Iragarkia
14. ALDIZKARIA - 2011ko urtarrilaren 21a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
1914/2010 EBAZPENA, abenduaren 21ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrari laguntzaileen 25 lanpostu huts lekualdaketa-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia onesten duena.
Kontuan harturik badirela Nafarroako Unibertsitate Publikoan administrari laguntzaileen 25 lanpostu huts aurrekontuan behar den diru kopurua dutenak.
Kontuan harturik beharrezkoa dela aipatu lanpostuak betetzea.
Ikusirik Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren txostena.
Kudeatzaileak proposatuta.
Lege indardunek eman dizkidaten eskumenak erabiliz.
Ebatzi dut:
Lehenengoa.-Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrari laguntzaileen 25 lanpostu huts lekualdaketa-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia, ebazpen honen I. eranskin moduan gehitzen dena.
Bigarrena.-Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari OfizialEAN argitaratzeko agintzea.
Hirugarrena.-Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko Lege Organikoaren 6.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, eta bere aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Iruñean, 2010eko abenduaren 21ean.-Julio Lafuente López, Errektorea.
I. ERANSKINA
Deialdia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak abenduaren 21ean emandako 1914/2010 Ebazpenaren bidez onetsia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrari laguntzaileen 25 lanpostu huts lekualdaketa-lehiaketaren bidez betetzeko.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak abenduaren 21ean emandako 1914/2010 Ebazpenaren bidez onetsi da, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrari laguntzaileen 25 lanpostu huts lekualdaketa-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak onesten dituen maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren 106. artikuluak ezarritakoaren arabera, lehiaketa hau gobernatuko duten arauak honako hauek izanen dira: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, hura garatu eta betearazteko azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lanpostuak betetzeko Erreglamendua (martxoaren 14ko 59/2005 Foru Dekretuaren bidez aldatua), eta deialdi honetako oinarri hauek.
OINARRIAK:
1.-Xedea.
Aditzera ematen da deialdia egin dela administrari laguntzaileen 25 lanpostu lekualdaketa-lehiaketaren bidez betetzeko. Hona hemen lanpostuak:
Idazkaritza Teknikoa:
-Administrari laguntzailearen lanpostu huts bat, funtzionarien araubidekoa, D mailakoa, plantilla organikoan 50 zenbakia duena.
Zerbitzu Juridikoa:
-Administrari laguntzailearen lanpostu huts bat, funtzionarien araubidekoa, D mailakoa, plantilla organikoan 45 zenbakia duena.
Komunikazio Zerbitzua:
-Administrari laguntzailearen bi lanpostu huts, funtzionarien araubidekoak, D mailakoak, plantilla organikoan 510 eta 393 zenbakiak dituztenak. 510 zenbakiko lanpostu hutsak goizeko lanaldia dauka eta 393 zenbakikoak lanaldi zatitua.
Ikerketa Zerbitzua:
-Administrari laguntzailearen hiru lanpostu huts, funtzionarien araubidekoak, D mailakoak, plantilla organikoan 28, 59 eta 515 zenbakia dutenak, guztiak goizez jardutekoak.
Ikasleen Gaietarako Zerbitzua:
-Administrari laguntzailearen hamazazpi lanpostu huts, funtzionarien araubidekoak, D mailakoak, plantilla organikoan ondoko zenbakia dutenak:
-Ikasleentzako Argibide Bulegoa: 534, lanaldi zatitua eta destinoa Tuteran duena, eta 167 arratsaldez Iruñean jardutekoa.
-Graduko Ikasketen Atala: 157, 158 eta 168, guztiak goizez jardutekoak.
-Irakaskuntza Programatu eta Laguntzeko Atala: 288, goizez jardutekoa.
-Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea: 333, arratsaldez jardutekoa.
-Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatea: 335, arratsaldez jardutekoa.
-Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskola: 331, arratsaldez jardutekoa.
-Automatika eta Konputazio Saila: 282, arratsaldez jardutekoa.
-Osasun Zientzien Saila: 400, arratsaldez jardutekoa.
-Natura Ingurunearen Zientzien Saila: 294, arratsaldez jardutekoa.
-Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saila: 399, arratsaldez jardutekoa.
-Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritza Saila: 304, arratsaldez jardutekoa.
-Nekazaritzako Ekoizpen Saila: 314, arratsaldez jardutekoa.
-Psikologia eta Pedagogia Saila: 290, lanaldi zatitua.
-Gizarte Laneko Saila: 320, arratsaldez jardutekoa.
