125. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

919/2011 EBAZPENA, ekainaren 3koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Longidako Udal Hirigintza Planari buruzko Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena. Longidako Udalak sustatu du.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3.A eranskinaren B)1 atalean ezarritakoaren arabera, udal plan orokorrak Ingurumen ebaluazio estrategikoaren mende jarri behar dira eta Ingurumen ondorioen adierazpena behar dute, plan horiek onestearekin batera edo lehenago.

Longidako Udalak 2011ko 37. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 23an, argitaratutako iragarkiaren bidez, jendaurrean jarri zen Udal Plana, eta haren dokumentazioan Ingurumen ondorioen azterlana jaso zen.

Longidako Udal Hirigintza Planaren helburu nagusiak honakoak dira; Longidako garapen iraunkorra bultzatzea, natur baliabideak eta lurraldea zentzuz eta modu orekatuan erabiliz, bertan dauden naturguneak arautuz eta babestuz, eta lurzoru urbanizaezina zainduz nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta basogintzaren aldetik dituen balioetan oinarrituta. Planaren helburua da, halaber, bizitegietarako eta ekipamenduetarako dauden lurzoru beharrei erantzutea, eta populazio guneen garapena pausoz pauso egin dadin, ziurtatu nahi baita herri izaerari eutsiko diotela eta Longida osoko ekipamenduak eta zerbitzuak hobetuko direla. Jarduera ekonomikoen aurreikuspenari dagokionez, xedea da industria jarduera egon dadin laguntzea, betiere ingurunean modu egokian txertatua. Era berean, indarra duen planeamendua eguneratu eta egokitzen da, 35/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta hirigintza arloan indarra duen legeriarekin bat etor dadin.

Longidako udal planaren proposamenen eraginak 89 km²-ko udal esparru osoa hartzen du, honako kontzeju eta lekuek osatua: Aos, Artaxo, Ekai, Murelu eta Billabetako kontzejuak; Aiantz, Erdotzain, Ezkai, Gorritz, Itoitz, Xaberri, Larrangotz, Liberri, Meotz, Mugeta, Olaberri, Orbaitz, Errala, Ulibeiti, Hiriberri, Zarikieta eta Zutzako lekuak; eta Akotain eta Oletako etxe-multzoak.

Hasiera batean, lurraldearen sailkapen orokorra egiteko, udalerriaren antolaketak bereizten ditu, alde batetik, hiri garapenerako egoki diren lurzoruak (bai bizitegietarako bai jarduera ekonomikorako), eta bestetik, urbanizazio prozesutik babestu beharrekoak, udalerriaren zatirik handiena alegia.

Longida kokaturik dagoen testuingurua kontuan hartuta, hau da, Agoitz-Irunberri eskualdean eta Agoitzen eraginpean, herri honek hartzen baititu oinarrizko zerbitzuak eta hiri izaera duten hazkundeak, planean islatutako asmoa da egungo populazioguneak sendotzea, handitze txikiekin eta Pirinioaurreko eremuetan ohikoa den kokaleku ereduari eutsiz. Udalerriko bizigune nagusiak Aos eta Ekai dira, ondoren Murelu, Artaxo, Meotz eta Billabeta. Bizitegietarako proposamena gauzatzeko 11,6 hektareako azalera aurreikusi da, guztira 117 etxebizitza egiteko herriguneetan banatuta.

Hasiera batean, planeamenduan etxe-multzo handiagoak jasotzeko aukera ere baloratu zen, Ekaiko zerrategiko auzoan edo Billabeta inguruan, adibidez. Baina eremu horiek eskualdeari begira duten garrantziagatik eta Longidarako planteatu den okupazio eredua kontuan hartuta, azkenean erabaki zen Garapen Eredua Zaintzeko Lurzoru gisa sailkatzea.

