124. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

196/2011 EBAZPENA, ekainaren 1ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena "Remojapan-Legaria" 13,2 kV-ko aireko linearen bariantearen eta ebakitze zentroaren proiekturako, hegazti-haztegi bat hornitzeko, Legariako udal mugapean. Sustatzailea Berrueza, S.A. da.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko dokumentazioa. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskinaren I) atalean sartuta dago; dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua eginen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela; horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektuaren helburua da Granja Legaria, S.A. enpresak jarri nahi duen hegazti-haztegi berri bat argindarrez hornitzea. Horretarako, ebakitze zentro bat eraikiko da hormigoizko etxola aurrefabrikatu batean, Legariako 1. poligonoko 222. lurzatian, eta lur azpiko linea bat, 4 metro luze, eta "Remojapan-Legaria" linea elektrikoaren 63. euskarria aldatuko da, lur azpiko harguneari egokitzeko.

Espedientean Legariako Udalaren eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren aldeko txostenak jaso dira.

Espedientean dauden txostenak ikusita, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen baimen integratua ematea "Remojapan-Legaria" 13,2 kV-ko aireko linearen bariantearen eta ebakitze zentroaren proiekturako, hegazti-haztegi bat hornitzeko, Legariako udal mugapean. Sustatzailea Berrueza, S.A. da.

2. Baimena baldintza hauen mende egonen da:

-Aireko linea lur azpiko bihurtzeko euskarriko kate berriek isolamendua izan beharko dute, 0,7 metro luze; horretarako, U70AB66P compositezko kateak erabiliko dira, edo beirazko 5 isolagailu gutxienez, bestela, goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko merkatuan den material isolatzaileren bat (zinta isolatzaileak, eroaleentzako estalkiak, zorro aurremoldeatuak, hodi isolatzaileak, etab.), loturako grapa eta kable eroalea, 0,7 metro arteko luzera lortu arte, isolatuta daudela bermatzeko.

-Aireko linea lur azpikoa bihurtzeko euskarrian elektrokuzio arriskua murrizteko, erabat isolatuko dira lineako eroaleen eta XS zirkuitu-etengailuen arteko lotura zubiak, horien eta tximistorratz autobalbulen arteko lotuneak eta horien eta konexioko botilen artekoak. Bestetik, tximistorratz autobalbulak BCAC ("Bushing Connection Animal Cover") estalki aurremoldeatuekin edo antzekoekin babestuko dira.

-Obra amaitutakoan, ongi garbituko da eremua. Hondakindegi baimendu batera eramanen dira berriz erabili ezin diren hondar eta material guztiak. Birziklatzen ahal diren soberakinak hondakinak tratatzeko zentro batera eramanen dira.

-Proiektua gauzatzean uki daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Obrak hasi baino lehen, ezinbestekoa izanen da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, haiek konpondu edo txikiagotuko direla bermatzeko, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 69. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari eta Legariako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko ekainaren 1ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1110011