Liburutegia:
-Administrari laguntzailearen lanpostu huts bat, funtzionarien araubidekoa, D mailakoa, Zerbitzuetako Atalari atxikia, plantilla organikoan 229 zenbakia duena eta arratsaldez jardutekoa.
534 lanpostu hutsa Tuteran destinoa duen bakarra da, gainerakoak Iruñean jardutekoak dira. 50, 510, 393, 28, 167, 158, 168, 288, 399, 304, 314 eta 290 zenbakiko lanpostu hutsak beharrezko baldintza dute euskaraz jakitea.
2.-Lanpostu hutsak gehitzea.
2.1. Deialdi honetako lanpostuen kopurua handitu ahalko da, epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiatzaileen zerrenda, lortutako puntuen hurrenkeraren arabera, igortzen dion egunean hutsik dauden lanpostuak gehituta.
2.2. Lehiaketa honetan beteko diren lanpostuak ondokoak izango dira: deialdian bertan hasieratik eskainiak eta, hala badagokio, aurreko lerroaldean aipatzen den kopurua handitzearen ondoriozkoak, baita lehiaketan beste lanpostu bat lortzen duten lehiatzaileek hutsik uzten dituztenak ere.
2.3. Aurrekoa gorabehera, izangaiek lekualdaketa-lehiaketan lanpostua lortu eta gero hutsik uzten dituzten lanpostuak ez dira eskainiko bete beharrekoak ez badira, "iraungitzeko" lanpostuak direlako edo titularrek nahiz ordezkoek betetzen ez dituztelako.
3.-Baldintzak.
3.1. Indarra duen araudian xedatutakoari jarraikiz, lekualdaketa lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, ondoko baldintzak bete beharko dira, eskaerak aurkezteko epearen azken egunean eta lanpostu hutsak aukeratu eta esleitutako lanpostuaz jabetu bitartean:
a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko karrerako funtzionarioa izatea, edozein izanda ere administrazio egoera.
b) D maila edo taldeko administrari laguntzailearen lanpostu batean aritzeko izendatua izatea.
c) EGA (C1) titulua edukitzea, plantilla organikoaren arabera euskara jakitea betebeharra duten lanpostuetara aurkeztu nahi izanez gero, eta deialdi honetan horrela ezartzen bada.
3.2. Zerbitzu, atal, bulego edo aurrekoekin parekatutako unitate baten buru diren eta deialdi honetan eskatutako baldintza guztiak betetzen dituzten funtzionarioek lekualdaketa-lehiaketan parte hartu ahalko dute. Prozedura honetan esleitutako lanpostuaz jabetzeak ekarriko du zerbitzu, atal, bulego edo aurrekoekin parekatutako unitatearen buru izateari uztea.
3.3. Borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian urtebete eman duten funtzionarioek zilegi izango dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen betebeharrak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta lanpostu bat behin betikoz esleituko zaie.
3.4. Zerbitzu aktiboan eta Unibertsitate honetan behin-behineko destinoarekin dauden funtzionarioek halabeharrez parte hartu beharko dute lehiaketa honetan, behin betiko esleipena egiteko, eta ezin izango diote destino horri uko egin.
Lehiaketa honetan parte hartzea eskatzen ez badute, zerbitzu aktiboan eta behin-behineko destinoarekin dauden funtzionario horiek lanpostuen zerrendan bete gabe dauden lanpostuetan izango dute destinoa, errektoreak esleitzeko emango duen ebazpenaren bidez.
3.5. G9 taldeko zenbait Unibertsitatek (Zaragoza, Extremadura, Errioxa, Balear Uharteak, Kantabria eta Oviedo) 2007ko maiatzaren 11n sinaturiko Mugikortasun Hitzarmenaren arabera, aipatutako Unibertsitateetan behin betiko destinoa duten D maila edo taldeko karrerako funtzionarioek, beren Unibertsitateetan administrari laguntzaile edo lanpostu baliokide batean aritzeko izendatuek, parte hartu ahalko dute lehiaketa honetan beren maila edo taldean hutsik gelditzen diren lanpostuak betetzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko karrerako funtzionarioek 10.1 oinarrian aipatzen den lanpostuen hautaketa egin ondoren.
4.-Lansariak.
Lekuz aldatzen diren langileek indarra duten xedapenek esleitzen dizkieten lansariak jasoko dituzte.
5.-Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.
