14. ALDIZKARIA - 2011ko urtarrilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

796/2010 EBAZPENA, abenduaren 27koa, Kulturako zuzendari nagusiak emana, Pablo Sarasate Nazioarteko Hamaikagarren Biolin Lehiaketaren oinarriak onesten dituena eta baimena ematen duena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko eta lehiaketaren garapenerako aurreikusitako gastua egiteko.

Kultur Ekintza Zerbitzuak txostena aurkeztu du, eta bertan bildu ditu aipatu lehiaketaren Erregelamendua eta edizio horren garapenerako aurrekontua. Horretarako behar den gastua egiteko baimena eskatu du.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontu-hartzaile delegatuak espedientea aztertu du, oharrik egin gabe edo inolako eragozpenik adierazi gabe.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Pablo Sarasate Nazioarteko Hamaikagarren Biolin Lehiaketaren Erregelamendua onestea. Testua I. eranskinean dago.

2. Pablo Sarasate Nazioarteko Hamaikagarren Biolin Lehiaketaren Erregelamendua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

3. II. eranskinean agertzen den aurrekontuarekin bat, lehiaketa egiteko 195.000 euroko gastua baimentzea 2011ko Nafarroako gastuen aurrekontuan sortuko den "Interpretazio musikalaren Julián Gayarre eta Pablo Sarasate nazioarteko lehiaketak" izeneko A20002 A2500 2269 335100 kontu-sailaren baliokidearen kargura, eta 34.000 euroko gastua, sarien/ikasketa poltsen kontzeptuagatik, 2011ko gastuen aurrekontuan sortuko den "Sariak" izeneko A20002 A2500 4809 331100 kontu-sailaren baliokidearen kargura. Bi kontu-sail horiek 2010eko gastuen aurrekontukoak.

4. Irabazten duten biolin-jotzaileen karrera-hasierari bultzada bat eman nahian, Lehiaketa zenbait entitaterekin jarri da harremanetan, irabazleei haien programazioen barrenean jarduteko aukera emateko. Horretarako, Lehiaketak bere gain hartuko ditu emanaldi horien gastuak, kasuan-kasuan ezartzen diren baldintzetan. Gastu horiek aurreko puntuko "Interpretazio musikalaren Julián Gayarre eta Pablo Sarasate nazioarteko lehiaketak" izeneko lerroari dagokion aurrekontuko zenbatekoan daude sartuak.

5. Lehiaketan parte hartzeko onartuak diren lehiakideek 60 euro ordainduko dituzte inskripzio kuotagatik, Nafarroako Kutxako 2054 0093 38 110.000861.8 kontuan (bulegoa Gazteluko Plazako 2. zenbakian dago, 31001 Iruña). Swift: CANVES2P, IBAN ES9820540093381100008618, "Nafarroako Gobernua-Pablo Sarasate Lehiaketaren" izenean.

6. Ebazpen hau jakinaraztea Kultura Jardueren Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Ekonomia Zerbitzuari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren kontu-hartzaile delegatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko abenduaren 27an.-Kulturako zuzendari nagusia, Pedro Luis Lozano Úriz.

I. ERANSKINA

1. Onartzeko arauak.

1.1. Parte-hartzaileak.

Edozein nazionalitatetako biolin-jotzaileek har dezakete parte lehiaketan, betiere 27 urte baino gehiago eta 15 baino gutxiago ez badituzte lehiaketako probak hasten direnean.

Ezin izanen dira berriz ere aurkeztu aurreko urteren batean lehiaketa honetako lehen, bigarren edo hirugarren saria jaso duten biolin-jotzaileak.

1.2. Eskabideen aurkezpena.

Lehiaketan parte hartu nahi duten pertsonek postaz bidali beharko dituzte, igorpen data agerian, inskripzio agiria, behar bezala betea, eta gainerako agiriak, ondoan ematen den helbidera. Agiriak 2011ko maiatzaren 4a arte, egun hori barne, igorri beharko dira.

