14. ALDIZKARIA - 2011ko urtarrilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

218/2010 EBAZPENA, abenduaren 13koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, "Emakumeek eta gizonek bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunak, norberaren giroan" izeneko programan parte-hartzea arautzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen eta gizonen aukera berdintasunerako I. planeko (2006-2010) zeharkako 1. arloan atal bat jasotzen da toki administrazioko berdintasunerako politikei buruz; horren helburu nagusia da "Nafarroako toki entitateen konpromisoa bultzatzea, emakumeen eta gizonen aukera berdintasunaren arloan", entitate horiek baitira gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasunerantz aurrera egiteko baldintzak sortu eta indartzeko egokienak. Halaber, "Bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzea; erantzunkidetasuna" izeneko 7. arloan, 7.3.6 ekintza hau jasotzen da: "Udalek, garrantzia duten gizarte eragileekin adosturik, bateratzearen aldeko neurriak har ditzaten lagundu eta sustatzea".

Nafarroako Emakumearen Institutuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 14ko 63/2005 Ebazpenaren bidez, "Emakumeek eta gizonek bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunak, norberaren herrian edo eskualdean" izeneko programa onetsi zen, herrietan bateratzeko neurri batzuk sustatu eta koordinatzeko.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 5eko 73/2007 Ebazpenaren bidez, "Emakumeek eta gizonek bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunak, norberaren giroan" izeneko programa onetsi zen. Bertan arautzen dira programan parte hartzeko prozedura eta baldintzak, bai eta urteko epea eta hartan parte hartzeko eskabide eredua ere.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak interes handikotzat jo du egun arte garatutako esperientzia eta, programaren beraren esparruan itun bat egin eta gauzatzeko eredu ezberdinen balioa eta aukerak ikusirik, hura egokitze aldera, beharrezkoa da 73/2007 Ebazpenean aipatutako sarbide eta parte-hartze betekizunak birdefinitzea.

Ondorioz, espedienteko txostenak ikusirik eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren estatutuak onesten dituen abenduaren 18ko 90/2006 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Emakumeek eta gizonek bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunak, norberaren giroan" izeneko programan parte-hartzeko prozedura eta baldintzak onestea. I. eranskinean jaso dira.

2. Indarrik gabe uztea Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 5eko 73/2007 Ebazpena, "Emakumeek eta gizonek bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunak, norberaren giroan" izeneko programa onesten duena.

3. Programan parte hartzeko eskatzeko epe bat irekitzea, urtero, urte bakoitzeko urtarrilaren 2tik 31ra arte.

4. Ebazpen hau igortzea Berdintasun Politiken Plangintza eta Kudeaketako Zuzendariordetzara eta Nafarroako Aldizkari Ofizialera, argitara dadin, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2010eko abenduaren 13an.-Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Sara Ibarrola Intxusta.

I. ERANSKINA

Lehena.-Xedea.

Bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunak izeneko programaren metodologia eta edukiak zehaztea, bai eta hartan parte hartzeko betekizunak eta baldintzak ere.

Bigarrena.-Helburua.

Programaren helburua da toki entitateei eta tokiko gainerako eragileei laguntzea irtenbide partekatuak bilatzen, bai bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko arloari lotutako erronkei eta premiei aurre egiteko, bai pertsona guztien erantzukizun komuneko kontzientzia pizteko bizitza pribatu zein familiarretik eratorritako zereginen gainean.

Programa ezartzearen arrazoia da toki entitateek bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunak sinatzea zeinek bere lurraldeko erakunde eta entitateekin. Itunean zehaztuko dira, urtero, adostutako neurriak, horiek gauzatzean zein erakundek eta pertsonak esku hartuko duten, zein egunetan gauzatuko diren eta kasuko aurrekontuak. Itun horiek gauzatzean kontuan hartuko da udalerriak eskura dituen baliabideen eta Foru Komunitateko baliabide orokorren optimizazioa.

Hirugarrena.-Entitate onuradunak.

Programan parte hartzen ahalko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean araututako Nafarroako toki entitateek.

Laugarrena.-Programan sartu eta parte hartzeko betekizunak.

a) Udala, Alkatetzak ordezkatuta, tokian tokiko itunak koordinatuko dituen entitatea izanen da. Tokian tokiko itunetan edo itun mankomunatuetan, mankomunitatea edo partzuergoa, buruak ordezkatuta, izanen da entitate koordinatzailea.

b) Entitate koordinatzaileak izanen dira Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin solastuko direnak itunari buruz, eta, horretaz gainera, zein bere herriko entitate eta pertsona parte-hartzaileei deitzeaz ere arduratuko dira.

c) Programan parte hartu ahal izateko, tokiko entitate koordinatzaileak Nafarroako Berdintasunerako Institutuari eskatuko dio hartan sartzeko baimena.

