119. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ATARRABIA

Herritarren Partaidetzaren gaineko Erregelamendua.
Behin betiko onespena

Atarrabiako Udalak, 2010eko otsailaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herritarren Partaidetzaren gaineko Erregelamendua arautzen duen udal ordenantza, eta 2010eko 77. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 25ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Atarrabian, 2011ko maiatzaren 16an.-Alkatea, Pello Mirena Gurbindo Jiménez.

ATARRABIAKO UDALAREN HERRITARREN PARTAIDETZAREN GAINEKO ERREGELAMENDUA

ZIOEN AZALPENA

I

Herritarren Partaidetzaren gaineko erregelamendua Atarrabiako Udalaren tresna bat izanen da, herritarren aurrean konpromiso hau hartzeko: parte hartze demokratikoa eta tokiko afera publikoetan gardentasuna sustatzea, Hirian Giza Eskubideak Babesteko Europako Gutunak oinarri dituen printzipioei eta Konstituzioaren antolamenduari jarraikiz.

Espainiako Konstituzioaren 23. artikuluan aldarrikatzen den eskubide horrek eskariak, banako nahiz talde gisa, egiteko eskubidea du osagarri, Karta Magnaren 29. artikuluan jasotzen dena. Bi eskubide horiek Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean garatzen dira, 69. artikuluan eta hurrengoetan hain zuzen ere. Halaber, herritarren informazioa eta parte-hartzea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean garatzen da, testu arau-emaile horren 92. artikuluan eta hurrengoetan.

Horiek horrela, aipatutako araudia aplikatuta, Udalaren kudeaketa publikoan integratzen den parte-hartze sistema ezartzeko tresna juridikoa da erregelamendu hau, Atarrabiako bizilagunen parte-hartze eta informazio eraginkorra bermatuz tokiko bizitza publikoari dagokionez.

II

Atarrabiako Udalak, gizarte dinamika indartu nahian eta udalerriari buruzko afera eta erabakietan herritarren inplikazioa behar-beharrezkoa dela uste izanda, parte-hartze sistemak antolatu ditu udalerriaren mailan herritarren partaidetza areagotzeko asmoz.

III

Herritarren partaidetza modu arduratsu eta anitzean ahalbidetu eta sustatzea da parte hartzeko prozesuen eta tresnen azken helburua.

IV

Hori dela eta, eta TAOLen 70 bis artikuluko 1. atalean eta TAFLen 92.1 artikuluan agindua bete beharrez, Atarrabiako Udalak herritarren eskura jarri ditu arauen eta materialen aldetik dauzkan tresna guztiak arau honetan ezartzen diren helburuak bete daitezen.

LEHEN TITULUA

Informaziorako eskubidea

I. KAPITULUA

Informaziorako eskubidearen kontzeptua eta edukia

1. artikulua.

1. Bizilagunek udal jardueran parte hartzeko ahalmena izatean eta udal jardueren berri izatean datza informaziorako eskubidea.

2. Honako hauek dira bizilagun guztien eskubideak, araudi orokorrean zein erregelamendu honetan aurreikusi bezala:

a) Informazio zabala, puntuala eta objektiboa jasotzea udal aferei buruz.

b) Informazioa eskuratzea eta Udalaren dokumentazio publikoa eta espedienteak kontsultatzea, legezko interesdunak badira, eta Burutzaren egintzen zein Udalbatzaren erabakien kopiak edo ziurtagiriak eskuratzea.

c) Udal agintariei eskariak egitea.

d) Udal agintariek entzunaldian hartzea.

e) Osoko bilkuretara joatea.

g) Herritarren erakundeen bidez, erregelamendu honetan aitortzen zaizkien eskubideak erabiltzea.

h) Interesdunak badira, espedienteetako dokumentazioa eskuratzea eta tramitazioaren prozesuaren berri izatea, betiere hirugarrenei buruzko datuen konfidentzialtasuna errespetatuz.

2. artikulua.

1. Pertsona guztiek daukate Udalaren jarduerei eta zerbitzuei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, Udalaren artxibo publikoetara joateko eta Udalak informazio orokorrerako ezarritako bitarteko guztiak erabiltzeko.

