124. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

36/2011 FORU AGINDUA, ekainaren 2koa, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak emana, 2011. urteko laguntzen deialdia onesten duena, Europar Batasunetik kanpo bizi diren emigratzaile nafarren eta haien familiakoen behin betiko itzulera edo aldi baterako etorrera, Nafarroako Foru Komunitatera, errazteko.

Nafarroako Foru Komunitateak lankidetza harremanak ditu emigratzaile nafarrek osatutako elkarteekin, hala nola atzerrian dauden nafar etxeekin, eta haien jarduerak sustatzen ditu laguntza ekonomikoen bidez. Hala, egun batean gure lurraldetik alde egin behar izan zutenekiko harreman eta loturei eusten die.

Bestetik, Atzerrian diren Espainiako Herritarren Estatutuari buruzko abenduaren 14ko 40/2006 Legeak, 26.2 artikuluan dioenez, Estatuak autonomia erkidegoekin, toki korporazioekin eta itzulitako emigratzaileen elkarteekin lankidetzan bultzatuko du politika integral bat, atzerrian bizi diren jatorrizko espainiarren itzulera errazteko.

Ingurune horretan, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuak emigratzaile nafarren eta haien ahaideen behin betiko itzulera edo aldi baterako etorrera erraztearen interes soziala baloratzen du, haiek Europar Batasunetik kanpo bizi eta beren sorterrira itzuli edo Foru Komunitatea bisitatu nahirik arrazoi ekonomikoengatik zailtasunak dituztenean; hortaz, egokitzat jotzen du helburu horretara zuzendutako laguntza deialdia onestea.

Espedientean jasotako txosten tekniko eta juridikoak eta kontu-hartzailetza delegatuarena ikusita, agerian dago, batetik, laguntza hauek egokiak eta onura publikokoak direla, eta bestetik, deialdia eta haren oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Ikusita Nafarroako Gobernuak 2011ko martxoaren 28an egindako bilkuran hartutako Erabakiak baimena ematen duela laguntza deialdi hau banakako ebaluazioaren araubidean tramitatzeko.

Horrenbestez, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 120/2007 Foru Dekretuan aitorturiko ahalmenak erabiliz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat,

AGINDU DUT:

1. Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan bizi diren emigratzaile nafarrei eta haien ahaideei Nafarroako Foru Komunitatera behin betiko itzultzeko edo aldi baterako etortzeko laguntzak emateko 2011ko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarriak onestea. Oinarri horiek foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Baimena ematea 10.000 euroko gastua egin dadin deialdi honetatik, behin betiko itzulerarako laguntzen modalitatean, sortutako konpromisoetarako, 2011ko gastuen aurrekontuko "Laguntzak atzerrian dauden nafarrentzat eta itzuli direnentzat" izeneko B20003 B2220 4809 144100 kontu-sailaren kargura.

4. Baimena ematea 10.000 euroko gastua egin dadin deialdi honetatik, aldi baterako etortzeko laguntzen modalitatean, sortutako konpromisoetarako, 2011ko gastuen aurrekontuko "Laguntzak atzerrian dauden nafarrentzat eta itzuli direnentzat" izeneko B20003 B2220 4809 144100 kontu-sailaren kargura.

5. Foru agindu hau igortzea Nafar Biltokien, Erkidegoen Etxeen eta Elkarteen Atalari, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Foru agindu honen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedaturikoarekin bat.

Iruñean, 2011ko ekainaren 2an.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Alberto Catalán Higueras.

ERANSKINA

2011. urteko deialdiaren oinarri arautzaileak, Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan bizi diren emigratzaile nafarrei eta haien ahaideei Nafarroako Foru Komunitatera behin betiko itzultzeko edo aldi baterako etortzeko laguntzak emateko

1. Xedea eta helburua.

Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuak ematen dituen laguntzen araubidea ezartzea du xede deialdi honek, Europar Batasunetik kanpo bizi eta beren sorterrira itzuli edo Foru Komunitatea bisitatu nahi duten emigratzaile nafarrei edo haien ahaideei behin betiko itzultzeko edo Nafarroara aldi baterako etortzeko laguntza izan dezaten.

2. Finantzabidea.

Foru agindu honen xedeko laguntzak Nafarroako 2011ko Aurrekontu Orokorretatik finantzatuko dira, "Laguntzak atzerrian dauden nafarrentzat eta itzuli direnentzat" izeneko kontu-sailaren kargura. 10.000 euro jarri dira behin betiko itzultzeko eta 10.000 euro Foru Komunitatera aldi baterako etortzeko.

