121. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

200/2011 FORU AGINDUA, maiatzaren 25ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Nafarroa 2011-2012. Tokian tokiko Garapen Iraunkorreko Jardunbide Egokietarako VII. Sariaren oinarriak onetsi eta 2012rako gastua baimentzen duena.

Irailaren 3ko 124/2007 Foru Dekretuak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa aldatu eta Hiri Ingurumenaren Atalari eginkizunak esleitu zizkion; besteak beste, tokian tokiko hiri garapen iraunkorraren aldeko politikak bultzatzea, esate baterako Tokian tokiko (hiri eta landa) Garapen Iraunkorreko Jardunbide Egokiak.

Horri begira, Nafarroan arlo horretan izandako esperientzia bikainak aprobetxatzeko eta egindako ahaleginak garapen iraunkor handiago baten alde bideratzearren, esperientzien trukea bultzatzeko helburuen artean Jardunbide Egokien katalogo bat sortzea eta hiru Jardunbide Hoberenak saritzea aurreikusi da.

Jardunbide Egokietarako sariak, oso zabalduak nazioartean, baliagarriak direla aitortzen da; izan ere, kalitatea etengabe handitzeko estrategiaren barnean dago hoberenak saritzea eta hautatuak argitaratzea, jardueren kreditazioa, eraginkortasuna, lehiakortasuna eta aberastasuna sortzeko bidean, ohiko zehapen metodoak baino ondorio hobeak baititu.

Herritarrek, eragile sozialek eta agintariek aise ulertzen duten pizgarria dira horrelako jarduerak, Tokian tokiko Garapen Iraunkorrean jadanik lortutakoaz Nafarroako gizarteak duen kontzientzia bultzatu eta hobetzen baitute, Europako Hirien Iraunkortasunaren aldeko Aalborg-eko Gutunean eta Konpromisoetan, Giza Kokalekuei buruzko Nazio Batuen Bigarren Konferentzian (Habitat II) eta Europar Batasunaren Integrazioko Ingurumen Printzipioetan ezarritako irizpideen arabera.

Garatu egin dira aurreko sei biurtekoetan (1999-2000, 2001-2002, 2003-2004, 2005-2006, 2007-2008 eta 2009-2010), Tokian tokiko Garapen Iraunkorreko Jardunbide Egokien lehen, bigarren, hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren sariak, eta arrakasta eta ondorio nabarmena izan dute bai Foru Komunitatean, bai Estatuan zein nazioartean; izan ere, berriki hartu dute munduko gorespen handiena, NBEren 2009-2010eko habitat saria, "Klima aldaketari buruzko Noain-Elortzibarko udal planari" emana; hortaz, bidezko da aurten eta hurrengo urtean Nafarroako lehiaketa honen zazpigarren ekitaldia egitea Estatuko eta nazioarteko mailetara egokiturik.

Ingurumenaren Kalitateko Zerbitzuak egindako txostena ikusirik, eta Ingurumen, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 124/2007 Foru Dekretuaren 2. artikuluaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. "Nafarroa 2011-2012. Tokian tokiko Garapen Iraunkorreko Jardunbide Egokietarako VII. Sariaren oinarriak" (eranskina) onestea.

2. 36.000,00 euroko gastua baimentzea, 2012rako aurrekontuan "Ingurumen jardunbide egokiak" 740001-74100-4609-456200 kontu-sailaren baliokidea denaren kargura finantzatuko dena, betiere kreditua egokia eta aski bada.

Guztirako gastua, 36.000,00 eurokoa, kontzeptu hauen arabera sailkatzen da:

-2012ko azaroan seina mila euroko hiru sari ematea: 18.000,00 euro.

-Jardunbide hoberenetarako eta aipamen berezietarako zurezko trofeoak: 7.200,00 euro.

-Nafarroako Foru Komunitateko Tokian tokiko Garapen Iraunkorreko Jardunbide Egokien zazpigarren katalogoa osatu, inprimatu eta zabaltzea: 10.800,00 euro.

