Iragarkia
119. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 17a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
222/2011 FORU AGINDUA, ekainaren 7koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, kalitateko ardoaren merkaturatzearen arloan, elkarteek garatzen dituzten sustapen eta hobekuntza ekintzak bultzatze aldera, laguntzak emateko arau erregulatzaileak ezarri eta 2011ko deialdia onesten duena.
Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen osoa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluak ezartzen duenez.
Lege organiko horren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen osoa.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, mahastizaintza eta ardogintza sektorea ekonomikoki garatzearren, interesa du, laguntza ekonomikoen bidez, elkarteek kalitateko ardoaren merkaturatzea hobetuko duten sustapen ekimenak bultzatzeko.
Neurri hori Nafarroako Nekazaritzaren Plan Estrategikoan (2006an onetsian) ageri diren helburuei lotuta dago, bereziki "Eraldaketa, merkaturatzea, kalitatea eta segurtasuna" izeneko 2. ardatz estrategikoan ageri direnei, non "Nafarroako produktuetarako negozio perspektibak eta baldintzak sortzea" izeneko 2. helburu nagusia zehazten baita; hortxe, hain zuzen, foru agindu honetan ezarritakoa kontuan hartzen duten jarduketa ildoak eta neurriak jasotzen dira.
Foru Agindu honetan biltzen diren laguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 15ean eman 1998/2006/EE Erregelamenduan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori Tratatuko 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da. (L 379 AO, 2006ko abenduaren 28koa).
Horretaz gainera, laguntza horiek nekazaritzako produktuak eraldatu eta merkaturatzen dituzten enpresei Nafarroako Foru Komunitatean ematen zaizkien gainerako laguntzekin koordinatuta egonen dira, dagozkien bateraezintasunak ezarrita.
Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
AGINDU DUT:
Artikulu bakarra.-Kalitateko ardoaren merkaturatzearen arloan sustapen eta hobekuntza ekintzak bultzatzeko arauak onestea.
Kalitateko ardoaren merkaturatzearen arloan, elkarteek garatzen dituzten sustapen eta hobekuntza ekintzak bultzatze aldera, laguntzak emateko arau erregulatzaileak onesten dira. Arauak foru agindu honen I. eranskinean ageri dira.
Lehen xedapen gehigarria.-2011ko laguntzen deialdia.
2011n laguntzak jasotzeko eskaerak aurkezteko epea foru agindu honek indarra hartzen duen egunean hasiko da.
Bigarren xedapen gehigarria.-Aurrekontuko kredituak.
2011rako 600.000 euroko gastua baimentzen da, 2011ko aurrekontu orokorretako "Nafarroa Jatorrizko Deiturak mahastizaintza eta ardogintza sektoreko kooperatibentzako laguntzak" izeneko 721000 72210 4701 413108 kontu-sailaren kontura.
Hirugarren xedapen gehigarria.-Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2011ko ekainaren 7an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.
I. ERANSKINA
Kalitateko ardoaren merkaturatzearen arloan, elkarteek garatzen dituzten sustapen eta hobekuntza ekintzak bultzatze aldera,
laguntzak arautzeko arauak
1. artikulua. Xedea.
Foru agindu honen helburua da kalitateko ardoaren merkaturatzearen arloan, elkarteek garatzen dituzten sustapen eta hobekuntza ekintzak bultzatze aldera, laguntzak emateko arau erregulatzaileak ezartzea.
2. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.
Diru-laguntza jasotzen ahalko dute ekintza plan batean jasota dauden jarduerek, haien helburua Nafarroako kalitateko ardoa atzerrian merkaturatzea sustatu eta hobetzea bada eta ekoizpena Nafarroa Jatorrizko Deiturak babestuta badago.
3. artikulua. Onuradunak.
1. Foru agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izateko, entitateek helbide soziala Nafarroan izan behar dute eta haien jardueretako bat Nafarroa Jatorrizko Deiturak babestutako ardoa ekoiztu edo/eta egin behar dute, eta ezaugarri hauek izan:
a) Nekazaritzako kooperatibak, Nafarroako kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legearen 65. artikuluko a) atalean ezarritakoaren arabera zehaztuak, bai eta bigarren eta ondoko graduko nekazaritzako kooperatibak ere, lege horretako 81. artikuluan azaltzen direnak, kooperatiben erregistro ofizialetan inskribatuak.
b) Onuradun izaten ahalko dira, halaber, sozietate anonimoak, sozietate mugatuak edo sozietateak eratzeko beste edozein forma juridiko dutenak, baldin eta entitate horien kapital sozialaren erdia, gutxienez, aurreko atalean azaltzen diren nekazaritzako kooperatibek badaukate.
