107. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

634/2011 EBAZPENA, apirilaren 19koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen eraginaren adierazpena egin, eta jarduera sailkatuari buruzko Udalaren ebazpenaren aurretiko txostena eta lurzoru urbanizaezineko jarduerarako baimena ematen dituena.

ESPEDIENTEA:

Espediente mota: jarduera sailkatuak.

Aplikatu beharreko arauak: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea.

Eranskina eta epigrafea: 4C, C) 4.

Jarduera: Gaizkata haztegia.

Sustatzailea: Piscifactoría de Sierra Nevada, S.L.

Tokia: 2. poligonoko 683. lurzatia, Huertas de Valdetor alderdia.

UTM koordenatuak (30N ziria, ED50 datuma): X: 646.198; Y: 4.719.902.

Udal eskatzailea: Esa.

Eskaeraren data: 2010eko martxoaren 12a.

Proiektua: arrain haztegi bat gaztakaren akuikulturarako egokitzea.

Proiektuaren arabera, Adriatikoko gaizkataren (Acipenser nacarii) haztegian, errendimendu handieneko fasean 1.000-1.500 tona biomasa eduki nahi dira, hau da, urtean gutxienez 300 bat tona ekoitzi nahi dira. Lehendik dagoen amuarrain haztegi bateko instalazioak erabiliko dira, eraikuntza berririk egin gabe. Proiektuaren kokalekua "Aragoi ibaiaren erdiko tartea" (ES 2200030) Batasunaren Intereseko Lekuaren mugakidea da. Jardueraren proiektuaren barnean, arrain haztegia Aragoi ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektua ere badago.

Proiektuko jarduera Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 4C eranskineko C)4 epigrafean jasota dago, "Akuikultura intentsiborako instalazioak, urtean 500 tonatik behera ekoizteko gaitasuna dutenak" izenekoan (erregelamendu hori abenduaren 28ko 96/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horrenbestez, jarduera sailkatuen araubidearen mende dago eta jarduera sailkaturako udal lizentziaren prozedura bete behar da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak txostena eman ondoren.

Hala ere, proiektuari Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa aplikatu zaio, kokalekua "Aragoi ibaiaren erdiko tartea" (ES 2200030) Batasunaren Intereseko Lekuaren ondoan dagoelako, eta Proiektuen Ingurumen Eragina Ebaluatzeari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 3.2.b) artikuluan ezarritakoari jarraituz.

2008ko abenduaren 30ean Esako arrain haztegiaren Ingurumen eraginaren azterlana aurkeztu zen, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari ekiteko. 2009ko otsailaren 4an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak dokumentazioa nahikotzat jotzen zuen txostena eman zuen. Esako Udalak 2010eko 48. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 19koan, argitaratu zuen iragarkiaren bidez, espedientea jendaurrean jarri zen, jarduera sailkaturako lizentziaren eta Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren ondorioetarako. Jendaurreko aldian Yosu Asier Bregaña Echevería jaunak eta Asociación para el Estudio y Mejora de los Salmónidos (AEMS-Ríos con Vida) elkarteak alegazioak aurkeztu zituzten. Alegazio horien laburpena jaso da I. eranskinean. Alegazioetan azaldutako arazoetako batzuk konponduta daude sustatzaileak 2010eko abuztuan aurkeztutako informazio osagarrian, eta gaizkatak ibaira hedatu daitezen eragozteko neurriak bermatzearekin zerikusia duten beste kontu batzuk ebazpen honen baldintzetan jaso dira.

2010eko apirilaren 13an, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak txostena eman zuen Batasunaren Intereseko Lekuan proiektuak izan dezakeen eraginaz (landarediaren gaineko zuzeneko eragina, BILaren okupazioa eta bertako espezieei kalte egiteko arriskua). Plangintza eta Laguntza Atalak, 2010eko maiatzaren 31n, Erronkariarren Altxonbiderako sarbidearen gaineko eraginei buruzko txostena eman zuen.

Uztailaren 16an Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak espedientearen alderdi batzuk osatzeko eskatu zion sustatzaileari; batez ere, haztegiko gaizkatek ingurune naturala inbaditzeko arriskua ahalik eta txikiena izatea bermatu behar duten aurreneurrien ingurukoak.

2010eko abuztuaren 20an sustatzaileak agiri osagarriak aurkeztu zituen: lehenik, Esako (Nafarroa) arrain haztegia Aragoi ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektuan aldaketak egiteko proposamena, zeinean nabarmen murriztu baitziren Batasunaren Intereseko Lekuaren gaineko ukipenak. Alegazioen erantzuna erantsi zuen, eta gaizkatak ingurune naturalera heda ez daitezen hartuko diren neurrien gaineko informazioa.

Azkenik, espedientean agiri tekniko hauek jaso dira: Aragoi ibaiaren azterlan hidraulikoa Esako arrain haztegian (2008ko urria), Ingurumen eraginaren azterlana (2008ko abendua), Proiektu teknikoa (2009ko apirila), Esako arrain haztegia Aragoi ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektua (2010eko urtarrila), eta Esako arrain haztegia Aragoi ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektua aldatzeko proposamena (2010eko abuztua).

Hasiera batean, bai Aragoi ibaiaren azterlan hidraulikoan (2008ko urria) bai Ingurumen eraginaren azterlanean, haztegiko itxitura metalezko xaflazkoa zen. Geroago, Ebroko Ur Konfederazioak eskatuta, sustatzaileak Esako arrain haztegia Aragoi ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektua aurkeztu zuen (2010eko urtarrila). Ingurumen eraginaren azterlana lehenagokoa zenez, bertan ez zen ebaluatu proiektuak Batasunaren Intereseko Lekuko landaredian eta habitatetan izan zezakeen eragina.