Eskaera epea urte bakoitzeko urtarrilaren 2tik 31ra artekoa izanen da, eta parte hartzeko eskabide ereduak Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren web orriaren bidez (www.igualdaddegenero.navarra.es) eskuratzen ahalko dira.

d) Onarpen ebazpena itunen entitate koordinatzaileei jakinaraziko zaie, Institutuko aholkularitza teknikoari eta hartutako konpromisoei buruzko informazio zehatzarekin batera; konpromisoak espresuki onartu beharko dira.

e) Tokian tokiko ituna sinatuta, programan jarraitu ahal izateko, toki entitate koordinatzaileek Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin akordioa sinatu beharko dute, urtero; horren bidez, toki entitate horiek beren gain hartuko dute Institutuak programatu, koordinatu eta antolatzen duen lan programa, aldez aurretik haiei aurkeztutakoa.

Akordio hori Institutuaren web orrian eskura dagoen ereduari jarraikiz aurkeztuko da, urteko programa aurkezten den egunetik gehienez ere 15 egun naturaleko epean.

Bosgarrena.-Programan parte hartzeko balorazio irizpideak.

a) Parte hartzeko eskabidearen eta herritarren (deitzeko aurreikusitako entitateak eta pertsonak) partaidetzaren hasierako proposamenaren babes politikoa. 40 puntu gehienez.

b) Toki entitatearen genero berdintasunarekiko konpromisoa: berdintasunerako planak; berdintasunerako eragileak, plantillan; berdintasunerako edo emakumeen zinegotzigoa; eta berdintasun gaietarako aurrekontu berariazkoak. 40 puntu gehienez.

c) Mankomunitateen kasuan, haiek osatzen dituzten biztanleak eta herriguneak. 20 puntu gehienez.

d) Udalen kasuan, biztanle kopurua. 20 puntu gehienez.

Seigarrena.-Bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunen prestatzea, jarraipena eta eraberritzea.

a) Bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itun bat egiteko, urrats hauei jarraituko zaie:

-Toki entitateak dei egitea herrietako entitate, eragile eta pertsona garrantzitsuei.

-Entitate parte-hartzaile guztien artean ezartzea itunaren antolamendua.

-Ituna diseinatu eta prestatzea.

-Abiapuntuaren diagnostikoa.

-Itunaren helburuak.

-Ekintzak zehaztea.

-Egutegia.

-Baliabideak.

-Bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunean jasotako konpromisoa.

-Zabalkunde publikoa.

-Bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko ituna abian jartzeko antolatzea.

b) Itunak gauzatu edo haien jarraipena egiteko aldian, planifikatu, kudeatu eta ebaluatu beharko da entitate sinatzaileek adostutako urteko jarduketa programa.

c) Itunak eraberritzea planteatuko da, behin haien indarraldia amaituta eta ebaluatzen hasi baino lehen.

Itunak gauzatzean zein eraberritzean, beti egin beharko da haien ekintzei buruzko zabalkundea; horretaz gainera, entitate berrien partaidetza ere bultzatu beharko da.

d) Bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko ituna sinatuta eta urteko lan programan parte hartzeko akordioa aurkeztuta, toki entitate koordinatzaileek parte hartzen ahalko dute Nafarroako Berdintasunerako Institutuak "Bizitza, lana eta familiako eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunak" izeneko programa gauzatzeko ezarritako diru-laguntzen deialdian.

Zazpigarrena.-Aholkularitza teknikoa.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak itunen entitate sinatzaile guztiei eskainiko die, urteko lan programaren barruan, itunok formulatzeko prozesua kudeatzeko beharrezko laguntza teknikoa, bai eta horiek gauzatu eta eraberritzeko beharrezkoa ere.

Saioen programazioa programaren urteko ebaluazioaren ondorioz izan daitezkeen aldaketen araberakoa izanen da. Hura behar bezala gauzatzea arriskuan jar dezaketen egoerarik sortzen bada, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak erabakiko du, azken batean, programaren aholkularitza teknikoa bertan behera uzten den edo aurrera jarraitzen duen.

Zortzigarrena.-Betebeharrak.

-Toki entitateak bultzatu, dinamizatu eta erraztuko du, bere langile zein bitartekoen bidez, programaren gauzatzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren aholkularitzapean ezartzen joanen diren jarraibide eta orientabideei jarraikiz egitea.

-Toki entitate koordinatzailea Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin elkarlanean arituko da, eta hark eskatzen dion informazio guztia emanen dio, erakunde autonomoak jarduketaren jarraipena errazago egin dezan.

-Itun guztiek, beren entitate sinatzaileen ordezkaritzaren bidez, urteko programazioaren barnean antolatutako saio eta jarduera guztietan hartuko dute parte.

-Itunaren edo haren jardueren zabalkunde eta komunikazio ekintza guztietan, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, bai eta programaren irudia ere, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emanen diona.

Iragarkiaren kodea: F1020496