditu, hurrenez hurren hondakinen bilketari, uraren ziklo osoari eta eskualdeko hiriko garraioari buruz.
a) 2010eko apirilaren 27ko txostena, hondakinak biltzeko zerbitzuari buruzkoa.
Txosten horrek hondakin bilketa pneumatikoaren sarea diseinatzeko baldintzak ezartzen ditu. Baldintzak "urbanizazio proiektuan zehaztu beharko dira".
b) 2010eko apirilaren 28ko txostena, uraren ziklo osoari buruzkoa.
Zerbitzu horri dagokionez, Iruñerriko Mankomunitateak antolabide orokorra zuzentzat jotzen du. Hala ere, eskakizun tekniko batzuk ezartzen dira, "urbanizazio proiektuaren fasean bete beharko direnak. Hala ere, ez da aldeko txostenik emanen eskakizun batzuk kontuan hartzen ez diren bitartean. Eskakizun horietako batzuk UPSaren tramitazio fasean konpondu dira, eta agirian txertatu dira behin betiko onesteko. Gainerakoak UPSaren Urbanizazio Proiektuan konponduko dira.
Ur hornidurari dagokionez, UPSa lehendik dagoen sare orokorrarekin lotzen duen hodiaren trazadura eraldatu da, txostenaren jarraibideen arabera, baita biltegiaren kota ere, jarduera ekonomikoko eremuari zerbitzua emateko. Txostenaren gainerako determinazioak UPSaren Urbanizazio Proiektuan ebatziko dira. Biltegia arrisku geologikoak dituen gunetik kanpo kokatzen da.
Saneamendu sareari dagokionez, txostena aldekoa izatea eragozten duen oztoporik handiena hau da: aurkeztutako agirian ez dago Arazuriko araztegia handitzeko aurreikuspen ekonomikorik, ezta arazteko sistema alternatiborik ere.
Ildo horretan, UPSan agindu gisa txertatu da honako hau: lehendik dauden sistema orokorrak indartzeko eta haiekiko konexioa egiteko UPSetik kanpo egin behar diren obrak, memorian zerrendatzen direnak, Iruñerriko Mankomunitateak hartuko ditu bere gain, eta UPSak Mankomunitateari UPSan adierazten den kopurua emanen dio, UPSari egozten ahal zaizkion obra lotuen kostuaren zati bat ordaintzeko. Horretarako, UPSaren lehenengo fasearen urbanizazio obrak hasi baino lehen hitzarmen bat sinatu beharko da. Hitzarmen horrek UPSak ordaindu beharreko zenbatekoa nahiz epeak arautu beharko ditu. Zenbatekoa justifikatzeko, irizpide tekniko objektiboak erabili beharko dira. Urbanizazio obrak hasterakoan Arazurin dagoen araztegia handitu behar bada, arazte-ahalmena agortuta egoteagatik, handitzeko obretatik Gendulaini egozten ahal zaizkionen zati proportzionala txertatuko da hitzarmenaren barnean. Zenbateko hori egozteko, irizpide objektiboetan oinarritutako justifikazioa eman beharko da behar bezala.
Azkenik, euri uren sareari dagokionez, eta Ebroko Ur Konfederazioak eskatutako uholdeen azterlana idatzi zela-eta, UPSan urbanizazioaren ondorioz sortzen diren isurketa-uren emaritik datozen euri-urak biltzeko, euri jasetarako putzuak sortzea aurreikusi da. Halaber, urbanizazio obrak egitean drainatze iraunkorreko hiriko sistemak nahitaez egin behar direla aurreikusi da.
Aurreko gogoeta guztiak ikusirik, Iruñerriko Mankomunitateak urbanizazio proiektuaren gaineko txostena eman beharko du, ukitutako zerbitzuekiko bateragarritasuna egiaztatzeko.
c) 2010eko maiatzaren 3ko txostena, eskualdeko hiriko garraioari buruzkoa.
