124. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

181/2011 FORU AGINDUA, maiatzaren 31koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, beste deialdi berariazkoago batzuetan jasotzen ez diren kirol jarduerak egin eta horietan parte hartzeko laguntzen norgehiagoka bidezko deialdia onesten duena.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen helburua kirola arautu, antolatu, sustatu eta koordinatzea da, Konstituzioaren eta gainerako antolamendu juridikoaren arabera Nafarroako Foru Komunitateari dagozkion eskumenen eremuan.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen araubide juridiko orokorra arautzen du, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, baita diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere.

Kirol entitateek, toki entitateek, kirol federazioek eta kirolariek kirol esparruan egiten dituzten jarduketak erraztu eta sustatzearren, berariazko zenbait laguntza deialdi onetsi dira, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak kirol arloan lortu nahi dituen helburuekin bat.

Deialdi honen xedea da diru-laguntzak ematea bereziak edo apartekoak izateagatik Nafarroako Kirolaren Institutuak kudeatzen dituen berariazko deialdietan sartzen ez diren jarduerei, kirolarekin eta horren sustapenarekin lotutakoei.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Bereziak ado apartekoak izateagatik beste deialdi berariazkoago batzuetan jasotzen ez diren kirol jarduerak egiteko eta horietan parte hartzeko diru-laguntzen deialdia onestea, foru agindu honen 1. eranskinean ageri diren oinarriei jarraikiz.

2. Deialdira aurkezten diren eskaerak baloratzeko baremoa eta irizpideak onestea. Baremo hori foru agindu honen 2. eranskinean ageri da.

3. Deialdia finantzatzeko 65.000 (hirurogeita bost mila) euroko gastua baimentzea. Horietarik 55.000 (berrogeita hamabost bost mila) euro kirol entitateentzat izanen dira eta 2011ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Kirol entitateak. Hitzarmenak eta laguntzak" izeneko 940002-95120-4819-336109 kontu-sailetik ordainduko dira, eta 10.000 (hamar mila) euro kirolarientzat izanen dira eta "Kirol jarduerak sustatzeko laguntzak" izeneko 940002-95100-4809-336100 kontu-sailetik ordainduko dira.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Foru agindu hau Nafarroako Kirolaren Institutura bidaltzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko maiatzaren 31n.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

1. ERANSKINA

Beste deialdi berariazkoago batzuetan araututa ez dauden kirol jarduerak egiteko eta horietan parte hartzeko diru-laguntzen deialdiko oinarri arautzaileak

1. Xedea.

Deialdiaren helburua da, bereziak ado apartekoak izateagatik, beste deialdi berariazkoago batzuetan sartzen ez diren kirol jarduerak egin eta horietan parte hartzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea.

Diru-laguntzak deialdiaren xede diren jarduerak egin edo horietan parte hartzeko gastuak hein batean finantzatzeko erabiliko dira.

Laguntzak onura publikokoak dira, Nafarroako bizilagunen kirol jarduera sustatzen dutelako.

2. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

1. Aurreko oinarrian aipatzen diren diru-laguntzak 2010eko irailaren 30etik 2011ko irailaren 30era bitarte antolatutako irabazi asmorik gabeko kirol jarduera eta proiektu hauek egin eta/edo horietan parte hartzeko eskatzen ahalko dira:

a) Kirol arloko edo kirolari aplikatutako zientzien arloko prestakuntza edo zabalkunde proiektuak, gizartean eta kirol munduan oihartzuna dutenak, egitea.

b) Nazioarteko kirol jarduera ez ofizialetan parte hartzea.

c) Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioko kide diren kirolariak 7.500 metrotik gorako gailurretara igotzeko mendi espedizioak eta beste mendi proiektu batzuk.

d) Nafarroan Espainiako Federazio baten delegatua duten modalitateetako kirol jarduerak, horien helburua delako kirola Nafarroan bultzatzea bada.

e) Antzeko beste jarduera batzuk, kirolaren arloan bereziak edo apartekoak direnak eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren eginkizunei lotuta daudenak, baina erakunde publiko horren beste deialdi batzuetan ezin sar daitezkeenak.

2. Deialdi honetatik kanpo geldituko dira:

1.-Beste deialdi berariazkoago batzuen helburu diren edo horietan jasotzen diren kirol jarduerak eta proiektuak.

