Iragarkia
125. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 27a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
1210DGE/2011 EBAZPENA, ekainaren 15ekoa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, Nafarroan ibilgailu elektrikoak sustatzeko 2011rako laguntzen deialdia onesten duena. Krisiaren aurkako 23. neurria.
Nafarroako Gobernua Nafarroako Ibilgailu Elektrikoen Plana (NIE plana) prestatzen ari da, hiru ildo estrategikotan antolatzen dena: eskaeraren sustapena, industrializazioa eta I+G+B, eta kargatzeko azpiegiturak eta energia eskaeraren kudeaketa. Plan hori Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak Espainian ibilgailu elektrikoetarako onetsitako estrategia integralarekin batera koordinatuko da.
Nafarroako Ibilgailu Elektrikoen Planaren neurrien artean, besteak beste, ibilgailu elektrikoak erosteko diru-laguntzen deialdi hau eta energia elektrikoz kargatzeko azpiegiturei, eta ekintza osagarriei eta proiektu bereziei dagozkienak daude.
Halaber, deialdi hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuak 2008ko otsailaren 26an sinatutako lankidetzarako esparru-hitzarmenaren 2011ko ekitaldiaren barne dago; hitzarmenaren helburua da Energia Aurrezteko eta Eragimenez Erabiltzeko Estrategiaren 2008-2012 urteetarako Ekintza Planean (PAE4+) aurreikusitako jarduketak zehaztu eta abian jartzea.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, 2011ko ekainaren 13ko Erabakiaren bidez Enpresako zuzendari nagusiari baimena eman zion plan horri dagozkion diru-laguntzak banakako ebaluazioaren araubidean emateko.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroan ibilgailu elektrikoak sustatzeko diru-laguntzen deialdia onestea 2011rako.
2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
3. 900.000 euroko gastua baimentzea, 2011ko gastuen aurrekontuko honako kontu-sail hauen kargura:
AURREKONTUKO KONTU-SAILA | NEURRIA | RCSA KODEA | EUROAK |
810003-81140-7709-425200 | "Krisiaren aurkako neurriak-23. Nafarroan ibilgailu elektrikoak sustatzeko laguntzak" | 3323 | 400.000 |
810003-81140-7701-425200 | "Krisiaren aurkako neurriak-23. Nafarroan ibilgailu elektrikoak sustatzeko laguntzak. FEDER 2007-2013" | 3323 | 500.000 |
GUZTIRA | 900.000 | ||
2011ko ekitaldian kontu-sail horietan aurrekontu erabilgarria izaten bada, deialdian hasieran aurreikusitakoari gehitzen ahalko zaio.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek, administrazio publikoak izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete ebazpen honen kontra Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzenduta, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2011ko ekainaren 15ean.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.
I. ERANSKINA
Oinarri arautzaileak
1. oinarria. Xedea.
Diru-laguntza honen onura publikoko xedea da mugikortasun elektrikoa garatzen laguntzea, garraioaren sektorean eta mugikortasunaren arloan garapen iraunkor handiagoa lortzen laguntzen baitu. Horregatik, 2011n ibilgailu elektrikoen erosketa, energia elektrikoz kargatzeko azpiegituren instalazioa eta gainerako ekintza osagarriak suspertu nahi dira.
Diru-laguntzaren xede diren jarduketei (deialdiaren II. eranskinean zehazten dira) honako neurri hauek dagozkie:
NEURRIAREN KODEA | NEURRIA |
1 | Ibilgailu elektrikoak erostea |
2 | Energia elektrikoz kargatzeko azpiegiturak instalatzea |
3 | Ekintza osagarriak |
4 | Proiektu bereziak |
2. oinarria. Onuradunek bete beharreko baldintzak.
Diru-laguntza honen onuradun izaten ahalko dira Nafarroan 2011ko urtarrilaren 1a baino lehen erroldatutako pertsona fisikoak eta Nafarroan finkatutako pertsona juridikoak, publikoak nahiz pribatuak izan.
Eskatzaileek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren betebehar orokorrak bete beharko dituzte; hori frogatzeko, erantzukizuneko aitorpena aurkeztu beharko dute eskabidearen inprimakiarekin batera. Entitate publikoak betebehar horiek egiaztatzetik salbuetsita daude.