Aurkezten diren eskaeren kopurua dela eta,"itzulerarako laguntzak" modalitatean aurrekontuko kreditua agortzen bada, foru agindu baten bidez "aldi baterako etortzeko laguntzak" modalitateko kreditu osoa edo zati bat hartuta handitu daiteke, gastua konprometitua ez badago. Edozein kasutan, aldi baterako etortzeko laguntzetarako ordura arte aurkeztutako eskaerei erantzunen zaiela ziurtatu beharko da, modalitate horretan eskatutako laguntzen zenbatekoa adinako kreditu erreserba eginez.

Gauza bera egin daiteke "aldi baterako etortzeko laguntzak" modalitateko aurrekontuko kreditu osoa agortzen bada aurkeztutako eskaera kopuruaren ondorioz. Kasu honetan ere, kreditua handitu daiteke "itzulerarako laguntzak" modalitateko kreditu osoa edo zati bat hartuta, gastua konprometitua ez badago eta, betiere, ziurtatzen bada behin betiko itzulerarako laguntzetarako ordura arte aurkeztutako eskaerei erantzunen zaiela.

Bi kasuetan, aldi baterako etortzeko laguntzak finantzatzeko kreditua behin betiko itzulerarako laguntzak finantzatzeko kredituaren kargura handitzeko, edo alderantziz, deialdia aldatu egin beharko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den foru agindu baten bidez.

3. Laguntza motak.

Deialdi honen babesean, laguntza hauek eskatzen ahalko dira:

a) Nafarroara behin betiko itzultzeko laguntzak.

b) Nafarroara aldi baterako etortzeko laguntzak.

4. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak eta laguntzen zenbatekoak.

Behin betiko itzultzeko laguntzen kasuan, diru-laguntzaren xedeko gastutzat hartuko dira eskatzailearen bidaiaren kostua eta haren altzariak eta gauzak Nafarroara ekartzekoa.

Salbuespen gisa, itzulerako bidaia egiteko beren kasa ezin baliatu ahal diren pertsonen kasuan, laguntzaile baten joan-etorrirako diru-laguntza ere egon liteke.

Behin betiko itzultzeko laguntzen modalitate honetan, justifikatzen den gastuaren %100ekoa izanen da laguntza, emandako diru-laguntza berdindu arte. Nolanahi ere, onuradun bakoitzari 10.000 euroko laguntza emanen zaio gehienez.

Nafarroara aldi baterako etortzeko laguntzen kasuan, diru-laguntzaren xedeko gastutzat hartuko da, bakar-bakarrik, Nafarroara etorri eta emigrazioko herrialdera itzultzeko bidaiaren kostua. Nafarroan dagoen bitartean ostatu eta mantenu gastuak onuradunaren kontura izanen dira.

Modalitate honetan, justifikatzen den gastuaren %100ekoa izanen da laguntza, emandako diru-laguntza berdindu arte.

Bi modalitateetan, turista motako hegazkin txartelak baizik ez dira sartuko diru-laguntzen barrenean.

Betiere, bidaiaren datak zehazteko, kontuan hartu beharko da gastuen justifikazioa aurkezteko azken eguna, deialdiaren 14. oinarriaren arabera, 2011ko abenduaren 15a izanen dela.

5. Eskatzaileen betebeharrak.

5.1. Behin betiko itzultzeko laguntzak.

Behin betiko itzultzeko laguntzak, betebehar hauek betetzen dituzten emigratzaile nafarrek eskatzen ahalko dituzte:

a) Nafarroan jaioa izatea edo Espainian duen azken administrazio egoitza Nafarroan izatea.

b) Europar Batasunetik kanpoko herrialde batean bizi izana 10 urtez bederen.

c) Behar ekonomikoa izatea, 6. oinarrian adierazitako errentak gainditzen ez dituela.

Eskatzaileak bere familia unitateko gainerako kideekin itzuli nahi badu Nafarroara, bere kargura dauden ahaide guztientzat ere emanen da laguntza, hots, ezkontidearentzat edo ezkontzaren parekoa den harreman egonkorra duen pertsonarentzat eta, orobat, odol, ezkontza edo adopzio bidez eskatzailearekin lehen mailako ahaidetasuna dutenentzat, betiere harekin bizi eta ekonomikoki haren mende baldin badaude. Kasu horietan, familia unitateko kideen per capita errenta ezin da 6. oinarrian finkatutakotik gorakoa izan.

