13. ALDIZKARIA - 2011ko urtarrilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1883/2010 EBAZPENA, abenduaren 2koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena eta Ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena Fustiñanako udal mugapeko hondakin arriskugarrien instalazio baterako. Jardueraren titularra FCC Ambito, S.A. da.

Jada egina dagoen instalazioa Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 2B eranskineko 5.1. epigrafean sarturik dago: "Hirugarrenek sortutako hondakin arriskugarriak ezabatzeko instalazioak, errausketa bidez, hondakindegietan utziz, segurtasun biltegietan gordez edo tratamendu kimikoaren bidez (Kontseiluak hondakinei buruz emandako uztailaren 15eko 75/442/EEE Zuzentarauaren 2.A eranskineko D9 epigrafean adierazten den bezala)." Beraz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen mende dago. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduan (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsia) ezarritakoarekin bat tramitatu da espedientea, eta prozeduran sartu dira urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusi ziren ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, gai arriskugarriak tarteko diren kasuetarako.

Ebazpen honen V. eranskinean, orain arte egin den tramitazio administratiboaren laburpena ageri da. VI. eranskinak, berriz, titularrari entzuteko tramitean aurkeztutako alegazioak eta bakoitzari eman zaion erantzuna biltzen ditu. Ez da proiektuari buruzko alegaziorik aurkeztu jendaurrean egon den artean.

Ingurumenaren arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendariaren, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten dituen urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.-Ingurumen baimen integratua ematea Fustiñanako udal mugapean hondakin arriskugarriak kudeatzeko instalaziorako (aerosolen eta antzekoen tratamendua). Titularra FCC Ambito, S.A. da.

Bigarrena.-Jarduera hori Ingurumen baimen integratuaren eskaeraren oinarrizko proiektuan eta 1137/06 espediente administratiboko gainerako agirietan aipatzen diren baldintzei jarraikiz garatu beharko da, eta, betiere, ebazpen honen II., III. eta IV. eranskinetako neurriak betez.

Hirugarrena.-Ingurumen baimen integratu honek zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 30. artikuluko administrazio prozedurarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Laugarrena.-Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.

Bosgarrena.-Instalazioa hondakin arriskugarrien kudeatzaileen erregistroan mantentzea 15G01108012321994 erregistro zenbakiarekin. Kudeatzen ahal dituen hondakin ez arriskugarriak Ingurumen baimen integratuaren IV. eranskinean ageri dira. Hondakinen kudeaketan egiten diren aldaketa guztiak jakinarazi egin behar dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, lehen aipatu IV. eranskinean sartzeko.

Seigarrena.-2011ko otsailaren 28a baino lehen, instalazioa irekitzeko baimena eskatu beharko du titularrak, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 40. artikuluan eta ebazpen honen II. eranskinean ezartzen diren baldintzetan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Zazpigarrena.-Departamentu honek araudi sektorial aplikagarriaren ondorioz baimenaren xedeko jarduera edo instalaziorako emandako baimenak eta gainerako administrazio egintzak indarrik gabe uztea; betiere, ebazpen honetan haiei buruz espresuki egindako adierazpenik badago.

Zortzigarrena.-Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bederatzigarrena.-Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

Hamargarrena.-Ebazpen hau jakinaraztea FCC Ambito, S.A.ri, Fustiñanako Udalari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko abenduaren 2an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas, 7-behea), Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan; eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F1020328