124. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

195/2011 EBAZPENA, maiatzaren 30ekoa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Ablitasko 3. poligonoko 235. lurzatian legarra ateratzeko. Sustatzailea Hormigones Beriain, S.A. da.

2011ko otsailaren 2an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedientea. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko O atalean sartuta dago. Beraz, Ingurumeneko ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Ablitasko 3. poligonoko 235. lurzatian, Saso Pedriz alderdian, legarra ateratzea du xede proiektuak. Hurbileko hainbat obra hornitzeko da legarra.

235. lurzatiaren azalera, guztira, 10.608 m²-koa da. Bideen mugetatik 5 metroko zerrenda eta gainerako lurzatien mugetatik 2 metrokoa kendu behar denez, azalera ustiagarria, guztira, 8.840 m²-koa da. Guztira 51.437 m³ legar inguru aterako da eta 2.958 m³ landare lur. Guztira, 8 metro jaitsiko da kota, 5 metro lehen fasean eta 3 metro bigarrenean. Tarteko berma bat utziko da, 5 metro zabal, bi bankuen artean. Legar-hobia 2 urtez erabiliko da, lehengoratzea barne.

Lehenengo eta behin, landare lurraren 40 cm-ko geruza kenduko da, eta legar-hobiaren perimetroko babes-zerrendan metatuko da. Ondoren, materiala atera, kargatu eta eraman eginen da, aipatu bi faseetan. Lehendik dauden nekazaritza bideetatik iritsiko da legar-hobira.

Lehengoratzeko, hondealaneko lurra eta lur inertea erabiliko da zuloa hein batean betetzeko, eta berriro ezarriko da kendutako landare lurra. Inguruan, gehienez ere 2H:1V maldako ezponda eginen da, eta zelai bat sortuko, nekazaritzan aritzeko. Ezpondan hainbat espezie belarkara eta zurezkoak ereinen dira, arbolik gabeko mendi erabilera izan dezan.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 33. artikulua eta hurrengoak betez, espedientean Ingurumen ukipenen azterlana sartu da, eta bertan biltzen da proiektuaren eta ukitutako ingurunearen deskribapena, bai eta ingurumen integraziorako aurreikusi diren kontrol, zuzenketa, lehengoratze eta jarraipen neurrien zerrenda ere.

Aipatutako 4/2005 Foru Legearen 25.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Espedientea osorik dago eta nahikoa da, eta bertan dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Ablitasko 3. poligonoko 235. lurzatian legarra ustiatzeko proiekturako, hainbat baldintzarekin. Sustatzailea Hormigones Beriain, S.A. da.

2. Baimena izateko, proiektuan jaso diren neurri zuzentzaileak bete beharko dira, bai eta baldintza hauek ere:

-Gehienez ere 51.437 m³ legar aterako da Ablitasko 3. poligonoko 235. lurzatitik bakarrik, gehienez bi urtez. Kota, gehienez ere, 8 metro jaitsiko da, 5 eta 3 metroko bi bankutan, erdian 5 metroko zabaleko bermea utzita. Orobat, 2 metroko zerrenda utziko da muga egiten duten finketara, eta 5 metrokoa bideetara.

-Lurrak mugitzen hasi baino lehen, 40 cm-ko geruza bat landare lur kenduko da. Gorde eginen da eta osorik erabiliko da lurzatia lehengoratzeko.

-Legar-hobia lehengoratzeko, hein batean beteko da sortutako hutsunea, gehienez ere 2H:1V maldako ezponda utziko da, landare lurraren geruza ezarriko da berriro, nekazaritzako erabilerara itzuliko da zelai aldean eta espezie belarkarak eta zurezkoak ereinen dira inguruko ezpondan.

-Betiere, 235. lurzatiaren barrenean metatuko dira legarra, landare lurra edo lur inertea, legar-hobia ustiatzen den aldian.

