121. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2011ko maiatzaren 30ean hartua, Fiteroko telekomunikazioen zentro bati buruzko oinarrizko eta exekuzioko proiektuaren onura publikoa deklaratzen duena, desjabetzearen ondorioetarako, eta proiektu horrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa beharrezkoa eta presakoa dela ere deklaratzen duena.

Enpresako zuzendari nagusiaren apirilaren 27ko 00843DGE/2011 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi zen telekomunikazioen ekipamenduak jartzeko etxola bat eraikitzea xede duen oinarrizko eta exekuzioko proiektua. Etxola hori telefonia mugikorreko operadore baten gaur egungo errepikagailu baten ondoan egonen da Fiteroko udal mugapean, eta bertan diren instalazioak bereiztea eta inguruko herriei lurreko telebista digitalaren estaldura ematea da helburua.

Ebazpen horretan berariaz aipatzen da Fiteron eta inguruko herrietan lurreko telebista digitalaren seinalea maila eta kalitate gutxikoa dela Monte Yergatik (Errioxa) iristen den estaldurarekin eta, hortaz, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak telefonia mugikorreko operadore batekin akordioa egin duela operadore horren instalazioak erabiliz emateko zerbitzua. Instalazioak Fiteroko 5. poligonoko 158. lurzatian daude, eta María Pérez Larrea andrea da lurzati horren jabea.

Neurri horrek aldi batez konpondu badu ere estalduraren arazoa, ekipamendu teknikoaren funtzionamendu egokirako beharrezkoa da telekomunikazioen berariazko zentro bat instalatzea herri horretarako, jada badiren azpiegiturak aprobetxatuz. Zentro hori gauzatzeko aurrefabrikatutako etxola bat eraikiko da Fiteroko 5. poligonoko 158. lurzatian.

Lurzatiaren jabearekin akordioa lortzea ezinezkoa izan denez, Energiaren, Meatzaritzaren, Telekomunikazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak eskatu du Fiteroko telekomunikazioen zentro bati buruzko oinarrizko eta exekuzioko proiektuaren onura publikoa deklara dadila, desjabetzearen ondorioetarako, eta, halaber, proiektu horrek ukitzen duen lurzatiko 72 m²-ren okupazioa beharrezkoa eta presakoa dela deklara dadila.

Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 9. artikuluak ezartzen du nahitaezko desjabetzea egiteko ezinbestekoa dela aurretik onura publikoaren deklarazioa egitea, desjabetzekoa den ondasunaren xedeari dagokionez. Bestalde, arau beraren 15. artikuluak ezartzen duenaren arabera, onura publikoa deklaratu ondoren, Administrazioak ebazpena emanen du, desjabetzearen xederako behar-beharrezkoak diren ondasunak okupatzeko edo eskubideak eskuratzeko behar zehatzari buruz.

Teknologia digitaleko telebista zerbitzua zerbitzuaren prestazio mota bat da eta horren araubide juridikoa Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorrean oro har ezarritakoa da.

Lege horren 22. artikuluak interes orokorreko zerbitzu deklaratzen ditu ikus-entzunezko komunikazioko zerbitzuak (irratia, telebista, lotuak eta elkarreragileak), eta 40. artikuluak interes ekonomiko orokorreko funtsezko zerbitzu gisa eratzen du ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu publikoa.

Martxoaren 31ko 7/2010 Legearen 3. artikuluaren arabera, ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen seinalea garraiatu eta hedatzeko erabiltzen diren komunikazio elektronikoen sareak eta zerbitzuak, horiei lotutako baliabideak eta ikus-entzunezko komunikazioa jasotzeko beharrezkoak diren ekipamendu teknikoak Telekomunikazioei buruzko azaroaren 3ko 32/2003 Lege Orokorrean ezarritakoari jarraikiz arautuko dira.

Telekomunikazioei buruzko Lege Orokorraren 1. artikuluak ezartzen du legearen xedea telekomunikazioak arautzea dela eta, horien barnean, sareen ustiapena eta komunikazio elektronikoen zerbitzuen prestazioa eta horiei lotutako baliabideak. Alde horretatik aipatzekoa da telekomunikazioen sare baten ustiapenak nahitaez eskatzen duela aurretik sare hori ezarri edo instalatzea.

Zehazki, telekomunikazioei dagokienez, legearen 2. artikuluak dio lehia askeko araubidean ematen diren interes orokorreko zerbitzuak direla.

Azaldutako guztiak erakusten du ekipamendua jartzeko gunearen instalazio proiektuak garrantzi handia duela interes orokorrerako, herritarrek lurreko telebista digitalaren zerbitzua Foru Komunitate osoan inolako bereizkeriarik gabe izan dezatela bilatzen baita.

Garrantzi hori agerian dago Telekomunikazioen Lege Orokorrean berean, II. tituluko II. kapituluan, non azaltzen baitira operadoreen eskubideak jabari publikoa okupatzeko, nahitaezko desjabetzearen prozeduran onuradun izateko eta zortasunak eta jabetzaren mugak ezartzeko beren alde.

Okupazio beharrari dagokionez, deklarazioarekin eta desjabetzearekin bilatzen den helburua da Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak proiektua gauzatzeko beharrezkoa den lurra erabilgarri izan dezala.

Bestalde, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak okupazioa presakoa dela deklaratzeko ezarri duen apartekotasunari dagokionez, Energiaren, Meatzaritzaren, Telekomunikazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko teknikariek egiaztatu dute ekipamendua ez dagoela baldintzarik egokienetan, gaur egun ekipamendu horren kokagune den telefonia mugikorreko operadorearen instalazioa saturatuta baitago eta, bestalde, kanpoko (aire zabaleko) ekipamendu baterako pentsatuta dagoela, eta horrek, jakina, eguraldi txarraren eta kontrako gainerako faktoreen mende uzten dituela ekipamenduak.

Azkenik, Enpresako zuzendari nagusiaren otsailaren 23ko 00405DGE/2011 Ebazpenaren bidez, proiektua jendaurrean egon zen hamabost egunez, ukituei entzun ahal izateko.

Jendaurreko aldiaren ondorioz, ukitutako finkaren jabeak alegazio idazkia aurkeztu zuen, eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak erantzuna eman zion, Enpresako zuzendari nagusiaren apirilaren 27ko 00843DGE/2011 Ebazpenaren bitartez. Hori hala, tramite hori betetzat jo behar da, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Erregelamenduaren 56. artikuluak, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluarekin loturik, ezartzen dituen ondorioetarako.

Azkenik, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 17. artikuluarekin bat, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak ondarearen arloan eskuduna den departamentuari egindako eskuraketaren berri eman beharko dio, ordainketaren eta okupazioaren aktak, Jabetzaren Erregistroan behar bezala inskribatuak, igorriz, Nafarroako Foru Komunitateko Ondareko ondasun eta eskubideen Inbentario Orokorrean sar ditzan.

Azaldutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. Fiteroko telefonia mugikorreko zentroa handitzeko oinarrizko eta exekuzioko proiektuaren onura publikoa deklaratzea, desjabetzearen ondorioetarako.

2. Fiteroko 5. poligonoko 158. lurzatiaren puska baten okupazioa beharrezkoa eta presakoa dela deklaratzea, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

3. Erabaki hau Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Energiaren, Meatzaritzaren, Telekomunikazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari eta "Obras Públicas y Telecomunicaciones de Navarra, S.A." (OPNATEL) sozietateari igortzea.

4. Erabaki hau jakinaraztea María Pérez Larrea andreari, eta ohartaraztea administrazio bidea amaitzen duen erabaki horren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2011ko maiatzaren 30ean.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1109788