2. Udala ahaleginduko da eskubide hori arazorik gabe erabil dadin, eta informazio orokorreko kanalak sortuko ditu edozeinek informazioa jasotzeko egiten dituen eskaerei kasu egiteko, legeek ezarritako mugak izanda, batez ere haurrak eta gazteak, pertsonen intimitatea edo herritarren segurtasuna babesteko eskubideei dagokienez.

3. Interes publikoa helburu izanda, eta Udalaren organo eskudunak adostasuna eman ondoren, udal erabakiak eta xedapenak igorriko zaizkie udalerrian bizi diren guztiei, aldizkari ofizialetan argitaratu behar badira ere.

II. KAPITULUA

Informazio sistemak, jendea hartzekoak eta komunikaziokoak

3. artikulua. Herritarrarendako Harrera Bulegoa (HHB).

1. Herritarrarendako Harrera Bulegoa (HHB) da Udalaren informaziorako eta herritarrak hartzeko oinarrizko maila.

2. Hauek dira haren eginkizun nagusiak:

a) Herritarren eskaerei eta galderei kasu egitea, bertatik bertara nahiz telefonoaren bidez nahiz modu telematikoan.

b) Udal jardueren publizitatearekin ikusteko duen jarduera oro kanalizatzea eta informazioa ahalik eta gehien zabaltzea Udalaren jarduerei eta herritar guztiek bertako bizitzan parte hartzeko bitartekoei buruz.

c) Jendeari informazioa ematea Udalaren erakunde eta zerbitzuen funtzionamendu, eskumen eta helburuei buruz, baita, ahalik eta gehienetan, beste administrazioei buruzkoa ere, herritarrak zuzen bideratzeko, tramitea beste administrazio batena denean.

d) Eskaera, kexa, iradokizun, ekimen eta proposamenen erregistroa izatea, eta zehazten diren tramite administratiboak egitea.

e) Atarrabiako entitateek garatu beharreko jarduera guztien berri ematea Udalaren web orrian, baldin eta entitate interesdunek behar bezain garaiz jakinarazten badiote HHBri.

2. Herritarrei erantzun azkarra eta eraginkorra bermatzeko, Atarrabiako Udalak hau emanen dio HHBri: bitarteko teknologikoak, antolakuntza, barneko koordinazioa eta prestakuntza nahiz birziklapena udal langileentzat.

3. Udalak onesten duen izena har dezake HHBk, eta osoko bilkuran zehazten den zinegotzigoaren menpean geratuko dira haren kudeaketa eta koordinazioa.

4. artikulua. Tokiko komunikabideak.

1. Tokiko informazio guneak. Kartelerak, panelak, banderatxoak eta antzekoak paratzeko guneak sortuko ditu hirian Atarrabiako Udalak, tokiko intereseko jarduerei publizitatea egiteko, betiere jarduera hori arautzen duten udal ordenantzekin bat.

2. Atarrabiako Udalaren Informazio Aldizkaria. Informazioa, prestakuntza eta kultura ditu helburu aldizkari horrek. Bi hilabetean behin argitaratuko du Udalak.

3. Udalaren web orria eta posta elektronikoa. Web orri bat jarriko du Udalak herritarren eskura, bertan interes orokorreko jardueren berri emateko, baita gobernu organoen eta Udalbatzaren erabakien berri ere. Halaber, udalerrian garrantzitsuenak diren gizarte, kultura eta kirol jarduerak eta tokiko elkarteen sarea emanen dira ezagutzera.

Atal bat egonen da webgunean kontsultak egiteko, eta ideia, iruzkin, iritzi, iradokizun eta kexak uzteko.

Orobat, parte hartzeko beste tresna batzuk garatzen ahal dira web orrian, kontsulta zehatzak egiteko eta herritarren iritziak ezagutzeko zenbait puntu eta/edo proiekturi buruz.

Halaber, sinadura elektronikoaren erabilpena sustatuko da, garatuko diren lege eta erregelamenduekin bat, administrazio publikoak modernizatzeko prozesuaren barruan, herritarrengandik gero eta hurbilago egon daitezen, Udalaren tramite administratibo batzuk eskatzeko aukera emanez.