2.-Kirol izaera lehentasunezkoa ez duten jarduerak.

3. Pertsona eta entitate onuradunak.

1. Deialdiaren xede diren diru-laguntzak honako hauek jasotzen ahalko dituzte:

a) Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan inskribatuta dauden kirol klubak.

b) Egoitza eta helbidea Nafarroan duten pertsona fisikoak, irabazi asmorik gabeko jarduerak egiteko.

c) Sozietatearen egoitza Nafarroan duten pertsona juridikoak, irabazi asmorik gabekoak.

d) Irabazi asmorik ez duten estatuko kirol entitateak, dagokien erregistroan inskribatuta badaude eta lankidetzarako hitzarmenen bat izenpetu baldin badute.

e) Nortasun juridikorik gabeko taldeak, pertsona fisikoek edo juridikoek osatuak.

2. Jarduerak edo proiektuak pertsona fisiko edo juridiko batzuek elkarrekin egiten dituztenean, eskaera pertsona bakar batek aurkeztu beharko du guztien izenean. Dagokion inprimakian adierazi beharko du besteak ordezkatzen dituela eta besteek ordezkapena onartzen dutela, bai eta diru-laguntza proportzionalki banatzeko konpromisoa hartzen duela ere.

Eskatzaileak solidarioki behartuta egonen dira Administrazioaren aurrean, eta zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneraturik izan beharko dituzte.

4. Eskaerak aurkezteko epeak eta tokiak.

1. Diru-laguntza eskaerak Nafarroako Kirolaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritako edozein bideren bitartez, 2011ko irailaren 30a baino lehen. Deialdia argitaratu baino lehen aurkeztutako eskaerak onartuko dira, baldin eta 2010eko irailaren 30aren ondorengoak badira.

Diru-laguntza eskaerak kirol modalitate bakoitzeko aurkeztuko dira; eskatzaileak eskaera bat aurkeztu beharko du parte hartzen duen modalitate bakoitzerako.

2. Diru-laguntza eskaerak Nafarroako Kirolaren Institutuak emanen duen inprimaki batean aurkeztu beharko dira, agiri hauekin batera:

-Eskatzailearen datuak eta federazioko lizentziaren fotokopia, horrelakorik baldin badago, betiere datu horiek deialdia egin duen administrazioaren agiritegietan ez badaude edo lehenago aurkeztu ez badira.

-Kirol proiektua eta proiektu ekonomikoa azaltzen dituen fitxa, Nafarroako Kirolaren Institutuak emanen duen inprimakian.

-3.2 oinarrian adierazitako kasuetan, Nafarroako Kirolaren Institutuak emandako inprimakia. Bertan berariaz adierazi beharko da ordezkapenaren izaera, onarpena eta konpromisoa.

-Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuak dituela dioen erantzukizuneko aitorpena.

3. Jarduera egin eta gero, eta 2011ko urriaren 31 baino lehen, frogagiri hauek aurkeztuko dira Nafarroako Kirolaren Institutuko Erregistroan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritako edozein bideren bitartez:

a) Jardueraren memoria jasotzeko prestatutako inprimakia, bai eta diru-sarreren eta gastuen balantzea ere, eskatzaileak sinatua.

b) Gastuen eta diru-sarreren frogagiriak, jatorrizko fakturen eta fotokopia konpultsatuen bidez. Horiekin batera, fakturen zerrenda izenduna edo gastuen frogagiriak aurkeztuko dira, zenbatekoa eta aplikazioa adierazita eta legez dagokionak sinatuta.

c) Diru-laguntzaren xede den proiekturako bestelako erakundeei eskatutako eta horiek emandako diru-laguntzen frogagiriak, legez dagokionak sinatuak.

d) Afixak, liburuxkak, prentsako informazioa edo beste edozein euskarri, Nafarroako Gobernuaren agerpen instituzionala frogatzen duena.

e) Diru-laguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa denean, onuradunak erantzukizuneko aitorpena aurkeztu beharko du, non azalduko baitu hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipamendu ondasunez hornitzen edo zerbitzuak ematen dituztenean.

Bai eskaera bai justifikazioa egitean aurkeztutako agiriak ez zaizkio interesdunari itzuliko, deialdia egiten duen Administrazioaren esku geratuko baitira.

5. Antolamendua eta instrukzioa.

1. Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirol Zuzendariordetza izanen da diru-laguntzak emateko prozeduraren antolamendu eta instrukziorako organo eskuduna.

2. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirol Zuzendariordetzak eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztutako edo eskatutako agirietako informazioa zabaldu edo hobetu dezaten. Eskatutako dokumentazioa osorik aurkezten ez bada edo deialdiko baldintzak betetzen ez baditu, eskatzaileari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala eta, halaber, ohartaraziko zaio hala egin ezean bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, ebazpena eman ondoren. Hori guztia azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluari jarraikiz.

6. Balorazioa.

1. Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirol Zuzendariordetzak, bertako teknikarien bitartez, eskaerak baloratu eta laguntzei buruzko ebazpena emateko behar diren egiaztapenak eginen ditu, ezartzen den baremoari jarraikiz.

2. Eskaeren gainean ebazteko Balorazio Batzorde bat eratuko da eta honako kide hauek izanen ditu: Kirol zuzendariordea, Entitateen eta Kirol Errendimenduaren Ataleko burua, Kirola Sustatzeko Ataleko burua, Kirol Federazioen Bulegoko burua, Kirol Teknifikazioaren Bulegoko burua eta Kluben eta Kirol Errendimenduaren Bulegoko burua.

3. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluaren bigarren idatz-zatian xedatutakoari jarraikiz, baremoa aplikatu ondoren ateratzen diren zenbatekoak eta aurkeztutako eskaeren kopurua ikusirik, deialdirako finkatutako dirua nahikoa ez bada ezarritako gehieneko diru-laguntzak emateko, diru hori diru-laguntzen onuradunen artean hainbanatuko da. Horretarako, ezarritako gehieneko zenbatekoak behar den portzentajean murriztuko dira, hainbanaketa aplikatu ahal izateko.

Aurreko puntuan ezarritakoa aplikatuko da baloraziorako baremoari jarraikiz eskaera bakoitzari esleitutako mailaren arabera.

7. Ebazpena.

1. Diru-laguntzak emateko ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko mugaegunetik aurrera. Ebazpenean diru-laguntza jaso duten eskatzaileen zerrenda eta bakoitzari eman zaion zenbatekoa agertuko dira, eta espresuki adieraziko da gainerako eskaerei uko egin zaiela, halakorik bada.

Eskaerak ebazteko epea berariazko ebazpena eman gabe bukatuz gero, horiek ezetsi egin direla ulertuko da.

2. Diru-laguntzak emateko ebazpena eman eta gero, eta ebazpen horretan ezarritako kasuetan, diru-laguntzak hitzarmenen bidez bideratzen ahalko dira. Horietan, aldeen berariazko betebeharrak ezarriko dira, bai eta dirua nola banatuko den ere, deialdiaren oinarrien esparruan.

Hitzarmenak izanen dira estatu mailako kirol entitateei eta Nafarroan errotu gabeko kirol jarduerak sustatzeko helburua duten entitateei emanen zaizkien diru-laguntzak bideratzeko lehentasunezko tresna.

3. Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2) eta Nafarroako Kirolaren Institutuko bulego nagusietako iragarki oholean (Arrieta, 25) iragarkiak jarriz eta komunikabideen bitartez jakinaraziko da laguntzak emateko ebazpena.

8. Diru-laguntza nola eta noiz ordainduko den.

Emandako diru-laguntza transferentzia bidez ordainduko da, laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta gehienez ere bi hilabeteko epean.

9. Bateragarritasuna.

Ematen den diru-laguntza bateragarria izanen da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko edo pribatuek eta norbanakoek, Estatukoek zein atzerrikoek, ematen dituzten bestelako diru-laguntzekin. Ildo horretan, lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri eman beharko dute onuradunek. Nolanahi ere, jasotzen diren diru-laguntzen zenbatekoak, bakarka hartuta edo denak batuta, ezin izanen du behin ere gainditu diruz lagundutako jardueraren kostua.