Laguntza eskatzeko eskubidea duen pertsona Nafarroara itzuli eta laguntzak eskatu aurretik hiltzen bada, aurreko atalean adierazitako pertsonek laguntza eskatzen ahalko dute, hura hil eta hurrengo sei hilabeteetan.

5.2. Aldi baterako etortzeko laguntzak.

Nafarroara aldi baterako etortzeko laguntzak, betebehar hauek betetzen dituzten emigratzaile nafarrek eskatzen ahalko dituzte:

a) Nafarroan jaioa izatea edo Espainian duen azken administrazio egoitza Nafarroan izatea.

b) Europar Batasunetik kanpoko herrialde batean bizi izana 15 urtez bederen.

c) Azkeneko 7 urteetan Nafarroan egon gabea izatea.

d) Behar ekonomikoa izatea, 6. oinarrian adierazitako errentak gainditzen ez dituela.

Eskatzaileak Nafarroara aldi baterako etorri nahi badu bere ezkontidearekin edo ezkontzaren parekoa den harreman egonkorra duen pertsonarekin, harentzat ere izanen da laguntza; betiere, c) eta d) letretan ezarritako betebeharrak betetzen baditu.

Era berean, emigratzaile nafarren lehenengo eta bigarren mailako odol bidezko ondorengoek eskatzen ahalko dute laguntza (seme-alabak eta bilobak); betiere, b), c) eta d) letretan ezarritako betebeharrak betetzen badituzte.

Nolanahi ere, deialdi honen babesean Nafarroara aldi baterako etortzeko laguntza jasotzen dutenek ezin izanen dute beste bat eskatu hurrengo hamar urteetan.

6. Behar ekonomikoaren egoera.

Laguntza hauek jasotzen ahalko dituzte, bakar-bakarrik, laguntza mota bakoitzerako 5. oinarrian ezarritako betebeharrak bete eta behar ekonomikoa duten pertsonek.

Eskatzailearen egoera ekonomikoa baloratzeko, kontuan hartuko da eskaera egin aurreko urteko errentaren zenbatekoa. Horretarako, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zerga-oinarria kalkulatzeko erabiltzen diren antzeko irizpideak erabiliko dira.

Deialdi honen ondorioetarako, behar ekonomikoaren egoeran dagoela ulertuko da eskatzailearen urteko errenta, edo kasua bada, familia unitateko kideen per capita errenta (laneko errentak, pentsioak, kapital-etekinak edo enpresa jardueretako kapitalak hartuta), aurreko atalean ezarri bezala kalkulatuak, kasuan kasuko urteko Ondorio Askotarako Errenta-Adierazle Publikoaren (IPREM) zenbatekoa halako bi edo apalagoa baldin bada. 2011. urtean adierazle hori 6.390,13 eurokoa da urtean.

7. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Deialdi honetan ezarritako laguntzak jaso nahi dituzten pertsonek dagokion eskaera biltzen duen eskabidea aurkeztuko dute Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako batean. Bada eskabide horren eredua web orri honetan: http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/E1B835F8-DD05-4796-824D-9C8DFF69E5FC/0/instanciageneralcastellano.pdf.

Eskabide hori behar bezala bete beharko da, eta zer laguntza modalitate eskatzen den adierazi. Hurrengo puntuan zehazten den dokumentazioa erantsiko zaio. Gero, helbide honetara igorri beharko da:

"Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentua.

Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusia.

Karlos III.a etorb., 2-beheko solairua.

31001 Iruña (Nafarroa).

Espainia".

Eskaerak aurkezteko epea 2011ko urriaren 15era arte egonen da irekita. Hortaz, egun horretatik aurrera aurkezten diren eskaerak ez dira onartuko.

8. Aurkeztu beharreko agiriak.

8.1. Kasu guztietan aurkeztu beharreko agiriak.

Laguntza eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira kasu guztietan:

a) Eskatzailearen NANa edo pasaportea, eta hala badagokio, harekin Nafarroara itzuli edo aldi baterako etorri diren familia unitateko kide guztiena.

b) Europar Batasunetik kanpoko herrialde batean 10 urtez gutxienez bizi izana frogatzen duen agiria, itzulerako babesa nahi dutenentzat, eta 15 urtez, aldi baterako etorri nahi dutenentzat.

c) Errentetatik datozen diru-sarrera guztien egiaztagiriak (jarduneko lanekoak, pentsioetakoak, kapitalekoak edo enpresa jardueretakoak, 2010. urtekoak), bai eskatzailearenak, baita harekin Nafarroara itzuli edo aldi baterako etorri diren familia unitateko kide guztienak ere.

d) Nafarroara itzultzeko edo aldi baterako etortzeko gastuen aurrekontua.

