107. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

159/2011 EBAZPENA, maiatzaren 4koa, Kulturako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Segurtasun Eskolaren liburutegi espezializatua Nafarroako Liburutegien Sisteman sartzea onesten duena.

Nafarroako Liburutegien Sistema arautzen duen azaroaren 19ko 32/2002 Foru Legearen 21. artikuluak honela definitzen ditu liburutegi espezializatuak: "Funts berezia dutenak dira, batez ere jakintzaren arlo berezi baten barrenean." Eta honako hau zehazten du: "Nafarroako Liburutegiaren bitartez koordinatzen dira, gainerako liburutegien sistemarekin".

Mota horretako liburutegiak Nafarroako Liburutegien Sisteman sartzeko, sarrera-eredu bat prestatu da. Eredu horretan agertzen dira liburutegi espezializatuaren titularra den entitateak eta Liburutegien Zerbitzuak hartu behar dituzten konpromisoak. Liburutegi honen baldintzei dagokienez, eredu hori ebazpen honen eranskinean agertzen da.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 3ko 126/2007 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Segurtasun Eskolaren liburutegi espezializatua Nafarroako Liburutegien Sisteman sar dadila onestea, ebazpen honen eranskinean azaltzen den bezala.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Idazkaritza Tekniko Nagusira, Segurtasun Eskolako Zerbitzura eta Liburutegien Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko maiatzaren 4an.-Kulturako zuzendari nagusia, Pedro Luis Lozano Úriz.

ERANSKINA

Nafarroako Segurtasun Eskolaren liburutegi espezializatua
Nafarroako Liburutegien Sisteman sartzea

Nafarroako Liburutegien Sistema arautzen duen azaroaren 19ko 32/2002 Foru Legearen 21. artikuluak honela definitzen ditu liburutegi espezializatuak: "Funts berezia dutenak dira, batez ere jakintzaren arlo berezi baten barrenean." Eta honako hau zehazten du: "Nafarroako Liburutegiaren bitartez koordinatzen dira gainerako liburutegien sistemarekin".

Segurtasun Eskolaren liburutegi espezializatua (aurrerantzean LE) Nafarroako Liburutegien Sisteman sartuko da, honako baldintza hauei jarraikiz:

1.-Informazioa errazago eskuratzeko oinarrizko zerbitzuak:

-Dokumentuak edozein euskarritan kontsultatu eta eskuratzeko zerbitzua.

-Liburutegien arteko mailegu zerbitzua.

-Orientazio eta informazio bibliografikoko zerbitzua liburutegiaren espezialitatean.

-Erabiltzaileentzako arreta zerbitzua.

-Kopiak egiteko zerbitzua.

Liburutegiak jendaurrean jarriko du irakurleek dokumentuak eskuratzeko duten aukera, eta aukera hori liburutegien arteko maileguaren bitartez gauzatuko du. Horretarako, astean gutxienez 10 orduko irekiera ordutegia eskainiko du katalogoan. Aldez aurretiko hitzorduaren formula erabiltzen ahalko da.

2.-Bibliografia-funtsa:

Liburutegiak, gutxienez, 2.000 dokumentu espezializatu izanen ditu. Dokumentu horiei esker, Nafarroako Liburutegi Publikoen Katalogo Kolektiboak eskaintza bereizgarria eta interesgarria izanen du.

LE mendean duen zerbitzu edo unitatea arduratuko da hasierako dokumentu-funtsaren horniduraz, eta urtero aurrekontuko kontu-sail bat gordeko du dokumentuen mantentze-funtsa erosteko eta funts hori alderdi teknikoan behar den bezala prozesatzeko, baita liburutegien arteko mailegua kudeatzeko ere.

3.-Irakurle txartela:

LE mendean duen unitatetik kanpoko erabiltzaileen kasuetarako, Nafarroako liburutegi publikoetako irakurle txartelarekin eta irakurlearen barra-kodea daraman hiritar txartelarekin LEren funtsak eskuratzeko eta mailegu zerbitzua eta liburutegia erabiltzeko aukera bermatuta egonen da.

4.-Dokumentuen mailegua:

Erabiltzaileei mailegu pertsonalaren zerbitzua eskainiko zaie, Nafarroako Liburutegi Publikoen "Mailegurako araudian" ezartzen diren baldintzetan.

Dokumentuak mailegatzeko zerbitzua, hasieran, LE dagoen administrazio unitateko erabiltzaileek soilik eskatzen ahalko dute, barnean zehazten diren baldintzekin.

Mailegatu ezin diren funtsen kasuan, liburutegien arteko maileguaren formula irekita geratuko da, Nafarroako Liburutegi Publikoen Sistemako liburutegietan funtsak kontsultatzeko.

5.-Kudeaketarako aplikazioa:

LEren funtsak kudeatzeko aplikazioa Nafarroako Liburutegi Publikoen Sistemarako erabiltzen dena izan beharko da, eta aplikazioaren administratzailea Liburutegien Zerbitzua izanen da.

