107. ALDIZKARIA - 2011ko ekainaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

129/2011 FORU AGINDUA, apirilaren 20koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari baimena ematen diona Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari kudeaketa agindu bat egiteko, prestakuntza ikastaro bat antola eta egin dezan hirugarren adinekoen eta desgaitasunen bat duten pertsonen arloko egoitzetako eta eguneko zentroetako zuzendaritza taldeetako langileentzat.

Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak egindako txostenean adierazi du Gizarte Zerbitzuen Sisteman parte hartu nahi duten zerbitzuen homologazio administratiboa egitea Nafarroako Gizarte Zerbitzuen I. Kalitate Planaren helburuetako bat dela.

Planaren arabera, zentroen homologazio administratiboa egiteko prozesuan, funtsezkoa da zuzendaritza taldeetako langileak trebatzea kudeaketa eta funtzionamendua hobetzen dituzten arloetan, zerbitzua homologatzeko eskatzen diren kalitate irizpideen barrenean.

Hirugarren adinekoen eta desgaitasunen bat duten pertsonen arloko egoitzetako eta eguneko zentroetako zuzendaritza taldeetako langileentzat prestakuntza ikastaro hori antolatu eta egiteko lana Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari agindu behar zaiola justifikatzeko, Kalitate eta Ikuskapen Zerbitzuak adierazi du Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak ez duela baliabide material eta teknikorik, ez langilerik, horrelako jarduera bat antolatu eta garatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Legearen 39. artikuluari jarraituz, organo batek berea ez den departamentuko organo administratibo bati kudeaketa agindu bat egiteko, beharrezkoa da bi kontseilarien baimena izatea eta hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean oso-osorik argitaratzea.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. Baimena ematea Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari kudeaketa agindu bat egiteko, prestakuntza ikastaro bat antola eta egin dezan hirugarren adinekoen eta desgaitasunen bat duten pertsonen arloko egoitzetako eta eguneko zentroetako zuzendaritza taldeetako langileentzat. Honatx ezaugarriak:

Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak, agindu hau egin aurretik, prestakuntza ikastaroko parte-hartzaileak hautatzeko irizpideak zehaztuko ditu, eta ikastaroaren programa eta edukiak prestatuko.

Kudeaketa agindu honek eginkizun hauek dakarzkio Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari:

-Ikastaroa kudeatu eta koordinatzea ikasle eta irakasleekin.

-Behar diren ikasgelak eskura jartzea.

-Dokumentazioa prestatzea.

-Irakasleen ostatua eta joan-etorriak kudeatzea.

-Ikastaroaren aprobetxamendu-agiria luzatzea.

-Zuzendarientzako Goi Ikastaroaren Segimendu Batzorde Mistoan parte hartzea.

Agindu hau gauzatzearen ondoriozko gastuak Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak ordainduko ditu 2011ko gastuen aurrekontuko "Homologaziorako diru-laguntzak" izeneko 90001 91500 4809 231000 kontu-sailaren kargura, eta hurrengo aurrekontu-ekitaldietan helburu horretarako gaitzen diren kontu-sailen kargura.

Kudeaketa agindu honen segimendurako erakunde paritorio bat sortzen da, Hirugarren Adinekoen Zentroetako zuzendarientzako Goi ikastaroaren Segimendu Batzorde Mistoa izenekoa, non parte hartzen duen erakunde bakoitzaren bi ordezkari izanen diren.

Baimen honetan adierazitako baldintzaren bat betetzen ez bada, kudeaketa agindua bertan behera uzten ahalko da.

Agindu honen ondorioak baimena ematearekin hasiko dira, eta prestakuntza jarduera bukatu arte mantenduko, salbu eta alderdi batek amaiera lehenagotik iragartzen badu, ondorioak bukatu eta hilabete bat lehenago abisatuta.

Agindua interpretatzeko orduan sor daitezkeen auziak administrazioarekiko auzien arlo jurisdikzionalari jakinaraziko zaizkio eta haren eskumenekoak izanen dira.

2. Foru agindu hau Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari, Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2011ko apirilaren 20an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

Iragarkiaren kodea: F1108001