Kultura eta Turismo Departamentua.

Administrazio Aferetarako Bulegoa.

Pablo Sarasate Nazioarteko Biolin Lehiaketa.

Navarrería, 39. 31001 Iruña. Espainia.

Halaber, lehiaketarako bulegoetan posta horren berri izan dezaten, izangaiei aholkatzen zaie, posta igortzen deneko postetxearen ziurtagiria eta igorlearekin harremanetan jartzeko datuak bidal ditzatela epe berean (faxaren edo posta elektronikoaren bidez). Datu horiek interesduna bilatzeko erabiliko dira, agiriak iritsi ezean.

Eskaerari, nahitaez, ondoko agiriak erantsiko zaizkio:

-Inskripzio agiria, behar den bezala sinatuta eta betea.

-Kalitateko grabazio bat, DVD (0 eremua/unibertsala edo 2 eremua/Europa) edo CD formatuan. Bertan bilduko da eskatzailearen saio bat, behean aipatuko diren bi piezak jotzen ari dela. Grabazio hau grabazio datarekin, biolin-jotzaileen izenekin eta jotako obrekin identifikatuko da. Eskatzaileak, nahi badu, violin@cfnavarra.es helbidera igor dezake artxibo bat grabazio horrekin (WMV, DIVX, MP3 formatua. Fitxategi erantsiak ez ditu 20 mega baino gehiago izanen).

  • P. Sarasate. Lehiakideak aukeratutako pieza bat.
  • N. Paganini. Lehiakideak aukeratutako capriccio bat.

-Curriculum vitae-a, gutxi gorabehera 200 hitz dituena.

-Karneterako argazki bat, berriki egina (identifikatzeko, atzeko aldean izen-deiturak idatzirik). Antolatzaileek erabiliko dute hautaprobetako eskuko programak egiteko.

-NANaren edo pasaportearen fotokopia, agiriaren zenbakia, lehiakidearen adina eta nazionalitatea garbi erakusten dituena.

-Bere irakasleak egindako aurkezpen gutun bat eta musikari aipagarri batek egindako beste bat.

Lehiakideek ezin izanen dute aldatu inskripzio agirian aurkeztutako programa, lehiaketaren antolatzaileek edo epaimahaiak espresuki eskatuta ez bada.

Inola ere ez dira itzuliko aurkeztutako agiriak.

1.3. Izena eman duten pertsonak hautatzeko prozesua.

Izena emateko epea bukatu ondoren, parte-hartzaileen hautapena eginen da aurkeztutako dokumentazioaren arabera.

Parte-hartzaileek erregelamendu honetako 1.1 puntuan ezarritakoa betetzen badute, Genevako Musikako Lehiaketen Mundu Federazioko eta Pablo Sarasate Lehiaketa Nazionaleko 2006. urtearen ondoren izan diren lehiaketetan (urte hori barne) lehen, bigarren eta hirugarren saria irabazi badute, hautaproba horietatik salbuetsita geldituko dira, baita izen ematea ordaintzetik ere. Lehiakide horiek irabazle direla idatziz adierazi beharko dute eta horren agiria aurkeztu.

2011ko ekainaren 23tik aitzina hautaketaren emaitza jakinaraziko zaie izena eman dutenei. Emaitzak lehiaketaren web orrian jakinaraziko dira, eta izena ematen dutenei ere jakinaraziko zaie bakoitzaren helbidera bidalita, ahal dela posta elektronikoaren bidez. Jakinarazpen horrekin batera lehiaketan parte hartzearekin loturiko informazio jakingarria bidaliko zaie.