Zerbitzu publiko horri arreta berezia jarri zaio hasiera-hasieratik, hirigintzako diseinuan eta hirietako bizi kalitatean duen eraginagatik. Mankomunitateak gai horren gaineko azterlan prospektibo sakona eman du eta berariaz eskertu nahi zaio. Ekarpen tekniko hori oso baliagarria izan da zerbitzu horren eraginkortasunarekin zerikusia duten faktoreak ulertzeko, oraindik guztiz finkaturik ez badaude ere Mankomunitatearena bezalako ekarpenei esker pixkanaka lurralde eta hiri plangintzako prozesuetan sartzen ari diren pentsamendu-ildoetan sakonduz. Egile taldeak jasotako orientabide orokorrei jarraitu die gehienbat, aztertu beharreko beste hainbat faktore ere kontuan hartuz noski, hala nola, proiektu zehatz honetan, erabileren araberako eraikigarritasun helburuak, lehendik dauden azpiegituren ukipen eta zortasunak, kokalekuaren baldintza topografiko eta topologikoak, inguruarekin izan behar diren harremanak, ingurumenean eta paisaian babestu behar diren balioak, espazio publikoen eta ekipamenduetarako espazioen hirigintzako diseinua bera, eta abarrekoak.
Gendulainen kasuan azterketa bereziki zaila da, hirigintzako jarduketa garrantzitsua delako, trafiko gehikuntza azpimarragarriak eragin ditzakeena inguruko bide sisteman eta bere kokalekua dela-eta akatsik gabeko hiri integrazioa eskatzen duena metropoli aldeko hainbat sektorerekin.
UPS honen irismenetik kanpo gelditu diren azterlan eta proiektuak egiten jarraituko da Mankomunitatearekin koordinaturik.
Iruñerriko Mankomunitatearen txosteneko ondorioak azaltzen dira segidan, eta erantzuna ematen zaie.
A.-Proposatzen den hiri-ereduari dagokionez, aurkeztu den agirian proposatzen den hiri-eredua, Iruñeko gaur egungo periferia nolakoa den kontuan hartuta, etena da, dentsoa, erabilera aniztuna, sare itxurako bide-bilbea duena, familia bakarreko etxebizitzarik gabea. Hori guztia dela-eta, hasieran garraio publikoko asmo handiko konponbide baten bitartez artatzen ahal da. Ongi egituratutako eredua da, 'superetxesaila' izenekoan oinarritua. Horregatik erraz samarra da AHTaren geltoki berriarekin lotzeko Metro Arinaren edo Tranbiaren linea bakar bat txertatzea, eta dentsitateak berrantolatzea, eraikigarritasunik handiena Metro Arin edo Tranbia horren geralekuetatik hurbil biltzeko.
Mugikortasunari buruzko azterlana idaztearen ondorioz, gomendio hau sartu da UPSan. Etorkizuneko garraio publikorako erreserbatutako plataforma bat ezartzea (metro arina, tranbia edo antzeko beste sistema bat) ibilgailuen trafiko arruntetik bereizita, erdiguneko oinezkoentzako bideen nahiz gunean aurreikusi diren ekipamendu handien ondoan. Plataforma horrek ez dio trabarik eginen ibilgailuen trafiko arruntari. Horri esker, trafikoaren azterlanak baliagarria izanen jarraituko du, proposatutako bide-sarearen ahalmena ez delako murriztuko.
B.-UPSaren antolamenduko behin betiko proposamenari eta haren dokumentazioari dagokienez, UPSaren behin betiko agiriak honako hauek egin beharko ditu:
1. Mugikortasunaren azterlan bat txertatu behar da, garraio mota guztiak kontuan hartuz. Mugikortasunaren azterlan horren ondorioa, UPSak txertatu behar duen garraio publikoko konponbiderik egokiena izanen da. Eskatutako mugikortasunaren azterlan hori jarduketaren hiriko mugikortasun iraunkorrerako plana egiteko oinarri gisa erabiltzen ahal da.
Xehetasunak eta azterlanaren balorazioak urbanizazio proiektuaren faserako utzirik, ezinbestez fase horretan doikuntzak egin beharko baitira neurrietan, esan beharra dago UPSak, batez ere jendaurreko epearen ondorengo azken definizioan, mugikortasun elementuen sare zehatz eta bereizia eratu duela, aipatutako lau garraio motak barnean biltzen dituena, halako moduan non, eremuaren iparraldean lehendik dauden edukiera handiko bideekin, Planak haiek bereganatu ondoren, loturak egiten dituen bide sareari, hiriaren erdialderako beste bide bat gehitu baitzaio, garraio publikorako nagusiki.
