125. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

EBAZPENA, 2011ko ekainaren 13koa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Abeltzaintzako Merkataritzaren sektorerako hitzarmen kolektiboaren testua erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.

Nafarroako Abeltzaintzako Merkataritzaren sektorearen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zk.: 31001905011981) aztertu da. Erregistro honetan 2011ko maiatzaren 16an sartu zen eta sektoreko enpresa eta sindikatu ordezkariek apirilaren 12an izenpetu zuten, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Ebazpen hau negoziazio batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2011ko ekainaren 13an.-Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.

NAFARROAKO ABELTZAINTZAKO MERKATARITZAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAREN TESTUA

1. artikulua. Aplikazio eremua.

Hitzarmen honen eragin esparrua lantokia Nafarroan izan eta ondoko jarduera hauetan aritzen diren enpresa eta langile guztiak hartzen ditu: azienda-komisionistak, haragi-hornitzaileak, harategiak, urdaitegiak, abeltzaintzako azpiproduktuen biltzaile eta saltzaileak, zaldiki saltzaileak, haragi-produktuen handizkako merkatariak, esnearen eta esnekien txikizkako merkatariak, arrautza, hegazti eta ehizakien handizkako eta txikizkako merkatariak eta haragirako hotz-biltegiak. Jarduera horiek 1971ko uztailaren 24ko Merkataritzako Ordenantza Orokorraren arabera arautzen dira. Ordenantza hori bi aldiz aldatu da, hain zuzen, 1975eko ekainaren 4ko eta 1976ko otsailaren 18ko Lan Ministerioaren aginduen bidez.

2. artikulua. Indarraldia.

Hitzarmen honen iraunaldia bi urtekoa izanen da, 2010eko urtarrilaren 1etik 2011ko abenduaren 31ra. Langileen Estatutuaren 86. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, hitzarmen honen amaiera iragarritzat ematen da izenpetzen den une berean.

3. artikulua. Irenspena eta konpentsazioa.

Zilegi izanen dira hitzarmen honetan itundutako hobekuntzen irenspena eta konpentsazioa, enpresa bakoitzean dauden igoera eta hobekuntzekin, bai eta etorkizunean, edozein kontzeptutan, lege xedapenen bidez ezar daitezkeenekin ere.

4. artikulua. Bermeak.

Hitzarmen honetako baldintzak gutxienekoak dira, eta beraz hauek gainditzen dituztenak "ad personam" bermatuko dira.

5. artikulua. Lanaldia.

Lanaldia, erreala eta egiaz emandakoa, 1.720 ordukoa izanen da urtean, hitzarmenaren indarraldiko 2 urteetan; asteak, gehienez ere, 40 ordukoak izanen dira.

Enpresetan egutegia egiterakoan, langile bakoitzak eskubidea izanen du lanaldia bi orduz murrizteko hilero, baina hilabetetik hilabetera ordu horiek metatzeko aukerarik gabe Murrizketa horrek ez du ekarriko urteko orduen kopurua murriztea.

Kontrako akordioa hartu ezean, denbora hori goizeko edo arratsaldeko lehen orduan hartuko da, eta txanden hurrenkera bat ezarriko da enpresan, establezimenduen merkataritza-funtzionamendu normala eragotzi gabe. Bi alderdiek onartzen dute merkataritzako jarduerarik handiena ostiraletan, larunbatetan eta jaiegunen bezperetan gertatzen dela, eta, hortaz, eskubide hori ezin izanen da egun horietan erabili.

6. artikulua. Ordainsariak.

A) 2010. urtea.

2010. urterako, hitzarmen honetan ezarritako ordainsarien igoera %3koa izanen da, 1. eranskinean -2010eko lansarien taulak- finkatuta dagoen bezala.

B) 2011. urtea.

2011ko urtarrilaren lehenetik aurrerako ondorioekin, hitzarmen honetako lansariek 100eko 1eko igoera izanen dute, 2. eranskinean finkatu bezala -2011ko lansarien taulak-.

