124. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

199/2011 EBAZPENA, ekainaren 1ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, Sesmako udal mugapean (Nafarroa) gas naturala banatzeko instalazioak eraikitzeko proiekturako. Sustatzailea Gas Navarra, S. A. da.

2011ko martxoaren 9an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko I letran sartuta dago; beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua eginen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela; horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu. Horren gainean, departamentu honek aldeko txostena eman zuen maiatzaren 24an.

Eskaera Sesmako Udalari igorri zitzaion, 93/2006 Foru Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Apirilaren 16an, erantzuna jaso zen, non adierazi baitzen jarduketa bateragarria dela hirigintza aldetik.

Jarduketaren bidez, 0,1 - 2 bar-eko presioko banaketa sarea ezarriko da, 3.966 m luze, herrigunean kokatu gogo den MPB/MPA-4000 armairutik abiatuta, herria gas naturalez hornitzeko. Industrialderako, 2 - 5 bar-eko presioko sarea diseinatu da, 2.533 m luze, Leringo bidean kokatu gogo den APA/MPB armairutik abiatuta.

Baimen honen eremuak lurzoru urbanizaezinean bakarrik du eragina. Lehendik dagoen bide baten tarteari dagokio, oso-osorik, 1. poligonoko 30. eta 31. lurzatien arteko bidearen mendebaldeko muturretik industrialdearen sarreraraino. Trazaduraren gainontzekoa herriguneko bideetan barna doa.

Proiektua eta jarduketa eremua ikusirik, espedientea osaturik dagoela eta nahikoa dela egiaztaturik, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Sesmako udal mugapean (Nafarroa) gas naturala banatzeko instalazioak eraikitzeko proiekturako. Sustatzailea Gas Natural, S.A. da.

2. Ingurumenari buruzko baldintza hauen mende egonen da baimena:

-Zangak bete ondoren sobran gelditzen den lurra hondakindegi baimendu batera eramanen da edo, bestela, lurzatian berean hedatuko, eroanbidearen zortasun eremuaren barrenean, ondoko ingurunearekin bat egin dezan fisiografia aldetik.

-Harriei, hormigoi hondarrei eta asfaltoari dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntza eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 23/2011 Foru Dekretuan ezarritakoa bete beharko da.

-Obrak amaitutakoan obrek ukitutako eskualdea garbitu beharko da.

-Erreka-zuloak agorraldian gurutzatuko dira, hain zuzen ekainetik irailera bitarte. Ibai bazterrak babesteko harri-lubetak hormigoirik gabe eginen dira, landareak berez atera daitezen.

-Jatorrizko ubidearen sekzio hidraulikoa eta luzetarako maila ez dira aldatuko.

-Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskumena duen organoari eskatu eta gero.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 1.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek konpondu edo murriztuko direla bermatzeko, 93/2006 Foru Dekretuaren 109. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Energiaren, Meatzaritzaren, Telekomunikazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, Sesmako Udalari eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko ekainaren 1ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1110015