13. ALDIZKARIA - 2011ko urtarrilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2010eko abenduaren 20an hartua, Lekarozen (Baztan) enpresen campus bat ezartzeko udalez gaindiko plan sektoriala, "Sprin, S.A." sozietate publikoak sustatua, onesten duena "Nafarroa 2012 Plana. Lehentasunezko jarduketa. Lekarozko Zentro Funtzioaniztuna" delakoaren esparruan.

I. AURREKARIAK ETA XEDEA

Nafarroako Gobernuak, 2010eko uztailaren 28an egindako bilkuran, "Lekarozko Enpresen Campusa ekimen eremua ezartzeko proiektua" udalez gaindiko proiektu sektorial deklaratu zuen, "Nafarroa 2012 Plana. Lehentasunezko jarduketa. Lekarozko Zentro Funtzioaniztuna" delako esparruan, jendaurrean jarri zuen eta entzunaldia eman zion haren eragina jasotzen duen Udalari, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritako ondorioetarako eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren ondorioetarako. Erabaki hori 2010eko 101. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 20an.

Plan sektorial honen helburua da lehen Lekarozko (Nafarroa) Aholku Oneko Andre Mariaren Ikastetxe ospetsuak erabilitako lurretan kulturako, hezkuntzako eta ekonomiako ekimenetarako eremu bat eratzea, halako zerbitzu eta azpiegiturak dituena zeinek ahalbidetuko eta azkartuko duten Baztanen eta, beraz, Foru Komunitateko iparraldean, proiektu bereziak, garapenekoak eta berritzaileak garatzea.

II. AURKEZTUTAKO ALEGAZIOAK

Espedientea jendaurrean egon den bitartean, Santiago Aldaco Alemán jaunak, Baztango Udaleko jarduneko alkateak egindako alegazioen idazkia jaso da. Ondotik azaltzen dira horren eduki laburtua eta eman zaion erantzuna.

EDUKIA:

1. Sarbidea eta ibilgailuentzako zein oinezkoentzako bideak.

-Sarbideko biribilgunea eskasa da, eta izan daitezkeen jarduketak baldintzatzen ahal ditu; horregatik, 22 metroko diametroa izan dezala eskatzen da.

-Barne banaketako bideek ibarrean egin berri diren bideen neurriak izan beharko lituzkete; galtzada 6 metro zabal eta espaloia 2 m zabal izan beharko lirateke, gutxienez ere.

-Aparkatzeko erreserbaren barrenean, eremu berariazkoak zehaztu beharko lirateke autobusak aparkatzeko, ibilgailu horiek aise maniobratzeko modua izan dezaten.

-NA-4403 errepidearen paraleloan doan espaloia ez da nahikoa eta, gutxienez ere, 2,5 metro zabal izan beharko du, zirkulazio handiari dagokion moduan (154/1989 FD).

-Baztan ugaldearen bazterretik Lekaroz eta Elizondo arteko oinezkoen eta txirrindularientzako bidea, proposamenak, itxuraz, jasotzen ez duena, antolatutako eremutik kanpo bada ere, hil ala bizikoa da Elizondoko jendeak sarbide egokia behar badu zentro funtzioaniztun berrira etortzeko.

-N-121-B eta NA-4403 arteko bidearen hobekuntza, biribilgune bat eginez bidegurutzean eta Baztan ugaldearen gaineko zubia zabaldu eta zuzentzea.

2. Azpiegiturak eta baliabide energetikoak.

-Planak ur kontsumo handiagoa aurreikusten du eta, hortaz, horniduraren egiturak indartu beharko dira. Eginkizun hori sustatzailearen bizkar da, hezkuntza campuseko kontsumoari dagokionez. Hornidura hori planean eskatzen dena baino handiagoa bada eta osorik utzi nahi bada Iruritaren eskura, baliteke sustatzaileak baldintzarik gabe ematea, edo mekanismo batzuk ezartzea sustatzaileari bere jarduketagatik eragiten ez diren gastuak itzultzeko.

-Saneamenduaren azpiegiturari dagokionez, beharrezkoa izatera, sustatzaileek Lekarozko ponpatze putzua aldatzeagatik dagokien kostuaren zati proportzionalaren kargu egin beharko lukete, hortik igaroko baita hustubidea Baztango hondakin uren araztegira.

