122. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

186/2011 FORU AGINDUA, ekainaren 2koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, mendekotasuna duten pertsonentzako laguntza teknikoen eta mugikortasunerako laguntzen deialdia onesten duena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluak ezartzen duenez, botere publikoen jarduketek funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste, gizarte zerbitzuen arloan: pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, partaidetza eta integrazioa bultzatzea gizartean, politikan, ekonomian, lan arloan, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena bultzatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartzea eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Gainera, xedatzen du Gizarte Zerbitzuen Zorroan ezarriko direla gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak.

Agindu hori Nafarroako Foru Komunitateak gizarte laguntzaren arloan duen eskumen esklusiboaren arabera eman zen. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.17 eta 44.18 artikuluekin lotu behar da, horiek ematen baitiote Foru Komunitateari desgaitasunak dituzten pertsonen eta hirugarren adineko pertsonen arloetako eskumen esklusiboa, baita Espainiako Konstituzioaren 49. eta 50. artikuluekin ere, horien arabera, botere publikoek urritu fisiko, zentzumenezko eta psikikoak tratatu, bizkortu, integratu eta haien arazoei aurrea hartzeko politika egiten baitute, bai eta hirugarren adineko pertsonen ongizatea sustatzeko politika ere, beren berariazko arazoez arduratuko diren gizarte zerbitzuen sistema baten bitartez.

Mendekotasunari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen hirugarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, automomia erkidegoek berariazko akordioak egiten ahalko dituzte diru-laguntzak emateko, aurrekontuetan duten diruaren arabera, autonomia pertsonala bultzatzeko. Laguntza horiek diru-laguntzak izanen dira, eta eguneroko bizitzan ongi moldatzeko laguntza teknikoetarako edo tresnetarako emanen dira, bai eta etxean irisgarritasuna erraztu eta egokitzapenak egiteko ere, etxe barnean hobeki ibili ahal izateko.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du, haiek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen direnean onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko.

Irailaren 10eko 184/2007 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Mendekotasun Agentziaren estatutuak onetsi ziren eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.

Espedienteari lotutako txosten teknikoak eta juridikoak ikusita, agerian daude deialdi hau onestearen egokitasuna eta onura publikoa, baita haren nahiz oinarri arautzaileen legezkotasuna ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,

AGINDU DUT:

1. Mendekotasuna duten pertsonentzako laguntza teknikoen eta mugikortasunerako laguntzen deialdia arautzen duen foru agindu honen I. eranskineko oinarriak onestea.

2. 200.000 euroko gastua baimentzea, 2011ko gastuen aurrekontuko "Mendekotasuna duten pertsonentzako laguntza teknikoak eta mugikortasunerako laguntzak" izeneko 920005-91810-4809-231003 kontu-sailaren kargura.

3. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Mendekotasun Agentziako Programen Atalera, baita Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen Kudeaketarako Atalera ere, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko ekainaren 2an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

I. ERANSKINA

Mendekotasuna duten pertsonentzako laguntza teknikoen
eta mugikortasunerako laguntzen deialdiko oinarri arautzaileak

1. Xedea eta modalitateak.

1.1. Xedea.

Deialdi honen xedea da mendekotasuna duten pertsonei, bizilekua Nafarroan badute, diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea. Diru-laguntza horiek laguntzarako produktuak erosteko eta etxean irisgarritasun eta egokitzapenerako obrak egiteko izanen dira, horrela autonomia pertsonala bultzatu eta mendekotasunari aurrea hartzeko, Gizarte Gaien esparruan.

1.2. Modalitateak.

a) Laguntzarako produktuak, mendekotasuna duten pertsonek eguneroko bizitzako zereginak autonomiaz egin ahal izateko.

b) Etxean irisgarritasun eta egokitzapeneko obrak egiteko laguntzak, mendekotasuna duten pertsonek eguneroko bizitzako zereginak autonomiaz hobeki egin ahal izateko eta pertsona horientzako zainketa pertsonalak errazago egin ahal izateko.

1.3. Tipologia.

Emanen diren laguntzak autonomia pertsonala sustatzera eta mendekotasunari aurrea hartzera bideratuko dira, mendekotasuna duten pertsonen Gizarte Gaien esparruan, eta tipologia hauetakoren batean kokatuko dira:

-Zainketa eta babes pertsonala errazten duten produktuak; besteak beste, ortesiak, protesiak, ohe elektrikoa, eskaren kontrako lastairak, segurtasun sistemak, dutxa/bainu egokigailuak eta antzeko beste produktu batzuk.

