Iragarkia
119. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 17a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
EBAZPENA, 2011ko maiatzaren 5ekoa, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Arguedasko "Parque de la Naturaleza de Navarra, S.A." enpresaren hitzarmen kolektiboaren testua erregistratu, gorde eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabakitzen duena.
Arguedasko "Parque de la Naturaleza de Navarra, S.A." enpresaren hitzarmen kolektiboaren testua (kode zk.: 31008592012008) aztertu da. Erregistro honetan 2011ko apirilaren 20an sartu zen eta enpresako lege eta sindikatu ordezkariek martxoaren 30ean izenpetu zuten, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. ataletan eta Hitzarmen Kolektiboen Erregistro eta Gordailuei buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.
2. Ebazpen hau negoziazio batzordeari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2011ko maiatzaren 5ean.-Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren zuzendari nagusia, Imelda Lorea Echavarren.
"SENDA VIVA" PARQUE DE LA NATURALEZA, S.A. ENPRESAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA, 2010-2012rako. 2011ko MARTXOAREN 30ean
ATARIKOA
Alderdiak zehaztea
Arguedasen, 2011ko apirilaren 30ean, ''Parque de la Naturaleza de Navarra, S.A.'' enpresako zuzendaritzako kideak eta enpresa batzordekoak bilduta, aurrerago aipatzen diren akordioak izenpetu dituzte, 2010., 2011. eta 2012. urteetarako lan baldintzak arautuko dituztenak.
Enpresako ordezkariak: M.ª Eugenia Lecumberri Alli, Rubén González Martínez de Morentin.
Enpresa batzordea: Aitor Valdeón Vélez, Raquel Fernández Navas.
Miriam Gil Navarro, Raquel Martínez Martín, M.ª Pilar Sancho Gil.
Bi alderdiek elkarri aitortu diote legezko ahalmena eta behar adinako ordezkagaitasuna dutela hitzarmen hau sinatzeko, indarra duen legeriaren arabera.
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Izaera eta helburuak.
Akordio hau sinatu duten alderdiek jakinarazten dute testu hau dela, taldeak duen autonomia erabiliz, libreki hartutako erabakiaren adierazpena.
Akordioaren izaera juridikoa hitzarmen kolektibo bati dagokiona dela ulertuz, zeinen xedea Parque de la Naturaleza de Navarra S.A. enpresaren eta bere langileen arteko baldintza ekonomikoak, sozialak eta lanekoak arautzea baita, aitortzen dute borondatezko akordio honen barneko itun guztie Langileen Estatutuaren 82. artikuluan aipatzen den indar arauemaile osoa dutela.
Hitzarmen honen xedapenetan ez dute eraginik izanen eremu desberdinetako hitzarmen kolektiboek, non eta alderdi sinatzaileek, ados jarrita, ez duten horietako bati lotzeko erabakia hartzen.
2. artikulua. Alderdiak zehaztea.
Hitzarmen kolektibo hau Parque de la Naturaleza de Navarra S.A. enpresaren eta bertako enpresa batzordearen artean itundu da.
3. artikulua. Lurralde eremua.
Hitzarmen hau ''Parque de la Naturaleza de Navarra, S.A.'' enpresak bere jardueretarako eraikita dituen edo geroan eraiki ditzakeen lantoki eta sail guztietan aplikatuko da.
4. artikulua. Langile eremua.
Hitzarmen hau enpresan lan egiten duten langile guztiei aplikatuko zaie, edozein dela ere bakoitzaren jarduera eta sinatuta duen lan kontratu mota.
5. artikulua. Iraunaldia.
Hitzarmen honek indarra hartuko du 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean zein egunetan argitaratzen den kontuan hartu gabe, beste data baterako hitzartutako kontzeptuak salbu, eta hiru urteko indarraldia izanen du, 2012ko abenduaren 31 arte.
Hitzarmen hau automatikoki luzatuko da bere osoan, betiere alderdiren batek hitzarmenaren amaiera iragartzen ez badu, epemuga iritsi edo luzapena amaitu baino bi hilabete lehenago, gutxienez.
Ezarritako epean amaiera iragartzen bada ere, hitzarmen honek indarrean iraunen du harik eta haren ordezko hitzarmena egin eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.
6. artikulua. Osotasunarekiko lotura.
Hitzarmen honetan itundutako baldintzek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute, eta, praktikan aplikatzerakoan, euren osotasunean hartuko dira.
7. artikulua. Irenspena eta konpentsazioa.
Hitzarmenean ageri diren baldintza ekonomikoek, behar bezala baloratuta, orokorrean eta urteko konputuan irentsi eta konpentsatuko dituzte ezartzen ahal diren beste baldintza guztiak edo etorkizunean edozein lege-mailatako arauetan ezarritakoak, edo ebazpen administratibo edo judizialen ondoriozkoak.
8. artikulua. Berme pertsonala.
Langileen "ad personam" baldintzak, orokorrean eta urteko konputuan hartuta, hitzarmen honetan finkatutakoak baino hobeak direnean errespetatuko dira.
9. artikulua. Batzorde paritarioa.
Langileen Estatutuaren 85. artikuluko 3. e) atalean aurreikusitako legezko ondorio guztietarako, batzorde paritarioa eratu da, lau kidek osatua, bi enpresaren aldetik eta beste biak langileen ordezkari gisa, hitzarmena sinatu duten enpresa batzordeko kideen artean hautatuak.
Batzordea bere eginkizunetan arituko da, harik eta hurrengo hitzarmeneko negoziazio-mahaia eratu arte.
Batzorde paritarioaren eginkizunak:
-Bere esku hartzea hitzarmen kolektibo honen interpretazioaren edo aplikazioaren gainean bakarka zein taldeka sor daitezkeen auzi guztiak, edozein ekintza jurisdikzional, administratibo edo arbitralera eraman aitzin.
-Hitzarmenaren ondoren emandako legezko edo arauzko xedapenek uki ditzaketen gaiak berrikustea, baloratzea eta eguneratzea.
-Itundutakoa betetzen den zaintzea.
-Alderdietako batek eskatuz gero, batzorde paritarioa hamabost eguneko epean bilduko da.
10. artikulua. Nafarroako Lan Auzitegiaren mende jartzea.
Hitzarmenaren sinatzaileek erabaki dute hitzarmenaren interpretazioan, betearazpenean eta/edo aplikazioan sortzen ahal diren desadostasunak eta era guztietako arazoak, bakarkakoak nahiz taldekoak, batzorde paritarioan konpontzerik ez bada, Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren esku jartzea, bitartekotza eta adiskidetze faseetan, eta alderdiek, euren borondatez, aipatu auzitegiaren arbitraje prozeduraren esanetara jartzeko ahaleginak egiteko konpromisoa agertzea.
Klausula hau, beraz, alderdiak Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiari atxikitzearen adierazpena da, Langileen Estatutuko 83. artikuluak arautzen duen eraginkortasun orokorreko izaera du eta, horren ondorioz, itunak enpresaburuak eta langileak behartzen ditu beren desadostasunak epaiketara jo aitzin aipatutako auzitegiaren bitartekotza eta adiskidetze prozeduretan azaltzera. Hori horrela, ez da nahitaezkoa atxikimendu espresa eta banakakoa egitea, borondatezko atxikipena behar den prozeduran izan ezik, zeina bultzatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu baitute lan hitzarmen honen sinatzaileek.
II. KAPITULUA
Lanaren araubidea
11. artikulua. Lanaren antolaketa.
Lanaren antolaketa, hitzarmen honetan eta legeria indardunean xedatutakoari jarraituz, enpresako zuzendaritzaren ahalmena eta erantzukizuna da eta horren xedea da produktibitate maila egokia lortzea, horretarako giza eta gauzazko baliabideak ahalik eta ongien erabiliz, eta kontuan hartuz langile guztien helburua dela Sendaviva enpresaren bezeroak kontent jartzea, ahalik eta gehien, jendeari eskaintzen zaion produktua osatzen duten unitate guztien funtzionamendu zuzena eta zerbitzua bermatuz.
