124. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

759/2011 EBAZPENA, 2011ko maiatzaren 24koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, Nafarroako Unibertsitate Publikoa Sarietarako deialdia onetsi eta dagokion gastua baimentzen duena.

Ikerketa Batzordeak, 2011ko apirilaren 12ko bileran, erabaki zuen 2011ko Ikerketa sarietarako deialdia errektoreari igortzea.

Ikerketarako errektoreordeak egindako proposamena ikusirik.

Unibertsitatearen Aholkularitza Juridikoak egindako txostena ikusirik.

Aurrekontuen eta Ekonomia Plangintzaren Atalak emandako txostena ikusirik.

Kontabilitate Atalak kreditua badela ziurtatzeko emandako egiaztagiria ikusirik.

Kontuak ikuskatuta eta aldeko fiskalizazioa eginda.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuen 40. artikuluan esleituta dauzkadan eskumenak betez,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.-Ebazpen honek sortutako gastua onestea, 17.824 euro osotara. Diru kopuru horretatik, 2011ko gastuen aurrekontuko 31.30.00.482.08 Ikerketa Sariak izeneko kontusailaren kargura ordainduko dira 14.000 euro, eta 3.824 euro gastuen aurrekontuko 31.30.00.230.06 Epaimahaikideen dietak izeneko kargura. Sarietako bakoitzak, modalitate bakoitzean, 2.800 euro izango ditu.

Bigarrena.-Nafarroako Unibertsitate Publikoa Ikerketa Sarietarako 2011ko deialdia onestea, saritzeko Unibertsitateko irakaskidegoetako irakasleen ikerketa-jardueraren ibilbide osoa, 2009. eta 2010. urteetan Unibertsitateko irakaskidegoetako irakasleek egindako ekarpen zientifiko hoberenak, eta teknologia eta ezagutza bestetaratzeko emaitzarik hoberena, ebazpen honen eranskinean dauden oinarriekin bat.

Hirugarrena.-Diru kopuru handiagoa emateko baimena ematea ikerketa-jardueraren ibilbide osoari eta ekarpen zientifiko hoberenei, teknologia edo ezagutza bestetaratzeko emaitzarik hoberena saritzeko kanpoko diru-laguntza lortuz gero.

Laugarrena.-Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.-Ebazpen hau Ikerketarako errektoreordeari, Aurrekontuen eta Ekonomia Plangintzaren Atalera, Kontabilitate Atalera eta Kontuhartzailetzara igortzea.

Seigarrena.-Ebazpen honen aurka interesdunek zilegi dute berraztertzeko errekurtsoa Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen aurrean, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako Auzitegietan, bi hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2011ko maiatzaren 24an, Julio Lafuente López.

ERREKTOREA

Bost ikerketa sari emateko oinarriak, nafarroako
unibertsitate publikoa-2011ko deialdia

759/2011 Ebazpena, 2011ko maiatzaren 24koa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikerketa sustatu eta bultzatzeko aurrera daraman politikaren barnean, Ikerketarako Errektoreordetzak beharrezkoa ikusten du saritzea unibertsitateko irakasleen eta ikertzaileen ikerketa-jardueraren ibilbidea edo emaitza aipagarriak. Aurreko ekitaldietan egin dira xede horretako sarietarako deialdiak, finantza entitateekin egindako hitzarmenei esker ordaindu direnak, neurri batean edo osorik. Hitzarmen horiek agortu direlarik, Unibertsitate honetako zuzendaritza taldea, Ikerketa Batzordearen laguntzarekin, ziur dago honelako deialdiak mantendu eta sustatu behar direla ahal den neurrian, baita oraingoa bezalako aurrekontu-murrizketa garaietan ere. Errektoretza honek horregatik proposatu du deialdi hau.

Lehenengoa.-Deialdiaren xedea.

Deialdi honen helburua da ikerketa jardueraren hainbat alderdi saritzea, ikerketa sariak emateko xedez, eta prozedura arautzea, publizitate, objektibitate eta lehiakortasun printzipioen arabera. Horien artean, sarituko dira ikerketan garatutako ibilbide pertsonala, 2009an eta 2010ean egindako ekarpen zientifiko hoberenak, eta 2009an edo 2010ean bukatutako kontratu edo proiektu batetik eratorritako jakintza edo teknologia besteenganatzeko emaitzarik hoberena, betiere Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek eta ikertzaileek eginak.

Ekarpen zientifikotzat hartuko dira jakintza arlo bakoitzaren eremuko komunikabideetan egiten direnak, esaterako, artikuluak aldizkari indexatuetan, liburuak, liburuetako kapituluak, monografiak, errezentsioak, etab.

