Iragarkia
130. ALDIZKARIA - 2011ko uztailaren 1a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Peñei diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emateko
deialdia, 2011. urteko Sanferminetan parte har dezaten
Deialdi honen helburua peñek 2011. urteko Sanferminetan parte hartzeko diru-laguntzak norgehiagoka araubidean emateko prozedura garatzea da, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak xedatutakoarekin bat. Ordenantza hori 2006ko 21. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 17koan, argitaratu zen.
Deialdi honetan aurreikusten ez den orotan, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorra, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 legea eta aplikagarri diren gainerako arauak aplikatuko dira.
1.-Aurrekontua.
Deialdi honi 110.000 euro esleituko zaio, gehienez ere, Udalaren Aurrekontuko 50 45310 482090 kontusailaren kargura esleitu ere.
2.-Diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburua.
Deialdi publiko honek publikotasun, konkurrentzia, objektibotasun, berdintasun eta bereizkeriarik eza, gardentasun, eraginkortasun eta eragimen printzipioak ditu oinarri, eta peñei diru-laguntzak ematea, xede, 2011. urteko Sanferminetan parte hartu eta festa-giroko jarduerak egin ditzaten.
Ezin izanen dute diru-laguntzarik jaso izaera politikoa edo erreibindikatiboa duten jarduerek, izaera hori jarduera gauzatu baino lehen edo behin gauzatzen hasita hartuta ere. Halaber, ez dute diru-laguntzarik jasoko halako erreibindikazioak egiteko erabili diren jarduerek, haiek gauzatzea toleratu besterik egin ez badute ere, ezta herritarren askatasunaren kontrakoek edo Konstituzioa edo legeak betetzen ez dituztenek ere. Halako jarduerak behin diru-laguntza ematearen aldeko ebazpena eman eta gero gertatzen badira, itzulketa- eta zehapen-espedienteak irekiko dira, diru-laguntzei buruzko Iruñeko Udalaren ordenantza orokorrean ezarritakoarekin bat.
3.-Diru-laguntzak eskatzeko bete beharreko baldintzak eta horiek egiaztatzeko bideak.
Baldintza orokorrak bete eta Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak ezarritako debeku-zioren batek ere ukitzen ez dituen peñek eska ditzakete diru-laguntzak, betiere honako baldintzak betetzen badituzte:
-Peña gisara eraturik dauden elkarteek antolatuak izatea.
-Kokagunea Iruñeko mugapean izatea.
-Iruñeko Udalak kontzeptu beragatik dituen bestelako diru-laguntzen ildoetan sartuak ez izatea.
Onuradunek aipatu baldintzak betetzen dituztela eta diru-laguntza jasotzeko inongo debeku-ziok ukitzen ez dituela justifikatzeko, oinarri hauen 7. klausulan zehazten diren agiriak aurkeztu behar dituzte.
4.-Diru-laguntzak bideratzeko eta haien gainean ebazteko organo eskudunak.
Kultura Alorreko Idazkaritza Teknikoa izanen da diru-laguntzen inguruko prozedura bideratzeko organo eskuduna, eta bere kabuz egingo ditu ebazpen-proposamena emateko behar diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezko jotzen dituen jarduketak oro.
Diru-laguntzak emateko prozedura Alkatetzak ebatzi behar du.
Ebazpen-proposamena instrukzio-organoak emanen du, espedientea eta Balorazio Batzordearen txostena kontuan harturik, eta ebazteko eskumena duen organoari helaraziko dio.
Hona Balorazio Batzordea osatuko duten kideak:
Batzordeburua: -Kultura Alorreko zinegotzi delegatua.
3 batzordekide: -Civivox zentroetako teknikari koordinatzailea.
-Kultur Jardueretako Teknikaria.
-Euskara teknikari koordinatzailea.
Idazkaria: -Kultura Alorreko administrari bat.
5.-Eskabideak noiz eta non aurkeztu.
Eskabideak aurkezteko interesa dutenek oinarri hauen I. eranskinari atxikitako eskabide-eredua bete beharko dute.