Langileek, euren legezko ordezkarien bidez, eskubidea dute beraiengan eragina izan ditzaketen antolaketaren arloko erabakiak jakiteko.
Enpresako zuzendaritzak eta enpresa batzordeak euren ekintzetan helburu komunak lortzen saiatuko dira, jarduera honen berezitasuna gogoan izanen dute, malgutasun, berdintasun eta zuzentasun printzipio orokorrak bateratuko dituzte, indarra duen araudia errespetatuko dute eta langileen prestakuntza eta lanbide garapena, bai eta laneko eta familiako bizitza elkarrekin egokitzea ere bultzatuko dute.
Nolanahi ere, enpresako antolakuntzan egin daitezkeen aldaketen berri emanen die enpresak langileen ordezkariei, baldin eta aldaketa horiek eraginik badute langileengan; kasu horietan guztietan, Langileen Estatutuaren 41. artikuluan ezarritako epeak beteko dira.
Enpresako zuzendaritzak esleitua duen agintaritza deusetan gutxietsi gabe, enpresa batzordeak badu aholkatzeko, orientatzeko eta proposamenak egiteko ahalmena, lanaren antolaketarekin eta arrazionalizazioarekin lotutako gaietan, eta eskubidea du hartzen diren erabakiak betearazi baino lehen bere txostena egiteko lanaren antolaketa eta kontrol sistemak ezarri edo berrikusten diren kasuetan, eta hori guztia aplikatzekoak diren legezko arauak galarazi gabe.
12. artikulua. Lanbide sailkapena.
Hitzarmen honen eraginpeko langileak lanbide taldetan sailkatuko dira, talde bakoitzean baliokidetzat jotzen diren eginkizunak ere bilduz. Lanbide sailkapena eta lanbide talde bakoitzaren eginkizunen definizioa I. eranskinean jarri dira.
Bestalde, parkeko langile guztien helburu komuna, aurreko artikuluan adierazi dena, kontuan hartuz, enpresak edozein pertsonari eskatzen ahalko dio, salbuespen gisa, prestakuntzarik izan ez eta beharrik ere ez duten lan batzuetan aritzeko, are eta funtzio-arlo desberdinetakoak eta/edo beheragoko lanbide taldeetakoak ere, ohiko lanaldia aldatu gabe.
Enpresak hala erabakita, beheragoko lanbide talde bati dagozkion lanak egiten badira, ukitutako langileak bere lanbide taldearen eta mailaren soldata segituko du kobratzen; goragoko lanbide taldeari dagozkion lanetan arituz gero, horren soldata baldintzak aplikatuko zaizkio langileari, lan horretan diharduen denboran.
Enpresako zuzendaritzak eta enpresa batzordeak, elkarrekin eta bat etorriz, hitzarmen honen indarraldian aldatzen ahalko dute lanbide talde bakoitzarenak diren eginkizunen zerrenda.
13. artikulua. Probaldia eta aurreabisurako epea.
Kontratuen probaldia 6 hilabetekoa izanen da teknikari tituludunentzat, eta, 2 hilabetekoa, gainerako langileentzat. Aldi baterako ezintasun egoeragatik probaldiaren konputua eten daiteke, alderdiak ados jarriz gero.
Enpresa bere borondatez utzi nahi duen langileak aurreabisurako epea bete beharko du, bere lanbide taldeari dagokiona, jarraian adierazten den bezala:
-1. eta 2. taldeak: 30 egun.
-3., 4. eta 5. taldeak: 15 egun.
Epe horiek %50 luzatuko dira, enpresa uzten bada parkea jendearentzat irekitzen den garaian.
Aurreabisua ez betetzeak kalte-ordaina sortuko du, jakinaraztean zenbat egun atzeratzen den, horrenbesteko eguneko soldataren adinakoa. Enpresak langileari soldata eta finikito kontzeptuan ordaindu beharreko diru-kopurutik kentzen ahalko dio aipatutako kalte-ordaina.
14. artikulua. Lanbide sustapena.
Enpresa, ahal baldin bada, lanpostuak plantillako langileentzako barne igoeraren bidez betetzen saiatuko da, betiere eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte; horretarako, kontuan hartuko dira haien prestakuntza, ezagupenak, jarrera, antzinatasuna, bai eta bete nahi den goragoko mailako lanpostuaren eginkizunak, aldi batez, ongi bete izana ere. Hori dela-eta, enpresa batzordeari lanpostua betetzeko beharraren berri emanen zaio, bai eta eginen diren proben berri ere.
III. KAPITULUA
Lan denbora
15. artikulua. Lanaldia eta atsedenak.
Urteko konputuan, benetako lanorduak hauek izanen dira:
-1.760 ordu, 2010ean, 220 lanegunetan banatuak.
-1.752 ordu, 2011n, 219 lanegunetan banatuak.
-1.752 ordu, 2012an, 219 lanegunetan banatuak.
Benetako lanordutzat joko dira parkean barna alde batetik bestera joateko ematen den denbora, lanaldia hasi ondoren, eta lanerako behar den materiala, adibidez, giltzak, komunikabideak, dokumentazioa edo lanerako beste edozein material edo tresna biltzen eta entregatzen emandakoa.
Parkeko berezko jarduera ikusita, urtean zehar aldatzen baita, eta LEren 34.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lanaldiaren banaketa irregularra ezarri da. Parkea jendearentzat irekita egoten den hilabeteetan, eguneko lanaldia, gehienez ere, 10 ordukoa izanen da, eta gutxienez 4 ordukoa, langileari zerbitzuak emateko ezarri zaizkion egunetan.
Lanaldi zatituan diharduten langileek lanaldiaren etenaldia izanen dute, gehienez ere 2 ordukoa eta gutxienez 45 minutukoa. Denbora tarte hori ez da benetako lan denboratzat joko.
Ezinbesteko arrazoiak direla-eta, edo eguraldia dela-eta, edo enpresari egotz ezin dakiokeen beste edozein arrazoirengatik, langileak ezin izan baditu bere zerbitzuak eman, eskubidea izanen du inguruabar hori gertatzen den egunerako aurreikusitako orduetatik 3 ordu benetan lan egindako denboratzat kontatzeko, betiere zerbitzua ematea ezinezkoa dela abisatu diotela-eta instalazioetara joan ez bada, edo enpresako instalazioetara iritsi bai, baina bere lanpostuan lanean hasi ez bada. Baldin eta langile bat bere ohiko lanaldian hasi bada, enpresak ordu erdi izanen du langileari jakinarazteko ezinbesteko kasua gertatu izanagatik lanpostutik alde egin behar duela. Ordu erdi hori iraganda, etenaldia gertatzen bada, lanaldi erdiari dagokion soldata ordainduko da. Etenaldia lanaldiaren 2. zatia hasi ondoren gertatzen bada, lanaldi osoari dagokion soldata ordainduko da.
16. artikulua. Lan egutegia eta ordutegia.
Urte bakoitzeko egutegia LEren 34.6 artukuluan xedatutakoari jarraikiz prestatuko da.
Egutegia prestatzerakoan, kontuan hartzekoa izanen da, batez ere, parkea irekita egoten den sasoia, eta, orobat, beste sasoi jakin batzuetan izan ohi diren saihestezineko beharrak, "2. eranskinean" adierazten direnak, instalazioen funtzionamendurako aurreikusitako ordutegiak, asteko atsedenaldia, lanaldi zatituko eta jarraituko etenaldia edo atsedena, bai eta jardueraren funtzionamenduari lotutako gainerako inguruabarrak, betiere enpresa batzordeari kontsulta eginez horren edukiaren gainean.
17. artikulua. Ordu poltsa.