Babes proiektu hori (2010eko urtarrilekoa) azterturik, egiaztatu da Batasunaren Intereseko Lekuko ur bazterreko landaredian eragin kritikoa duela 1.033 metroko tartean; zenbait tokitan dagoeneko zerrenda estu batera murriztu da ur bazterreko landaredia. Haztegia Aragoi ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektua aldatzeko 2010eko abuztuko proposamenean, Batasunaren Intereseko Lekua ez ukitzeko, gainaldean 3 metroko zabalera duen lubeta proposatzen da (aurreko proiektuan 5 metroko zabalera zuen), edo horma bat, eta lubeta handitzeko zati berria instalazioen barnealderantz egiten da.

Ur Zerbitzuaren txostenak dioenez, jarduketak ur ibilguen polizia eremuan egin nahi dira, eta, agian (aztertzeko dago), lehentasunezko fluxuaren eremuan. Beraz, Arroko Erakundeari dagokio polizia eginkizunetan aritzea jabari publikoa eta ur lasterren erregimena babesteko. Gainera, Esako urtegiak dagoeneko asko aldatu duen ur masa batean lehendik baden arrain haztegi bat uholdeetatik babesteko eraikuntza proiektua da, eta ez du zuzeneko ondoriorik sortuko urpean gera daitezkeen eremuen antolamenduan. Hortaz, Arroko Erakundeak du eskumena eta berak eman beharko du aurretiazko baimena eremu horretan edozein obra edo jarduketa egiteko.

Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari eta jarduera sailkatuaren prozedurari buruz Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak aldeko txostena eman du, baina beharrezkotzat jo du segurtasun bermerik zorrotzenak ezartzea gaizkatek ibaira ihes egin ez dezaten. Izan ere, aleren bat ingurune naturalera iritsiko balitz zaila litzateke harrapatzea eta espezie horrek espezie autoktonoei eragiten dizkien kalteak saihestea. Horrez gain, proiektuaren ukipenak murrizteko zuzenketa neurri batzuk proposatu ditu.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak adierazi du gaizkaten haztegia baimengarria dela lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren aldetik.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduak emandako ahalmenak erabiliz, ingurumenaren arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten baititu,

EBATZI DUT:

1. Esako udal mugapean arrain haztegi bat gaizkaten akuikulturarako egokitzeko jarduera sailkatuaren proiektuari buruzko Ingurumen eraginaren adierazpena egitea, udalaren ebazpenaren aurretik. Titularra Piscifactoría Sierra Nevada, S.L. da.

2. Jarduera ingurumenaren arloan indarrean den legeriarekin bat egin dadin agintzea, eta espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz. Gainera, ebazpen honen II. eranskinean azaltzen diren baldintzak bete beharko dira.

3. Jardueran suteen aurkako segurtasunaren arloan indarrean den legeria bete behar da, eta industria ingeniariak egindako proiektuan eta eranskinean (hurrenez hurren 91757 eta 92169 zenbakiekin ikus-onetsiak, 2009ko ekainaren 30ean eta abuztuaren 28an) proposatutako neurriak ezarri behar dira.

4. Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean (Esako udal mugapeko 2. poligonoko 683. lurzatian) jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

5. Jardueran aldaketaren bat egiteko, titularrak aldez aurretik udalari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa den ala ez, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 77. eta 78. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

6. Aditzera ematea ingurumen eraginaren adierazpena toki entitateak jarduera sailkatuaren lizentzia eman aurreko txostena dela eta, beraz, adierazpenean ageri diren baldintzak lotesleak direla udal agintaritzarentzat.

7. Irekitzeko udal lizentziaren eskaera udalean aurkeztu beharko da, obra bukaerako ziurtagiri batekin batera, zeinak bermatuko baitu instalazioak onetsitako proiektua betetzen duela, baita jarduera sailkatuaren udal lizentzian ezarri diren neurri zuzentzaile eta baldintza gehigarriak ere. Instalazioaren behin betiko planoak, egin diren neurketak eta egiaztatze praktikoak eta araudiarekiko egokitzapena ere erantsiko dira.

8. Gainera, udalari irekitzeko lizentzia eskatzearekin batera, Ebroko Ur Konfederazioari isurketarako eta obretarako baimena eskatu izanaren kopia bat aurkeztu beharko da.

9. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoari jarraikiz lurzoru urbanizaezinean jarduera baimentzeari dagokionez, administrazio publiko ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete ebazpen honen kontra, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

10. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

11. Ebazpen hau jakinaraztea Esako Udalari, sustatzaileari, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Nekazaritza Zerbitzuari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2011ko apirilaren 19an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Arrain haztegi bat gaizkaten hazkuntzarako egokitzea. Ustiapena zerupeko urmaeletan eginen da, bertan haziko baitira gaizkatak. Gero eta ale gehiago botako dira harik eta 1.000-1.500 tona biomasa lortu arte, orduan iritsiko baita haztegirako aurreikusten den gehieneko errendimendura.

Jarduera sailkatuaren proiektu teknikoan sartu diren eraikuntza bakarrak honakoak dira: ekoizpenerako urmaelak, gaizkaten urmaelak alegia; 300 m²-ko biltegi orokorra, eta hezegune gisako sistema bat haztegiko urak arazteko.

