Iragarkia
128. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 29a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
EBAZPENA, 2011ko ekainaren 13koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Martzillako Ardovries España, S.A. enpresaren hitzarmen kolektiboaren testua erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Martzillako Ardovries España, S.A. enpresaren hitzarmen kolektiboaren testua (kode zk.: 31100030012011) aztertu da, Erregistro honetan 2011ko maiatzaren 20an sartu zena eta enpresaren lege eta sindikatu ordezkariek maiatzaren 16an izenpetu zutena, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Ebazpen hau negoziazio batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2011ko ekainaren 13an.-Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
ARDOVRIES ESPAÑA, S.A. MERKATARITZA KONPAINIAREN 2011KO HITZARMEN KOLEKTIBOA (Martzillako zentroa)
1. artikulua. Lurralde eremua.
Hitzarmen hau "Ardovries España, S.A." enpresak gaur egun Martzillan duen lantegian aplikatuko da.
2. artikulua. Eremu funtzionala.
Hitzarmen hau fabrikako departamentu guztiei atxikitako langileei aplikatuko zaie.
3. artikulua. Langileria.
Ardovries España, S.A. enpresak Martzillako lantegiko lurralde eremuko eta funtzionaleko langile guztiei aplikatuko zaie, Langileen Estatutuaren 2. artikuluan edo beste xedapen orokorretan aipatzen diren lan harreman bereziak dituztenei izan ezik.
Zuzendaritza karguak eta departamentuko burutzak dituztenak hitzarmenetik kanpo daude. Enpresak karguen organigramaren eta gerta daitezkeen aldaketen berri emanen dio idatziz Enpresa Batzordeari.
4. artikulua. Indarraldia.
Hitzarmen honen indarraldia urtebetekoa izanen da, 2011ko urtarrilaren 1etik 2011ko abenduaren 31ra arte.
5. artikulua. Ondorioak.
Hitzarmen honetan itundutako baldintzek multzo zatiezina osatzen dute; beraz, ez dago arauetako bat edo batzuk aplikatzerik gainerakoak ahantzirik.
Ezarritako baldintzak konpentsatu eta irentsiko dituzte hitzarmen honek indarra hartzean lehendik zeuden beste baldintza guztiak.
Hitzarmen honetan itundutako baldintzak aldatzen ahalko dira baina bakarrik, berriek, multzoan eta urteko konputuan hartuta, hemen itundutakoak gainditzen dituztenean.
6. artikulua. Lanaren antolaketa.
Lanaren antolaketa tekniko eta praktikoa enpresaren Zuzendaritzari dagokio, arlo horretako legezko xedapenen arabera.
Horrengatik, lanpostu bakoitzean behar diren espezialisten eta laguntzaileen kopurua Zuzendaritzak ezarriko du, beharren arabera.
Lanaren arrazionalizazio, mekanizazio eta zuzendaritza sistemek ezin izanen diote kalte egin langileen lanbide prestakuntzari; langileek eguneko lanaren bidez prestakuntza hori osatu eta hobetzeko eskubidea eta betebeharra dute.
Mekanizazioak, aurrerapen teknikoek edo antolakuntzakoek ezin izanen dute inolako murrizketarik eragin soldatapeko langileen egoera ekonomikoan; aitzitik, aurrerapen horien ondoriozko onurak ez dira enpresaren soberakina handitzeko bakarrik erabili behar, langileen egoera ere hobetzeko balio behar baitute.
Auzi hauetan guztietan, nolako garrantzia duten ikusita, enpresako Zuzendaritzak Enpresa Batzordearen iritzia entzunen du.
7. artikulua. Langileen sailkapena. Xedapen orokorra.
Ageri diren lanbide kategoriak adierazpen mailan daude soilik, eta ez du esan nahi kategoria horiek guztiek beterik egon behar dutenik enpresaren beharrek eta bolumenak eskatzen ez badute.
Langile guztiak behartuta daude nagusiek agintzen dizkieten lan guztiak egitera, beren lanbide kategoriari dagozkion eskumenen barnean, eta Langileen Estatutuan aurreikusitakoa galarazi gabe.
Mugigarritasun funtzionala.
Enpresa barneko mugigarritasun funtzionalak, zeina gauzatuko baita langilearen eskubide ekonomikoak eta profesionalak kaltetu gabe, ez du beste mugarik izanen lan egiteko behar diren titulazio akademikoetan edo lanbide-titulazioetan eskatutakoak eta langile bakoitzaren lanbide-taldeari dagozkionak baizik.
Lanbide taldetzat joko da lanbide gaitasunak, titulazioak eta lanpostuko jardunak batean biltzen dituen taldea.
1.-Aitortu zaion lanbide kategoria baino goragoko kategoriako eginkizunak urte batean sei hilabete baino gehiagoz edo bi urtean zortzi hilabete baino gehiagoz egiten dituen langileak Enpresaren Zuzendaritzari lanbide sailkapen egokitua eskatzen ahalko dio.
2.-Enpresak uko egiten badio, Enpresa Batzordeak txostena egin ondoren, zilegi du jurisdikzio eskudunean erreklamatzea.
3.-Goragoko kategoriako eginkizunak egiten direnean baina mailaz igotzea legearen edo hitzarmenen arabera bidezko ez denean, langileak eskubidea izanen du esleituriko kategoriaren eta egiazki egiten duen eginkizunaren arteko aldea kobratzeko.
4.-Produkzio jardueraren behar larriak eta aurreikusi ezin direnak direla eta, langile bati bere kategoria baino beheragokoaren zereginak esleitzen bazaizkio, beharrezkoa den denboran baino ez ditu eginen, eta mantendu eginen dira bere lanbide kategoriari dagozkion ordainsaria eta hortik heldu diren bestelako eskubideak. Gainera langilearen legezko ordezkariei jakinarazi beharko zaie.
8. artikulua. Kategorien definizioa.
Produkzioa
Laguntzailea
Zehaztutako jarraibideak betez diharduen langilea da, menpekotasun maila handiarekin, eta batez ere esfortzu fisiko arinak eskatzen duten lanak dira, kasu bakoitzean behar den arreta jartzea besterik ez da behar, eta oinarri-oinarrizko prestakuntza.
Kategoria horretan sartzen dira enpresan gaur egun dauden eginkizun hauetan dihardutenak, bai eta etorkizunean horien antzekoak izan daitezkeenak ere.
Honako hauek, besteak beste:
-Produktua ikuskatzea.
-Kutxak poltsez betetzea.
-Deskargak zaintzea.
-Eskuz garbitzea.
-Goragoko kategoriako beste langile batzuei laguntzea.
Espezialistak
Goian aipatu kategorien lanekin alderatuta, funtsean oso antzekoak diren lanetan arituz, esfortzu fisikoa handiagoa eta jarraituagoa behar izaten duten langileak dira, bai produktuaren ezaugarriengatik bai eta lanaren inguruneagatik 14 kilotik gorako pisuak erabili behar izaten batituzte.
Honako hauek, besteak beste:
-Zakuak paletetan jartzea.
-Eskaerak hotz-kameretan prestatzea.
-Kutxak xingolaz biltzea.
-Garbiketa mekanikoa.
-Gidari-laguntzailearen transpaleta elektrikoak.
-Edukiontziak muntatzea eta desmuntatzea.
Makinako operadorea
Industria prozesuaren eginkizun batean edo batzuetan espezializatutako langileek egiten dutena, lan metodo zehatz eta jakin bati jarraikiz. Horien erantzukizuna mugatua da, gainbegiratze zuzena eta sistematikoa baitute eta oinarrizko prestakuntza, lanbide esperientziarekin osatua, eta horri esker euren eginkizunetan aritzeko behar den trebetasuna eta lastertasuna dute.
Honako hauek, besteak beste:
-Jasomakinen ohiko gidaria.
-Ontziratzeko makinen makinista.
-Fruitu hartzailea. (tenderometroa).
-Elbiscan-a.
-Galdarraztatzailea.
-Sortex-a.
-Nahastailea.
-Konpresoreak.
-Galdarak.
-Ziazerba-ebakitzailea.
Produkzioko taldeburua (Ontziraketa eta fabrikazioa)
Arduradunari laguntzeko eginkizunetan aritzen den langilea, lana esperientziaz ezagutzen du eta haren eginbehar nagusia da produkzio prozesua ez dadila gelditu. Arduraduna ez dagoenean haren eginkizunak bere gain hartzen ditu, baina erantzukizuna mugatua du.
Ahalmena du lana antolatzeko, mantentze-lanetako taldeei deitu eta etorriarazteko, barneko bidetik materialak eskatzeko eta, orokorrean, era guztietako ekintzak egiteko lana hobetze eta gehitzearren eta, orobat, helburuak lortze aldera.
Ataleko arduraduna (produkzioa)
Zeregin homogeneoak integratzeko, koordinatzeko eta gainbegiratzeko lanak, hala nola bere agindupeko lankide talde baten lana antolatzeko ardura, agindutako lana eginaraziz eta erdietsitako produktuaren eta egindako lanaren errendimenduaren eta kalitatearen bai eta taldearen diziplinaren erantzukizuna izanez. Horrek guztiorrek lanbide prestakuntza eskatzen du, esperientzia egokiaz edo eginkizunak burutzeko behar diren berariazko ikasketez osatua.
Mantentze-lanetako arduraduna
Produkzioburuaren agindura egonen da. Bere agindura izanen ditu mantentze-lanetako langileak eta egin beharreko lanak banatuko ditu, horien exekuzioa eta eraginkortasuna kontrolatuko du, mantentze-lanen lehentasun ordena ezarriko du eta gerta daitezkeen ustekabeak aurrikusiko ditu, zuzendu ahal izateko eta horrela geldiuneak eta alferrikako kalteak saihesteko. Berak kontrolatuko ditu, halaber, beharrezkoak diren ordezko piezen kopurua, produkzio prozesuan geldiunerik gerta ez dadin.