2. Ezin izanen dira onuradunak izan krisian dauden enpresak, enpresa mota horiek salbatu eta berregituratzeko Estatuko laguntzei buruzko Europar Batasuneko jarraibideei jarraikiz.
4. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen ekintzak.
1. Hauek dira diruz laguntzen ahal diren jarduerak:
a) Sustapen ekintzak diseinatu eta sortzeko aholkularitza zerbitzuak eta laguntza teknikoko zerbitzuak kontratatzea.
b) Lehiaketak, erakusketak eta feriak antolatu eta/edo horietan parte hartzea.
c) Argitalpenak eta zabalkunderako materiala eta publizitatea, sustapenera eta merkaturatzera bideratutako web orriak barne.
d) Analisi eta merkatu azterlanen kostuak, produktu berri bat edo jadanik dagoena bultzatzeko, atzerriko herrialdeetan ardogintzako produktuak sustatzeko eta/edo merkaturatzeko estrategiak definitzea helburua duten joan-etorriak, dietak, egonaldiak eta ekintzak barne.
e) Misio zuzenak eta alderantzizko misioak antolatzeko eta garatzeko kostuak, baldin eta aipatu diren kalitate-bereizgarriek babestutako ardoak ekoizteko eta haien kalitatea ziurtatzeko sistemak ezagutaraztea ahalbidetzen badute.
f) Merkataritzako kudeaketan teknikari kualifikatuen kontratazioa, Nafarroa Jatorrizko Deiturak babestutako ardogintzako produktuen kudeaketa, antolakuntza edo merkaturatze jardueretarako, gutxienez urtebeterako.
g) Markak diseinatu eta sortzeko kostuak, kasu hauek barne: elkartutako markak sortzea, marka berriak merkaturatzea, jadanik dauden markak berriro diseinatzea eta jadanik dauden markak beste herrialde batzuetan lehen aldiz erregistratzea eta merkaturatzea.
h) Online bidezko salmenta-plataformak diseinatu, sortu eta abian jartzea.
2. Ekintza hauek ez dira izanen diruz laguntzeko modukoak:
a) Europar Batasuneko hirugarren lurraldeetarako edo estatuetarako esportazio jarduerak.
b) Beste herrialde batzuetan banaketa sare bat sortu eta garatzea.
c) Esportazio jarduerarekin lotutako ustiapen-gastuak dakartzaten ekintzak.
5. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
Diruz laguntzen ahalko dira aurreko artikuluaren 1. puntuan aipatutako ekintzak garatzearen ondoriozko gastuak, ondoan agertzen direnak:
a) Zerbitzu eta laguntza teknikoen ordainsariak eta kostua.
b) Ferietan, sustapen ekitaldietan, zabalkunde jardunaldietan, alderantzizko misioetan, erakusketetan eta abarretan parte-hartzeko kostuak, bertaratzekoak, lokalak alokatzekoak, ekipokoak eta laguntzako langileak kontratatzekoak.
c) Publizitateko materiala (liburuxkak, erakusgaiak, etab.) diseinatu, prestatu, argitaratu eta banatzeko kostua.
d) Kudeaketa, antolaketa eta merkaturatze jardueretarako, teknikari kualifikatuen kontratazio berriak ekarritako kostuak, nominak, gizarte segurantza, dietak, ostatuak eta joan-etorriak barne.
e) Entitate onuradunaren langileen dietak, ostatuak eta joan-etorriak, diruz lagundu daitezkeen eta ekintza planean dauden jarduerak garatze aldian sortuak.
f) Entitate onuradunak antolatzen dituen jardunaldietan, ekitaldietan, erakusketetan eta abarretan parte hartzeko kontratatzen diren adituen dietak, ostatuak, joan-etorriak, etab.
6. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa.