e) Etorrera noiz egin gogo den.

f) Eskatzailearen erantzukizuneko aitorpena, ez bera, ezta harekin etorriko diren familia unitateko kideak ere, diru-laguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela adierazten duena. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ageri dira.

g) Diru-laguntza banku-transferentzia bidez edo atzerriko kontuetan ordainduz kobratzeko eskaera, Nafar Biltokien, Erkidegoen Etxeen eta Elkarteen Atalak, laguntzen organo kudeatzaile gisa, emanen dituen ereduen araberakoa.

h) Eskatzailearen posta helbidea, telefono zenbakia eta helbide elektronikoa, eskaera aurkeztu ondoren dagokion administrazio unitateak etengabeko harremana izan dezan eskatzailearekin.

8.2. Deialdi hau argitaratu ondoren, 2011. urtean aldi baterako etorriz gero aurkeztu beharreko dokumentazio osagarria.

Nafarroara aldi baterako etortzeko laguntzen kasuan, bidaia deialdi hau argitaratu ondoren egin behar baldin bada, eskatzaileak, aurrekoez gainera, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Zinpeko aitorpena, Espainian egin zuen azkeneko bisita edo egonaldia noiz izan zen adierazten duena.

b) Hala badagokio, eskatzaileak laguntza jasotzeko eskubidea ematen dion pertsonarekin duen ahaidetasuna egiaztatzeko agiri ofiziala (familia liburua, jaiotze-agiria etab.).

8.3. Deialdi hau argitaratu baino lehen, 2011. urtean aldi baterako etorriz gero aurkeztu beharreko dokumentazio osagarria.

Nafarroara aldi baterako etortzeko laguntzen kasuan, bidaia deialdi hau argitaratu baino lehen egin bada, eskatzaileak, aurrekoez gainera, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Zinpeko aitorpena, Espainian egin zuen azkeneko bisita edo egonaldia noiz izan zen adierazten duena.

b) Hala badagokio, eskatzaileak laguntza jasotzeko eskubidea ematen dion pertsonarekin duen ahaidetasuna egiaztatzeko agiri ofiziala (familia liburua, jaiotze-agiria etab.).

c) Aldi baterako etorrerak sortutako gastuen jatorrizko fakturak edo froga gisa erabil daitezkeen beste agiri batzuk, hala nola haiek benetan ordaindu direla egiaztatzeko agiriak. Txartel elektronikoen fakturak norberarenak izanen dira; norentzat diren, haien izenak adierazita dituztela.

d) Hartutako laguntza guztien erantzukizuneko aitorpena, 14. oinarriko a) letran xedatutakoaren arabera.

8.4. Itzulera laguntzeko salbuespeneko kasuak.

Eskatzailea behar ekonomiko eta sozial larrian izanik, itzulerako laguntza eskatzen badu, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuak salbuespen gisa tramitatzen ahal du laguntza. Horrela, kasua aztertuta, behar diren kudeaketak egiten ahal ditu bidaia txartelak atera eta onuradunaren esku jartzeko; horrek, besterik adierazi ezean, tramite horiek egiteko baimena ematen duela ulertuko da.

Salbuespen honen babesa hartzeko, eskatzaileak deialdi honetan itzulerako laguntzak hartzeko eskatzen diren baldintzak beharko ditu bete; gainera, 8.1 oinarrian eskatutako dokumentazioaz gain, interesduna bizi den herrialdean Espainiako Erresumak duen Kontsuletxe Orokorreko zerbitzuen ziurtagiria, bere egoera ekonomiko eta sozial larriaren frogagarri.

9. Eskaeraren akatsak zuzentzea.

Eskatzen diren baldintzak betetzen ez baditu eskaerak, edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezten ez badira, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio akatsak zuzen ditzala gehienez ere hamar egun balioduneko epean, eta ohartaraziko dio, horrela egin ezean, eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko da, eta jakinarazi eginen da.

10. Prozeduraren instrukzioa.

Eskaeraren tramitazioa Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak eginen du, eta Nafar Biltokien, Erkidegoen Etxeen eta Elkarteen Atala izendatuko da organo instruktore.

11. Eskaerak baloratzeko eta laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak banakako ebaluazioaren bidez tramitatuko dira. Hortaz, eskatzaileek betebehar guztiak betez gero, deialdian aurreikusitako laguntza, 4. oinarrian ezartzen dena adinakoa, jasoko dute.

Horregatik, espedienteak aurkeztu ahala ebatziko dira, aurrekontuetan kreditua dagoen bitartean.