Nolanahi ere, Espainiako KPI erreala adinako lansari igoera bermaturik dago 2011rako.

7. artikulua. Kontratazioa. Behin-behineko langileen portzentajea.

Plantillan lau langile baino gehiago dituzten enpresek langileen %75, gutxienez, lan kontratu finkoarekin izanen dituzte.

Arau hori betetzen ez duten enpresek hiru hilabeteko epea izanen dute aurreko lerrokadan itundutakoa betetzeko.

8. artikulua. Probaldia.

Probaldiak hilabeteko iraupena izanen du.

9. artikulua. Antzinatasuna.

Zerbitzu urteengatiko igoera dela-eta, langileek 8 laurteko kobratu ahalko dituzte gehienez, eta bakoitzaren zenbatekoa hitzarmen honen eranskinean ageri diren lansarien tauletan kategoria bakoitzarentzat ezarritako lansariaren %5 izanen da (Lansarien taulak -1. zutabea- Hileko ordainsaria, 6. artikulua). Zenbateko hori kontatu eta kobratzeko, Merkataritzako Lan Ordenantzaren 38. artikuluan finkatutako arauei jarraikiko zaie. 1980ko urtarrilaren lehenetik aitzina, izangai edo ikastun gisa emandako denbora kontuan hartuko da antzinatasuna kalkulatzeko; aldi hori 1980ko urtarrilaren 1a baino lehen egin bazen, ez da antzinatasuna kalkulatzeko aintzat hartuko. 1997ko urtarrilaren lehenean 8 laurteko baino gehiago aitorturik dituzten langileei errespetatu eginen zaizkie laurteko horiek.

10. artikulua. Aparteko eskersariak.

Enpresak uztaileko eta eguberrietako aparteko eskersariak ordainduko dizkie langile guztiei, ondoko zenbateko honekin: lansarien taulan (1. zutabean) lanbide kategoria bakoitzarentzat dagoen soldataren hileko bat gehi Hitzarmenaren plusa (2. zutabea), hau da, 3. zutabean dagoen zenbatekoa; antzinatasunagatik dagozkion igoerak ere kontatuko dira.

Aparteko eskersariak noiz ordaindu erabakitzeko, herri bakoitzaren ohituren arabera jokatuko da.

11. artikulua. Salmenten edo irabazien araberako eskersariak.

Enpresek langileendako eskersari aldakorren araubide bat prestatuko dute, irabazien edo salmenten araberakoa, enpresa bakoitzaren antolaketari egokitua. Eskersari horiek hileko soldata bat adinakoak izanen dira gutxienez.

Artikulu honetan aipatzen diren eskersariak urtean behin ordainduko dira, salbu eta aspalditik epe laburragoetan ordaindu ohi baldin badira. Nolanahi ere, ekitaldi ekonomiko bakoitzeko eskersaria hurrengo ekitaldi ekonomikoko lehenbiziko hiruhilekoaren barruan ordaindu beharko da.

12. artikulua. Hitzarmenaren plusa.

Puntualtasuna, laneratzea eta elkarlana kontzeptuengatik plus bat ezarri da, eranskineko lansarien taularen arabera unean-unean indarra duten lansarien %15ekoa (2. zutabeko zenbatekoa), urteko 365 egunetan ordainduko dena, 8. eta 9. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

Hitzarmenaren plus hori laneratzea, puntualtasuna eta errendimendua sustatzeko erabiliko da eta, hortaz, ez da emanen lanaldi osoa egiten ez bada, eta, gainera, hilabete batez kendu ahalko da langilea lanera berandu iristen bada bost aldiz edo bi aldiz agertzen ez bada, hori dena justifikatu gabe eta 25 lanegun jarraituren barruan; halaber, plusa kenduko da langileak garbitasunik ez badu eta hilabete bateko errendimendu normalera ailegatzen ez bada, baina mantendu eginen da eritasuna edo istripua dagoenean, gaixo-agiria edo ziurtagiri medikoa aurkezten denetik hasita.