Taldeburua (Mantentze-lanak Elektrizista/Mekanikaria)
Mantentze-lanetako arduradunaren agindura, haren ordezko den langilea hura ez dagoenean, lanaldian barna erantzukizuna bere gain hartzen duena, produkzioko arduradunak kontrolatu eta gainbegiratuta.
1. mailako ofiziala (Mantentze-lanak Elektrizista/Mekanikaria)
Arduradunaren edo taldeburuaren agindupean, bere lanbideko berariazko eginkizun guztiak ezagutu eta betetzen ditu, espezializazio eta errendimendu egokiarekin. Bakarka lan egin dezake edo taldean, kategoria bereko edo txikiagoko langileekin, eta egindako lanaren kalitatearen erantzulea da.
2. mailako ofiziala (Mantentze-lanak Elektrizista/Mekanikaria)
Arduradunaren, taldeburuaren edo lehen mailako ofizialaren agindupean, bere lanbideko berariazko eginkizun guztiak ezagutu eta betetzen ditu, goragoko kategoriakoei eskatzen ahal zaien espezializazio eta errendimenduarekin. Goragoko kategorian lanpostu hutsak egonez gero, mailaz igotzeko lehentasuna izanen du.
Laguntzailea (Mantentze-lanak Elektrizista/Mekanikaria)
Espezialitateko titulazioaren jabe izan edo lanbide titulurik gabe baina esperientzia frogatua izanik, laguntza lanetan diharduen langilea, lan metodo zehatz eta jakin bati jarraikiz eta gainbegiratze handiaren pean; horiei oinarrizko ezagupenak eskatzen zaizkie euren espezialitatean.
Laborategiko teknikaria
Erdi mailako edo goi mailako lanbide titulua izanik, industria produktuen kontrol bakteriologikoa, kimikoa edo fisikoa egiten duena. Departamentuko buru izanen da arduraduna ez dagoenean, eta horrelakoetan bera izanen da antolatzailea eta zuzendaria. Laborategi osoko zeregin praktikoak gainbegiratzeaz arduratuko da, bai eta laguntzaileez ere.
Laborategiko laguntzailea/Kalitate kontrola
LH 2ko titulazioa izanik edo inolako titulu ofizialik gabe, industriako elaborazio prozesuetako fase guztietan edo batzuetan prestakuntza, gaitasun ezaguna eta praktika duten langileak dira eta, besteak beste, produktu freskoen harrera kontrolatzen dute, horien elaborazioa eta bukaerako produktua, hotz-kameretako produktuen kontrola, ontziratutako produktuan arauak aplikatzea eta espedizioak, zeregin guztiak norbaitek gainbegiratuta baina arauak edo zehaztapenak beti adierazten ibili beharrik gabe.
Zaintzailea
Haren ardura izanen da enpresaren ondarea, instalazioak, eraikinak, etab., zaintzea, zerbitzualdian gerta daitezkeen ezohiko gertaeren berri agudo eta laster emanez. Fabrikako lokalen sarbidea zaindu eta begiratuko ditu, zeregin horretarako ematen diren arauak betez eta betearaziz.
Langileak ez daudenean, oporretan, jaiegunetan, etab., lanean segitu behar duten instalazioen funtzionamendu egokiaz arduratuko da, eta ezohiko gertaera edo matxura izanez gero, horretarako izendatua dagoen pertsonari abisatuko dio.
Fabrikako sarbidea eta aparkalekua garbituko ditu eta egoera onean edukiko.
Teknikari agronomoa
Erdi edo goi mailako lanbide titulu egokia izanik, arlo hauetan aritzen dena:
-Laborantzako finka egokiak aurkitzen eta kontratatzen.
-Ereinaldiak programatzen.
-Laboreak zaintzen eta aholku ematen.
-Fruitu-bilketa programatzen eta horiek enpresara eramatea antolatzen, etab.
Teknikariaren jarduketa Agronomia Departamentuko arduradunak ematen dizkion jarraibideen menpe egonen da.
Laguntzaile teknikoa
Nekazaritza arloko titulazioaren jabe izan edo lanbide titulurik izan gabe, nekazaritzako prozesuko fase guztietan edo batzuetan prestakuntza, gaitasun ezaguna eta praktika duen langilea da eta teknikari agronomoei laguntzen die haien eginkizunetan.
Administrazioa
Programatzailea
Langile horrek ordenagailuaren teknikak eta kodeketa lengoaiak menperatzen ditu, lan zehatz batzuk egiten dituzten programak formulatzeko.
Laguntzailea (Administraziokoa)
Langile horrek, ekimenik izan gabe, administrazioko oinarrizko eragiketak egiten ditu, batik bat horiei dagozkien lan mekanikoak.
Administraria
Langile hori, nolabaiteko esperientzia izan eta ekimen eta erantzukizun mugatuarekin, enpresako administrazio lanak bere gain hartzeko gai da.
1. mailako ofiziala (Administraria)
Ekimenez eta erantzukizunez eta bere agindupean beste langile batzuk izanda edo izan gabe, eginkizun bereziagoetan diharduen administraria; lan horietarako ezagupen sakonagoak behar ditu, lanbide ikasketak eginez eskuratuak edo esperientza nahikoa izan eta bere prestasuna eta gaitasuna frogatua izanik.
9. artikulua. Probaldia.
Lan kontratuak berarekin dakar probaldi bat gainditu beharra, sei hilabetekoa gehienez teknikari tituludunentzat eta hirukoa gehienez gainerako langileentzat, kualifikazio gabekoentzat izan ezik, hamabost lanegunekoa izanen baitute gehienez.
Probaldia zenbatekoa izanen den idatziz agerraraziko da eta eten eginen da lanerako ezintasun iragankorreko kasuetan eta egoera horrek dirauen denboran.
Probaldian, langileak bere lanbide kategoriari eta lanpostuari dagozkion eskubide eta betebeharrak izanen ditu, plantillakoa balitz bezala eta kontratazio motaren arabera, lan harremana suntsitzearen ondoriozkoak izan ezik (aldeetako edozeinen eskariz suntsi daiteke lan harremana).
Probaldia bukatutakoan, atzera egin ez bada, kontratua zein modalitatetan itundu den hari dagozkion ondorioak sortuko ditu, eta enpresan lanean aritutako denbora kontatuko da antzinatasunerako.
10. artikulua. Ikastaldiak.
Langile bakoitzak ezagutu eta egin behar ditu bere kategoriaren barneko zerbitzuak, baina langile bati agintzen bazaio hartara arte egin ez duen lanen bat, bere kategoriaren barnekoa izanik ere, lan hura ikasteko adinako denbora emanen zaio, berarentzako edo besterentzako arriskuak ekiditeko aski esperientzia eta praktika lor ditzan.
11. artikulua. Kategoria igoerak.
Mailaz igotzeko arau hauek izanen dira:
1.-Beharginak: ofizialen lanpostu hutsak antzinatasunaren arabera beteko dituzte, espezialitate bakoitzean, beheragoko kategorietako langileek, baldin eta enpresak horretarako gai kalifikatu baditu edo halakotzat jotzen badira egiten zaien proban. Gai den langilerik ez badago, plantillatik kanpoko langileak onartzen ahalko dira.
Mailaz igotzeko probak hasi baino bi hilabete lehenago gutxienez, proba horiek ezagupen teorikoek edo mekanikoek osatzen dituzten kasuetan, enpresak deialdia egin eta eskatzen diren programak argitaratuko ditu. Halako programek argi eta zehatz azalduko dituzte hitzarmen honetan lanbide kategoria edo lanpostu bakoitzerako ezarritako eginkizunekin bat etorri behar duten arlo eta ezagutzak.
2.-Gaitasun urrituko langileak.
Laneko istripuagatik edo lanbideko eritasunagatik gaitasuna gutxitua (ahalmen fisiko edo intelektualak murriztuak) duten langileek lehentasuna izanen dute lanpostu egokiak betetzeko, enpresan dauden baldintzen arabera. Halakoetan, lanbide kategoria berri horri dagokion lansaria jasoko du langileak.
Enpresak lanpostuen %2 gordeko ditu minusbaliatu gisa erregistratutako langileentzat, indarra duen legedian xedatutakoarekin bat.
3.-Menpeko langileak.
Atezain eta mandatarien lanpostuetan lehentasuna izanen dute istripu edo eritasunagatik gaitasuna murriztua duten eta hori dela-eta sorospen eskubiderik ez duten langileek, enpresa barnekoek betiere.
Egoera hori ez bada, enpresak izendatuko ditu talde horretako langileak eskaera egiten duten enpresako langileen artetik hautatuta, eta eskatzailerik ez badago, enpresak berak izendatuko ditu.
-Prozedura:
Kalifikazioko batzorde mistoa ondokoek osatuko dute: enpresako zuzendaritzak izendatutako bi kidek, horietako bat buru, eta bete beharreko lanpostuen kategoriatik beherakoak ez diren bi langilek, enpresa batzordeak izendatuek; ados jarrita, azterketetan eskatuko diren gaien programa prestatuko dute.
Kalifikaziorako batzorde mistoko kideek bakarka emanen dituzte puntuazioak, baremoaren arabera, eta azterketaren bukaeran puntu guztiak zenbatuko dira. Berdinketarik izanez gero, antzinatasunari emanen zaio lehentasuna.
12. artikulua. Plantillaren egonkortasuna.
Enpresako plantillaren egonkortasuna lortze aldera, eta aldi baterako kanpoko kontratuak aparteko egoerei erantzuteko bakarrik izan daitezen, aldeek ados jarrita honakoa erabaki dute:
1. Enpresaz kanpoko eta beste kontratazio eratako aldi baterako kontratuak arrazoitzea, horiek erabiltzeko irizpideak eta baldintzak zehaztuz.