3. Deialdi hau eta bere oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta ohiko komunikabideetan argitaratzea.

4. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

5. Foru agindu honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal da Nafarroako Jusizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 97.2 artikuluan aurreikusi bezala.

Epeak foru agindu hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira.

6. Foru agindu hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Hiri Ingurumenaren Atalari, Ekonomia Departamentuko kontu-hartzaile delegatuari eta Ekonomia Aferetarako Bulegoari ere, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko maiatzaren 25ean.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

ERANSKINA

2011-2012 Nafarroako Foru Komunitateko Tokian tokiko Garapen Iraunkorreko Jardunbide Egokien 7. Sariaren oinarriak

-Helburua.

Tokian tokiko Garapen Iraunkorreko Jardunbide Egokietarako VII. Sariak Nafarroako gizartearen kontzientzia bultzatu eta hobetu nahi du bizi baldintzen hobekuntzari lotuta garapen iraunkorraren arloan izan diren lorpenen inguruan, Europako Hirien Iraunkortasunaren aldeko Aalborg-eko Gutunean eta Konpromisoetan (1994-2004), Giza Kokalekuei buruzko Nazio Batuen Bigarren Konferentzian (Habitat II) eta Europar Batasunaren Integrazioko Ingurumen Printzipioetan ezarritako irizpideen arabera, bai eta Hannover-eko Deklarazioan, Europako liderrek XXI. mendearen atarian egindakoan, ezarritakoen arabera ere; horiek guztiak Garapen Iraunkorraren ikuspegitik.

-Saria eta aldizkakotasuna.

Saria bi urtean behingoa izanen da, eta honelakoa:

1. 6.000,00 (sei mila) euro hiru jardunbide hoberenetako bakoitzarentzat.

2. Bai jardunbide hoberenentzat, bai aipamen berezientzat, halakorik bada, zurezko trofeoak, "Garapen Iraunkorreranzko Hiri eta Herrien Europako kanpaina" izenekoaren adierazgarri diren zur lanak, Aalborg-eko udalerrian (Danimarka) baitu egoitza, eta 2010etik NBE-Habitataren "Bizi Baldintzak Hobetzeko Jardunbide Egokien Sariak" izenekoen adierazgarri, Dubaiko udalerriak (Arabiar Emirrerri Batuak) finantzatu eta babesten dituena. Horrekin homologatuta daude Nafarroako lehiaketak; izan ere, Noain-Elortzibarko Udalaren "Klima aldaketaren aurka borrokatzeko udal planak" gorespenik handiena lortu du zortzigarren ekitaldian.

3. "2010-2012 Nafarroako Foru Komunitateko Tokian tokiko Garapen Iraunkorreko Jardunbide Egokien Zazpigarren Katalogoa"

4. Katalogoa Nafarroan, Espainian eta nazioartean zabaltzea.

-Zein izan daitezkeen parte-hartzaileak.

Nafarroan garapen iraunkorreko jardunbide egokiak egin dituzten entitate eta pertsonei irekita dago saria, hala nola:

1. Hiriak, herriak, udal edo eskualdeetako agintariak edo beren elkarteak.

2. Gobernuz kanpoko erakundeak (GKE).

3. Oinarrizko komunitate erakundeak (OKE).

4. Eragile ekonomikoak eta sozialak.

5. Erakunde akademikoak eta ikerketakoak.

6. Komunikabideak.

7. Lanbide elkarteak.

8. Fundazio publikoak eta pribatuak.

9. Jardunbide Egokiko irizpideak biltzen dituen ekimen edo proiektua aurkezten duten herritarrak.

10. Beste batzuk.

-Kategoriak.