10. Betebeharrak.

Hona hemen deialdi honen babesean diru-laguntza jaso duten onuradunen betebeharrak:

a) Adierazten diren xedeetarako erabili beharko dituzte. Horretaz gainera, hori betetzen dutela agiri bidez frogatu beharko dute, bai eta Nafarroako Kirolaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu ere.

b) Finantzaketa ezagutzera ematea, Nafarroako Gobernuaren irudia agertuz, dela instalazioetan edo arropetan, dela publizitate bidez, eta hori frogatu eta egiaztatu beharko dute grafikoki edo irudiz, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretua betez.

c) Onuradunek, Nafarroako Kirolaren Institutuak eskatuta, urtean bi aldiz gehienez joan beharko dute edo parte hartu beharko dute kirolaren gaineko jardueretan, taldeka zein bakarka, non eta ezin joana behar bezala justifikatzen ez duten.

d) Kontabilitate liburuak, erregistro diligentziatuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dira, aplika daitezkeen merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala.

e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako diru-laguntzak itzultzea.

11. Ez-betetzeak.

Deialdiaren oinarrietan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren Institutuaren baimenik gabe diru-laguntzaren helburuak aldatzeak diru-laguntza galtzea ekarriko du berarekin, jasotako dirua itzuli beharra eta helburu bereko edo bertsuko hurrengo diru-laguntza eskaerak ukatzea ere izan dezake ondorio, legeek agintzen dituzten beste erantzukizunak galarazi gabe.

12. Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Halaber, bidezkoa izanen da Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

13. Aplikatu beharreko legedia.

Oinarri hauetan ezarri ez diren gaietan Diru-laguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

2. ERANSKINA

Beste deialdi berariazkoago batzuetan araututa ez dauden kirol jarduerak egiteko eta horietan parte hartzeko diru-laguntzen deialdirako irizpideak eta baremoa

Oro har, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan balorazioan:

I.-Balorazio baremoa.

1.-Jardueraren izaera eta gizartean duen oihartzuna:

A) Eraginpeko eremua. 5 puntu gehienez.

B) Komunikabideak. 4 puntu gehienez.

2.-Proiektuaren errentagarritasuna eta interesa:

A) Agerpena. 5 puntu gehienez.

B) Parte-hartzaileak. 7 puntu gehienez.

3.-Parte-hartzaile kopurua eta horien kirol maila:

A) Kopurua. 7 puntu gehienez.

B) Kalitatea. 10 puntu gehienez.

4.-Prestakuntza planak eta kirol arloko esperientzia:

A) Zabalkundea. 3 puntu gehienez.

B) Esperientzia (Antolaketa-Partaidetza). 3 puntu gehienez.

5.-Diru ekarpena eta defizita:

A) Eragina (Nafarroa). 8 puntu gehienez.

B) Bideragarritasuna. 5 puntu gehienez.

C) Ekarpenak. 10 puntu gehienez.

6. Lehetasunezko kirol interesa:

A) Nafarroan federaziorik ez duten kirol modalitateak zabaldu eta sustatzea. 25 puntu gehienez.

B) Kirol ohitura osasungarriak sustatzeko interes berezia duten biztanle taldeentzako kirol jarduerak, kirol fundazioen bidez. 60 puntu gehienez.

C) Lehentasunezko intereseko kirol alderdi garrantzitsuak zabaltzea. 50 puntu gehienez.

II.-Mailen araberako balorazioa.

1.-Maila hauek ezarri dira:

I. maila: 30 puntu gehienez. 40 euro puntu bakoitzeko. 1.200 euroko diru-laguntza gehienez.

II. maila: 31 puntutik 40ra bitarte. 50 euro puntu bakoitzeko. 2.000 euroko diru-laguntza gehienez.

III. maila: 41 puntutik 50era bitarte. 90 euro puntu bakoitzeko. 4.500 euroko diru-laguntza gehienez.

IV. maila: 51 puntutik 60ra bitarte. 170 euro puntu bakoitzeko. 10.000 euroko diru-laguntza gehienez.

V. maila: 60 puntu baino gehiago. 280 euro puntu bakoitzeko. 27.000 euroko diru-laguntza gehienez.

2.-Diru-laguntzaren zenbatekoa: diru-laguntzaren zenbatekoa honako biderketa hau eginez lortuko da: puntu kopurua bider kasuan kasuko mailako puntuaren balioa.

B) Aplikatzeko irizpideak.