Ildo horretatik, hitzarmen honen indarraldian, aldi baterako kontratuak legeei jarraikiz sinatuko dira, eta batez ere ondorengo egoerak gertatzen direnean:
-Aldi baterako ezintasun bajak edo oporrak bete beharra.
-Ustekabeko absentziak.
-Kualifikazio berezia eskatzen dutela-eta, plantillako langileek egin ezin dituzten lanak.
-Ezusteko eskaerei erantzun beharra.
-Obra edo zerbitzu jakin baterako kontratuak.
-Errelebo kontratuak.
-Eszedentziak.
2. Orokorrean, kontratazioa guztiak unean-unean Langileen Estatutuan indarra duen legediari lotuko zaizkio.
13. artikulua. Oinarrizko soldatak.
2011. urterako soldata taula eratuko da 2010eko soldata taulari aurreko urteko Estatuko KPI egiazkoa (%3) gehituz.
14. artikulua. "Ad personam" plusa. Sustapen ekonomikoa zerbitzualdiengatik.
Antzinatasunagatiko sustapen ekonomikoaren sistema, 1996ko abenduaren 31 arte indarra izan duena, 1997ko urtarrilaren 1etik aitzina honelakoa izanen da:
A) Lehengo sistema zaharrean antzinatasuna egiaztatua zeukaten pertsonek geroan ere kontzeptu horregatiko zenbatekoari eutsiko diote. Ez da etorkizuneko igoerekin konpentsatuko eta ez dute irentsiko ere, eta plus pertsonal gisa sorraraziko da, "ad personam" plusaren izenpean. 2000. urtetik aitzina, hitzarmen honen soldata taulak duen tratamendu bera izanen dute kontzeptu honetako zenbatekoek ere.
B) 1997-01-01etik aitzina, langileek ez dute antzinatasuna gehiago kobratu eta hori konpentsatzeko soldata taulak igo dira. Etorkizunean igoera horiek soldata taularen osagai dira, ondorio guztietarako.
15. artikulua. Aparteko pagak.
Plantillako langile finko guztiek dute urtean aparteko bi paga kobratzeko eskubidea. Horietako bakoitzaren zenbatekoa 30 eguneko soldata izanen da (oinarrizko soldata, "ad personam" plusa eta osagarri pertsonala, horretarako eskubidea duenarentzat).
Uztailaren 16an eta abenduaren 16an ordainduko dira.
Eskersariak seihilekoak dira sorrarazpen eta likidazioaren ondorioetarako, bata urtarrilaren 1etik ekainaren 30era arte kontatuko da eta bestea uztailaren 1etik abenduaren 31ra arte.
Sehileko baten barnean enpresan sartzen den edo lana uzten duen langileari, egindako lanorduen arabera ordainduko zaio aparteko eskersaria, horren zenbatekoa seirenka hainbanatuz.
16. artikulua. Nekagarritasun eta arrisku plusak.
Hitzarmen honen eraginpeko langileek, laneko agintaritza eskudunak nekagarritzat edo arriskugarritzat jotzen dituen lanetan dihardutenek, eskubidea dute plus bat kobratzeko, orduko oinarrizko soldataren % honenbeste, kontzeptu horiengatik lanaldi murrizketarik ez badago, betiere. Orduko oinarrizko soldataren %20 izanen da.
Osagarri hori funtzionala da, eta lan arloko agintaritzak edo banakako itun batek onartzen dituen edo gaur arte onartuak dituen lanak egiteagatik bakarrik jasoko da; hortaz, ez da finkagarria, ezta "ad personam" ere.
17. artikulua. Gaueko lanaren plusa.
Gaueko hamarretatik goizeko seietara bitarte aritzen diren langileek tarte horretan gaueko lanaren plusa jasoko dute, lanbide kategoria bakoitzerako orduko oinarrizko soldataren %25a hain zuzen ere.
Ondorio horietarako, ez dira kontatuko lan egutegiaren arabera errekuperatu beharreko orduen zatikiak.
Plus horretatik kanpo daude gaueko lanetarako espresuki kontratatu diren langileak.
18. artikulua. Hornikuntza Zentroko lanpostuaren plusa.
Hornikuntza Zentroan aritzen diren langileek lanpostuaren plusa kobratuko dute, 1.011,46 euro urtean 2011. urterako. Plus horrek indarraldiko urte bakoitzean soldatarako itundutako igoera berberak izanen ditu.
19. artikulua. Produktibitate plusa.
Produktibitate plusa ezarriko da, hitzarmenaren indarraldirako hasiera-hasieratik enpresak bere kabuz zehaztuko duena.
20. artikulua. A) Aparteko orduen prezioa eta B) Lanaldiaren eta kanpainaren luzapeneko plusa.
A) Lana aparteko orduetan egitez gero, horien balioaren ordainketa kalkulatzeko %75 gehituko zaio ordu arrunteko prezioari, kontuan hartuta oinarrizko soldata eta hitzarmen honetako 14. artikuluari loturiko plusa, eta ez besterik.
B) Enpresako langileak -zeinen laneko jarduera neurri handi batean aurretik jakin ezin diren gertaeren menpe baitago eta, era berean, hirugarrenen, hala nola arduradunen, uzta biltzeko makinen mekanikarien eta abarren jarduera normala ere langile horien menpe baitago- beharturik daude presako lanak eta hasitakoak bukatzera, edozein dela ere jarduera horietan ematen den ordu kopurua, behar diren legezko atsedenaldiak errespetatuz, betiere. Helburu horretarako beharko diren aparteko orduak irizpide hauen arabera ordainduko dira:
a) Lanaldia luzatzen duten orduak aparteko orduak balira bezala ordainduko dira.
b) Ados jarririk, banakako itunaren indarrez, konpentsazio finko bat ezartzen ahal da, zenbatekoari eta mugaegunari dagokienez. Zenbateko horrekin konpentsatuko da, nolanahi ere, luzatutako denboraren balioa. 2011. urterako, zenbateko horrek %3ko eguneratzea izanen du 2010eko zenbatekoen gainean.
Zuzendaritzak langileen ordezkariei hilero jakinaraziko die aparteko zenbat ordu sartu diren.
21. artikulua. Osagarriak, aldi baterako ezintasun kasuetan.
Aldi baterako ezintasuna, haurdunaldiko arriskuagatik.-Egoera horretan dagoen bitartean, Gizarte Segurantzaren prestaziorako legokiokeen oinarri arautzailearen %100 adinako zenbatekoa ordainduko dio enpresak langileari.
Aldi baterako ezintasuna, lan istripuaren edo lanbide eritasunaren ondoriozkoa.-Egoera horretan dagoen bitartean, Gizarte Segurantzaren prestaziorako legokiokeen oinarri arautzailearen %100 adinako zenbatekoa ordainduko dio enpresak langileari.
Aldi baterako ezintasuna, eritasun arruntaren edo lanetik kanpoko istripuaren ondoriozkoa.-Aldi baterako ezintasuneko lehenbiziko hiru egunetan, Gizarte Segurantzaren prestaziorako legokiokeen oinarri arautzailearen %60 adinako zenbatekoa ordainduko dio enpresak langileari; laugarren egunetik 20. era %75a eta 21. egunetik aitzina oinarri arautzailearen %90a.
Dena den, enpresak ez du aldi baterako ezintasun prozesuak osatuko kasu hauetan:
-Prozesua hasi denetik 18 hilabete iragan ondoren.
-Gizarte Segurantzaren prestazioa kobratzeko eskubiderik ez dagoenean.
Langileek atal honetan bildu osagarriak kobratuko dituzte baldin eta urteko absentismo tasak plantilla osoaren %5 gainditzen ez badu (aurreko urtekoa). Indize hori kalkulatzeko eritasun arruntaren ondoriozko aldi baterako ezintasun prozesuak baizik ez dira kontuan hartuko.
22. artikulua. Soldata ordaintzea.
Soldatak hilabetea bukatutakoan ordainduko dira, banku transferentzia bidez, ordainketa zein hilabeteari dagokion hura bukatu eta hurrengo bost egunetan.
Aurrekoa horrela delarik ere, enpresak hilabete bakoitzeko 15ean, eta egun hori jaiegun bada, biharamunean, aldez aurretik finkatutako zenbateko bat, denentzat berdina, ordainduko die langileei aurrerakin gisa, hilabete bukaerako likidazioan deskontatuko dena.
Nominak prestatu ahal izateko, aparteko orduak aurretiaz itxiko dira, gehienez ere hamabi egun lehenago eta sartu ez diren egunak hurrengo hilabetean gehituko dira.
23. artikulua. Lana uztea eta likidazioa.
Enpresa uzten duten langileei, dagozkien ordainsari guztien likidazioa emanen zaie, zehatz azalduta, kontzeptuak zer diren eta zenbatekoa zein den argi ikus dezaten. Langileen legezko ordezkariei kontsulta egin diezaieke interesdunak.
Beren borondatez enpresatik alde egin nahi duten langileak behartuak daude enpresari jakinaraztera, aurreabisurako epe hauek betez:
-Teknikariak eta administrariak: hilabetea.
-Menpekoak eta beharginak: zortzi egun.
Langileak, aurrez abisatzen ez badu, ezin izanen du enpresa uzteagatik edo dimititzeagatik dagokion likidazioa jaso, harik eta enpresak langile guztiei hurrengo ordainsaria ematen dien arte.
24. artikulua. Egutegia eta ordutegiak.
Lan egutegian azalduko dira enpresarekiko zerbitzu emateko moduak. Bertan zehaztuko da lanari ekiteko ordua eta bukaerakoa.