-Argiteria publikoaren eta telekomunikazioen azpiegiturei dagokienez, ur hornidurari buruzko gauza bera esan behar da; hau da, jarduketa sustatzen duen entitateak bermatu behar dituela zerbitzua indartzeko eginen diren jarduketak, aurretik aipatu legeria indardunak agintzen duen moduan.

3. Proposatzen den araudi orokorra.

-Bizitegirako eta zerbitzuetarako, mugak eta helburua zehaztu beharko lirateke; izan ere, ez datoz bat proposamenaren helburu orokorrekin.

-Lurzoru urbanizaezinerako proposatzen den babes araudia ez da udal planeamenduaren araubide orokorrekoa bezalakoa. Horrela, besteak beste, onartutako eraikuntza jardueren artean badaude zehaztu gabe dauden batzuk (behatoki naturalak, nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerei lotutako eraikinak, etab); zehaztu beharko lirateke eta haien neurriak taxutu. Gainera, lehenik eta behin, lurzoru urbanizaezinean Baztango tipo arkitektonikoei jarraitzen dieten eraikinek udal ordenantzan ezarritako irizpide estetikoak bete beharko lituzkete.

4. Ordenantzak.

Altuera libre aldagarria ezartzen da, 2,5 eta 5 m artekoa, beheko eta goiko solairuetarako. Ondorioz, beheko solairua eta goiko bi dituen eraikin batean 7,5 m-ko aldea sortzen ahal da altueran. Gomendagarria da 3,3 m-tik gorako altuera libreak baimentzea kasu justifikatuetan, jardueraren funtzionamenduan oinarrituta.

ERANTZUNA:

1 puntuari.

-Herri Lan Departamentuaren ustez, UPSko biribilgunea, 2010eko irailaren 6ko txostenaren arabera, "neurri txikikoa" da baina "egokia" trafikoari buruz aurkeztutako azterlanaren arabera". Inoiz nahikoa ez balitz, ez litzateke eragozpenik izanen handitzeko, guztiz sartua baitago UPSaren eremuan eta sustatzaileak (publikoa) behar adina lur baitu inguruan hura handitzeko.

-Zati batean onartzen da iradoki dena, bideen barne banaketaren zabalera 5 m-tik 5,50 m-ra zabaltzen baita.

-Eskatutakoa kontuan hartuta, sustatzaileak UPSa aldatu du, haren ondoriozko urbanizazio proiektuak autobusak aparkatzeko eremu berariazkoak erabakiko dituela ezarri baitu.

-Oinezkoen lehentasunezko ibilbide intentsiboa Baztan ugaldearen paraleloan kokatzen da, eta alegazioen idazkian proposatutakoa baino askoz zabalagoa da. Horrela, ibilgailuen joan-etorria, NA-4403 errepidean barna, eta oinezkoena, ukitutako eremutik hegoaldeko bide batean barna, bereizita daude eta ez dago haiek elkartuta sor litekeen eragozpenik. Ez da bidezkotzat jo NA-4403 errepidearen paraleloan doan espaloia zabaltzea.

-UPSak udalerrian garatzen ahal diren oinezkoen eta txirrindularien sareetan sartzea planifikatzen du; esate baterako, Doneztebe-Elizondo ibilbide orokorrari lotzen zaizkionak; GAVR enpresa publikoa ari da horien moldaketa proiektatzen. UPSak bere eremuaren barrenekoa gauzatzea besterik ezin du bermatu; gainontzekoa egingarria da udalak bere eskumena baliatuz edo beste plan eta proiektu sektorialen bidez garatutako proiektuen bitartez.

-N-121-B errepidearen eta NA-3303 errepidearen arteko loturaren hobekuntza UPSaren jarduketa eremutik kanpo dago; beraz, ez da bidezkoa hari dagokiona kontuan hartzea. Bestetik, departamentu eskudunak ez du horren gaineko deteminaziorik ezarri.

2 puntuari.

-Planak ur biltontzi bat kokatzea aurreikusten du jarduketa eremuko lurretan, autonomia bermatzeko. Horri buruz, UPSaren sustatzaileak txostena eskatu dio Toki Administrazioko Departamentuari ezarri beharreko hornidura sareari buruz.