5.1. Deialdian parte hartzeko eskaerak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Judirikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz, deialdia Nafarroako Aldizkari OfizialEAN argitaratu eta biharamunetik hamabost egun naturaleko epean.
Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian egingo da, posta zerbitzuko langileak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzan.
5.2. Eskaerak deialdi honen eranskinean dagoen ereduari lotu behar zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eredu hori Interneten bidez ere lortu ahal da, www. unavarra.es helbidean.
5.3. Eskaerarekin batera hauek aurkeztuko dira:
a) Deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien frogagiriak, jatorrizkoak edo behar bezala kautotutako fotokopiak, salbu eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan behin betiko destinoa duten karrerako funtzionarioek administrazio publikoetan egindako zerbitzuen egiaztagiriak, horiek zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuak.
Izangaiek merezimenduak, behar bezala zerrendatuak, alegatu eta frogatuko dituzte baremoko puntuazio eskemari jarraikiz.
b) Oinarri hauetako 3.4 atalean aipaturiko Mugikortasun Hitzarmena sinatu zuten Unibertsitateetako karrerako funtzionarioek Unibertsitate horietako bateko karrerako funtzionarioa izatearen egiaztagiria aurkeztu beharko dute, eta baita D maila edo taldeko administrari laguntzaile edo lanpostu baliokide batean aritzeko izendapenaren egiaztagiria ere.
5.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izango da luzatu.
6.-Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.
6.1. Eskaerak aurkezteko epea amaiturik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari OfizialEAN argitaratzeko aginduko, ohartaraziz, hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela eta, akatsen bat badago, haiek zuzendu.
6.2. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, errektoreak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzeko ebazpena emango du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.
6.3. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.
6.4. Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, errektoreak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
7.-Epaimahaiaren osaera.
7.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:
Epaimahaiburua: Itziar Ayerdi Fernández de Barrena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria.
Ordezkoa: Isabel Ibarrola San Martín, Langileen Kudeaketa Ataleko burua.
Batzordekideak:
1. Cristina Abaurrea Arizmendi, Araubide Juridiko eta Administratiboko Zerbitzuko burua.
Ordezkoa: María José Iñigo Berrio, Ekonomia Kudeaketarako Ataleko burua.
2. Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.
Ordezkoa: Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.
7.2. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da epaimahaia. Epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da.
7.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren arauak aplikatzeko eta interpretatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.
7.4. Administrazio prozeduraren arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
8.-Merezimenduen kalifikazioa.
8.1. Deialdiaren 5.3 oinarrian agindutakoaren arabera, merezimendu guztiak jatorrizko agirien bidez edo kautotutako kopien bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak lekualdateka-lehiaketa honetan parte hartzeko eskaera aurkeztean.
8.2. Alegatu eta egiaztaturiko merezimenduak deialdi honen II. eranskinean azaldu baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak. Merezimenduak balioestean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den eguna arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroago egindako merezimenduak ez dira aintzat hartuko.
8.3. Epaimahaiak ezin izango du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzerako baremoan aipatzen den gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.
8.4. Izangaiek lehiaketan guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, Unibertsitate Publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da, eta hala eta guztiz ere berdinduta segituz gero, izangai adinez zaharrenari emango zaio lehentasuna.
8.5. Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatu ahal ditu, izangaiek alegatu eta frogaturiko merezimenduen gainean.
9.-Izangaien zerrenda, erdietsitako puntuazioaren arabera.
9.1. Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emango du Administrazio eta Kudeaketa Eraikineko iragarki oholean izangaien zerrenda eta bakoitzak lortutako puntuazioa.
9.2. Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, izangaiek bost egun balioduneko epea izango dute merezimenduen balioespenaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alegatzeko. Bi zerrenda emango dira argitara, bana lehiaketa honetan parte hartzen duten arlo bakoitzeko (barnekoa eta Mugikortasun Hitzarmenekoa).
9.3. Aurkeztutako erreklamazioak ebatzitakoan, edo erreklamaziorik aurkeztu gabe ezarritako epea bukatutakoan, epaimahaiak izangai guztien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Administrazio eta Kudeaketa Eraikineko iragarki oholean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean, eta izangaien zerrenda, lortutato puntuazioaren arabera ordenaturik, Unibertsitateko errektoreari igorriko dio espediente osoarekin batera, behar izanez gero, hasierako lanpostuen kopurua handitzeari buruzko ebazpena eman dezan.
10.-Lanpostu hutsak aukeratzea.