Egutegia urtero adostuko da Enpresa Batzordearekin eta iragarki oholean egonen da ikusgai.
Egutegiko gehiegizko orduak oportzat joko dira, hartzearen ondorioetarako.
25. artikulua. Lanaldia.
2011. urtean 1.746 ordukoa izanen lanaldia.
Atsedenaldiak: lanaldi jarraitua eta osoa duten langile guztiek ogitartekoa izeneko 20 minutuko atsedenaldia izanen dute, errekuperatuko ez dena.
Atsedenaldi hori lanpostu bakoitzerako kalkulatuko diren atseden koefizienteen zati bat izanen da; beraz koefizienteek xurgatuko dute.
Txandakako lana: langile guztiek txandaka lan eginen dute eta salbuespenik gabe guztientzat txanda sistema bakarra erabiliko da, non eta enpresak ez duen beste sistema batzuk ezartzeko baimena ematen.
Goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandak. Beraz, langile guztiak arituko dira goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan.
Enpresaren egitekoa izanen da txanda sistema ezartzea, baina nolanahi ere segurtatuko du langile bat ez dela bi astebete baino gehiago arituko txanda batean aldatu gabe, langileak berak ez badu nahita aukeratzen.
Edonola ere, txanda berean gehienez ere bi aste egiten ahal direla, enpresak alda dezake langile bakoitzari esleitutako txanda, baina betiere langileari 48 ordu lehenago abisatuta.
Gaueko txanda, ahal bada, langile boluntarioekin beteko da, halakorik izanez gero.
26. artikulua. Asteko atsedenaldia.
Langileek eskubidea izanen dute astean egun eta erdi jarraituko atsedenaldia izateko gutxienez; ahal dela, larunbata arratsaldea eta igandea izanen dira.
Arau orokor horretatik kanpo daude:
a) Eten ezin diren lanak.
b) Beharrezkoak diren konponketa eta garbiketa lanak, asteko zereginak ez eteteko; horretarako, behar-beharrezkotzat jotzen dira, bakarrik, produkzio geldiaraztearen ondorioz enpresako zereginak eragotzi edo hartan oztopo eta kalte larririk sor ez dadin igandean egin beharrekoak.
Lan horiek, ahal delarik, laneko ohiko egun eta orduetan eginen dira, aipatu ondorioak sor ez daitezen, astean zehar garbiketa edo konponketa lanak egitea ezinezkoa bada.
c) Zaintza lanak.
d) Ezinbestean egin beharreko lanak.
Ontziratze planta bere arduradunak agintzen duenean garbituko da eta zerbitzu hori ez daiteke egin larunbatetan, igandeetan edo jaiegunetan, non garbiketa hori talde bereziei esleitzen ez zaien.
27. artikulua. Oporrak.
1.-Langileek eskubidea dute urtean oporraldi ordaindua izateko, 30 egun naturalekoa urteko, oinarrizko soldataren baliokoa gehi 14. artikuluan aipatzen den "ad personam" plusa, gehi osagarri pertsonala. Oporrak urte natural bakoitzean lan egindako denboraren heinean hartuko dira.
Horren arabera, langile batek oporrak hartu ondoren enpresa uzten badu, azken likidaziotik kendu eginen zaio baja emandako egunetik abenduaren 31ra arteko aldiari dagokion oporren zatia.
Era berean, oporraldia bukatu ondoren enpresan sartzen den langileari aukera emanen zaio enpresan sartzen den egunetik abenduaren 31ra arteko aldiari dagozkion opor egunak hartzeko.
2.-Oporrak hartzeko eskema honi jarraituko zaio:
a) Langile finko guztiek, Hornikuntza Zentrokoek, administraziokoek eta mantentze-lanetakoek izan ezik, herriko festetan astebeteko oporraldia izanen dute. Administrazioko eta mantentze-lanetako langileek enpresarekin adostuko dute oporrak noiz hartu eta, halakorik ezean, Langileen Estatutuan adierazten dena aplikatuko da.
b) Urteko gainerako opor egunak denak jarraian hartuko dira, enpresak urte bakoitzerako ezarritako tartean, hau da, maiatzaren 15etik urriaren 30era bitarte. 2011. urterako, oporren tartea ekainaren 1ean hasi eta irailaren 30ean bukatuko da.
c) Norberak hartzeko egun libre 1 izanen da bakoitzaren opor guztien multzoan. Dena dela, ontziratze lerroak abian jartzerakoan arazorik izan ez dadin, txanda bakoitzean egun hori ez dute 3 pertsonek baino gehiagok hartuko batera ontziratze nabean, eta 2 pertsonek baino gehiagok ere ez igorpenetan. Eskatzaileak gutxienez ere 72 ordu lehenago abisatu beharko du, enpresak gainerako langileei txanda aldaketen berri 48 ordu lehenago eman ahal izateko. Gainerako langileen kasuan (Hornikuntza Zentrokoak, administraziokoak eta mantentze-lanetakoak, etab.) pertsona bat izanen da txanda eta departamentu bakoitzeko.
Langileek ez dituzte oporrak galduko aldi baterako ezintasun prozesuengatik.
28. artikulua. Lanaldia hotz-kameretan. Atsedena eta hotz-kameretako plusa.
Jasomakina klimatizatu gabeko hotz arloan diharduten langileentzat, atsedenaldiei dagokienez, irailaren 21eko 1561/95 Errege Dekretua aplikatuko da.
Horren arabera, 0º-tik zeropeko 5º-ra arteko hotz-kamaretan dihardutenek eskubidea dute 10 minutuko atsedenaldia hartzeko hiru orduan behin, barnean atera gabe lan egin behar denean.
Zeropeko 5º-tik 18º-ra arteko hotz-kamaretan, barnean gehienez ere 6 orduz arituko dira, eta eskubidea izanen dute 15 minutuko atsedenaldia hartzeko orduoro, barnean atera gabe lan egin behar denean.
Zeropeko 18º-ko edo gehiagoko hotz-kamaretan, 3º gorabehera, barnean gehienez ere 6 orduz arituko dira, eta eskubidea izanen dute 15 minutuko atsedenaldia hartzeko 45 minutuan behin, barnean atera gabe lan egin behar denean.
Aurreko bi lerroaldeetan aipatutakoaren harira, barnean lan egin beharreko 6 ordu horietatik lanaldi arrunteko ordutegia betetzeko gelditzen diren lanorduak hozkailuetatik kanpo eginen dira.
Nolanahi ere, atsedenaldi horiek lanpostu bakoitzerako kalkulatuko diren atseden koefizienteen zati bat izanen dira; beraz koefizienteek xurgatuko dituzte.
29. artikulua. Lanaldi luzapenak.
Beste langileen lana abiaraztea edo ixtea eginkizun duten langileek beren lanaldia luzatzen ahalko dute, enpresarekin adostuta, horretarako behar-beharrezkoa den denbora bakarrik; ordainsarien ondorioetarako ordu horiek aparteko ordutzat joko dira.
30. artikulua. Segurtasun eta higienea.-Arau orokorra.
Langile batek, zerbitzu ematen ari delarik, eskubidea izanen du laneko osasunaren eta arriskuen prebentzioaren arloan egiazko babesa izateko.
Langilea bere jardunean beharturik dago laneko osasunaren eta arriskuen prebentzioaren arloan dauden legezko eta arauzko neurriak hartzera.
Arriskuei aurrea hartzeko, enpresak eta langileek bete eginen dituzte zaintzari eta segurtasun eta osasun batzordeei buruzko arauak.
Enpresaburuak segurtasun eta higieneari buruzko informazio praktiko eta egokia eman behar die kontratatzen dituen langileei, beste lanpostu batera aldatzen direnean edo langilearentzat, lankideentzat edo beste batzuentzat arrisku handikoa izaten ahal den teknika berri bat aplikatu behar dutenean, dela bertako zerbitzuen bidez, dela kasuan kasuko zerbitzu ofizialek esku hartuz. Langileak ezinbestekoa du ikasketa horiek hartzea eta beharrezkoak diren praktikak egitea lanaldiaren barnean edo beste ordu batzuetan, baina ikastaroetan pasatutako denbora lanaldian kontatuta.
31. artikulua. Laneko arropak.
Enpresak, lanpostuaren ezaugarriak kontuan hartuta, urtean behin, urtarrilean, laneko arropa egokiena emanen die langileei. Hona hemen:
Hotz-kamerak eta igorpenak
-Hotzerako jaka eta galtzak.
-Hotzerako botak, oinpunta indartuarekin.
-Galtzerdiak.
-Jantzi polarra.
-Neguko kamisetak eta kotoizko eskularruak.
-Galtzontzillo luzeak.
-Hotzerako eskularruak: langileari dagokion departamentuko buruaren ustez beharrezkoa denean aldatuko dira.
-Artilezko txanoa edo buru-berokia.
Ontziratze planta
1. taldea:
-Hotzerako jaka eta galtzak.
-Jantzi zuriak.
-Hotzerako botak eta larruzko botak.
-Galtzerdiak.
-Txalekoa.
-Artilezko txanoa.
-Neguko kamisetak.
-Kotoizko eskularruak.
-Gomazko eskularruak; horien ordez beste mota batekoak ere izan daitezke, egokiagoak badira.
2. taldea:
-Hotzerako jaka eta galtzak.
-Mantal zuriak.
-Hotzerako botak eta larruzko botak.
-Galtzerdiak.
-Txalekoa.
-Artilezko txanoa.
-Neguko kamisetak.
-Kotoizko eskularruak.
-Gomazko eskularruak; horien ordez beste mota batekoak ere izan daitezke, egokiagoak badira.
Mantentze-lanak
Hotz-kameretan noizbehinka sartu beharra duten mantentze-lanetako langileei hotzerako jaka luze bana emanen zaie. Hura hondatzen denean itzuli egin beharko da, berria eman diezaieten.
