1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
986DGE/2011 EBAZPENA, maiatzaren 25ekoa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, "La Plana" ustiapen proiektuak (3.534. zenbakiko ustiapen emakida) Aberingo udal mugapean ukitutako titular, ondasun eta eskubideen zerrenda onesten duena.
Áridos y Canteras del Ega, S.L.k eskaera egin zuen "La Plana" ustiapen proiektua (3.534. zenbakiko ustiapen emakida) gauzatzeko beharrezkoak diren lursailak nahitaez desjabetzeko espedientea has zedin. Proiektua Enpresako zuzendari nagusiaren uztailaren 2ko 2217/2008 Ebazpenaren bidez baimendu zen.
Enpresako zuzendari nagusiaren martxoaren 2ko 408DGE/2011 Ebazpenaren bidez, proiektu horrek Aberingo udal mugapean ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jarri zen, Aberingo udal mugapeko 3. poligonoko 31. lurzatiari dagokiona.
Jendaurreko aldian Jesús Echeverría Soto jaunak, finkaren jabeak, alegazio-idazki bat aurkeztu du. Alegazio horiek hemen ez dira agertzen berriro, prozesuko ekonomia printzipioarekin bat.
Alegazioei erantzunez, ondokoa adierazi behar da:
a) Proiektuak ukitutako finka "La Plana" ustiapen planean (3.534. zenbakiko ustiapen emakida) dago. Plana Enpresako zuzendari nagusiaren uztailaren 2ko 2217/2008 Ebazpenaren bidez baimendu zen.
b) Espedienteko dokumentazioaren arabera, "Áridos y Canteras del Ega, S.L."-k lurzatia eskuratzeko ahaleginak egin zituen, espedientea jendaurrean jarri baino lehen, eta jabearekin akordio batera iritsi ez zenez, nahitaezko desjabetze lege-figura erabiltzea beharrezkotzat jo zuen.
c) Desjabetzea legezko tresna bat da, Meatzeei buruzko uztailaren 21eko 22/1973 Legearen 105. artikuluan aurreikusten dena. Bertan ondokoa ezartzen da, espresuki: ustiapen emakida baten titularrak lan, instalazio eta zerbitzuak kokatzeko beharrezko lurrak nahitaez desjabetzeko eskubidea izanen du, eta emakida emateak onura publikoa deklaratzea ekarriko du berekin eta, hala badagokio, lurrak okupatu beharra, 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 17.2 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badira.
d) Jakinarazpenik ezari dagokionez, ondokoa argitu behar da: Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 17. eta 18 artikuluetan ezartzen den jendaurreko aldiak interesdunak zehaztea du xede. Horretarako, espresuki exijitzen da komunikabide batzuetan argitaratzea, zerrendako akatsak zuzentzeko edonork bidezkotzat jotzen duena idatziz aurkeztu ahal dezan eta, edukian edo moduan oinarritutako arrazoiak direla bide, okupatu beharrari aurka egin ahal diezaion. Horrenbestez, prozedurako interesdunak zehazteko hasierako fase horretan banakako jakinarazpena ez da bidezkoa.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Jesús Echeverría Soto jaunaren alegazioak ezestea, adierazitako moduan.
2. "La Plana" ustiapen proiektuak (3.534. zenbakiko ustiapen emakida) Aberingo udal mugapean ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onestea. Zerrenda Aberingo udal mugapeko 3. poligonoko 31. lurzatiari dagokio, Jesús Echeverría Soto jaunarena baita.
3. Ebazpen hau Jesús Echeverría Soto jaunari jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Aberin-Muniain Iguzkitzako udaletxeko iragarki oholean argitaratzea.
Iruñean, 2011ko maiatzaren 25ean.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.
Iragarkiaren kodea: F1109606