122. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALLIN

Ordenantza, mugikortasun murriztua dutenenei aparkatzeko txartela ematea arautzen duena. Behin betiko onespena

Allingo Udalak, 2011ko martxoaren 2an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Mugikortasun murriztua dutenenei aparkatzeko txartela ematea eta txartel hori Europar Batasuneko eredura egokitzea arautzen dituena.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluaren aginduei jarraikiz, erabaki hori 2011ko 59. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 25ean, baita Allingo Udalaren iragarki oholean ikusgai jarri ere, eta espedientea 30 egunean egon da jendaurrean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325.1c) artikuluko aginduen ondorioz, ordenantza behin betikoz onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Argitara ematen da aipatu agindua betez, eta ohartarazten ezen honako erabaki honen aurka -xedapen administratiboa baita- ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.3 artikuluari jarraikiz. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salari zuzenean aurkeztuta, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Amillaon, 2011ko ekainaren 9an.-Alkate udalburua, María Ascensión Gárriz Ripa.

ALDAKETA, MUGIKORTASUN MURRIZTUA DUTENEI APARKATZEKO TXARTELA EMATEA ETA TXARTEL HORI EUROPAR BATASUNEKO EREDURA EGOKITZEA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZAN

ZIOEN AZALPENA

Botere publikoei dagokie inguruabar zehatzak sustatzea, norbanakoaren eta berak osatzen dituen taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eragingarriak izan daitezen; oztopoak kentzea, norbanako edo talde haien osotasuna eragotzi edo zailtzen badute; eta herritar guztien parte-hartzea erraztea, bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialean.

Konstituzioaren agindu honetan (Espainiako Konstituzioaren 9.2 artikulua, testu beraren 10, 14 eta 49. artikuluei dagokienez) biltzen da, argi eta zuzen bildu ere, herritar guztiendako oztoporik gabeko esparru bat lortzeko jarduera publiko guztiak berezko duen xedea, alegia, guztiendako bizi kalitate duinaren berme egiazko eta benetakoa. Halaxe adierazten da gure Karte Handiaren atarian eta halaxe garatzen Lehen Tituluan; bata nahiz bertzea legearen alderdi dogmatikoaren osagai dira, horrek dakarren funtsezko garrantziarekin.

Une horretatik aitzina handia izan da administrazio publiko guztiek ikuspegi ezberdinetatik egin duten ahalegina, baldintza egokiak sortzeko desgaitasuna dutenek herriko ekonomia, gizarte eta kultur bizian gainerako herritarren hein berean parte hartzeko behar dituzten berme osagarriak garatu beharrez.

Hartara, ikuspegi arauemaile batetik, 1982ko martxoaren 23an orduko Gorte Nagusiek Minusbaliatuak Gizarteratzeko 13/1982 Legea onetsi zuten; lege ingurumari garrantzitsu horren osagarria izan da, berrikitan, Ezgaitasuna duten pertsonen aukera berdintasunari, bereizkeria ezari eta irisgarritasun unibertsalari buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legea. Hartan agertzen diren bi kontzeptu hauen inguruan ardazten dira gai honi buruzko gaur egungo berrikuntzak: bata, bizimodu beregaina, pertsona hauek komunitatean modu aktiboan parte har dezaten; eta bertzea, ororen irisgarritasuna, erran nahi baita, inguruek, produktuek eta zerbitzuek bete behar duten baldintza, jende guztiarendako ulergarri, erabilgarri eta egingarri izan daitezen.

Ildo berean, Europako Batasunak, bera eratu zuen Itunaren 13. artikulua garatuz, hainbat zuzentarau eman ditu -hala nola 2000/78/CE eta 2002/73/CE- funtsean guztiendako tratu berdintasunaren mesede.

Espainiako Konstituzioak, bere 49. artikuluan, eta pertsona hauetaz ari denean, botere publikoei agintzen die eman diezaieten behar duten arreta espezializatua eta eskubideak erabiltzeko babes berezia.

Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna onesten duen martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren 7. artikuluak aditzera ematen du zein diren, lege honi dagokionez, udalerrien eskuetan uzten diren eskumenak; zehatz-mehatz, hala dio haren b) atalak: "Zirkulazioko Udal Ordenantzen bidez, herri barruko bideetako erabilpenak arautu behar dituzte, eta hiru puntu ezkondu ondo: berdin banatu behar dituzte erabiltzaile guztien artean aparkalekuak; ibilgailuen trafikoa nahitaez erraza izan behar da, betiere oinezkoak kaleetatik ibili ahal izateko moduan, eta aparkaldi mugaturako neurriak ere ezarri behar dituzte, aparkaldiak txandaka egingo direla bermatzeko. Gainera, bereziki erreparatuko diete ibilgailuak erabiltzen dituzten mugikortasun urriko ezinduen beharrei, horien gizarteratzea errazteko."