-Jantzi urdinak.
-Larruzko botak eta hotzerako botak.
-Galtzerdiak.
-Neguko kamisetak.
-Jaka luzea.
-Txalekoa.
-Artilezko txanoa.
-Hotzerako galtzak.
-Larruzko eskularruak.
-Kalitate kontrola:
- Jantzi zuriak.
- Txano zuriak.
- Larruzko botak, oinpunta indartuarekin.
- Galtzerdiak.
- Neguko kamisetak.
- Jaka luzea.
- Kotoizko eskularruak.
Ataleko arduradunak
Arduradunek, non lan egiten duten, dagokien arropa jasoko dute, eta buzoaren ordez galtza pare bat eta jaka bat.
Laneko arropa zaintzea
Laneko arropak langileek zaindu, garbitu eta txukundu beharko dituzte eta nahitezkoa izanen dute lanorduetan janztea, baina ezin izanen dituzte lantokitik kanpo erabili; arropak enpresarenak dira. Dena den, gai honetan Prebentzioko Batzordean adostutakoa aplikatuko da eta arropa zaharra itzuli beharko da arropa berria jaso aurretik.
Aurrekoa gorabehera, hitzarmen hau sinatu eta hilabeteko epean Laneko Arriskuen Batzordeak atal bakoitzean zein motatako lan ekipamenduak behar diren erabakiko du.
32. artikulua. Osasun azterketak.
Hitzarmen honen eraginpeko langileek urtean behin gutxienez osasun azterketa orokorra, egokia eta behar adinakoa egiteko eskubidea dute eta egitera beharturik daude. Enpresa saiatuko da osasun azterketak lan orduetan egin daitezen.
33. artikulua. Lanpostua aldatzeko eskubidea.
Haurdun dagoen emakumeak, medikuaren txostena izanik, eskubidea izanen du lanpostua aldatzeko haurdun dagoela jakiten duenetik aurrera, laneko bere tokia arriskutsua baldin bada amarentzat edo umekiarentzat.
34. artikulua. Botika gela.
Enpresa aldez aurretik instalatutako botika gela edo osasun gela hornitzeaz eta mantentzeaz arduratuko da, segurtasun eta higiene arloan indarra duten xedapenei jarraikiz.
35. artikulua. Lizentziak eta eszedentziak.
Langileen Estatutuan ezarritakoari jarraikiz arautuko da arlo hori.
Aldez aurretik abisatuta, hitzarmen honen eraginpeko langileek zilegi izanen dute lanera ez joatea soldata jasotzeko eskubidearekin, ondoko arrazoiengatik eta honako epeetan:
a) Ezkontza: hamabost egun natural.
b) Aitona-amonen, gurasoen, biloben edo anai-arreben heriotza, odoleko edo ezkontza bidezko ahaideen kasuan: hiru egun naturaleko lizentzia ordaindua, gehienez ere, Nafarroan gertatzen bada, eta lau egunekoa Nafarroatik kanpo izanez gero. Ezkontidearen eta seme-alaben heriotza: bost egun naturaleko lizentzia ordaindua, gehienez ere.
c) Kirurgia handiko medikuntza anbulatorioa. Medikuntza anbulatorioko kasuak (ospitalizaziorik behar ez duten ebakuntzak): egun natural bateko lizentzia ordaindua, odol edo ezkontza bidezko lehen maila arteko ahaideei laguntzeko. Familia unitateko kide batek bakarrik erabili ahal izanen du aldi bakoitzean eskubide hori.
d) Aitona-amonen, gurasoen, seme-alaben, biloben, ezkontidearen edo anai-arreben eritasun larria, odol edo ezkontza bidezko ahaideen kasuan: lau egun naturaleko lizentzia ordaindua. Familia unitateko bi kidek bakarrik erabili ahal izanen dute aldi berean eskubide hori.
Lau egun horiek ospitaleratze egunetik hasiko dira kontatzen. Konputu horretatik ateratzen diren lanegunak beharren arabera erabili ahal izanen dira, gertaera eragileak dirauen denboran.
e) Ohiko bizilekua aldatzeko: egun bat.
f) Publikoa edo pertsonala den eginbehar saihestezina betetzeko behar-beharrezkoa den denbora. Lege edo hitzarmen bidez ezarritako arau batean denbora zehatz bat ezarrita badago, arau horretan absentziaren iraupenari eta horren konpentsazio ekonomikoari buruz xedatutakoari jarraituko zaio.
g) Seme-alaben jaiotza: hiru egun natural.
h) Langileak medikuarengana joan behar badu eritasunagatik, lanaldiaren barnean, enpresak ordainduko du arrazoi horrengatik lanean egiten ez diren orduak; urtean gehienez ere 16 ordu izanen dira guztira. Familia medikuarengana joaten den bakoitzean, baimena gehienez 2 ordukoa izanen da, medikua Martzillan egonez gero, eta 3 ordukoa herritik kanpo badago.
Horretaz gainera, langileak, eritasuna dela-eta, lan orduetan joan behar badu Gizarte Segurantzako mediku espezialistengana, enpresak ordainduko du arrazoi horrengatik lanean egiten ez diren orduak; urtean gehienez ere 16 ordu izanen dira guztira.
Bularra ematea
Indarra duen legedian ezarritako modu eta mugekin, emakume langileak eskubidea du bularra emateko baimen orduak meta daitezela eskatzeko.
Bi aldeek uste dute abusuak eta lizentzia horien beharrik gabeko erabilera eragotzi behar direla. Izan ere, justifikatutako arrazoiengatik eta ezinbestekoak direnean besterik ez dira erabili behar. Xede horrekin gertaera eragilearen egunetik kontatuko dira. Ospitaleratze kasuan, egun horixe izanen da lizentziaren hasierako eguna.
Soldatarik gabeko lizentziak
Oro har, enpresan gutxienez ere bi urte egin dituztenek soldatarik gabeko lizentzia eskatzen ahalko dute, gutxienez hamabost egunerako eta gehienez hirurogeirako, eta hurrengo hilabetearen barrenean emanen zaie, zerbitzu beharrek uzten badute eta eskaeraren arrazoiak egokiro justifikatzen badituzte.
Lizentziak dirauen denboran enpresak langilearen baja ematen ahalko du Gizarte Segurantzan.
Ezin izanen dute beste lizentzia bat eskatu azken lizentziatik bi urte iragan arte.
Ikasketak egiteko: langileek, ikasketak edo lanbide karrera bat egiteko ikastetxe ofizial batean matrikulatuta badaude eta azterketaren batera aurkeztu behar badute, baimena eskatuko diote enpresari, eta enpresak behar duten denborarako baimena emanen die, urtean hamar egunez gehienez. Baimen hori ordainduko da hitzarmeneko lansariarekin eta antzinatasunekoarekin batera; langileak frogatu beharko du azterketara joan dela eta azterketetako irakasgaien erdiak gutxienez gainditu dituela deialdi arruntean edo berezian.
Baimen horietatik kanpo daude gidari azterketak, bai eta administrazioan edo zerbitzuak ematen dituen enpresa ez den beste batean sartzeko egin gogo dituenak.
Langileak lanaldi arrunta egokitzeko eskubidea izanen du, lanbide prestakuntzako ikastaroetara joan behar badu, edo lanbide prestakuntza edo hobekuntzarako baimena lortzeko, eta lanpostua gordeko zaio.
Antzinatasuna lizentzietan
Ez da deskontatuko, inolako ondorioetarako, atal honetan araututako lizentzietan iragandako denbora, non ez diren soldatarik gabeko hiru lizentzia edo gehiago eskatu dituzten langileak edo urtearen barnean guztira sei hilabete baino gehiago egin dutenak. Horrelakoetan, kendu egin beharko da, ondorio guztietarako, izandako lizentzia guztiak batuta ateratzen den denbora.
Eszedentziak
Eszedentziak borondatezkoak edo nahitaezkoak izan daitezke eta enpresako langile finkoek baino ez dituzte hartuko:
Borondatezkoa: Borondatezko eszedentzia eskatzen ahalko dute enpresan gutxienez urtebete daramaten langileek.
Eszedentzia lortzeko ezinbesteko baldintza izanen da:
a) Idatzizko eskabidea aurkeztea, arrazoiak azalduta.
b) Langileak konpromiso formala hartzea eszedentziaren denboran ez duela enpresan egiten zuen bezalako jarduerarik eginen. Baldintza hori ez betetzeak lan harremanaren amaiera eta lortutako eskubideen galera ekarriko ditu.
Eszedentzia eskaerak aurkeztu eta hurrengo hamabost egunetan ebatziko dira zerbitzu beharren arabera.
Eszedentzia gutxienez bi urtekoa eta gehienez bostekoa izanen da.
Eszedentzian dagoen langileak enpresan hutsik dauden eta bere kategoriakoak edo antzekoak diren lanpostuetan sartu ahal izateko lehentasuna du. Horretarako, eszedentzia bukatu aurreko hogeita hamar egun naturaletik hirurogeira bitarteko epean itzultzea eskatu beharko du. Bestela, lan harremanari uko egiten diola ulertuko da.
Eskaera egiteari, bateraezintasunari, lehentasunezko eskubideari eta lanean berriro hasteari buruzko baldintzak langileek eskatutako eszedentzian ere aplikatzen ahalko dira, betiere hiru urteko gehieneko epean, semea edo alaba bakoitza zaintzeko, jaiotzen denetik.
Nahitaezkoa: lanpostua gordetzeko eta antzinatasunari begira kontatzeko eskubidea emanen du, eta ondoko inguruabarrak biltzen dituztenek eskuratzen ahalko dute:
a) Hauteskunde prozesu egoki baten bidez kargu publiko bat betetzeko hautatua edo izendatua izatea, Estatuan, erkidegoan, eskualdean, probintzian edo udalean, eta eremu orokor guztietarako edo bakoitzerako.