Lehendik dauden instalazio ia guztiak erabiliko dira, egokitu ondoren. Funtsean, inguruko lubeta handitu eginen da, urmaelak garbituko dira, segurtasun saretak jarriko dira gaizkatek ihes egin ez dezaten, eta haztegiko urak arazteko hezegunea sortuko da.

Aurreikusita dago, hurrengo fase baterako, jarduera handitzea, lehenbiziko belaunaldia hiltzeko garaia iristen denean. Beste lizentzia bat eskatuko da hiltegia eta gaztakaren deribatuen prestalekua instalatzeko.

-Produkzio prozesua:

Esako haztegiko gaizkata guztiak Riofríotik ekarriko dira, ugalketaren etapa eta kumeen hazkuntza bertan burutu ondoren. Sexu sailkapena 7-10 urte dituztenean egiten da (lehenago ezin da). Arrak 8-20 kg (8-10 urte) izan arte hazten dira, saltzeko. Emeak sexu heldutasunera arte hazten dira (14 urte), kabiarra egiteko erabiliko diren sexu-guruinak ateratzeko.

Hauek dira produkzioari buruzko kalkuluak: haztegiko 1.000 tona gaztakatik 300 tona arrainki eta 30-45 tona kabiar ateratzen dira.

Esako haztegiak guztira 51.700 m²-ko ur azalera du. Produkziorako eta gaizkatak hazteko erabiliko den ur azalera txikiagoa izanen da, 44.300 m² inguru. Beherago dauden azken 8 urtegiak, 6-7 zenbakiak dituen urtegi irregular bat eta antzinako dekantazio putzua, guztiak hartuko dira hezegune artifizialerako.

-Instalazioak eta azalerak:

Lurzatiak 147.138,75 m²-ko azalera du.

Oraingo fasean azpiegitura hauek ustiatuko dira: Aragoi ibaitik ura hartzeko presa eta hargunea; urmaela; iragazki berdea-urmaeleratze sistema; uholdeei eusteko lubeta eta pentsuaren biltegia (300 m²).

Instalazio osagarriak:

-Instalazio elektrikoa. 13,2 kV-eko hargunea eta 630 kVA-ko transformadorea.

-Multzo elektrogenoa.

-1.000na litroko hiru gasolio biltontzi, multzo elektrogenorako eta barneko garraioko ibilgailuetarako.

Proiektuaren arabera, "jarduera berri honetan hasteko nahikoa da instalazioak garbitu eta prest jartzea, ez baitago obra zibilen edo azpiegitura eta eraikuntza berrien beharrik".

Gerora begira gaztakak hiltzeko eta produktuak prestatzeko azpiegitura eta instalazio batzuk legeztatzea aurreikusten da (hiltegia eta prozesu gelak, bulegoak, laborategia eta hondakin uren araztegia).

-Ur kontsumoa eta isurketa:

Arrain haztegiak 5 m³/s-ko ur kontzesioa du.

Ur beltzak (3 langile) putzu iragazgaitz batera bideratuko dira eta kanpoan kudeatuko dira. Hurrengo fasean, hilketaren etapa legeztatutakoan, hondakin uren araztegira isuriko dira.

Akuikulturako urak (urmaeletakoak) hezegune artifizialean tratatuko dira. Hezeguneak 10.000 m²-ko azalera du, hau da, ur azalera osoaren %24.

II. ERANSKINA

Ingurumen baldintzak

-Ordainak:

"Aragoi ibaiaren erdiko tartea" Batasunaren Intereseko Lekuan proiektuak izanen duen eraginaren ordain gisa, ur bazterreko landaredia hobetuko da, haren azalera handituz, bi tarte hauetan:

  • Babes proiektuaren 0+800 kilometro puntutik 0+930 kilometro punturaino.
  • Babes proiektuaren azken tartean, Aragoi ibaiaren ondoan, 1+210 kilometro puntutik 1+302 kilometro punturaino.

Bi kasuetan babes obra atzerago ekarri behar da, gero zehaztuko denez.

-Gaizkatek ihes ez egiteko neurriak:

  • Ihesa eragozteko sistema bikoitza ezarriko da (saretak edo antzekoak) bai aurrealdean, hau da, ura banatzen duen ubidearen eta lehen produkzio urmaelen artean, bai irteeran, hau da, dekantazio urtegien edo iragazki berdearen hasieran eta amaieran. Horrela ihesak detektatu eta tarteko urmael edo urtegi batean harrapatzen ahal dira gaztakak, instalazioen kanpoaldera irten aurretik.
  • Urmaeletako gaizkatak (arrak zein emeak) banaka identifikatuko dira, PIT (Pasive Integrated Transponder) plaka bana jarriz, ahal dela 32 mm-koa. Irakurketa-antenak jarriko dira haztegiko burualdean eta irteerako uhatea baino lehenago (arrainak tarteko urtegi batean harrapatu ahal izateko), eta erregistro-ekipamendua ere jarriko da. Erregistro-ekipamenduaren datuak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko langileen eskura egonen dira. Urtegi bakoitzean zenbat ale dauden bat-batean jakiteko kontrol sistema ezarriko da.
  • Proiektu honetan ez dago arrainkumerik. Haztegiko arrainak gutxienez 50 cm-koak izanen dira.
  • 50 eta 65 cm bitarteko gaizkatak nabe barneko urtegietan egonen dira, instalazioetatik kanpoko jendeak eta basa animaliek atera ezin izateko moduan.
  • Instalazio osoa hesiz inguratuko da. Hesiak 20 cm-ko zatia izanen du lur azpian.