13. artikulua. Ordainsaria, eritasunaren edo istripuaren kasuan.

Eritasun edo lan istripuaren kasuan, enpresak behar den osagarria ordainduko du, eritasun aseguruaren prestazio ekonomikoarekin batera, langileak oinarrizko soldata (1. zutabea), hitzarmenaren plusa (2. zutabea) eta legokiokeen antzinatasuna kobratu ditzan baja hartu duen egunetik.

Haurdunaldiko arriskua dela eta, lan kontratua eteten denean ere ordainduko da osagarri hori.

14. artikulua. Laneko arropa.

Enpresek kanpoko arropa emanen diete langileei, kolore argikoa, garbitu ahal dena eta lan egiteko bakarrik erabiliko dena; oinetako egokiak ere emanen dizkie, hala nola buruko estalkiak eta, behar izanez gero, buruko sareak, Haragiaren eta prestatutako produktuen handizkako industria eta biltegien eta txikizkako denden arautegi tekniko sanitarioko 6. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Izozkailuetan egiten diren lanetarako arropa egokia ere emanen diete.

15. artikulua. Oporrak.

Oporrak 31 egun naturalekoak izanen dira hitzarmen honi lotutako langile guztientzat.

Egun horiek ezin izanen dira bi zatitan baino gehiagotan banatu, non eta enpresak eta langileek besterik ituntzen ez duten; langileak 16 egun aukeratuko ditu eta enpresak 15. Langileak bi hilabete lehenagotik jakin behar du noiz hasiko diren bere oporrak.

16. artikulua. Lizentziak.

Langileak, aurretik abisatu eta justifikatuta, baimena du lanera ez agertzeko, ordaindua izateko eskubidearekin, arrazoi hauetako bat dela medio eta honenbeste denbora:

a) Ezkontza: 15 egun.

b) Seme-alaba baten jaiotza: hiru lanegun.

Ezkontidearen edo seme-alaba baten eritasun larria edo heriotza: lau egun, horietatik 3 lanegun.

Bi egun, bigarren maila arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideek eritasun larria izateagatik edo haiek hiltzeagatik.

Arrazoi horregatik langilea bidaia egin beharrean bada, epea lau egunekoa izanen da.

Ospitaleratzea eritasun larritzat hartuko da; honelako kasuetan, langileak eskatzen duen egunean has daiteke baimena, ospitalean den artean.

Bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideen ebakuntza, ospitaleratu beharra izan gabe etxean atseden hartzea agintzen bada: 2 egun.

Lehen graduko ahaideen interbentzio anbulatorioa: egun bat.

Espresuki ezarri da baimena ezin dela ospitaleratze aldia baino luzeagoa izan.

c) Ohiko bizilekua aldatzeko: egun bat.

Gurasoen, seme-alaben eta anai-arreben (odol berekoen nahiz ezkontza bidezkoen) ezkontza: egun bat.

d) Publikoa edo pertsonala den eginbehar saihestezina betetzeko behar-beharrezkoa den denbora.

Lege bidez edo hitzarmenen bidez ezarritako arau batean denbora jakin bat finkatuta badago, absentziaren iraupenari eta konpentsazio ekonomikoari dagokienez arau hartan xedatutakoari jarraituko zaio.

Goian aipatu den eginbehar hori betetzeagatik hiru hilabeteko tartean lanorduetako %20an baino gehiagoan ezin bada egin beharreko lana bete, enpresak eszedentzia egoerara pasa dezake langilea, Langileen Estatutuari buruzko 8/1980 Legearen 46. artikuluaren 1. idatz-zatian arautu bezala. Langile batek, eginbeharren bat betetzeagatik edo karguren batean jardun beharragatik, kalte-ordaina kobratzen badu, diru kopuru horixe deskontatuko zaio enpresak ordaintzen dion lansaritik.

e) Eginkizun sindikaletan edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko, lege bidez edo hitzarmenen bidez ezarritakoari jarraikiko zaio.

f) Ezkondu gabeko bikoteek, bizikidetzaren ziurtagiria aurkeztu ondotik, eskubidezko bikoteen lizentzia berberak izanen dituzte, artikulu honetako a) atalean aipatzen dena salbu.

g) Langilea medikuaren kontsultara joateko, behar-beharrezkoa den denbora.

