128. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

15E/2011 EBAZPENA, maiatzaren 31koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, "Bera-Altzate" izeneko linearen proiekturako baimena ematen duena, baldintzapean. Proiektuko lanak Berako mugapean eginen dira, eta sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. da.

2011ko maiatzaren 25ean Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Proiektaturiko jarduketaren helburua Berako azpiegiturak hobetzea da. Horretarako, lur azpiko linea elektriko berria jartzea proiektatzen da, Altzate auzoko TZI berriaren eta Legia TZren artean. Lurzoru urbaniezaezinari eragingo zaizkion ukipen bakarrak hauek dira: transformazio zentro berri baten eraikuntza, euskarri baten aldaketa eta, tarte txiki batean, hots 3 metro baino gutxiagoan, linea elektrikoaren zati txiki bat lur azpitik eramatea Berako 4. poligonoko 915. lurzatian. Gainerako trazadura hiri lurzorutik doa.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Espedientean sartu dira Lurraldearen Antolamenduko Zerbitzuaren 2011ko maiatzaren 18ko eta Berako Udalaren 2011ko otsailaren 24ko aldeko txostenak azaltzen dira.

Espedientean dauden txostenak ikusita, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, baldintzapean, "Bera-Altzate" izeneko linearen proiekturako. Proiektuko lanak Berako udal mugapean eginen dira, eta sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. da.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean eman da:

Hegaztiak babesteko baldintzak betetzeko eta linea berriarekin elektrokutatzeko arriskua murrizteko, aireko linea lur azpiko bihurtzeko euskarriaren loturazko kateek U70AB66P isolagailuak izan beharko dituzte, segurtasun tartea, gutxienez, 0,70 m-koa izan dadin. Neurri horretan ezin da kontuan hartu luzagailuaren luzera; halakorik jartzen bada, apirilaren 4ko 129/1991 Foru Dekretuan ezarritako segurtasun tartea, 0,70 m-koa, baino handiagoa utzi beharko da.

Linearen amaierako euskarrian eta eroaleak lurpeko linearekin duen konexioan elektrokuzio arriskua murrizteko, erabat isolatuko dira lineako eroaleak eta XS zirkuitu-etengailuak lotzeko zubiak, horien eta tximistorratz autobalbulen arteko lotuneak eta horien eta konexioko botilen artekoak. Isolamenduan erabiliko den materialak goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko egokia izan beharko du. Bestetik, tximistorratz autobalbulak BCAC ("Bushing Connection Animal Cover") estalki aurremoldeatuekin edo antzekoekin babestuko dira.

Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Berako Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko maiatzaren 31n.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1110702