124. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

57/2011 EBAZPENA, otsailaren 23koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, Biurrun-Olkozko, Tebas-Arrizabalagako eta Beriaingo udal mugapeetan, 2008ko martxoko proiektu honetarako: "Olkoz, Muru Artederreta, Biurrun, Arrizabalaga eta Tebasko goi saneamendua (SM-286961)". Sustatzailea Servicios de la Comarca de Pamplona, S.A. da.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko dokumentazioa. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) atalean sartuta dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela; horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektuaren xedea da goi saneamenduko kolektore bat eraikitzea, Olkozko herrigunetik abiatu eta, Biurrunera doan adar batekin, La Morea industrialdean amaituko dena, zatirik handienean N-121 errepidearen ondotik. Guztira, 11.650 metroko luzera du eta lurzoru urbanizaezinean barna doa.

Kolektoreak behin baino gehiagotan gurutzatzen ditu ur-ibilguak eta erretenak, errepideak eta bideak, trenbidea, Nafarroako Ubidea, Done Jakue bidea eta Orbaibartik Andiara doan Errege Altxonbidea. Lehen mailako errepideen eta trenbidearen kasuan, zulaketak eginen dira gurutzatzeko. Nafarroako Ubidea gurutzatzen duen tokietan, berriz, bertan ubidea sifoi itxurakoa denez, kolektorearen zanga sifoiaren gainetik 10-15 metrora joan beharko da. Ukitutako azalera 20 metrokoa izanen da, eta 4 metrokoa ur-ibilguak gurutzatzen dituen tokietan.

Ukipenen azterlanak zehaztu eta baloratu egiten ditu proiektuak ibaien sarean, landaredian, faunan, Done Jakue bidean eta Errege Altxonbidean dituen ukipenak, eta neurri zuzentzaileak jasotzen ditu (azterlanaren 6. kapitulua), bai eta neurri horietarako aurrekontua ere.

Plangintza eta Laguntza Atalak aldeko txosten baldintzatuak eman zituen, 2008ko maiatzaren 6an eta 2010eko azaroaren 9an, abelbideen eta Done Jakue bidearen gaineko ukipenei buruzkoak.

2011ko abenduaren 20an, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak txostena eman zuen, adieraziz lurralde antolamenduaren ikuspegitik ez dela proiekturako eragozpenik aurkitu.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, Biurrun-Olkozko, Tebas-Arrizabalagako eta Beriaingo udal mugapeetan, "Olkoz, Muru Artederreta, Biurrun, Arrizabalaga eta Tebasko goi saneamendua (SM-286961)" proiekturako (2008ko martxoa). Sustatzailea Servicios de la Comarca de Pamplona, S.A. da.

2. Baimenak Ingurumen ukipenen azterlanean sartutako prebentzio eta zuzenketa neurriak eta proiektuan jasotakoak hartzera behartzen du, baita baldintza hauek betetzera ere:

-Ingurumen ukipenen azterlanean planteatzen diren prebentzio neurri eta neurri zuzentzaile guztiak bete beharko dira, bai eta ur-ibilguaren ohea egungo baldintzetara lehengoratu, azterlan horren 3. orrialdean deskribatuta dagoen moduan, eta landare lurra bereizi, bildu eta erabili, proiektuan deskribatu bezala.

-Trazadura osoan, kolektorearen ardatza Besaire ibaiaren eta Santa Lucia errekaren bazterretik 5 metrora egonen da, gutxienez.

-Ukipenak ahalik eta txikienak izanen dira berezko landaredia duten azalerak (sastrakadiak, larreak eta arboladiak) zeharkatzen dituzten hodi tarteen kasuan. Dauden zuhaitzei kalterik ez egiteko, 3 metroko gutxieneko segurtasun tartea utziko da. Beharrezkoa izanez gero zuhaitzen bat moztea, basozainei esanen zaie, markatzea egin dezaten.

-Ingurumen arloko zaintzak espezie katalogatuak atzematen dituen tarteetan lanak egiteko, Ukipenen azterlanean (28. orrialdea) ezarritako egutegia aplikatzea gomendatzen da.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Biurrun-Olkozko, Tebas-Muru Artederretako udalei eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko otsailaren 23an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1110235