Sukurtsalen lizentziak eta aplikazioaren erabiltzaileenak nahiz mantentze-lanen eta laguntza teknikoaren kostuak finantzatzeaz LEren titularra den zerbitzua arduratuko da.

Behar izanez gero, aplikazioaren sistema eragilearen eta datu-basearen lizentziak, nahiz mantentze-lanen eta laguntza teknikoaren kostuak finantzatzeaz LEren titularra den zerbitzua arduratuko da.

6.-Funtzionamendurako eta antolaketarako irizpideak:

Nafarroako Gobernuko Liburutegien Zerbitzuak ezartzen ditu Nafarroako Liburutegi Publikoen Katalogo Kolektiboan sartzen diren LEak kudeatzeko liburutegi-irizpideak, baita gainontzeko liburutegi publikoetarakoak ere. Alde horretatik, Zerbitzu horrek "bigarren mailako (1)" aholkuak emanen dizkie 7. puntuan aipatzen den liburutegiko langileei.

Halaber, LEan dokumentuak Nafarroako Liburutegi Publikoen Katalogo Kolektiboan sartzeko jarraitu beharreko laneko metodologia bat etorriko da bibliografia sailkatu eta deskribatzeko sistemekin nahiz Nafarroako Gobernuko Liburutegi Zerbitzuaren arau eta zuzentarauekin.

Liburutegi Zerbitzuak LEri katalogatzeko eta eguneratzeko prozeduren eskuliburuak emanen dizkio.

7.-Liburutegiko langileak:

LEko arreta, instalazioen eta zerbitzuen kudeaketa egokia eta funtzionamendu normala bermatzeko beharrezkoak diren liburutegiko langileek egin beharko dute, erabiltzaileei instalazio eta zerbitzu horiek eskuratu eta erabiltzeko baldintzarik onenak ematea helburu dela.

Liburutegiko langileak arduratuko dira LEen zuzendaritza teknikoaz eta haren zerbitzuen eta baliabideen kudeaketaz.

LEren titularra den zerbitzuak liburutegia kudeatzeko beharrezkoa den prestakuntza teknikoa emanen du.

8.-LEren zabalkundea:

LEren katalogoa Nafarroako Liburutegi Publikoen Katalogo Kolektiboan sartuko da eta horrekin batean zabalduko da; bere berezitasunak aipatuta, jakina. Liburutegien Zerbitzuak ezarriko ditu zabalkunderako irizpideak.

Katalogoa argitaratu aurretik, LEren zerbitzu titularrak txosten bat aurkeztu beharko dio Liburutegien Zerbitzuari, funtsak hari gehitzeko jarraitu den prozesu teknikoa, alta emandako erregistro bibliografikoen eta aleen kopurua eta gehitu behar izan diren autoritateak dakartzan zerrenda zehaztuta. LEk konpromisoa hartuko du Liburutegien Zerbitzuak iradokitzen dizkion zuzenketak egiteko, bai erregistroetan bai autoritateetan.

Halaber, erabiltzaileek dokumentuak errazago eskura ditzaten, web orrian Nafarroako Liburutegi Espezializatuen Direktorioa argitaratu beharko da. Direktorio horretan, helbidea, telefonoa eta posta elektronikoko helbidea agertuko dira, bai eta erabiltzaileen arretarako ordutegia eta dokumentuak eskuratzeko baldintzak ere.

9.-Kalitate-kontrola:

Nafarroako Liburutegien Sisteman jarraitzeko, uneoro bete beharko dira "eskakizun" hauetan jasotako kalitate estandarrak. Nafarroako Gobernuko Liburutegien Zerbitzuari dagokio zerbitzuaren kalitatea bermatzeko eskumena; hortaz, bertatik ezarriko dira zerbitzuaren kalitaterako kontrolak, baita Nafarroako Liburutegi Publikoen Sistemaren gainontzerako ere.

Kudeaketari dagokionez, irregulartasunak atzematen badira eta irregulartasun horiek arrazoizko epe batean konpontzen ez badira, Liburutegien Zerbitzuak LE Nafarroako Liburutegi Publikoen Katalogo Kolektibotik baztertuko du. Ondorioz, kudeaketako aplikazioa erabiltzeari dagokionez baja emanen da, eta sartzeko baimenak murriztuko.

10.-Lokala, altzariak eta ekipamendua:

LEren titularra den zerbitzuak liburutegiaren behar bezalako funtzionamendurako beharrezkoak diren lokala, altzariak eta ekipamendua jarri beharko ditu. Halaber, instalazio informatikoa eta konexioak emanen ditu.

(1) Ez da Liburutegien Zerbitzuaren eginkizuna LEen arazoez arduratzea, baina auzi bat LEak izan behar dituen bitartekoen bidez konpontzerik ez bada, zerbitzu horrek esku har dezake, "bigarren mailan".

Iragarkiaren kodea: F1108226