4. Informaziorako beste bide batzuk. Ahalmen ekonomikoak eta teknikoak zein kasu bakoitzean aplika daitekeen indarreko araudiak uzten duten heinean, Udalak hemengo irratia eta/edo telebista bultzatuko ditu, eta, haiekin batera, hiriari buruzko informazioaz gainera, ondoko hau ere biltzen duten saioak ere bai: debateak egiten dituztenak eta arduradun politikoei Udalaren eskumeneko gaien eta bertako interesen gainean galdetzen dietenak, gizarte eragileen iritziak jasotzen dituztenak eta herritarren partaidetzarekin prestatzen diren egintzen eta prozesuen berri ematen dutenak.

5. artikulua. Iritzi azterlanak.

1. Udalak iritzi azterlanak egin ditzake herritarren artean Udalaren edozein zerbitzuren funtzionamendua nola baloratzen duten jakiteko edo herritarren iritzia ezagutzeko edozein gai aipagarriri buruz.

2. Udalaren zerbitzuak erabiltzen dituztenei galdeketak egiten ahal dizkie Udalak kalitatearen inguruan, jaso duten zerbitzu zehatzari buruz dituzten balorazioak eta proposamenak ezagutzeko eta, proposamen horiei jarraikiz, haiek hobetzeko.

3. Udaleko talde guztiek nahiz hala eskatzen duten elkarteek, entitateek eta alderdi politikoek berehala jasoko dute informazioa egindako galdeketa eta ikesten egiturari zein emaitzei buruz.

4. Udalak egiten dituen galdeketen emaitzak haren komunikabideen bitartez emanen dira ezagutzera, eta epearen barruan nahiz modu egokian hala eskatzen duten pertsonen eskura jarriko da erabilitako dokumentazioa.

6. artikulua. Tramiteen gida.

1. Udalaren tramiteei buruzko oinarrizko gida bat prestatu eta eguneratuko du Udalak; bere webgunean argitaratuko du, eta herritar guztien eskura egonen da, haien informazioa hobea izan dadin eta jarduketa administratiboak errazago egiteko.

2. Zerbitzuen kartak edo kalitatea kontrolatzeko bestelako bitartekoak bultzatuko ditu Udalak, bere konpromisoak ematen dituen zerbitzuen inguruan jasota geldi daitezen. Gutxienez, konpromiso horiei ebaluazioa eta jarraipena egiteko metodoak edukiko dituzte. Herritarrek ebaluatzeko prozesuetan parte hartzeko bitarteko espezifikoak bideratuko dira.

7. artikulua. Herritarren informaziorako eta komunikaziorako sistema.

1. Jarduketa plan bat sustatuko du Udalak bere eskumenen esparruan informazio, komunikazio eta kontsulta sistemak bideratu eta hobetzeko.

2. Tresna horien erabilpena suspertuko du Udalak, ekipamendu sarearen eta udal bulegoen bitartez haiek erabiltzeko gune publikoak eta etxeekiko loturak bultzatuz, ahal den neurrian eta beste administrazioekin eta operadoreekin elkarlan tekniko eta ekonomikoan.

BIGARREN TITULUA

Parte hartzeko eskubidea eta eskariak egiteko eskubidea

8. artikulua. Parte hartzeko eskubidea.

Tokiko afera publikoetan parte hartzeko eskubidea daukate pertsona guztiek, zuzenean edo herritarren elkarteen bidez; horretarako legeetan eta erregelamendu honetan parte hartzeko zehaztu diren bideez eta erakundeez baliatuko dira.

9. artikulua. Eskariak egiteko eskubidea.

1. Pertsona guztiek eskubidea dute udal gobernuari eskariak edo eskaerak egiteko haren eskumeneko gaien inguruan, edo azalpenak eskatzeko Udalaren jarduketei buruz, legeek ezarritako mugekin, besterik ez. Zuzenbidean baliogarria den edozein bitartekoz baliatuta erabil daiteke eskubide hori, eskatzaileak nor diren eta eskaera zertarako egiten den zalantzarik gabe jasota geratzen baldin bada.

2. Eskariak egiteko eskubide horren bidez, halaber, jarduteko proposamenak, iruzkinak edo iradokizunak igor dakizkioke edozein agintaritzari edo udal organori, eta HHBn edo udal erregistroan aurkeztuko dira horretarako. Udalak helburu horrekin ezarritako bitarteko elektronikoak edo telematikoak ere erabiltzen ahalko dira. Taldeka egindako eskarietan eskatzaileak nor diren ongi jasota gelditu behar da.