Erakundeekiko Harremanetarako zuzendari nagusiak, Protokolo Zerbitzuko zuzendariak eta Protokolo Zerbitzuko Nafar Etxeen, Erkidegoen Etxeen eta Elkarteen Ataleko buruak osatutako batzordeak aztertu eta baloratuko ditu eskaerak, eta gero, laguntzak emateko proposamena eginen du.

12. Ebazpena.

Aurkezten diren eskaerak baloratu eta gero, batzordeak Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunari proposamena eginen dio, foru agindu bidez behin betiko ebazpena eman dezan, gehienez ere hilabeteko epean.

Epe hori bukatuta, interesdunek ulertuko dute eskaera ezetsi dela. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Diru-laguntzak aurrekontuan dagoen diruaren arabera emanen dira, eta ukatu eginen dira araudia betetzen ez dutenak.

Nolanahi ere, eskaeren ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren web orrian deialdi honen babesean emandako diru-laguntzen zerrenda eta haien onuradunen zerrenda argitaratuko dira.

13. Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honen babesean ematen diren laguntzak bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek helburu berberetarako ematen dituzten laguntza guztiekin.

Alde horretatik, Espainiako Gobernuko Lan eta Immigrazio Ministerioak badu eskuliburu bat, "Guía del Retorno" izenekoa, beste laguntzen gaineko informazioarekin, helbide elektroniko honetan eskura daitekeena: www.mtas.es.

Hala ere, emandako laguntzak, bakarrik edo beste diru-laguntza batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko onuradunak egin beharreko jardueraren kostua. Halakoetan, deialdiko laguntza murriztu eginen da.

14. Gastuen justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

Diru-laguntza kobratzeko, onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dizkiote instrukzio organoari, 2011ko abenduaren 15a baino lehen:

a) Nafarroara itzultzeko edo bertara aldi baterako etortzeko jasotako beste laguntzen aitorpena, ondokoak justifikatuz: haien diru-zenbatekoa, jatorria eta funts horiek nola aplikatu diren diruz lagundutako jardueran.

b) Itzulerak edo aldi baterako etorrerak sortutako gastuen jatorrizko fakturak edo froga gisa erabil daitezkeen beste agiri batzuk, hala nola haiek benetan ordaindu direla egiaztatzeko agiriak. Txartel elektronikoen fakturak banakoak izanen dira; norentzat diren, haien izenak adierazita dituztela.

c) Behin betiko itzuleren kasuetan, erroldatu izanaren ziurtagiria ere aurkeztu beharko da, Nafarroako Foru Komunitateko udalerri batean bizi dela frogatzeko.

Laguntzak frogagiriak onartu ondoren ordainduko dira, haiek aurkeztu eta 30 eguneko epean.

Aurrekoa gorabehera, behin betiko itzulera edo aldi baterako etorrera deialdi hau argitaratu aurretik egin baldin bada, laguntza eskaerarekin batera gastuen frogagiriak aurkeztu beharko dira, hots, egindako gastuen jatorrizko fakturak edo froga gisa balio bera duten beste agiri batzuk, hala nola ordainketa horiek benetan egin direla egiaztatzeko agiriak, deialdiaren 8.3 eta 8.4 oinarrietan ezarrita dagoen bezala.

15. Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetako laguntzen onuradunek beste administrazio publikoren batetik xede bererako beste edozein diru-laguntza edo laguntza jasotzen badute, horren berri eman beharko diote Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiari.

Onuradunek laguntzaren zenbatekoa osorik edo zati batean itzuli beharko dute, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. eta 37. artikuluetan aipatzen diren kasuetan eta horietan ezartzen diren baldintzetan.

Era berean, onuradunak laguntza hauek erabiltzeari uko eginez gero, behartuak daude hori jakinaraztera, behar den aurrerapenaz, idatziz azalduz bertan behera uzteko arrazoiak, horrela laguntzak berriz erabiltzeko aukera egon dadin.

16. Aplikatzekoa den araudia.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Diru-laguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

17. Errekurtsoak.

Deialdiaren oinarrien kontra eta hura aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

18. Informazioa eta harremana.

Deialdi honen gaineko informazio gehiago nahi izanez gero, hona jo: Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Nafar Biltokien, Erkidegoen Etxeen eta Elkarteen Atala. Helbidea: Karlos III.aren etorbidea, 2, behea, 31002, Iruña (Nafarroa). Telefono zk.: 848 427113 edo 848 425137 Email: smartinu@navarra.es; jausinin@navarra.es.

Iragarkiaren kodea: F1110072