Bada txirrindulari eta oinezkoentzako bide sare bat ere. Bide horiek eremuaren barnealdea eta periferia lotzen dituzte, eskualdeko sare bat lortzeko erdialdearen eta Gendulainen artean.
Oinezkoentzako ibilbide bereizien bitartez eusten zaio diseinu horri, D2.006 planoak erakusten duen bezala. Aurrekoen antzera, ibilbide horiek eremutik kanpo handitzen ahal dira.
Erreserbatutako bideak jardueraren grabitate zentroa zeharkatzen du, oinezkoentzako bideen ondoan, ibilgailuen trafikorako aurreikusitako bideetatik bereizita. Hortaz, proposatutako bide-ardatzak ez dira aldatu behar izan.
2. UPSeko garraio publikorako konponbide gisa Tranbiako edo Metro arineko linea bat sartzea. Hori jarduketa handi honen ardatz egituratzailea izanen da, jarduera ekonomikoen eremua barnean hartuta.
Mugikortasunaren azterlana idaztearen ondorioz, gomendio hau sartu da UPSan. Etorkizuneko garraio publikorako erreserbatutako plataforma bat ezartzea (metro arina, tranbia edo antzeko beste sistema bat) ibilgailuen trafiko arruntetik bereizita, erdiguneko oinezkoentzako bideen nahiz gunean aurreikusi diren ekipamendu handien ondoan. Plataforma horrek bizitegi-eremua eta esparruaren hegoaldean dagoen jarduera ekonomikoen eremua lotuko ditu.
Erreserbatutako bideak jardueraren grabitate zentroa zeharkatzen du, eremuko gizarte bizitzaren gunearen ondotik, eta nolanahi ere, 300 metrotik beherako distantzia zaindu da.
3. Metro Arinaren edo Tranbiaren plataforma erreserbaturako beharrezkoa den bide-erreserba sartzea, mugikortasunaren azterlanaren ondorioz sortzen den trazaduraren arabera. Horren ondorioz baliteke proposatutako bide-ardatzak eraldatu behar izatea edota proposatutako bideari zabalera handiagoa eman behar izatea.
Erreserbatutako bideak jardueraren grabitate zentroa zeharkatzen du, oinezkoentzako bideen ondoan, ibilgailuen trafikorako aurreikusitako bideetatik bereizita. Hortaz, proposatutako bide-ardatzak ez dira aldatu behar izan.
4. Jarduketa eta eskualdeko sarea abiadura handiko trenaren geltokian lotuko dituen kanpoko plataforma erreserbatua eraikitzeko beharrezkoa den lurzoru-erreserba sartzea.
Erreserba hori UPSaren beraren kudeaketatik aldendutako geroko jarduketetan ere aurreikusi beharko litzateke, garraio sistema horren ezarpena eta trazadura horretarako eskumena duen erakundeak erabakitzen dituenean.
5. Linearen amaieran etorkizunean Tranbiaren edo Metro Arinaren kotxetegiak eta tailerrak eraikitzeko lurzoru-erreserba ezartzea. Kotxetegi eta tailer horietarako kokaleku ona jarduketaren hego-mendebaldean dagoen jarduera ekonomikoen eremua dela dirudi.
Linearen amaierako kotxetegietarako lurzoru-erreserbako gune bat aurreikusi da, jarduketaren hego-mendebaldean dagoen jarduera ekonomikoen eremuaren ondoan.
6. Garraio publikoko geralekuen inguruan etxebizitzen eta jardueren antolamendua trinkotzea, garraio publikoko sarera iristeko behar den denbora osoa murrizteko helburuz.
Gendulaingo UPSak, Mankomunitateak egindako txostenak berak onartzen duen bezala, hiri-eredu dentsoa proposatzen du, erabilera aniztuna, sare itxurako bide-bilbea duena, familia bakarreko etxebizitzarik gabea. Hori guztia dela-eta, hasieran garraio publikoko asmo handiko konponbide baten bitartez artatzen ahal da. Erreserbatutako plataformak erdiko gunea zeharkatzen du, dentsitaterik handieneko gunea, hain zuzen ere, eraikigarritasuna erdiko guneetan biltzen delako eta esparruaren periferiako nahiz ertzeko aldeetan barreiatu egiten delako.