10.1. Izangaiek lanpostu hutsak lorturiko puntuazioaren arabera aukeratu ahalko dituzte; horretarako, kudeatzaileak ezarriko duen tokian, datan eta orduan agertu beharko dute. Lanpostuak aukeratzeko ekitaldirako deialdia Administrazio eta Kudeaketa Eraikineko iragarki oholean eta Unibertsitatearen web-orrialdean argitaratuko da, gutxienez bost egun natural lehenago.
Izangaiek ezin izango dituzte hautatu behin betiko eran atxikirik dauden Atal bereko lanpostuak, salbu eta Ikastegia, Saila, Bulegoa, udalerria edo lanaldi mota aldatzen bada.
10.2. Behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan salbu, lanpostua aukeratzen ez duten lehiatzaileek lehiaketaren xedeko lanpostu hutsak betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.
10.3. Nafarroako Unibertsitate Publikoko karrerako funtzionario guztiek, lehiaketan parte hartzaile borondatezkoak edo nahitaezkoak direnek, lanpostua hautatzeko ekitaldia bukatutakoan, bete beharreko zenbat lanpostu huts gelditu diren ikusirik, Mugikortasun Hitzarmena sinatu duten G9 taldeko Unibertsitateetako karrerako funtzionarioek hautatuko dute lanpostua, lortutako puntuazioaren arabera.
11.-Esleipena eta lanpostuaren jabetza hartzea.
11.1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, ebazpenaren bidez, lanpostua esleituko die proposatutako izangaiei, eta hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
11.2. Izangaiek esleipenari buruzko ebazpena argitaratu ondoko hamar egun naturaleko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, non eta deialdia egin duen organoak jabetza hartzeko beste data bat ezartzen ez duen ebazpen horretan.
12.-Aurkeztutako dokumentazioa.
12.1. Izangaiek, baldin eta erreklamazio edo errekurtsorik jartzen ez bada, aurkeztu dituzten agiriak berreskuratu ahalko dituzte, halaxe eskatu ondotik. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkez dezakete, lanpostuak esleitzeko ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta beste hiru hilabeteren buruan.
12.2. Aurreko atalean ezarririko epea agiriak eraman gabe bukatzen bada, ulertuko da izangaiak uko egin diola agiriak eskuratzeari, horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsituko dira.
12.3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkeztu baldin bada, agiri horiek gorde egingo dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiri horiek berreskuratu ahal dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.
13.-Errekurtsoak.
Deialdi honen eta bere oinarrien kontra eta hura aplikatzeko egintzen kontra, zilegi izango da berraztertzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.
Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal da, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera hilabeteko epean.
Hori guztia urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluekin bat.
ERANSKINA
Eskabide eredua
.............................................. izateko ..................... lanpostu lekualdaketa-lehiaketaren bidez betetzeko deialdian parte hartzeko eskaera. Deialdia ..................... zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, .................... (e)ko ..................aren ............ (e)an.
1.-Norberaren datuak.
Deiturak eta izena ......................................................................................................, jaiotze eguna eta jaioterria ............................, NAN ............................, helbidea ................................................, PK .........................., etxeko telefonoa ............................, laneko telefonoa ...............................................................
2.-Administrazio datuak.
a) Zein lanpostutarako izendatu ninduten
a.1) Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioa / ...........................................(e)ko Unibertsitateko funtzionarioa
b) Administrazio egoera.
b.1) Jardunean.
b.2) Eszedentzian.
(X batez markatu behar den kontzeptua).
c) Egungo destinoa.
Lanpostua
Lanpostuaz jabetu nintzen eguna
Zerbitzua
Atala
d) Maila edo taldea:
3.-Nik, izenpetzaileak, adierazten dut eskaerak aurkezteko azken egunean eskaturiko baldintza guztiak betetzen ditudala.
4.-Eskaerarekin batera, deialdian parte hartzeko eskatzen diren agiriak eta alegatu ditudan merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu ditut, ............. (e)tik ............. (e)ra zenbakituak, baremoko puntuazio eskemari jarraikiz.
Horrenbestez,
Eskatzen dut deialdi honetan onar nazatela.
Iruñean, ......... (e)ko .................. aren ................ (e)an.
(Sinadura)
NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO ERREKTORE JAUNA.
II. ERANSKINA
Merezimenduak balioesteko baremoa
1. atala. Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuak.
1. Zerbitzuen balioespena egiteko, puntu bat emango zaio izangaiari, edozein administrazio publikotan eta haren erakunde autonomoetan zerbitzuan emandako urte bakoitzeko, deialdiari dagokion maila edo talde bereko lanpostuetan.