Jardunbide Egokiak kategoria hauetako batean sartuko dira:

1. Baliabide berriztaezinen erabilera gutxitzea.

2. Baliabide berriztagarriak erabiltzea berritzen diren neurrian.

3. Gai eta hondakin arriskutsuak arduraz erabili eta kudeatzea.

4. Natur baliabideak mantendu eta hobetzea: ekosistemak, espezieak eta paisaiak.

5. Natur baliabideak mantendu eta hobetzea: ura eta lurzorua.

6. Hiri Ingurumenaren kalitatea mantendu eta hobetzea.

7. Eguratsa babestea: eskualde batean eta munduan.

8. Ingurumenari buruzko prestakuntza eta hezkuntza.

9. Parte-hartze publikoa bultzatzea garapen iraunkorraren aldeko erabakietan.

10. Hirietako etxebizitzak eta azpiegitura.

11. Garapen iraunkorra giza kokalekuetan.

12. Generoa.

13. Bazterketa sozialaren aurkako borroka.

14. Kontsumo eta ekoizpen zikloak hobetzea.

15. Hirietako pobretasuna gutxitu eta enplegua sortzea.

16. Hondamendi naturalak eta gizakiak eragindakoak.

17. Gazteriaren ideia eta beharrekiko sentsibilitatea.

18. Hondakinak bildu, birziklatu eta berriz erabiltzea.

19. Garraiorako eta komunikazioetarako aukera.

20. Krimenaren prebentzioa eta justizia soziala.

21. Administrazio eraginkorra, arduratsua eta gardena.

22. Informazioa erabiltzea erabakiak hartzeko prozesuetan.

23. Hiriko arkitektura eta diseinua.

24. Hirugarren adinekoen premiez arduratzea.

25. Esperientzia berritzaileak eta esperimentalak.

-Jardunbide egokiak saritzeko irizpideak.

Ondoko hauek dira jardunbide egokia saritzeko kontuan hartuko diren irizpideak. Horiek aldi berean betetzea izanen da ezinbesteko baldintza: 1-Bukatutako ekimenak/eragina, 5-Elkartegintza eta 6-Jasangarritasuna eta/edo iraunkortasuna:

1. Ekimen bukatuak edo abian jarritakoak izatea, emaitzak partzialak edo azkenekoak dituztenak, haien ondorioa neurtzeko. Jardunbide egokiak eragin onuragarria izan behar du jendearen bizimoduan, haiek suma dezaketena.

2. Alde nabaria izan behar dute sektorean ohikoa den jardunbidearekin konparatuta (adib.: industria jarduerak, nekazaritzakoak, abeltzaintzakoak, arkitektura bioklimatikoa, biodibertsitatea mantendu edo berreskuratzea, uraren zikloa, hiritik kanpoko garapena, hirietako enplegua eta ingurumena, energia, herritarren parte-hartzea, hondakinak, etab.).

3. Borondatez egin behar dira. Ezin dira indarra duen legediak eskatutako jarduerak soilik izan; konpromiso bat izan behar dute, legeak eskatzen duenetik harantzago.

4. Besteetara heda daitekeen hartuko da kontuan. Berritzaile izateagatik besteentzat eredu diren praktikek balio gehiago izanen dute, beste esperientzia batzuek imitatu eta egokitu baditzakete.

5. Elkarteen parte-hartzea (Partnership) hartuko da kontuan: ondoren aipatzen diren egileetako bi gutxienez, edo ahal bada gehiago, dituzten elkarteek egindako Jardunbide Egokiak:

a) Hiriak, bertako agintariak edo elkarteak.

b) Gobernuz kanpoko erakundeak (GKE).

c) Oinarrizko komunitate erakundeak (OKE).

d) Sektore pribatua.

e) Erakunde akademikoak eta ikerketakoak.

f) Komunikabideak.

g) Fundazio publikoak eta pribatuak.