3. oinarria. Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen kostuak, burutzeko epea eta laguntzen zenbatekoak.
1. Diru-laguntzaren xede izanen dira II. eranskinean zehaztutako neurrietan adierazi eta aplikatzekoa den araudian ezarritako baldintzak betetzen dituzten inbertsio eta gastuak, Nafarroan egindakoak.
BEZa kostu hautagarritzat hartuko da beti, baldin eta onuradunak ezin badu berreskuratu. Horretarako, BEZa kostu kengarri gisa ez duten toki entitateek hori frogatzen duten agirien kopia aurkeztuko dute. Hainbanaketaren araubidean badaude, kostu hori kalkulatzeko oinarria izanen da diru-laguntza eman aurretik amaitu den azken ekitaldiko behin betiko hainbanaketa. Kasu horretan, haien betebehar fiskalen likidazioko azken emaitza aurkeztu beharko dute.
Ez dira behin ere diru-laguntzaren xede izanen:
-Inbertsioaren ondoriozko gastu finantzarioak.
-Enpresa elkartu edo lotuekin egindako gastuak, mikroenpresen, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Europako Batzordeak maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan xedatutakoaren arabera.
-Oro har, argi eta garbi zehazten ez diren gastuak edo inbertsioaren helburu energetikoak lortzeko xede zuzena ez dutenak. Betiere Enpresa Zuzendaritza Nagusiaren irizpidea nagusituko da dudarik izanez gero.
2. Diru-laguntzaren xede diren jarduketak 2010eko abenduaren 1etik 2011ko abenduaren 23ra bitarte egin beharko dira.
3. Laguntzen zenbatekoa neurri bakoitzerako II. eranskinean zehazten dena izanen da.
4. oinarria. Eskaerak aurkeztea.
1. Eskaerak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasi, eta 2011ko azaroaren 30ean bukatuko da, proiektu berezietarako diru-laguntzen kasuan (4. neurria) izan ezik, 2011ko uztailaren 31n amaituko baita.
2. Eskabideak lehentasunez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es) dagoen zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxaren bidez. Fitxan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko lotura izanen da, eta beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea, identifikatzeko.
Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileei tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileentzako arretaguneak jarriko ditu, zerbitzuen katalogoaren fitxan behar bezala iragarriko direnak.
Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako tokietan aurkezten ahalko dira.
3. Eskabidea Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es), diru-laguntzen fitxan, eskuratzen ahal den ereduaren araberakoa izanen da, eta II. eranskinean zehaztutako agiriak erantsiko zaizkio.
Eskabidea telematika bidez aurkezten bada, agiriak eskaneatuta erantsiko zaizkio; dokumentu banatan aurkeztuko dira eta bakoitzari bere izena jarriko zaio (adibidez, "Jarduketaren memoria").
5. oinarria. Diru-laguntza ematea.
1. Diru-laguntza hau banakako ebaluazioaren bidez tramitatuko da. Hortaz, eskaerak hartu ahala banatuko da diru-laguntza, aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean.
2. Enpresa Sustapenaren Zerbitzuko Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak eskaerak ebaluatuko ditu, eta ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari; hartan, onuradunek laguntzak jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela agerraraziko da.
Enpresako zuzendari nagusia da diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa. Ebazpena eman eta jakinarazteko, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es) argitaratuko da, eskaera aurkezten denetik gehienez 6 hilabete igaro baino lehen.
Epe horretan eskatzaileari ebazpen espresik jakinarazi ezean, eskaerak isiltasun administratiboaren bidez ezetsi direla ulertuko da. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka administrazio publiko ez diren interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.
3. Diru-laguntzaren ebazpenen jakinarazpenak, hots, diru-laguntza emateari, ukatzeari, kobratzeko eskubidea galtzeari eta ordaintzeari buruzkoak eta diru-laguntza hau emateko prozeduran ematen diren gainerakoak, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es) argitaratuko dira.
6. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa eta justifikazioa.
1. Emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea lortzeko, onuradunak jarduketa burutu duela fogatu beharko du 2012ko urtarrilaren 10a baino lehen. Horretarako, II. eranskineko neurrietako bakoitzean adierazitako agiriak aurkeztu beharko ditu, 4. oinarrian adierazi bezala.
2. Frogagiriak aztertuta, Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak ordainketa egiteko ebazpen proposamena igorriko dio Enpresako zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da.
7. oinarria. Onuradunen eginbeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.
1. Diru-laguntzen onuradunek, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrez gain, II. eranskinean neurri bakoitzerako adierazitako berariazko betebeharrak ere izanen dituzte.
2. Diru-laguntza emateko ebazpenean, oinarri hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharren bat hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
3. Emandako diru-laguntzak kobratzeko eskubidea galdu eta kopuru horiek askatuz gero, aurrekontuetan kreditu nahikoa ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.
8. oinarria. Laguntzen ezaugarriak.
Deialdi honi Batzordearen abuztuaren 6ko 800/2008 (EE) Erregelamendua aplikatuko zaio. Erregelamendu horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatuz (Kategorien arabera salbuesteko Erregelamendu Orokorra), eta 2008ko abuztuaren 9ko L 214 Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
Hori aplikatzerik ez dagoen kasuetan, "de minimis" laguntzatzat joko dira, abenduaren 15eko 1998/2006 (EE) Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori Itunaren 87. eta 88. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da, eta 2006ko abenduaren 28ko L 379 Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
Erregelamendu horrekin bat, edozein enpresari emandako "de minimis" laguntza osoa gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da, hiru zergaldiko aldian. Horretarako, onuradunek eskabide inprimakian aitortuko dituzte kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak.
9. oinarria. Diru-laguntzaren bateragarritasuna.
Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira beste administrazio publikoek ondasun edo jarduera beretarako ematen dituzten beste diru-laguntzekin. Halakoetan, emandako laguntzen guztizkoak ezin izanen du onuradunak gauzatutako jardueraren kostua gainditu.
10. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea galarazi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.
11. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua.
Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.
II. ERANSKINA
Deialdi honen xede diren jarduketen deskribapena
1. neurria Ibilgailu elektrikoak erostea.
1. Helburua.
Mugikortasun elektrikoa sustatzea, trakzio elektrikoko sistema (ibilgailu osoan edo zati batean) duten ibilgailuak erosiz.
2. Diru-laguntzaren xede izan daitekeen kostua.
Diru-laguntza ematen ahalko da teknologia hauetako ibilgailuak erosteko:
-Ibilgailu elektrikoak: sare elektriko orokorrean kargatzen diren bateriez soilik hornitutakoak.
- Jatorriz elektriko gisa fabrikatutako ibilgailuak.
- Ohiko teknologia erabilita fabrikatutako eta elektriko bihurtutako ibilgailuak.
-Ibilgailu hibridoak, ahoka daitezkeenak: horiek, funtzionatzeko moduen artean, trakzio elektrikoarekin bakarrik funtzionatzeko ahalmena izanen dute, eta sare elektriko orokorrean hornituz metatuko dute enegia baterietan.
Laguntzak definitutako teknologiak erabilita fabrikatutako eta jarraian aipatzen diren kategorietakoren bati dagozkion ibilgailuak erosteko emanen dira (honako hauetan definitzen dira: 2007/46/EE eta 2002/24/EE zuzentarauak, eta 2028/1986 Errege Dekretua, ekainaren 6koa, zenbait zuzentarau aplikatzeko arauak ematen dituena):
a) M1 turismoak: pertsonak garraiatzeko motordun ibilgailuak, gutxienez ere lau gurpil eta, gidariaren eserlekuaz gain, gehienez ere beste zortzi leku dituztenak.
b) N1 furgonetak: salgaiak garraiatzeko motordun ibilgailuak, gutxienez ere lau gurpil eta baimendutako gehieneko masa 3.500 kg-koa edo txikiagoa dutenak.
c) M2 autobusak edo autokarrak: pertsonak garraiatzeko ibilgailuak, gidariaren eserlekuaz gain, zortzi eserleku baino gehiago eta 5.000 kg-tik beherako BGM dutenak.