7. Garraio publikoaren geralekuak txertatzea, behar bezala diseinatu eta hornituak.
Mankomunitateak azaldutako baldintza hori inplizituki betetzen da UPSaren garapen prozesuan eta esplizituki agertuko da eremuko urbanizazio proiektuan.
8. Mugikortasunaren azterlanaren barnean Tranbiaren edo Metro Arinaren lineari txostenean adierazitako bi kokalekuetan zerbitzua emanen dioten disuasioko aparkalekuak aztertzea.
UPSan aurreikusten diren jarduketa unitateen urbanizazio proiektuak garatzen diren bitartean, esparruan aparkaleku horiek sartzeko aukera aztertuko da.
9. Etapen plan bat txertatzea, garraio publikoaren arloko jarduketak denboran programatzeko. Horrela, baliabideak egokitzen ahalko dira, UPSak etxebizitzen garapenerako egiten duen lau faseko aurreikuspenaren arabera.
Xehetasunezko azterketa hori Mankomunitateak garraio publikoaren trazadurari buruzko erabaki zehatzagoa noiz hartuko zain dago. Izan ere, horren definizio xehakatuari ekiten ahal zaio urbanizazio proiektuaren definizioarekin batera, sekzioak eta trazadura nahikoak baitira aukera guztiak ahalbidetzeko.
10. Mankomunitateak planteatu du jarduketak bere gain har dezakeela garraio publikoaren tarifetan ziurrenik gertatuko den defizita. Horri dagokionez, bidezkoa da adieraztea auzi hori ez dagokiela tramitatzen ari dena bezalako Plan Sektorial baten edukiei.
11. Tranbiaren edo Metro Arinaren linea burutzeari dagokionez, bidezkoa da adieraztea UPSak ezin duela bere gain hartu azpiegitura hori. Izan ere, azpiegitura hori ezartzea organo eskudunei dagokie, nolanahi ere.
Aurreko gogoeta guztiak ikusirik, Iruñerriko Mankomunitateak urbanizazio proiektuaren gaineko txostena eman beharko du, ukitutako zerbitzuekiko bateragarritasuna egiaztatzeko.
III.2. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua.
2009ko azaroaren 26an Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak bere eskumeneko txostena eman zuen. Bertan, jarduketak ukitzen dituen foru errepideen sarearen defentsari dagozkion oharrez eta zenbait loturaren egokitasunaren balorazioaz gain, sektorea urbanizatzeko proiektuan bete beharko diren determinazio hauek ezarri zituen:
-Gaur egungo bide sarearekiko loturen proiektuak egin aurretik, trafikoaren azterlan orokorra egin beharko da jarduketaren eremu osorako. Azterlan horrek zerbitzu mailak definituko dizkie proiektuak ukituko dituen gaur egungo bide eta bide-korapilo guztiei, baita berriei ere.
-A-12an proiektatutako tunelak 500 metrotik beherako luzera izan behar du, Estatuko errepideetako tunelen gutxieneko segurtasun baldintzei buruzko maiatzaren 26ko 635/06 Errege Dekretua betetzeko.
-Bide-korapiloak eta bide berriak egiteko gastuak sustatzailearen kargura izanen dira.
-A-12an ukitutako tarteetan obrak egiteko, beharrezkoa izanen da aipatu kontratuaren kontzesioa duen enpresarekin koordinatzea.
-Tarte horietan egin beharreko jarduketak A-12aren kontzesiodunarekin negoziatu beharko dira.
-Urbanizazio proiektua egin aurretik mugikortasunaren azterlana egin beharko da, oinarritzat hartuz egiazko inkestak eta trafiko-aurreikuspenaren makrosimulazio bat. Ukitutako hiriarteko bide guztiak aztertuko dira, batera hartuta.
-Sustatzaileak ordaindu eta, hala behar denean, egin beharko ditu jarduketaz kanpoko sistema orokorrekiko loturako azpiegiturak, bai eta jarduketak ekarriko dituen trafiko-intentsitateengatik sistema orokorretan egin beharreko aldaketak ere.