Lurzoruari buruzko 2/2008 Legean alegatu den 16.1.c) artikuluari buruz, sustatzailearen betebeharrak dira bai zerbitzuen sare orokorrekin lotzeko azpiegiturak, bai jarduketatik kanpo daudenak sendotzea hark tamainagatik eta ezaugarri bereziengatik eskatzen duelako, zerbitzu sareak instalatzeko gastuak enpresen kargura itzultzeko eskubidea ukatu gabe, legeria aplikagarrian ezarritako moduan.

3 puntuari.

-Alegatutakoa kontuan hartuta, bidezko da bizitegirako eta zerbitzuetarako erabilera kentzea UM-2 eta UM-4 unitate morfologikoetan -"Mintegien eraikina" eta "Enpresen Campusa"- onartutako erabileretatik, eta eutsi egiten zaio erabilerari UM-1 unitate morfologikoan -"Zerbitzu anitzetako herrigunea"- bertan ikasleei ostatu emateko.

-Planak 15. artikuluan -Araudi Orokorraren eta Partikularraren dokumentuko Lurzoru Urbanizaezina Babesteko Arauak- araubide bat ezartzen du lurzoru urbanizaezineko eraikuntza jardueretarako, eta haietan, onartutako jardueren artean ez daude, alegatzen den bezala, nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerei loturiko eraikuntzak.

Bestetik, UPSek ez du eraikuntza arloko baldintzarik ezartzen lurzoru urbanizaezinean baimendu edo onartzen diren jardueretarako; hortaz, udal planeamenduak edo ordenantzek xedatzen dutenari jarraituko zaio.

Azkenik, araubide horren bestelako interpretaziorik izan ez dadin, uste da "gainontzekoak" jo behar direla jarduera debekatutzat eta ez "lehen atalean aipatu helburuei kalte egiten dieten guztiak".

4 puntuari.

-UPSak izatearen arrazoia, udal plan orokorraren gaineko araua baita, bere hirigintza baldintzen mende soilik gelditzea da, baldintza horiek udalaren interesa eta arau esparrua gainditzen duten erabilera eta tipologiei buruzko behar edo helburuen arabera finkaturik. Horregatik, ezetsi egin behar da alegazioa.

III. HASIERAKO ONESPENAREN DETERMINAZIOAK

Nafarroako Gobernuaren 2010eko uztailaren 28ko Erabakiak, plana Udalez gaindiko Plan Sektorialtzat jo zuenak, zenbait determinazio ezarri zituen, eta horien gainean, sustatzaileak emandako erantzunetatik abiatuta, ondokoa atera liteke:

III.1. Lurralde eta hirigintza arloko balorazioa.

-Udal planeamenduaren aipamena: "...Alde horretatik, beharrezkoa da plan sektorial honetan justifikatzea udal arau horiek kontuan ez hartzea unitate morfologiko bakoitzerako definitzen dituen baldintza estetikoetan".

Erantzunean, UPSak udal planeamenduaren aldean duen lehentasunera jotzen du sustatzaileak eta aurreikusi eta nahi diren erabileren berritasunera, haien gainean Baztango Planak berezko ikuspegi eta araudirik ez duelako.

-Lagapenak eta erreserbak lurzoru urbanizagarrian: "...Jabari eta erabilera publikoko berdegune handiei dagokienez, aipatu behar da ekipamendu hori berrikusi egin beharko dela, ez baita betetzen, kasu guztietan, LAHFLa garatzeko Erregelamenduak eremu horietarako ezartzen duen 15 metroko gutxieneko zabalera. Hori hala, iradoki daiteke komenigarria dela oinezkoentzako eremu handi bat sortzea elizaren ondoan, eremuko sarrerari garrantzia emateko".

Berdeguneei buruz zehaztutakoa aintzat hartuta, sustatzaileak beste antolamendu bat aurkeztu du eta "PL.4. Tokiko sistemak: hirigintzako estandarrak betetzea" izeneko plano berrian jaso.

