122. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

574/2011 EBAZPENA, ekainaren 15ekoa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko neguko zerealen laboreetan Anguina cf. Tritici edo "gariaren zezidioetako nematodoa" kontrolatzeko neurri fitosanitarioak eta kautelazkoak ezartzen dituena.

Kanpaina honetan Anguina cf. tritici nematodoa detektatu da Nafarroako Foru Komunitateko neguko zereala ekoizteko gune batzuetan. Presentzia hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Landare Biologiaren Laborategiak detektatu du, eta Madrilgo erreferentziako laborategiak konfirmatu.

Organismo hori barreiatuta dago munduko herrialde askotan (Egipton, Etiopian, Mexikon, AEBetan eta abarretan) eta EBeko herrialde batzuetan (Espainian, Alemanian edo Frantzian, besteak beste).

Lehenengo aldiz agertzen den organismoa ez denez, ez da aipatzen Landareentzako edo landarekientzako kaltegarriak diren organismoak Europar Batasunean ez sartzeko eta Europar Batasunaren barrenean ez hedatzeko babes neurriak ezarri zituen Kontseiluaren 2000ko maiatzaren 8ko 2000/29/EE Zuzentarauan. Hori dela eta, ez dago, Europar Batasuneko mailan, hango estatu batek gune kaltegabe batean organismo kaltegarri hori aurkitzen duenean aplikatzen ahal diren neurririk.

Hala ere, haren ondorio kaltegarriek arazo fitosanitario larria sor dezakete Nafarroako Foru Komunitateko zerealen ekoizpen sektorerako, sor daitezkeen kalte ekonomikoak eta neguko zerealaren ordez lehorreko beste labore bat aurkitzeko erronka kontuan harturik.

Nahiz eta organismoaren biologia eta hedatzeko dituen ohiko moduak hobeto jakiteko beharra izan, beharrezkoa da hori kontrolatzeko ikuspuntu teknikotik egokitzat jotzen diren alderdien gainean jarduteko jarraibideak ezartzea.

Horrenbestez, garatuko diren esperientzien emaitzei esker organismoaren ezagutzan lortuko diren aurrerapenez gain, beharrezkotzat jotzen da neurri fitosanitarioak eta kautelazkoak definitzea, Landare Osasunari buruzko martxoaren 23ko 4/2007 Foru Legearen 12. artikuluarekin bat, organismo hori kontrolatzeko eta bera ez zabaltzea lortzeko.

Neurri horien artean hauek izan behar dira: organismoaren presentziaren zaintza orokorra, aholkularitza teknikoa eta sintomatologia identifikatzen errazteko sektorea prestatzea. Neurriek, ahal den heinean, lortu behar dute landare-materiala, uzta hondarrak, lurra eta makineriaren mugimenduek eragindako hedapena kontrolatzea, baita organismoa detektatutako lurretan laboreak txandatzea ere, organismo hori kontrolatzeko modu hoberena baita.

Komeni da neurri horien emaitzak etengabe ebaluatzea eta, ebaluazio horren emaitzen arabera, gero beste neurri batzuk aplikatzeko aukera kontuan hartzea.

Ingurumen, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen 124/2007 Foru Dekretuaren 12. artikuluak ezartzen du landare osasunaren arloan eskumenak Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalak dituela. Unitate hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritza Zerbitzuari dago atxikita.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 124/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko neguko zerealaren laboreetan Anguina cf. tritici edo "gariaren zezidioetako nematodoa" kontrolatzeko neurri fitosanitarioak eta kautelazkoak onestea.

2. Ebazpen honen xedapenak Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan aplikatuko dira eta neguko zerealen laboreak, bai kontsumitzekoak bai hazia ekoiztekoak, ukitzen dituzte.

3. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak, zuzenean edo bere entitate instrumentalen eta abisu-estazioaren (Landare Osasunari buruzko martxoaren 23ko 4/2007 Foru Legearen 11. artikuluak xedatzen duenaren izurrien kontra borrokatzeko laguntza teknikorako tresna) bidez, jarduketa hauek gauzatuko ditu:

1.-Ikuskapen ofizialak, zereala landatzen den gunetan organismoa detektatzeko, bereziki kanpaina honetan detektatu den gunetan, Landare Osasunari buruzko martxoaren 23ko 4/2007 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritakoa ezertan galarazi gabe, partikularrek administrazioari organismo kaltegarriak edo haien sintomak ohiz kanpo agertu direla jakinarazteko betebeharra ezartzen baitu.