1.4. Inskripzio kuota.

Lehiaketan parte hartzeko onartuak diren lehiakideek 2011ko uztailaren 4a baino lehenago 60 euroko kuota ordaindu izanaren ziurtagiria aurkeztuko dute. Izena emateko kuota hori Nafarroako Kutxako 2054 0093 38 110.000861.8 kontuan ordainduko da (bulegoa Gazteluko Plazako 2. zenbakian dago, 31001 Iruña). Swift: CANVES2P, IBAN ES9820540093381100008618, "Nafarroako Gobernua-Pablo Sarasate Lehiaketaren" izenean.

Izena emateko kuota ez da inola ere itzuliko.

2011ko uztailaren 4a baino lehenago inskripzio kuota sartu ez duten pertsona hautatuak lehiaketatik kanpo geldituko dira.

1.5. Parte-hartzaileentzako laguntzak.

Lehiaketaren antolatzaileek ordainduko dituzte bigarren kanporaketara pasatzen diren lehiakideen lo eta gosari gastuak (eta piano-jotzaile laguntzailearenak, halakorik baldin badute), irailaren 17tik lehiaketan parte hartzen duten azken egunera arte. Ostatuaren izena garaiz adieraziko da.

1.6. Piano-jotzaile laguntzailea.

Antolatzaileek piano-jotzaile laguntzaile bat jarriko dute inskripzio agirian hala eskatzen duten lehiakideentzat.

2. Sariak.

Epaimahaia ez dago behartuta sari guztiak ematera; egoki iritziz gero, baten bat eman gabe utz dezake.

Epaimahaia da erregelamendu honetan aipatzen diren sari eta ikasketa poltsa guztiak emateko ahalmena duen organo bakarra, entzuleek ematen dutena izan ezik.

Sariak eta ikasketa poltsak zatiezinak dira. Zenbatekoari dagokion atxikipen fiskala aplikatuko zaio, indarra duen legeriaren arabera.

Sari ofizial bat jasotzeko nahitaezkoa da azken probara iristea.

Ondoko sari hauek ditu lehiaketak:

2.1. Sari ofizialak.

-Pablo Sarasate lehen saria: 10.000 euro.

-Bigarren saria: 7.000 euro.

-Hirugarren saria: 5.000 euro.

2.2. Sari bereziak.

-Bilaketa saria, 3.000 eurokoa, Pablo Sarasateren obrak hobekien jotzen dituenarentzat. Agoizko Bilaketa elkarteak emanen du.

-1.500 euroko saria, entzuleek emana, eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioak diruz hornitua, azken probara iritsi den lehiakide bati.

-1.500 euroko saria, lehiakideren batek ekarritako piano-jotzaile batentzat.

2.3. Ikasketa poltsak.

-Lau ikasketa poltsa, bakoitza 1.500 eurokoa gehienez ere.

-Bi ikasketa poltsa Espainiako lehiakideentzat, 1.500 eurokoak gehienez ere.

2.4. Emanaldiak.

Pablo Sarasate lehen saria irabazten duena Camerata Portuguesa Cascais & Oeirasek, Bilboko Orkestra Sinfonikoak, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Extremadurako Orkestra Sinfonikoak kontratatuko dute, 2012-2013 edo 2013-2014 denboraldietan jotzeko.

Halaber, Pablo Sarasate lehen saria irabazten duena ondoko entitateek kontratatuko dute 2011-2012 denboraldian biolin eta piano errezitaldia eman dezan: Zaragozako Auditorioa, Gasteizko Caja Vital Kutxa Fundazioa, Madrilgo Musikako Goi Mailako Errege Kontserbatorioa (Sarasatek ikastetxe horri oparitu zion Stradivarius biolinarekin), Burgosko Elkarte Filarmonikoa, Pontevedrako Elkarte Filarmonikoa eta Vigoko Elkarte Filarmonikoa.

Lehen saria irabazten duenak kasuan kasuko entitatean bere ohituren arabera ezartzen diren baldintzetan hartuko du parte lehen aipatutako kontzertu eta emanaldietan, betiere interesdunarekin baldintzei eta programaren edukiari buruz akordio bat lortuz gero.