-Hondealanetik ateratako lur eta harriz beteko da hutsunea, edo eraikuntza edo eraispen jardueretatik hartutako hondakin inerteak balorizatuta, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan eraikuntza eta eraispen hondakinen produkzioa eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuaren 9. artikuluan eskatutako baldintzak betez.

-Kudeatzaile baimena lortzea. Baimen horretan, gainera, hondakin horiekin eginen diren balorizazio eragiketak azalduko dira.

-EEHen kudeatzaileen eskakizunak betetzea, Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legearen arabera eta foru dekretu honen 7. artikuluaren arabera, 2. puntua bazter utzita.

-Baliabide naturalak ordeztea da eragiketa horren ondorioa, bestela erabili beharko bailirateke lehengoratze, egokitze edo betelan obrarekin lortu nahi den helburua lortzeko.

-Lehengoratze jardueretan edo egokitze edo betelan obretan erabiliko diren EEHek tratamendu bat jaso beharko dute lehenago, gutxienez harrizko materialak (hormigoia, zeramika ...) aprobetxatzeko, eta hondakin arriskutsu guztiak nahiz inerteak ez diren hondakin arriskugabe guztiak kentzeko, baldin eta onetsitako lehengoratze proiektuan zehazten badira zein hondakin inerte erabili eta zein ezaugarri dituzten.

-Adierazitako obretako edozeinetan, erabiltzen diren hondakin inerteek 2003/33/EE Erabakiaren 2.1 idatz-zatian ezarritako onarpen-irizpideak bete beharko dituzte.

-Lehengoratze edo betelan obretan EEHak erabiltzen direnean, kokalekuek iragazgaizte naturala edo artifiziala izanen dute, k = 1 x 10-7 m/seg-ren baliokidea 1m-ko lodieran, non ez duten arrazoi teknikoek besterik aholkatzen. Iragazgaizte geologiko artifizialeko geruzak gutxienez 0,5 m-ko lodiera izanen du.

-Ondare Arkeologikoa zaindu eta babesteko neurri hauek beteko dira:

  • Legarren maila geologikoetara heldu arte landare lurra, laborantza lurra edo azalekoa kentzeko fasean jarraipen arkeologikoa egonen da. Horretarako, lanak behar bezala kontrolatzeko behar diren arkeologiako teknikariak egonen dira obran berean, landare lurra mugitzen den bitartean. Azaleko lurra, betiere, aztarna edo maila arkeologikoak agertu arte kenduko da.
  • Lanaren hasierako fase horretan zehar azalean identifikatu ez diren egitura edo aztarna arkeologikoak agerian geratuz gero, mugatu eta balizatu eginen dira kontrolik gabeko kalterik jasan ez dezaten. Aurkikuntza arkeologikoen berri emanen zaio berehala Ondare Arkeologikoaren Bulegoari, behar diren neurri zuzentzaileak hartu ahal izateko, alegia, ukitutako eremuetan lanak geldiarazi eta indusketa sistematikoa egiteko. Aurkikuntza horien azken xedea Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimen berariazkoaren menpe egonen da; horrexek finkatuko du lanak nola eta zer baldintzarekin eginen diren, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 20ko 14/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.
  • Neurri horiek guztiak arkeologo batek edo sektoreko enpresa espezializatu batek eginen ditu, proiektuko sustatzailearen kargura, legeak hala aginduta. Horien arduradunak Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimen administratiboa beharko du, urriaren 3ko 218/1996 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horrexek arautzen baititu Nafarroako Foru Komunitatean egin beharreko prospekzio eta indusketa arkeologikoak. Ikuskapen lanak Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari atxikitako Ondare Arkeologikoaren Bulegoari dagozkio, eta horretarako obraren sustatzaileak idatziz jakinarazi beharko du, nahitaez eta behar den denboraz, lanen hasiera.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 32.177 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu hori konpondu edo gutxituko dela bermatzeko, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 109. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Ablitasko Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko maiatzaren 30ean.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1109795