1. Onuradunak aurreikusitako ekintzak garatzeko laguntzen ahal diren gastuetarako emanen da laguntza.
2. Laguntzaren zenbatekoa:
a) Oro har, laguntza jaso dezaketen gastuen %70eko laguntza emanen da. Gastu horiek diruz lagundu daitezkeen eta ekintza planean dauden jarduerei dagozkie.
b) 3.1, a) artikuluan agertzen diren eta kooperatiben arteko akordioak dituzten entitateek aurkeztutako ekintza planen kasuan, laguntzaren portzentajea %75 izanen da.
c) 3.1, a) artikuluan agertzen diren eta batze prozesuetatik sortu diren entitateek edo 3.1, b) artikuluan agertzen diren entitate onuradunek aurkeztutako ekintza planen kasuan, laguntza jaso dezaketen gastuen %80 izanen da laguntzaren portzentajea.
d) aurreko b) eta c) ataletan aipatutako entitate onuradunek garatzen dituzten elkartutako markak sortu, sustatu eta ezartzeko ekintzei kostuaren %90 emanen zaie.
e) Ez zaie lagunduko diruz ekintza planei laguntza jaso dezakeen gastua 5.000 eurotik beherakoa bada.
f) Gehienez ere, espediente bati 100.000 euroko laguntza emanen zaio.
7. artikulua. Eskabiderarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
1. Proiektua deialdiaren xedeen araberakoa dela frogatzeko, eskabidearekin batera ondoko agiri hauek aurkeztuko dira:
a) Eskatzailearen IFKren kopia.
b) Eskatzailea kooperatiba bat bada, diru-laguntza eskatzeko erabakia noiz hartu eta orduko bileraren akta eta, ordezkaria kooperatibaren lehendakaria ez bada, eskaera tramitatuko duen ordezkariaren izendapena.
c) Eskatzailea 3. artikuluko 1,b) atalean azaltzen diren entitateetako bat bada, honako hauek aurkeztu beharko ditu: eraketa eskrituraren kopia, gaur egungo bazkideen izen-deituren zerrenda, haien partaidetzaren zenbatekoa, administrazio kontseiluko kideak, erakundean diru-laguntza eskatzeko eskumena duen organoaren erabakia azaltzen duen agiria eta eskaera tramitatuko duen ordezkariaren izendapena.
d) Entitatearen, elkartearen edo taldearen gaineko informazioa: haren deskribapena, jarduera arloak, kideen mota eta kopurua, jardueren negozio bolumena eta langileen plantilla.
e) Ekoizten edo merkaturatzen den produktuaren edukierak eta bolumenak, ardo motako eta herrialdeko.
f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez dagoela dioen erantzukizuneko aitorpena.
g) Bere barrenean honakoa hartuko duen ekintza plana:
-Egin beharreko ekintzen zerrenda eta deskripzioa, dagokien balorazio ekonomikoa barne. Horretarako, aurrekontuak erantsiko dira. Zerrenda foru agindu honen 4.1 artikuluan ezarritako atalen araberakoa izan beharko da.
Horri dagokionez, eskatzaileak 9. artikuluan ezarritako balorazio irizpideak hartu beharko ditu kontuan, eta bere ustez puntuazio aldetik onuragarriak diren elementuak justifikatzeko behar diren agiriak aurkeztu.
Hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela bermatzeko xedez, diru-laguntza ematen den urtean laguntza jaso dezaketen gastuen aurrekontua 12.000 eurotik gorakoa bada, aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzuengatik edo ekipo-ondasunez hornitzeagatik, hiru hornitzaileren eskaintzak aurkeztu beharko dira, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina enpresa ez badago, edo justifikatzen bada hornitzailea irizpide teknikoei edo esklusiba-eskubideak babesteari buruzko irizpideei jarraikiz hautatu dela.
-Plana gauzatzeko egutegia.
-Finantziazio plana, norberaren zein besteen baliabideen ekarpena adierazita, eta diru-laguntzaren xedeko jarduerarako funtsen jatorria eta aplikazioa frogatuta.
-Hala bada, zerbitzu-hornitzaileekin egindako kontratuen kopia.
h) Entitate onuradunaren adierazpena, ondokoari buruzkoa: kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako "de minimis" laguntzak.
i) Laguntzaren xedeko ekintzak osorik edo partez finantzatzeko edozein administraziori zein erakunde publikori edo pribaturi eskatutako edo harengandik jasotako edozein laguntza adieraztea.
j) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz eskatuz gero, edo Nafarroako Gobernuak zein kontutan pagatu izan dizkion, kontu hori aldatu nahi izanez gero.
8. artikulua. Eskabideak eta egiaztagiriak aurkezteko epea.