Bestetaratze emaitzatzat hartuko dira honako hauek: ustiatze patenteak, enpresaren batek merkaturaturiko zerbitzuak zein produktuak, eta frogaturiko eraginari buruzko azterlanak edo txostenak. Betiere, Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako kontratu edo proiektu baten emaitza gisa sortu badira.

Bigarrena.-Finantzaketa.

Deialdi honek 14.000 euroko aurrekontua du osotara. 2011ko gastuen aurrekontuko 31.30.00.482.08 Ikerketa sariak izeneko kontusailaren kargura ordainduko dira eta dauden modalitateko sariak ordaintzeko erabiliko dira.

Hirugarrena.-Sari modalitateak.

Bost sari emateko deialdia egin da, ondoko sail hauetan:

A.-Zientzia Zehatzen eta Biologia, Medikuntza eta Teknologia Zientzien arloetako Ikerketa Saria ikerketako ibilbide pertsonal osoari. Saria 2.800 euroz hornituta dago.

B.-Giza eta Gizarte Zientzien, Zientzia Juridikoen eta Ekonomikoen arloetako Ikerketa Saria ikerketako ibilbide pertsonal osoari. Saria 2.800 euroz hornituta dago.

C.-Zientzia Zehatzen eta Biologia, Medikuntza eta Teknologia Zientzien arloetako Ikerketa Saria 2009. eta 2010. urteetan egindako ekarpen zientifiko hoberenari. Saria 2.800 euroz hornituta dago.

D.-Giza eta Gizarte Zientzien, Zientzia Juridikoen eta Ekonomikoen arloetako Ikerketa Saria 2009. eta 2010. urteetan egindako ekarpen zientifiko hoberenari. Saria 2.800 euroz hornituta dago.

E.-Saria 2009an edo 2010ean bukatutako kontratu edo proiektu batetik eratorritako jakintza edo teknologia besteenganatzeko emaitzarik hoberenari. Saria 2.800 euroz hornituta dago.

Laugarrena-Hautagaiek bete beharrekoak.

Sailetako edozeinetan parte hartzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoan lanaldi osoko arduraldian eta zerbitzu aktiboan dagoen Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaskidegoetako edozein irakasle edo ikertzaile izan daiteke hautagai, betiere ikerketa-talde batean erroldatuta badago eskaerak aurkezteko epea amaitzen den unean eta aurkezten den sariaren saileko eskakizunak betetzen baditu.

C eta D sailen kasuan, ekarpenean lagundu duten kide guztiek ontzat emana izan beharko da eskabidea, arrazoituriko ezintasun kasuetan salbu. Saria jasotzeko ebazpenaren onuraduntzat hartuko dira ekarpenaren kide guztiak. Hala ere, ondorio ekonomikoak soilik aplikatuko zaizkie eskabideak aurkezteko egunean Nafarroako Unibertsitate Publikoan zerbitzu aktiboan jarduten duten egilei.

E sailaren kasuan, eskabidea egin den proiektuaren edo kontratuaren ondoriozko ekarpenaren ikertzaile arduraduna izan beharko da hautagaia. Ebazpenaren onuraduntzat hartuko dira proiektuko ikertzaile guztiak, ekarpenak zalantzarik gabe beste egile talde bat finkatzen duela ez bada (esaterako, Patentea). Ondorio ekonomikoak soilik aplikatuko zaizkie eskabideak aurkezteko egunean Nafarroako Unibertsitate Publikoan zerbitzu aktiboan jarduten duten ikertzaileei.

Bosgarrena.-Hautagaitzak aurkezteztea.

Hautagaitzak Ikerketa Zerbitzuan aurkeztuko dira, horretarako emango den inprimakia erabiliz, eta bertan argi azalduko da zein sari-modalitatera aurkezten den. Hautagai batek modalitate batera baino gehiagotara aurkezten badu bere burua, inprimaki bat bete beharko du hautagaitza bakoitzerako. Hogei egun balioduneko epea dago hautagaitzak aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik kontatzen hasita.

A eta B sailen kasuan, hautagaiek beren curriculum vitaea aurkeztu beharko dute Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak Plan Nazionaleko proiektuetarako deialdietan erabiltzen duen formatua erabiliz, ahal dela.

C eta D sailen kasuan, eta hautagaitza nork aurkezten duen alde batera utzita, hautagaitzak ekarpenaren egile guztien baimena izan beharko du. Hautagaitzaren xede den ekarpenaren kopia erantsi beharko da.