Parkea jendearentzat irekitzen den egunez gainera, egutegian beste egun batzuk finkatuko dira, bisitari talde itunduak hartzeko. Parkea urtean zehar irekita egonen den egutegia prestatzeko orduan, ez dago jakiterik edo ez dago zenbatzeko modurik taldeko bisitariak hartu beharreko egunak. Horregatik, ordu poltsa bat jarri behar da, zuzendaritzak behar diren langileak izan ditzan bisitari talde horiek hartu ahal izateko.
Enpresak bisitari talde itundu horientzako aurreikusitako egunen %80aren benetako okupazioa bermatuko du; ondorioz, lanaldi arrunta luzatuko da, banakako kontratuaren bidez gainerako %20a ordu poltsa gisa uztea adosten duten langileentzat. Enpresak horren betearazpena eska dezake, lan karga handiago bati erantzunez, baina ez dago behartua benetako okupazioa ematera, ez eta langileei poltsa hori osorik ordaintzera ere.
Enpresak hitz eman du langileari gutxienez ere 72 ordu lehenago jakinaraziko diola bisitari talde itunduentzako egun horietan haren beharra duen ala ez.
18. artikulua. Oporrak.
Langileek 34 egun naturaleko opor ordainduak izanen dituzte 2010ean, 35 egunekoak 2011n eta 35 egunekoak 2012an. Oporren zatiketa alderdiek gai horretaz erabakitakoaren araberakoa izanen da; gogoan izanen da, betiere, enpresaren jarduera berezia dela-eta, parkea jendearentzat irekitzen den egunetan ahalik eta langile kopururik handienak egon behar duela.
Hain zuzen ere, jendearentzat irekita egoten den egunetan, enpresak plantillako langileen presentzia, parte batena edo guztiena, eskatzen ahal du; horretarako, langileek zein arlotan diharduten hartuko da aintzat (2. eranskinaren arabera), eta, edozein modutan ere, taula berean jasotako gutxieneko oporrak bermatuko dira.
Oporrak programatzeko, bestalde, kontuan hartuko da pertsona batzuek jendearentzat irekitzen den egun guztietan aritu beharko dutela, haien lana dela-eta; izan ere, horretarako kontratatu dituzte berariaz.
19. artikulua. Lizentzia eta baimen ordainduak.
1. Urte natural baten barnean 9 hilabete edo gehiago lanean diharduen langile orok 2 eguneko baimena izanen du, ordaindu gabea, norberaren aferetarako.
4 hilabete baino gehiago eta 9 baino gutxiago lanean diharduen langile orok egun bateko baimena izanen du, ordaindu gabea, norberaren aferetarako.
Jendearentzat irekitzeko egunetan norberaren aferetarako egunak ezin izanen dituzte arlo bakoitzeko bi langilek baino gehiagok hartu aldi berean, eta hertsiki zainduko da eskaera egitean izandako hurrenkera.
Norberaren aferetarako egunak hartu ahal izateko, gutxienez ere hamabost egun lehenago eskatu beharko dira.
2. Langileak baimena du lanera ez agertzeko, ordaindua izateko eskubidea galdu gabe, baldin eta aldez aurretik abisatu eta justifikatzen badu. Hona hemen horretarako arrazoiak eta denbora:
a) Ezkontzagatik, hamabost egun natural.
b) Bi egun, seme-alaben jaiotzagatik edo bigarren gradura arteko odol bereko edo ezkontza bidezko ahaideen heriotzagatik, istripuagatik, eritasun larriagatik, ospitaleratzeagatik edo etxean atseden hartzeko eskatzen duen ospitaleratu gabeko interbentzio kirurgikoagatik. Arrazoi hori dela-eta, langileak bidaia egin behar badu: lau egun.
c) Ohiko bizilekuz aldatzeko: egun bat.
d) Behar-beharrezkoa den denbora, eginbehar publiko edo pertsonal saihestezina betetzeko, botoa emateko eskubidea barne. Lege edo hitzarmen bidez ezarritako arau batean denbora zehatz bat ezarrita badago, arau horretan absentziaren iraupenari eta horren konpentsazio ekonomikoari buruz xedatutakoari jarraituko zaio. Goian aipatu den eginbehar hori betetzeagatik hiru hilabeteko tartean lanorduetako %20 baino gehiagotan ezin izan bada behar den lana bete, enpresak eszedentziara pasa dezake langilea, LEren 46. artikuluko 1. atalean arautu bezala. Langile batek, eginbeharra betetzeagatik edo karguan jardun beharragatik, kalte-ordaina kobratzen badu, diru-kopuru horixe deskontatuko zaio enpresak ordaintzen dion soldatatik.
e) Eginkizun sindikaletan edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko, lege edo hitzarmen bidez ezarritakoa.
f) Behar-beharrezkoa den denbora, erditu aurreko azterketa medikoak egiteko eta erditzea prestatzeko tekniketan trebatzeko, lanorduetan egin behar badira.
3. Bederatzi hilabetetik beheitiko semeari edo alabari esnea ematen dioten emakumezko langileek eskubidea dute lanetik ordubetez lekutzeko. Denbora hori bi zatitan bana dezakete. Emakumeak, hala nahi badu, eskubide hori lanaldiaren ordu erdiko murrizketarekin ordeztu dezake, helburu bererako, edo lanaldi osotan pilatu (eguneko ordubete zenbatuta), haurrak 9 hilabete bete arte. Baimena amak edo aitak hartzen ahal du, beren nahierara, biak lanean ari badira.
4. Semea edo alaba bere garaia baino lehen jaio delako edo jaio ondoren beste edozein arrazoirengatik ospitalizaturik egon behar badu, aitak edo amak eskubidea izanen du lantokitik ordubetez lekutzeko. Orobat, lanaldia bi ordutan, gehienez, murrizten ahal du; lansaria ere proportzionalki murriztuko zaio. Baimen horretaz baliatzeko, artikulu honen 6. atalean aurreikusitakoari jarraituko zaio.
5. Legezko zaintza dela-eta, langileren batek zortzi urtez beherako haurra edo ordaindutako lanik egiten ez duen minusbaliatu fisiko, psikiko nahiz sentsorialen bat bere kargu izanez gero, eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, zortziren bat gutxienez eta erdia gehienez; lansaria ere hein berean murriztuko zaio. Langileak eskubide bera izanen du, odol bereko nahiz ezkontza bidezko bigarren gradura arteko ahaidea zaintzeko, baldin eta ahaideak adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa baliatzeko gauza ez denean eta lan ordaindurik egiten ez duenean. Artikulu honetan ezartzen den lanaldi murrizketa langile bakoitzaren eskubidea da, gizonezkoa izan edo emakumezkoa izan. Hala ere, pertsona bera zaintzeko eskubidea enpresa bateko bi langilek edo gehiagok izaten badute, enpresak aukera izanen du aldi berean erabili nahi den eskubidea mugatzeko, funtzionamenduarekin lotutako bidezko arrazoirik baldin bada.
6. Haurrari esnea emateko baimenaren eta lanaldi murrizketaren orduak eta epealdia zehaztea (artikulu honen 3., 4. eta 5. atalak) langileari dagokio, bere lanaldi arruntaren barnean betiere. Langileak, lanaldi arruntera itzuli behar badu, hamabost egun lehenago jakinaraziko dio enpresaburuari.
IV. KAPITULUA
Ordainsarien egitura
20. artikulua. Soldata.
Langileen ordainsari ekonomiko guztiak hartuko dira soldatatzat, hala diruzkoak nola gauzazkoak, betiere lanbide prestazio gisa besterentzat egindako lan-zerbitzu guztien aldera jasoak.
21. artikulua. Soldataren osagaiak.
Hitzarmen honen eraginpeko langileen ordainsariak oinarrizko soldatak eta horren osagarriek osatzen dituzte.
Lanbide taldeentzat oinarrizko soldataren gutxieneko zenbatekoak ezarri dira, hitzarmen honen "3. eranskineko" taulan adierazten direnak eta, orobat, aplikatzekoak diren osagarriak, kasuen arabera.
22. artikulua. Osagarriak: "Plusak".
"Fideltasun" plusa.