Aipatu oinezkoen gune zabalari dagokionez, sustatzaileak adierazi egin du urbanizazio proiektuak ezaugarri horietako gune bat eratuko duela oinezkoak eta ibilgailuak elkarren ondoan ibiltzeko, eremu bat gehituta proposatutako espaloiari. Proposamenaren sorkuntza birtualak izeneko 10. eranskina gehitu zaio UPSari, non 3D-ko render bidez proiektuaren asmoa erakusten baita eremu guztiei buruz.

Orobat, honela dio Erabakiak: "...Beste alde batetik, aparkatzeko 375 toki planifikatu dira, proiektuko memoriaren arabera, erabilera publikoko lurzoru pribatuan. Kopuruak arauzko estandarra betetzen badu ere, ekipamendu hori jabari eta erabilera publikokotzat jo beharko da, LAHFLren 53. artikuluaren arabera".

Aparkatzeko tokien kopurua 348ra jaitsi bada ere, batez ere Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak Artesiagako erreka ondoko aparkalekua kentzeko egindako eskaeraren ondorioz, sustatzaileak kontuan hartu du aipatu zehaztapena. Argitu beharra dago LAHFLk ez duela behartzen aparkatzeko tokiak jabari publikoari lagatzera zerbitzuen sektoreetan, aparkaleku horien erabilera publikoa bermatzera bakarrik. Dena dela, legean aurreikusitako erreserba eta lagapenak gutxienekoak direnez, ezerk ez du galarazten UPSek determinazio hori bere egitea, eta birzatitze proiektuan doi liteke sustatzaileak eta Udalak adosten duten moduan.

-Beste ohar batzuk: "UPSaren esparruan mugatutako lurzoru urbanizaezinean azpikategoria bat edo azpikategoriak bereizi beharko dira, LAHFLren 94.3 artikuluan ageri direnen arabera, sailkapen hori edo urbanizazio prozesutik baztertzea justifikatzen duen arrazoia kontuan hartuta. Horrenbestez, UPSeko Hirigintza Araudi Orokorraren 15. artikulua berrikusi beharko da (planak mugatutako lurzoru urbanizaezina babesteko arauak biltzen ditu), egokitu egin beharko baita balio babestuaren edo ezartzen diren lurzoru urbanizaezineko azpikategorien arabera".

Sustatzaileak planaren 15.2 artikulua, "Lurzoru urbanizaezina babesteko arauak", aldatu du eta hiru azpikategoria bereizten ditu lurzoru urbanizaezinean (ingurumen balioko lurzorua, paisaia balioko lurzorua eta ustiatze naturalerako balioa duen lurzorua), planak ere grafikoki bereizi behar dituen azpikategoriak.

Bestetik, aipatu artikuluak babes araubide bakar bat ezartzen du lurzoru horientzat.

-Beste ohar batzuk: "UPSeko memoria deskribatzaile eta justifikatzailean aurreikusitako jarduketei heldu ahal izateko, hau da, oinezkoendako eta bizikletendako pasealekuak erabilera publikorako egokitu eta sortzeari buruzko jarduketei heldu ahal izateko, Lourdesko Ama Birjinaren harpera gaur egun doan bidea sartu beharko da jarduketa esparruaren barrenean. Horrekin batera, egokitzapena landu beharko da. Orobat, eta Nafarroako Lurralde Estrategiak ezarritako irizpideei jarraikiz, banakako mugikortasuna eta interes kolektiboa bateragarriak izan daitezen, plana osatu beharko da oinezkoen eta txirrindularientzako sare bat definituz, bai eta hirigune hurbilenekin (Lekaroz, Elizondo, Etxerri auzoa -Baztan hotela-) lotura eginez ere".

Puntu honen lehen zatiari erantzuteko, sustatzaileak "Ingurumen Kudeaketa-Nafarroako Mintegiak eta Basoberritzeak, S.A." enpresa publikoaren txosten bat igorri du, EA.11 eranskina: "Doneztebe-Elizondo txirrindularien eta oinezkoen dosierra, 2. ibilbidea" izenekoa; horren arabera, Lourdesko Ama Birjinaren harperako bidea enpresa hori prestatzen ari den "Doneztebe eta Elizondo arteko txirrindulari eta oinezkoentzako bidea egokitzea. 2. ibilbidea" exekuzio proiektuaren tarte bat da.

