121. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

263/2011 EBAZPENA, ekainaren 10ekoa, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak emana, lanbide heziketako teknikari eta goi mailako teknikari titulu batzuk lortzeko probetarako deialdia egiten duena eta proba horiek arautzen dituena Nafarroako Foru Komunitatean, 2011-2012 ikasturterako.

Hezkuntzari buruzko Lege Organikoak 69.4 artikuluan dioenez, hezkuntza administrazioek aldian behin antolatuko dituzte, beren eskumenen esparruan, lanbide heziketako tituluak zuzenean lortzeko probak.

Xedapen horren haritik, Hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuak 19. artikuluan dio lanbide heziketako tituluak horiek zuzenean lortzeko antolatutako probak gaindituz lortzen ahal direla.

Era berean, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuak bere funtsezko helburuen artean ezarri du prestakuntza eta lanbide ibilbide malguen hautapena erraztea eta, horretarako, pertsonek beren lan esperientziaren edo ikaskuntzako sistema informalen edo ez formalen bidez eskuratutako lanbide gaitasunak aintzatestea aurreikusten du.

Ikusirik lanbide heziketako teknikari eta goi mailako teknikari titulu batzuk lortzeko prozedurari buruz Lanbide Heziketaren Zerbitzuak aurkeztu duen txostena.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Sukaldaritza eta Gastronomiako, Osasun Larrialdietako eta Soldadura eta Galdaragintzako teknikari tituluak eta Haur Hezkuntzako goi mailako teknikari titulua lortzeko probetarako deialdia egitea eta proba horiek arautzea 2012. urterako, Nafarroako Foru Komunitatean, ondoko oinarriei jarraikiz:

I.
MODALITATEAK ETA PARTE HARTZEKO BETEBEHARRAK

1. Goian aipatutako tituluak lortzeko probak bi modalitatetakoak dira:

A. Prestakuntzarako laguntza duen modalitatea.

Deialdi honetako tituluei dagozkien gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozesuan lanbide gaitasun batzuk egiaztatuak dituzten pertsonentzako modalitatea da. Modalitate honetan, Hezkuntza Departamentuak modulukako prestakuntza eskaintza egin ahalko du, interesdunek teknikari tituluetako lanbide profilak osatu ahal izan ditzaten probak egin aurretik.

B. Prestakuntzarako laguntza ez duen modalitatea.

Zuzenean deialdi honetako tituluren bat lortu edo titulu horietako moduluren bat gainditu nahi duten pertsonentzako modalitatea da. Proba teoriko-praktikoak egin behar dira, goian aipatutako tituluetako prestakuntza moduluei buruzkoak.

2. A modalitatean sartzeko betebeharrak.

a) Modalitate honetan parte hartu nahi duten eskatzaileek lanbide gaitasuna egiaztatua izan behar dute jarraian agertzen den zerrendan ezarritako gaitasun unitateen kopuru berean edo handiagoan, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak azaroaren 10eko 397/2010 Ebazpenean ezarritako ebaluazio eta egiaztapen deialdiaren bitartez. Ebazpen horrek 2011rako deialdia egin zuen, Nafarroako Foru Komunitatean, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko zenbait kualifikaziori lotuta dauden lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko.

-Sukaldaritza eta Gastronomiako teknikaria: bost gaitasun unitate.

-Osasun Larrialdietako teknikaria: hiru gaitasun unitate.

-Soldadura eta Galdaragintzako teknikaria: bost gaitasun unitate.

-Haur Hezkuntzako goi mailako teknikaria: lau gaitasun unitate.

b) Probarako eskabide orrian hautatzen den lanbide moduluan edo moduluetan matrikulatuta ez egotea, eskolatzearen edozein araubidetan.

c) Erdi mailako tituluetarako:

1) 18 urte izatea edo proba egiten den urtean betetzea.

2) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua edo ondorio akademikoetarako baliokidea dena izatea, edo lanbide hastapeneko kualifikazio programa bateko nahitaezko moduluak gainditu izana, edo Hezkuntza Administrazioak baimendutako ikastetxe publiko edo pribatuetan erdi mailako zikloetan sartzeko berariazko prestakuntza ikastaro bat gainditu izana.

3) Aurreko atalean ezarritakoaren ordezko aukera bat da erdi mailako heziketa zikloetan sartzeko probak edo 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko probak gainditu izana.

d) Goi mailako tituluetarako:

1) 20 urte izatea edo proba egiten den urtean betetzea.