Urteko egutegian ezarri bezala parkea jendearentzat irekita egotekoa den aldirako kontratatutako langileek, denboraldia amaitu eta hura bete ondoren, "Fideltasun plusa" kobratuko dute euren likidazioan, dena batean. Diru-kopuru hori 2010. urterako 350 eurokoa izanen da, edo zati proportzionala, kontratuaren iraupenaren arabera, aipatutako denboraldiaren hasieraren ondoren sinatu baldin bada. Hurrengo urteetan plus horrek izanen duen berrikuspena Estatuko Gobernuak aurreikusitako KPIaren araberakoa izanen da.
"Parkea hobetzeko'' plusa.
Langileek bai produktuaren beraren bai haren kudeaketaren etengabeko hobekuntza arloak identifikatzen parte har dezaten, enpresak langile eta hilabete bakoitzeko 38 euroko diru-funtsa izanen du; parkea hobetzeko ideia bat aurkezten duen langile bakoitzak funts horretatik hartutako 35 euro gehiago jasoko ditu hileko nominan. Gainerako hiru euroak poltsa batean pilatuko dira eta hileko hiru ideiarik onenen artean banatuko dira. Langileren batek hilabete batean ideiarik aurkezten ez badu, jasotzen ez dituen 35 euro horiek ere hilero banatzen den poltsan pilatuko dira.
Diru-funts hori banatzeko prozedura eta 35 euroko saria jasotzea duten ideien balorazioa enpresako ordezkaritzaren eta batzordearen arteko adostasunez eginen da.
"Erantzukizun" plusa.
Enpresak zehaztuko du "Eguneko arduraduna" zer egunetan eta sailetan beharko den; haren lana beste langileak koordinatzea izanen da, kategoria berekoak zein beheragokoak izan.
Horretarako izendatutako langileek, eginkizun horretan arituko direnek, "Erantzukizun plusa" kobratuko dute, ardura hori euren gain hartuz lan egiten duten egun bakoitzeko.
Kontzeptu horregatik kobratuko den soldata akordio honen 3. eranskinean oinarrizko soldataren gainean ezarritako portzentajeak oinarri direla kalkulatuko da eta ez da finkagarria izanen.
23. artikulua. Aparteko orduak.
Lanaldia era ez erregularrean banatu beharraren ondorioz, aparteko ordutzat joko dira egun bakoitzerako ezarritako gehieneko lanaldia gainditzen duten orduak bakarrik (0) eta itundutako urteko lanaldia edo zerbitzu eman beharreko sasoietako lanaldi murritzagoa gainditzen dutenak.
Laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko asmoz, salbuespen gisa egin beharreko aparteko orduak kobratuz edo denbora librearen bidez konpentsatuko dira. Aparteko orduak atseden ordainduaren bidez konpentsatuko dira, lan egindako denbora gehi %50, edo bestela diruz ordainduko dira, ordu arruntari %50 gehituta. Salbuespen gisa egindako aparteko orduak konpentsatzeko, irizpide hau erabiliko da: %50 langileak aukeratuko du eta beste %50a enpresak. Denbora librearen bidez edo diruz konpentsatuko den erabakiko da eta, orobat, denbora libre hori noiz hartu ere.
Egindako aparteko orduen berri bi hilabetean behin emanen zaio enpresa batzordeari, hark eskatuta.
24. artikulua. Ordainsariak ordaintzeko modua, tokia eta epeak.
Ordainsariak banku transferentzia bidez ordainduko zaizkio langileari, hark emandako kontuan edo taloi izendunaren bidez.
Aurreko hilabetean sorrarazitako ordainsarien ordainketa hilero eginen da, hilabete bakoitzeko lehenbiziko bost egunetan.
Langile guztiek aparteko bi eskersari izanen dituzte. Sei hilabetean behin sorraraziko dira, bata uztailaren aurreneko hamabostaldian ordainduko da, ez beranduago, eta bigarrena abenduaren 25ean.
Kontratu mota batzuen arabera langileak bere ordainsariak "ordukako soldata" gisa kobratuko ditu. Orduko ratioak ordainsarien kontzeptu guztiak bilduko ditu, proportzio egokian, salbu eta parkea hobetzeko plusa, soldaten hartu-agirian aparte jarriko dena, eta hartu gabe utzitako oporren zati proportzionala eta "Fideltasun plusa", halakorik egokitzen bada, zeina dena batera kobratuko baita likidazioko hartu-agirian agertuko denez, kontratua amaitzean.
25. artikulua. Soldata igoera.
2010erako behin betiko soldatak eta 2011rako aurreikusitakoak 3. eranskinean heldu diren soldata tauletan ezarritakoak izanen dira. Laguntzaile kategoriari 200 euro lineal gehituko zaizkio urtero; hala jasotzen da, dagoeneko, 3. eranskinean.
2011ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, hitzarmen honen 3. eranskinean 2010erako ezarritako soldatak berrikusiko dira, Estatuko Gobernuak 2011rako aurreikusten duen KPIa gehi %0,7. Laguntzaile kategoriari, horretaz gainera, 200 euro lineal gehituko zaizkio 2011rako.
Estatistikako Institutu Nazionalak prestatutako kontsumoko prezioen indizeak (KPI), 2011ko abenduaren 31n hasieran aurreikusitakoa baino igoera handiagoa izanez gero, 2011n kobratutako ordainsariak KPI errealera arteko diferentzia hori adina igoko dira, gehi %0,7. Soldaten berrikuspena akordio honen 3. eranskinean zehazten diren oinarrizko soldataren eta osagarrien gainean gauzatuko da, 2011ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioak izanen ditu eta finkagarria izanen da etorkizunean eginen diren soldata eguneratzeei begira.
Halaber, urte amaieran, soldata igoera gehigarri eta finkagarria egonen da 2010., 2011. eta 2012. urteetarako, azken urteotan egin den bezala, jarraian adierazten diren helburuak betetzen badira, eskala honi jarraikiz:
-120.000 bisitari (%0,10), bezeroen %85 kontent ateratzea (%0,15).
-150.000 bisitari (%0,15), bezeroen %85 kontent ateratzea (%0,15).
-180.000 bisitari (%0,20), bezeroen %85 kontent ateratzea (%0,15).
-200.000 bisitari (%0,30), bezeroen %85 kontent ateratzea (%0,15).
KPI erreala (+ %0,7) berrikustearen ondoriozko zenbatekoa eta urte osoko helburuak lortzearen ondoriozko gehigarria edo, kasua bada, horren zati proportzionala, hitzarmena sinatu eta hurrengo hilabetean ordainduko dira.
Sistema bera erabiliko da 2012ko soldatak berrikusteko, berrikuspen bakoitzaren aurreko urtean igoera izan duten soldatak, alegia; laguntzaile kategoriari 200 euro lineal gehituko zaizkio urtero.
2011. eta 2012. urteetako batean aurreikusitako KPIa baldin bada KPI erreala baino handiagoa, bidegabe kobratutako dirua ez da hurrengo urteko igoerarako oinarriaren parte izanen. Enpresak ezin izanen dizkie langileei inola ere erreklamatu aurreikusitako KPIa KPI erreala baino handiagoa izateagatik bidegabe jasotako zenbateko horiek.
V. KAPITULUA
Kontratazioa eta enplegua
26. artikulua. Enplegu egonkortasuna.
Bi alderdiek kontuan hartzen dituzte enpresako jardueraren ezaugarriak, batez ere, urteko sasoi batzuetan jendearentzat irekita edukitzearen ondoriozkoak, horrek baldintzatzen baitu bere jarduera produktiboaren izaera ez erregularra; beraz, helburua da hitzarmen kolektibo honen barnean plantillaren egonkortasuna lortzea eta aldi baterako kontratazioak salbuespenezko kasuetan baizik ez egitea.
27. artikulua. Lanaldi partzialean eta mugarik gabe aritzeko langileak kontratatzea.