Minusbaliatuak Gizarteratzeko apirilaren 7ko 13/1982 Legeak 60. artikuluan dioenez, udalek neurri egokiak hartu beharko dituzte mugitzeko arazo larriak dituzten elbarriek ibilgailua aparkatzeko erraztasuna izan dezaten, eta agerian da lege hori tresna eraginkorra dela gizartean eta lanean integratzeko, garraio publikoa erabiltzeko mugikortasun arazo larriak dituen jende askori espazio eta zerbitzu komunitarioak eskura jartzen dizkielako haietara ibilgailu partikularretan, zein bere kabuz, iristen direnean, eta ailegatzen diren tokian aparkatzeko txartelaren ondoriozko abantailen onura hartzen dutela.

Irizpide bera du Europar Batasuneko Kontseiluak; izan ere, desgaitasuna dutenendako aukera berdintasuna aipatzen duenean bidezkotzat jotzen du mugikortasun murriztuko pertsona guztientzat neurri gehigarri zehatz batzuk izatea haien integrazioa, lanean zein gizartean, laguntzeko. Hori dela eta, bidezkoa iruditzen zaio Europa osorako ekimen bateratua bideratzea desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak emateko, haien zirkulazio librea bulkatu beharrez.

ATARIKO TITULUA

Europar Batasuneko Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an gomendio bat onetsi zuen Estatu kideentzat, desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartela sortu beharrez. Estatu kide guztiek elkarri onartutako eredu europar bakar baten araberakoa izan behar du, txartelen titularrek Europa guztian izan ditzaten aparkatzeko erraztasunak, zein herrialdetan dagoen pertsona hori, nazio hartako arauei jarraituz.

Allingo Udalak, sentiberatasuna erakusten ari baita aspalditik arazo honi dagokionez, txartelak ematen dizkie munusbalioa dutenei, eremu guztietan aparkatu ahal izateko, betiere ibilgailuen nahiz oinezkoen trafikoari traba egiten ez badiote; hain zuzen ere, horiek araudi berrira egokitu beharrak ekarri du ordenantza hau.

Guztiok ezagutzen dugu aparkatzearen arazoa, bai udalerri honetan bai gainerako hiri handi zein tartekoetan. Hortaz, kontuan hartu beharko dira zenbait faktore baimen horiek emateko tenorean, bateragarriak izan daitezen ezgaitasuna dutenen eskubidea, joan behar diren tokitik hurbil aparkatzekoa, eta tokiko administrazioaren betebeharra, aparkatzeko toki mugatuak zuzen eta koherentziaz kudeatzeko.

1. artikulua. Lurralde eremua.

Ordenantza hau Allingo udal mugape guztian aplikatuko da; bertan arautzen dira desgaitasuna dutenek aparkatzeko txartela erdiesteko egin behar diren tramiteak, baita horiek aparkatzeko jarri diren espazioak erabiltzeko baldintzak ere.

Era berean, Europar Batasuneko gainerako administrazioek desgaitasuna izanik mugikortasuna murriztua dutenei emandako aparkatze txartelak erabiltzeko eskubidea aitortu da Allingo Udalaren lurralde eremuan.

2. artikulua. Xedea.

Xedea du mugikortasun arazo larriak dituzten minusbaliatuen autoak aparkatzea errazteko behar diren jarduketak agintzea.

Horrez gain, bertze helburu batzuk dira mugikortasun murriztua duten pertsonen joan-etorriak erraztea, baimendurik-eta erabiltzen dituzten ibilgailuak leku debekatuetan aparkatzea, zirkulazioari oztopo larririk eragiten ez badiote; mugikortasun murriztua duten pertsonendako aparkatzeko tokien sorrera, eta beraiek aparkatzeko toki erreserbatuak arautzea; eta desgaitasuna dutenek gidatzen dituzten ibilgailuak, edo beraiek eramaten dituztenak, aparkatzeko txartelen erabilera eta horiek emateko prozedura arautzea eta Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an eman gomendioaren bidez Batasunerako onetsitako eredura egokitzea.

3. artikulua. Aparkatzeko txartelen kontzesioa. Eskumena.