Kargu horietarako Estatu, autonomia erkidego, eskualde, probintzia edo udaleko organo eskudunen eta ministroen Kontseiluan onetsitako izendapen ofizial baten bidez hautatua izan bada, eta dagozkion aldizkari ofizialetan edo ebazpen administratibo baten bidez argitaratu bada.
b) Probintzia barneko edo esparru handiagoko sindikatu eginkizunetan aritzen diren langileek ere, beren estatutuen arabera, eska dezakete eszedentzia enpresan, beren karguak irauten duen denborarako.
Probintzia barneko edo esparru handiagoko sindikatu eginkizunetan edo ordezkaritza kargu publikoetan aritzeagatik lanpostua uzten duten langileen kasuan, langileak hogeita hamar egun naturaleko epea izanen du lanean berriro hasteko, bere zerbitzua, kargua edo eginkizuna bukatzen duenetik aitzina.
Azaldutako eszedentzia kasu guztietan, eta iraun bitartean, hau da, eszedentziako langilea bere lanpostura itzultzen ez den bitartean, ez du eskubiderik izanen soldatarik jasotzeko, ez eta egoera horretan dagoen denbora inolako ondorioetarako kontuan hartzeko ere, salbu eta nahitaezko eszedentzietan, antzinatasunerako kontatuko baita.
c) Eszedentziei dagokienez, Langileen Estatutuaren 46. artikuluari jarraikiko zaio.
Nolanahi ere, baimen eta lizentzia guztiak langileak bere ataleko arduradunari eskatuko dizkio, idatziz, eta gutxienez 24 ordu lehenago.
Era berean, edozein motatako absentziak lehenbailehen jakinaraziko zaizkio administrazioko arduradunari, eta behin ere ez 24 ordu baino beranduago.
Izatezko bikoteak.-Ondorio guztietarako, izatezko bikoteak onartzen dira, behar den Erregistro Publiko Ofizialean egindako inskripzioaren bidez bikotea osatzen dela egiaztatzen bada, betiere.
36. artikulua. Eskubide sindikalak.
Enpresak errespetatu eginen du langile guztiek libreki sindikatzeko duten eskubidea, onartuko du sindikatu batean afiliatuta dauden langileek bilerak egin eta kuotak kobratu ditzaketela eta lanorduetatik kanpo eta enpresako ohiko jarduera oztopatu gabe sindikatuko informazioa banatu dezaketela; era berean, ezin izanen du ez afiliatzeko edo afiliazioa uzteko baldintza jarri langile batek bere lanpostuari eusteko, edo afiliazioagatik edo sindikatuko jardueragatik lanetik bota edo beste modu batez kalte egin langileari. Sindikatuek informazioa bidaliko dute enpresara, banatu dadin, betiere lanorduetatik kanpo eta produkzio prozesua eten gabe. Lantokian iragarki ohol bat izanen da, behar bezala ezarritako sindikatuek mezuak jar ditzaten; dena dela, horien kopiak enpresako zuzendaritzari edo zentroko titularrari igorri behar dizkiote lehenik.
Sindikatuak
Enpresan titulartasun pertsonalaren bidez ordezkatua izateko eskubidea duela alegatzen duen sindikatuak behar bezala egiaztatu beharko du enpresaren aurrean; horren ondoren, enpresak onartuko du ordezkari sindikalak sindikatua ordezkatzeko ahalmena duela, legezko ondorioetarako.
Sindikatuaren ordezkaritza delegatu sindikal baten esku egonen da, sindikatu horrek enpresan 25 langile baino gehiago afiliatuta baldin baditu.
Sindikatuko ordezkariak jarduneko langilea izan behar du enpresan, eta ordezkatzen duen zentral edo sindikatuko estatutuen arabera izendatua. Enpresa batzordeko kide bat izanen da, ahal dela.
Sindikatuko delegatuen eginkizunak
1.-Ordezkatzen duten sindikatuen interesak eta haiek enpresan dituzten afiliatuenak ordezkatu eta defendatzea, eta sindikatuen eta enpresako zuzendaritzaren arteko komunikaziorako bide izatea.
2.-Enpresa Batzordearen, segurtasun eta higiene batzordeen eta interpretaziorako batzorde paritarioen bileretara joaterik izanen dute, hizpidea dutela baina botorik ez.
3.-Enpresak Enpresa Batzordearen eskura jarri beharreko argibide eta agiriak lortzen ahalko dituzte, legeak ezarritakoarekin bat, eta ezinbestekoa izanen dute isiltasun profesionalez jokatzea legearen arabera bidezkoa denean. Legeak Enpresa Batzordeko kideei aitortzen dizkien berme eta eskubide berberak izanen dituzte.
4.-Langile guztiak oro har eta euren sindikatuko afiliatuak ukitzen dituzten arazoen konponbidearen gainean esateko dutena entzunen du enpresak.
5.-Halaber, aldez aurretik, enpresaren berri izanen dute eta enpresak entzun eginen ditu ondokoen gainean:
a) Ordezkatzen duten sindikatuko afiliatuak lanetik bidaltzea eta haiei zehapenak ezartzea.
b) Plantilla berregituratzea, enplegu erregulazioak, langileen lekualdatzea talde bati dagokionean edo lantoki nagusitik egin behar denean eta enpresaren edozein proiektu edo ekintza, langileen interesak nabarmen uki ditzakeena.
6.-Afiliatuei kuotak kobratzen ahal dizkiete, sindikatuaren propaganda banatu eta haiekin bilerak egin, hori guztia egiazko lanorduetatik kanpo.
7.-Bileretako prozedurari dagokionez, bi aldeek indarra duen legezko araudiari segituz jokatuko dute.
8.-Delegatuek dagozkien eginkizunak baizik ez dituzte eginen.
Arau erreferentzia
Aurreko artikuluetan berariaz bildu ez den orotan, ekintza sindikalaren arloan bi aldeek Langileen Estatutuan eta Askatasun Sindikalaren Lege Organikoan xedatutakoa bete beharko dute.
37. artikulua. Sindikatuko kuota.
Langileen ordezkaritza duten sindikatuetako langile afiliatuek eskaturik, enpresak langileen hileko kuotatik kenduko du dagokien sindikatuko kuotaren zenbatekoa. Eragiketa hori egin nahi duen langileak idazki bat bidaliko du enpresako zuzendaritzara, datu hauek emateko: deskontua egiteko agindua argi adierazia, zein sindikatutakoa den, kuotaren zenbatekoa eta diru transferentzia jasoko duen kontu korrontearen edo aurrezki kutxako libretaren zenbakia. Enpresak urtebetez eginen du kenketa, interesdunak kontrakorik adierazten ez badu behintzat. Enpresako zuzendaritzak transferentziaren kopia emanen dio sindikatuak enpresan duen ordezkaritzari, halakorik baldin bada.
38. artikulua. Ordu metaketa.
Enpresa Batzordeko kideek eta delegatu sindikalek hilean ordu kreditua izanen dute, ordainduak eta ondorengo hiletan metatu ezin direnak, indarra duen legediaren arabera.
Hileko ordu ordainduen metaketari dagokionez, batzordeko kideek, batzordeko kide diren aldetik, bakoitzari dagozkion orduen %100era bitarte laga diezaiokete beren sindikatuko langile bat, ordezkaritza lanetan aritzeko. Lagatuko diren orduak lagatzaileak bere eskubideko dituen orduak izanen dira, eta lagatu baino hamar egun lehenago, gutxienez, esan behar zaio enpresako zuzendaritzari.
39. artikulua. Arau erreferentzia.
Aurreko artikuluetan berariaz bildu ez den orotan, orokorrean bi aldeek legezko xedapenei jarraituko diete, eta batez ere Langileen Estatutuaren 8/80 Legeari eta Ordenantzaren gaineko Hitzarmen Orokorrari.
Enpresaren arau-hausteak.-Eremu horetan apirilaren 8ko 8/88 Legea eta gai honetan indarra duten gainerako xedapenak aplikatuko dira.
Langileen arau-hausteak.-Arlo honetan ondorengoek izanen dute indarra eta horiexek aplikatuko dira:
A) Hutsegiteak.
Hutsegitetzat hartuko dira indarra duten legezko xedapenek eta, bereziki, hitzarmen honek ezarritako betebeharren kontrako ekintzak edo ez-egiteak, dela betebeharrak bete ez direlako, dela ezagutzen ez direlako.
Hutsegiteak, duten garrantziaren arabera, arinak, larriak eta oso larriak izanen dira.
B) Hutsegite arinen sailkapena.
Hauek joko dira hutsegite arintzat:
1.-Hilabete baten barnean lanera behin, bitan edo hirutan berandu iristea, bidezko arrazoirik gabe.
2.-Lanerako ezintasun iragankorreko baja edo lanera ez agertzearen bidezko arrazoiak bi egun balioduneko epean ez jakinaraztea, hori egiterik ez dela izan frogatu ezean.
3.-Lanetik denbora gutxirako alde egitea, bidezko arrazoirik gabe.
4.-Norberaren garbitasun edo txukuntasun eza.
5.-Bizilekuz aldatu izanaren berri ez ematea, aldaketa egin eta hamar eguneko epearen barnean.
6.-Hilabete batean egun batez lanera ez agertzea, bidezko arrazoirik gabe.
7.-Noizean behin mozkortuta agertzea.
8.-Lanarekin zerikusirik ez duten inprimaki edo argitalpenak irakurtzea lanorduetan.
9.-Arropak edo gauzak gordetzeko tokietatik kanpo uztea.
C) Hutsegite larrien sailkapena.