3. Eskaria jaso izanaren berri emanen du Udalak 10 eguneko epean, eta tramiterako sarrera emanen dio, non ez den kasu hauetako bat gertatzen:

a) Eskatzailea edo eskatzaileak nor diren ongi jasota gelditzen ez denean.

b) Udalak eskumena ez duelako eskaria onartzen ez denean.

Lehenengo kasuan 15 eguneko epea irekiko da akats hori zuzentzeko, eta, hori iragandakoan, dagokion dokumentazioa aurkeztuta ez badago, eskariari uko egin diola ulertuko da.

Eskaria bestelako zioren batengatik ez onartzeak ebazpen arrazoitu bat ekarriko du 45 eguneko epean, eskaria aurkeztu eta biharamunetik aurrera.

Tramiterako sarrera ematen bazaio, Udalak eskatzaileari hiru hilabeteko epean erantzun beharko dio gehienez, eta horretarako zer neurri hartuko diren edo zer jarduketa egin gogo diren jakinaraziko dio, hala balegokio.

10. artikulua. Biltzeko eskubidea.

Biltzeko eskubidea gozatzearren, Udalaren lokal, ekipamendu eta eremu publikoak erabiltzeko eskubidea dute pertsona guztiek, eta baldintza bakarrak espazioaren ezaugarriak eta udal ordenantzak izanen dira, baita bilerak joan-etorri publikoko tokietan edo manifestazioak egiteko ezarritakoak ere, betiere Biltzeko Eskubidea arautzen duen 9/1983 Lege Organikoari jarraikiz.

11. artikulua. Herritarren ekimena.

1. Eskariak egiteko eskubidea erabiliz, eta TAOLen 70 bis) artikuluan aurreikusitakoarekin bat, edozein pertsonak edo taldek proposatzen ahal dio Atarrabiako Udalari Udalaren eskumeneko jarduketa edo jarduera bat proposatzen duen edozein ekimen, hala nola:

a) Proiektuak edo erregelamenduak onestea bere eskumenen esparruan.

b) Gaiak proposatzea osoko bilkurako gai zerrendan sartzeko.

c) Udalari proposatzea interes publikoko jarduketa jakin bat egiteko, eskatzaileek konpromisoa hartuta bitarteko ekonomikoez, ondasunez, eskubideez edo lan eginez laguntzeko.

2. Ekimen horrekin ezin dira, inolaz ere, tributu edo prezio publikoen inguruko arauak ukitu.

3. Udalak, ekimena jasotzen denean, jendaurrean paratuko du, Udalaren iragarki oholean eta webgunean hogeita hamar egunean iragarriz, non ez den epe laburrago bat erabili behar, presazko arrazoiak direla eta.

4. Udalak herritarren ekimenari buruz erabaki bat hartuko du hogeita hamar eguneko epean, jendaurreko epea bukatu eta biharamunean hasita. Erabakitzerakoan, batez ere ekimenaren interes publikoa hartuko da kontuan, eta baloratuko da hura gauzatzea egokia eta egingarria den. Dagokion erabakia hartu aurretik, Udalak azalpen osagarriak eska diezazkioke proposamena egin duen elkarte edo entitateari.

5. Udalaren organo eskudunak herritarren ekimena onesten badu, hura garatzeko modua eta egutegia emanen ditu aditzera, eta beharrezko kontu-saila erabiliko.

12. artikulua. Entzunaldia izateko eskubidea.

1. Prozeduren tramitazioetan edo udal jarduketak egiten direnean, entzunaldia izateko eskubidea dute pertsona guztiek, bidezko interesa baldin badaukate, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatuarekin bat.

2. Bidezko interesak sortutako eskubide hori ukatu gabe, Udalaren ekimenez deituta edo herritarrek herritarren intereseko gaiak jorratzeko eskatuta ere erabil daiteke entzunaldia izateko eskubidea; horrela, entzunaldia egiten da, hau da, egun batean udal arduradunak herritarrekin biltzen dira zenbait jarduketari edo jarduteko programari buruz informazioa emateko eta herritarren proposamenak jasotzeko.