d) M3 autobusak edo autokarrak: pertsonak garraiatzeko ibilgailuak, gidariaren eserlekuaz gain, zortzi eserleku baino gehiago eta 5.000 kg-tik gorako BGM dutenak.
e) N2 furgonetak: salgaiak garraiatzeko motordun ibilgailuak, gutxienez ere lau gurpil eta 3.500 kg-tik gorako eta 12.000 kg-tik beherako baimendutako gehieneko masa dutenak.
f) L3e eta L5e motorrak: sidekarrik gabeko bi edo hiru gurpileko ibilgailuak, fabrikazioko gehieneko abiadura 45 km/h-tik gora dutenak.
g) L6e kuadriziklo arinak: lau gurpileko ibilgailuak, hutsik egonik 350 kg-ko masa edo txikiagoa dutenak (ibilgailu elektrikoetarako baterien masa kanpo), eta motorraren gehieneko potentzia garbia 4 kW-koa edo txikiagoa eta 45 km/h gehieneko abiadura dutenak.
h) L7e kuadriziklo astunak: lau gurpileko ibilgailuak, hutsik egonik 400 kg-ko masa edo txikiagoa dutenak, edo 550 kg-koa edo txikiagoa, salgaiak garraiatzeko ibilgailuen kasuan (ibilgailu elektrikoetarako baterien masa kanpo), eta motorraren gehieneko potentzia garbia 15 kW-koa dutenak.
Ibilgailuak erosteko laguntzak behin baizik ez dira emanen; alegia, ez da beste laguntzarik emanen ibilgailu bera eskualdatzeagatik.
3. Laguntzaren zenbatekoa.
Laguntzaren zenbatekoa finkatzeko, ibilgailu elektriko soilak funtzionatzeko moduan duten autonomia hartu da kontuan.
Autonomiaren bidez adierazi nahi dena da zenbatekoa den ibilgailuak baterietan metatutako energia soilik erabilita egin dezakeen distantzia, fabrikatzaileak ibilgailuaren merkataritza dokumentazioan adierazitakoa.
-1. taldea. Diru-laguntzaren zenbatekoa fakturan azaltzen den salmenta prezioaren (ibilgailu osoarena, propultsio bateriak barne, baina zergak kanpo) ehuneko 30 izanen da, sareko elektrizitatearen bidez guztiz edo hein batean propultsatzen diren M1, N1, L6e, L7e, L5e eta L3e kategorietako ibilgailu guztietarako; hala ere, ezin izanen dira gehieneko zenbateko hauek gainditu:
a1) 2.400 euro, 40 km-tik beherako eta 15 km-tik gorako autonomia elektriko soila duten ibilgailu berrietarako.
a2) 1.500 euro, 40 km-tik beherako eta 15 km-tik gorako autonomia elektriko soila duten ibilgailu eraldatuetarako.
b1) 4.800 euro, 40 km-tik gorako eta 90 km-ko edo hortik beherako autonomia elektriko soila duten ibilgailu berrietarako.
b2) 3.000 euro, 40 km-tik gorako eta 90 km-ko edo hortik beherako autonomia elektriko soila duten ibilgailu eraldatuetarako.
c1) 7.200 euro, 90 km-tik gorako autonomia elektriko soila duten ibilgailu berrietarako.
c2) 6.000 euro, 90 km-tik gorako autonomia elektriko soila duten ibilgailu eraldatuetarako.
-2. taldea. M2 mikrobusak eta N2 merkataritzako ibilgailuak erosteko, banakako diru-laguntza emanen da, salmenta prezioaren (ibilgailu osoarena, bateriak barne, baina zergak kanpo) ehuneko 30ekoa, eta gehienez ere 18.000 eurokoa, betiere autonomia elektriko soila, bateriak kargatzeko gaitasuna ematen duena, 60 km-tik gorakoa bada.
-3. taldea. M3 autobusak eta autokarrak erosteko, banakako diru-laguntza emanen da, salmenta prezioaren (ibilgailu osoarena, bateriak barne, baina zergak kanpo) ehuneko 30ekoa, eta gehienez ere 36.000 eurokoa, betiere autonomia elektriko soila, bateriak kargatzeko gaitasuna ematen duena, 60 km-tik gorakoa bada.