Jarduera ekonomikorako eremuei dagokienez, Agoizko industrialdea handitzea aurreikusi da, Longidako udalerrian jarraipena emanez, 32 hektareatan, eta industrialdearen eta Iruña-Agoitz errepidearen arteko lotura ezarriz, Ekai zeharkatu gabe. Alternatiba honetan, beste kokapen batzuetan baino gutxiago dira balizko ukipenak, eta egungo industrialdeko azpiegiturak hobeki baliatzen dira.

Ingurumen ondorioen azterlanak jasotzen du zer lotura dagoen Hirigintza Planaren eta ingurumen arloan sinergiak eta metatze-ondorioak eragin ditzaketen beste plan edo programa batzuen artean, besteak beste: LAP 1-Pirinioak, Itoizko urtegiaren bazterretako erabilerak arautzeko UPSa, Itoizko presaren behealdeko zentral hidroelektrikoa eraikitzeko proiektuaren UPSa, eta Nafarroako Ubidearen eta haren eremu ureztagarrien UPSa.

Lurzoru urbanizaezinari dagokionez, udalerriaren okupazio ereduak jasotzen ditu LAP1-Pirinioak izenekoan ezarritako antolaketa irizpideak, eta ingurumen balioa duen lurzoru babestuan sartzen ditu Natura 2000 Sarean sartutako guneak ("Artxuga/Zarikieta mendia eta Aretako mendia" BIL eta Irati, Urrobi eta Erro ibaietako sistemaren BIL), Hegaztien Babesgune Berezia (HBB B-129), Basa fauna babesteko eremua (APFS-5 Errala), natur erreserbak, onura publikoko mendiak, ibaien ibilguak eta bazterrak eta Gongolazko mendietako karraskadiak, hariztiak eta erkameztiak, korridore ekologikoak baitira. Planean honakoak jaso dira: Erralako Erkametza (MN-6) eta abelbideak, kultur balioagatik, eta Iratiko bide berdea, oinez eta bizikletaz ibilbide gisa izan dezakeen erabileragatik. Planak proposatzen du Iratiko trenbidearen trazadura bultzatu eta berreskuratzea, trazadura zehaztu eta inguruan babes zerrenda bat ezarriz, balizko ukipenak saihesteko.

Era berean, Hirigintza Planak betetzen ditu Itoizko urtegiaren bazterretako erabilerak arautzen dituen UPSaren Ingurumen ondorioen adierazpenean ezarritako baldintzak, eta urtegiaren erabilerarako egokia den araudia ezartzen du, natur erreserba hauetako sarbideak saihestuz: RN-9, Iñarbeko Arroila, RN-10, Txintxurreneko Arroila, eta RN-11, Gazteluko Arroila; halaber, babes zerrenda bat gorde du urtegiaren inguruan, ingurumen balioa duen lurzoru babestu urbanizaezin gisa.

Ingurumen ondorioen azterlanak udalerriari buruzko ingurumen arloko azterketa, diagnostikoa eta balorazioa biltzen ditu, ingurune fisikoari buruzko datu hauek, udalerriaren orografian eta paisaian oinarrizkoak, barne hartuta: informazio klimatologiko, geologiko eta litologikoa, azaleko sare hidrologikoa, Irati, Erro eta Urrobi ibaiek eta erreka, errekasto eta lats sare zabal batek (Gurpegi, Zarikieta, Ibarrea...) osatua. Arrisku nagusikotzat jotzen ditu ibai nagusietako alubioi lautadetako uholde-eremuak, guztira 200 hektareako azalera, 500 urtean behin urak hartu ahal dituena; bertan, erabilera nagusiak alorrak eta ur-bazterreko landaredia dira.

Azterketa bioklimatikoan eta geobotanikoan oinarriturik, Nafarroako erdialdeko trantsizio eremu horretan berezkoa den landarediaren serie eta geoserieak identifikatu dira. Bertako topografiak baldintzatu ditu egungo erabilerak, ezaugarri hauek dituen lurraldea itxuratzen: iparraldean, ameztiak eta karraskadiak lergorrien pinadiekin, Zarikieta eta Artxugako mendietako mazela malkartsuenetan; hegoaldean, Gongolazko mendia. Udalerriko erdialdean, baso potentzialen ordez ezpeldiak eta sastrakadi mediterraneoak ageri dira mendietako behealdean, eta alorrak eta larreak tartekaturik, berriz, ibar barrenean. Ibai bazterreko landarediak mugatzen ditu Erro eta Irati ibaietako ibilgu nagusiak, bai eta sare hidrografikoa osatzen duten zintzurretako errekak ere.