1. Eskaera bakoitzarentzako goiko eta beheko diru-mugak ezartzen dira, laguntzaren helburuaren arabera.

a) Kirol arloko edo kirolari aplikatutako zientzien arloko prestakuntza edo zabalkunde proiektuak egitea, gizartean eta kirol munduan oihartzuna dutenak:

Diru-laguntza emanen da prestakuntzako proiektu akademiko eta federatiboak egin eta antolatzeko, pertsona bakar batzuengan ez ezik, gizarte osoan eragina dutenak hain zuzen ere. Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa zabalkunde zientifikorako prestakuntza proiektua egiteko beharrezkoak diren gastu justifikatuen %50ekoa izanen da. Gastu hauek onartuko dira soilik: hizlarien gastuak, dokumentaziokoak, afixenak eta publizitatekoak eta lokalak errentan hartzekoak. Diruz lagundutako gastuak baloratzerakoan, irizpideak hertsatzaileak izanen dira. Kanpo gelditzen dira, bereziki, parte-hartzaileei harrera egiteko gastuak eta ordezkaritzakoak. Nolanahi ere, diru-laguntza ez da 6.000 (sei mila) eurotik gorakoa izanen eta ezin izanen du jardueraren guztirako defizita gainditu, kontuan harturik laguntzaren xede den jarduera egiteko diru-sarrera guztiak, publikoak eta pribatuak, eta diru-sarrera horiek nola aplikatu diren egiaztatutako gastuetan.

b) Nazioarteko jarduera ez ofizialetan parte hartzea.

Laguntza jaso dezaketen nazioarteko lehiaketa edo txapelketa berezi eta apartekoetan parte hartzeko, gehieneko laguntza hauek ezarri dira: lehiaketan parte hartzetik eta ez bestetik zuzenean datozen gastu justifikatuen %33 gehienez. Kontzeptu hauek hartuko dira aintzat: bidaiak, epaileak, ostatua eta mantenua eta parte hartzeko kuota edo tasak. Gainerakoak ez dira aintzat hartuko. Nolanahi ere, diru-laguntza ez da 3.000 (hiru mila) eurotik gorakoa izanen eta ezin izanen du jardueraren guztirako kostua gainditu, kontuan harturik laguntzaren xede den jarduera egiteko diru-sarrera guztiak, publikoak eta pribatuak, eta diru-sarrera horiek nola aplikatu diren egiaztatutako gastuetan.

c) Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioko kide diren kirolariak 7.500 metrotik gorako gailurretara igotzeko mendi espedizioak eta beste mendi proiektu batzuk, Nafarroako Kirolaren Institutuak interes handikotzat jotzen dituenak.

7.500 metrotik beherako mendietara igotzeko espedizioek ere laguntza jasotzen ahalko dute, proiektuaren maila teknikoa, zailtasuna eta nazioartean duen kirol interesa direla medio, Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak proposatu eta aintzat hartzeko modukotzat jotzen badira. Laguntzaren zenbatekoa mendi espedizioa egiteko beharrezkoak diren gastu justifikatuen %20 bitartekoa izan daiteke. Espedizioari lotutako gastu beharrezkoak hauek dira: bidaietakoak, igotzeko baimena lortzeko tasak, garraiolarienak eta elikagaienak. Nolanahi ere, diru-laguntza ez da 6.000 (sei mila) eurotik gorakoa izanen eta ezin izanen du jardueraren guztirako kostua gainditu, kontuan harturik laguntzaren xede den jarduera egiteko diru-sarrera guztiak, publikoak eta pribatuak, eta diru-sarrera horiek nola aplikatu diren egiaztatutako gastuetan.

d) Antzeko beste jarduera batzuk, kirolaren arloan bereziak edo apartekoak direnak eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren eginkizunei lotuta daudenak, baina erakunde publiko horren beste deialdi batzuetan ezin sar daitezkeenak.

Aisiako eta josteta edo kultur izaerako jarduerek eta norbanakoen interes pertsonalerako direnek ezin izanen dute laguntzarik jaso.

Kirol campusek, kanpaldiek eta antzeko jarduerek ez dute laguntzarik jasoko, sustapen eta prestakuntza lan hori kirol federazioei dagokielako, zeinek bere helburuak betetzeko bidean.

Oinarri honen babesean laguntzen diren jardueren edukia, gehienbat, kirolari loturikoa izanen da. Diru-laguntza kirol jarduera hori egiteko beharrezkoak diren gastu justifikatuen %30ekoa izanen da gehienez. Nolanahi ere, gehieneko diru-laguntza ez da 9.000 (bederatzi mila) eurotik gorakoa izanen eta ezin izanen du jardueraren guztirako kostua gainditu, kontuan harturik laguntzaren xede den jarduera egiteko diru-sarrera guztiak, publikoak eta pribatuak, eta diru-sarrera horiek nola aplikatu diren egiaztatutako gastuetan.

