107. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

588/2011 EBAZPENA, apirilaren 29koa, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialeko E-1 unitate morfologikoaren xehetasun azterlana, Beloso, Planificación Inmobiliaria, S.L.k sustatua, hasiera batez onesten duena.

Espedientearen xedea da konponbide arkitektoniko bateratua ematea fatxadetarako, estalkietarako eta garajeetarako, jabetza desberdineko zenbait lurzatiz osatutako unitate morfologiko batean.

UPSeko I. banaketa eremuko konpentsazio batzordeak sustaturik, Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialean egindako aldaketa indarrean dago. Aldaketa hori Hirigintza eta Etxebizitzaren arloan Urgentziazko Neurriak Hartzeko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legearen lehen xedapen iragankorraren 1. idatz-zatian ezarrita dagoenaren babesean egin zen, besteak beste, eta Nafarroako Gobernuaren 2010eko maiatzaren 17ko Erabakiaren bidez onetsi (2010eko ekainaren 4ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala). Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialaren araudiaren Testu Bategina 2010eko irailaren 20ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Gainera, zehazki lurzati honetarako, Erripagañako UPSaren beste aldaketa batek ere agintzen du, unitate morfologiko batzuetan sotoak erregularizatzeari buruzko hirigintza araudiaren 62 Bis artikulua aplikagarria duten unitateen artean sartzeko E-1 unitate morfologikoa. Araudi hori Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusiaren otsailaren 18ko 128/2011 Ebazpenak onetsi zuen (2011ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

Aldaketa horrek bidea ematen du E-1 lurzatiko eraikineko sotoa zabaldu dadin, eraikinaren ondoan mendebaldera dagoen eremu publikoaren azpian, 11,50 metroko zerrenda batean, ur beltzen kolektore batera dagoen segurtasun distantzia errespetatuz.

Antolamendu xehakatuko determinazioen aldaketa da, xehetasun azterlan baten xede edo eskumena dena.

Xehetasun azterlan honen tramitazioa eta onespena Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari dagozkio, 35/2002 Foru Legearen 43.1.d) artikulua aplikatuz, plan sektorial bat garatzeko tresna delako.

Ikusirik Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak egindako txostena, eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 127/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialeko E-1 unitate morfologikoaren xehetasun azterlana, Beloso, Planificación Inmobiliaria, S.L.k sustatua, hasiera batez onestea.

2. Erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 76. artikuluan ezarritako jendaurreko 20 eguneko epeari eta 43. artikuluan adierazitako ukitutako udalen entzunaldiari hasiera emateko.

3. Ebazpen hau jakinaraztea UPSaren eremuak ukitutako lau udalei -bereziki Burlatakoari, lurzatia haren udal mugapean baitago-, Iruñerriko Mankomunitateari eta xehetasun azterlanaren sustatzaileari.

Iruñean, 2011ko apirilaren 29an.-Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusia, Jesús Javier Ascunce Elizaga.

Iragarkiaren kodea: F1107874