Baimena luzatuko da 50 kilometro baino gehiago egin behar direnean.

17. artikulua. Istripuen aseguru-asegurua.

Hitzarmen honek barne hartzen dituen enpresek arriskuak estaltzeko istripuetarako aseguru poliza bat kontratatuko dute langile guztientzat. Honako kapitala aseguratuko da:

39.000 euro, istripuaren ondoriozko heriotzagatik.

48.000 euro istripuaren ondoriozko baliaezintasun larri edo erabateko ezintasun iraunkorragatik.

Poliza berriak egun indarra dutenak bukatzean sinatu beharko dira.

18. artikulua. Osasun azterketa.

Enpresak behartuta daude langile guztiei urtean osasun azterketa bat egitera. Azterketa hori lan istripuetako ugazaben mutualitateetan eginen da, kasuan kasuko enpresa zeinetan dagoen inskribatua, hartantxe. Langileek osasun azterketaren emaitzak jakiteko eskubidea dute. Azterketak lanorduetan eginen dira.

19. artikulua. Lansarien erreziboak eta finikitoa.

Lansarien erreziboan langileak jaso beharreko diru-sarrera guztiak agertuko dira banan-banan, baita legez edo hitzarmen bidez ezartzen diren kenkari guztiak eta haien batura; horien azken emaitza jaso beharreko soldata garbia izanen da. Halaber, langileari dagokion kotizazio oinarria, langilearen lanbide-sailkapena, antzinatasuna, langilearen izena, enpresaren izena, bien IFZk eta Gizarte Segurantzako zenbakia agertu beharko dira.

Kontratua amaitzeko jakinarazpenarekin batera likidazio proposamena igorriko da, lana utzi baino hamabost egun lehenago.

20. artikulua. Sexuagatik berdintasuna eta ez baztertzeko printzipioa, eta haurduntzaren babesa:

Emakumeen eta Gizonen arteko Benetako Berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan aurreikusitakoa aplikatzeko eta han ezarritako neurriak galarazi gabe, hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek aukera berdintasunaren printzipoa sustatzeko eta lan giroan genero diskriminaziorik izan ez dadin begiratzeko konpromisoa hartzen dute. Berdintasun hori lortzeko bi alderdiek garrantzitsutzat jotzen dituzte ondoko helburuak:

Lanean berdintasuna ezartzea, zeharkako edo zuzeneko bereizkeria desagerraraziz.

Aukera berdintasuna enpleguan.

Soldata bera balio bereko lanentzako.

Lanbide prestakuntza eta sustapena baldintza beretan.

Era berean, haurdun dauden langileek haurduntza modu eraginkorrean babesteko neurriak aplikatzeko eskubidea dute, beharrezkoak direnean, egungo legerian xedatutakoarekin bat.

21. artikulua. Aplikaziotik kanpo gelditzeko klausula.

Azken bi ekitaldi ekonomikoetako ustiapeneko kontuen emaitzetan galerak izan dituzten enpresek zilegi izanen dute 2010. eta 2011. urteetan hitzarmen honetan itundutako hobekuntzak ez aplikatu eta 2009ko abenduaren 31 arte indarra zuten horiei eustea. Egoera ekonomiko negatibo hori desagertzen den unetik beretik, hitzarmen honetan itundutako baldintza guztiak aplikatuko dira.

22. artikulua. Lan osasuna.