2. Zerbitzuen balioespena egiteko, 0,75 puntu emango zaio, edozein administrazio publikotan eta haren erakunde autonomoetan zerbitzuan emandako urte bakoitzeko, deialdikoa ez den maila edo taldeko lanpostuetan.
3. Titulazio akademiko edo profesional jakin bat eskatzen duten lanpostuak betetzeko, 1. atalean kontuan hartuko dira soilik aipatu titulazioa eskatzen zuten lanpostuetan emandako zerbitzuak; maila bereko beste lanpostuetan egindako zerbitzuak 2. atalaren arabera balioetsiko dira.
Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emango zaio azpi-atal bakoitzean.
Atalari dagokion puntuazioa gehinez ere 30 puntukoa izango da.
Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira balioetsiko.
Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, egoera horietan sartu aurretik zuen lanpostuan egindako zerbitzuak bezala kontatuko dira.
Beste zerbitzu batzuekin batera egindako zerbitzuen kasuan, puntuazio handienekoak baino ez dira balioetsiko.
2. atala. Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa.
Atal honetan, deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak besterik ez dira balioetsiko.
Atalari dagokion puntuazioa gehienez ere 10 puntukoa izango da.
2.1. Prestakuntza-jardueretan parte-hartzea.
2.1.1. Gehienez ere 7 puntu emango zaio unibertsitateek, administrazio publikoko institutuek edo erakunde publikoek, sindikatuak barne, antolaturiko eta deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten prestakuntza-jardueretan parte-hartzeari.
a) 0,10 puntu, kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu).
b) 0,08 puntu kredituko, deialdia argitaratu baino hamar urte lehenago egindako ikastaroetan.
Balioetsi beharreko ikastaroetan, ikastorduen zatikiak hainbanatuko dira.
Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei 10 orduren balioespena emango zaie.
Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 120 eskola-orduren balioespena emango zaie.
Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Unibertsitateak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza-jardueretan parte-hartzea puntuazio berarekin balioetsiko da.
Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitarioak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan balioetsiko, ezta titulu ofizialak eskuratzeko ikasketa solteak ere.
2.2. Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 1,5 puntu, gehienez ere, epaimahaiak balioetsi beharrekoak, lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak herri, eskualde, nazio edo nazioarteko maila duen kontuan hartuz.
2.3. Sektore publikoan prestakuntza saioak antolatu edo halakoetan irakasle jardutea: 1,5 puntu, gehienez ere, epaimahaiak balioetsi beharrekoak saioen iraupenaren arabera; emandako kreditu bakoitzeko, 0,25 puntu, eta zatikiak hainbanatuko dira.
2.4. Puntuazio erantsia hizkuntzak jakiteagatik.
2.4.1. Europar Batasuneko edozein hizkuntza ofizial jakiteagatik, gehienez ere 2 puntu hizkuntza horietako bakoitzeko, eta guztira 6 puntu gehienez, plantilla organikoan hizkuntza horiek jakitea beharrezkotzat jo ez den lanpostuetarako.
2.4.2. Euskara jakiteagatik, 2,5 puntu gehienez, plantilla organikoan euskara jakitea beharrezkotzat hartu ez den lanpostuetarako.
Aipatu hizkuntzak balioesteko, hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, aurreko ataletan adierazten den gehieneko puntuazioa emango da.
Titulurik eduki ezean, hizkuntza eskola ofizialen batean gainditutako maila bakoitzagatik gehieneko puntuazioaren 1/5 emango da. Euskaren kasuan, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko 1/12 emango da, edo Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiak antolaturiko ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko 1/10.
Izangai bakoitzak hizkuntza bakoitzean zer dakien balioesteko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak antolatutako azterketak egin ahal ditu; bost zailtasun maila izango dira, eta hizkuntza bakoitzari eman ahal zaion gehieneko balioespenaren 1/5 eman zaio maila bakoitzari.
Hizkuntza titulazioen baliokidetzak balioesteko, Epaimahaiak kontuan hartuko du ondoko honetan ezarritakoa: 210/2010 Ebazpena, irailaren 13koa, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearena, euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila egiaztatzen duten tituluen eta ziurtagirien arteko baliokidetzak ezartzen dituena, Hizkuntzen Erreferentziako Europako Esparru Bateratuak ezartzen duenaren arabera.
Iragarkiaren kodea: F1100636
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