2.-Nekazaritza kooperatiba eta ustiategientzako laguntza teknikoa, baita organismoa detektatzeko prospekzioak eta analitikak ere.

3.-Informazio, prestakuntza eta saiakuntza jarduerak.

4. Aurrez mugatutako nekazaritzako lurzati edo eremuetan, organismoa dagoela baieztatu denean neurri fitosanitario eta kautelazko hauek ezartzen dira:

1.-Lortutako zereala ezingo da erabili haziak ekoizteko, salbu eta haziak ekoizteko baliozkotutako lurzatiaren edo gunearen kutsadura maila 2 landare baino gutxiagokoa bada, 10 metro koadroko, edo, kutsadura hori baino handiagoa izanda, mugatu ahal den gune batean bada eta gune horretako ekoizpena hazia ekoizteko ez den beste zeregin baterako erabiltzen bada. Nolanahi ere, ziurtapen prozesuan egindako analisietan kiste bat agertzen bada, lote edo hazi sorta baztertuko da. Hori dela eta, gomendatzen da hazia hautatzeko prozesua zorrozki gauzatzea, hazia arriskuko gune batekoa denean.

2.-Lurzatiak hurrengo kanpainan ezinen dira erabili zereal haziak ekoizteko, ezta Zereal haziak kontrolatu eta ziurtatzeko Erregelamendu Teknikoa onesten duen 1986ko uztailaren 1eko Aginduan ezartzen diren barietate eta kategorien gaineko salbuespenetarako ere.

3.-Arrazoi fitosanitarioak daudela ezartzen da, uztondoen erreketaren gaineko salbuespenerako. Salbuespen hori ezarrita dago nekazaritzako politika bateratuaren esparruan zuzeneko laguntzak eta Landa Garapenerako 2007-2013 Programaren 2. ardatzaren esparruan laguntza zehatz batzuk jasotzen dituzten nekazariek eta mahastiak berregituratu eta moldatzeko eta erauzteagatiko prima laguntzeko programen arabera laguntzak jasotzen dituzten nekazariek bete ditzaten kudeaketako legezko betekizunak eta nekazaritzako zein ingurumeneko baldintza egokiak ezartzen dituen Foru Aginduan. Salbuespen hori kontuan hartuko da organismoa aurkitu den eta lasto fardoak egin ez diren lurzati, udalerri edo guneetan, aurrez mugatutakoak. Nolanahi ere, sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili arautzen duen eta Nafarroan baso-suteei aurrea hartzeko neurriak ezartzen dituen Foru Aginduan xedatutakoari jarraituko zaio, uztondoen erreketak baimendu eta gauzatzeko prozedurari dagokionez, erreketak modu kontrolatuan egiteko.

4.-Gomendatzen da erabiltzen den nekazaritzako makineria garbitzeko neurriak zorroztea, nekazaritzako lurzatia abandonatu baino lehen, beste lurzati batzuetara landare hondakinak eta/edo lurra ez eramateko.

5.-Gomendatzen da lurzati horien uzta bilketa azkenerako uztea, makineria uzta hondarrak dituen beste gune batzuetatik pasatzen ez dela edo makineria hori egoki garbitzen dela bermatuz.

6.-Gomendatzen da lugorri uztea edo zereal ez den beste labore bat landatzea, gutxienez organismoa detektatzen den kanpainaren hurrengoan.

5. Hurrengo kanpainetan organismoa nola garatzen den ikusirik, gomendiozko neurriak derrigorrezko bihurtzen ahalko dira, eta lortzen den ezagutza teknikoan oinarrituta eta teknikoki justifikatuta dauden beste neurri batzuk hartzen, hala badagokio.

6. Neurri horien betearazpena ukitutako pertsonen kargura eginen da, eta haien ardurapean, Landare Osasunari buruzko martxoaren 23ko 4/2007 Foru Legearen 16. artikuluari jarraikiz.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

8. Ebazpen honek argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

9. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, indarra hartzen duen egunetik hasita hilabeteko epean.

10. Administrazio publikoek zilegi dute ebazpen honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2011ko ekainaren 15ean.-Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusia, Ignacio Guembe Cervera.

Iragarkiaren kodea: F1110704