6. Jasangarritasuna eta/edo iraunkortasuna: Jardunbide Egokiek beren ondorioa, integratua eta suma daitekeena, behar dute frogatu. Balio gehiago dute diru aldetik bideragarriak izanik (beren burua finantzatzen dutenak), inor baztertu gabe eta ingurumena errespetatuz, ondoko arlo hauetako batean, bederen, aldaketa iraunkorrak sortzen dituzten praktikek:

a) Lege eta erregelamendu esparruak, arau subsidiarioak edo estandarrak, beren xedeko gai eta arazoen ezagutza formala ematen dutenak.

b) Politika sozialak eta/edo eta sektoreko estrategiak, eskualdean edo herrian, nonahi errepikatzeko aukera dutenak.

c) Instituzioen esparrua eta erabakiak hartzeko prozesuak, maila eta partaide bakoitzari bere zeregina eta erantzukizuna ematen dietenak, hala nola gobernuko erakunde zentral eta lokalei eta oinarrizko komunitate erakundeei.

d) Kudeaketa sistema eraginkor, garden eta arduratsuak, baliabide teknikoak, finantzarioak, naturarenak zein giza baliabideak eraginkorrago bihurtzen dituztenak.

7. Lidergoa eta komunitatearen indartzea:

a) Ekintza eta aldaketak ekarriko dituen lidergoa, baita politika publikoan ere.

b) Jendea, bizilagunak eta komunitateak bizkortu eta haien laguntza lortuko duena.

c) Dibertsifikazio soziala eta kulturala onartu eta bereganatzea.

d) Hedatu, egokitu eta errepikatzeko aukerak.

e) Tokian tokiko baldintzei eta garapen mailei egokitutako neurriak.

8. Generoa: aniztasuna onartu eta haren mesedetan ari diren ekimenak, berdintasun soziala bultzatzen dutenak.

9. Gizarteratzea: aniztasun sozial eta kulturala onartu eta haren mesedetan ari diren ekimenak, berdintasun soziala bultzatzen dutenak (jatorria, adina, egoera fisikoa/mentala, etab.) eta gaitasun guztiak onartu eta baloratzen dituztenak.

-Eskabideak aurkeztea.

Deialdi honetan parte hartzeko eskaerak orotariko eskabidearen bidez aurkeztuko dira, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Hiri Ingurumenaren Atalera igorririk. Haiekin batera, datuak biltzen dituen fitxa aurkeztuko da, behar bezala beterik, formatu digitalean interesdunen esku egonen dena:

González Tablas kalea, 9-beheko solairua, Iruña.

Telefono zk.: 848 42 75 82 / 848 42 49 10 Faxa: 848 42 62 57.

scmaurb@navarra.es.

http://www.navarra.es/home_es/Gobierno+de+Navarra/Organigrama/Los+departamentos/Desarrollo+Rural+y+Medio+Ambiente/Organigrama/Estructura+Organica/Medio+Ambiente/Acciones/Medio+Ambiente+Urbano/Premio+de+Buenas+Practicas.htm.

Baliabideak aurreztu, administrazioaren eragingarritasuna handitu eta hondakinak gutxitzeko gaur egungo irizpideak direla-eta, eskaerak baloratzeko prozesua errazteko, datuak biltzen dituen fitxa formatu digitalean igorri beharko da.

Ahal dela, eskaerek ez dezatela material osagarririk eraman; lehen hautaketan aukeratua izan arte itxaron baitaiteke.

Eskaerak deialdi hau argitaratu eta biharamunetik 2012ko ekainaren 29a arte, hori barne, aurkeztu beharko dira. Bakoitza hartu eta gero, hartu izanaren agiria igorriko da eta zenbaki bat emanen zaio, erreferentziarako eta datu basean jarraipena egiteko (kodea, izangaiaren izena, gaia eta abar) eta igorleei eskaeren nondik norakoen berri eman ahal izateko.

-Hautapen prozesua.

2012ko ekainaren 29a bitarte aurkezten diren eskaerek prozesu hau izanen dute:

1. Jardunbide Egokiaren oinarrizko irizpideak betetzen dituzten ekimen guztiak adituen batzorde bati igorriko zaizkio, behar bezala azter ditzan.

2. Adituen Batzordeak aztertu eta, komenigarritzat jotzen bada, argibide osagarriak eskatuko ditu eta katalogoan argitaratzeko merezimenduak dituzten ekimenak hautatuko ditu. Horietarik, gehienez ere hiru Jardunbide Hoberenak nabarmenduko ditu sarirako. Gainera, kalitatearen arabera, Aipamen Berezi edo Gomendio batzuk hartzen ahalko dira aintzakotzat.

3. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak igorle bakoitzari bere egoeraren berri emanen dio, Sarirako hautapen prozesua amaitutakoan.

-Sarirako egutegia.

2011ko iraila-2012ko ekaina.

VII. saria jendaurrean aurkezteko epea; deialdiaren eskuorria eta VI. sariaren katalogoa banatzea; jendaurrean zabaltzea ekitaldi baten bitartez, helburu horretarako propio; iragarkiak hedabideetan eta deialdia Interneten.

2012ko ekaina.

Mugaeguna 2010-2012ko sarirako aurkezpenak jasotzeko eta jardunbide egokien datu-basean sartzeko: 2012ko ekainaren 29a.

2012ko iraila.

Baloratu diren jardunbide egokiak aurkezten ditu Aditzuen Batzordeak Nafarroako 7. lehiaketa honen katalogoa prestatu eta editatzeko eta, haietatik, saritzea merezi duten hiru jardunbide hoberenak. Bestetik, bidezko bada, aipamen berezia duten edo gomendatzen diren jardunbide egokiak.

2012ko azaroa.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak jendaurrean banatzen die "2011-2012ko jardunbide egokien kataloagoa" hautatu diren erakunde parte-hartzaileei, eta sei mila euro eta trofeoa hiru jardunbide hoberenetako bakoitzeko, egokitzat jo daitezkeen aipamen eta gomendioez gain.

Datuak biltzeko fitxa

Jardunbidearen izenburua: .................................................................

Jardueraren kokalekua:

-Udalerria/Eskualdea/Mankomunitatea/etab.: ................................

Jarduerak ukitutako lurraldea: ............................................................

Jardunbidea aurkezten duen instituzioa/erakundea:

-Entitate mota: ................................................................................

-Izena: ............................................................................................

Harremanetarako pertsona:

-Izen-deiturak: ................................................................................

-Kargua/ zeregina: .........................................................................

-Helbidea:

-Probintzia: ................................................. P.K.: ...........................

-Telefonoa: .................................................. Faxa: ........................

-Helb. elek.: ................................................ Sakelakoa: ................

-Web gunea: ..................................................................................

Jarduketaren data nagusiak:

-Hasiera eguna: .............................................................................

-Amaiera eguna: ............................................................................

-Beste egun garrantzitsu batzuk: ...................................................

Arloa:

1. Deskribapena:

1.1. Jarduketa garatu aurreko egoera: (150 hitz, gehienez ere).

1.2. Jarduketa: (300 hitz, gehienez ere).

 1.2.1. Prozesua:

 1.2.2. Lortu beharreko helburuak:

 1.2.3. Garatutako estrategiak:

1.3. Jarduketa garatu ondoko egoera: (150 hitz, gehienez ere).

1.4. Oharrak:

2. Jardunbide egoki baterako irizpideak:

A. Oinarrizkoak:

2.1. Eragina.

2.2. Elkartea.

2.3. Iraunkortasuna.

B. Gehigarriak:

2.4. Lidergoa eta komunitatearen indartzea.

2.5. Generoa eta gizarte inklusioa.

2.6. Balizko transferibilitatea eta berrikuntza.

2.7. Transferentziak.

3. Ikasitako gaiak:

3.1. Puntu gogorrak:

 3.1.1. Indarguneak:

-

-

-

-

-

 3.1.2. Aukerak:

-

-

-

-

-

3.2. Puntu ahulak:

 3.2.1. Ahultasunak:

-

-

-

-

-

 3.2.2. Mehatxuak:

-

-

-

-

-

4. Jardueraren kostua eta finantzabidea:

Inbertsioen zenbatekoa, guztira: ........................................................

Bazkide bakoitzaren ekarpena:

BAZKIDEA

URTEA

URTEA

URTEA

URTEA

...

GUZTIRA

1. bazkidea:

2. bazkidea:

3. bazkidea:

 ...

Aurrekontua, guztira: euro

Iragarkiaren kodea: F1109805