-Komunikazioa eta informazioa errazten duten produktuak; besteak beste, gorren entzungailuak, pertsonen arteko komunikaziorako gailuak, alarmak eta antzeko beste produktu batzuk.

-Objektuak eta gailuak erabiltzen laguntzen duten produktuak; besteak beste, mahai-tresna egokituak, irekigailuak, matxardak, finkagailuak eta antzeko beste produktu batzuk.

-Norberari mugitzen laguntzeko produktuak; besteak beste, garabiak, gurpil aulkiak, triziklo terapeutikoak eta antzeko beste produktu batzuk.

-Etxebizitza egokitzea; besteak beste, bainugelak egokitzea, ateak zabaltzea eta antzeko beste produktu batzuk.

-Oztopo arkitektonikoak kentzea; besteak beste, arrapalak eta plataformak, beldar aulkiak, eskailera-igogailuak eta beste produktu batzuk.

2. Aurrekontu erabilgarria.

Laguntza horietarako aurrekontua 200.000 eurokoa izanen da guztira, 2011ko gastuen aurrekontuko "Mendekotasuna duten pertsonentzako laguntza teknikoak eta mugikortasunerako laguntzak" izeneko 920005-91810-4809-231003 kontu-sailaren kargura.

3. Baldintzak.

Laguntzak jaso ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte eskatzaileek:

a) Mendekotasun egoera onartua izatea kasuan kasuko ebazpenaren bidez.

b) Laguntza eskatu aurreko bi urteetan Nafarroan egiazki eta jarraian bizi izan dela frogatzea.

c) Eskatu diren laguntzarako produktuak edo etxeko irisgarritasun eta/edo egokitzapenerako obrak beharrezkoak direla berrestea Osasun arloko edo Gizarte Zerbitzuetako langile eskudunak egindako txostenaren bitartez, eta laguntzari egokitzeari buruzko txosten teknikoaren bitartez (mendekotasun egoera baloratzeko talde teknikoak egina).

d) Azken lau urteotan Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren edo beste entitate publiko edo pribatu batzuen diru-laguntzarik jaso ez izana kontzeptu bererako.

e) Zerga arloko betebeharrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea.

f) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako gainerako debekuak urratu ez izatea.

Eskabidea aurkezten den egunean bete beharko dituzte aipatu baldintzak interesdunek.

4. Eskabideak aurkeztea.

4.1. Eskaerak non eta noiz aurkeztu.

Pertsona interesdunek eskabidea aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu den eredua erabiliz. Eredua Nafarroako Mendekotasun Agentziaren bulego nagusietan (González Tablas, 7) eta erakunde beraren web gunean eskuratzen ahalko da.

Eskabideak aurkezteko epea foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasi eta 2011ko abuztuaren 31n bukatuko da.

Eskaerak Nafarroako Mendekotasun Agentziaren Erregistroan (González Tablas, 7; 31005 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako edozeinetan aurkezten ahalko dira.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta araudian ezarritako gainerako zehaztapenak adieraz daitezen.

Diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi honetako oinarriak onartzea.

4.2. Aurkeztu beharreko agiriak.

a) Eredu ofizialean aurkeztutako eskabidea, eskatzaileak edo bere ordezkariak, halakorik badu, sinatua.

b) Laguntzaren titularraren edo/eta haren ordezkariaren Nortasun Agiri Nazionalaren kopia, bai eta familia unitateko gainerako kideena ere.

c) Erroldako ziurtagiria, antzinatasuna azaltzen duena.

d) Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren txostena, bizilekuari dagokiona.

e) Osasun arloko edo Gizarte Zerbitzuetako langilearen txosten teknikoa, eskatutako produktua beharrezkoa den zehaztuko duena.

f) Azken urteotan entitate publikoei eta/edo pribatuei kontzeptu bererako eskatutako eta/edo haiek emandako diru-laguntzei buruzko zinpeko aitorpena. Laguntzak eman edo ukatzeko ebazpenen kopia ere aurkeztu beharko da zinpeko aitorpenarekin batera.

g) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan diru-laguntzen onuraduna izateko aipatutako gainerako debeku egoeretan ez egoteari buruzko zinpeko aitorpena.

h) Faktura, ordainketa data 2010eko abuztuaren 1aren eta 2011ko uztailaren 31ren artean duena. Ez dute fakturarik aurkeztu beharko departamentu honetan lehenago aurkeztu dutenak, laguntzak hauek berak emateko. Halakoetan, berariaz adierazi beharko dute diru-laguntzarako eskabidean.

i) Diru-sarreren zinpeko aitorpena, kontzeptuz kontzeptu emana, bai laguntzaren titularrarena eta bai familia unitateko gainerako kideena.

j) Diru-laguntza transferentzia bidez jasotzeko eskaera.