3. ERANSKINA

Deialdi berariazkoagoek barnean hartzen ez dituzten kirol jarduerak egin eta horietan parte hartzea

Eskabide orria

Eskaera tramitatzeko jarraibideak.

-Aurkezteko epea eta tokia:

Diru-laguntzarako eskabideak Nafarroako Kirolaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aipatzen diren bideak erabiliz, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabeteko epean. Dena dela, deialdia argitaratu aurretik aurkeztutako laguntza eskaerak ere aintzat hartuko dira.

-Aurkeztutako agiriak:

1. Eskaera inprimakia, behar bezala betea. Nafarroako Kirolaren Institutuan eskuratzen ahal da inprimaki hori. [ ]

2. NANaren edo IFKren fotokopia. [ ]

3. Federazioko lizentziaren fotokopia. [ ]

4. Ordezkaritzaren onarpena eta konpromisoa (eskatzaile bat baino gehiago). [ ]

5. Banku-helbideratzea, hala behar izanez gero. [ ]

-Identifikazio datuak:

Entitatea/pertsona:

Erregistro zenbakia: .............................................. IFZ/IFK:

Helbidea: .................................................... Telefonoa:

Herria: ...................................................... P.K.:

Jardueraren izena:

Kirol modalitatea:

Helbide elektronikoa:

KIROL ZUZENDARIORDETZA

(Arrieta kalea, 25-31002-IRUÑA) Telefonoak 848 427827-848 427891.

Kirol proiektua

Izena:

Jarduera:

Helburuak:

Hasteko eguna: ........................ Amaiera eguna:

Egiteko tokia:

Jardueraren antolatzailea:

Kategoria (seniorra-juniorra-gaztea-kadetea-haurra-kimua):

Parte-hartzaile kopurua:

Proiektu ekonomikoa

-Gastu aurreikusiak:

1. Parte hartzeko kuotak: euro

2. Langileen gastuak: euro

3. Joan-etorriak: euro

4. Mantenua: euro

5. Ostatu hartzea: euro

6. Azpiegiturak eta plangintza: euro

7. Jardueraren berezko materiala: euro

8. Beste gastu batzuk (zehaztu): euro

Gastuak, guztira: euro

-Diru-sarrera aurreikusiak:

1. Babesleak: euro

2. Diru-laguntzak: euro

3. Beste diru-sarrera batzuk: euro

Diru-sarrerak, guztira: euro

Balantze ekonomikoa:

Gastuak

-

Diru-sarrerak

=

Defizita

....................

....................

....................

Oharrak:

.............(e)n, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an.
(Sinadura) (Klubaren zigilua) (Sinadura)

Izen-deiturak

Izen-deiturak

Klubeko burua

Klubeko idazkaria edo diruzaina

4. ERANSKINA

Beste deialdi berariazkoago batzuetan araututa ez dauden kirol jarduerak egin eta horietan parte hartzea

Frogagirien inprimakia

Dokumentazio hau tramitatzeko jarraibideak.

-Aurkezteko epea eta tokia:

Jarduera egin izanaren frogagiriak Nafarroako Kirolaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aipatzen diren bideak erabiliz, urriaren 31 baino lehen.

-Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

Inprimakia, behar bezala betea. Nafarroako Kirolaren Institutuan eskuratzen ahalko da. [ ]

Gastu guztien zerrenda izenduna, kontzeptua, aplikazioa eta zenbatekoa zehaztuta. [ ]

Jatorrizko fakturak eta horien fotokopiak. [ ]

Publizitate euskarriak [ ]

Interesgarritzat jotzen diren bestelako agiriak (prentsa, aktak, anagrama). [ ]

-Identifikazio datuak:

Entitatea/pertsona:

Erregistro zenbakia: IFZ/IFK: ............................

Helbidea: Telefonoa: ................................

Herria: P.K.: .......................

Jardueraren izena:

Helbide elektronikoa:

KIROL ZUZENDARIORDETZA

(Arrieta kalea, 25-31002-IRUÑA) Telefonoak 848 427827-848 427891.

Jardueraren gaineko memoria

Izena:

Jarduera:

Hasteko eguna: Amaiera eguna: .....................