Txostenak dioenez, gainera, honako hauek urbanizazio proiektuan sartu eta UPSaren kargura finantzatuko dira: A-12 autobia estaltzea bere instalazio guztiekin, Tunelen Segurtasunari buruzko Zuzentaraua betez; A-12 autobiarekiko loturako bide-korapiloak; eta autobia hori hiru erreira handitzea. Hirigintzako kostu gisa sartuko da, halaber, UPSak Nafarroako Gobernuari egin beharreko 20.000.000 euroko ekarpena (2010eko zenbatekoa da, eta ordaintzen den egunean KPIaren arabera eguneratuko da), Zizur Nagusitik Ezkirotzera eta Gendulaindik Arazuriko lotunera bideak egiteko ekarpena, hain zuzen ere. Ordaintzeko era formalizatzeko hitzarmena sinatuko da Herri Lan Departamentuarekin, UPSaren urbanizazio proiektua onetsi baino lehen.
Aurreko ohar guztiak ikusirik, Herri Lan Departamentuak urbanizazio proiektuaren gaineko txostena egin beharko du, bere txostenean ezarri zituen baldintzak bete diren ikusteko.
III.3. Osasun Departamentua.
Osasun arloko Irakaskuntza eta Garapen Zerbitzuak jakinarazi duenez, kalkulatzen den biztanle kopurua kontuan izanik, bi osasun etxe beharko dira oinarrizko osasun laguntzarako, bakoitza 2.115 m²-koa, eta oraingoz ez dago osasun ekipamendu gehiagoren beharrik.
Bigarren solairuan, osasun etxe horietako batean osasun mentaleko zentroa koka liteke eta bestean emakumeei laguntzeko zentroa, biztanle kopurua 48.000ra iristeko aurreikuspena beteko balitz.
Bestalde, zerbitzu horrek ez du beharrezkotzat jotzen Planean aurreikusitako 5.402 m²-ko orubea osasun ekipamenduetarako erabiltzea.
Horri dagokionez, UPSak aurreikusten du bi lurzati gordetzea, PD4 eta PD18, bakoitza 2.646 m²-koa, eta aukera ematen du beheko solairua eta beste hiru solairu izanen dituzten eraikinak egiteko, 14 metro garai. Aurreikuspen horiek nahikoak dira behar diren ekipamenduak eraiki ahal izateko.
III.4. Hezkuntza Departamentua.
Obren eta Mantentze Lanen Zerbitzutik adierazi dute eskola ekipamendurako espazio hau gorde behar dela, gutxienez:
-Haur Hezkuntzako Lehen Zikloko 100 unitate, zortzi ikastetxetan banatuak (ikastetxe bakoitzean 12 unitate gehienez). Ikastetxe bakoitzeko 1.800 m² behar dira.
-Haur eta Lehen Hezkuntzako lau ikastetxe, bakoitza 4 hezkuntza lerrorekin. Ikastetxe bakoitzeko 10.000 m² behar dira.
-Hiru institutu, bakoitza DBHko 4 lerrorekin eta Batxilergoko 3 lerrorekin. Ikastetxe bakoitzeko 8.000 m² behar dira.
-Lanbide Heziketako ikastetxe bat, 12.000 m²-koa.
Hona hemen Obren Zerbitzuaren txostenean azaltzen diren ondorioak:
UPSak nahikoa lurzoru gordetzen du Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako, DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ekipamenduetarako.
Haur Hezkuntzako lehen zikloari dagokionez, 8 orube behar dira, bakoitza 1.800 m²-koa, baina UPSak bost orube baino ez ditu aurreikusten ziklo horretarako. Hala ere, haietako bakoitzak 4.000 m² baino gehiago dituenez, 12 unitateko bi ikastetxe eraiki litezke, gehienez, lurzati bakoitzean. Horrenbestez, hezkuntza ziklo horretako ekipamenduetarako gordetako lurzorua nahikotzat jotzen da.
UPSan hezkuntza ekipamenduetarako gordetako lurzorua nahikotzat jotzen da Gendulaingo etorkizuneko biztanleriak ustez izanen dituen beharretarako.
III.5. Sustapen Ministerioa.
Planaren eremua Noaingo aireportuko zortasun aeronautikoen eta eragin akustikoaren mende egonik, aginduzkoa da Sustapen Ministerioko Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiaren txostena.
2010eko irailaren 15ean txostena eskatu zitzaien AENAri eta Sustapen Ministerioko Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari. Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak hala adierazirik, aireko konoak ukitzen dituen etxesailen hirigintza-fitxak aldatu egin ziren, aipatu erakundeek aginduzko txostena emateko eskatzen dituzten determinazioak haietan sartuz.
