119. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

166/2011 EBAZPENA, maiatzaren 17koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena, "Murieta-Olexoa" 13,2 kV-ko linean (Murietako udal mugapeko 1. poligonoko 364. lurzatia) neurketa eta maniobra zentro bat jartzeko proiekturako. Sustatzailea Electra J.A. Martínez, S.L. da.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko dokumentazioa. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskinaren I) atalean sartuta dago; dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua eginen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela; horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektuaren asmoa da egungo aire libreko neurketa ekipamendua, metalezko dorrean dagoena, "Murieta-Olexua" lineako 2. euskarrian, beste neurketa ekipamendu batekin ordezkatzea, hain zuzen, etxola aurrefabrikatu batean, aipatutako 2. euskarriaren ondoan dagoenarekin (Murietako katastroko 1. poligonoko 364. lurzatia). Horretarako, 6 metroko luzerako kanalizazioa eginen da, euskarritik neurketa eta maniobra zentro berriraino (1. poligonoko 364. lurzatian dagoen hormigoizko etxola aurrefabrikatuan).

Espedientean Murietako Udalaren eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren aldeko txostenak ageri dira.

Espedientean dauden txostenak ikusita, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, "Murieta-Olexoa" 13,2 kV-ko linean (Murietako udal mugapeko 1. poligonoko 364. lurzatia) neurketa eta maniobra zentro bat jartzeko proiekturako. Sustatzailea Electra J.A. Martínez, S.L. da.

2. Baimena baldintza hauen mende egonen da:

-Linearen amaierako euskarrian eta eroaleak lurpeko linearekin duen konexioan elektrokuzio arriskua murrizteko, erabat isolatuko dira lineako eroaleak eta XS zirkuitu-etengailuak lotzeko zubiak, horien eta tximistorratz autobalbulen arteko lotuneak eta horien eta konexioko botilen artekoak. Bestetik, tximistorratz autobalbulak BCAC ("Bushing Connection Animal Cover") estalki aurremoldeatuekin edo antzekoekin babestuko dira.

-Obra amaitutakoan, ongi garbituko da eremua. Hondakindegi baimendu batera eramanen dira berriz erabili ezin diren hondar eta material guztiak. Birziklatzen ahal diren soberakinak hondakinak tratatzeko zentro batera eramanen dira.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedurari buruzkoan) ezartzen diren ondorioak izanen ditu, baldintza honekin:

-Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

4. Obrak hasi baino lehen, ezinbestekoa izanen da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, haiek konpondu edo txikiagotuko direla bermatzeko, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 69. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Murietako Udalari eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko maiatzaren 17an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F1108999