Alkate udalburuari eskumena dagokio aparkatzeko txartela emateko eta gai honen gaineko zehapen ahalmena erabiltzeko.

4. artikulua. Mugikortasun murriztua dutenek aparkatzeko erreserba berezien sorrera.

Mugikortasun murriztua duten pertsonek erabiltzeko dituzten ibilgailuak aparkatzeko erreserba bereziak sortzen ahalko dira, aparkatzeko txartela berezia badute, eta honako inguruabar hauek kontuan harturik:

5. artikulua. Eskubidearen titularrak.

Ezgaitasuna eta mugikortasun murriztua dutenek aparkatzeko txartela eskuratu eta erabiltzeko eskubidearen titular izateko, Allingo udalerrian bizi beharko dute edo lanpostua bertan izan, eta mugikortasunean ondorio larria eragiten dien akats fisikoa izan. Eta, horrez gain, %33 baino gehiagoko elbarritasuna beharko dute izan.

Ordenantza honi dagokionez, mugikortasun murriztutzat jotzen da mugitzeko zailtasuna edo ezintasuna izatea garraio kolektiboak erabiltzeko; Balorazio Unitateko erakunde eskudunak emandako ziurtagirian agertu beharko da minusbaliotasunaren gradua.

6. artikulua. Aparkatzeko txartelaren ezaugarriak eta hura erabiltzeko baldintzak.

Europar Batasunaren erabakian zehazturik daude aparkatzeko txartelen ezaugarriak.

Aparkatzeko txartela erabiltzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

6.1. Txartela norberarena baino ez da; erabiltzeko, titularra eraman beharko da ibilgailuan edo mugikortasun murriztuko titularrak berak gidatu beharko du.

6.2. Txartela aitzineko haizetakoan paratu beharko da, haren aurreko aldea ibilgailuaren kanpotik irakurtzeko maneran dela. Agintari eskudunak edo agenteek eskatuz gero, azter dezaten utziko zaie.

7. artikulua. Txartela eskuratzeko baldintzak.

Aparkatzeko txartela eskuratzeko, behar den eskaera egiteaz gain, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Allingo Udalean erroldatuta egotea.

b) Minusbaliatua dela egiaztatzen duen nahitaezko ebazpena izatea, behar den erakundeak luzatua.

c) Mugikortasun murriztua: garraio kolektiboa erabiltzeko zailtasuna edo ezintasuna zehazten duen baremoa agertuko da minusbaliatutasunaren ziurtagirian. Beharrezkoa izanen da baremo hori positiboa izatea eta A, B edo C kategorietan sailkaturik egotea edo gutienez ere 7 puntu izatea.

8. artikulua. Aparkatzeko txartela emateko prozedura.

8.1.-Administrazio Zerbitzuaren eta alkatearen lana izanen da txartela emateko prozedura ireki eta tramitatzea.

8.2.-Eskaera.

A) Webgunearen bidez edo Allingo Udaleko Herritarrarendako Harrera Bulegoan eskuratzen ahalko da eskaeraren inprimaki normalizatua. Hura betetakoan bulego horretan aurkeztu beharko da, eskatzen diren agirien kopia behar bezala eginbidetuekin batera.

Titularrak berak edo bere legezko ordezkariak eskatzen ahal du. Ordenantza honen 7. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituen norbait izanen da beti txartelaren titularra.

B) Honako hau da eskaerarekin bat aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Eskatzailearen NANaren fotokopia (minusbalioa duen pertsona).

b) Legezko ordezkaria izatera, horren frogagiria eta haren NANaren fotokopia.

c) Eskubidearen titularraren bi argazki, berrikitakoak eta nortasun agirikoaren tamainakoak.

d) Minusbaliatua dela egiaztatzen duen ebazpenaren fotokopia.

e) Udal mugapean bizi dela edo lantokia bertan duela egiaztatzen duen agiria.

f) Ibilgailuaren dokumentazioa: gidabaimenaren fotokopia eta IATaren txartelarena.

g) Eskatzailearen gidabaimena, indarrean izanez gero.

8.3.-Aurkeztutako dokumentazioa azterturik, Administrazio Zerbitzuak edo Idazkaritzak ebazpen proposamena aurkeztuko dio aparkatzeko txartela emateko eskumena duen organoari, gehienez ere hilabetez aurkeztu ere aparkatzeko txartelaren eskaerari Udaleko erregistroan sarrera eman zaionez geroztik.

