1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
16E/2011 EBAZPENA, ekainaren 7koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Arintzanon (Aberin) aprobetxamendu hidroelektrikoa egiteko proiektua Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren mende ez jartzeko ebazten duena. Proiektua Áridos y Canteras del Ega, S.L.k sustatu du.
2011ko apirilaren 18an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen txosten honen idazpuruan aipatzen den jarduerak Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa behar al zuen erabakitzeko laburpen memoria, horrela, proiektuak Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa behar duen erabaki dadin, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 59. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Proiektua azterturik, zeina abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 4A eranskineko D atalean sartzen baita (foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua), kontuan harturik haren neurriak eta ezaugarriak, kokapena -79/409/EEE eta 92/43/EEE zuzentarauak aplikatzearen ondoriozko eremu babesturik ukitzen ez dela- eta izan dezakeen eragina, aipatutako foru dekretuaren 3C eranskinean ezarri denaren arabera, erabaki da ez dela Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren mende jarri behar. Horren ondorioz, jarduera sailkatuaren udal lizentzia gisa tramitatu beharko da espedientea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ingurumen txostena eman ondoren, Lizarrako eta Aberingo udaletan.
Proiektatutako jardueraren bidez abian jarri nahi dira Arintzanoko aprobetxamendu hidroelektriko zahar bati lotutako azpiegiturak, 402 kW-eko potentzia instalatukoak (presa txikia, sifoia, ura desbideratzeko ubideak, sarbideak). Gainera, hodi behartu berri bat ezarriko da, baita ekipamendu elektromekaniko berriak ere, eraikin berri baten barnean. Energia elektrikoa ateratzeko linea erdi tentsiokoa eta lurpekoa izanen da, eraiki beharreko zentral berritik hurbil dagoen linea elektrikoko zutoinerainokoa.
Horrenbestez, proiektuaren ezaugarriak, kokapena eta izan dezakeen eragina 3.C eranskinean ezarritakoari jarraikiz azterturik eta espedientean agertzen diren txostenak ikusirik, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Arintzanon (Aberin) aprobetxamendu hidroelektrikoa egiteko proiektua (4.A eranskinean, D atalean, sartzen da, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 3.C eranskineko irizpideak aplikaturik) ez da Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozeduraren mende jarri behar. Proiektua Áridos y Canteras del Ega, S.L.k sustatu du. Espedienteak udalaren jarduera sailkatuko lizentzia beharko du, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ingurumen arloko txostena eman eta gero.
2. Aurkezten den dokumentazioari eraikuntza proiektua erantsiko zaio, eta, horretaz gain, ingurumen arloko dokumentazioa, honako alderdi hauetan osatu beharko dena: eraikuntza faseak ekarriko dituen ingurumeneko ukipen garrantzitsuenak identifikatuko dira, baita proiektuaren ustiapen fasean sortuko direnak ere (besteak beste: 5 m³/s-ko emari nominala desbideratuko da Ega ibaian, ukitutako tartean; presa txiki berri bat izanen da, eta hormigoizko ubide bat, zuhaitzak dituen mazela baten oinarrian; ongi errotutako landaredia kenduko da lurreko ubidean), neurri zuzentzaileak sartuko dira, baita ingurumena zaintzeko eta jarraipena egiteko planak ere, eta, azkenik, eskatutako emari nominala onartu dela frogatzen duen ziurtagiria, Ebroko Ur Konfederazioak emana.
3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean.
Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau Lizarrako eta Aberingo udalei eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2011ko ekainaren 7an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Iragarkiaren kodea: F1110697