1. Eskaerak laguntzen xede diren inbertsioak egin aitzin aurkeztu beharko dira.
2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura zuzendu eta departamentuko Erregistroan aurkeztu beharko dira. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako tokietan aurkezten ahal dira.
3. Eskaerak aurkezteko 30 egun baliodun izanen dira, deialdia onesten duen arauak indarra hartzen duenetik hasita.
4. Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webguneko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da.
9. artikulua. Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.
1. Foru agindu honek arautzen dituen laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.
2. Balorazio irizpideak:
Eskaerak ondoko baremoari jarraikiz lehenetsiko dira:
a) Ekintza planaren motarengatik:
-6.2.c) artikuluan azaltzen diren ekintza planak: 20 puntu.
-6.2.b) artikuluan azaltzen diren ekintza planak: 15 puntu.
-6.2.a) artikuluan azaltzen diren ekintza planak: 10 puntu.
b) Ekintza planean parte hartzen duten upeltegien kopuruarengatik:
-Hiru upeltegi edo gehiago: 20 puntu.
-Bi upeltegi: 10 puntu.
c) Ekintza planean agertzen diren ekintzen motarengatik:
-4. artikuluaren 1. puntuko b), d), e) eta f) atalen gastuak, batera, gastu osoaren %50etik gorakoak dituen ekintza plana: 20 puntu.
-4. artikuluaren 1. puntuko b), d), e), f), g) eta h) atalen gastuak, batera, gastu osoaren %50etik gorakoak dituen ekintza plana: 10 puntu.
d) Ekintza planaren kalitatea eta eraginkortasuna, mezuen aurkezpenean eta kalitatean eta gauzatzeko egituran eta gaitasunean oinarrituta: 20 puntu, gehienez, xehakapen honekin bat:
d1) Mezuen aurkezpena eta kalitatea, irizpide hauen arabera: 10 puntu, gehienez:
-Berezko marketin departamentuak edo enpresa espezializatu batek egindako berariazko kanpainengatik: 5 puntu.
-Feriak, ekitaldiak edo alderantzizko misioak dituen kanpainarengatik: 5 puntu.
d2) Programa gauzatzeko egitura eta gaitasun teknikoa, irizpide hauen arabera baloratuta: 10 puntu, gehienez:
-Entitateak merkataritzako departamentua duen ala ez; halakorik badu, haren tamaina eta esperientzia.
-Esportazioen portzentajea, salmenta guztien gainean. Programa kolektiboen kasuan, esportazio globalen batez bestekoa eginen da, kolektiboaren kideen salmenta guztien gainean, eta goian aipatu bezala baloratuko da.
-Proposamena egin duen entitatearen produktu zorroaren zabaltasuna eta dibertsifikazioa.
3. Aurkeztutako eskaeren artean puntuazio bera lortuz gero, lehentasuna emanen zaio aurkezturiko eskaeren artean antzinatasun handiena duenari. Hala ere berdinketak iraunen balu, zozketa eginen litzateke.
10. artikulua. Ebaluazio organoa.
Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak.
11. artikulua. Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.
1. Eskaera jasotzen denean egiaztatuko da eskatzailea onuradun izan daitekeen, 3. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta 7. artikuluan ezartzen diren agiriak ekarri dituen. Agiri guztiak ez badaude, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean zuzen ditzala, eta adieraziko zaio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela. Halaxe jakinaraziko zaio.
2. Eskaera ebaluatu ondoren, Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak ebazpena proposatuko du.
3. Landa Garapeneko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du diru-laguntzei buruz, arrazoi eta guzti, eta espresuki adieraziko du zein eskaera ezetsi diren.
4. Prozeduraren gainean ebazteko epea bi hilabetekoa izanen da, gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.
12. artikulua. Onuradunaren betebeharrak.
1. Onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.
2. Gainera, onuradunak honako betebehar hauek izanen ditu:
a) Aurreko artikuluetan zehazten diren konpromisoak betetzea, laguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak ere bai.
b) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan frogatzea hartutako funtsak ekintza plana gauzatzeko diru-laguntza emateko zergatia izan zen helbururako erabili direla, ezarritako moduan eta epeetan, eta hartutako funtsak erabiltzeko izandako gastuak justifikatzea.
c) Laguntza ongi eman dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea.
d) Helburu bereko beste diru-laguntza publiko batzuk eskatu badira, haien berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari eta, jaso badira, baita ere.
e) Jaso duen diru-laguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuetan jasotzea.
f) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea.