-Haztegia ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektua:

  • Obren fasean behar diren aurreneurriak hartuko dira landarediari kalterik ez egiteko, batez ere Batasunaren Intereseko Lekuan dauden intereseko habitatei. Aldi baterako material metak eta makineria ez dira inola ere kokatuko gaur egungo itxituraren eta ibaiaren artean.
  • Babes proiektuaren 0+800 kilometro puntutik 0+930 kilometroraino, lubeta gutxienez 11 metro atzerago ekarriko da arrain haztegiaren barnealderantz, tarte horretan landaredia hobetu behar baita ordain gisa. Gaur egungo babes lubeta lurraren kotaraino beheratuko da eta haren materialak lubeta berria egiteko erabiliko dira. Ertzean, ibaiko urak har dezakeen ibarbasoa eratzea ahalbidetuko da.
  • Aragoi ibaiaren ondoko azken tartean, 1+210 kilometro puntutik 1+302 kilometro punturaino, ur bazterreko egungo landarediaren egoera hobetuko da, ilara bakar batera murriztuta baitago. Horretarako, lubeta berriaren ardatza instalazioen barnealderantz 5 metro lerratuko da, ur ibilguaren ondoan basoa garatu ahal izan dadin. Aurreko atalean bezala, gaur egungo lubeta beheratu eginen da eta materialak aprobetxatuko dira.
  • Azken tartean (irteerako uhatea barnean duen horretan) irtenbidea eman behar zaio ekialdeko errekako urari ere (instalazioetako uhatera bideratzea da egokiena).
  • Babes proiektua zeharkatzen duten lotura-hodi guztietan euste-balbulak jarriko dira, batez ere hasierako ubidean (P-0) dauden hodi guztietan eta M-33 urtegiko esklusan.
  • Lubetaren gainaldean proiektatu den erabilera publikoko bidean, zabor-legarrezko zerrendak 2,5 m inguruko zabalera izanen du. Lubeta gaineko bidetik Erronkariarren zubiraino oinezkoentzako lotura diseinatuko da. Egungo bidexkarainoko arrapalak egin litezke (ez da bidexka egokitu behar) eta, ubidearen ertzean, 3 m zabaleko hormigoizko zola edo tramex sarea ezar daiteke horman bermatuta.

Oinezkoentzako bideak ez eteteko irizpide berari jarraituz, itxitura instalazioen barne-ertzean kokatu behar da, 0+385 kilometro puntutik 0+880 kilometro punturaino proposatzen diren bi sekzioetatik (1 eta 2 soluzioak) edozeinetarako.

  • Arrain haztegiko eraikinetik sarrerako ubideraino (0+148 kilometro puntutik 0+216 kilometro puntura) diseinatu den harri-lubetaren behealdea gaur egungo hesitik gutxienez 6 metrora egonen da (arrain haztegiko eraikinean izan ezik), eta kanpoaldea, berriz, 3H:2Vko (34º) malda duen ezponda izanen da, landareztatua. Horrela, Erronkariarren zubiarekiko lotura egiten denean tarte horrek funtzionaltasun eta estetika hobeak izan ahalko ditu ibai ondoko parke gisa eta Xabierko erromesen bide gisa.

-Katalogatutako faunaren gaineko eraginak gutxitzeko:

  • Gaur egun naturalizatuta dauden urmaeletan espezie katalogatuetako animaliak (bereziki bisoia eta igaraba) bilatuko dira. Halakoren bat aurkitzen bada, harrapatu eta Batasunaren Intereseko Lekura eraman beharko da, hesia eta sareten sistema ezarri baino lehen. Teknikari espezialista batek egin beharko ditu bilaketa eta harrapaketa.
  • Aragoi ibaian, Erronkariarren zubia baino beherago, eroritako adarrak kenduko direla dio Ingurumen eraginaren azterlanak (29. eta 27. orrialdeak), baina ez da halakorik eginen, eroritako adar horiek BILeko faunaren babesleku direlako.

-Erronkariarren Altxonbideari dagokionez, behin betiko soluzioak Plangintza eta Laguntza Atalaren aldeko txostena jaso beharko du. Nolanahi ere, altxonbideko lurzatiak ezin izanen dira aparkaleku gisa erabili. Aparkalekuak instalazioetako lurretan kokatu beharko dira.

-Zuzenketa neurriak eta baldintza teknikoak:

a) Isurketak uretara:

  • Azken isurkinak (hezegunetik isuriko direnak) honela kontrolatuko dira:
  • Isurkin emaria neurtzeko sistema baten bidez, noiznahi jakin ahal izanen dira aldiuneko emaria eta emari metatua. Isurkina begiz ikuskatuko da eta laginak hartuko dira.

b) Hondakinak:

  • Hezegunearen hondotik ateratzen diren lohiak (LER 020204) kanpoko hondakin kudeatzaile bati eman beharko zaizkio, hain zuzen ere materiala balorizatzeko R3 kudeaketa kodea duen eragiketaren bat egiten duen bati. Horien artean izan beharko da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emandako uztailaren 26ko 359/2010 Foru Aginduaren 2. artikuluaren b) letran aurreikusitako tratamenduren bat, nekazaritzarako erabili aurreko etapa gisa.
  • Jardueran sortutako hondakinekin egin beharko den amaierako kudeaketa-eragiketa honakoa da:

HONDAKINAREN DESKRIBAPENA

LER (1)

AMAIERAKO KUDEAKETA-ERAGIKETA (2) (3)

Paper eta kartoizko ontziak

150101

Materialaren berreskurapena (R3)

Plastikozko ontziak

150102

Materialaren berreskurapena (R3)

Beirazko ontziak

150107

Materialaren berreskurapena (R3)

Pentsu hondakinak

020199

Materialaren berreskurapena (R3)

Hirikoen parekoak (bulegoak, aldagelak etab.)