Txostena eskatu zenetik bi hilabete igaro direnez halakorik jaso gabe, UPSa tramitatzen segituko da, horrela agintzen baitu Interes orokorreko aireportuen eta haietako zerbitzu eremuen antolamenduari buruzko abenduaren 4ko 2591/1998 Errege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriak, Zerga, Administrazio eta Gizarte arloetako Neurriei buruzko abenduaren 30eko 13/1996 Legearen 166. artikuluan xedatutakoa betearaziz. Eskatutako txostena ematen bada, bertan ezartzen diren determinazioak UPSari erantsi beharko zaizkio.
III.6. Ebroko Ur Konfederazioa.
Planaren eremuan badira hainbat ur-laster eta txostena eskatu behar zaio Ebroko Ur Konfederazioari. Erakunde horrek Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioaren mende dihardu.
Ebroko Ur Konfederazioak txostena eman du 2010eko martxoaren 25ean. Ondorio gisa hauxe dio: "Gendulaingo UPSa egokia da, baina, betiere, UPSeko Ingurumen ondorioen azterlanean azaltzen diren zuzenketa eta prebentzio neurriak ezarri behar dira, eta txukuntasun eremuan jarduketak baimentzeko irizpideei buruzko gomendioak bete behar dira jarduketa guztietan (gomendio horiek 1999an eman zituen Ingurumen Ministerioko Obra Hidraulikoetarako eta Uraren Kalitaterako Zuzendaritza Nagusiak), bai eta urtarrilaren 11ko 9/2008 Errege Dekretua ere, apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamendua aldatzen duena, urak har dezakeen eremu nagusiaren kontzeptua sartuz. Horretarako, uholdeen azterlana eginen da. Gainera, behar diren baimenak eskatuko zaizkio arroko erakundeari".
Aurreko lerroaldean xedatutakoa ikusirik, uholdeen gaineko azterlana erantsi zaio UPSeko dokumentazioari.
III.7. Iraunkortasun ekonomikoari buruzko txostena.
Sustatzaileak "Iraunkortasun ekonomikoari buruzko memoria" aurkeztu du, Lurzoruari buruzko 8/2007 Legearen Testu Bategina onesten duen ekainaren 20ko 2/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 15. artikuluan ezarritako legezko baldintza betetzeko.
Azterlanaren xedea izan da UPSaren exekuzioak aztertutako eremuko toki ogasunetan izanen duen eragina ebaluatzea, kostuei eta diru sarrerei erreparatuz. Zenbatespen horietatik abiatuta, 2008-2020 bitarteko aurrezki gordina kalkulatu da iraunkortasun ekonomikoaren oinarrizko adierazletzat, urbanizazioa bitarte horretan garatuko baita.
Txostenean ondorio hau atera da: UPSa Galarko eta Zizurko udal aurrekontuetan sartzeak ekarriko duen aurrezte gordina UPS gabeko aurreikuspenean sortzen dena baino handiagoa da.
IV.-Espedientearen ebazpenerako aurkeztutako agiriak.
2010eko azaroaren 18an, UPSaren sustatzaileak, UPSa ebazteko eta Ingurumen ondorioen adierazpena egiteko tramiteak erraztu nahian, haren ale eguneratu bat aurkeztu du, agiri hauek biltzen dituena:
-Memoria.
-Hirigintzako araudia.
-Ekoeraginkortasunari buruzko gomendioak.
-Iraunkortasun ekonomikoari buruzko memoria.
-Mugikortasunaren azterlana.
-Uholdeen azterlana.
-Trafikoaren azterlana.
-Ingurumen eraginaren azterlana.
-Zarataren azterlana.
-Azterlan bioklimatikoa.
-Etxebizitza-eskariaren azterlana.
-Administrazio-egituraren azterlana.
-Foru Ogasun Publikoaren gaineko eraginaren azterlana.
-Informazioko 11 plano.
-Antolamenduko 34 plano.
V.-Espedientea tramitatu bitartean egindako aldaketak. Amaierako proposamena.