2) Batxilergoko titulua edo ondorio akademikoetarako baliokidea izatea, edo erdi mailako teknikari titulua eta Hezkuntza Administrazioak baimendutako ikastetxe publiko edo pribatuetan goi mailako zikloetan sartzeko berariazko prestakuntzako ikastaro bat gainditu izana. Teknikari titulua dutenek probetan parte hartu ahalko dute proben urtean 19 urte beteta badituzte. Halaber, goi mailako heziketa zikloetan sartzeko probak edo 25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko probak gainditu dituztela frogatzen dutenek parte hartu ahalko dute.

e) c) eta d) ataletan aipatu baldintza akademikoen ordezko aukera gisa, eskatzaileek oinarri hauen III. epigrafean aipatzen den proba gainditu izana frogatu ahalko dute.

3. B modalitatean sartzeko betebeharrak.

Modalitate honetako eskatzaileek aurreko oinarriko b), eta c) edo d) ataletako baldintzak bete beharko dituzte, teknikari titulua edo goi mailako teknikari titulua lortu nahi badute, hurrenez hurren.

4. Aurreko atalean eskatutako betebeharrak agiri hauen bidez frogatuko dira:

a) Indarra duen Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu tituluaren edo ondorio akademikoetarako baliokidea denaren fotokopia konpultsatua, teknikari tituluaren probetarako, eta Batxilergoko tituluaren edo ondorio akademikoetarako baliokidea denarena, goi mailako teknikari tituluaren probetarako. Beste aukera bat da 2. eta 3. puntuetako kasuan kasuko ataletan aipatzen diren gainerako baldintza akademikoetako edozeinen ziurtagiria aurkeztea, edo ebazpen honen 2. eta 3. oinarrietan aipatzen diren probetakoren bat (hautatutako modalitatearen araberakoa) gainditu izanaren ziurtagiria.

c) Lan esperientziaren frogagiriak, ebazpen honen IX. epigrafean ageri diren irizpideen arabera.

d) A modalitatearen kasuan, ziurtagiri akademiko ofiziala, ebazpen honetako 2.a) oinarrian titulu bakoitzerako zehazten den gaitasun unitateen kopurua egiaztatu izanaren froga gisa.

II.
BERARIAZKO LANBIDE HEZIKETAKO TITULUAK LORTZEKO PROBETARAKO INSKRIPZIOA ETA MATRIKULA

5. Antolaketa dela eta, 30 ikastoki eskainiko dira titulu bakoitzeko, bi modalitateak barne. Ondorio horietarako, ez dira kontatuko Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren maiatzaren 20ko 145/2009 edo abenduaren 2ko 432/2008 Ebazpenetan araututako gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko deialdietan parte hartu duten izangaiak, profil bereko probetarako aurkezten direnean. Izangaiak eskainitako ikastokiak baino gehiago badira, onartzen diren izangaiak irizpide hauek bata bestearen atzetik aplikatuz hautatuko dira:

-Kasuan kasuko tituluan sartutakoen artetik egiaztatutako gaitasun unitateen kopuru handiagoa izatea, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren azaroaren 10eko 397/2010 Ebazpenean ezarritako ebaluazio eta egiaztapen prozeduraren deialdian.

-Inskribatu nahi deneko proben tituluan gainditutako lanbide moduluen kopuru handiagoa izatea.

-Lanbide esperientzia handiagoa izatea kasuan kasuko tituluaren curriculumeko ekoizpen sistemaren erreferentzian deskribatutako lanbide eta zereginen inguruneetan. Hori frogatzeko, ebazpen honen 30. oinarrian azaltzen diren agiriak aurkeztuko dira.

6. 2. edo 3. oinarrietan ezarritako betebeharrak betetzen dituzten pertsonek, deialdi honetan parte hartu nahi badute, aldez aurretiko inskripzioa egin behar dute ebazpen honen 9. oinarrian adierazitako erreferentzia ikastetxeetan, 1.A) eranskinean ageri den eredua erabiliz, 2011ko ekainaren 20tik 23ra bitarte, biak barne.

7. Onartuen behin-behineko zerrendak ekainaren 27an argitaratuko dira. Zerrenda horiei buruzko erreklamazioak aurkeztu ahalko dira hiru eguneko epean, behin-behineko zerrendak argitaratu eta biharamunetik hasita. Behin betiko zerrendak uztailaren 1ean argitaratuko dira.