3. Alkateak osoko bilkura bat deituko du urtean behin gutxienez, udal jarduketen programa eta udal ordenantzak aurkezteko; horrelakoetan, inplikatutako eragile guztiei jakinarazi beharko zaie programa eta ordenantza horiek aurkezteko eginen den osoko bilkura baino 15 egun lehenago gutxienez.

4. Halaber, behar adina bilkura egin daitezke urtean zehar, Udalaren ekimenez edo honako hauek eskatuta:

a) Udal erroldan inskribaturik dauden 18 urtetik gorakoen %5.

b) Entitateen Udal Erregistroan inskribaturik dauden elkarte edo taldeen %10 baino gehiago.

c) Bi kontseilu sektorial gutxienez.

5. Honelakoa izanen da bilkuren funtzionamendua:

a) Alkatea izanen da bilkuretako burua, eta edozein zinegotzi eskuordetzen ahalko du. Udalbatzako idazkaria arituko da idazkari, bidezkoa bada, edo bestela eskuordetza jasotzen duena.

b) Gai horretaz aritu nahi duenak parte hartuko du.

c) Udalaren arduradun politikoak parte hartuko du eta bere jarrera erakutsiko.

d) Bertaratutakoek parte hartuko dute, bakoitzak bost minutuan gehienez ere. Denbora hori murrizten ahalko da hitza zenbatek eskatu duten kontuan izanik; izan ere, bilkurak bi ordu iraunen du guztira.

e) Arduradun politikoaren erantzuna, bidezkoa bada.

f) Ondorioak, bidezkoa bada.

6. Deialdia ondoko hauetan iragarriko da: informazioko udal aldizkarian, Udalaren iragarki oholean, udal webgunean eta bertan sortu den beste edozein komunikabidetan; halaber, eskatzaileei banan-banan jakinaraziko zaie. Horretaz gain, presako arrazoiak direla eta, Alkatetzaren bandoen bitartez ere iragar daiteke.

7. Hirigintzako jarduketa aipagarriek eta interes publikoko beste arrazoi batzuek ukitutako guztiei (bizilagunak) entzunaldia emanen die Udalak nahitaez.

13. artikulua. Udal organoetan parte hartzeko eskubidea.

1. Pertsona guztiek daukate osoko bilkura arruntetan parte hartzeko eskubidea, ondotik ematen diren baldintzekin bat.

2. Osoko bilkuran parte hartzea.

Atarrabiako Udalaren elkarteen erregistroan inskribaturiko elkarte edo entitateren batek edo bizilagunen batek osoko bilkuran gai zerrendaren puntu batekin zerikusia duen zerbait azaldu nahi duenean, interes zuzena edo zeharkakoa duela frogatzen badu, Alkatetzari eskatuko dio idatziz eta gutxienez 24 ordu lehenago.

Udaleko talde guztien bozeramaileei jakinarazi ondoan, Alkatetzak interesdunaren partaidetza baimentzen ahalko du, eta parte hartzeko tarte bat utziko du eskatzaileek beren azalpenak ongi eman ditzaten, gai zerrendan sartutako proposamena eztabaidatu eta bozkatu aurretik. Horretarako, etenaldi bat egiteko aginduko du Alkatetzak, partaidetza hori izan duen gai zerrendako puntuaz eztabaidatzen hasi aurretik.

Parte hartzea eskatu dutenek adierazi beharko dute nork hartuko duen hitza osoko bilkuran.

Ezin izanen da parte hartu bilkura berezietan edo presako prozeduraren bidez deituetan.

3. Herritarrek eskariak eta galderak egiteko txanda.

Bilkura amaitutakoan, Alkatetzak eskariak eta galderak egiteko txanda ireki dezake, Atarrabiako bizilagunak gai zehatzei buruz ari daitezen. Alkateak zuzenean erantzun dezake, edo bestela, udalkideren bati erantzuteko baimena eman diezaioke; horrek ez du ukatuko gai hori, hala balegokio, idatziz erantzun beharko dela hamabost eguneko epean gehienez ere.