Maiatzaren 9ko 648/2011 Errege Dekretuaren bidez onetsitako ibilgailu elektrikoak erosteko deialdiko diru-laguntza bateragarria izanen da deialdi honetakoarekin; dena dela, bien arteko baturak ezin izanen du eranskin honetan adierazitako laguntzaren gehieneko zenbatekoa gainditu.
4. Aurkeztu beharreko agiriak.
1.-Diru-laguntza eskatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
-Laguntzak eskatzeko inprimakia, behar bezala betea eta sinatua.
-Jarduketaren aurrekontua edo faktura.
2.-Diru-laguntza ordaintzeko, 6. oinarriari jarraikiz, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
-Inbertsioei eta horiek ordaindu izanaren ordainagiriei dagozkien fakturen fotokopia.
-Zirkulazio baimena.
-Diru-laguntzaren xede izan daitekeen gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak hornitzailea hautatzeko ziurtagiria, erantsitako ereduaren araberakoa, aurkeztu beharko du.
2. neurria Energia elektrikoz kargatzeko azpiegiturak instalatzea.
1. Helburua.
Ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegituren instalazioa sustatzea, bai lotuena (enpresen ibilgailu multzoak zein partikularrenak) bai erabilera publikoena (sustapen pribatua edo publikoa).
"Kargatokiak" dira ibilgailu elektrikoak aparkatzeko leku espezifikoak, beren bateriak kargatzeko erabiliak eta ibilgailuak sareari lotzeko beharrezko sistemez hornituak.
2. Diru-laguntzaren xede izan daitekeen kostua.
Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen gastuak:
a) Azpiegitura lotuen garapena (erabilera pribatua/mugatua):
a. Enpresen ibilgailu multzoetarako garajeetarako. Ibilgailu elektrikoak kargatzeko sistemak turismo, merkataritzako ibilgailu, industria eta garraioari lotutako material mugikorraren multzoetan kargatzekoak.
b. Familia bakarreko etxebizitzetan eta/edo komunitarioetan aparkatzeko lekuetarako. Ibilgailu elektrikoak familia bakarreko etxebizitzetako eta/edo komunitarioetako aparkalekuetan kargatzeko sistemak.
b) Kargatzeko erabilera publikoko azpiegituren garapena:
a. Kargatoki independenteetarako. Ibilgailu elektrikoak gune eta zentroetan edo zerbitzu publikoko edozein motatako instalazioetan kargatzeko tokiak jartzea, betiere sare bati lotuta ez daudenak.
b. Kargatoki sareetarako. Instalazioa, toki entitateek edo karga kudeatzaile aitortuek egina (647/2011 Errege Dekretua, maiatzaren 9koa, Energiaz kargatzeko zerbitzuak egiteko sistemen karga kudeatzailearen jarduera arautzen duena). Laguntzaren xede izanen dira erabilera publikoko ibilgailu elektrikoek kargatokien sare bat izateko beharrezko ekipamenduak eta obra; horien kudeaketa eta kontrola zentralizatuta egonen dira, horretarako prestatutako sistema edo aplikazio baten bidez.
Kargatokiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Kargatoki hautagarriek elektrizitate kontsumoko kontagailu adimendunak eduki beharko dituzte; horiek sare elektrikoarekiko informazio fluxu bidirekzionala izan beharko dute eta, hortaz, karga elektrikoa telekudeaketa bidez arautzea ahalbidetuko dute. Horren guztiaren xedea da probestu ahal izatea bai energia eskaerarik txikieneko uneak, bai sareen gaitasunak, bai ibilgailu elektrikoei lotutako tarifak, ordutegi bereizketa dutenak.
b) Erabiltzaileen segurtasuna bermatzea, indarreko araudian aurreikusitako beharrezko segurtasun sistemak sartuz.
c) Bateragarria edo egokitzeko modukoa izatea, ibilgailu elektriko ugarik erabil dezaten. Bereziki, konektorea Schuko izan beharko da, eta aldatzeko aukera emanen du, bestelako estandar batzuetara egokitzeko.