Lanaldi partzialean eta mugarik gabe aritzeko lan kontratua modalitate berezia izan daiteke, jardueraren ezaugarriei egokitua, urteko sasoi eta momentu zehatzetan.
Kontratu mota horretan enpresaren interesak eta langileenak biltzen dira; enpresarenak, jarduerak eskatzen duen malgutasuna eskaintzen duelako eta lan gutxiago dagoenean plantilla arindu daitekeelako, eta langileenak, berriz, urteko lanegun guztietan zerbitzuan aritzea eskatzen ez duen kontratu mugagabea delako.
Horregatik, alde batetik Parque de la Naturaleza de Navarra, S.A. enpresaren legezko ordezkariek eta bestetik enpresako langileen legezko ordezkariek, Langileen Estatutuaren 82. artikuluko 1. eta 2. atalen babesean, lanaldi partzialean eta mugarik gabe aritzeko lan kontratuari buruzko gai zehatzen arauen gaineko akordio hau sinatu dute.
Lanaldi partzialean eta mugarik gabe aritzeko kontratua duten langiletzat hartuko dira urte sasoia dela-eta jarduera kargaren gorabeherei aurre egiteko kontratatzen diren langileak. Jarduera kopuru horren ondorioa izan daiteke zerbitzua egunero eman beharrik ez izatea, urteko kopuruan lanegunak izan arren.
Jendearentzat irekita egoteko bi kanpainatan jarraian (azkenekoan osorik) lan egin duten langileek, hirugarren kanpaina baterako (hori ere jarraian) deitzen badituzte, lanaldi partzialean eta mugarik gabe aritzeko lan kontratudunaren izaera lortuko dute, automatikoki, hirugarren denboraldi horretan hasten diren momentutik hasita.
28. artikulua. Lanaldi partzialean eta mugarik gabe aritzeko kontratuaren arautzea.
Lanaldi partzialean eta mugarik gabe aritzeko lan kontratuak izaera berezia du Parque de la Naturaleza de Navarra S.A.n, ondorio guztietarako; izan ere, kontratu horren bidez, urteko lanegun guztietan zerbitzu ematerik ez duen langileari deitzen ahal zaio, enpresaren ohiko jarduerari lotutako lan finkoak egiteko (lanok, baina, enpresaren jarduera berezia dela-eta, parkea jendearentzat irekitzen denean baizik ez dira egiten). Parque de la Naturaleza de Navarra S.A. enpresako lanaldi partzialean eta mugarik gabe aritzeko kontratua duten langileek euren zerbitzuak zein sasoitan emanen duten zehazte aldera, urte naturala hartuko da abiapuntutzat, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte, alegia.
1.-Lanaldi partzialean eta mugarik gabe aritzeko lan kontratua idatziz formalizatu beharko da eta honako hauek jaso beharko ditu:
-Kontratuaren izaera.
-Kontratuaren xedeko zerbitzuak zein jardueratan emanen diren.
-Zehaztea jarduera edo jarduerak zer sasoitan gauzatuko diren eta zenbat iraunen duten (gutxienez ere parkea jendearentzat irekita dagoenean egin beharko dira).
-Lanaldia eta lan egutegia zehaztea, hitzarmen kolektibo honetan ezarritako baldintzetan.
-Zer lanaldi portzetajetan eginen dituen zerbitzuak, lanaldi osoan aritzen diren langileen aldean.
2.-Lanaldi partzialean eta mugarik gabe aritzeko kontratua duen langile bakoitza arlo jakin bati atxikiko zaio eta, beraz, arlo horretan aplikatzen den egutegia beteko du. Deia idatziz eginen da, lanean hasi baino 10 egun lehenago.
Lanaldi partzialean eta mugarik gabe aritzeko kontratua duten langileek, legezko edozein arrazoirengatik ezin badute beren lanpostuan hasi dei egiten zaienean, enpresako zuzendaritzari horren berri eman beharko diote deia jaso eta 48 orduko epean.
3.-Urte bakoitzeko abenduaren 31 baino lehen, enpresa batzordeari parkearen irekitze eta ixte daten berri emanen zaio, behin enpresak haiek zehaztuta eta betiere parkea ireki baino hilabete lehenago; eta kanpainaren hasiera eta bukaera ere jakinarazi beharko zaizkio, baldin eta parkearen irekitze eta ixte datekin bat ez badatoz.
4.-Deia egiten ez bada, lanaldi partzialean eta mugarik gabe aritzeko kontratua duen langileak kaleratze prozesuarengatiko prozeduran erreklamatzen ahalko du, jurisdikzio eskudunaren aurrean, eta horretarako epea adieraziko da, kanpaina hasteko finkatutako egunetik aurrera.
5.-Deia jaso duen lanaldi partzialean eta mugarik gabe aritzeko kontratua duen langileak, aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera eta bidezko arrazoirik gabe deian zehaztutako egunetik 24 ordura enpresan azaltzen ez bada, lanaldi partzialean eta mugarik gabe aritzeko kontratua duen langilearen izaera galduko du; halakoetan, enpresan borondatezko baja hartu duela ulertuko da.
6.-Deia egin eta lanean ez hasteak ez du borondatezko baja ekarriko, honako egoera hauetakoren batean dagoenean: aldi baterako ezintasuna; haurra izan, adoptatu edo familian hartzeagatiko amatasuneko atsedena; eszedentzia, lizentzia edo justifikatutako beste arrazoi batzuk, betiere behar bezala egiaztatuta badaude. Behin laneratuz gero, berriro lotuko zaio lan harremanari.
7.-Lanaldi partzialean eta mugarik gabe aritzeko kontratua duten langileek kanpaina amaitzearekin batera utziko diote lanari. Lana utzi beharra idatziz jakinaraziko zaio langileari, kontratua eteteko eguna baino astebete lehenago.
8.-Lanaldi partzialean eta mugarik gabe aritzeko kontratua duten langileek euren ordainsariak ordukako soldata osoaren modalitatean kobratuko dituzte, 24. artikuluan ezarri bezala.
29. artikulua. Eszedentziak.
Eszedentzia borondatezkoa edo nahitaezkoa izan daiteke. Nahitaezko eszedentzia, lanpostua gordetzeko eta antzinatasunari begira kontatzeko eskubidea emanen duena, indarra duen legeriak aitortutako arrazoietako bategatik emanen da.
Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duen langileak eskubidea du borondatezko eszedentzia izateko, lau hilabeterako gutxienez eta hiru urterako gehienez, Langileen Estatutuaren 46. artikuluan ezarritakoa galarazi gabe.
Eszedentzia langileak eskatutako egunerako emanen da, betiere eskaerari sarrera eman bazaio enpresan eszedentziaren hasiera baino hogeita hamar egun natural lehenago gutxienez, eszedentziaren hasiera parkea jendearentzat itxita dagoen garaian bada, edo hiru hilabete lehenago gutxienez, eszedentziaren hasiera parkea jendearentzat irekita dagoen garaian bada.
Aurreikusitako gehienekoa baino iraupen txikiagokoa eskatzen bada, luzapenak eska daitezke, harik eta gehieneko iraupena ahitu arte; enpresa behartuta dago eszedentziak ematera, baldin eta eszedentziaren luzapena eszedentziaren eskabidea baino hogeita hamar egun natural lehenago gutxienez eskatzen bada, eszedentziaren hasiera parkea jendearentzako itxita dagoen garaian bada, edo hiru hilabete lehenago gutxienez, eszedentziaren hasiera parkea jendearentzat irekita dagoen garaian bada.
Eskubide horretaz berriro balia daiteke langile bera, arrazoi horregatik izandako kontratu etenaldia bukatu eta lau urteren buruan.
Eszedentzian dagoen langileak, dela borondatezkoan dela nahitaezkoan, lanpostura itzultzeko eskubidea izanen du, eszedentzia bukatu baino hogeita hamar egun lehenago eskatzen badu. Enpresak, beharrezkoa baderitzo, haren lanpostua bitarteko kontratuaren bidez beteko du.