Horrenbestez, sustatzaileak erantzun du UPSean "ez dela neurririk hartu lurzoru hori urbanizatzeko, ez daitezen bi dokumentuetan proposatzen diren ekintzak errepikatu edo bateraezinak izan".

Bide berdearen proiektu horrek, UPSaren eremuan eragina duten jarduketak kontuan hartzen baditu ere, ez du hura gauzatzeko egutegirik, ezta aurrekontu finkaturik ere. Horrenbestez, uste da saihesten ahal dela proiektu horren eta UPSaren arteko bateraezintasuna eta azken horrek lehen pausoa eman beharko luke eta Lourdesko Ama Birjinaren harperako bidea bizikletan eta oinez ibiltzeko pasealeku gisa egokitzeko bermatu.

Puntu honen bigarren zatiari dagokionez, sustatzaileak PL.6 planoa (Mugikortasuna eta Konexioak: oinezkoen eta txirrindularientzako ibilbideak) erantsi du. Bertan, ibilbide horiek zehazten dira, baina ez hirigune hurbilenekin (Lekaroz, Elizondo, Etxerri auzoa -Baztan hotela) lotu arteraino. Orobat, ez da ibilbide horien egoera zehazten, ezta haiek egokitzeko beharrezko jarduketak zertan diren ere. Horrenbestez, berriz gogoratzen da plana osatu egin behar dela Lourdesko Ama Birjinaren harperako bidea jarduketa eremuan sartuta eta oinezkoen eta txirrindularientzako pasealeku gisa egokitzeko beharrezko neurriak hartuta, Horiek bateragarriak izan beharko dute prestatzen ari den exekuzio proiektuan (Doneztebe eta Elizondo arteko txirrindularien eta oinezkoen bidea egokitzea, 2. ibilbidea) jasotzen direnekin.

-Beste ohar batzuk: "Planak, hobeki aplikatzeko, ezartzen dituen erabilera moten definizioa jaso beharko du eta, bereziki, erabilera baimendu eta onartuena, horien esleipen mailarena eta enpresa jarduerarena".

Alde horretatik, osatu egin da hirigintzako araudi orokorra -esleipen maila salbu; dena dela, eta kontuan hartuta alegazioei eman zaien erantzuna, bizitegirako eta zerbitzuetarako onartutako erabilera kendu beharko da erabilera bateragarrien taulatik.

-Beste ohar batzuk: "Erabilera askotako ekipamenduko lurzatietarako ezarri diren erabilera onartuek (betiere sektorearen zerbitzura egonen dira), bat etorri behar dute LAHFLren Erregelamenduaren 15. artikuluan ezarritakoekin. Alde horretatik, kendu egin behar dira bizitegirako eta zerbitzuetarako erabilera eta ostalaritzakoa".

Aipatu aginduari jarraituz, sustatzaileak planaren 8. artikulua (Erabilera bateragarrien taula) zuzendu du.

-Beste ohar batzuk: "UPSean ibaiaren ekosistemari buruz ageri den memoria deskribatzaile eta justifikatzailean zenbait jarduketa aurreikusten dira, ibaiaren ingurunea eta ES2200023 BILeko ibilbide berdea egokitzeko xedez. Hori horrela, Hirigintza Araudiko ZV.5 lurzatiaren fitxako 5. atala (Aurreikusitako jarduketak) atala osatu beharko da".

Ingurumenaren Zuzendaritza Nagusiak ezarritakoa kontuan hartuta, aipatu eremua lurzoru urbanizaezinean sartu da.

Aurreikusitako jarduketei dagokienez, lurzoru urbanizaezinaren laburpen fitxan sartu dira txostenean deskribatutako jarduketa guztiak, eskatutakoaren arabera, baina jarduketa horiek 15. artikuluan ere (Lurzoru urbanizaezina babesteko arauak) sartu beharko dira.

-Beste ohar batzuk: "PL02 planoa (Lurzoruaren sailkapena) zuzendu egin behar da, eta eremu horretan sartzeko proposatu den biribilgunearen azalera sektorearen azalera osoarekin batera zenbatu".

Sustatzaileak plana aldatu du, aipatu biribilgunea sektorean sartuta, lurzoru urbanizagarri gisa.