d) Sarbide publikoa duten kargatokiko azpiegiturek, gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:
i) Erabiltzailea identifikatzeko sistema izatea, ahal dela herritar txartelaren bidezkoa, ibilgailua kargatzeagatik/aparkatzeagatik (zerbitzu horregatik kobratzen bada) bitarteko elektronikoen bidez ordaindu ahal izateko.
ii) Faseko 32 ampereko karga trifasikoa izanen duen irteera eskaintzea, edo hori egiteko prestatua egotea (ekipamenduan gutxieneko aldaketa eginez).
iii) Ekintza bandalikoen aurrean babesteko sistemak izatea.
Kostu hautagarriak barnean hartzen ditu kasuko energia emateko tokitik kargatokiraino doan obra instalazioa eta kableatua, bai eta azken horren burutze eta instalazioa ere.
Ez da kostu hautagarritzat jotzen kontagailu adimendunak edukitzea; horiek konpainia elektrikoek eman beharko dizkiete kontsumitzaileei, ekipamendu horiek alokairu araubidepekoak izaten baitira, oro har.
3. Laguntzaren zenbatekoa.
Azpiko taulan adierazten dira diru-laguntzaren xede izan daitezkeen kostuen diru-laguntza portzentajeak eta gehieneko zenbatekoak:
DIRUZ LAGUNDUTAKO LINEAK | INSTALAZIOAREN EZAUGARRIAK | % DIRU-LAGUNTZA | GEHIENEKO DIRU-LAGUNTZA (EUROTAN) | |
Erabilera pribatuko azpiegiturak | Enpresak | 40 kW baino potentzia txikiagoko kargatokien instalazioa | %30 | 1.200 euro, instalatutako toki bakoitzeko |
Azkar kargatzeko tokien instalazioa (40 kW-ko potentzia edo handiagoa) | %70 | 90.000 euro | ||
Kargatoki sistemak kontrolatu eta kudeatzeko sistema zentralizatua | %30 | 15.000 euro | ||
Etxebizitzak | %40 | 200 euro, instalatutako toki bakoitzeko | ||
Erabilera publikoko azpiegiturak | 40 kW baino potentzia txikiagoko kargatoki estalien instalazioa | %40 | 1.600 euro, instalatutako toki bakoitzeko | |
40 kW baino potentzia txikiagoko bide publikoko kargatokien instalazioa | %40 | 2.600 euro, instalatutako toki bakoitzeko | ||
Azkar kargatzeko tokien instalazioa (40 kW-ko potentzia edo handiagoa) | %70 | 90.000 euro, instalatutako toki bakoitzeko | ||
Bateriak ordezteko gunea | %40 | 24.000 euro | ||
Kargatoki sistemak kontrolatu eta kudeatzeko sistema zentralizatua | %70 | 20.000 euro | ||
4. Aurkeztu beharreko agiriak.
1.-Diru-laguntza eskatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
-Laguntzak eskatzeko inprimakia, behar bezala betea eta sinatua.
-Jarduketaren memoria, azpiegituren kokagune zehatza barne.
-Jarduketaren aurrekontu edo faktura xehakatua.
2.-Diru-laguntza ordaintzeko, 6. oinarriari jarraikiz, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
-Inbertsioei eta horiek ordaindu izanaren ordainagiriei dagozkien faktura xehakatuen fotokopia.
-Behar bezala betetako fitxa, IDAEk azpiegitura horiek lokalizatzeko garatutako tresnan sartzeko, edo fitxa IDAEri igorri zaiola frogatzen duen agiria. Fitxa Nafarroako Gobernuaren Interneteko ataritik behera kargatzen ahal da (www.navarra.es), edo IDAEren web orritik (www.idae.es/PtoRec/).
-Diru-laguntzaren xede izan daitekeen gastua 30.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak hornitzailea hautatzeko ziurtagiria, erantsitako ereduaren araberakoa, aurkeztu beharko du.
3. neurria Ekintza osagarriak.
1. Helburua.
Ibilgailu elektrikoak eta karga azpiegiturak laguntzea, bestelako inbertsio ekintzen, mantentze-lanen eta azterlan osagarrien bidez.