8. Onartuek lanbide moduluka edo titulu osorako egin ahalko dute matrikula, 3. eranskineko eredua erabiliz. Nolanahi ere, izangaiek lehendik egiaztatuak dituzten gaitasun unitateei dagozkien lanbide moduluak baliozkotu daitezela eskatu ahal izanen dute. Matrikula epea 2011ko irailaren 19tik 22ra bitartekoa izanen da, biak barne.

III.
BALDINTZA AKADEMIKOAK BETETZEN EZ DITUZTEN IZANGAIENTZAKO SARRERA PROBA

9. Zuzenean sartzeko baldintza akademikoak betetzen ez dituzten A modalitateko izangaiek, 2. oinarriko gainerako baldintzak betetzen badituzte, kasuan kasuko heziketa zikloan sartzeko proba gainditu beharko dute, ondoren adierazten diren ikastetxeetan, 2011ko iraileko bigarren astean:

-Sukaldaritza eta Gastronomiako teknikaria, Burlatako "Ibaialde-Burlada" BHIn.

-Osasun Larrialdietako teknikaria, Iruñeko "Sanitaria" BHIn.

-Soldadura eta Galdaragintzako teknikaria, Altsasuko "Aralarko Mikel Donea II" BHIn.

-Haur Hezkuntzako goi mailako teknikaria, Iruñeko "Adaptación Social" BHIn.

Proba horren bidez, abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, egiaztatu behar da izangaiak badituela kasuan kasuko heziketa zikloko ikasketak aprobetxamenduz egiteko adinako ezagutzak eta trebetasunak.

10. Berariazko lanbide heziketako tituluak lortzeko probetarako inskripzioa egiten den une berean eginen da sarrera probarako inskripzioa, 6. oinarrian aipatzen dena, 1.B) eranskineko eredua erabiliz.

11. Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak proba honetarako ebaluazio batzorde bat izendatuko du ikastetxe eta titulu bakoitzeko. Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko kide bat batzordeburu ariko da, ikastetxeko zuzendaria edo ordezko bat idazkari, eta beste bi batzordekideak Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoko irakasleen artetik izendatutako dira. Batzorde bakoitzak akta batean jasoko ditu probaren emaitzak. Aktaren eredua 2. eranskinean dago.

12. Probaren ezaugarriak (egitura, edukiak, ebaluazio irizpideak eta emaitzen egiaztapena, baita salbuespenak ere) Hezkuntza Departamentuaren araudian jasotakoak izanen dira, urtero Hezkuntza Departamentuak berariazko lanbide heziketako zikloetarako sarrera proben deialdia egin eta arauak ezartzen baititu. Aurrekoa gorabehera, berariazko zatiaren salbuespena dakarren lan esperientzia egiaztatzeko aski izanen da pertsonak kontratatu gisa lan esperientzia hartu duen enpresaren edo enpresen ziurtagiria. Agiri horretan berariaz jaso behar dira kontratuen iraunaldiak, egindako jarduerak eta horiek zein denbora alditan egin diren.

13. Proba hau gainditzeak norbera inskribatu den heziketa ziklorako bakarrik emanen du sarbidea.

IV.
TEKNIKARI ETA GOI MAILAKO TEKNIKARI TITULUAK LORTZEKO PROBETAKO EBALUAZIO BATZORDEA

14. Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak proba hauetarako ebaluazio batzorde bat izendatuko du ikastetxe eta titulu bakoitzeko. Batzordeak gutxienez bost kide izanen ditu. Horietatik, batzordeburua eta idazkaria Hezkuntza Departamentuko irakasle funtzionarioak izanen dira. Betiere, ebaluatu beharreko lanbide modulu bakoitzerako, modulu horren arloko irakasle bat izanen da batzordean, gutxienez. Hezkuntza Departamentuak profesional adituak baimendu eta izendatu ahal izanen ditu ebaluazio batzordean parte har dezaten edo batzordeari aholku eman diezaioten.

15. Ebaluazio batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Probak prestatu, zuzendu eta kalifikatzea.

b) Probak egiten diren bitartean han egotea eta horien garapena kontrolatzea.

c) Izangaien nortasuna egiaztatzea.

d) Proben emaitzen aktak egin eta argitaratzea.

e) Lanbide moduluak baliozkotzeko edo Lantokietako Prestakuntza modulua egin beharretik salbuesteko eskaerak ebaztea.

f) Izangaiek aurkez ditzaketen erreklamazioak ebaztea.

V.
PROBEN EGUTEGIA ETA EZAUGARRIAK,
ETA EBALUAZIO IRIZPIDEAK

16. Ebazpen honetan araututako probak 2011-2012 ikasturteko azken hiruhilekoan eginen dira, garaia denean aditzera emanen den egunean.

