124. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

201/2011 EBAZPENA, ekainaren 1ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Eslaban (Nafarroa) neurketa eolikorako dorrearen proiekturako, Eslabako Udalak sustaturik.

2011ko otsailaren 28an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko O atalean sartua dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Proiektu horren arabera, haizearen abiadura eta tenperatura neurtu eta datuak biltzeko sistema bat duen dorre meteorologiko bat, 70 metro altu, instalatuko da aldi baterako, eremu horretan aprobetxamendu eolikorako oinarriak ezartzeko.

Dorrearen kokalekuak UTM 627826, 4715681 koordenatua du, 855 metro inguruko kotan. Eslabako udalerriko 2. poligonoko 289. lurzatia ukitzen da. Instalazioa sareta metalikozko 70,2 metroko altuerako euskarri dorrean eginen da, eta neurketa-ekipamenduen artean, besteak beste, anemometroak, haize-orratzak, sentsore termikoak, barometroak eta kontrol eta erregistro sistema ditu. Halaber, dagozkion balizak izanen ditu, eta lur-hargunea izanen duen tximistorratza ere bai.

Dorreari eusteko, oinarriaren azaleko zimendua egin eta lerrokatutako haize-sistema jarriko da. Horren euskarria lurrean jarritako sei ainguraketa-puntu izanen dira, zimenduz hartuak; erdialdea, zuriz eta gorriz pintatutako saretazko dorrea baino ez da agerian izanen, Abiazio Zibilaren Nazioarteko Erakundearen arauei jarraituz.

Ingurumen gorabeheren gaineko kapitulu bat badu proiektuak. Basobera mediterraneoko landaredia duen oihan lurzoruan, larrean, egin gogo da instalazioa. Proiektua eta jarduketa eremua aztertuta, ez da uste ingurumen ondorio nabarmenik sortuko denik, baldin eta mendiko pista erabiltzen bada bertara iristeko, eta lurzatiko berezko landaredia behar bezala babesten bada.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Eskaera Eslabako Udalari igorri zaio, 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Apirilaren 7an, erantzuna jaso zen, oihan lurzoru urbanizaezinean egiten den jarduketa hirigintza aldetik bateragarria dela adierazteko.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Eslaban (Nafarroa) neurketa eolikorako dorrearen proiektuari, Eslabako Udalak sustaturik.

2. Baimena neurri zuzentzaile hauek betetzearen baldintzapean eman da:

-Azalera zorrotz zedarrituko da berezko landaredia duten tokietan, haren gaineko zuzeneko ukipenak ahalik eta txikienak izan daitezen; materiala eta makineria gainazal horietatik kanpo metatuko dira, inguruko landarediaren gainean inolako ukipenik ez gertatzeko kontrolatuz.

-Lanen hasieran landare lurra kenduko da (lurzoruaren azaleko geruza emankorra) eta hondeaketatik datozen gainerako materialetatik bereizirik pilatuko da. Lur hori zimenduen inguruetan zabalduko da, berreskuratzeko moduan, gerora, dorrea kentzen denean, lurzoruaren erabilera berreskuratze aldera.

-Hegaztiek tenkagailuak jo ez ditzaten, hegaztiak babesteko balizak ezarriko dira dorreko tenkagailu guztietan, 5 metroko tartean baliza bat jarriz.

-Behin-behineko baimena ematen da, gehienez ere 5 urteko epean neurketa dorrea kentzeko baldintzarekin, parke eolikoaren osagarria den jarduera bat baita. Neurketa dorrea parkearen aurretik doa betiere. Neurketaren xedeak beteta, hots, neurketa meteorologikoetarako dorrea instalatzea arrazoitu zutenak, dorrea inolako ukipenik eragin gabe kenduko da, eta okupatutako eremuari aurretik zuen erabilera emanen zaio.

-Hondakinak modu egokian kudeatuko dira, neurketa dorrea muntatzean halakorik sortuz gero.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Eslabako Udalari eta Basozaintzari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko ekainaren 1ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1110012