VI. KAPITULUA
Babes soziala
30. artikulua. Lanerako aldi baterako ezintasunagatiko osagarriak.
1.-Laneko istripuaren edo lanbide eritasunaren ondoriozko aldi baterako ezintasunetan, Gizarte Segurantzak langileari eskubidea aitortzen badio aldi baterako ezintasunerako prestazioak hartzeko, enpresak osagarri bat pagatu beharko dio, Gizarte Segurantzatik aldi baterako ezinasunaren prestazioagatik jasotzen duenak bajako hilaren aurreko hilabeteko Laneko Istripuaren / Lanbide Eritasunaren kotizazioko oinarriaren %100 egiteko moduan.
Enpresaren iritziz, istripua langilearen axolakabekeria nabarmenaren ondorioz gertatu baldin bada, enpresa batzordeari jakinaraziko dio eta osagarria ez ordaintzea proposatuko du. Enpresaren eta enpresa batzordearen arteko adostasuna lortuz gero, enpresa ez da behartua egonen laneko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasunagatiko osagarria ordaintzera.
2.-Lanaz kanpoko istripuaren edo eritasun arruntaren ondoriozko aldi baterako ezintasunetan, nahiz haurdunaldiko arriskuaren ondoriozko kontratu etenaldietan, Gizarte Segurantzak langileari eskubidea aitortzen badio aldi baterako ezintasunerako prestazioak hartzeko, enpresak osagarri bat pagatu beharko dio, bajako hirugarren egunetik aurrera, Gizarte Segurantzatik aldi baterako ezinasunaren prestazioagatik jasotzen duenak bajako hilaren aurreko hilabeteko Kontingentzia Arrunten kotizazioko oinarriaren %100 egiteko moduan.
Eritasun arruntaren, lanetik kanpoko istripuaren eta langilearen erruz izandako laneko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasunagatiko absentismo indizeen batura, hilero kontatua, izan daitezkeen ordu guztiekin alderatuta %4tik gorakoa baldin bada, enpresa ez da behartua egonen eritasun arruntak edo lanetik kanpoko istripuak eragindako aldi baterako ezintasunaren osagarria ordaintzera. Enpresak muga hori gainditu izanaren dokumentazioa emanen dio enpresa batzordeari; horrela ez egitera absentismo indizea ez dela gainditu ulertuko da eta, beraz, osagarria ordaindu beharko da.
31. artikulua. Istripu asegurua.
Enpresak bere kargura kontratatuko du banakako istripuentzako aseguru kolektiboaren poliza enpresako langileentzako, laneko istripuaren ondoriozko heriotzako eta ezintasun iraunkorreko arriskuak estaliko dituena, kapital hauekin:
Heriotza: 35.000 euroko kapital aseguratua langile bakoitzeko.
Baliaezintasun handia: 40.000 euroko kapital aseguratua langile bakoitzeko.
Erabateko baliaezintasun iraunkorra: 35.000 euro langile bakoitzeko.
Ezintasun iraunkor osoa: 25.000 euro langile bakoitzeko.
Jarduneko langileek izandako lan istripuetan izanen ditu ondorioak poliza horrek, hitzarmen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun igaro ondoren.
32. artikulua. Beste onura batzuk.
"Parkea jendearentzat irekita" dagoen egunetan, enpresak abantailak eta deskontuak eskainiko dizkie langileei produktuetan eta instalazioetako zerbitzuetan. 2010. urterako eta hurrengo urteetarako tarifak 4. eranskinean ageri dira. Tarifa horiek enpresak alda ditzake produktuak erosteko kostuen, jendeari ematen zaion zerbitzuaren aldaketen eta/edo instalazioen taxukeraren arabera, baina behar bezala arrazoituta betiere. Ostalaritzako establezimenduetako deskontuetan aldaketak egiteko enpresa batzordearen adostasuna beharko da.
VII. KAPITULUA
Diziplina araubidea
33. artikulua. Printzipio ordenatzaileak
Honako arauen bidez laneko giro egokia mantendu nahi da bizikidetza ona izateko eta enpresaren ordenamendu teknikoari eta antolaketari eusteko, bai eta langileen zein enpresaren eskubideak eta bidezko interesak bermatu eta defendatzeko ere.
Enpresak zilegi du langileen egintza edo ez-egite errudunak zehatzea, kontratuan ezarritako lan betebeharrak betetzen ez direnean, hurrengo artikuluetan ezartzen diren hutsegiteen mailaketaren arabera betiere.
Enpresari dagokio zehapenak ezartzea, zuzendaritzarako ahalmena erabiliz, akordio honetan ezarritako moduan.
Hutsegiteengatik zehapena jartzeko, idatziz jakinaraziko zaio langileari, data eta zehapena jartzeko arrazoiak adierazita.
Enpresak hutsegite larri edo oso larriengatik ezartzen dituen zehapen guztien berri emanen die langileen legezko ordezkariei.
Zehapena ezarrita, haren datatik 30 egun iragan arte luzatzen ahalko da bete gabe.
34. artikulua. Hutsegiteen tipifikazioa.
Langileek egindako hutsegiteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke, haien garrantzia, ondorioa edo berriro egin izana ikusita.
A. Honako hauek hutsegite arinak dira:
A1. Bidezko arrazoirik gabe, hilabete baten barnean behin, bitan edo hirutan berandu iristea. Puntualtasunari begira, lanaldiaren hasiera eta bukaera lanpostuan egin beharko dira, lanean aritzeko moduan dela.
A2. Lanera ez agertzeko bidezko arrazoia aurretik ez jakinaraztea edo, bestela, hutsegitea gertatu eta hurrengo 48 orduan ez jakinaraztea, hartarako ezintasuna frogatu ezean.
A3. Edozein lanetan utzikeriaz aritzea, okertzea edo berandutzea, zerbitzuan gorabehera handirik sortu gabe.
A4. Erremintak, tresnak eta uniformea behar bezala ez erabiltzea edo zaintzea.
A5. Garbitasun edo txukunkeriarik eza, dela norberarena dela parkekoa (paperak lurrera botatzea, loreak eta landareak erauztea, etab.) dela laneko materialena.
A6. Jendea behar den adeitasunez eta arretaz ez artatzea.
A7. Enpresari bizilekua edo helbidea aldatu izanaren berri ez ematea.
A8. Lankideekin eztabaidak izatea lanorduetan. Eztabaidak jendearen aurrean izanez gero, hutsegite larritzat joko da.
A9. Hilabete batean egun batez lanera ez agertzea, bidezko arrazoirik gabe.
A10. Ohiko errendimendurik ez izatea.
A11. Arretarik eza eta zabarkeria,animaliekin eta landareekin.
A12. Enpresak emandako uniformea eta osagaiak lan orduetako denbora tarte batean ez erabiltzea, bidezko arrazoirik ez bada, eta lanposturako edo lan unitaterako baimendutakoez bestelako eranskailuak edo inskripzioak eramatea, bai eta uniformea jantzita lantokitik kanpo ibiltzea ere.
A13. Trafikoko seinaleei jaramonik ez egitea parkearen barnean. Istripua eragitea edo enpresaren ibilgailuari edo jabetzan kalteak egitea hutsegite oso larritzat joko da, gertatutakoa nola izan den ikusi ondoren.
B. Honako hauek hutsegite larriak dira:
B1. Bidezko arrazoirik gabe 30 eguneko aldian hiru aldiz baino gehiagotan lanera berandu iristea, guztira 30 minutu baino gehiago badira.
B2. Hilabete batean lau aldiz berandu iristea.
B3. 30 egunean, bidezko arrazoirik izan gabe bi egun edo gehiagotan lanera ez joatea. Hutsegite bakar bat nahikoa izanen da lankide bati erreleboa hartu behar dionean edo enpresari kalte nabaria egiten zaionean.
