108. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

145/2011 FORU AGINDUA, maiatzaren 5ekoa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean erabilera publikoko kirol instalazioen titularrek erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatzeko arauak ematen dituena.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen helburu nagusietako bat kirol jardueren segurtasuna eta osasungarritasuna sustatzea da. Hala, arriskuen prebentzioari buruz ari den 77. artikuluan xedatzen da Nafarroako Foru Komunitatean dauden erabilera publikoko kirol instalazioen titularrek erantzukizun zibileko aseguru bat eduki behar dutela, instalazioaren erabileran gerta litezkeen kalteak eta galerak estaltzeko.

Bertan ezarri zen, orobat, titulartasun publikoko instalazioetan erantzukizun zibileko aseguru aginduzko horren ordez, kalteak eta galerak estaltzeko beste sistema bat erabil daitekeela.

Bestalde, kirol instalazio eta ekipamenduen oinarrizko betebeharrak eta segurtasun neurriak arautzen dituen apirilaren 20ko 38/2009 Foru Dekretuaren 11. artikuluan ezarrita dago Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legearen 77. artikuluan aipatzen diren aseguru polizen zenbatekoak foru aginduaren bidez arautuko direla. Foru agindu hori Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioaren eskumenak bere gain hartzen dituen erakunde autonomoa atxikitzen den departamentuko kontseilari titularrak emanen du.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Aplikazio eremua.

Nafarroako Foru Komunitatean dauden erabilera publikoko kirol instalazioen titularrek erantzukizun zibileko aseguru bat eduki beharko dute, instalazioaren erabileratik etor litezkeen kalteak eta galerak estaltzeko.

Titulartasun publikoa duten kirol instalazioen titularrek beste aseguru sistema bat erabil dezakete instalazioaren erabileraren ondorioz gerta litezkeen kalteak eta galerak neurri berean estaltzeko.

2. artikulua. Estali beharreko arriskuak.

Modu batean zein bestean kontratatzen den aseguruak jarduera hauen ondorioz hirugarrenei eragindako edozein kalte eta galera pertsonal eta material estali beharko ditu bederen: kirol instalazioen erabilera, instalazioaren erantzuleei dagozkien eginkizunak betetzeko jarduna, instalazioak hirugarrenei lagatzea eta instalazioetako zaharberritze eta mantentze lanak.

3. artikulua. Aseguratzailearen prestazioak.

Aseguratzailearen prestazioak honako hauek hartuko ditu, gutxienez:

a) Fidantza zibil edo penalak jartzea.

b) Aseguratuaren defentsa juridikoa, eta horren barruan, perituen tasazioak, judizio-kostuak eta abokatuaren eta prokuradorearen lansari eta ordainsariak.

c) Aseguratuak zor dituen kalte-ordainen ordainketa.

4. artikulua. Estalduraren eremu geografikoa.

Interes aseguratua, betiere, kirol instalazioaren perimetroaren barrenean gertatzen diren gertaerengatik izanen da bermatuta.

5. artikulua. Iraunaldia.

Interes aseguratua kontratuaren indarraldian gertatzen diren kalte eta galerengatik egonen da bermatuta, gertaera eragilea kontratuak indarra hartu ondoren gertatu baldin bada.

6. artikulua. Kopuru aseguratua eta frankiziak.

Ezbehar bakoitzarengatik aseguratzen dena ez da 300.000 eurotik beherakoa izanen urtean, eta biktima bakoitzeko muga 150.000 eurotik beherakoa ere ez.

Ituntzen diren frankiziak gauzazko kalteentzat izanen dira bakar-bakarrik.

7. artikulua. Ikuskapenak eta egiaztapenak.

Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak, Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 99. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa aplikatuz, kirol ikuskapenerako lanak hartuko ditu bere gain, foru agindu honetan ezarritakoa kontrolatuz eta betetzen dela begiratuz.

Hori helburu, Nafarroako Foru Komunitatean dauden erabilera publikoko kirol instalazioen titularrei noiznahi eskatzen ahalko die aseguru polizak erakus ditzatela edo, titulartasun publikoko kirol instalazioen kasuan, kalteak eta galerak estaltzeko sistema jasotzen duen agiri alternatiboa.

Azken xedapen bakarra.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko maiatzaren 5ean.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

Iragarkiaren kodea: F1108562