Emanaldien zerrenda eguneraturik egonen da uneoro lehiaketaren web orri honetan: www.cfnavarra.es/sarasate.

2.5. Diplomak eta bestelakoak.

Lehiakide sarituek irabazle izan direla egiaztatzen duen diploma jasoko dute.

Azken proban parte hartu baina saririk jasotzen ez duten lehiakideek diploma bat jasoko dute, proba horretan parte hartu dutela egiaztatzen duena.

3. Nazioarteko epaimahaia.

Vladimir Spivakov biolin-jotzaile bikaina izanen da lehiaketako mahaiburua.

Epaimahaia Kultura eta Turismoko kontseilariak izendatuko du. Biolina jotzen, kritikatzen edo irakasten jantziak diren nazioarteko gutxienez zazpi kidek osatuko dute epaimahaia.

Epaimahaikideren bat lehiakide baten irakaslea bada, edo azken bi urteotan izana bada, ezin izanen du parte hartu kanporaketetan lehiakide horri buruzko erabaki eta bozketa bakarrean ere. Orobat, bere ikaslea lehiakideetako bat bada, ezin izanen du parte hartu sariak erabakitzeko saioetako bozketetan.

Epaimahaiaren erabakiak apelaezinak izanen dira.

Antolatzaileek garaiz emanen diete aditzera lehiakideei zein izanen den epaimahaiaren behin betiko osaera.

4. Proben programa.

4.1. Lehenbiziko kanporaketaren programa.

Lehenbiziko kanporaketan obra hauek jo beharko dira, pianoak lagundurik:

1. J. S. Bach. Mi Maiorreko kontzertua, BWV 1042. Epaimahaiak erabakiko du obra honen zein mugimendu joko d(it)uen lehiakideak.

2. N. Paganini. Capriccio bat, 1., 2., 3., 5., 7., 9., 10., 13., 15., 17., 19. edo 24.aren artetik hautatu beharrekoa.

3. P. Sarasate. Lehiakideak hautaturiko obra, pianoak lagunduta.

Proba honek 20 bat minutu iraunen du lehiakide bakoitzarentzat.

Epaimahaiak, erabakia hartu ondoren, aditzera emanen du bigarren probara ailegatu direnen izen-zerrenda eta bakoitzak noiz hartu behar duen parte jakinaraziko. Bigarren probara 10 lehiakide pasatuko dira, gehienez ere.

4.2. Bigarren kanporaketaren programa.

Bigarren kanporaketa proban ondoko bost multzo hauetako bakoitzetik aukeratutako obra bat interpretatu beharko da, pianoaren laguntzarekin:

1.-W.A. Mozart. Kontzertu hauetakoren bateko lehen mugimendua, kadentziarekin:

  • 2 zenbakia duena Re maiorrean, KV 211.
  • 3 zenbakia duena Sol maiorrean, KV 216.
  • 5 zenbakia duena La maiorrean, KV 219.

2.-L.v. Beethoven. 3. sonata Mi bemol maiorrean, Op. 12. Epaimahaiak erabakiko du obra honetako zer mugimendu joko d(it)u(z)ten bigarren kanporaketara ailegatu diren lehiakideek. Sonata jotzeko, lehiakideek partitura erabil dezakete.

3.-Pieza birtuoso bat, ondoko musikagile hauetako batena, aukeran: A. Bazzini, W. H. Ernst, N. Paganini, M. Ravel, C. Saint-Saëns, K. Szymanowsky, H. Vieuxtemps, H. Wieniawski, E. Ysaÿe.

4.-Obra garaikide gisa Jordi Cervellóren Perpetuum Mobile joko du lehiakideak nahitaez. Lehiaketak partitura igorriko die hala eskatzen duten lehiakideei.

5.-P. Sarasate. Obra bat aukeran, 1. probakoa ez dena (pianoarekin).