8.4.-Aparkatzeko txartela onarturik, titularrari aurkeztuko zaio sina dezan; gero, Udalak plastifikatu eta interesdunaren edo haren ordezkariaren eskutan utziko du.

8.5.-Txartelarekin batean, Udalak hura erabiltzeko baldintzen laburpena utziko du eskatzailearen eskutan.

9. artikulua. Balioaldia.

Txartelaren baioaldia bertan zehaztuko da; titularraren adina zein den eta mugikortasunaren gaineko irizpenak ezarritako baldintzak zein diren, horren araberakoa izanen da.

Titularra 18 urtetik beheitikoa bada, balioaldia 2 urtekoa izanen da. Alabaina, mugikortasun murriztuaz irizpenean ezarritako iraunaldia txikiagoa bada, hartara egokituko da balioaldia.

Txartelaren titularrak 18 urtetik 65 urte bitarte baditu, 5 urteko balioa izanen du.

Titularrak 65 urtetik goiti baditu, txartelaren balioaldia 10 urte izanen da.

Mugikortasun murriztua aldi baterakoa bada, titularraren adina edozein izanik ere, noiz arteko ezintasuna duen, ordu arteko balioa izanen du.

10. artikulua. Txartelaren berritzea.

1.-Iraungi baino hiru hilabete lehenago egin beharko du eskaera interesdunak, epea bukatzen den egunean txartel berria eskuratu ahal izateko.

2.-Berritzeko eskabidea ordenantza honen 8.2 artikuluan xedatuari jarraikiz eginen da.

3.-Aurkeztutako dokumentazioa azterturik, Udal Bulegoak txartel berria emanen dio titularrari, zaharra utzita.

4.-Txartel berriak zaharraren zenbaki bera izanen du.

5. Txartela ebatsi, hondatu edo galduz gero, berria atera beharko da. Ebatsiz gero, interesdunak salaketaren frogagiria aurkeztu beharko du. Hondatuz gero, interesdunak txartel hondatua aurkeztu beharko du. Udal bulegoak txartel zaharraren iraungitze data berarekin luzatuko du berria.

6. Orobat berrituko da ibilgailuaren titulartasaren kasuetan edo hura aldatzen denean.

11. artikulua. Zenbatekoa.

Txartela doakoa izanen da eskatzailearendako.

12. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Ordenantza honek ezarritakoari kontra egiten dioten eginak eta ez eginak arau-hauste izanen dira eta behar bezala zehatuko dira.

Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

Egindako arau-hausteak delitu edo hutsegite itxura badu, horren berri emanen zaio Fiskaltzari, ekintza penalik abiarazi behar ote den.

Aparkatzeko txartela behar ez bezala erabiltzeak hura kentzea ekartzen ahalko du, legozkeen erantzukizun administratibo, zibil edo penalak batere ukatu gabe.

12.1.-Arau-hauste arinak.

Hauek izanen dira arau-hauste arinak:

1.-Txartela osoki ikusteko maneran ez paratzea.

2.-Txartelean paperen bat edo bertze zeren bat paratzea, haren daturen bat ezkutatzen duena.

3.-Herri honen barnean bizilekua aldatuz gero, horren berri ez ematea horretarako ezarritako epean.

4.-Ibilgailua aparkatzeko toki batean utzi, hala etorkikoa nola helmugakoa, eta 96 orduko epean handik ez mugitzea.

5.-Ordenantza honetako bertze edozein arau-hauste, larria edo oso larria ez bada.

12.2.-Arau-hauste larriak.

Hauek izanen dira arau-hauste larriak:

1.-Titularra ez den bertze norbaiti txartela lagatzea, mailegatzea edo uztea.

2.-Mugikortasunean hobekuntzarik izanez gero, horren berri ez ematea horretarako ezarritako epean.

3.-Txartela ez itzultzea, horretarako errekerimendua egin bazaio.

4.-Minusbaliatuen aparkatzeko txartela erabiltzea, haren titularra izan gabe.

5.-Izatez nahiz zuzenbidez bizilekua aldatuz gero herri honetatik kanpora, horren berri ez ematea horretarako ezarritako epean.

6.-Txartela erabiltzea indarra galdu duenetik hiru hilabete baino gehiago iraganik. Halakoetan, udaltzainek txartela kentzen ahalko diote badaezpadako neurri gisa, harik eta titularrak frogatzen duen arte ezin izan duela epearen barnean berritu.

7.-Urtean hiru arau-hauste arin egitea.

12.3.-Arau-hauste oso larriak.