4.3. Eskaeraren akatsak zuzentzea.

Eskabidearekin batera aginduzko dokumentuak aurkeztu ezean, instrukzio organoak interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala, eta adieraziko dio horrela egin ezik haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 71. artikuluan ezarri bezala.

5. Antolaketa, instrukzioa eta ebazpena.

Programen Atalari dagokio prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak gauzatzea. Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzaileak izanen du kontzesio prozedura ebazteko eskumena.

6. Laguntzak emateko prozedura. Balorazio irizpideak.

6.1. Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedaturikoarekin bat.

6.2. Aurkezteko epea bukaturik, espedienteak ordenatu eginen dira balorazio irizpide hauen arabera:

a) Faktura egin zeneko eguna. Lehentasuna emanen zaie data zaharrena duten fakturen espedienteei.

b) Data bereko faktura duten espedienteak izanez gero, urteko per capita errenta txikiena duen eskatzaileari emanen zaio lehentasuna, deialdi honen 7.2 b) oinarrian aurreikusitako irizpideei jarraituz.

6.3. Aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean emanen dira laguntzak.

7. Diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuak eta gehieneko zenbatekoak.

7.1. Diru-laguntza jaso dezaketen kontzeptuak.

Deialdi honen 1.3 oinarrian azaltzen diren tipologietan sartutako kontzeptuak laguntzen ahalko dira diruz.

Halaber, kontzeptu horietarako diru-laguntza emateko, egokitzat jo beharko ditu instrukzio organoak, ondoko txosten hauek kontuan hartuta: langile eskudunak egindako txostenak, gizarte zerbitzuen txostena eta laguntzari egokitzeari buruzko txostena, mendekotasun egoera baloratuko duen talde teknikoak egina. Eskabidean laguntzaren beharra behar adina frogatzen ez bada, hura agindu duten profesionalek informazio gehiago eman dezatela eskatuko da. Era berean, beharrezkoa izanez gero, egokitasunari buruzko irizpena eskatuko zaio Nafarroako Mendekotasun Agentziako Balorazio Ataleko taldeari.

Etxebizitza egokitu eta oztopoak kentzeko obretarako diru-laguntzen kasuan, aurrekontu babesgarria 4.000 eurotik gorakoa denean, eskaera ofizioz igorriko da Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura, tramitaziorako, haren eskumeneko gaia baita. Espedientea departamentu horretara igorri baino lehen, interesdunari horren berri emanen zaio, prozedurarekin jarraitu nahi duen ala ez adieraz dezan. Egindako egokitzapen obren guztirako zenbatekoa agertu beharko du etxebizitza egokitzeko aurrekontuak.

Ez dira diruz lagunduko Nafarroako Gobernuko beste departamentu batek, Estatuko Administrazioak eta/edo Gizarte Segurantzako entitate kudeatzaileek finantzatzen dituzten kontzeptuak. Salbuespen gisa, posturako oheen eta aulki gurpildun elektrikoen kasuan, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak laguntzarik gabe uzten duena finantzatuko da, gehienez ere; betiere, deialdi honen 7.2.c) oinarrian aurreikusitako gehieneko kopuruak aplikatuko dira.

Diru-laguntza jaso ahal izateko, 2010eko abuztuaren 1etik 2011ko uztailaren 31ra bitarte egindako gastua izan beharko du eta fakturaren eta ordainagiriaren bidez frogatu.

Ez dira diruz lagunduko 100 eurotik beherako faktura duten kontzeptuak.

7.2. Diruz laguntzen ahal den zenbatekoa.

Aurrekontu babesgarriaren eta eskatzailea biltzen duen familia unitatearen urteko per capita errentaren arabera zehaztuko da diru-laguntzaren zenbatekoa.

a) Aurrekontu babesgarria.