13. artikulua. Diru-laguntzaren helburua lortu dela eta hartutako dirua erabili dela frogatzeko epea eta modua.
1. Diru-laguntzaren xede diren jarduketak bukatu ondoren, betiere hura eman den ekitaldiko abenduaren 1a baino lehen, onuradunak ondoko agiriak aurkeztuko ditu.
a) Egindako gastuak eta dagozkien ordainketak frogatzen dituzten agiriak. Jatorrizko agiriak eta fotokopiak aurkeztu beharko dira. Fotokopiak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan gordeko dira, jatorrizko agiriak, behin zigilatuta, itzultzen direnean.
b) Beharrezkoa bada, hornitzaileak hautatzeko justifikazioa, 7. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
c) Gastuen laburpen orokorra. Bertan, diru-laguntza eskatzean aurkeztutako aurrekontuaren epigrafeetan aipatutako gastuak adieraziko dira sailkaturik.
d) Aurkeztutako planaren barrenean egindako jarduketak azaltzen dituen memoria, eskaeran ezarritako zerrendaren arabera ordenaturik, gutxieneko eduki hauekin:
-Egindako jardueren deskribapena, lorturiko emaitzen balorazioa eta jardueren zabalkundea.
-Hala bada, kanpainan erabilitako material tekniko eta/edo didaktiko eta zabalkundekoen ale bat, maketa bat edo argazkiak, eta antolatutako ekitaldien erreportaje grafikoak, halakorik izan bada, ekintzaren funtsezko ideia islatzeko, baita web-orrien eta online bidezko salmenta-plataformen gaineko erreferentzia eta informazioa ere.
e) Adierazpena, hartutako "de minimis" laguntzek ezarritako muga ez dutela gainditzen dioena.
2. Eskatutako agiri guztiak aztertuko ditu Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak; aurkezten zaizkion gastuak nola hautatu diren, frogagiriek balio ote duten eta gainontzeko dokumentazioa nahikoa ote den baloratuko du. Halaber, aipatutako zerbitzuak egiaztagiri osagarriak eskatzen ahalko ditu, egoki baderitzo, aurkeztutako agiriak zehaztu, argitu edo osatzeko asmoz.
3. Laguntzak kudeatzeko unitateak egiaztatu beharko du ekintza berberek finantzabide bikoitzik ez dutela, Nafarroako Foru Komunitatearen nekazaritza sektorearentzako Estatuko laguntzen bitartez.
14. artikulua. Ordaintzeko modua eta epeak.
Dena batean ordainduko da diru-laguntza, haren xedea lortu dela eta harturiko dirua erabili dela justifikatu eta gero, aurreko arauan ezarritakoarekin bat.
15. artikulua. Bateraezintasunak.
Foru agindu honetako laguntzak bateraezinak dira administrazio berak edo beste instituzio edo erakunde batzuek ekintza berberetarako ematen ahal dituzten beste edozein laguntzekin.
16. artikulua. Kontzesioaren aldaketa, hasierako ekintza plana aldatzeagatik.
Ekintza plana buruturik, lagundu daitekeen egiazko gastuaren zenbatekoa onetsitakotik beherakoa baldin bada, laguntzen zenbatekoa doitu eginen da, proportzioan gutxituta, inolako zehapenik gabe, baldin eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak uste badu gauzatutako plana teknikoki eta ekonomikoki baliozkoa izan dela.
17. artikulua. Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.
Arau hauetan ezarritako baldintzak eta onuradunak bete beharreko gainerako guztiak betetzen ez badira, laguntza guztiak edo horien parte bat galdu eta oker jasotako dirua itzuli egin beharko da, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean ezarritako moduan, eta zehapenak ere sortzen ahal dira horren ondorioz.
18. artikulua. Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda argitara emanen da, Diru-laguntzei buruzko Foru Legea garatzen duen araudiari jarraikiz.
19. artikulua. De minimis laguntzen gehieneko muga betetzea.
Laguntzak kudeatzen dituen organoak behar diren egiaztapenak eginen ditu, onuradun bakoitzak hiru zergaldiz "de minimis" kontzeptuagatik harturiko laguntzak baturik gehienez ere 200.000 euro direla ziurtatzeko. Horretarako, enpresak erabilitako zergaldiak hartuko dira kontuan.
Iragarkiaren kodea: F1110245
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