Egiteko tokia:

Jardueraren antolatzailea:

Kategoria (seniorra-juniorra-gaztea-kadetea-haurra-kimua):

Parte-hartzaile kopurua:

Kirol emaitzak

Beste datu interesgarri batzuk:

Diru-laguntza zein jardueratarako eskatu den, horren diru-sarrerak eta gastuak frogatzeko kontua

-Jardueraren gastuak:

Parte hartzeko kuotak:

Langileen gastuak:

Joan-etorriak, ostatua eta mantenua:

Azpiegitura eta materiala:

Bestelako gastuak:

Gastuak, guztira: euro

-Jardueraren diru-sarrerak:

Babesleak:

Diru-laguntza publikoak:

Beste kontzeptu batzuk:

Diru-sarrerak, guztira: euro

Balantze ekonomikoa:

Gastuak

-

Diru-sarrerak

=

Defizita

....................

....................

....................

-Nire erantzukizunpean adierazten dut zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak eguneratuak ditudala.

-Ziurtatzen dut adierazi diren gastu eta diru-sarrerak proiektu edo jarduera honetarako eskatu eta beste erakunde batzuek eman dituzten guzti-guztiak direla.

-5.2 oinarriaren f) letran ezarritakoaren ondorioetarako, adierazten dut hornitzaileak eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu direla, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipamendu ondasunez hornitu edo zerbitzuak ematen dituztenean.

.............(e)n, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an.
(Sinadura) (Klubaren zigilua) (Sinadura)

Izen-deiturak

Izen-deiturak

Klubeko burua

Klubeko idazkaria edo diruzaina

-Diru-laguntza eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak:

Eskaera inprimakia, behar bezala betea. Nafarroako Kirolaren Institutuan eskuratzen ahal da inprimaki hori.

NANaren edo IFKren fotokopia.

Federazioko lizentziaren fotokopia.

Kasuan kasuko Nafarroako federazioaren ziurtagiria.

Ordezkapen konpromisoaren onarpena (zenbait eskatzaile).

Banku-helbideratzea, hala behar izanez gero.

-Jarduera bukatu ondoren aurkeztu beharreko dokumentazio osagarria:

  • Inprimakia, behar bezala betea. Nafarroako Kirolaren Institutuan eskuratzen ahalko da.
  • Gastu guztien zerrenda izenduna, kontabilitateko idazpena, kontzeptua, aplikazioa eta zenbatekoa zehaztuta.
  • Jatorrizko fakturak eta horien fotokopiak. Haien zenbatekoa defizitarena bera edo handiagoa izanen da.
  • Publizitate euskarriak.
  • Interesgarritzat jotzen diren bestelako agiriak.

-Laguntza jaso dezaketen jarduerak:

  • Kirol arloko edo kirolari aplikatutako zientzien arloko prestakuntza edo zabalkunde proiektuak, gizartean eta kirol munduan oihartzuna dutenak, egitea.
  • Nafarroako Kirolaren Institutuaren iritziz interesgarriak diren nazioarteko kirol jarduera ez ofizialetan parte hartzea.
  • Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioko kide diren kirolariak 7.500 metrotik gorako gailurretara igotzeko mendi espedizioak eta beste mendi proiektu batzuk, Nafarroako Kirolaren Institutuak interes handikotzat jotzen dituenak.
  • Nafarroan Espainiako Federazio baten delegatua duten modalitateetako kirol jarduerak, horien helburua delako kirola Nafarroan bultzatzea bada.
  • Antzeko beste jarduera batzuk, kirolaren arloan bereziak edo apartekoak direnak eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren eginkizunei lotuta daudenak, baina erakunde publiko horren beste deialdi batzuetan ezin sar daitezkeenak.
  • Deialdiko 3. oinarrian ezarritakoari jarraikiz laguntzen onuradun izan daitezkeen entitateek eta Nafarroako Kirolaren Institutuak sinaturiko hitzarmenetan agertzen diren kirol jarduerak.

-Ebazpena emateko arau orokorrak:

Oro har, eskaerak lau hilabeteko epean ebatziko dira, jarduera justifikatzeko epea bukatzen denetik hasita.

Telefonoak eta helbideak: 848 42-78-27 eta 848-42-78-91. Arrieta kalea, 25 behea, 31002 Iruña.

Iragarkiaren kodea: F1110305