122. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

218/2011 EBAZPENA, maiatzaren 25ekoa, Kulturako zuzendari nagusiak emana, Erronkariko Julián Gayarre museo-etxea bilduma museografiko iraunkor gisa aitortzen duena, aldi baterako, Museoei eta Nafarroako Bilduma Museografiko Iraunkorrei buruzko uztailaren 2ko 10/2009 Foru Legearen arabera.

Museoei eta Nafarroako Bilduma Museografiko Iraunkorrei buruzko uztailaren 2ko 10/2009 Foru Legearen 16. artikuluak Nafarroako museoen eta bilduma museografiko iraunkorren aitorpena arautzen du, eta 15. artikuluak, berriz, bilduma museografiko iraunkor gisa aitortua izateko betebeharrak ezartzen ditu.

16.1 artikuluak ezartzen du bilduma museografiko iraunkorraren titularrak berak egin behar duela aitorpena lortzeko eskaera. Julián Gayarre museo-etxearen kasuan, Erronkariko alkate eta Julián Gayarre Fundazioko Batzorde Betearazleko buruak, Agapito Boj Gárate jaunak, hura ordezkatuz, aipatutako aitorpena eskatu zuen 2011ko urtarrilaren 13an.

2011ko martxoaren 18an, legeak eskatutako dokumentu osagarri batzuk igortzeko eskatu zitzaion.

Museoei eta Nafarroako Bilduma Museografiko Iraunkorrei buruzko Foru Legearen 16.3 artikuluak ezartzen du aitorpena betebeharrak betetzen diren egiaztatu eta Nafarroako Kulturaren Kontseiluaren txostena ikusi ondoren emanen dela.

Nafarroako Kulturaren Kontseiluko Arte Plastikoen Batzordeak, 2011ko maiatzaren 19an bildurik, Erronkariko Julián Gayarre museo-etxea bilduma museografiko iraunkor gisa aitortzearen aldeko txostena eman zuen.

Museoen Zerbitzuak eman duen aldeko txostena ikusirik.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretuak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Erronkariko Julián Gayarre museo-etxea bilduma museografiko iraunkor gisa aitortzea, aldi baterako, Museoei eta Nafarroako Bilduma Museografiko Iraunkorrei buruzko uztailaren 2ko 10/2009 Foru Legearen lehen xedapen iragankorraren arabera.

2. Erronkariko Julián Gayarre museo-etxea Nafarroako Museoen Erregistroan inskribatzea, datu hauekin:

-Kodea: Cc4.

-Izena: Julián Gayarre museo-etxea.

-Egoitza: Arana kalea, 38. zenbakia, 31415 Erronkari.

-Helburuak eta irizpide zientifikoak: Erronkariko Julián Gayarre museo-etxearen helburu nagusiak honako hauek dira: Julián Gayarreren kultura herentziak osatzen duen ondarea kontserbatu, babestu eta zaintzea, bai eta ondare horri dohaintzen, erosketen, berreskuratzeen edo inbertsio berrien bidez gehitzen zaizkion bestelako ondasunak oro ere; hura babestu, zabaldu eta ezagutarazteko ekintzak eta programak betetzeaz arduratzea, fundazioaren funts artistiko eta dokumentalen azterlan eta ikerlanak errazte aldera; eta Julián Gayarre gogoan izateko ekimenak eta omenaldiak sustatzea.

-Titularra eta kudeatzeko erakundea: Julián Gayarre Fundazioa.

-Oinarrizko antolaketa eta museoak dituen zerbitzuak: gaur egun, Julián Gayarre museo-etxeak langile bat du. Zerbitzu hauek eskaintzen ditu: erakusketa iraunkorra, bisita gidatuak, denda txikia eta web orria.

3. Julián Gayarre museo-etxea aldi baterako bilduma museografiko iraunkor gisa aitortzen dela argitara ematea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

4. Ebazpen hau Museoen Zerbitzura, Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Julián Gayarre Fundaziora igortzea.

Iruñean, 2011ko maiatzaren 25ean.-Kulturako zuzendari nagusia, Pedro Luis Lozano Úriz.

Iragarkiaren kodea: F1109568