Azterlanak zehaztu eta baloratzen ditu planaren proposamenek ekarritako ondorioak. Planean adierazten den moduan, ingurunearen gaineko ondorio nagusiak bizitegietarako eta ekonomiako garapen berrien eskutik etorriko dira, baliabideen kontsumoa areagotzeak eta erabilera aldaketak eragin negatiboak ekarriko baitituzte; nolanahi ere, ukipen horiek bateragarriak eta moderatuak dira planeko balorazioaren arabera, hiri hazkundeak epe ertain-luzera aurreikusirik baitaude, hiri inguruko eremuetan, eta eragina alorren eta landaredi erruderalaren gainekoa izanen baita. Lurzoru urbanizaezina antolatu eta arautzeak dakartzan ondorioek ingurunearen babesa hobetuko dute, bai eta ingurumen, kultur eta paisaiaren aldetik interesa duten baliabideen kontserbazioa ere, eremu horietako ezaugarriekin bateragarriak diren erabilerak arautzen dituzten heinean.

7. kapituluak neurri orokor batzuk garatzen ditu, ingurunearen gaineko eraginak ahalik eta txikienak izan daitezen, eta zenbait prebentzio neurri ere, urbanizazio berrietako lanen fasean hartu beharko direnak.

Azterlanean sartuta dago, orobat, udalerriaren banaketa argi kutsaduraren eraginaren araberako eremutan: hiru eremu dira, bata udalerriaren iparraldean, "E1 eremua" izenekoa (BIL eta HBB barne), bigarrena, "E3 eremua" izenekoa, populazioguneetako bizitegietako eremuei dagokiena, eta azkenik, "E2 eremua" gainerakoa hartzen duena; horietan aplikatzekoa izanen da gaueko ingurumena babesteko indarreko araudia. Udalerriko kalitate akustikoari dagokionez, soinuari dagokion eremu banaketa bat ere badakar, erabilera nagusiak eta aurreikusitakoak kontuan harturik egindakoa; eremu akustikoak bizitegietako eremuak, industrialak, garraio azpiegituretako sistema orokorrak eta naturguneak dira.

Hornidura, saneamendu eta elektrizitate hornidurako azpiegitura nagusiei dagokienez, berriz, Hirigintza Planean jasotako aurreikuspenak ziurtaturik daude, egun dauden azpiegiturak eta aurreikusitakoak oinarritzat harturik, adibidez, Aosko hondakin uren araztegia.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak adierazi du txostenean Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozeduran ingurumen arloko baldintzak erantsi zaizkiola Longidako Udal Hirigintza Planari.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, kontuan izanik Ingurumen ebaluazio estrategikorako prozedura osorik bete dela, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez emandako eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpena egitea Longidako Udal Hirigintza Planaren alde, Longidako Udala bera planaren sustatzaile izanik.

2. Udal Hirigintza Planaren behin betiko dokumentazioan honako hau sartuko da:

-Plangintza eta Laguntza Atalaren txostenean udalerriko abelbideei buruz egindako oharrak.

-Garapen eredua zaintzeko lurzorurako araubidea. Ekaiko zerrategiko ingurunearen kasuan, planeko memorian jasotako zenbait baldintza aintzat hartu beharko lirateke, besteak beste, lurzoruetako saneamenduari buruzkoak, Iratiko trenbidearen trazadura berreskuratzeari buruzkoak, ibaiaren balioa agerian uztea, edo tximinia gordetzea, inguru horretako pasaiaren erreferentziazko elementua izaki; horrez gain, uholdeek ekar ditzaketen arriskuak ere aztertzea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 34. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Longidako Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko ekainaren 3an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1110303