17. Proben edukiak heziketa zikloetako curriculum indardunetan eta dagozkien lanbide gaitasunetan jasotakoak izanen dira. Probetan eduki teoriko eta praktikoak izanen dira eta horien bidez azalduko da, ikaskuntzaren emaitzen eta ebaluazio irizpideen bitartez, izangaiak behar diren gaitasunak lortu dituela. Prestakuntza modulu bakoitzerako proba bakarra eginen da, Lantokietako Prestakuntza modulua eta, hala denean, Proiektua modulua salbu.

18. A modalitatean inskribaturiko izangaiak probak egin beharretik salbuetsi ahal izanen dira ebazpen honen VI. epigrafean azaltzen den laguntza prozesuan zehar ebaluazio positiboa izan duten moduluetan, hala erabakitzen baldin badu ebaluazio batzordeak, prestakuntza faseko irakasle taldearekin ados jarrita.

19. Modulu bakoitzaren ebaluazioaren azalpena eta, hala denean, heziketa zikloaren amaierako kalifikazioa, berariazko lanbide heziketako ebaluazioari buruz indarra duen araudian ezarritako moduan eginen dira.

VI.
PRESTAKUNTZARAKO LAGUNTZA FASEA

20. Gorago adierazi den bezala, A modalitateko izangaiek prestakuntzarako laguntza jaso ahal izanen dute, moduluka egituratua, deialdi honetako tituluen curriculumetako lanbide profila osatu ahal dezaten.

21. Lanbide moduluak emateko eskumena duten irakasleek osatutako taldeari dagokio prestakuntzarako laguntza ematea. Lanbidean ari diren adituek ere talde horretan parte hartu ahalko dute. Hona hemen irakasle taldearen eginkizunak:

-Taldearen jarraipen plana eta izangai bakoitzaren prestakuntza plana diseinatzea.

-Izangaien prestakuntzaz arduratzea, ikasgeletan edo urrutiko modalitatean ematen denaz.

-Izangaiei etengabeko ebaluazioa egitea.

22. Prestakuntza planak bi prestakuntza esparru bilduko ditu:

a) Prestakuntza esparru bat modulu bakoitzean matrikulaturik dagoen taldearentzat, erreferentzia ikastetxean edo egokitzat jotzen den beste leku batean garatu beharrekoa, ikasleak bertaratuta. Esparru hori goian aipatu den irakasle taldearen ardurapean egonen da, ikasleen lanarekin bateragarria den ordutegian, arratsaldez ahal dela, izangaiek irakasle taldearen orientazioa jaso dezaten eta prestakuntza eta ebaluazioko jarduerak egin. Izangaien lanbide profila osatzea xede izanen duten prestakuntza jarduerak garatuko dira bertan; horretarako lanbide moduluen muineko alderdiei ekinen zaie eta beharrezkoa izanen da irakasleen edo profesional adituen parte-hartze zuzena.

b) Bakarkako lana, izangaiak bere kabuz lor ditzakeen prestakuntza helburuei begira. Jarduera hori urrutiko modalitatean eginen da batez ere, dela postaz, dela telefonoz edo dela prozedura telematikoz, eta irakasle talde bat arduratuko da horretaz, tutoretza pertsonalaren bitartez, aurrez ezarritako ordutegian. Zilegi da, halaber, ikastetxera bertara joatea aipatu taldearen laguntza hartzeko, eta ikastetxeko prestakuntza instalazioak erabiltzea, egoerak hala eskatzen duenean.

23. Ikastetxeko zuzendaritzak tutoretzen edo ikastetxean bertan egin beharreko saio kolektiboen ordutegia zehaztuko du, izangaien eta erabil daitezkeen baliabide eta langileen arabera. Arau orokor gisa, prestakuntza moduluen egitura eta hurrenkera zehazteko erabiliko diren irizpide pedagogikoek, ahal den neurrian, izangaiei aukera emanen diete irakaslekuak ahalik ongien aprobetxatzeko, bertaraturik.

24. Laguntza fase honetan landuko diren moduluen ebaluazioa etengabea izanen da, orientaziorako eta prestakuntzarako balioa izan dezan. Etengabeko ebaluazio prozesuan kalifikazio positiboa lortzen duten izangaiak fase horretan gainditutako moduluetako amaierako probak egin beharretik salbuetsiko dira, ebaluazio batzordea ados agertuz gero. Bestela, B modalitatean matrikulatzen diren izangaientzat ezarritako probak egin ahalko dituzte.