4. Jakinarazpenak edo proposamenak osoko bilkurako gai zerrendan sartzeko eskaera.

Atarrabiako Udalaren elkarteen erregistroan inskribaturiko edozein herritarren elkartek edo entitatek, edo edozein bizilagunek nahiz bizilagun taldek Alkatetzari eska diezaiokete osoko bilkurako gai zerrendan sar dezan bere intereseko gai bat, eskaera hori idatziz arrazoituz.

Alkatetzak gaia gai zerrendan sar dezake, edo gaiaren arabera dagokion informazio batzordera igorri, hura proposatu dutenak bertan parte hartzera gonbidatuz.

5. Partaidetza informazio batzordeetan.

Atarrabiako Udalaren elkarteen erregistroan inskribaturiko edozein herritarren elkartek edo entitatek, edo edozein bizilagunek nahiz bizilagun taldek edozein informazio batzordetako burutzari eska diezaioke batzorde bakoitzeko gai zerrendan sar dezan bere intereseko gai bat, eskaera hori idatziz arrazoituz.

Informazio batzordeko buruak gaia gai zerrendan sar dezake, edo informazio batzordera igorri, hura proposatu dutenak bertan parte hartzera gonbidatuz. Horrela, haien iritzia gai jakin horren inguruan entzun edo txostena jasotzen ahalko da, betiere kontuan izanda txosten hori orientagarria izanen dela beti, ezin baita inoiz kontsultagarria edo nahitaezkoa izan.

14. artikulua. Herri kontsulta edo erreferenduma.

1. TAOLen 70 bis artikuluan eta TAOLen 96. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, osoko bilkuran gehiengo osoarekin erabaki ondoan, alkateak herri kontsulta egin diezaieke hauteskundetako erroldan inskribaturik dagoen herritar guztiei, Udalaren eskumena den eta tokiko interesa duen edozein gairi buruz.

2. Herri kontsulta edo erreferenduma ezin izanen da tributu kontuei buruz egin, eta urte bakoitzean artikulu honetan zehaztu bezalako bi kontsulta baino gehiago ezin dira egin, edo kontsulta bera agintaldi berean errepikatu.

15. artikulua. Parte hartzeko eskubideak benetan sustatzea.

1. Titulu honetan arautzen diren parte hartzeko eta eskariak egiteko eskubideak benetan erabiltzea sustatuko du Udalak, haien garapena eragozten duen oro kenduz.

2. Legeek ezarritako esparruan, elkarrizketarako egoerarik txarrenean dauden taldeak eta jendea elkarteetan biltzea sustatuko du Udalak, eta etorkinen partaidetza bultzatuko du.

3. Halaber, elkarteak sustatzeko politikak jarriko ditu abian, udalerriko bilbe soziala indartsuagoa izan dadin eta interes orokorreko ekimenak gara daitezen.

HIRUGARREN TITULUA

Entitateen udal erregistroa

16. artikulua. Definizioa.

Batez ere udalerri honetan aritzen diren elkarte eta talde egonkorrak inskribatzeko erregistroa da, Nafarroako Gobernuko entitateen erregistroetan dagoeneko erregistraturik badaude eta IFZ badaukate.

17. artikulua. Xedea.

Erregistro publikoa da, eta interesdun guztiek kontsultatzen ahal dute. Tresna dinamikoa da, hiriko elkarteen errealitatearen berri ematen saiatzen dena; orobat, elkarteen sarea nola garatu den analizatu eta aztertzen du, geroago informazio hori Udalari eta entitateei emateko, elkarteetan biltzea sustatu eta hobetzeko politika benetan gara dadin. Halaber, erregelamendu honetan ezarritako helburuekin bat egin nahi duten udalerriko entitateen kopurua, haien xedeak eta haien ordezkaritza ezagutzen ahal ditu Udalak, horrela udal politika zuzena eramateko elkarteen sustapenari dagokionez.

18. artikulua. Kudeaketa.

Idazkaritza Nagusian eramanen da erregistro hori, eta barne araubidearen eginkizunak eskuordetuta dituen zinegotzigoaren menpean egonen da.

19. artikulua. Inskribatzen ahal diren entitateak.

Irabazi asmorik gabeko elkarte guztiei dago irekita entitateen udal erregistroa, Atarrabiako biztanleen interes orokorrak edo sektorialak hobetu, sustatu eta defendatzeko helburua baldin badaukate. Hortaz, honako hauek sar daitezke erregistroan: auzokideen elkarteak, guraso elkarteak, kultur, kirol, jolas, gazte edo aisialdi entitateak, sindikatuen, enpresarien edo lanbideen entitateak, edo antzekoa den beste edozein, Konstituzioaren esparru demokratikoan legezkoa bada.