200399

Hondakindegian biltzea (D5)

Animalia hilak

020199

Erraustea (D10)/Hondakindegira eramatea (D5)

Hezeguneko landare materia

020299

Materialaren berreskurapena (R3)

Araztegiko lohiak (hezegunearen garbiketa)

020204

Tratamendua / Materialaren berreskurapena (R3)

Komunetako ur beltzak

161002

Tratamendu biologikoa (D8)

(1) Hondakinaren kodea, Hondakinak balorizatzeko eta ezabatzeko eragiketak eta Europako Hondakin Zerrenda argitaratzen dituen otsailaren 8ko MAM/304/2002 Aginduaren 2. eranskineko hondakin zerrendaren arabera.

(2) Kudeaketa eragiketaren kodea, Hondakinak balorizatzeko eta ezabatzeko eragiketak eta Europako Hondakin Zerrenda argitaratzen dituen otsailaren 8ko MAM/304/2002 Aginduaren 1. eranskinaren arabera. Tarteko kudeaketa-eragiketak egiten ahal dira transferentzia estazioetan (D15 edo R13), betiere amaierako kudeaketa-eragiketa taula honetan ezarritakoa bada.

(3) Lehentasunezko eragiketa adierazten da lehenik. Eragiketa hori egiten ez bada, hondakin-sortzaileak egokiro justifikatu behar du arrazoia.

c) Argi kutsadura:

Argia BILerantz eta zerurantz zabaldu ez dadin, kanpoko argiek goiko hemisferioaren argi fluxua %1etik beherakoa izanen dute, eta alboetan argia moteltzeko sareak edo antzeko egiturak jarriko zaizkie. Irailaren 17ko 199/2007 Foru Dekretua aplikatuko da, Argiteria gaueko ingurumena babestearren antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duena. Batez ere 3. artikulua beteko da.

Ingurumena zaintzeko programa:

Obrak amaitutakoan, funtzionamendu fasean ingurumena zaintzeko programa igorriko zaio Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari. Programa horrek ondokoak bilduko ditu:

-Uholde handietarako jarduketa protokoloa. Protokoloan aurreikusi behar da, arrisku larrieneko kasuetarako, uhateak ixtea eta aurrez instalatutako mekanismoak (sareta horizontalak, sareak...) jartzea urmaelen gainean, alerik aterako ez dela bermatzeko.

-Gaizkataren batek Aragoi ibaira ihes egiten badu bete beharko den jarduketa protokoloa. Ekintza hauek bilduko ditu: gertaera ingurumen administrazioari jakinaraztea, aleak harrapatzeko jarduketak, eta egoeraren ingurumen jarraipena.

-Isurketak uretara:

  • Hilero, titularrak hezeguneko azken isurkinen ezaugarriak kontrolatu behar ditu, parametro fisiko-kimikoak neurtuz: tenperatura, eroankortasuna, uhertasuna, pH-a, solido esekiak, amonioa, nitratoak, nitritoak, fosfatoak, OEB5 eta OEK.
  • Titularrak etengabe neurtu beharko ditu aldiuneko emaria eta eguneko emari metatua, bai arrain hazkuntzan erabiltzen den uraren kontsumoarena (produkzio-urmaeletan sartzen den ura), baita hezeguneko isurketarena ere.
  • Titularrak, sei hilean behin, hezeguneko amaierako isurkinek Aragoi ibaira isurtzen diren tartean ibaiko urak duen kalitate fisiko-kimiko eta biologikoa kontrolatu beharko du. Horretarako laginak hartu isurgunea baino gorago eta beherago, eta parametro fisiko-kimikoak neurtuko dira: tenperatura, eroankortasuna, uhertasuna, pH-a, oxigeno disolbatua, solido esekiak, amonioa, nitratoak, nitritoak, fosfatoak, OEB5 eta OEK; baita kalitate biologikoaren BMWP indizea ere.
  • Kontrol eta neurketen emaitza guztiak, baita hondakin urak tratatzeko sisteman egiten diren egiaztapen eta mantentze eragiketak ere, erregistratu eginen dira formatu egokian eta euskarri informatikoan, eta ikuskatzaile ofizialen eskura egonen dira.

d) Hondakinak:

-Titularrak barneko garraioko makineria mantentzeko ardura duen enpresarekin egindako mantentze kontratua eduki beharko du. Enpresa hori hondakin arriskugarrien sortzaile txikien erregistroan inskribaturik egonen da, edo, hala behar denean, hondakin arriskugarrien sortzailearen baimena eduki beharko du.

III. ERANSKINA

Jendaurreko tramitearen emaitza

Asociación para el Estudio y Mejora de los Salmónidos (AEMS-Ríos con Vida) elkarteko burua den aldetik Pedro Brufao Curiel jaunak egin dituen alegazioak

-1. alegazioa.