VII.
BALIOZKOTZEAK ETA SALBUESPENAK

25. Baliozkotzeen eta Lantokiko Prestakuntza modulutik salbuestearen arloan indarra duen araudia aplikatuko zaie ebazpen honek arautzen dituen probetan matrikulatzen direnei.

26. Lanbide moduluak baliozkotzeko edo Lantokietako Prestakuntza modulua egin beharretik salbuesteko eskaerak matrikula egitean aurkeztuko dira, eta ebazpen honen 14. oinarrian aipaturiko ebaluazio batzordeak ebatziko ditu.

VIII.
ERREKLAMAZIOAK

27. Ebaluazio prozesuetako kalifikazioei buruzko erreklamazioak idatziz aurkeztuko dira. Hasiera batez, ebaluazio batzordeko buruari zuzenduko zaizkio; ebazpen honen 11. oinarrian aipatutako batzordeko buruari, sarrera proben kasuan, edo 14. oinarrian aipatutakoari, teknikari edo goi mailako teknikari tituluak lortzeko proben kasuan.

28. Kalifikazioak argitaratu eta hiru egun baliodunekoa izanen da erreklamazio epea. Ebaluazio batzordeak hiru egun baliodun izanen ditu, erreklamazio epea bukatu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak ebazteko. Edonola ere, batzordearen behin betiko erabakia idatziz jakinaraziko zaie interesdunei, bi egun balioduneko epean.

29. Erreklamazioaren gaineko ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, hilabeteko epean, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, Hezkuntza Departamentuaren Erregistro Orokrrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz.

IX.
LANTOKIKO PRESTAKUNTZA MODULUA

30. B modalitateko izangaiek, Lantokiko Prestakuntza modulua egin beharretik salbuets ditzaten nahi badute, kasuan kasuko tituluaren lanbide eremuarekin zerikusia duen esperientzia frogatu beharko dute, gutxienez urtebeteko lanaren parekoa, lanaldi osoarekin. Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren, Itsasoko Gizarte Institutuaren edo izangaia afiliatuta dagoen lan mutualitatearen ziurtagiria. Ziurtagiri horrek enpresa, lan kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazio aldia jaso behar ditu.

b) Lantoki izandako enpresaren edo enpresen ziurtagiria, datu hauekin: kontratazio aldiak, egindako lanak eta horiek zein alditan egin diren.

c) Beren kontura lan egin badute, Langile Autonomoen Araubide Bereziko kotizazio aldien ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Egindako jarduerak deskribatu beharko dituzte eta noiztik noiz arte aritu diren zehaztu.

X.
TITULAZIOA, EGIAZTAPENA ETA ERREGISTROA

31. Ebaluazio prozesuak gainditzen dituzten izangaiek eskubidea izanen dute gainditutako lanbide moduluen egiaztapena jasotzeko.

32. Nafarroako Foru Komunitatean Berariazko Lanbide Heziketako ikasleak ebaluatzeko eta haien ikasketak egiaztatzeko prozesuari buruzko araudian xedatutakoaz gain, ebazpen honen 9. oinarrian aipaturiko erreferentzia ikastetxeek arau honen xede den ebaluazio prozeduran egiaztaturiko moduluen erregistroa edukiko dute.

33. Tituluaren curriculumeko lanbide modulu guztiak gainditzen dituztenek teknikari edo goi mailako teknikari titulua eskatzeko eskubidea izanen dute.

2. Ebazpen hau Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, Nominen eta Aurrekontu-kontrolaren Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzuari, Nafarroako Kualifikazioen Institutua-Lanbide Kualifikazioen Atalari eta Ikastetxeen Plangintza eta Garapenerako Atalari eta Argibide eta Agiri Bulegoari igortzea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Argitara eman eta biharumunetik hasita izanen du indarra.

Iruñean, 2011ko ekainaren 10ean.-Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia, Pedro González Felipe.

1 A) eranskina

Inskripzio eskaera, berariazko lanbide heziketako tituluak lortzeko probetarako

I.-Izangaiaren datuak:

Izen-deiturak:

NANa:

Jaioteguna:

Helbidea: Herria .............. Kalea/plaza .......... zenbakia

Posta kodea: .............. Probintzia

Telefonoa:

II.-Inskripzioaren datuak:

Proba libreetan inskribatu nahi dut, teknikari/goi mailako teknikari titulu hau lortzeko:

Modalitatea: [ ] A [ ] B

[ ] Titulu osoa [ ] Lanbide moduluak:

Zerrendan adierazi:

Kodea: ..... Izena:

Kodea: ..... Izena:

Kodea: ..... Izena:

Kodea: ..... Izena:

Ondoko frogagiriak eransten ditut (fotokopia):

[ ] Nortasun Agiri Nazionala edo pasaportea.