-"Autobusentzako aparkalekuak jartzeko aukerarik baden aztertuko da".

Baztango Udalaren idazkiari erantzun zaion moduan, urbanizazio proiektuari egozten zaio aurreikuspen hori.

-"Araudian, Memoria dokumentuan aipatzen den moduan, azaldu beharko da urbanizazio proiektuak toki horretan dauden balio sinboliko handiko elementu hauen kokalekua aurreikusi beharko duela, eremu libre publikoetan:

-Ikastetxe zaharreko ataria, eraikina eraitsi ondoren kontserbatu dena.

-Jorge Oteizak aita Llavanerasi egindako eskultura, gaur egun Zangozan dagoena.

-Mendeurrenaren monolitoa, gaur egun ondoko institutuan dagoena."

Sustatzaileak kontuan hartu du ohar hori, araudiaren 2. eranskin gisa.

-"Osatu eginen da hornidurarako azpiegituren eskema, bertako sarearekin lotzen den punturaino. Lotura egiteko azpiegitura horietarako behar diren lurrak planari atxikitako sistema orokortzat joko dira".

Ohar horiei jarraituz, osatu egin da hornidurarako azpiegituren eskema, bertako sarearekin lotzen den punturaino. (OR 4 planoa: azpiegituren eskema: hornidura). BHIaren lotunetik hurbileko biltontzia elikatzeko, sarerako proposatzen den loturak ez du lur gehiago behar azpiegituren sare horri lotzeko eta, horrenbestez, planari atxikitako sistema orokorrak ez dira aintzat hartu behar.

III.2. Ingurumen arloko oharrak.

Bidezko da Ingurumen ondorioen adierazpenaren formulazioari buruzko atala aldatzea.

III.3. Emandako txostenak.

-Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak.

2010eko irailaren 6an, Herri Lanetako zuzendari nagusiak aldeko txostena eman zuen UPSa onesteko, eta hainbat determinazio betetzera behartu, gehienak NA-4403 eta NA-4404 errepideen arteko bidegurutzeko biribilguneari buruz.

-Hezkuntza Departamentuak.

2010eko irailaren 21ean, Hezkuntza Departamentuko Obren eta Mantentze-lanen Zerbitzuko zuzendariak aditzera eman zuen aztertu egin beharko dela errekak hezkuntzarako lurzatiaren eraikigarritasunean duen eragina. Horretarako, txostena eskatu beharko da edo azterlan bat egin erreka horren egoerari, uholde aukerei utzi beharreko tarteei eta abarrei buruz.

Kantauriko Ur Konfederazioak eta Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak kontrolatzen dute Hezkuntza Departamentuak aipatu kontua.

-Turismo Zuzendaritza Nagusiak.

2010eko abuztuaren 17an, Turismoko Produktuak Antolatu eta Garatzeko Zerbitzuak txostenean adierazi zuen "Gune horretan egiten diren jarduerek, berariaz turismorako ez badira ere, zuzenean dutela zerikusia turismoarekin, antolatzen diren zerbitzuen erabiltzaile eta bisitariak erakarriko dituztelako eta, ondorioz, turismoa indartuko dutelako".

-Kantauriko Ur Konfederazioak.

2010eko irailaren 23an, arroko erakunde horrek aldeko txostena eman zion proiektuari, ondorio hauetan xedatutakoari izan ezik:

1. Behar bezala justifikatu da beharrezko ur baliabideak bidezkoak direla, tramitatzen den tresnaren araberako eskaerak babesteko.

2. Jarduketaren ipar muturreko ekipamenduko bi eraikinak, ukipen puntuala baitute uholde arriskuagatik, urak hartzen ahal duen eremutik kanpo proiektatu beharko dira, idazlariak azterlan hidraulikoan atera dituen ondorioen arabera.

3. Urbanizazio proiektuak beharrezko dekantazio azpiegiturak jasoko ditu euri-uren sarerako, ur kalitatearen arauak betetzeko, ezin baitira Bagordiko errekaren (Telleriko errekaren) ibilguan isuri.