1.-Lautik zortzira bitarteko hutsegite lanera berandu iristeagatik, hogeita hamar egun naturaleko epearen barnean.
2.-Hogeita hamar egun naturaleko epean lanera bi egunez ez agertzea, bidezko arrazoirik izan gabe.
3.-Familian izandako aldaketak, Gizarte Segurantzako prestazioetan ondorioak izan ditzaketenak, behar den garaian ez jakinaraztea.
4.-Lanorduetan edozein motatako jokoetan ibiltzea.
5.-Beste langile bat lanera agertu dela simulatzea, haren sinadura, fitxa edo kontrol txartela erabiliz.
6.-Lanean zuhurtziarik gabe jokatzea. Jokabide hori hutsegite oso larritzat jo daiteke, baldin eta langilea bera edo lankideak istripua izateko arriskuan jartzen badira edota instalazioak edo salgaiak hondatzeko edo su hartzeko arriskuan.
7.-Lan orduetan norberaren lanak egitea, bai eta enpresaren tresnak norberarendako erabiltzea ere, lanalditik kanpo izan arren, horretarako baimenik izan gabe.
8.-Langileak ikusitako egintzak edo hutsegiteak ezkutatzea, horrek kalte larriak sortzen baditu, eta instalazioetan ikusten den edozein arazo garrantzitsuren berri nagusiei berehala ez ematea.
9.-Norberaren akatsak nahita ezkutatzea, enpresari kalteak sortzen ahal dizkioten arren.
D) Hutsegite oso larrien sailkapena.
Hutsegite oso larriak honako hauek dira:
1.-Lanera maiz berandu iristea edo ez joatea, bidezko arrazoirik gabe.
a) Lanera zortzi aldiz baino gehiagotan berandu iristea arrazoirik gabe, hogeita hamar egun naturaleko epean, eta lanera hamasei aldiz berandu iristea arrazoirik gabe, ehun eta laurogei egun naturaleko epean.
b) Lanera ez joateagatiko hutsegitea: lanera hiru egunez ez agertzea, arrazoirik eman gabe, hogeita hamar eguneko epean.
2.-Agindutako kudeaketetan iruzur egitea, eta enpresari, lankideei edo beste edozeini ebastea edo lapurtzea, lantoki barnean nahiz lanean beste edozein lekutan aritzean.
3.-Enpresaren lanabes, makineria, aparatu, instalazio, eraikin, altzari edo agiriak desagerrarazi, hondatu edo haustea.
4.-Enpresaren edo langileen isilpeko eskutitzen edo agirien sekretua haustea.
5.-Enpresakoa ez den norbaiti nahitaez isilpean eduki beharreko datuak ezagutaraztea.
6.-Nagusiei edo lankideei kolpez edo hitzez erasotzea.
7.-Istripu larriak sorraraztea, zabarkeria edo zuhurtziagabekeria desenkusaezinagatik.
8.-Lankideekin liskarrak eta iskanbilak maiz sortzea, arrazoirik gabe.
9.-Segurtasun eta higieneagatik debekatuta dagoen tokietan erretzea. Debeku hori argi azaldu beharko da halako tokietan, kartelen, banderen edo beste edozein sistema egokiren bidez.
10.-Kontratuko onustea haustea, eta laneko konfiantza-abusua. Kontratuko onustea haustea da, besteak beste, lantokitik irtetean paketeek edo bildutako gauzek barruan zer duten erakutsi nahi ez izatea zeregin horretako langileek eskatzen dutenean, Langileen Estatutuko 18. artikuluan ezarritako bermeekin.
11.-Lanean ohiko edo itundutako errendimendua luzaroan eta nahita gutxitzea.
E) Zehapenak.
Hutsegiteen arabera, zehapen hauek ezarriko dira:
1.-Hutsegite arinengatik:
a) Hitzezko kargu-hartzea.
b) Idatzizko kargu-hartzea.
c) Egun bateko enplegu-soldaten etenaldia.
2.-Hutsegite larriengatik:
a) Hurrengo oporraldiko txanda hautatzeko eskubidea galtzea.
b) Bi egunetik hamabostera bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.
c) Goragoko kategoria batera pasatzeko gaitasuna kentzea hiru urterako gehienez.
3.-Hutsegite oso larriengatik:
a) Hamasei egunetik hirurogeira bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.
b) Goragoko kategoria batera pasatzeko gaitasuna kentzea bost urterako gehienez.
c) Hurrengo oporraldiko txanda hautatzeko eskubidea galtzea.
d) Kaleratzea.
F) Zehapenak betetzea.
Zehapen guztiak ematen diren unetik beretik hasita betearaziko dira; horrek ez du alde batera uzten zehapena jasotzen duenak jurisdikzio eskudunean erreklamazioak egiteko duen eskubidea.
G) Preskripzioa.
Hutsegite arinak hamar egunen buruan preskribatuko dira, larriak hogei egunen buruan eta oso larriak hirurogeiren buruan, enpresa hutsegiteaz jakitun egindako egunetik aitzina eta, nolanahi ere, hutsegitea egin eta sei hilabeteren buruan.
H) Prozedura.
1.-Enpresako zuzendaritzari edo haren ordezkariari dagokio sariak emateko edo zehapenak ezartzeko ahalmena.
2.-Enpresak langileen legezko ordezkariei eta ordezkari sindikalari, hala denean, jakinaraziko dizkie hutsegite larrien eta oso larrien ondorioz langileei ezartzen zaizkien zehapenak.
3.-Hutsegiteak arinak direnean ez da espedientea instruitu beharko. Hutsegite larrien edo oso larrien ondoriozko zehapenak ezartzeko ere ez da espedienterik instruitu beharko. Nolanahi ere, horiek idatziz jakinaraziko dira, eta idazkian zehatz azalduko da zer egitatek sortu duen hutsegitea eta nolako zehapena ezarriko den, non ez den hitzezko kargu-hartzea.
Gertaerak argitzearren, enpresak erabakitzen badu zehapenak ezartzeko espedientea irekitzea, interesdunak eskubidea izanen du deskargu orria aurkezteko eta proposatzen dituen eta instruktorearen ustez bidezkoak diren frogak gauzatzeko, eginbideak hasten direnetik hilabeteko epean gehienez.
4.-Hutsegite larri edo oso larri baten ondoriozko zehapena ezartzen zaienean karguetan dauden langileen legezko ordezkariei edo agintaldia bukatu eta urtebetea pasatua ez dutenei, aginduzkoa izanen da espedientea irekitzea, arau hauei jarraikiz:
a) Enpresak espedientea ireki dela jakinaraziko dio langileari eta, horrekin batera, espedientean azaltzen diren gertaerak biltzen dituen kargu orriaren berri emanen dio.
b) Enpresak idazkari bat eta insktruktore bat, inpartzialak, izendatuko ditu, eta horien izenak espedientea irekitzeko idazkian berean azalduko dira.
c) Instruktoreak idazki hori interesdunari igorriko dio, alegazioak egin eta bidezkoak iruditzen zaizkion frogak gauza ditzan bost eguneko epean.
Idazki hori langileen legezko ordezkariei ere igorriko zaie, bidezkoak iruditzen zaizkien alegazioak egin ditzaten bost eguneko epean.
d) Espediente irekitzea bukaturik, enpresak ondokoak jakinaraziko dizkio langileari, idatziz: ezarritako zehapena, zein egunetatik hasita izanen dituen ondorioak eta zehapenaren oinarri diren gertaerak.
40. artikulua. Heriotzaren edo baliaezintasunaren kalte-ordaina.
Ardovries España, S.A.k indarrean edukiko du aseguru poliza orokor bat, hitzarmen honen eraginpeko langileen aldekoa. Baliagarria izanen da enpresan lan egin eta Gizarte Segurantzan alta emanda dauden langileentzat. Horren arabera, berez hilez gero edo lanekoa ez den istripuaren ondorioz, haien eskubidedunek 8.000 euro jasoko dituzte; laneko istripuaren ondoriozko heriotza gertatuz gero, 35.000 euro, laneko istripuaren ondoriozko ezintasun osoa izanez gero, 31.000 euro, eta laneko istripuaren ondoriozko erabateko ezintasun edo ezintasun handiaren kasuan, 50.000 euro.
41. artikulua. Batzorde Paritarioa.
Ardovries España enpresarako hitzarmenaren Batzorde Paritarioa eratu da, honela:
1.-Batzorde Paritarioaren eginkizunak:
a) Horren esku jartzen diren banakako eta taldeko gatazketan bitartekotza lanak egitea.
b) Akordio guztien interpretazio lanak egitea.
c) Akordio guztien jarraipen lanak egitea.
2.-Batzorde Paritarioak denen intereseko arloetan hartzen dituen akordioak oinarrizko hitzarmen honen partetzat joko dira eta horiek ere betebeharrekoak izanen dira. Halako akordioak lan arloko agintaritzari igorriko zaizkio, erregistra ditzan.
3.-Batzordean enpresaren aldeko kideak langileen aldekoak adina izanen dira. Azken horien kopurua sindikatu bakoitzak duen ordezkaritzaren araberakoa izanen da eta sindikatuetako batek hitzarmena sinatzen ez badu, batzordetik kanpo geldituko da.
4.-Funtzionamenduko erregelamendua:
a) Bilerak.-Batzorde Paritarioa zeregin hauetarako bilduko da:
Aurreko artikuluko 1 a) eta b) letretan aipatutako eginkizunak betetzeko, esku hartzeko eskatzen zaionean.
1 c) ataleko kasurako, sei hilean behin.
b) Deialdiak.-Batzorde Paritarioa biltzeko deia alderdi sinatzaileetako edozeinek eginen du, eta horretarako aski izanen da idatzizko komunikazio bat, eguneko gai zerrenda azalduko duena.
