14. ALDIZKARIA - 2011ko urtarrilaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARILLAS

Urbanizatzeko proiektuaren
behin betiko onespena deuseztatzeko ebazpena

Barillasko Alkatetzak, gaurko egunez, ondokoa eman du:

Alkatetzaren ebazpena, Constitucion etorbideko exekuzio unitatea urbanizatzeko proiektua behin betiko onesteko 2010-10-14ko ebazpena deuseztatzen duena, haren kontra aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoa baiesteko.

Barillasen, 2010eko abenduaren 17an.

Constitucion etorbideko exekuzio unitatea urbanizatzeko proiektua behin betiko onesteko ebazpena Barillasko Alkatetzak eman zuen 2010eko urriaren 14an eta 2010eko 135. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 5ean. Bada, Jesús Fuentes Fuentesek 2010eko azaroaren 29an haren kontra aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoa ikusirik,

Kontuan izanik berraztertzeko errekurtso hori funtsean oinarritzen dela udal honek 2010eko azaroaren 25eko osoko bilkuran erabakitako akats zuzenketan, exekuzio unitatea mugatzeko proiektua tramitatzeari eta jarduketa sistema hautatzeari buruzko horretan, eta, hori dela eta, espediente horretako jarduketak atzera eraman direla hasiera bateko onespeneraino eta delako espedientea jendaurrean paratzeraino, gainerako jarduketak indarrik gabe utzita.

Kontuan harturik akatsa benetakoa dela, hasiera batean onetsitako jarduketa sistema lankidetza baitzen, eta, haatik, gainerako jarduketetan, akatsa dela medio, konpentsazioa zela agertu baita, salbu eta hasierako onespenaren erabaki horretan.

Kontuan harturik Udalak 2010-11-25eko osoko bilkuraren bidez jarduketa unitatea mugatzeko proiektuan zuzendutako akatsak deuseztatzen dituela unitatea mugatzeko proiektuaren behin betiko onespena eta jarduketa sistemaren hautaketa, eta, halaber, akats hori zuzenduta, jendaurreko epea berriz egiteko agintzen duela.

Kontuan izanik osoko bilkuraren erabaki deuseztatu horretan (unitatea mugatzea eta sistema hautatzea behin betiko onetsi zituena) oinarritzen dela urbanizazio proiektu honen hasierako nahiz behin betiko onespena, eta osoko bilkuraren erabaki hori deuseztatzea aski dela aurkeztu den berraztertzeko errekurtsoa baiesteko eta urbanizazio proiektua behin betiko onesteko ebazpena, orain errekurritua, horren ondorioz deuseztatzeko.

Kontuan izanik, halaber, jarduketa sistemaren izenarekin akatsa egiten dela urbanizazio proiektua hasiera batean onesteko Alkatetzak 2010-07-07an eman ebazpenaren lehenengo paragrafoan, konpentsazioa aipatzen baita lankidetzaren ordez, eta horren ondorioz akats bera egin dela prozedura horretan ere.

Kontuan izanik urbanizazio proiektu honen tramitazioak eta araudian xedatuak ez dutela bat egiten gaizki argitaratutako jarduketa sistemari dagokionez (konpentsazioa), eta, hori dela-eta segurtasun juridikoaren printzipioa hautsi denez, hura zuzendu behar da espediente honetan ere jarduketak atzera eramanez.

Honen bidez,

EBATZI DUT:

1. Jesús Fuentes Fuentesek Alkatetzaren 2010-10-14ko ebazpenaren kontra aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoa baiestea, eta hura indarrik gabe uztea eta deuseztatzea adierazitako arrazoiengatik. Ebazpen horren bidez behin betiko onetsi zen Constitucion etorbideko exekuzio unitatea urbanizatzeko proiektua, eta 2010eko 135. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, azaroaren 5ean.

2. Urbanizazio proiektuaren tramitazioa berriro hastea, Udalak exekuzio unitatea mugatzeko eta jarduketa sistema hautatzeko proiektua behin betiko onesten duenean, aurreko tramitazioa zuzendu ondoren.

3. Honako hau errekurtsogileari, interesdunei eta Nafarroako Administrazio Auzitegiari jakinaraztea, 10-7605 zenbakidun berraztertzeko errekurtsoaren ondorioetarako, eta, halaber, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izateko.

4. Osoko Bilkurari ebazpen honen berri ematea, egiten den lehenbiziko bilkuran.

Barillasen, 2010eko abenduaren 17an.-Alkatea, María Teresa Martínez Baigorri".

Hori guztia aditzera ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan. Ebazpen honen aurka honako errekurtso hauek jar daitezke:

-Gora jotzeko errekurtsoa, hautara, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari edo epaitegiei zuzendua, gaia dela-eta eskumena nori dagokion eta horrela, bi hilabeteko epean.

Ulertuko da ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatzen direla epeak.

Barillasen, 2010eko abenduaren 18an.-Alkatea, María Teresa Martínez Baigorri.-Idazkaria, Manuel Corpas Rubio.

Iragarkiaren kodea: L1021678