Egiaztatu da Esako arrain haztegian dagoeneko gaizkatak hazten ari direla. Ingurumen eraginaren azterlanean azaltzen denez, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak 2008ko apirilaren 11n emandako 730/2008 Ebazpenaren bitartez sustatzaileak behin-behineko baimena eskuratu zuen Adriatikoko gaizkataren (Acipenser nacarii) hazkuntza esperimentalean aritzeko, "ale gutxi batzuk" erabiliz, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa behar duen jarduerarik egin gabe eta merkataritzako ustiapenik gabe. Hala ere, alegatzaileen iritziz baliteke garatzen ari den jarduera horrek legearen babesik ez izatea, eta hainbat irregulartasun suma daitezke bai behin-behinean emandako baimen horretan bai sustatzailearen jardueran.

Zalantzak eta kezkak agertzen ditu arrain haztegiko gaizkata espeziearen balizko aldaketa dela eta (Acipenser nacarii-aren ordez A. baerii).

Adierazten du arrain haztegiko lurretan milaka amuarrain lurperatu direla inolako baimenik gabe eta lixibiatuak Aragoi ibaira isurtzen ari direla, Batasunaren Intereseko Lekuaren barnean.

-2. alegazioa.

Alegatzaileak dio Esako arrain haztegia "Aragoi ibaiaren erdiko tartea" (ES 2200030) Batasunaren Intereseko Lekuaren barnean dagoela, BIL horren balio ekologikoak zehazten ditu, eta gehitzen du ibaiaren tarte hori salmonikola mistotzat sailkatuta dagoela eta arrain espezie autoktono eta endemikoen multzo handi eta aberats baten bizilekua dela.

Bereziki azpimarragarria da arrain espezie autoktono eta endemiko ugari bertan bizi direla eta batzuk mehatxatuta edo oso egoera ahulean daudela beren habitat naturaletan. Baliteke jarduerak espezie horiei kalte handia egitea, ibaiaren tarte batean ura atera eta emaria urrituko delako, ustiategitik isuriko diren substantzia organiko edo kimikoek uraren ezaugarri fisiko-kimikoak aldatu eta kalitatea txartuko dutelako, eta fauna basatiaren eta haztegikoaren arteko eraginak gerta daitezkeelako. Haztegitik aleak irten eta gaizkata espezie exotiko bat ibaiko ingurunera moldatzeko arriskua dago.

Adierazten du Esako arrain haztegiko isurketen ondorioz lohiak metatuko direla eta uraren kalitatearen beherakada kezkagarria gertatuko dela, batez ere Aragoi eta Irati ibaien elkarguneraino, eta hori agorraldietan bereziki kezkagarria izanen dela.

-3. alegazioa.

Baieztatzen du Espainiako gaizkata autoktono bakarra Atlantikoko Acipenser sturio espeziea dela, eta ez instalazio honetan hazten ari den Adriatikoko Acipenser nacarii espeziea.

Alegatzaileak datu eta argitalpen zientifikoen zerrenda ematen du, Atlantikoko gaizkata hemen bizi izan dela eta espezie autoktonoa dela frogatzeko, eta adierazten du orain arte Espainiako administrazio bakar batek ere ez duela onartu, A. sturio iraungia izan ezik, Iberiar Penintsulako beste gaztaka espezie autoktonorik. Dibertsitate Biologikoari buruzko 1992ko Hitzarmenean Espainiak hartu zituen konpromisoak aipatzen ditu.

Ingurumen arloko erantzukizunari buruzko araudia betez, espezie inbaditzaile hauek ingurumenean eragiten dituzten kalteengatik erantzukizun ekonomikoa eskatuko dela dio.

-4. alegazioa.

Identifikatutako eraginak murriztu edo ezabatzeko proposatu diren zuzenketa neurriei dagokienez, gaztakek ibai ingurunera ihes egiteko arriskua dela eta, adierazten du instalazioak uholdeetatik babesteko lubeta handitzeak ez lukeela arrisku hori behin betiko eta behar den neurrian murriztuko.

Itxiturak, alegatzailearen ustez, ez luke bermatuko instalazioa erabat iragazgaitza izatea, eta litekeena da 500 urtean behingo edo birgertatze aldi laburragoko uholdeetan aleren bat ingurunera irtetea.

Gainera, ihes egiteko arriskuei dagokienez, ez da ahaztu behar ihesa gerta daitekeela beste animalia batzuek eta bereziki hegaztiek eraginda, edo gizakiek nahita edo ustekabean eraginda, batez ere hazkuntzako arrainkume edo arrain gazteen faseetan.

Horrez gain, instalazioaren iragazgaizte biologikoa dela eta, alegatzaileak dio Ingurumen eraginaren azterlanak saretak proposatzen dituela hazkuntzako instalazioen sarreran eta irteeran, baina iragazgaizteak, haztegiko arrainak kanpora aterako ez direla bermatzeaz gainera, mota guztietako animalia basatiei eragotzi behar diela instalazioan sartzea eta haztegiko arrainekin harremanak izan eta eraginak trukatzea. Horretarako oztopoak jarri behar dira sistemaren sarreran eta irteeran, hots, ur hargunean bertan eta erabilitako ura Aragoi ibaira itzultzen den gunean.

Bestalde, arrain hazkuntza "ekologikoa" eginen dela agintzen bada ere, ez dira inon aipatzen, ezta produkzio prozesu horren gaineko argibide eta justifikazio gisa ere, ur gezako arrain mordo handiak hazteko instalazio guztietan ohikoak diren gaixotasunak, gehienbat botika kimikoekin tratatu behar izaten direnak. Kasu honetan, gainera, instalazioan 120.000 arrain inguru eduki nahi dira.