Eskabideak Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu ahalko dira (Kale Nagusia, 2, beheko solairua - Kondestablearen jauregia), edo, bestela, erregistro osagarrietan: Kultura Alorra -Descalzos k., 72-2. solairua-; Garapen Iraunkorreko Alorra -San Saturnino k., 2-beheko solairua-; Mugikortasun eta Herritarren Segurtasuneko Alorra -Iratxeko monasterioaren k., 2-beheko solairua-; Hirigintza eta Etxebizitza Alorra -Armada etorbidea, 2-5. solairua-; Lehendakaritza, Gizarte Ongizate eta Hezkuntza eta Gazteria alorrak -Zapateria k., 40-beheko solairua-; eta Zaharberritze Bulegoa -Eslava kalea, 1.a-. Bestalde, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak, haren 38. artikuluan, aurreikusten dituen beste edozeinetan ere aurkez daitezke.
Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Eskabidearekin batera, deialdi honen zazpigarren oinarriak aipatzen dituen agiriak eta argibideak aurkeztuko dira.
Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik aitzina, aurkeztu ez dituen agiriak aurkeztu edo egindako akatsak zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emango delarik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71. artikuluak aurreikusitakoarekin bat.
6.-Ebatzi eta jakinarazteko epea eta ordainketa.
Ebatzi eta jakinarazteko epea, gehienez ere, bi hilabetekoa izanen da. Epea iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hortik aitzina hasiko da kontatzen.
Behin epe hori berariazko ebazpenik eman gabe igaro eta gero, eskatzaileak eskaera ezetsitzat jotzen ahalko du, betiere Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 17. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.
Diru-laguntzak emateko ebazpena eman ondoren, ordainketa eginen da, banan-banan, honako epeei jarraituz:
-emandako diru-laguntzaren % 50, uztailaren 6a baino lehen.
-gainerako % 50, behin jarduerak eta gastuak justifikatuta. Betiere, beranduenez, 2011ko abenduaren 31n egin beharko da.
7.-Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiri eta argibideak.
Eskabideekin batera ondoko agiriak aurkeztu behar dira (agiriek originalak izan behar dute, edo, bestela, indarrean dagoen legearekin bat kautoak diren kopiak):
7.1. Peña eskatzailearen nortasun juridikoaren egiaztagiria eta, behar izatera, peñako zuzendaritza batzordeak diru-laguntza eskatzeko zein ordezkari ahaldundu eta haren NAN.
Entitateek ez dituzte agiriok aurkeztu beharko, baldin eta aurreko deialdietan aurkeztu badituzte. Kasu horretan elkartearen ordezkariak erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko du, non egiaztatuko baitu ez dela inolako aldaketarik izan elkartearen estatutuetan, ezta horren ordezkaritzan ere; aurrekoa gorabehera, elkarteak bere helburuei eta zuzendaritza-taldeari dagozkien aldaketak oro jakinarazi eta egiaztatu beharko ditu legezko ordezkarien bidez, aldaketa horiek eskaera aurkeztu ondoren gertatzen badira. (Aitorpena egiteko eredua I. Eranskinean dago jasota).
7.2. Administrazio eskudunak egindako egiaztagiria, kasuan kasuko eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela frogatze aldera.
Iruñeko Udalak bere kabuz egiaztatuko du deialdi honetako diru-laguntzak eskatzen dituzten entitateek eguneratuak dituztela haien tributu-betebeharrak, Udal honekiko.
7.3. Erantzukizunpeko aitorpena, eskatzaileak deialdi honetan galdatutako baldintzak betetzen dituela eta hura Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluak aipatzen dituen debeku-zioetako bakar batek ere ez duela ukitzen egiaztatzeko. (Aitorpena egiteko eredua I. Eranskinean dago jasota).
7.4. Eskaeraren xedea diren jarduerak deskribatu behar dituen memoria, eta aurreikusitako gastuen eta diru-sarreren aurrekontu xehekatua.
7.5. Erantzukizunpeko aitorpena, peña eskatzailearen antzinatasun-urteen kopurua egiaztatzeko.
7.6. Beste erakunde publiko eta pribatu batzuei helburu bera lortzeko eskatutako diru-laguntzen zerrenda, halakorik balitz, ondokoak zehaztuta: eskatutako kopurua, erakundeen izena eta emandako zenbatekoa.