Proba honek 50 bat minutu iraunen du lehiakide bakoitzarentzat.

Epaimahaiak lehiakideen emanaldiei puntuak emanen dizkie eta hurrengo probara pasatzeko behar den gutxieneko puntuazioa finkatuko du. Hurrena, azken probara ailegatu direnen izen-zerrenda emanen du eta bakoitzak noiz hartu behar duen parte jakinaraziko. Azken probara 3 lehiakide pasa daitezke gehienez ere.

4.3. Azken probaren programa.

Azken proban, lehenbiziko multzoko obra bat, aurreko probetan jo ez duena, interpretatuko du lehiakideak, Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren laguntzarekin, bai eta bigarren multzoko musikari baten biolin eta orkestrarako kontzertu bat ere, hurrenkera horretan, hurrengo programatik aukeratuta:

1.-P. Sarasate. Ondoko obra hauetako bat, orkestraren laguntzaz:

  • "Faustotik" harturiko fantasia, Op. 13.
  • Ijitoen ohiturak (Zigeunerweisen), Op. 20.
  • Zapateadoa, Op. 23, 2. zk.
  • Euskal capriccioa, Op. 24.
  • "Carmendik" harturiko fantasia, Op. 25.
  • Sarrera eta Tarantela, Op. 43.

2.-Ondoko kontzertu hauetako bat, lehiakideak aukeratua:

  • L.v. Beethoven. Biolin eta orkestrarako kontzertua, Re maiorrean. Op. 61.
  • J. Brahms. Biolin eta orkestrarako kontzertua, Re maiorrean. Op. 77.
  • A. Dvorak. Biolin eta orkestrarako kontzertua, La minorrean. Op. 53.
  • F. Mendelsshon. Biolin eta orkestrarako kontzertua, Mi minorrean. Op. 64.
  • N. Paganini. Biolin eta orkestrarako 1. kontzertua, Re maiorrean. Op. 6.
  • S. Prokofiev. Biolin eta orkestrarako 1. kontzertua, Re maiorrean. Op. 19.
  • J. Sibelius. Biolin eta orkestrarako kontzertua, Re minorrean. Op. 47.
  • P. Tchaikovski. Biolin eta orkestrarako kontzertua, Re maiorrean. Op. 35.

Epaimahaiari iruditzen bazaio emanaldiak denbora gehiegi hartuko duela, aukeratutako kontzertuaren mugimenduren bat kentzea proposatu ahalko dio lehiakideari.

Proba honek 50 bat minutu iraunen du lehiakide bakoitzarentzat.

Proba bukatutakoan, epaimahaiak azken emaitza jakinaraziko du, emandako sarien zerrenda osoarekin batera.

5. Lehiaketaren egutegia eta hura garatzeko arauak.

5.1. Lehiaketaren garapena.

Lehiaketak fase hauek izanen ditu, eta honako egunotan:

Irailaren 14an: parte-hartzaileen aurkezpena eta zozketa.

Irailaren 15ean eta 16an: lehen kanporaketa.

Irailaren 17an eta 18an: bigarren kanporaketa.

Irailaren 19an eta 20an: azken probaren entseguak.

Irailaren 21ean: azken proba eta sarien banaketa.

Probak hasi baino lehen, eta lehiaketaren egutegiaren arabera, lehiakideen aurkezpena eginen da, bai eta probetan nolako hurrenkeran arituko diren erabakitzeko jendaurreko zozketa ere. Ekitaldi hau irailaren 14an eginen da, 10:00etan, lehiaketaren web orrian argitaratuko den tokian. Parte-hartzaile guztiek agertu beharko dute derrigorrez, eta 30 minutu lehenago helduko dira, aldamenean behar den dokumentazioa dutela (pasaportea, nortasun agiri nazionala eta abar).