4. Oroitarazten da ur-ibilguen polizia eremuan edozein obra edo lan egiteko administrazio baimena beharko dela, arroko erakundeak aldez aurretik emana. Baimen horrek ez du zerikusirik administrazio publikoetako hainbat organok eman beharreko edozeinekin (apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuak onetsi eta urtarrilaren 11ko 9/2008 Errege Dekretuak aldatutako Ur Jabari Publikoaren Erregelamenduaren 9.4 artikulua).

-NILSAk.

2010eko abuztuaren 23an, sozietate publiko horrek bere txostenean adierazi zuen eskatu den ur-emaria onargarria dela Baztango ur hondakinen araztegian, eta konexioa egiteko unea iristen denean eta beharrezkoa bada, sustatzaileek beren kargu hartuko dutela Lekarozko ponpatze putzua aldatzeagatik dagokien kostuaren zati proportzionala, isuria hortik igaroko baita Baztango ur hondakinen araztegirako bidean.

III.4. LAHFLren 100. artikuluari buruzko determinazioak eta egin gogo diren instalazioetarako behar diren baimenei buruzkoak, diren bezalakoak direlako, argitaratu egin behar dira.

IV. INGURUMEN ONDORIOEN ADIERAZPENA

Azaroaren 18ko 1819/2010 Ebazpenaren bidez, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak Ingurumen ondorioen adierazpena egin zuen plan sektorial honi buruz.

Bertan, hasteko, aditzera ematen da ez dela ingurumen edukiko alegaziorik aurkeztu eta, bukatzeko, ingurumen ondorioen adierazpenaren aldekoa egiten da, UPSa gauzatzeko hainbat baldintza jarrita.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Alegazioak erabaki honen azalpen zatian adierazitako moduan ebaztea.

2. "Lekarozen enpresen campusa" ezartzeko udalez gaindiko plan sektoriala, "SPRIN, S.A." sozietate publikoak sustatua, onestea determinazio hauekin:

a) Plan sektorial honen gaineko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duen Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 18ko 1819/2010 Ebazpenean ezarritakoak. Adierazpen hori UPSaren dokumentazioko 9. eranskinari gehitu beharko zaio.

b) Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren 2010/389522 txostenean ezarritakoak.

c) Kantauriko Ur Konfederazioak 2010eko urriaren 15eko txostenean ezarritakoak. Txosten hori, espedientearen parte dena, UPSaren dokumentazioko 9. eranskinari gehitu beharko zaio.

d) UPSean Lourdesko Ama Birjinaren harperako egungo bidea sartuko da, jarduketa eremuaren barrenan, baita oinezkoentzat eta txirrindularientzat pasealeku gisa egokitzeko behar diren neurriak ere. Horiek, betiere, bateragarriak izan beharko dute UPSaren 11. eranskinean bildutako exekuzio proiektuan (Doneztebe eta Elizondo arteko txirrindularien eta oinezkoentzako bidea egokitzea, 2. ibilbidea) jasotakoekin.

3. Oro har, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 100 c) artikuluko zehaztapenekin bat, jarduketatik kanpoko sistema orokorrekin konektatzeko azpiegituren kostua sustatzailearen kontura izanen da eta, behar izanez gero, berak egin beharko ditu azpiegitura horiek, eta, jarduketaren ezaugarrien ondorioz beharrezkoa bada, aipatu sistemak handitzeko edo sendotzeko obrak egin beharko ditu, bai UPSean sartutakoak bai aurreragoko azterlan edo beharren ondorioz sortzen ahal direnak.

4. Egin asmo diren instalazioak ukitu edo baldintzatu ditzaketen gainerako azpiegitura eta zortasunei dagokienez, entitate sustatzaileak behar diren baimen guztiak eskuratu beharko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren erakundeetan eta, bereziki, Kantauriko Ur Konfederazioan eta NILSA enpresa publikoan.

5. Espedientea tramitatzearen ondoriozko aldaketak eta ezarritako determinazioek ekarritakoak jasoko dituen testu bategina aurkezteko eskatzea sustatzaileari.

6. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusira zein Herri Lanen Zuzendaritza Nagusira igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Erabaki hau sustatzaileari, Baztango Udalari eta Kantauriko Ur Konfederazioari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabakiak bide administratiboa amaitzen duela eta bere kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Nolanahi ere, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2010eko abenduaren 20an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1020986