Yosu Asier Bregaña Echevería jaunaren alegazioak

-1. alegazioa.

Nafarroako Gobernuak ingurumen arloko legeria betearaz dezala eskatzen du, esanez behin-behineko baimena iraungita dagoela eta gaizkatak baimenik gabe daudela haztegian.

-2. alegazioa.

Jendaurrean jarritako azterlan eta proiektuak (jarduera sailkatuarena, ibairako babesena eta ingurumen ukipenen azterlana) kontraesanean daudela dio.

-3. alegazioa.

Aragoi ibaiaren ibilguan obrak egiteko behar diren baimenak Ebroko Ur Konfederazioan tramitatu izanaren frogarik ez dagoela dio.

-4. alegazioa.

Arrain haztegiko jarduera eta Esako urtegia handitzea bateraezinak direla dio, seguruenik haztegia urak hartu eta gaizkatek ibaira ihes eginen dutelako, eta urtegiko obrak egiten direnean solido eta material esekiek haztegian eragina izanen dutelako.

-5. alegazioa.

Gaizkaten hazkuntza, Batasunaren Intereseko Lekuaren ondoan dagoen toki batean, jarduera bateraezina da.

-6. alegazioa.

Ibaiaren ertz batean eginen diren babes obrek areagotu eginen dituzte beste ertzaren gaineko eraginak (higadura eta uholdeak).

-7. alegazioa.

Adierazten du gaizkaten ihesak izanen direla eta Batasunaren Intereseko Lekuan kalteak eraginen dituztela, eta horregatik sustatzaileari ingurumen eraginarengatiko erantzukizuna eskatu behar zaiola.

-Erantzuna:

Alegazioetan azaldutako arazoetako batzuk konponduta daude sustatzaileak 2010eko abuztuan aurkeztutako informazio osagarrian, eta gaizkatak ibaira hedatu daitezen eragozteko neurriak bermatzearekin zerikusia duten beste kontu batzuk ebazpen honen baldintzetan jaso dira.

IV. ERANSKINA

Udalaren txostena

Esako Udaleko alkatea den aldetik José Antonio Aquerreta Martínez de Lagosek 2011ko martxoaren 14an emandako txostenak hauxe dio:

1. Alkatetzak 2009ko maiatzaren 4an emandako Ebazpenaren bidez, berariaz baimena ukatu zitzaion Piscifactoría de Sierra Nevada, S.L.k sustatutako gaizkata ustiategiari.

Erantzuna:

Adierazitakoa gorabehera, Udalak jarduera sailkatuen espedientea tramitatzen jarraitu du. Eta kasu honetan, ebazpen honen azalpen zatian adierazi bezala, proiektuari jarduera sailkaturako udal lizentziaren prozedura eta ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa aplikatu zaizkio. Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduak (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsia) 64. artikuluan ezarritakoarekin bat, Ingurumen eraginaren adierazpen hau eman da.

2. Udalak dio Nafarroako Gobernuari eskatutako argibide batzuk ez zaizkiola eman.

Erantzuna:

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak erantzuna eman die Udalak egindako galdera guztiei, bere esku dagoen informazioa erabiliz.

3. Ez da inon ageri Osasun Publikoaren Institutuak aipatu duen ur putzua Ebroko Ur Konfederazioan tramitatu denik.

Erantzuna:

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak ez du gai horren berririk. Dirudienez, udal tramitazioaren esparruan egin da txostena eta esparru horretan ebatzi behar da.

4. Sustatzaileak Ebroko Ur Konfederazioan tramitatu duen babes proiektua ez dator bat Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari aurkeztutakoarekin.

Erantzuna:

Ingurumen eraginaren adierazpen honen azalpen zatian esan bezala, sustatzaileak Esako haztegia Aragoi ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektua aurkeztu zuen 2010eko urtarrilean. Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak proiektua aztertu, eta egiaztatu zuen eragin kritikoa zuela Batasunaren Intereseko Lekuko ur bazterreko landaredian. Horregatik, sustatzaileak Haztegia Aragoi ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektua aldatzeko proposamena aurkeztu zuen 2010eko abuztuan. Proiektuaren aldaketari buruz Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak aldeko txostena egin du, Batasunaren Intereseko Lekuaren gaineko eragina saihesten duelakoan. Dena den, Ebroko Ur Konfederazioaren baimena ere jaso behar da. Ebroko Ur Konfederazioak 2010eko abuztuko proiektu aldatua Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari igorri dio, txostena eman dezan, bere eskumeneko baimentze-tramitean.

5. Arrain haztegiko jarduera ez da bateragarria Esako urtegia handitzeko obrekin.

Erantzuna:

Ebroko Ur Konfederazioak ebaluatu behar du alderdi hori, bere tramitazioan.

6. Udalak daukan proiektua lubeta eraikitzeko obra batzuen gainekoa da, baina nonbait proiektua beste bat da eta ez da jendaurrean jarri.

Erantzuna:

Ikus laugarren erantzunean azaldutakoa. Horrez gain, azken proiektuak, lehenbizikoa aldatzen duenak, ez die pertsona edo entitate gehiagori eragiten (eragin txikiagoa du), eta, beraz, ez da funtsezko aldaketa eta ez da bidezkoa hura berriro jendaurrean jartzea.

7. Instalaziora bisita egin zen eta Ingurumenaren gaineko Eragina Aztertzeko Atalak bisitaren akta egin zuen 2010eko abuztuan, baina harrigarriro ez zitzaien bisita horretarako deirik egin ez Udalari ez Ebroko Ur Konfederazioari; eta proiektuaren aldaketa batzuk, akta horretan ageri direnak, ez dira jaso.