Entitateen udal erregistroan inskribatuek baino ez dituzte bermaturik izanen erregelamendu honetan aitortutako eskubideak.

20. artikulua. Inskripzioa.

Fitxategian inskribatzeko, Udalak onetsitako ereduari jarraituz prestatutako idazki bat aurkeztu beharko da udal erregistroan, ondotik ematen den dokumentazioarekin batera.

a) Nafarroako Gobernuko entitateen erregistroren batean inskribatuta egotearen egiaztagiria.

b) Elkartearen sortze akta eta indarra duten estatutu edo funtzionamendu arauen fotokopia.

c) Zuzendaritza Batzordeko kideen nortasuna egiaztatzen duen akta edo ziurtagiria, bai eta haien helbide eta telefonoak ere.

d) Helbidea eta, kasua bada, egoitza soziala(k).

e) Identifikazio Fiskaleko Kodea.

f) Eskaera egiten den unean inskribatuta dauden pertsona kopuruaren ziurtagiria (datuak sexuaren eta adin-talde handien arabera).

g) Urteko jardueren programa edo oroitidazkia.

h) Entitatearen urteko aurrekontua.

21. artikulua. Entitateen sailkapena.

1. Udalak entitatea edo taldea sailkatuko du fitxategian jasotzen diren tipologietako batean, eta hala jakinaraziko die entitatearen sustatzaileei, egokitzat jotzen dituzten alegazioak egin ditzaten. Jakinarazpena egin eta hamabost eguneko epean ez bada alegaziorik aurkeztu, ulertuko da eginiko sailkapena ontzat jo dela.

2. Sailkapena egiterakoan ikusten bada inskripzioa egiteko ezinbestekotzat jotzen den betekizunen bat falta dela, interesdunari jakinaraziko zaio, hamabost eguneko epean akatsa zuzen dezan; akatsa zuzentzen ez badu, ulertuko da bere eskaera bertan behera utzi duela.

22. artikulua. Datuak aldatzea.

1. Fitxategian inskribaturiko entitateek Udalari jakinarazi beharko diote inskripzioa eskatzeko aurkezten den dokumentazioan jasotako datuetan gerta daitekeen aldaketa oro, aldaketa gertatu eta hilabeteko epean.

2. Bi urtean behin, datuak eguneratzeko eskatuko die Udalak entitateei, haien egoera eguneratuaren berri izateko.

3. Horretarako, kontsulta egiteko moduak ezarriko ditu, eman beharreko informazioa entitate bakoitzari igorriz.

4. Entitateek aktiboki lagundu beharko dute haien datuak egiazki eguneratzen; betebehar hori ez betetzea Entitateen Udal Fitxategian baja emateko zuzeneko arrazoia izanen da.

LAUGARREN TITULUA

Herritarren partaidetzaren organoak

23. artikulua. Kontseilu sektorialak.

1. Partaidetzaren organo kontsultagarriak dira, gogoeta egitekoak, herritarren ekimenak eta ardurak hirian interesa duten gai zehatzei buruz bideratzen dituztenak (hala nola, kultura, kirola, ingurumena, gazteria, berdintasuna etab.); horri esker, posible izanen da herritarrek ardura handiagoa izatea Atarrabiako Udalaren afera publikoetan.

2. Entitateen Udal Fitxategian inskribaturik dauden entitateen %10ek edo alkateak proposatuta osa daitezke, baldin eta osatu gogo den kontseilu sektorialaren sektore berean badago sailkatuta entitate horien jarduera nagusia.

3. Alkatea izanen da burua, edo hark eskuordetzen duen zinegotzia. Buruordetza izanen da kontseilua osatzen duen beste norbaitentzat, Udalbatzakoa ez bada.