Hitzarmen hau argitaratu ondoko 6 hilabeteko epean, arriskuen ebaluazioa eta aurre-neurrien plana ezarriko dira enpresetan, Laneko arriskuei aurrea hartzeari buruzko Legea betetzeko.

23. artikulua. Aldi baterako laneko enpresak.

Hitzarmen honen eraginpeko enpresek, produkzioaren beharrak direla eta, beharrezkoa badute aldi baterako laneko enpresen bidez langileak kontratatzea, enpresa erabiltzaileen baldintza berberak bermatzen dituzten enpresetara joko dute bakarrik, alegia, Abeltzaintzako merkataritzaren hitzarmena aplikatu beharko dute, eta behartuta egonen dira baldintza horiek bermatzen ez dituzten enpresen zerbitzuak ez erabiltzera.

24. artikulua. Atxikitze klausula.

Aldeek erabaki dutenez, Lan Hitzarmen Kolektibo honen interpretazioan eta aplikazioan sor daitezkeen gatazka kolektiboak ez ezik, baita horren aplikazio eremuko langileengan eta enpresaburuengan eragina izan dezaketen beste guztiak ere, Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiak konponduko ditu, adiskidetze eta bitartekotza faseetan.

Era berean, adierazten dute ahaleginak eginen dituztela ukituriko alderdiak aipatu auzitegiaren prozedura arbitralaren esanetara jar daitezen.

Artikulu hau, beraz, alderdien atxikimendu espresua da gatazken konponbiderako arbitraje organoarekiko, eraginkortasun osoz eta, ondorioz, itunak behartzen ditu enpresaburuak, ordezkari sindikalak eta langileak beren desadostasunak epaiketara jo aitzin aipatu organoaren bitartekotza eta adiskidetze prozeduretan azaltzera. Hartaz, ez da nahitaezkoa alderdien desadostasun edo gatazka bakoitzerako atxikimendu espresua eta banakakoa egitea, arbitrajera lotzeko ez bada, zeina bultzatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu baitute lan hitzarmen honen sinatzaileek.

25. artikulua. Erretiro partziala.

Langileak nahi izanez gero, erretiro partziala har dezake, arlo hori arautzen duen gizarte segurantzaren araudian ezarrita dauden baldintzetan, baina horrek ez dio inolako konpromisorik ekarriko enpresaburuari erretiro-pentsioa hobetu edo bermatzeko. Erretiro partzialaren ondoriozko lanaldia enpresaren eta langilearen artean adostuko da. Aukera hori baliatu nahi izanez gero, langileak erretiro partzialaren ondorioak aplikatzen hasiko diren eguna baino sei hilabete lehenagotik abisatu beharko du gutxienez.

Erretiro partziala hartzen duen langile baten kontratua iraungitzen bada erretiroa hartzeagatik, hiltzeagatik edo enpresaburuaren desgaitasunagatik, ezin izanen da inolako kalte-ordain edo konpentsaziorik eskatu egoera hori dela-eta erretiro partzialaren edo etorkizuneko erabateko erretiroaren prestazioetan gertatzen diren galera ekonomikoengatik.

Erretiro partziala hartu nahi duen langile baten eskaera lehenengo lerroaldean adierazi bezala bideratzea ezinezkotzat jotzen duten enpresek erretiro aurreratua ez aplikatzeko eskaera aurkeztu beharko diote hitzarmena interpretatzeko batzorde mistoari, auzia ebatz dezan. Batzorde mistoak bi hilabeteko epean ebazpenik ematen ez badu, erretiro aurreratua kentzea ez dela bidezkoa ulertuko da.

Arau hau soilik aplikatuko da erretiro partziala eta errelebo kontratua gaur egun -hitzarmena sinatzen denean- arautzen dituzten xedapenak indarrean eta aldaketarik gabe dauden bitartean.

26. artikulua. Azpikontratak.

Azpikontratatzen diren enpresetako langileei, abeltzaintzako merkataritzaren esparruko lantokietan lan egiten badute, lan eta diru baldintza berberak aplikatuko zaizkie.