Erantzuna:

2010eko abuztuan bisita teknikoa egin zen, Esako arrain haztegia Aragoi ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektua (2010eko urtarrila) egin zuten ingeniariekin batera, proiektu horrek Natura 2000 Sareari nola eragiten dion tokian bertan aztertzeko eta ordezko konponbideak planteatzeko. Ezarri ziren irizpideak abiapuntutzat harturik, Arrain haztegia Aragoi ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektua aldatzeko 2010eko abuztuko proposamena egin zen.

Azken aldaketa-proposamen horretan sartu ez ziren konponbide teknikoak (euste-balbulak, ihesen kontrako sistema bikoitza...) badaude jasorik, hala ere, Ingurumen eraginaren adierazpenaren baldintzetan (II. eranskina).

8. Egin diren proiektuek ez dute betetzen Plangintza eta Laguntza Atalaren txostenetan ezarritakoa, atal horrek proiektua ezetsi baitzuen.

Erantzuna:

Plangintza eta Laguntza Atalak, 2010eko maiatzaren 31n, Erronkariarren Altxonbiderako sarbidearen gaineko eraginei buruzko txostena eman zuen. 2010eko irailaren 6an atal horrek baimena eman du altxonbidearen gainean dagoen pista aldi baterako okupatzeko, altxonbiderako sarbide alternatibo eta independentea egiten den bitartean. Adierazten da, gainera, ezin izanen direla erabili altxonbideko lurzatiak aparkaleku gisa. Instalazioetako lurretan jarri beharko dira aparkalekuak. Nolanahi ere, Plangintza eta Laguntza Atalaren beste txosten bat beharko da, Ingurumen eraginaren adierazpeneko baldintzetan adierazten den bezala.

9. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan dauden ingurumen txosten batzuk kontrakoak dira, uholde arriskuagatik, Batasunaren Intereseko Lekuan eta Erronkariarren Altxonbidean eginen diren isurketengatik eta gaizkatek ihes egiteko arriskuagatik. Obrek ibaiaren beste ertzean ere izanen dute eragina, alde hori urak hartzeko arriskua areagotuko baitute.

Erantzuna:

2008ko abenduaren 30ean Esako arrain haztegiaren Ingurumen eraginaren azterlana aurkeztu zen, Ingurumen eragina ebaluatzeko prozedurari ekiteko. Lehenbiziko proiektuari bai, kontrako txostenak egin zizkioten Nafarroako Gobernuko atal batzuek. Ordutik hona proiektuari aldaketak egin zaizkio, Udalak dakienez, eta baita txosten sektorial berriak ere, eta ebazpen honen II. eranskinean azaltzen diren ingurumen baldintzak erantsi zaizkio. Horrela segurtasun bermeak eman dira gaizkatek ibaira ihes egitea galarazteko eta espezie autoktonoen gaineko eraginak murrizteko, eta zuzenketa neurri gehiago proposatu dira proiektuaren ukipenak gutxitzeko, uretarako isurketak eta hondakinak barne.

Ibaiaren beste ertza urak hartzeko arriskuaren gaineko eragina ez da aldatzen babes proiektuaren aldaketarekin (2010eko abuztua) eta Ebroko Ur Konfederazioak haren gaineko txostena eginen du.

10. Udalak bere egiten ditu Asociación para el Estudio y Mejora de los Salmónidos elkartearen alegazioak.

11. Obrak burutu eta jarduera irekitzeko lizentzia jaso arte ezin da jarduerarik egin. Beraz, gaur egun instalazioetan gaizkatak edukitzea legez kontrakoa da.

Erantzuna:

2007ko abenduaren 18an, sustatzaileak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari aldi baterako baimena eskatu zion Acipenser naccarii gaizkata espeziearekin azterlan zientifikoak egiteko Esako arrain haztegian, gaizkata ale gutxi batzuk erabiliz, kanpoko urtegietan, ustiapen faseari ekin aurretik. Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen babesean egindako jarduketa horrek ez du zerikusirik gaur egun tramitatzen ari diren Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioarekin eta jarduera sailkaturako lizentziarekin.

12. Udalak dokumentazioaren kopia igorri dio Ingurumen, Landagune eta Itsas Inguruetako Ministerioari, Aragoi ibaiari kalte egiten dion jarduera legez kontrakoa ixteko behar diren neurriak jar ditzan.

13. Jarduera funtzionamendu betean hasi eta gaizkata ale txikiak agertzen direnean, "ibaia inbaditzeko arrisku bizia izanen da eta ez da inolako neurririk aurreikusi hori galarazteko".

Erantzuna:

Ingurumen eraginaren adierazpen honetako baldintzetan (II. eranskina) ezarrita dagoenez, proiektu honetan ez da baimenik eman jardueran arrainkumeak erabiltzeko; arrain haztegiko gaztakak gutxienez 50 cm-koak izanen dira. Horrez gain, gaizkaten ihesa eragozteko neurrien gaineko kapitulu bat egin da berariaz (ihes egitea galarazteko sistema bikoitza instalazioetan, gaztakak banaka identifikatzeko sistema eta irakurketa-antenak, 50 eta 65 cm bitarteko aleak urtegi itxietan edukitzea...).

14. Udalaren txostenaren kopia, erantsitako dokumentuekin batera, alderdi politikoei eta Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzari igorriko zaie.

Iragarkiaren kodea: F1107599