Hauek izanen dira arau-hauste oso larriak:

1.-Txartel faltsutu eta/edo manipulatu bat erabiltzea, hortik etor daitezkeen erantzukizun penalez aparte.

2.-Bi urtean hiru arau-hauste larri egitea.

12.4.-Arau-hausteen preskripzioa.

Arau-hauste arinak hiru hilabetean preskribatuko dira, larriak sei hilabetean eta oso larriak urtebetean.

Preskripzio epea egitateak gertatzen diren egunetik hasten da kontatzen.

Preskripzioa etenen da administrazioaren edozein jarduketagatik, salatuak horren berri badu edo salatua nor den edo non bizi den jakitea helburua badu eta, zein dependentziatan sortzen den, hortik kanpoko proiekzioarekin egiten bada. Orobat etenen da preskripzioa, horren jakinarazpena egiten badu agintaritzaren agente batek.

Preskripzioak jarraipena izanen du prozedura hilabete baino gehiago geldiarazten bada, salatuari egozten ahal ez zaizkion arrazoiengatik.

12.5.-Zehapenak.

Arau-hauste arin bat egiteagatik, zehapena 100 euroko isuna izanen da.

Arau-hauste larri bat egiteagatik, zehapena 200 euroko isuna izanen da. Halaber, txartela hiru hilabetez kentzea ekartzen ahalko du.

Arau-hauste oso larri bat egiteagatik, zehapena 1.000 eurorainoko isuna izanen da, eta zehatuek txartel berria eskatu beharko dute.

Garabiak eramaten ahalko ditu leku erreserbatu batean aparkaturik dauden ibilgailuak, aparkatzeko txartelik ikusgai ez badute edo txartelaren datu guztiak ikusteko maneran ez badaude. Ibilgailua altxatokitik eramateko, aitzinetik behar den tasa ordaindu beharko da ibilgailua kendu, egon eta gordetzeagatik; tasa horrek ez du inondik ere zehapen izaerarik.

12.6.-Zehapenen graduazioa.

Zehapenen zenbatekoa honen araberakoa izanen da: egitatearen larritasuna eta garrantzia, arau-hausleak gai horretan dituen aurrekariak edo behin baino gehiagotan egin ote duen, zuzenean nahiz zeharka egin duen kaltea, eta proportzionaltasun irizpidea.

Salaketa egiten duen udaltzainak emanen du salatzen diren egitateen eta horren inguruko xehetasunen berri, zehapena behar bezala mailakatzeko.

12.7.-Zehapenen preskripzioa.

Zehapenen preskripzio epea urtebete izanen da, dagokion zehapena ezartzeko ebazpena irmo bilakatu eta biharamunetik hasita.

Interesduna jakinaren gainean egonik betearazpen prozedura hasteak preskripzioa etenen du eta berriz ere epea iraganen da, prozedura hilabete baino gehiago geldiarazten bada, salatuari egozten ahal ez zaizkion arrazoiengatik.

13. artikulua. Zehapen prozedura.

Alkate udalburuak ezarriko ditu zehapenak, kontuan harturik ordenantza honetan ezarritakoa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio prozedura Erkideari buruzko Legean zehapen prozeduraz agertzen diren arauak, haietaz gero egin diren aldaketak eta haien erregelamenduzko garapena.

Prozedura hasi zenetik urtebete iragan eta ez bada zehatzen duen ebazpenik eman, hura iraungi eginen da eta jarduketak artxibatuko ditu ebazpena emateko organo eskudunak, edozein interesdunek eskatuta edo ofizioz.

Prozedura geldiarazten bada jurisdikzio penalak egitateen berri izateagatik, iraungitze epea eten eginen da, eta berriz ere hasiko da bertze urbeteko iraungitze epea ebazpen judizialaren organo eskudunari jakinarazi ondoan.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Ordenantza hau aplikatuko zaie elbarriek aparkatzeko txartelak emateko prozedurei, indarra hartu aitzin abiatu badira ere.

Era berean, lehendik emandako txartelak, ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, deuseztatu eginen dira, eta horren berri emanen zaie titularrari, behar diren ondorioetarako.

Gaur egun "Ezgaitasuna dutenendako aparkatze txartela" dutenak, ordenantzan xedatutakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENA

Indarra hartzea

Behin betikoz onetsi ondoan, ordenantza honek Nafarroako Aldizkari ofizialean osorik argitaratu eta hamabortz egunera hartuko du indarra, eta indarrean iraunen du harik eta Udalak osoko bilkuran espresuki indargabetzen duen arte.

Iragarkiaren kodea: L1110370