27. artikulua. Batzorde paritarioa.

Batzorde paritario bat eratu da, enpresaburuen eta langileen launa ordezkarik osatua, Deliberazio Batzorde Mistoa osatu duten berberek alegia, hitzarmen honen testua aplikatzeko orduan sor litezkeen zalantza guztiak argitzeko, lan arloko agintariei eta erakunde eskudunei dagokien eskumena deusetan galarazi gabe.

Enpresaburuen aldetik, "Gremio Provincial de Empresarios Carniceros-Charcuteros de Navarra" izeneko elkartea.

Langileen ordezkarien aldetik, sindikatu hauek: Unión General de Trabajadores-UGT eta Langileen Batzordeak CCOO, hitzarmen honen negoziazio mahaian izan duten ordezkaritzaren arabera.

1. ERANSKINA

Soldaten taulak. 2010. urtea

KOTIZAZIO TARIFA

LANBIDE KATEGORIA

1. ZUTABEA

HILEKO LANSARIA

2. ZUTABEA

HITZARMENAREN PLUSA

3. ZUTABEA

GUZTIRA

1

Zuzendaria

1.237,34

185,62

1.422,96

2

Langileriaren eta salerosketen burua

1.127,54

169,13

1.296,67

4

Sukurtsaleko, biltegiko, establezimenduko burua

1.127,54

169,13

1.296,67

5

Saltzaile bidaiaria, hiri-artekaria

976,88

146,53

1.123,41

5

Saltzaile nagusia

1.103,89

165,58

1.269,47

5

Saltzaile-ebakitzailea, 1. mailako ofiziala

1.058,64

158,80

1.217,44

5

Saltzaile-ebakitzailea, 2. mailako ofiziala

1.002,69

150,40

1.153,09

5

Saltzaile-ebakitzailea, laguntzailea

968,25

145,23

1.113,48

7

Ikastuna, bigarren urtekoa

606,56

90,99

697,55

11

Ikastuna, lehen urtekoa

567,80

85,17

652,97

8 (*)

Gidaria, 1. motako gidabaimena (10 urte lanbidean)

1.058,64

158,80

1.217,44

8 (*)

Gidaria, 1. motako gidabaimena

1.002,69

150,40

1.153,09

8

Gidaria, 2. motako gidabaimena, eta banatzailea

968,25

145,25

1.113,50

9

Langilezaina, sehi espezializatua

933,79

140,07

1.073,86

10

Garbitzaileak (orduko)

7,08

1,07

8,15

3

Administrazioko burua

1.127,54

169,13

1.296,67

4

Kontularia eta administraria, 1. mailako ofiziala

1.058,64

158,80

1.217,44

5

Administraria, 2. mailako ofiziala

1.002,67

150,40

1.153,07

7

Administrari laguntzailea. Hirugarren urtea

905,81

135,87

1.041,68

7

Administrari laguntzailea. Bigarren urtea

882,68

132,41

1.015,09

7

Administrari laguntzailea. Lehen urtea

864,88

129,72

994,60

11

Kutxazain laguntzailea. Bigarren urtea

606,55

90,99

697,54

11

Kutxazain laguntzailea. Lehen urtea (18 urtetik beherakoa)

567,78

85,17

652,95

OHARRAK:

"Saltzaile-ebakitzailea, laguntzailea" kategoriarako beharrezkoa da bi urte ikasten eginak izatea.

"Saltzaile-ebakitzailea, 2. mailako ofiziala" kategoriarako beharrezkoa da laguntzailearenean bi urte eginak izatea.

Saltzaile-ebakitzailea, 1. mailako ofizialaren kategoriarako beharrezkoa da 2. mailako ofizialarenean bost urte eginak izatea.

(*) Zirkulazio kodearen arabera, erabiltzen duten ibilgailua gidatzeko lehen motako baimena behar denean.