8.-Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak.
Aurkeztutako jarduerak baloratu eta diru-laguntzek zenbat jo behar duten zehazteko, Batzordeak ondoko alderdiak hartuko ditu kontuan:
-Laguntza zein jardueretarako eskatu eta haien interesa zein kalitatea 50 puntu.
-Aurreko urtean egindako jardueren ebaluazioa 30 puntu.
-Peña noiztik ari den jardunean 20 puntu.
"Interesa eta kalitatea" atalean, gehienezko puntazioa emanen zaie peñak kokagune duen auzoan zein hiriaren erdialdean kale-animazioko jarduerak gauzatzea eta, gutxienez, ongintzako entitate batera bisita bat egitea jasotzen duten proiektuei.
"Jardueren ebaluazioa" atalean, azken bost urteetan egin diren jarduerei emanen zaie gehienezko puntuazioa.
"Peña noiztik ari den jardunean" izeneko atalean, gutxienez hamar urtetik hona ari diren peñei emanen zaie gehienezko puntuazioa.
Eman beharreko diru-laguntzek deialdi honetarako baimendu den gastuak baino gehiago joz gero, diru-laguntzek guztira zenbat jo eta horren proportzioan hainbanatuko dira, betiere eskaera bakoitzak lortu duen puntuazioaren arabera.
9.-Ebazpena jakinarazi edo argitaratzeko bidea.
Diru-laguntzak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio-bideari, eta interesdunei jakinaraziko zaie, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. eta 59. artikuluek agindutakoarekin bat.
Diru-laguntzak emateko ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean emanen da argitara, eta ondoko datuak adieraziko ditu: deialdia, diru-laguntza zein aurrekontu-programari eta kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren xedea.
10.-diru-laguntzaren bateraezintasuna.
Deialdi honetako diru-laguntza bateraezina da beste administrazio, entitate edo pertsonengandik xede bererako diru-laguntzarik eskuratzearekin.
Diru-laguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen diru-laguntzaren xedea den jardueraren kostua baino handiagoa.
11.-Justifikazioa.
Ezarritako baldintzak bete eta diru-laguntza ematerakoan aurreikusitako helburuak lortu direla justifikatzeko, justifikazio-kontu erraztua aurkeztu beharko da, 887/2006 Errege Dekretuaren 75. artikuluan ezarritakoarekin bat (38/2003 Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamendua).
Justifikazio-kontu erraztua ondoko agiriek osatuko dute:
a) Jarduketa-memoria bat, diru-laguntzaren xede diren jarduerak egin izana egiaztatzeko, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazita.
b) Jarduerak eragindako gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua, non ondokoak identifikatuko baitira: hartzekoduna, agiria, zenbatekoa, jaulkitze-data eta, jada ordaindua izanez gero, ordainketa-data.
c) Jarduera finantzatu duten beste diru-sarrerak edo diru-laguntzak xehe-mehe adierazita, horien zenbatekoa eta jatorria barne.
d) Halakorik balitz, aplikatu gabeko geldikinak eta horiei dagozkien berandutze-interesak ordaindu izanaren ordainketa-agiria.
Laginketa-teknikak erabilita, egoki jotako gastuen ziurtagiriak eskatuko dira, eta haien bidez diru-laguntzaren aplikazioa egokia izan den ala ez egiaztatuko da.
Diru-laguntza justifikatu eta, horrenbestez, agiri frogagarriak aurkezteko epea 2011ko urriaren 31n amaituko da. Agiriak Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean (Kale Nagusia, 2) aurkeztu behar dira, edo, bestela, erregistro osagarrietako batean, zeinak oinarri hauen 5. klausulan aipatu baitira.
Justifikazio-betebeharra ezarritako epean ez betetzeak, justifikaziorik ez aurkezteak edo diruz-lagundutako jarduera egin dela egiaztatzeko adinako justifikaziorik ez egiteak berekin ekarriko du aurrez emandako diru-laguntzaren zatia osorik edo parte batean itzuli beharra eta diru-laguntza osorik edo parte batean jasotzeko eskubidea galtzea, betiere jarduera noraino ez den bete eta gainerako inguruabarrak kontuan harturik.