Lehiakide bakoitzak bere piano-jotzaile laguntzailearekin saioa egiteko eskubidea dauka, erabakiko den aretoan eta kanporaketa bakoitza hasi baino lehen, bai eta azken probaren aurretik orkestrarekin entsegu bat egiteko eskubidea ere.

Lehiakide guztiek buruz interpretatuko dute beren programa, pieza garaikidea eta 2. kanporaketako Beethovenen sonata izan ezik.

Jendearendako irekiak izanen dira lehiaketaldi guztiak.

Epaimahaiak proba bakoitzaren ondoren kanporatutako lehiakideak hartuko ditu, hala nahi badute, beraien joaldiari buruzko iritzia eman diezaien.

5.2. Lehiaketaren emankizuna edo/eta grabaketa.

Antolatzaileek lehiaketako aldiak audio eta bideoan grabatzeko eskubidea beraientzat hartzen dute. Lehiaketako aldiren bat zuzenean edo diferituan irratiz edo telebistaz emateak ez die ekarriko inolako eskubiderik lehiakideei.

5.3. Gorabeherak.

Epaimahaiak hartuko ditu lehiaketan gertatzen diren gorabeherei buruzko erabakiak, eratuta baldin badago, edo, epaimahaia eratu aurretik izaten badira, Kultura eta Turismo Departamentuak.

Erregelamendu honen edukiaren interpretazioari buruzko eztabaidarik sortzen baldin bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean espainolez argitaratutako testuak izanen du balioa.

Parte-hartzaileek erregelamendu hau onartzen dute lehiaketan aurkeztean.

Erregelamendu hau 2011ko ekitaldiko aurrekontuan kreditua izatearen baldintzapean dago.

II. ERANSKINA

Pablo Sarasate Nazioarteko Hamaikagarren
Biolin Lehiaketaren gastuen aurrekontua. Iruñean,
2011ko irailaren 14tik 21era. Epaimahaiburua: Vladimir Spivakov

Zabalkundea.

-Mezularitza: 550,00.

-Federazioaren kuota: 1.800,00.

-Publizitatea eta diseinua: 26.600,00.

-Kartelak jartzea: 360,00.

-Papera ez den euskarrian egindako kartelak: 950,00.

-Web orria: 1.720,00.

-Grabaketa/argazkiak: 7.000,00.

-Inprenta: 6.500,00.

-Itzulpenak: 2.000,00.

Epaimahaikideak/gonbidatuak/laguntzaileak/piano-joleak.

-Ostatua/gosaria: 10.000,00.

-Epaimahaikideei ordaintzea: 30.720,00.

-Astialdian arreta ematea: 6.000,00.

-Bidaiak/barreneko joan-etorriak: 12.000,00.

-Bazkariak: 3.500,00.

Irabazleen sustapena.

-Cachet-a/egonaldia/bidaiak/dietak: 6.000,00.

Lehiaketaren garapena.

-Partiturak, loreak eta abar: 19.200,00.

-Exekuzioa: 15.000,00.

-Pianoa, alokairua/afinazioak: 4.100,00.

Lehiakideentzako laguntzak.

-Egonaldia: 7.500,00.

Antzokia.

-Alokatzea, luzatzea, praktikatzea: 33.500,00.

Sariak.

-Sari ofizialak: 22.000,00.

-Sari bereziak: 6.000,00.

-Ikasketa poltsak: 9.000,00.

LABURPENA:

-Zabalkundea: 47.480,00.

-Epaimahaia/gonbidatua/laguntzailea/piano-jolea: 62.220,00.

-Irabazleen sustapena: 6.000,00.

-Lehiaketaren garapena: 38.300,00.

-Lehiakideentzako laguntzak: 7.500,00.

-Antzokia: 33.500,00.

-Sariak: 37.000,00.

-Lehiaketa egitea, osotara: 195.000,00.

-Sariak, osotara: 37.000,00.

Iragarkiaren kodea: F1021635