Enpresabururen batek langileak kokatzen baditu hitzarmen honetan zehaztu ez diren zereginetan, haien soldatak ondoko hauenak bezalakoak izanen dira:

-Sukaldeko lanak, 1. kategoriakoak, saltzaile-ebakitzailea, 1. mailako ofizialarenak bezalakoak.

-Sukaldeko lanak, laguntzailea, ebakitzaile-laguntzailearenak bezalakoak.

2. ERANSKINA

Soldaten taulak. 2011. urtea

KOTIZAZIO TARIFA

LANBIDE KATEGORIA

1. ZUTABEA

HILEKO LANSARIA

2. ZUTABEA

HITZARMENAREN PLUSA

3. ZUTABEA

GUZTIRA

1

Zuzendaria

1.249,71

187,47

1.437,18

2

Langileriaren eta salerosketen burua

1.138,82

170,82

1.309,64

4

Sukurtsaleko, biltegiko, establezimenduko burua

1.138,82

170,82

1.309,64

5

Saltzaile bidaiaria, hiri-artekaria

986,65

148,00

1.134,65

5

Saltzaile nagusia

1.114,93

167,24

1.282,17

5

Saltzaile-ebakitzailea, 1. mailako ofiziala

1.069,23

160,39

1.229,62

5

Saltzaile-ebakitzailea, 2. mailako ofiziala

1.012,71

151,91

1.164,62

5

Saltzaile-ebakitzailea, laguntzailea

977,93

146,69

1.124,62

7

Ikastuna, bigarren urtekoa

612,63

91,90

704,53

11

Ikastuna, lehen urtekoa

573,48

86,02

659,50

8 (*)

Gidaria, 1. motako gidabaimena (10 urte lanbidean)

1.069,23

160,39

1.229,62

8 (*)

Gidaria, 1. motako gidabaimena

1.012,71

151,91

1.164,62

8

Gidaria, 2. motako gidabaimena, eta banatzailea

977,93

146,70

1.124,63

9

Langilezaina, sehi espezializatua

943,13

141,47

1.084,60

10

Garbitzaileak (orduko)

7,15

1,08

8,23

3

Administrazioko burua

1.138,82

170,82

1.309,64

4

Kontularia eta administraria, 1. mailako ofiziala

1.069,23

160,39

1.229,62

5

Administraria, 2. mailako ofiziala

1.012,70

151,90

1.164,60

7

Administrari laguntzailea. Hirugarren urtea

914,86

137,23

1.052,09

7

Administrari laguntzailea. Bigarren urtea

891,51

133,74

1.025,25

7

Administrari laguntzailea. Lehen urtea

873,53

131,02

1.004,55

11

Kutxazain laguntzailea. Bigarren urtea

612,62

91,90

704,52

11

Kutxazain laguntzailea. Lehen urtea (18 urtetik beherakoa)

573,46

86,02

659,48

OHARRAK:

"Saltzaile-ebakitzailea, laguntzailea" kategoriarako beharrezkoa da bi urte ikasten eginak izatea.

"Saltzaile-ebakitzailea, 2. mailako ofiziala" kategoriarako beharrezkoa da laguntzailearenean bi urte eginak izatea.

Saltzaile-ebakitzailea, 1. mailako ofizialaren kategoriarako beharrezkoa da 2. mailako ofizialarenean bost urte eginak izatea.

(*) Zirkulazio kodearen arabera, erabiltzen duten ibilgailua gidatzeko lehen motako baimena behar denean.

Enpresabururen batek langileak kokatzen baditu hitzarmen honetan zehaztu ez diren zereginetan, haien soldatak ondoko hauenak bezalakoak izanen dira:

-Sukaldeko lanak, 1. kategoriakoak, saltzaile-ebakitzailea, 1. mailako ofizialarenak bezalakoak.

-Sukaldeko lanak, laguntzailea, ebakitzaile-laguntzailearenak bezalakoak.

F1110529

Iragarkiaren kodea: F1110529