2. Diru-laguntzaren xede izan daitekeen kostua.
Neurri honetan, honako hauek sartzen dira:
-Aurreko neurriek barnean hartzen ez dituzten bestelako inbertsioak, ibilgailu elektrikoaren bizi zikloa zuzenean kudeatzea baizik ez dutenak xede.
-Karga azpiegituren sareen eragiketa eta mantentze gastuak.
-Azpiegitura eta ibilgailu elektrikoei zuzenean lotutako azterlanak eta lanak.
3. Laguntzaren zenbatekoa.
Diru-laguntzaren xede izan daitekeen kostuaren %20ko diru-laguntza emanen da, inbertsioetarako eta eragiketa zein mantentze gastuetarako; azterlanetarako eta lanetarako %50eko diru-laguntza emanen da.
Zentro teknologikoek egindako jarduketetarako edo emakida araubide bati atxikita ez dauden titulartasun publikoko eremuetan instalatutako azpiegiturei lotutako jarduketetarako %100eko diru-laguntza emanen da.
4. Aurkeztu beharreko agiriak.
1.-Diru-laguntza eskatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
-Laguntzak eskatzeko inprimakia, behar bezala betea eta sinatua.
-Jarduketaren memoria, haren aurrekontu xehakatua barne.
2.-Diru-laguntza ordaintzeko, 6. oinarriari jarraikiz, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
-Kasuko faktura xehakatuen eta horiek ordaindu izanaren ordainagirien fotokopia.
-Azterlanen eta lanen kasuan, horiez gainera, gauzatutako ekintzaren kopia, euskarri informatikoan eta paperean.
-Diru-laguntzaren xede izan daitekeen gastua 30.000 eurotik gorakoa bada, inbertsio eta mantentze-lanen kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa bada, azterlanen kasuan, onuradunak hornitzailea hautatzeko ziurtagiria, erantsitako ereduaren araberakoa, aurkeztu beharko du.
4. neurria Proiektu bereziak.
1. Helburua.
Interes berezikotzat jotako eremuetako mugikortasun elektrikoaren gaineko ezagutza eta balioa sortzea Nafarroan.
2. Diru-laguntzaren xede izan daitekeen kostua.
Neurri honek barnean hartuko ditu Nafarroako ikerketa zentroen eta enpresen parte-hartzearen bidez gauzatutako inbertsio eta esperimentazio proiektuak, honako eremu teknologiko hauetan sartutakoak:
-Energia elektrikoa metatzeko sistemak, ibilgailuetan eta horientzako kargaguneetan.
-Mugikortasun elektrikoko sistemak, garraio publikoan.
Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen kostutzat joko dira inbertsioak eta esperimentazio gastuak; azken horietan sartzen dira barne zein kanpo gastuak.
3. Laguntzaren zenbatekoa.
Azpiko taulan adierazten da zein izanen den diru-laguntzaren xede izan daitekeen kostuaren diru-laguntza portzentajea:
ENTITATE MOTA | INBERTSIOAK | ESPERIMENTAZIO GASTUAK |
Enpresa txikiak | %40 | |
Enpresa ertainak | %30 | |
Enpresa handiak | %20 | |
Ikerketa zentroak | %100 | %100 |
Zentro teknologikoetan lortutako ezagutza interesa duten Nafarroako enpresa guztien eskura jarri beharko da.
4. Aurkeztu beharreko agiriak.
1.-Diru-laguntza eskatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
-Laguntzak eskatzeko inprimakia, behar bezala betea eta sinatua.
-Proiektuaren memoria, haren aurrekontu xehakatua barne.
2.-Diru-laguntza ordaintzeko, 6. oinarriari jarraikiz, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
-Burututako proiektuaren memoria.
-Faktura xehakatuen eta ordainagirien fotokopia.
-Barneko laneskuko kostuen justifikazioa sistematikoa izanen da, eta Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalaren bidez baliozkotua.
-Diru-laguntzaren xede izan daitekeen gastua 30.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak hornitzailea hautatzeko ziurtagiria, erantsitako ereduaren araberakoa, aurkeztu beharko du.
Iragarkiaren kodea: F1110855
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