12.-Diru-laguntzak itzultzea.
Oinarri hauetan jasotakoez gain, Iruñeko Udalaren diru-laguntzei buruzko ordenantza orokorrean ezarritakoak (IV. titulua) eta Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoak izanen dira diru-laguntzak itzultzeko eta atxikitzeko arrazoiak.
Itzuli beharreko kopuruak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat joko dira.
Diru-laguntzak itzultzeko prozedura Iruñeko Udalaren diru-laguntzen Ordenantza Orokorraren IV. tituluko II. kapituluan ezarritakoaren arabera arautuko da.
13.-Administrazioko arau-hausteak eta zehapenak, diru-laguntzen arloan.
Diru-laguntzen inguruko arau-hauste eta zehapenak Iruñeko Udalaren diru-laguntzei buruzko ordenantza orokorrean eta Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan ezarritakoaren arabera arautuko dira.
14.-Errekurtsoak.
Deialdi honen, oinarri hauen eta horiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka, ondoko errekurtsoak paratzen ahalko dira, aukeran:
-Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.
-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.
-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko auzietako Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.
Iruñean, 2011eko ekainaren 22ean.-Alkate, Enrique Maya Miranda.
I. ERANSKINA
Eskabide-eredua
Izen-deiturak: ................................................................................... NAN/IFZ: .......................... Herria: ......................... Kalea: ...................................................... Posta Kodea: ........................ Telefonoa: ................................... Bere izenean, edo ondokoa ordezkatuz (ezabatu ez dagokiona): Izen-deiturak: .................................................................................. NAN/IFZ: .................................. Herria: ............................................................. Kalea: .......................................................................... Posta Kodea: ........................ Posta elektronikoa: .................................. Telefonoa: ............................. Faxa: .........................
Aurreko datuen jabeak ondokoa aurkezten du:
Eskaera, peñek 2011ko sanferminetan parte hartzeko diru-laguntzen deialdiari heltze aldera, 2011ko ......................(a)ren ... (e)an Alkatetzak emandako ebazpenean onetsitako oinarriekin bat (2011ko ... garren Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ......................aren .....(e)koa).
Eta, aipatu oinarri erregulatzaileetan aurreikusitakoarekin bat:
1. Oinarriotan galdatu bezala, ondoko agiriak aurkezten ditu:
-Peña eskatzailearen nortasun juridikoaren egiaztagiria eta, behar izatera, peñako zuzendaritza batzordeak diru-laguntza eskatzeko zein ordezkari ahaldundu eta haren NAN.
-Administrazio eskudunak egindako egiaztagiria, eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela frogatze aldera.
-Eskaeraren xedea diren jarduerak deskribatu behar dituen memoria, eta aurreikusitako gastuen eta diru-sarreren aurrekontu xehekatua.
-Beste erakunde publiko eta pribatu batzuei helburu bera lortzeko eskatutako diru-laguntzen zerrenda, halakorik balitz, ondokoak zehaztuta: eskatutako kopurua, erakundeen izena eta emandako zenbatekoa.
-Erantzukizunpeko aitorpena, peña eskatzailearen antzinatasun-urteen kopurua egiaztatzeko.
2. Adierazten du Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10. artikuluan jaso eta onuraduna izatea galarazten duten debeku bakar batek ere ez duela entitatea ukitzen.
"10. artikulua. -Onuraduna edo erakunde laguntzailea izateko bete beharreko baldintzak.
1. Diru-laguntzaren funtsa zein den eta halako egoera duten pertsonak edo entitateak izan daitezke onuradun edo entitate laguntzaileak, bai eta Ordenantza honetan eta deialdietan adierazitako egoeran daudenak ere.