Espedientearen tramitazioan zenbait aldaketa egin zaizkio UPSari, jendaurreko informazio prozedurak, ukitutako toki entitateentzako entzunaldiak, emandako txosten sektorialek, Ingurumen ebaluazio estrategikoak eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiaren zuzendaritza lan teknikoak berak eraginda. Planaren aldaketa horiek ez dira funtsezkoak, eta testu bategin batean bildu beharko dira.
Aipatzekoa da, ildo horretan, etxebizitzak eraikitzeko jarduketa UPS izendatzen duen Gobernuaren erabakian, azalpen zatiaren VI. atalean ("Proposamenaren azalpena"), hain zuzen ere "a.1. Sailkapena, kategorizazioa, kalifikazioa eta kudeaketa" epigrafean, honako jarduketa sistema hau ezartzen dela: "UE-1, UE-2 eta UE-5 unitateetan, lankidetza; eta UE-3 eta UE-4 unitateetan, UPSaren tramitazioan zehaztu beharrekoa" (1.-4. bitarteko unitateen erabilera orokorra "Bizitegi kolektiboa" da, eta UE-5 unitatearena "Jarduera ekonomikoa"). Bidezkoa da, hortaz, espedientearen tramitazioaren azken fase honetan jarduketa sistema egokia zehaztea UPS osorako. Egokitzat jotzen da jarduketa sistema bakarra erabiltzea, eta lankidetza sistema -jada aurreikusia UPSaren eremuaren zatirik handienean- aproposa da, funtsean, antolamenduak dituen ezaugarrietarako eta ustez izanen duen garapenerako. Horregatik erabaki da sistema hori erabiltzea UPS osoan.
Azkenean hauek dira proposamenaren parametroak:
1. Azalerak.
-UPSaren eremuaren azalera, guztira: 4.113.757 m².
Galarren: 755.731,13 m² (%18,37).
Zizurren: 3.358.025,87 m² (%81,63).
2. Kudeaketa eremuak.
-Banaketa eremu bakarra, bi azpisektorerekin
Eremuaren azalera: 4.113.757 m².
Sailkapena: Lurzoru urbanizagarri sektorizatua.
Eredu aprobetxamendua: 0,85585 AU/m².
Bizitegitarako metro karratu eraikiak: 2.298.678,46 m².
Merkataritzarako eta hirugarren sektorerako metro karratu eraikiak: 190.235,46 m².
Jarduera ekonomikorako metro karratu eraikiak: 317.059,94 m².
Etxebizitza babestuen (BOE) portzentajea: %49,52.
Etxebizitza babestuen (PTE) portzentajea: %38,93.
Erabilera orokorra: Bizitegi kolektiboa.
1.1 azpisektorea.
Sailkapena: Lurzoru urbanizagarri sektorizatua.
Jarduketa sistema: Lankidetza.
Erabilera orokorra: bizitegitarako erabilera.
Eremuaren azalera: 3.185.012,09 m².
Etxebizitzen kopurua, orientabide gisa: 18.389
Metro karratu eraikiak: 2.621.636,72 m².
Aprobetxamendua, guztira: 3.108.808,24 AU.
1.2 azpisektorea.
Sailkapena: Lurzoru urbanizagarri sektorizatua.
Jarduketa sistema: Lankidetza.
Erabilera orokorra: jarduera ekonomikoa.
Sektore mota: antolatu gabea.
Eremuaren azalera: 928.744,91 m².
Etxebizitzen kopurua, orientabide gisa: 0.
Metro karratu eraikiak: 184.336,30 m².
Aprobetxamendua, guztira: 147.469,04 AU.
3. Lagapenak eta erreserbak
-Espazio libre publikoen sistema orokorrak: 344.801,77 m² lur.
-Espazio libreen sarea (toki ekipamendua): 732.783,94 m² lur.
-Komunitate-ekipamendu publikoa: 316.003,93 m² lur.
-Udalez gaindiko ekipamendua: 69.089,45 m² lur.
-Aparkatzeko tokiak lurzoru publikoan: 16.526
4. Homogeneizazio-koefizienteak:
Etxebizitza kolektibo libreak: 1,80.
Prezio tasatuko etxebizitza kolektiboak: 1,32.
Babes ofizialeko etxebizitza kolektiboak: 1,00.
Merkataritza: 0,80.
Hirugarren sektorea: 0,80.
VI.-Ingurumen ondorioen adierazpena.
Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak UPSaren Ingurumen ondorioen adierazpena egin du azaroaren 26ko 01868/2010 Ebazpenean, eta ebazpen horretako determinazioak bete behar dira.
Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearekin bat etorririk eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,
ERABAKI DU:
1. Aurkeztu diren alegazioak erabaki honen azalpen zatian adierazitako moduan ebaztea.
2. Galar eta Zizurko udal mugapeetan Gendulain izeneko alderdian etxebizitza babestuetarako bizitegi eremu bat garatzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala, "Navarra de Suelo Residencial, S.A" sozietate publikoak sustatua, onestea. Determinazio hauek bete beharko ditu:
a) Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiaren txostenean ezartzen direnak.
b) Eremua urbanizatzeko prozesuak lur azaleko ur isurketa areagotuko duenez, euri jasetarako putzuak egin behar dira soberakinak biltzeko. Hori dela eta, aldaketa hauek eginen dira antolamenduan:
-Ekipamenduetarako PD9a, PD9b eta P28 lurzatiak kentzea.
-PV10, PV12, PV16 eta PD6 lurzatien azalera murriztea, erabilera publikoko espazio libre nahiko zabala egon dadin euri jasetarako putzuen eta lurzati eraikigarrien artean.
c) Gendulaingo mendilerroaren ondotik doan bidearen trazadura aldatu eta mendietatik urrunduko da, arazo geologikoak dituzten mazelak ez ukitzeko. Horretarako aldatu egin beharko dira PV50, PV51 eta PV52 lurzatien azalerak.
d) Sektorea urbanizatzeko oinarrizko proiektuak Iruñerriko Mankomunitatearen txostena beharko du.
e) Oinarrizko urbanizazio proiektuak Ebroko Ur Konfederazioaren txostena beharko du.
f) Oinarrizko urbanizazio proiektuari erantsi beharko zaizkio Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren txostenetan ezarritako baldintzak, espedientean dauden horiek alegia, edo bestela departamentu horrek ikus-onetsitako ordezko baldintzak. Horretarako, urbanizazio proiektuak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren txostena beharko du.
g) Proiektuak Done Jakue Bidea babesteko 30 metroko zerrenda eta haren erabileren araubidea errespetatuko ditu, abenduaren 14ko 290/1988 Foru Dekretuak ezarri bezala. Horretarako behar diren aldaketa teknikoak eginen dira.
3. Sustatzaileak ordaindu eta, hala behar denean, egin beharko ditu jarduketaz kanpoko sistema orokorrekiko loturako azpiegiturak, eta baita sistema horiek handitu edo indartzeko behar diren obrak, jarduketaren tamaina edo dentsitatea dela medio edo ekarriko dituen intentsitateengatik egin beharko direnak.
4. Egin nahi diren instalazioek ukitu edo baldintzatu ditzaketen gainerako azpiegitura eta zortasunei dagokienez, entitate sustatzaileak behar diren baimen guztiak eskuratu beharko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren erakundeetan.
5. Sustatzaileari agintzea testu bategina egin dezala, hasierako proiektuari erantsi zaion dokumentazioaren ondoriozko aldaketak sarturik, bai eta alegazioen ebazpenaren eta ezarri diren zehaztapenen ondoriozkoak ere.
6. Galar Zendeako Eskualdeko Hilerriaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala iraungi dela deklaratzea, abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 46.2.a) artikuluan ezarritakoari jarraituz. Plan hori behin betiko onetsi zen Gobernuak 1996ko otsailaren 12an hartutako erabakiaren bidez.
7. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta haren berri igortzea Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Osasun Zuzendaritza Nagusiari, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari, Gizarte Gaien Zuzendaritza Nagusiari, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiari eta Etxebizitza Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.
8. Erabaki hau jakinaraztea Zizur Zendeako eta Galar Zendeako udalei, Iruñerriko Mankomunitateari, Ebroko Ur Konfederazioari, Sustapen Ministerioko Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, AENAri, Desarrollo Sostenible de Navarra, S.L. enpresari, Navarra de Suelo Residencial, S.A.ri (Nasursa) eta alegaziogileei, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabaki honek bide administratiboa amaitu duela eta beraren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.
Nolanahi ere, Administrazio Publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2010eko abenduaren 20an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.
Iragarkiaren kodea: F1021098
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