B4. Familian izandako aldaketak, Gizarte Segurantzaren prestazioan edo kotizazioan edo errentaren atxikipenetan ondorioak izan ditzaketenak, behar den garaian ez jakinaraztea. Datu horiek faltsutzea hutsegite oso larria izanen da.
B5. Lanorduetan jolasean aritzea eta parkeko jolasguneak erabiltzea.
B6. Nagusiei edozein lanetan desobeditzea, lana arrazionalizatzeko metodo berriei gogor egitea eta trabak jartzea barne. Diziplina hautsi dela nabarmen ikusten denean edota jokabide horrek enpresari kalte nabaria sortzen dionean, hutsegite oso larritzat jotzen ahalko da.
B7. Zabarkeriaz edo utzikeriaz aritzea lanean, zerbitzuaren kaltetan.
B8. Zuhurtziarik eza lanean, bai eta zabarkeria ere, langileak bere esku dituen materialak eta makinak erabili eta zaintzerakoan. Langileari edo lankideei istripua izateko arriskua ekartzen badie, edo instalazioak matxuratzeko arriskua, hutsegite oso larritzat jotzen ahalko da. Nolanahi ere, zuhurtziarik gabe jokatzea izanen da segurtasuneko arropa eta tresnak ez erabiltzea, aginduta dagoen bezala.
B9. Lanaldian lan partikularrak egitea, horretarako baimenik izan gabe, baita enpresako erremintak norberarentzat erabiltzea ere.
B10. Hiruhileko berean hutsegite arin gehiago egitea, nahiz desberdinak izan.
B11. Bidezko arrazoirik gabe zerbitzua bertan behera uztea, nahiz denbora laburrean izan. Horren ondorioz, enpresari nolabaiteko kalterik sortzen bazaio edo lankideren batek istripuren bat izaten badu, hutsegitea oso larritzat hartzen ahalko da.
B12. Enpresaren uniformeak behar ez bezala erabiltzea eta, orobat, norberaren irudiari eta zainketari buruzko arauak eta parkea eta materiala zaintzeari buruzkoak berriro ere ez betetzea.
B13. Lantokiko edo enpresako gaiak edo materialak zaintzerakoan edo garbitzerakoan axolagabekeria larria izatea.
B14. Aldi baterako ezintasun kasuan, alta, baja edo berrespen parteak arauzko epean ez aurkeztea enpresan.
B15. Enpresako produktuak, tresnak edo jantziak norberarentzat erabiltzea.
B16. Bezeroak behar den adeitasunez eta arretaz ez hartzea eta jendea, kargudunak, mendekoak eta lankideak ez errespetatzea.
B17. Lanera mozkortuta azaltzea edo lanorduetan edozein motatako edari alkoholdunak edo drogak hartzea eta lantokian erretzea.
B18. Enpresako zuzendaritzari, ahalik eta lasterren, harentzat garrantzizkoa den edozein jakinarazpen edo agiri ez eramatea.
B19. Ohiko zerbitzu bat egiteari uko egitea, bidezko arrazoirik izan gabe.
B20. Lankideekin liskarrak eta iskanbilak sortzea. Jendaurrean gertatzen badira edo bezeroekin, hutsegite oso larritzat joko da.
B21. Tratu txarra ematea parkeko animaliei eta landareei.
C. Honako hauek hutsegite oso larriak dira:
C1. Bidezko arrazoirik gabe sei hilabeteko aldian, hamar aldiz baino gehiagotan berandu iristea, edo bost aldiz baino gehiagotan, 30 eguneko epean.
C2. Bidezko arrazoirik eman gabe hiru egunean jarraian edo bost tartekatutan lanera huts egitea, hilabete baten barnean, edo sei egun, hiru hilabeteko epean.
C3. Iruzurra, leialtasun eza eta konfiantza abusua agindu zaizkion eginkizunetan.
C4. Enpresari edo beste lankideei ebastea edo lapurtzea, bai eta beste edozein pertsonari ere, lantokian denean edo kanpoan bere lanean aritzean.
C5. Enpresatik kanpo lapurtu, ebatsi edo funtsak bidegabe erabiltzeagatik, edo beste edozein arrazoirengatik Justizia Auzitegiek kondena jarri izana, egilearenganako konfiantza galtzea ekar lezakeena.
C6. Eritasunaren edo istripuaren itxurak egitea eta baja luzatzeko egiten den trikimailu oro. Hutsegitea dela ulertuko da langilea, arrazoi horiengatik bajan egonda, bere gain edo besteren kontura edozein lanetan dabilenean.
C7. Jarraian eta ohitura gisa, garbitasun eta txukuntasunik ez izatea, lankideengan arrazoizko arrengura sorrarazten duenean.
C8. Mozkortuta eta drogak hartuta maiz egotea, baldin eta lanean ondorio makurrak badakartza. Inoiz mozkortzea, horren ondorioz kalte larria egiten bazaie pertsonei edo instalazioei.
C9. Enpresaren korrespondentzia edo isilpeko dokumentuen sekretua haustea edo enpresakoa ez den bati isilpean eduki beharreko datuak ezagutaraztea.
C10. Aldagelako armairuan dagoena miatzen ez uztea eta, orobat, poltsan eta ibilgailuan eramaten dena, parkean sartzean edo irtetzean, betiere miaketa legeak agintzen duenaren arabera egiten bada.
C11. Enpresarentzat bidegabeko lehia diren jarduerak egitea, edo bateraezinak direnak enpresaren jarduerarekin.
C12. Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea, agintekeria edo errespetu falta larria nagusiei edo haien ahaideei, baita lankide eta mendekoei ere.
C13. Istripu larriak sorraraztea zuhurtasunik gabe edo zabarkeriaz jokatzeagatik.
C14. Erantzukizun berezia izanik, lanpostua uztea abisurik eman gabe.
C15. Laneko errendimendua nahita gutxitzen jarraitzea.
C16. Parkearekin lan egiten duten hornitzaileen nahiz kontratisten opariak onartzea, edozein motatakoak direla ere.
C17. Hiruhileko berean hutsegite larri gehiago egitea, nahiz desberdinak izan.
C18. Parkerako sarrera-txartelak edo bertan eskuratutako gauzak jendeari saltzea edo behar ez bezala erabiltzea, dirua irabazteko asmoz.
C19. Errespetu falta bezeroei, larria nahiz errepikatua.
C20. Enpresaren lanabes, tresna, erreminta, aparatu, instalazio, eraikin, altzari eta dokumentuak desagerrarazi, hondatu, suntsitu edo haustea, eta bereziki ibilgailuak.
C21. Lankideekin liskarrak eta iskanbilak maiz sortzea.
C22. Enpresako inbentarioak eta gainerako dokumentuak faltsutzea edo iruzur eginez aldatzea.
C23. Sexu jazarpeneko jokabideak, bai eta errespetu falta agertzea ere, bezeroei, hornitzaileei, enpresako langileei edo enpresako zuzendaritzako eta administrazioko organoetako kideei.
C24. Fitxategi automatizatuetako datu konfidentzialak eta/edo pertsonalak zabaltzea, ezagutaraztea edo ateratzea.
35. artikulua. Zehapenak.
Hauek dira hutsegiteengatik jartzen ahal diren gehieneko zehapenak:
a) Hutsegite arinengatik:
-Hitzezko kargu-hartzea.
-Kargu-hartze idatzia.
-Egun bateko enplegu-soldataren etenaldia.
b) Hutsegite larriengatik:
-Kargu-hartze idatzia.
-Enplegu-soldataren etenaldia, 2-20 egunekoa.
c) Hutsegite oso larriengatik:
-Kargu-hartze idatzia.
-Enplegu eta soldataren etenaldia, 21-60 egunekoa.
-Kaleratzea.
36. artikulua. Inguruabar aringarriak.
