1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
692/2011 EBAZPENA, ekainaren 15ekoa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, "Larragako mendebaldeko hondakin urak Larragako HUArekin lotzeko proiektua" behin betiko onesten duena.
Toki Administrazioko zuzendari nagusiak apirilaren 11n emandako 370/2011 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri ziren, hamabost egunez, aipatu proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.
Epe horretan zenbait alegazio jaso dira. Hona hemen erantzunak:
1. Jesús García Elorz jaunak, Romualdo eta José Elorz Bacaicoa jaunen izenean, zera alegatu du:
Lurzatia herrigunetik hurbil dagoenez, kolektorea finkarekin paralelo doan biderantz eraman dezatela.
Era berean, Norberto Zabalza Hermoso de Mendoza jaunak zera alegatu du:
Larragako 1. poligonoko 1.355. lurzatiaren jabea dela, eta eskatzen du trazadura finkatik hegoalde-mendebaldera eramatea ahalik eta gehien, ukipena alboetakoa izan dadin, ahal den gehiena.
Bi alegazioei erantzunez, adierazten da Larragako 1. poligonoko 1.355. eta 1.356. lurzatietatik pasako den grabitate bidezko hustubidea, gehienez, 6,08 metro sakon joanen dela. Sakonera hori teknikoki gomendatzen denaren mugan dago, zulo handia egin behar delako. Betalde, sakonera horretan, erregistro-putzuak garbitu eta ikuskatzeko lanak asko zailtzen dira. Hustubidea ekialde-mendebalderago eramanez gero, sakonera asko handituko litzateke, eta ez lirateke bideragarriak izanen, ez obra, ez eta ondorengo eragiketa eta mantentze-lanak ere. Bestalde, hustubidea ekialde-mendebalderago eramanda ere, erregistro-putzua berdin-berdin kendu beharko litzateke, eta ukitutako azalera handiagoa izanen litzateke.
Adierazitako guztia kontuan hartuta, alegazio horiek ezetsi dira.
2. Jesús Otamendi García jaunak zera alegatu du:
Saneamendu sareak bere finkatik pasatzeko moduarekin ez dagoela ados, jabari publikoko lurretatik eramateko aukera dagoelako. Hortaz, trazadura aldatzeko eskatu du.
Alegazioari erantzunez, adierazi da Larragako mendebaldeko hondakinak biltzeko azterlanean, alternatiba ezberdinak aztertu zirela, hasierako inbertsioak eta geroko eragiketa eta mantentze-lanetarako gastuak optimizatzeko. Horregatik, hondakinak ponpaketa estazio bakar batera eramanen dira grabitatez, handik hondakin ura gaur egungo araztegian sartzeko hustubidera eramateko. Beste ponpa batzuk egiteak edo, kasua bada, beste araztegi bat herriko eremu horretarako, abantaila gutxiago ekarriko lituzke, hala inbertsioaren ikuspuntutik nola eragiketa eta mantentze-lanen ikuspuntutik.
Finka hori grabitate bidezko hustubide batek ukituko du, eta horren trazadura eremu horretako topografiagatik baldintzatuta dago. Horregatik aukeratu behar izan da proposatutako trazadura, lurraren sestra-mailari egokitzen zaiolako.
Horiek horrela, ezetsi da alegazioa.
3. Asunción Vértiz García andreak zera alegatu du:
Hustubidearen iparraldeko adarraren trazadura luzatzeko eskatu du, Larragako 1. poligonoko 1.071. lurzatiaren ipar-mendebaldeko erpineraino, geroko handitze baten ondorioz hiri lurzorutzat har daitekeen lurzati puska hori ukitua izan ez dadin.
Alegazioari erantzunez, adierazi da grabitate bidezko hustubidearen trazadura eremu horretako topografiagatik baldintzatuta dagoela. Horregatik aukeratu behar izan da proposatutako trazadura, lurraren sestra-mailari egokitzen zaiolako. Lurzatiari iparraldeko izkinan eragiten zaio, 37 bat metro luze den puska batean. Finkaren hegoaldea obra egin bitartean baizik ez da eraginen, aldi baterako, eta erregistro-putzua lurzati horretatik kanpora geldituko da.
Adierazitako guztia kontuan hartuta, alegazio hori ezetsi da.
Azkenik, alegazio guztiei erantzunez, adierazi beharra dago ez dagoela inolako hirigintza garapenik aurreikusten lurzati horietarako, ez Larragako indarreko hirigintza planean, ez eta Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduan jasotako jarraibideetan ere. Gaur egun, lurzati horiek lurzoru urbanizaezin gisa sailkaturik daude, eta hasiera batean horrela sailkaturik segitzea aurreikusten da.
Dena dela, saneamendurako azpiegitura bat instalatzeak ez du etorkizuneko hirigintza garapenik galarazten.
Bestalde, akatsa bat atzeman da jendaurrean jarritako ondasun eta eskubideen zerrendan, Larragako 1. poligonoko 923. eta 924. lurzatietan hain zuzen. Trazadura bi finka horien mugatik joanen da eta horien ukipena hauxe izanen da: 106 metroko hoditeria eta bakoitzaren zortasuna 159 m²-koa. Zerrenda hartan, baina, adierazi zen kanalizazioa 49 metrokoa izanen zela eta zortasuna 74 m²-koa. Gainerako ukipenak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendan adierazi bezala geldituko dira.
Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 121/2007 Foru Dekretuak esleitu dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. "Larragako mendebaldeko hondakin urak Larragako HUArekin lotzeko proiektua" behin betiko onestea eta aurkeztutako alegazioak ebazpen honen azalpen zatian adierazi bezala ebaztea.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Foru Komunitateko egunkari batean eta Larragako Udaletxeko iragarki oholean argitaratzea.
3. Ebazpen hau Larragako Udalari, alegatzaileei eta akats materiala egin deneko finken titularrei jakinaraztea. Horrekin batera adierazten zaie administrazio publikoek ez beste interesdun guztiek gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hau jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe horren aurretik Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egitea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.
Iruñean, 2011ko ekainaren 15ean.-Toki Administrazioko zuzendari nagusia, Pedro Blas Pegenaute Garde.
Iragarkiaren kodea: F1110743