E sailaren kasuan, zehaztasunez deskribatu beharko da zertan datzan ekarpena edo emaitza, hura sorrarazi duen proiektua edo kontratua, eta egindako bestetaratzearen eraginaren garrantzia balioesten laguntzen ahal diguten datu guztiak eman beharko dira.

Sarietara aurkezteak esan nahi du onartzen direla deialdiaren oinarriak.

Seigarrena.-Sarituen betebeharrak.

1. Saridunek jasotzen duten diru kopurua nahi bezala erabili ahalko dute, eta interesdunei 2011ko abenduaren 31 baino lehen ordainduko zaie.

2. C eta D modalitateen kasuan, Nafarroako Unibertsitate Publikoan lan egiten duten eta unibertsitatean erroldatutako ikerketa taldeetako kideak diren irakasle edo ikertzaile bat baino gehiago badira saritutako ekarpen zientifikoaren egileak, egileek sariaren ondorio ekonomikoak proportzioan banatuko dituzte.

3. Unibertsitateak sarien diru-kopuruaren zati bat atxikiko du zerga modura, araudi indardunaren arabera.

4. Deialdiko oinarriak betetzen ez badira, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, saria kendu ahal izango da. Hala gertatzen denean, doakionak sariagatik hartutako dirua itzuli beharko du.

Zazpigarrena.-Sarien epaimahaia.

A, B, C eta D sailetako sariak bi epaimahaik emango dituzte, bat saritzen den ikerketa-arlo bakoitzerako. Epaimahai bakoitza 3 kidek osatuko dute, dagokion ikerketa-arloan entzute handikoak, eta errektoreak ebazpenaren bidez izendatuta, Ikerketarako errektoreordeak proposaturik.

E saileko sariari dagokionez, epaimahaia 3 kidek osatuko dute halaber, errektoreak ebazpenaren bidez izendatuko ditu, Ikerketarako errektoreordeak proposatuta, eta nahitaezkoa izango da enpresa eremuko entzute handiko kide bat egotea.

Epaimahaia Ikerketarako errektoreordeak eskatuta osatuko da, eta horretarako deialdia egingo du. Halaber, Ikerketerako errektoreordeak behar diren gestioak egingo ditu epaimahaiaren jarduna errazteko.

Zortzigarrena.-Sariak ematea.

1. A, B, C eta D modalitateetarako, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegiko teknikariek egindako txosten bibliometriko bat edukiko du epaimahaiak.

2. Epaimahaiek sariak emateko proposamena egingo dute, txosten arrazoituan oinarrituta, ikerketa-jardueraren kalitatearen eta eraginaren arabera.

3. Epaimahaiek unibertsitateko errektoreari bidaliko diote sariak emateko proposamena. Errektoreak behin betiko ebazpena emango du, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikerketa Sariak emateko erabakia hartzen duena. Ebazpen honetan saritutako hautagaien zerrenda baino ez da agertuko, eta gainontzeko hautagaitzak atzera bota direla ulertuko da. Zilegi da sariren bat eman gabe uztea epaimahaien iritzien arabera, edo hautagairik ez dagoelako. Era berean, C eta D sailen kasuan, epaimahaiek zilegi dute ex-aequo saria ematea 2009. eta 2010. urte bakoitzean egindako ekarpenei, kalitatea baliokidetzeko modukoa dela uste badute. Saria emateko behin betiko ebazpenaren aurkako berraztertzeko errekurtsoa errektorearen aurrean aurkeztu behar da hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Epaitegietan 2 hilabeteko epean, ebazpena argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

4. Sariak emateko ekitaldi publikoa egingo da 2011n zehar.

5. Ikerketarako Errektoreordetzak jakinaraziko du errektorearen behin betiko ebazpena, sari emakidarena, sariak emateko ekitaldi publikoaren aurretik.

Bederatzigarrena.-Sarien bateraezintasuna.

Unibertsitate honetako antzeko sari-deialdietan Ikerketako Senior saria edo ikerketa ibilbidearen saria erdietsi dutenak ezingo dira aurkeztu deialdi honen xedea diren banako ikerketa sarietako A eta B sailetara.

Hamargarrena.-Argitaratzea.

Deialdi honen oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta unibertsitateko bitarteko elektronikoen bidez zabalduko dira. Ikerketarako Errektoreordetza arduratuko da zabalkundeaz.

Hamaikagarrena.-Errekurtsoak.

Deialdi honen eta deialdi honetako oinarrien aurka, eta deialdi honen ondorio diren ekintzen aurka interesdunek zilegi dute berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen aurrean, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako Auzitegietan, bi hilabeteko epean; epeok deialdi hau Nafarroako Aldizkarin Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasiko dira.

F1110213_0.pdf

Iragarkiaren kodea: F1110213