4. Honako hauek har dezakete parte kontseilu sektorialean:

a) Entitateen Udal Erregistroan inskribatuta dauden entitateen ordezkariak, bere jarduera nagusia sektore horretan baldin badago eta, haien batzarrak erabakita, parte hartu nahi dutela adierazten badute.

b) 18 urtetik gorako 20 lagun bitarte, biztanleen erroldatik ausaz hautatuak.

c) Alkateak edo kontseiluko edozein kidek proposatutako 10 lagun bitarte, kontseilu horren gehiengoarekin onesten badira eta esparru sektorialean aipagarriak eta garrantzitsuak badira.

5. Kontseilu sektorialak hiru hilabetean behin bilduko dira gutxienez, eta alkateak edo kideen heren batek deitzen dituen aldiro.

6. Kontseilu sektorialak berak prestatutako eta Osoko Bilkurak onetsitako erregelamenduari jarraikiz erabakiko da bilkuren eta deialdien funtzionamendua.

7. Bi urtean behin berritu beharko dira kontseilu sektorialak, entitateen ordezkariei eta herritarren artean ausaz hautatzen direnei dagokienez, eta lau urtean behin Udaleko ordezkariei dagokienez, udalbatzako agintaritza berritzearekin batera.

8. Urtero, epe horretan egindako jarduketei buruzko txosten bat eztabaidatu eta onetsiko da kontseilu sektorial bakoitzean, eta hobetzeko zer egin proposatuko da. Txosten hori Udalean aurkeztuko da, eta osoko bilkura arruntean eztabaidatuko da haren inguruan.

BORZGARREN TITULUA

Parte hartzeko tresnak

24. artikulua. Parte hartzeko tresnak erabiltzea.

Erregelamentu honetan zehaztutakoez gainera, Atarrabiako Udalak bere jarduerarako egokiak juzgatzen dituen bestelako tresnak erabil ditzake herritarrek parte har dezaten.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehendabizikoa.-Atarrabiako Udalak Herritarren Gutun bat sustatuko du, informaziorako, eskariak egiteko, biltzeko eta parte hartzeko eskubideak hobeki erabiltzeko dauden bitarteko eta tresnen inguruan informazioa emateko eta zabaltzeko.

Bigarrena.-Parte hartzeko planak prestatuko ditu Atarrabiako Udalak, helburu hauekin: udal antolamendua hobetzeko, herritarren ekimenek haren gainean eragin handiagoa izateko, elkarteen sarea egituratzeko eta sendotzeko, eta herritarrek interes handiagoa izateko hiria hobetzeko parte hartzerakoan.

Hirugarrena.-Elkarteetan biltzea sustatzeko jardunbideak garatuko ditu Udalak, bitartekoak jartzeko hiriko elkarteen jarduna eta egitura hobetzeari dagokionez, eta elkarteen sarean pertsona gehiago sartzeari eta haien inplikazioa handitzeari dagokienez.

Laugarrena.-Herritarren partaidetza sustatzen duten eredu, esperientzia edo sistema berriak agertzen badira, haiek erabiltzen ahalko dira udalbatzak ikuskatuta eta osoko bikuran onetsita.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehendabizikoa.-Lehenengo kontseilu sektorialak eratu eta hilabeteko epean, gehienez ere, Jarraipen Batzorde bat osatuko da, erregelamendu hau aplikatuko dela bermatuko duena. Udaleko ordezkariek eta kontseilu sektorialetako kideek osatuko dute honako proportzio honekin: %40 herritarrak izanen dira (biztanleen erroldatik ausaz hautatuak eta kontseilu sektorial bakoitzean aipagarriak direnak), beste %40 Entitateen Udal Erregistroko elkartekoak eta entitatekoak, eta %20 Udaleko ordezkariak.

Udalak, osoko bilkuran, zehaztuko du zenbat kide dituen, benetan osatu diren kontseilu sektorialak kontuan hartuta; hala ere, ezin dira 10 baino gehiago izan.

Herritarren Partaidetzaren gaineko erregelamendu honen funtzionamendua onetsi eta urte batera hura ebaluatzea izanen da Batzordearen lehendabiziko lana.

Bigarrena.-Herritarren Partaidetzaren gaineko erregelamenduak balio osoa gordeko du Udalaren beste arau batzuen gainean eragina duenean, eta horiek egokitu beharko dira erregelamendu honetan xedatzen den horretara.

Atarrabian, 2010eko otsailaren 25ean.

Iragarkiaren kodea: L1109896