Eskatutako kontzeptuaren kostua onartuko du instrukzio organoak, produktuak merkatuan duen batez besteko prezioari egokituta.

b) Urteko per capita errenta.

Familia unitatearen urteko diru-sarrerak unitatea osatzen duten kideen kopuruaren artean zatituta ateratzen dena.

Honako hau da familia unitatea:

a) Senar-emazteek eta adingabeko seme-alabek osatua, salbu eta horiek, gurasoek baimendurik, haiengandik bereizirik bizi badira.

b) Bikote egonkor batek osatua, berariazko legeriaren arabera, baita adingabeko seme-alabek ere, salbu eta horiek, gurasoek baimendurik, haiengandik bereizirik bizi badira.

c) Legezko bereizketa kasuetan, edo ezkontzaren bidezko loturarik edo bikote egonkorrik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin edo bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko ataletan aipatzen diren betebeharrak betetzen badituzte.

d) Hala hautatuz gero, familia unitateko kide gisa sartzen ahalko dira 18 urtetik 25 urtera bitarteko seme-alabak, baldin eta Lanbidearteko Gutxieneko Soldata baino diru-sarrera txikiagoak badituzte eta ez badira beren gurasoengandik bereizirik bizi.

Diru-sarrerak zenbatzerakoan familia unitatearen azken errenta aitorpena hartuko da kontuan edo, aitorpena egin beharrik ez bada, errenta aitorpenaren zergaldi bereko datu ekonomikoak, hau da:

-Lanaren etekinak, barne direla gizarte aurreikuspeneko prestazioak eta pentsioak, horien araubidea edozein izanik ere.

-Ondasun higigarrien eta higiezinen kapitalaren etekinak.

-Enpresa edo lanbide jardueren etekinak.

Eskatzailearen urteko per capita errentaren arabera zehaztuko da jasoko den laguntzaren zenbatekoa, instrukzio organoak babesgarritzat jotako aurrekontuaren portzentaje bat izanen dena, honako taula honen arabera:

ZENBATEKO HONETATIK

ZENBATEKO HONETARA

AURREKONTU

BABESGARRIAREN %

0,00

4.866,40

%100,00

4.866,41

6.416,11

%87,50

6.416,12

7.965,82

%75,00

7.965,83

9.515,53

%62,50

9.515,54

11.065,24

%50,00

11.065,25

12.614,95

%37,50

12.614,96

14.164,66

%25,00

14.164,67

15.714,32

%12,50

15.714,33

%0,00

c) Gehieneko zenbatekoak.

-Laguntzarako produktuak, mendekotasuna duten pertsonek eguneroko bizitzako zereginak autonomiaz egin ahal izateko.

Diru-laguntza gehienez 6.000 eurokoa izanen da. Fakturan zenbateko txikiagoa agertzen bada, deialdi honen 7.2.b) atalean aurreikusitakoaren arabera dagokion portzentajea ordainduko da.

-Etxean irisgarritasun eta egokitzapeneko obrak egiteko laguntzak, mendekotasuna duten pertsonek eguneroko bizitzako zereginak autonomiaz hobeki egin ahal izateko eta pertsona horientzako zainketa pertsonalak errazago egin ahal izateko.

Diru-laguntza gehienez 4.000 eurokoa izanen da. Fakturan zenbateko txikiagoa agertzen bada, deialdi honen 7.2.b) atalean aurreikusitakoaren arabera dagokion portzentajea ordainduko da.

8. Diru-laguntzaren ordainketa.

Kontzesio ebazpenaren bitartez ordainduko da laguntza.

9. Ebazpena eta errekurtsoak.

Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzaileak eginen du laguntza emateko ebazpena, instrukzio organoaren proposamenari jarraikiz.

Ebazpena gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, interesdunak eskabidea aurkezten duen egunetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutakoarekin bat.

10. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako diru-laguntzak bateraezinak dira entitate publiko edo pribatuek xede bererako ematen duten beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin.

Laguntza bat jaso eta lau urteko epean ezin izanen da kontzeptu bererako laguntzarik jaso, behar bezala justifikatu eta instrukzio organoak onartutako kasuetan izan ezik.

11. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.

12. Aplikatzekoa den araudia.

Oinarri arautzaileotan ezarritakoaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak ere aplikatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F1110378