2. Ondotik aipatzen diren pertsona edo entitateak ezin dira onuradun edo entitate laguntzaile izan, betiere diru-laguntzaren izaera kontuan izanik, deialdian salbuespenen bat egiten ez bada:
a) Diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzeko kondena epai irmoz jaso izana.
b) Konkurtso deklarazioa eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabea deklaratu izana, konkurtsoan deklaratuak izatea, auzipeko esku-hartzeari loturik izatea edo desgaitu izana, Konkurtsoei buruzko Legearekin bat, betiere konkurtsoaren kalifikazioaren gaineko epaian ezarritako desgaitze-epea amaitu ez bada.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana, beraiei leporatutako zio batengatik errudun deklaratuak izan badira.
d) Pertsona fisikoa, merkataritzako sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridikoen lege-ordezkapena dutenak kasuan-kasuan aplikagarria den berariazko legeetan jasotako kontratatzeko bateraezintasun-zio batean sartuak egotea, edo Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoak arautzen dituen hautapenezko karguak izatea, lege horrek ezarritakoarekin bat.
e) Indarreko xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuak ez izatea, diru-laguntza emateko ebazpen-proposamena luzatzen den unean.
f) Zerga egoitza erregelamenduz paradisu fiskaltzat hartutako herri edo lurraldean badute.
g) Udal honek edo haren erakunde autonomoek emandako diru-laguntzen itzulerak eragindako betebeharren ordainketa egunean ez izatea.
h) Diru-laguntzak jasotzeko aukera galtzearekin ebazpen irmoaz zehatua izana, diru-laguntza eta laguntza publikoen inguruko arau-hausteen gaineko batzordeak abiatutako administrazio-prozeduraren ondorioz eta zergen inguruko arau-hausteak egiteagatik.
i) Ordenantza honetako 8. artikuluaren 3. atalaren bigarren lerroaldean aurreikusitako taldeak ezin izanen dira onuradunak izan, baldin eta haietako edozein taldekide aurreko debekuren bati loturik badago.
3. Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. idatz-zatietan ezarritako debekuetan erori diren elkarteak ezin dira inola ere izan Ordenantza honetan araututako diru-laguntzen onuradun edo entitate laguntzaile.
Halaber, elkarteak ezin izanen dira onuradun edo entitate laguntzaile izan, erregistroan inskribatzeko administrazio prozedura etenik badute, lege-hauste penala egin izanaren arrazoizko zantzuak agertu eta 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatu zaielako.
4. Halaber, ezin izanen zaie diru-laguntzarik eman Iruñeko Udalarekin dauzkaten zorrak direla-eta premiamendu bidez kobratzeko prozeduran sarturik dauden entitate edo partikularrei, ezta toki erakunde horrekin zerga-betebeharrak egunean ez dituztenei ere, harik eta zor horiek ordaindu eta likidatu arte edo zerga-betebeharrak bete arte. Inguruabar horiek Udalak bere kabuz egiaztatuko ditu.
Aurrekoa gorabehera, salbuespen gisara, diru-laguntzaren izaera nolakoa den, Iruñeko Udalak bere kabuz kitatzen ahalko ditu diru-laguntzen onuradunekin kobratzeke dituen zorrak, diru-laguntzen bidez horiek osorik edo parte batean berdinduta; edo, baita ere, baldintza hori bete gabe uzten ahalko du, gizarte larrialdietako egoera berezietan. Salbuespen hori aplikatu ahal izateko, aukera horrek Ordenantza honetako 28. artikuluan aipatutako kasuan kasuko deialdian, hitzarmenean edo ebazpenean jasota egon beharko du, eta espedientean justifikatuta egon, txosten tekniko bidez, neurri horren salbuespen egoera egiaztatzen duten arrazoia edo arrazoiak.
3. Adierazten du ez dela aldaketarik izan ez estatutuetan ez entitatearen ordezkaritzan. (Halakorik dagokien kasuetarako).
4. Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, jakitera ematen dizugu inprimaki honetan jasotako datu pertsonalak diru-laguntza hau kudeatzeko baino ez direla erabiliko. Datu horiek Iruñeko Udalaren datu-basea osatzen duten fitxategietan bilduko dira. Hain zuzen ere, Iruñeko Udalera zuzenduta gauzatzen ahalko duzu datuetan sartu, datuak zuzendu, ezereztu eta haien kontra egiteko eskubidea, Erregistro Orokorrera joaz (Kale Nagusia, 2. 31001 Iruña).
Iruñean, 2011ko ............................. aren .......... (e)an
Iragarkiaren kodea: L1111378
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