Batzorde Paritarioa gaiaren garrantziaren arabera bilduko da, komeni den epearen barnean, baina deialdia egin eta hamabost egun naturaleko tartean gehienez.
Epe hori bukatu eta batzordea bildu ez bada, ondorio hau izanen da: agortutzat joko da Batzorde Paritarioaren esku-hartzea, eta interesdunak egokiak diren ekintzak gauzatzen ahalko ditu.
c) Quoruma. Aholkulariak.-Batzordea eratutzat joko da ordezkaritza bakoitzaren gehiengo soila bertaratzen denean.
Aldeak bileratara joaten ahal dira bina aholkulari hartuta, gehienez.
d) Akordioen baliozkotasuna.-Batzordeak akordioak adosteko, edonola ere bi ordezkaritzetako bakoitzaren 100eko 60aren aldeko botoa beharko da.
Bilera bakoitzaren akta eginen da, eta idazkariek eta alderdi bakoitzeko ordezkari batek sinatuko dute.
e) Helbidea.-Jakinarazpen eta deietarako, Batzorde Paritarioaren helbidea hau izanen da: Enpresaren lokalak, Martzilla, Camino de la Estación, z.g.
5.-Batzorde Paritarioaren mende jarri beharra:
Alderdiek Batzorde Paritarioaren mende jarri behar dituzte edozein ekintza judizial edo administratiboren aurretik sortzen diren interes orokorreko gai guztiak, nahiz horrek ez duen galarazten gero eskubide kolektiboak erabili ahal izatea.
42. artikulua. Lan Auzitegia.
Alderdiek erabaki dute hitzarmen hau interpretatzean hitzarmen honek ukitzen dituen enpresen eta langileen artean sortzen diren desadostasun eta gatazka guztiak, bai taldekoak bai banakakoak, Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren esku jartzea, bitartekotza eta adiskidetze faseetan, eta alderdiak beren borondatez aipatu auzitegiaren arbitraje prozeduraren esanetara jartzeko ahaleginak eginen direlako konpromisoa agertzea. Beren konpromisoa agertu dute ahaleginak egiteko ukituriko alderdiak Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren prozedura arbitralaren esanetara jar daitezen.
Artikulu hau, beraz, aldeen atxikimendu espresua da gatazken konponbiderako arbitraje organoarekiko, eraginkortasun orokor gisa eta, ondorioz, itunak behartzen ditu enpresaburuak, ordezkari sindikalak eta langileak beren desadostasunak epaiketara jo aitzin aipatu organoaren bitartekotza eta adiskidetze prozeduretan azaltzera. Hortaz, ez da nahitaezkoa aldeen desadostasun edo gatazka bakoitzerako atxikimendu espresua eta banakakoa egitea, arbitrajera lotzeko ez bada, zeina bultzatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu baitute lan hitzarmen honen sinatzaileek.
43. artikulua. Emakumearentzako laguntza.
Emakumeak bere lanpostura errazago itzul daitezen, laguntza emanen zaie haurtzaindegia erabili nahi dutenei.
Haurtzaindegi zerbitzuagatik zenbat ordaintzen duten, beste hainbestekoa izanen da laguntza ere, ordainagiriaren bidez egiaztatuta; gehienez ere 75 eurokoa izanen da hilean, urtean 11 hilabetez, eskola adinekoa ez den seme edo alaba bakoitzeko.
Lanaldi murriztua aukeratuz gero, laguntza ere hein berean murriztuko da.
44. artikulua. Erretiroa.
Kontrakoa ebazten ez deino, erretiroa 65 urterekin hartuko da. Hala eta guztiz ere, enpresaren eta langilearen artean ados jarriz gero, erretiro aurreratua hartzen ahal da, indarra duen legediaren arabera.
Hitzarmen honen eraginpeko langile bakoitzak eskubidea du erretiro partziala hartzeko errelebo kontratuaren bidez, eta Enpresa behartua dago langileak bere borondatez egindako eskaera hori tramitatzera.
Era honetan:
1. Langileak bete beharko ditu Legezko Arauak ezarritako baldintzak.
2. Langileak idatziz eskatu beharko dio Enpresako Zuzendaritzari, sei hilabete lehenago, erretiro partziala hartu nahi duela.
3. Urtero, plantilla osoaren %5ek hartzen ahal du erretiro partziala errelebo kontratuaren bidez.
MARTZILLAKO ALIMENTOS CONGELADOS, S.A. ENPRESAREN 1997-1999 HITZARMENAREN ERANSKIN AKTA
Banaketa plataforma berriari aplikatzeko arauak
Alimentos Congelados, S.A. enpresak 1997aren bukaerarako beste lantoki bat irekitzea aurreikusia zuen, jarduera berri bat garatzeko, landare produktuak izozteko eta ontziratzeko orain arte izan dituen lantegietako jarduerak ez bezalakoa.
Lantegi hori produktu izoztuak "Banatzeko Plataforma" bat izanen da. Biltegi erregulatzaile gisa arituko da, eta igorpen gune bateratua, bakarra eta zentralizatua izanen da. Horrela, Alimentos Congelados, S.A. enpresaren lantokietan fabrikatzen diren landare produktuak ez ezik beste fabrika batzuetan, Alimentos Congelados, S.A. enpresarenak direnetan eta ez direnetan, egiten diren plater aurreprestatuak (pizzak, haragi produktuak, arrain produktuak, etab.), ogi eta opil izoztuak, etab. ere banatuko ditu. Plataforma honen helburua da konpainiaren bezeroei zerbitzu egokia eta lehiakorra segurtatzea (azalera handiak, banatzaileak, etab.).
Lantoki berri honek enpresaren baitan hautatutako Batzordearen arreta eta ordezkaritza izanen duen arren, lantoki berriko jardueraren berezitasunak eta, batik bat, bakoitzaren azken xedeak, antolamendua edo egituraketa ere bereziak izatea eskatzen dute.
Horiek horrela, Banaketa Plataforma berrian lan egiteko kontratatzen diren langileen kasuan arau hauei jarraituko zaie:
Lehena.-Enpresa Batzordearekin Martzillako plantarako adostutako hitzarmen bera aplikatuko da, ondorengo puntuak izan ezik:
1.-Kontratazioa:
Kontratuak egiterakoan Martzillako lantokiak ez du deus ikustekorik izanen. Lantoki berrirako langile berriak hartu aitzin, lanpostu berriak betetzeko asmoa duten aldizkako langile finkoei gaitasun probak eginen zaizkie, oporretatik itzultzen direnean, dokumentu honetan ezarritako baldintzen arabera.
-Langileak ezin izanen dira lantoki batetik bestera eraman, une horretan alta emanik dauden aldizkako langile finkoen kaltetan. Kasu hauek salbuespen izanen dira:
-Lanpostua lantoki batetik bestera behin betiko atxikitzea edo aldatzea adostu bada.
-Ezinbesteko kasuen edo antzekoen ondorioz, lana ezin bada behar bezala egin lantoki batean eta, bidenabar, beste lantoki batean lan hori egoki egiteko aukera baldin badago.
2.-Lan egutegia:
Asteko egun guztiak lan egunak izanen dira. Atsedenaldiak egokituko dira, ahal delarik, igandeetan hartzeko moduan, plataforma berria geldi ez dadin. Aste barneko jaiegunak salbu, ordu arrunt gisa ordainduko dira asteleheneko 06:00etatik larunbateko 14:00ak arte lan egindako orduak bakarrik.
3.-Ordutegiak:
Langileen ordutegiak lan beharren arabera finkatuko dira, eta lanaldi jarraituetan antola daiteke lana, txandakoak izan edo ez; lanaldi zatituan eta bi nahiz hiru txandakoan, barneko lanei eta bezeroen beharrei erantzun egokia emate aldera.
Ordutegiak ezarririk, aurrekoaren ondoriozko edozein aldaketa Enpresa Batzordearekin adostu beharko da.
Enpresa Batzordearekin adostuko da halaber 1999tik aurrerako lan egutegia.
4.-Oporrak:
Urte guztian zehar zerbitzua beharrezkoa denez, Banaketa Plataforman zerbitzuak ematen dituzten langileek urte osoan txandakatuz eginen dituzte oporrak. Horretarako, langileek urte bakoitzaren abenduan adieraziko dute hurrengo urteko oporrak noiz nahi lituzketen, opor txandak antolatzeko. Oporrak urte garai jakin batean pilatzen badira, antzinatasun handienaren arabera izanen da lehentasuna hasiera batean; antzinatasun berdina gertatzen bada, berriz, zaharrenak izanen du lehentasuna, eta araua birakaria izanen da: urte batean norbait lehentasunaz baliatu denean, hurrengo urtean hurrengoak izanen du lehentasuna, eta horrela segituko da hurrengo urteetan. Langileek beren oporretatik gutxienez 15 egun ekainaren 15etik irailaren 30era bitarte egin beharko dituzte.
5.-Hozkailuetan ibiltzeko arauak:
Hozkailuetan diharduten langileek, jasomakina klimatizaturik ez badute, 1995/09/21eko 1561/1995 Errege Dekretuaren 31. artikuluak dioena izanen dute jarraibide arau.
Bigarrena.-Akta hau Martzillako Lantegirako Enpresa Hitzarmenaren testuari erantsiko zaio, eta ordutik aurrera Banaketa Plataformarako hitzartutako arautzat hartuko da.
Etorkizunean, oraingo honetan ezarritako irizpideetan aldaketaren bat eginen balitz, eta Banaketa Plataforman lan egiten duten langileentzat eraginik badu, aparteko akta batean jasoko da.
Martzillan, 1997ko uztailaren 8an.
Enpresako zuzendaritzaren aldetik Batzordearen aldetik
Iragarkiaren kodea: F1110532
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