Honako hauek inguruabar aringarriak izanen dira:
1. Egindakoa bezain hondamen, min edo kalte larria egiteko asmorik ez izatea.
2. Egindakoaren ondorioak ekiditen ahaleginak egin izana.
3. Inork behartu gabe hutsegitea aitortu izana, hura argitzeko eta zehatzeko jarduketak hasi baino lehen.
4. Nagusiekin, lankideekin edo bezeroekin izandako eraso, liskar, irain, intsubordinazio edo tratu txarren kasuetan atzera egin izana eta adiskidetzeko eta barkatzeko eskeak edo arrazoiak eman izana.
37. artikulua. Inguruabar astungarriak.
Honako hauek inguruabar astungarriak izanen dira:
1. Burutza, aginte edo zuzendaritza karguak izatea, bereziki diziplinarekin, ohore profesionalarekin edo moral pertsonalarekin zerikusia duten hutsegiteetan.
2. Aldez aurretik pentsatua izatea.
3. Lapurretan aritzean kalte materialak egitea.
4. Hutsegiteak taldean egitea edo langile batzuek euren artean aurretik ados jarrita.
5. Langilea lehendik gaizki jokatu izana bere lanbidean edo behin eta berriro gaizki aritzea bere eginkizunetan.
6. Berrerortzea. Berrerortzea dela ulertuko da langile batek era berdineko hutsegiteak behin eta berriro egiten dituenean. Hutsegiteak berriro eginez gero, jartzen den zehapena larriagoa izaten ahalko da.
Hutsegite berean izaten ahal diren aringarriak eta astungarriak konpentsatuko dira batzuk besteekin.
38. artikulua. Preskripzioa.
Hutsegite arinak hamar egunen buruan preskribituko dira, larriak hogei egunen buruan eta oso larriak bi hilabeteren buruan, enpresak horien berri izaten duenetik eta, nolanahi ere, hutsegitea egin eta sei hilabeteren buruan.
VIII. KAPITULUA
Sindikatu-harremanak
39. artikulua. Ordu sindikalen poltsa.
Ordu sindikalen poltsa eratu da; bertan biltzen da batzordekide bakoitzak (sindikatu talde berekoak) enpresan dituen ordu sindikalen batura.
Langileen delegatu bakoitzak poltsa horren guztizkoaren %30 erabiltzen ahalko du, gehienez.
1. ERANSKINA Lanbide taldeak Jarraian, lanbide taldeak eta haiei lotutako eginkizun orokorrak ageri dira. |
TALDEA | EGINKIZUN OROKORRAK |
Arloko zuzendariak | Talde honetan sartzen dira arlo bateko edo gehiagoko kudeaketaz zuzenean arduratzen diren langileak. Horien lanak, konplexutasun handikoa baita, kualifikazio eta/edo prestakuntza eta esperientzia handia eskatzen ditu. Parte hartzen dute helburuak definitzen, erabakiak hartzen, eta euren lana ekimen eta autonomia handiz betetzen dute; euren helburu nagusia bisitariari arretarik onena jartzea izanen da eta, ondorioz, enpresa sendotzea. |
Saileko arduradunak | Euren lanean autonomia eta ekimenez diharduten langileak dira, eta beren ardura haien nagusiek aldez aurretik zehaztutako helburuak betetzea da. Lan horrek eduki intelektual handia eskatzen du, edo pertsonak koordinatzeko ahalmena, enpresako sail baten barnean. |
Ofiziala | Nolabaiteko autonomiaz, ekimenez eta erantzukizunez lan egiten duten langileak, baina saileko arduradunak gainbegiratuta. Euren lana mendeko langileekin edo gabe betetzen ahal dute. |
Espezialista | Era autonomoan diharduten langileak, jarduera koordinatzen duen arduradunak edo pertsona batek gainbegiratuta. |
Laguntzailea | Ezarritako jarraibideei jarraikiz diharduten langileak, lan errepikakorretan, zeinetarako oinarrizko prestakuntza beharrezkoa baita. |
DEPARTAMENTUA ARLOA | USTIAPENA Berariazkoa | INGURUMENA | MARKETINA Berariazkoa | ADMINISTRAZIOA Berariazkoa | |
FLORA ETA FAUNA Berariazkoa | HEZKUNTZA Berariazkoa | ||||
Departamentuko zuzendaria | |||||
Arloko arduraduna | |||||
Arloko ofiziala | Biltegiko arduraduna; eremu gainbegiraleak (herria, feria, basoa eta granja). Udalekuetako begiralea. Hezkuntza tailerrak | Animalia zaintzaileak, en- presak baloratzen ahal duen prestakuntza berariazkoa dutenak edo ez, eta arloko ofizialaren eginkizun nagusiak egiteko gaitasuna dutenak. | Begiraleak, enpresak baloratzen ahal duen prestakuntza berariazkoa dutenak edo ez, eta arloko ofizialaren eginkizun nagusiak egiteko gaitasuna dutenak. | Komertzialak, enpresak ba-loratzen ahal duen prestakuntza berariazkoa dutenak edo ez, eta arloko ofizialaren eginkizun nagusiak egiteko gaitasuna dutenak. | Administrariak, enpresak ba-loratzen ahal duen prestakuntza berariazkoa dutenak edo ez, eta arloko ofizialaren eginkizun nagusiak egiteko gaitasuna dutenak. |
Arloko espezialista | Harraparien ikuskizunetako esatariak; antzezleak; feriako jolasetako arduraduna; txoferrak; dendako/sarreretako arduraduna. Inkestak. Bisita gidatuak. Gosariak animaliekin. | Animalien zaintzailea. Ez du prestakuntza berariazkorik behar. Prestakuntza enpresaren ardurapean. | Bisita gidatuetako eta tailerretako begiraleak, prestakuntza berariazkorik gabeak. Prestakuntza enpresaren ardurapean. | Komertzialak, prestakuntza berariazkorik gabeak. Prestakuntza enpresaren ardurapean. Telefono bidezko arreta. | Komertzialak, prestakuntza berariazkorik gabeak. Prestakuntza enpresaren ardurapean. |
Arloko laguntzailea | |||||
2. ERANSKINA
Presentzia, parkea irekita dagoen egunetan
Jarraian, enpresak parkea irekita dagoen egunetan eskatzen ahal duen gutxieneko presentzia adierazten da, funtzio-arloen arabera.
ARLOA | PRESENTZIA PORTZENTAJEA | GUTXIENEZ ZENBAT LANGILEK IZAN DEZAKEEN OPORRALDIA |
Ustiapena | %100 | 0 |
Ingurumena | %75 | 1 |
Administrazioa | %50 | 1 |
Marketina | %100 | 0 |
3. ERANSKINA
Soldaten taulak
-2010eko oinarrizko soldata (urteko zenbateko gordinak).
URTEKO SOLDATA | 2010eko US (KPI %3+%0,7+%0,3) | 2011ko US (Aurreikusitako KPIa %1+%0,7) |
Arloko zuzendariak | 27.372,09 | 27.837,42 |
Saileko arduradunak | 25.120,74 | 25.547,79 |
Ofiziala | 20.020,41 | 20.360,76 |
Espezialista | 17.160,02 | 17.451,74 |
Laguntzailea | 11.868,50 | 12.270,26 |
-Fideltasun plusa (denboraldiko zenbateko gordinak).
2010. urtea | 350 euro |
Hurrengo urteetan plus horrek izanen duen berrikuspena KPIaren araberakoa izanen da.
-Parkea hobetzeko plusa (langileko eta hilabeteko zenbateko gordinak).
2010. urtea | 38 euro |
2011. urtea | 38 euro |
2012. urtea | 38 euro |
-Erantzukizun plusa (eguneko igoera gordina).
Eguneko arduradunaren plusa | OSren %10 |
4. ERANSKINA
Beste onura batzuk
-Ostalaritzako establezimenduak: %40ko deskontua PSPan.
-Merchandising-eko salgaiak (dendak): %15eko deskontua PSPan.
-Gonbit oparia: 10 gonbit denboraldiko (edo zati proportzionala).
-Sarreren erosketa (aurretik erreserba eginez): %50eko deskontua PSPan.
Iragarkiaren kodea: F1108632
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