[ ] Ziurtagiri akademikoa, sarrerarako baldintza akademikoak betetzen ditudala frogatzeko.

[ ] Sarrera proban inskribatzeko eskaera.

[ ] Tituluko gaitasun unitateak gainditu izanaren frogagiria, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak abenduaren 2an emandako 397/2010 Ebazpenaren arabera.

[ ] Lan esperientzia frogatzeko agiriak.

.................(e)n, 20.... (e)ko .............aren ..............(e)an.
Eskatzailearen sinadura

.......................................... IKASTETXEKO ZUZENDARIA

............................................ jaunak/andreak, NANa

............................... titulua lortzeko probetan inskribatzeko eskaera egin du.

.................(e)n, 20.... (e)ko .............aren ..............(e)an.
(Sinadura eta ikastetxearen zigilua)

1 B) eranskina

Inskripzio eskaera, ..................................... arloko teknikariaren/goi mailako teknikariaren heziketa zikloan sartzeko probarako

I.-Izangaiaren datuak:

Izen-deiturak:

NANa:

Jaioteguna:

Helbidea: Herria .................................. Kalea/plaza .......... zenbakia

Posta kodea: ............... Probintzia

Telefonoa:

ESKATZEN DUT:

........................... arloko teknikariaren/goi mailako teknikariaren heziketa zikloan sartzeko probetan onar nazatela

[ ] Berariazko zatia egin beharretik salbuestea, eta horretarako behar diren frogagiriak eransten ditut.

.................(e)n, 20.... (e)ko .............aren ..............(e)an.
Eskatzailearen sinadura

.......................................... IKASTETXEKO ZUZENDARIA

............................................ jaunak/andreak, NANa

............................... heziketa zikloan sartzeko probetan inskribatzeko eskaera egin dut

.................(e)n, 20.... (e)ko .............aren ..............(e)an.
(Sinadura eta ikastetxearen zigilua)

2. eranskina

....................... arloko teknikariaren/goi mailako teknikariaren heziketa zikloan sartzeko probako ebaluazio batzordearen ebaluazio akta

Ikastetxea:

Herria:

ORDENA ZENBAKIA DEITURAK ETA IZENA

KALIFIKAZIOAK

ZATI

OROKORRA

BERARIAZKO ZATIA

OROKORRA

Akta honek .................. pertsona jasotzen ditu, ................... izangaiarekin bukatuta

....................... (e)n, 20...... (e)ko ................... aren ........(e)an.

O.E. Batzordeburua Idazkaria Batzordekideak

3. eranskina

Matrikula egiteko inprimakia

I.-Norberaren datuak:

Izen-deiturak:

NANa:

Jaioteguna:

Helbidea: Herria .................................. Kalea/plaza .......... zenbakia

Posta kodea: ............................................ Probintzia

Telefonoa:

II.-Matrikulako datuak:

Titulua: ....................... arloko teknikaria/goi mailako teknikaria

Gradua:

Lanbide arloa:

Proba libreetan inskribatu nahi dut, teknikari/goi mailako teknikari titulu hau lortzeko:

Modalitatea: [ ] A [ ] B

[ ] Titulu osoa 0 Lanbide moduluak.

Zerrendan adierazi:

Kodea: ..... Izena:

Kodea: ..... Izena:

Kodea: ..... Izena:

Kodea: ..... Izena:

III.-Salbuespenak eta baliozkotzeak.

Behean sinatzen dudan honek eskatzen dut:

[ ] Lantokiko Prestakuntza modulutik salbuestea.

[ ] Ondoko modulu hau/hauek baliozkotzea:

Eta horretarako behar diren agiriak eransten ditut.

.................(e)n, 20..... (e)ko .............aren ..............(e)an.
Interesdunaren sinadura

......................................... IKASTETXEKO ZUZENDARIA

....................................................................................... jaunak/andreak, .................... NANa

............................... titulua lortzeko probetan inskribatzeko eskaera egin du.

.................(e)n, 20......(e)ko .............aren ..............(e)an.
(Sinadura eta ikastetxearen zigilua)

Iragarkiaren kodea: F1110495