125. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 27a

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

IRUÑEKO LAN ARLOKO 2. EPAITEGIA

Jakinarazpen ediktua. 196/2011 demanda

Rosa Valencia Ederra andreak, Iruñeko Lan arloko 2. Epaitegiko idazkariak,

Aditzera ematen dut: Narcisa de Jesús Castillo Guanuchek eskaturik, diru kopuru bat dela-eta, Vegadu, S.L. (Bar Dunkalk) enpresaren eta Soldatak Bermatzeko Funtsaren aurka lan arloko epaitegi honetan bideratu den 196/2011 prozeduran, xedapen zatian hauxe dioen ebazpena eman da gaurko egunean:

Baiesten dut jarduketa hauek eragin dituen demanda, hots, Narcisa de Jesús Castillo Guanuche andreak, diru kopuru bat erreklamatzeko, Vegadu, S.L. enpresaren eta Soldatak Bermatzeko Funtsaren aurka jarritakoa, eta horrenbestez, enpresa demandatua kondenatzen dut auzi-jartzaileari 11.082,78 euro (hamaika mila eta laurogeita bi euro eta hirurogeita hemezortzi zentimo) ordaintzera; eta Soldatak Bermatzeko Funtsa absolbitzen dut hari egindako eskakizun guztietatik, deusetan galarazi gabe legez legokiokeen erantzukizun subsidiarioa.

Jakinaraz bekie epaia alderdi guztiei, adieraziz haren aurka erregutze-errekurtsoa jar daitekeela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Lan arloko Salari zuzendua, epaia jakinarazi eta ondoko bost egun balioduneko epean. Horretarako, aski izanen da epaia jakinaraztean alderdiak, haren abokatuak, lan harremanetako gradudun elkargokideak edo ordezkariak asmo horren berri ematea. Zilegi izanen da, orobat, adierazitako epean pertsona horiek bertan agertzea edo idazkia aurkeztea. Errekurtsoaren berri ematean, alderdi errekurtsogileak errekurtsoa zuzenduko duen legelaria edo lan harremanetako gradudun elkargokidea izendatu beharko du.

Enpresari ohartarazten zaio, errekurtsoa jarriz gero, horren jakinarazpenarekin batera, lan arloko epaitegi honek Banesto taldean (Banco Español de Crédito, S.A., Banco de Vitoria, S.A.) irekita duen Gordailu eta Kontsignazioen kontuan 150,00 euro sartu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko duela. Kontua Iruñeko Nafarroako Gorteak kaleko 5ean dagoen sukurtsalekoa da (3159 kontua, 3159 0000 65 019611 prozedura). Halaber, banku eta kontu berean baina aparteko eragiketa batean kondenaren diru kopurua sartu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko du, 3159 0000 67 019611 prozedura zenbakia adieraziz. Diru-kopuru horren ordez banku-abala aurkezten ahalko da, abal-emailearen erantzukizun solidarioa jaso beharko duena.

Beraz, epai honen bidez, behin betiko epaituz, hori erabaki, agindu eta sinatzen dut.

Eta Vegadu S.L.ri (Bar Dunkalk) legezko jakinarazpena egiteko balio izan dezan, non den jakiterik ez baitago, honako hau egiten dut Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin.

Hartzaileari ohartarazten zaio bulego judizialeko iragarki-oholean ebazpenaren kopia jarriz eginen direla hurrengo jakinarazpenak, salbu eta autoenak, epaienak, epatzeenak eta prozedurari amaiera ematen dioten ebazpenenak.

Iruñean, 2011ko ekainaren 10ean.-Idazkari judiziala, Rosa Valencia Ederra.

Iragarkiaren kodea: J1110501